Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 2000. HUNGARIA

BIDAIAK 2000. HUNGARIA

Jon Etxabe 2022/02/14 10:15
HIPAR HUNGARIA: Miscolle, HASTI ETA RACKOZITARREN LURRALDEA: Sarospatak, Satoraljauljhey, Bukk mendiak, Eger

IPAR HUNGARIA

 

Sartu gara mendi-muino arteko bailaretan kanpin bila, dena da  zuhaitz, dena etxetxo alboko maldak, errekatxoa eta belar garbia erdiko bailaratxoan.

 

Miskolctapolta. Bainu-herria, ohiko inguru zaindu lasaiekin.

 

Kanpina.  Ohi dugunez, okerrekora jo dugu,  mendian, basoan, oraindik dena dute erdizka, eta alde egin diogu. Aurkitu dugu bigarrena, lautadan kokatua. Lasaia, zabala, berria, zuhaitz gaztekoa oraindik, kale artez eta belar trinko finez  osatua. Hiru bezero soilik gaude. Ez da inor ageri, zerbitzuguneak txukundu eta egokitzen ari diren langileak ezik.

Ez da eskola umerik, kukuak ez du jotzen, tren-hotsik ez zaigu heltzen; txori-kantuak betetzen du ingurua, denean dabiltza belartