Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 2000 - HUNGARIA

BIDAIAK 2000 - HUNGARIA

Jon Etxabe 2022/02/21 07:45
BUDAPEST: Buda, IPARRALDEA: Esztergom, Szentendre, TRANSDANUBIA:Velence lakua, Szenkesfehervar, BUDAPEST: Pest

Ekainaren 2a. Ostirala.  32.a-H:16.a

 

“Soneto hautatuak”.  Willian Shakespeare – J.Garzia:

* “Liliek, lurrin- irazirik, neguz, / izatez diraute, begitik galduz. – But flowers distilled, through they with winter meet, / leese but their show; their substance still lives sweet”. Gure izate leunak iraun beza, edonon.

 

Lurrera eroritako geriza aleak bazkatzen dituzte zozoek gosaritan Atzoko eguzkiak heldu-heldu egin eta gaueko freskurak eraitsi dituen aleak: naturak egin die aukeraketa; egunez beraiek egin behar dute zuhaitzean bertan.

 

Budapest

Danubio ibaiak banatzen dituen bi zati erabat ezberdin ditu Budapest hiriak, dena da mendia Iparrerakoa, ibaitik bertatik hasita; Hegorakoan, berriz, lautada hasten da. Ibaiaren alde bietan dago kokatua hiria, Buda da Iparraldeko zatia, mendi-muinoan kokatua, zaharrena; Pest, berriz, Hegoaldekoa, lautadakoa. Ibaiak banatuak eta zubiek elkartutako bi erdi.

 

Buda dugu gaur ibilgune; ibaiaren beste aldean ikusiko dugu goitik Pest bere zabaltasun oparoan.

Lau ordu luze autobusez eta hiru eta erdi oinez egin ditugu gaur. 3 autobus ezberdin behar ditugu ibai kontrako erdiguneraino. Gaizki ulertze batek Budako bestalderaino eraman baikaitu. Atzo egin genuen ibilbide bera izan da autobusez egin duguna, atzokoa gure kasa atoia eramanaz norabidea nondik ote begiluze, gaur berriz autobusez bazterrei begiluze ere, baina ikusmira lasaiagoan

Budako beheko zatiak atzoko sentipen bera sortarazi digu: hiritzarra, izugarri luze zabala, iluna, zikin plantako etxe zatarrez osatua. Jende pila, auto pila, autobus pila, tranbia pila. Parke pila ditu ere, zuhaitz ugari kaleetan, etxe ederrak baina kolorgetuak  tarteka, herritxoa dirudien auzoa hiri barruan: etxetzarren artean etxetxo bakoitza bera, bakan lur zati batez inguratua.

Duna edo Danubio Ibaia  uste nuen baino estuagoa gertatu zait bere zabalera oparoan ere; ura, zikin plantakoa; turista garraio-ontziak dabiltza harat-honat; pare bat gabarra luze elkarri lotuak joan zaizkigu mantso baina irmo ibaian gora. 6 zubitzar ditu gutxienez, ez luzeak soilik, zabalak eta ederrak ere, sendo plantakoak, burdinazko argi pintatuak zein harrizko lehoi buruhandidunak.

 

Buda.

Mendi-muinoa. Buda zaharra, hiriko alde bisitatuena: ikusgarria, kriston etxeak dira beti aberatsen etxeak. Nola bizi ziren erregeak, aberatsak eta elizgizonak!!!. Horien bizimoldea defendatzeko eman zuten bizia milaka eta milaka herritar pobreek, edo zergak ordaindu ahal izateko lan egin behar izan zuen milioika nekazari gosetik. Ibai gainean dago, bertan daude kokatuta Budapesteko altxor nagusiak.

Erret Jauregia: sekulakoa egituraz, tamainaz eta kokagunez, errege jauregi orok ohi duenez. 3 museo gordetzen ditu bere baitan gaur egun. Matiasen eliza: gotiko zizelatu ikusgarria, koloretako teilatu bizi-bizi distiratsu eta 80 metro goierako kanpandorre erakarriez deigarria kanpotik; kolore argiz pintatuta barrutik, bandera eta guzti: erabat osoki pintatua, ez dago orratz bat bera sartzeko garbigunerik ere, ezta begia non kokatuko patxadako tarterik ere, hainbeste zertzelada baitago horman harra bete bakoitzetik begiei deika, dena kolore eta gauza: ekarpen magiar aberatsena omen da barneko pintura, bitxia eta bizia bada behintzat.

Abesbatza bat zebilen bisitari Matiasen elizan, abestu egiten zuten han hemengo eliz zokoan, goxo eta ongi, halako giro bitxia sortuz eta txaloak jasoz.

Merkatua dirudi elizak, turistaz lepo, han ez dago ez errezorik ez errezo girorik, dena da jendea, mugimendua, ibilia, eta berbotsa. Veneziako S.Markos, Paduako S, Antonio edo Asisko Frantzisko elizetan antzera.

Ingurumaria: joan eta ikusi, ibili kale-sarean, edozeinetan, denetan hobe, ez du bat bera ere galtzekorik eta; autobusetan datozen turista presatiek eliza eta jauregia ikusita alde egiten dute, ez da kaleotara uholdeka datorren turistarik,  eraikin famatuen ingurua bisitariz gainezka badago ere; ia bakardadean eginen duzu kalearteko ibilia, norbere kontura dabilen bakar batzuen konpainian soilik; tarteka piano-jole bat tokatzen bazaizu, gaur bezala, bere etxeko piano-ekitaldiko soinuaz kalea beteaz, are erromantikoagoa da ibilia; etxe ederrak, denek dute zerbait begiratzeko, atea ez bada leihoa, irudi zizelatu, zur tailatu, forma, egitura edo kolore deigarriren bat, handia nahiz txikia dela etxea; luzatu ere patioetara begiak,  ez ahaztu burdineria; katedral inguruan bertan ere bada taxuz pilatutako harri ederrik, ibai gainerantz balkoi korritu aparta, non ikuspegia ere ordaindu egin behar den; harresiaren luzeran, Iparraldera, azkenen kalea litzakeenean, bada ibil-leku bat, ez du ezer apartekorik baina bai ikuspegi zabala, dena mendi-muino arbola artean gordetako etxetxoz beteta.

 

Goitik ibai osoa dager bere zubi eta ontziekin; ibaiaren beste aldean Pest izugarri zabala, laua, ehun eta bi eliza-dorre: Parlamentuarena, Sait Etienne basilikarena, Unibertsitatearena, Udaletxearena... nabarmentzen direlarik. Kale zabal eta artezeko kaledi erraldoia beste egun baterako egun-pasa.

 

Erruz dabil jendea, uholdeka, autobuskadaka, batez ere eliza bueltan: hortik kanpo bakea eta lasaitasuna.

Musika-joleak ere badira, kale musikariak, ez asko, halako xarma eta giroa emanez inguruari.

Denda pila, kinkila-denda zein dendateria aberatsa, batez ere katedral inguruko bebarru edo behe solairukoak. Ugariak dira kafetegi eta jatetxeak ere.

Eskolaume piloa, nola ez, ilaran eta zaratatsu, edonon.

Ez dago self-servicerik, ezta ogitarteko bejetariano bat jateko aukerarik. Izozki aukera pila ordea bai, izozki jalea ere ugari.

Erruz entzun dugu gaztelera, jende heldua, autobuskadaren bat etorri da nonbait.

Prahako mendi-muinoa  gogorazten dit Budakoak: biak daude ibai zabal baten eskuinean, biak gaintxoan, biak dira herritxo xarmantak, biak liluragarriak, biak altxorrez beteak. Hortik at biak dira bakoitza bera, bertaratzeko zubiek ez dute inolako antzik: Prahan lotu egiten ditu alde biak zubiak, Budapesten berriz banatu.

 

Autobuseko ustekabeko ibiliak Obuda auzoa atzo baino patxada lasaiagoz ikusteko parada eman digu, atzo sarreran zeharkatu genuen auzo bera gure atoia garraioan, baina ez genekien zer zen eta antzik ere ez genion eman. Lehenengo Buda izan omen zen, Budaren lehen erdigunea, gaur egun ia ertz batean badago ere. Etxetzar zatar piloa besterik ez da, zaila da bertan aspaldiko garaietako aztarrenik aurkitzea. Erromatarren anfiteatroa delakoari oinarriak besterik ez zaizkio geratzen, hondakin ezereztxo batzuk besterik ez da. Bada etxe-horma bat ere, auskalo zeren hondakina.

 

Margarita irla: Danubio ibai erdian sortzen da, berdegune luze ederra, gogokoa du jendeak paseatzera joatea bertara.

 

0 kilometro, autobusekoak eta oinezkoak soilik izan dira gaurkoak.

Ez digu huts egin tren-hotsak kanpin honetan ere, hemen tutu-hots eta guzti gainera: ez du huts egiten tutu-hotsak, trenbide-gurutzeren bat da nonbait hor bertan.

Belartza zabala, nahi haina gereziondo eta geriza dago baina izugarrizko lehia dute zozoek elkarri tokia, zizarea edo gerezi alea tematuz. Zizare luze potoloa mokoan zintzilik zeharkatu du airea zozo batek beste zozo bat jarraiki zuela.

 

“Hezur gabeko hilak”. X. Montoia:

* “Denboraren kate etengaitzaren mailak hildakoez eginaz dira, itxaropen zoro eta agindu berdin zoroez”. Euskal Herriko historiaren kate-begiak ere. Hungariakoak ere bezala. Nahitaez.

 

 

Ekainaren 3a. Larunbata.  33.a-H:17.a

 

“Soneto hautatuak”. Willian Shakespeare- J Garzia:

*  “Ikusirik zuhaitz harroak biluz, / ... / belar berde zena, uztaren orduz, / zerraldo gainean, lizar – hits dorpe”. “When lofty trees I see barren of leaves / ... / and summer´s green all girded up in sheaves, / borne on the bier with white and bristly beard”.  Lurralde hauek erabat eraldatuta izanen dira, herrialde ezberdin bat izanen da, beste lurralde bat ikusiko dute udazkeneko begiek.

 

Ez erruz, baina badabiltza holandarrak, zozoak bezala Europa osoan barreiatua.

 

IPARRALDEA

 

Danubioaren bihurgunera izanen da gaurko ibilia.

Herri-bidez herri-bide, herritxoz herritxo. Ez digu ezer berririk eskaini bidaiak, bisitatu herritxoak ezik. Berehala sartu gara Iparrera mendi-muino artean; mendixka leunak dira, errepideak tarteka gora egiten duelarik, ondoren lautadan jarraitzeko. Berdeguneko gidatze atsegina.

Belar-fardo borobil pila dago esparru itxi batean, hainbat eta hainbat pilo erraldoietan tolestuta, agerikoa da biltoki berezi bat dela. Belar zaharra da, hondatu samarra; erabat utzia dirudi. Ez ote ekonomiak, nekazaritzak komunetan antolatuta zegoen garaietakoa, egoera politikoa aldatsean bere horretan gelditu zena inorena ez eta hondatuta, hainbeste nekazarien uzta, sistema ekonomikoaren despilfarroa.

 

Zsambek. Eliza, harrizko handia da, baina eroria dago, ez dirudi hormez gain ezer gehiago geratzen zaionik: altuera batean kokatua, gaztelu baten hondakinen zantzua du.

 

Dorog. Asko zabaltzen da bailara, industria-gunea dela dirudi, tximinia luze asko dager han-hemenka barreiatuta.

 

Esztergom. Oso herri zabala: errege egoitza izana aspaldiko garaietan, erdigune polita du, zaindua, ederra ere bai, etxe ederrak erakutsiz, udaletxe aurreko plaza ere atsegina da, izurritearen zutabe dotorea gordetzen du, zenbait kale ere bertan ibiltzeko atseginak... hortik gainerakoa herri-herria da, xumea, pobrea ere bai, hondatuxea, baina etxe segidako herria da izan, ez etxe banakakoa; badu oinezkoen kalea, luzea, baino nahiko tristea; dendateriaren ordez baserritarrek salmahaiak jartzen dituzte bertan, merkatu edo azokagune bihurtuz. Berrikuntza lanetan dago herri osoa. Sarrerako auzoa, xume eta kaskarra, hondatutxea: herri pobrea, xehea, motzaile jitekoa,  ageri zen bertako biztanlea.

Gaztelua du tontortxo batean, berritzen ari dira. Basilika: gaztelu barruko esparru zabalean kokatua, herriko altxorra da: erruz doakio bisitaria, autobusez, autoz...  etengabeko jende zaparrada, taldeka zein bakarka, dena da jendea kanpoan zein barruan; ingurua dena da lourdes, dendateria eta mota guztietako salmahaiak, kinkila-dendak gehienak; Hungariako eliza-eraikuntza handiena, harrigarri handia da eliza bera, dena da handia han: 118 metro luzeran, 71 metro altueran, 21 metroko diametroa du kupula; txindurriak dirudite gizakiek arkupeetan, ipotxak kupula inguratuzko balkoi korrituan diren gazteak; barruan dena da ere handia, marmol zuriko santu-irudiak, koadroak, pinturak... presbiterioa bera soilik da zenbait eliza baino handiagoa. Mezetan dauden arren talde osoak dabiltza bisitan bere gida buru dutela, agian presbiteriokoak ez dira jabetu ere egiten beheko mugimenduarekin, hain da handia eta hain urruti gelditzen dira presbiterioko aldare eta aulkiteria. Neurririk gabeko handia, baina ederra ere bai. Jozsef Mindszenty dago hobiratua kripta, nola ez, erraldoian,  elizgizon ospetsuen artean, izugarrizko santu-irudi, erraldoi-erraldoiek bilduta: fedea defendatzeko ala pribilegioak ez galtzeko borrokatzen ote zen komunisten aurka?. Pribilegioak eta fedea bat dira hainbat eliza-bururentzat. Handikiekin, handikientzako kristoren hobi-gunean: printzea izan zen, botereduna, ahaltsua, fedea ez zen borrokaren gakoa, boterearen printzak ziren defendatu beharrekoak.

Danubio ibaia doakio gaztelu-elizari oinetan, zabal, eder, indartsu. Ibaiaren beste aldea Eslovakia da, gertu, hantxe bertan, ibaiaren luzera osoan: Eslovakia lurraldean, barnerago, hiriak eta lantegi erraldoi edo argi-zentrala. Bazen zubi bat ere, baina erdiko bi pilareak eta bi alboetakoak besterik ez zaizkio geratzen: nazioa bien arteko harremanak errazteko gogorik edo dirurik ez da nonbait.

Merezi du geratzea batez ere eliza ikusteko, Eslovakia hain gertu sentitzeko, baita barne gunetik ibilitxoa egiteko ere.

 

Apaiz bat ikusi dugu, gaztea, potoloa, sotana handia jantzita: halakoa nintzen ni ere gaztetan. Moja potola bat ere aurkitu dugu basilikako azken bankuko ertzean eserita, handia bera ere eliza handian, geldi bera, dena mugimendua zen tokian, eserita, dena ibilia zenean.

Eskolaume pila dabil Basilikan.

 

Tilos hitzak debekatua esan nahi du.

 

Danubioren ertz-ertzetik egin dugu ibilbideko zati luzea, baina tarteka soilik ikusi ahal izan dugu ibaia: errespetua sartzen du: zabala, indartsua, bete-betea, bizia. Jende asko dabil ibai ertzean, egonean, arrantzan, mokadua jaten... Eslovakia da beste aldea.

 

Visegrad. Herria ibaiaren beste aldean dago nonbait, mapak besterik badio ere. Hungaria  da. Auto eta autobus pila dago ibai ertzean, ontzi batek garraiatzen ditu pertsonak eta autoak bestaldera. Igande-pasako herrietako bat da. Badu bere gaztelua tontor batean.

 

Mendi magala dena da etxetxo bakana arbola artean gordea: polita.

 

Szentendre. Danubio ibaia doakio albotik, edo herria bera hasi da ibai alboan. Erruz doakio bisitaria, bizi-bizi dago kanpotarrez, lepo daude ibai ertzeko nahiz kale barruko kafetegi eta dendak. Zabala da autoentzako aparkalekua, bertan jarri dira salmahai pila turisten zain. Herri xarmanta benetan, kale bihurrikoa, orain arte bisitatu ditugun herriak ez bezalakoa. Etxe xarmantak. Plazatxoa izurrite-zutabe erabat ezberdin eta bitxiarekin: pintatua, gurutze pintatuarekin, irudi ortodoxoz apaindua.  Eliza ortodoxoa da herriko altxorra: eliza ortodoxoen egiturakoa, ohiko santueria, koadro eta abarrez osatua, baina txikitxoa, ezberdina, benetan potxoloa: halako ukitu berezia du; merezi du bisita; ate bat du gizonentzat, emakumezkoentzat beste bat, jarlekuak ere toki ezberdinetan kokatuak daude batzuentzat eta besteentzat, korupean daude emakumeenak, ia ezkutatuta.

 

Espainiar turista hamarkote bat tokatu zaigu elizan, bai suertatu ere!. Bere gidarekin zebiltzan, baina ezer guti interesgarririk jaso ahal izan dugu, arrunkeriak besterik ez baitute esaten gida askok: ez dago esan beharrik ze santu den koadro batekoa, ikusi egiten da, eta gainera hori da gutxienezkoa koadro bati begiratzerakoan.

Lepagaineko zapi batzuk erosi ditugu: bi mila eskatu digu bakoitzagatik eta milan utzi digu; zeken portatu garela kezkaz gelditu gara, baina albokoak berari ere erosteko eskatzen zigun, beraz ez da tratu txarra izan. Bisitariei gehiago eskatzen die, eta turista atzerritarroi larrua kenduko ligukete.

 

Hiriko kale nahasmenetik ihesi, bide txikietatik egin dugu etxera itzulia.

 

199 kilometro, Danubioren alboetakoak gogoangarrienak.

 

“Hezur gabeko hilak”. X. Montoia:

* “Apez baten jantzia bezain beltza”.”... Anarkiaren bandera bezain beltza”. Bizitza argitzea dute biek xede. Kalbinista elizgizonen jantzia ere beltza da.

 

 

Ekainaren 4a. Igandea.  34.a-H:18.a

 

“Soneto hautatuak”. Shakespehare – Juan Garzia: “Zerupe honetan hazten den oro / ez da betean lipar batez baizik”. “When I consider avery thing that grow / holds in perfektion but e little moment”. Bidaia oro da ederra, baina bere une distiratsuenak ditu ere bidaia orok, bidaiako egun bakoitzak du bere une gogoangarriena eta istant bizipozena. Bidaia bera, bidaiako egun bakoitza ihartuz, kolorgetuz doa bizitzako koadro osoan, baina une bereziok beti dute luzaro, bizitza osoan ere, bere lekutxo xumea. Denborak dena errenditzen du bere egiazko mailara.

 

Egun erre horietakoa dator gaur.

Guretzat beti jai izanik ere gaur jai eguna dugu, igandea, aperitibo eguna, sardina eguna, pasta eguna... gauean hartuko ditugu, baina bere gatza ematen dio egun osoari.

 

 

TRANSDANUBIA

 

Transdanubia herrialdean gabiltza berriro. Goialdetik oraingoan.

Industria eremua hedatzen da Budapestetik gertu, birfindegi itxura du, tximinia erraldoi saila dager, orratz piloa gorantz lautada zabalean.

Karteltxoz izendaturiko arto eta gari-sail ezberdinak soro zabal batean: esperimentazio, ikerketa eremua nonbait.

 

Martonvasar. Gaztelua da ospetsua, guk parke zabal batean gaztelu itxurako jauretxe eder bat aurkitu dugu soilik; 6 urte egin zituen hemen Betowenek, bertan sortu omen zuen “Apassionata” musika-lana.

 

Ez da zikoinarik gaurko bidaian, istingarik edo padurarik ere ez da nonbait, ezta inguruak ureztatuko dituen ibai zabalik ere.

Gereziondoak dira kale ertzeko zuhaitzak, gorri-gorri daude, alez beterik, kalean bertan, joan eta jan besterik ez dago.

Argiagoak eta alaiagoak daude herriak goiz distiratsuan. Ez darie beste egunetako tristura sakon hura.

Elur lekua, hor daude errepide ertzean pilatuta, txukun, metalezko laukiak.

Gustura hartzen dugu berriro lautada kalezulo eta mendiarteen ondoren, ezaguna arren, berria zaigun ordokia.

 

Velence lakua: Hungariako bigarrena zabaleran, 11 kilometro ditu luzeran, bizpahiru zabaleran; 28 espezie ezberdineko 25 mila txori bizi omen da bertan; kanaberek hartua du ia bazter oro, herri inguruko bazterrak soilik daude garbituta eta txukunduta: belar trinkoko belartza zainduak, eguzkitan zein arbolapean egun-pasako  patxada leku erakargarriak, kanpin deitzen dieten berdeguneak. Egun-pasarako leku apartak. Erruz doa jendea bazkari, flotagailu, arrantzarako tresneriaz zamatuta gehienak, kanpin dendatxoa ere jartzen du askok. Gureetan hondartzara lez dator igandezalea, sarrera ordaintzen du eta bertan egiten du egun-pasa. Jai-giro bizi-bizia nabarmentzen da, uda-egun aparta esnatu da izan ere gaur. Sekulakoa izan behar du honek eguerdian, jendez mukuru jartzen denean. Aparkaleku franko dago, denak ordaindukoak. Bada portutxo edo atrakaleku xume ugaririk: txaneltxo txiki azpizapal pila dago bertan lotuta.

Trena ere pasa da, hiriburutik urertzera igandezalea eramanez, autoa ere badabil baina ez zaparradarik, gidari ipurterre presatiren bat ere bai tarteka.

Ondo-bizien herritxoak dirudite herriek, kanpotik bailetoz bertara bizitzera; ez dira baserri etxeak, ez dira nekazari etxeak, txaletxoak baizik, zainduak, apainak, agian asteburuko bigarren  etxebizitza.

Ez da jantoki, kafetegi edo antzerako erraldoikeriarik.

Ebakitako kanabera metatxo pila, inguruan kanaberazko teilaturik ageri ez bada ere: kanpora saltzen da nonbait kanabera.

Zeharkatu egiten du lakua errepideak ertz edo mutur batean.

 

Szekesfehervar. Hainbat hara-hona egin behar izan dugu, hainbat aldiz galdetu, erdigunera jotzeko, kosta zaigu hiriari antza hartzea. Aspaldiko garaietan Hungariako erregeak koroatzen eta ehorzten ziren hiria da. Zaindutako hiria, txukuna, atsegina: etxe eta eraikin dotoreko erdigunea du, alboetan berriz gaur egungo etxe zatarra;, haratago, etxe bakuneko kaleak. Kale-gune osoa da ibileku eztia. Plazan  Gotzainen jauretxea da ederra, baina han-hemenka bada begiratu beharreko fatxada deigarririk ere; bi iturri, erdikoa harri gorrixkako bola handi bat da, bitxi samarra;  horma batean dago bestea, harlandu zizelatu bikaina buru duela. Hondakinen lorategia: hala deitzen diote; zabala, hiri erdi-erdian, hainbat erregeren hilobi-gune omen; dena dago hankaz gora, berrikuntza lanen eraginez, gune eroso erakargarria sortuko da bertan. Katedrala: meza dagoenez eta eliza atetik kanporaino entzulez mukuru, ezin izan dugu ikusi atetik ez bada; ba omen errege bat kriptan  ehortzia; izugarria izan da, gure umetako giro ber-bera zen mezatakoa, latinez izatea falta zitzaion: jendea korupean ere belaunikatu da “altzarrean”, apaizak hostia kontsakratu eta altxatzen duenean, umetako txilin hirukoitzaren hots fin hura bera zen apaizak hostia eta kaliza jasotzean zein belaunikatzerakoan... umarora jauzia izan da niretzat.  Elizak, barrokoak dira, denek dute pintatutako ganga, ganga ederrak denak: bateko pulpitu loriatutik hara non ateratzen den sotana-maukatik beso beltza gurutze handia erakutsiz. Santa Ana kapera: gotiko ederra izanen da  baina aldamioek biltzen dute fatxada leiho zein ateak gordez.

 

Auto-rallya zegoen eguerdian, ikusle pila bildu gara kale nagusian irtengunean, autoei begira eta ohiko parafernaliari txalo eginez: luze zihoanez ekitaldia  berehala alde egin dugu.

Denda-txabolatxoek hartua dute plaza nagusiko ertza, ohiko kinkileria eskainiz.

Txiletar bat da plazako saltzaileetako bat, gaztelaniaz ari zen emakume batekin.

Apaiz zaharra atera da katedraletik kaleetan behera, erabat irudi bitxia bere sotana beltzarekin.

Erruz dabil jendea hirian, sapa eguna, prakamotz eta tirantedun kamisetarekin gehienak, argazki makina bizkarrean eta izozkia ezpainetan. Ez dago ia inolako alderik gure herriko igande-pasako herriekin eta igandezaleekin.

 

Herri-bideetatik egin dugu etxerako tarte bat, noizbehinka norabidea galduz, bide txikiek ez baitaukate beti zehaztuta, kanpotarrontzat bederen, nondik norakoa. Muinotxoa bat zeharkatu dugu: mahastiak eguteran, pare bat jatetxe kanaberazko estalkiarekin, eta baso arteko geriza freskoa izan ditugu kontutan hartzeko zertzeladak.

 

125 kilometro, laku ertzekoak atseginenak.

 

Eraldatuta aurkitu ditugu kanpina eta kanpin inguruak, dena da egun-pasako guraso eta umea. Valence lakura bezala datoz kanpin eta inguruko parkera ere, egun-pasan, koadrilan, bertan bazkaria egin eta elkartasunean bazkalduz.  Umez lepo daude bai igerilekua bai bazter oro, musikak eta ahots zurrunbiloak erabat betetzen du ingurua, txori hotsa gailenduz, halere tren-tutua da denak menperatzen dituen soinua tarteka. Zozorik ez dabil berdegunean, emakumeek hartu dute belartza, eguzkitan gorrituz hondartzan baileude.

Bakarlari batek abesten du igerileku gaineko oholtzan, italiar abesti erromantikoekin dabil, tarteka gaztelerazko abestiren bat ere luzatu du.

Holandarrak dabilzkigu gaur kanpinean, bakarrak ginen gaur arte gure sailean: jendeak nahiago du elkarren babesean kokatu, beste aldean daude denak, elkarren gainean. Gu berriz lasai eta nasai gaude gure parketxo propioan bezala. Agertu zaizkigun holandarrak beste ertzean jarri zaizkigu erdigune zabala denon atseginerako geratzen zaigula.

 

Beherantz doa eguzkia, jendea badoa taldeka etxera igande-pasa ondoren; igerilekura joan naiz, igeri lasaian naizela niretzat bakarrik jotzen dute musikariek arrats lasaian, bere kontratuko ordua heldu zain. Gozagarria. Bukatu zaie ordua musikariei, hemen ditugu zozoak zelaian, txori-kantua dabil airean, azken eguzkitan bildurik dena. Ordu goxoak.

 

“Hezur gabeko hilak”. X. Montoia.  “Zer eginen genikek geroaren bat gabe?”.  Nolabait hila dago gibelera begira bizi dena. Beste munduaren ilusioz bizi dena ere bai.

 

 

Ekainaren 5a. Astelehena.  35.a-H:19.a

 

“Soneto hautatuak”. W. Shekespeare- J.Garzia: “Zantzu isilok irakurtzen treba: / begiz aditzea maitalege da”. – “O, learn to read what silent hath writ: / to hear with eyes belongs to love´s fine wit”. Begiez baliatu behar du batez ere bidaiariak, begiez ikasten eta ikusten ikasi behar du, isileko nahiz ageriko zantzuak.

 

Nonahi gabiltzala, edozein herrialde dela, jende, dendateria  jatetxe eta enparauei begiratuz ez diogu ia igartzen ze lurraldetan gauden. Erabat berdindu da biziera Europan, guztiz uniformatu. Globalizazioa honetaz ere. Hiri egituraketak erakusten digu Ekialdean gaudela, besterik ez; atzerritarroi edozein hizkuntza ulertezina zaigunez, hizkuntza bera ere ez zaigu bereizketa tresna bilakatzen, egia den arren badela ezberdina hizkuntza bakoitzaren soinua.

Igande-pasak eta igandezaleak ere antzerakoak dira denean.

Italiera doinuaren antza hartzen diogu hungariarren hizkerari, hizkuntza arraz ezberdinak diren arren.

Ilehori edo horixkako ugari da hungariarren artean, oso gutxi ijito itxurako beltzarana.

 

Gizonaren galtzontziloak eskegi ditu lixiba ondoren andre gazteak, baina ez du zintzilikatu bere kulerorik. Portugaleko emakume hura gogarazi dit. Herri orotan dirau zenbait tabuk.

 

Pest dugu gaur helburu, Danubioren lautada aldekoa, Hegoaldeko zatia, Transdanubia lautadaren atea deritzotena.

Buda zeharkatu behar da lehenik: kale-zorua jasota dago, hautsa nonahi, lurra ere bai, zorua edonon hondatua.... zikina ere bada, edo dago, Buda.

Lau orduko autobus aldia egin dugu, egosita, zutik (ez da erraza jarleku hutsik aurkitzea)... luze eta deseroso joan zaigu Pesterainokoa. Hiri orok bezala Budapestek ere zerga larriegia ordaintzera behartzen du kanpotik datorren bisitaria. Autoz etortzeko ere ez dago aparkaleku aukerarik, ezta espaloi ertzetan ere, are gutxiago lurrazpiko aparkalekurik.

Budapestera berriz ez itzultzea erabaki dugu: zenbait museo ikusteko asmoa  eta tranbian ibilaldi bat egiteko apeta genuen, baina zerga handiegia ordaindu behar da, 7-8 orduko autobusaldi neketsu, itolarri, aspergarria. 

Auto askok dute bolantea zepoz lotuta: estima handia diote autoari edo auto-lapur asko dabil kaleotan.

Ugaria da hirian Loto-bulegoa, baita loterion propaganda eta iragarkiak ere, han-hemenka, ia edonon: zukua ateratzen dio Estatuak itolarrian bizi den pobrearen arnas premiari.

 

Pest. Zubi zuria zeharkatu dugu, luze, bidaiari-ontzi eta jatetxe-ontziei so... Misterio kutsua dario Danubiori, zirrara sortarazten du, muga bat zeharkatzen ari zaren sentipena.

Hiruzpalau orduko ibilaldia egin dugu oinez kalez kale, ibili lasaian, turista pausoan, itxuraz geldo baina begiak zoli. Iritzi ezin hobea eskaini digu hiriak: izugarria da, ederra, zirrararik sortzen ez badu ere, sekulako ezustekorik ez badu ere. Badu tranbia, garantia-labela ezarriz. Garbia dago, zaindua, baina era berean zenbait eraikin erabat belztuta daude. Etorbide diren kale zabalak, lurpeko pasabideak dituzte espaloi batetik besterako, saltoki bihurtuta ohi denez, baina oinezkoak berdin egiten du goitik ere zebrabiderik egon ez arren; eraikuntza eder asko eta nonahi, batzuk paregabeak; edozein kaletik hartzen, jotzen, duzula, beti duzu fatxada eder bat zain; bada patio ederrik, saltoki bihurtuta: merezi du patio barrunbetara sartzea. Aberats eta aberaskumeen hiria izan zen hau. Hiri modernoa, erabat komertziala, saltzaile hiria, denda, banku, eta bulego hiria. Ederra. Bankuek bereganatu dituzten hemen ere eraikin ederrenak. Jatetxe eta kafetegi pila, espaloietan sarri mahaitxoak. Zirkulazioa, beldurgarria da, motor hots ozena, astuna, etenik gabea; autoek ez dute inondik ere errespetatzen ez oinezkoa ez zebrabidea: hobe du oinezkoak gurutzatzeko zain egon auto ilara bukatu arte nahiz zebrabidean egon eta eskubide osoa bere esku izan. Jendea erruz, edonon, kanpokoa zein bertakoa. Estatua eta monumentu zale dira hungariarrak, hiri honetan ere pila bat dago, tamaina eta oroit-gai guztietakoak, plaza orok du gutxienez bat.

Beste mundu bat da Pest, bestaldeko Budagandik arraz ezberdina. Hiriko bihotza, hiriko dirua eta boterea bere eskuan dituena, hiriko arnasa eta hauspoa. Ezustea izan dugu, hiri moderno arrunta espero genuen, baina ez hain moderno baina ederra aurkitu dugu. Aurreko bizpahiru gizaldiko eraikuntzak dira bertakoak, jadanik klasikoak.

Ibili eta begiratu, arratsaldea edo eguna lasai hartuz:

Legebiltzarra  edo parlamentua urrutitik bezain ederra eta handia da bertatik ere. Sait Etienne Basilika handia Hungariako eraikuntza erlijioso garaiena 96 metro garaierako kupularekin: 8.000 pertsona sartu ahal omen; aurpegia garbitzen ari zaizkio eta nabarmen ageri da zenbateraino zikin ez ezik beltz zeuden horma eta kanpoko santu-irudi pila. Hungariar Museo Nazionalak sekulako zutabe greko itxurakoak ditu sarreran, nanotxo utziz parean tokatzen diren pertsonak. Sinagoga, ederra, garbia, baita bitxia ere. Hungaria Jatetxea, famatua, New York izenez ere ezaguna, eder-eder aparta egituraz eta dotoretasunez, baina izugarri belztutasunez desitxuratua: ez gatzaizkio barrutik ikustera joan. Udaletxea, Antzokia edo Opera, Akademia... eraikin eder pila. Vaci utca, oinezkoen kale famatua, bakarra, jendetsua, era guztietako dentateria aurkitzen da  bertan, denda garesti dotoreak zein kinkila-dendak, izozki bat xurgatuz paseatzeko aukerakoa: hiri osoan aurki daiteke liburu-denda ugari, gaur gure kale famatuan liburu azoka zegoen, begiluze ibili gara gaztelerara itzulitako libururen bat aurkitzen ote, baina alferrik. Zenbait eliza ikusi dugu, barrutik ere: ez dugu aurkitu aparteko miraririk, baina bai gurutzea eskuan zuen beso mahuka beltza ateratzen zitzaion pulpitua.

 

Buda aristokratikoari ere begiratu diogu, Danubioren bestaldetik oraingoan, behetik gora: ederra eta sekulakoak dager tontorrean Erret Jauregitik Arrantzaleen gotorlekurainokoa, Matias Eliza erdian dela; urrutitik ere bertatik bezain ikusgarri.

 

Ez dugu gaztelerazko egunkaririk aurkitu, “ezta aurkituko ere” esan nahi zuen saltzailearen keinuak.

Toribio Etxeberria kaleko galtzadarri berak daude hiriko hainbat kale eta plazan. Eta guk uste genuen Eibar orijinala zela.

Ministroren baten autoa pasa da polizia-autoz babesturik: tutua jo eta azkar, argi gorriak aintzat hartu gabe: politikoak ez dira herria, herritik at, herriaren gainetik bizi direnak baizik; baina herriaren kontura, hori da soilik herriarekin duten lotura bakarra.

 

Gaurko kilometroak, autobusak egin dituenak.

 

Izugarri ederra dago gaua, zeruak ez du galdu oraindik azken urdindua, oraindik badela erakusten du eguzkiak, adartzan borobilak, baina batez ere makal luzeek zerua luzatzen dute, zorrotz eta zuzen, giro bitxi sorgindua sortuz.

 

“Hezur gabeko hilak”. X. Montoia: “Zinez estonagarria zernahi egoeratan eta tokitan gizonok zein aise laketzen garen”.  Bidetan sarri galduta, erneguz, ulertezinik, dena ezezagun, dena berri, hurrengo uneak zer ekarriko, aurkaria ez baina arrotza zaigun inguruan...ibili ohi gara, baina zoriontsu gabiltza. Gure etxatoia, txikia, etxe baten osagai guztiekin baina leku gutxian   sartuta,  jostailuzko etxea... da, baina zoragarria deritzogu, batez ere erabat unatuak heltzen garenean arratsaldez.

etiketak: Hungaria, Bidaiak 2000
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.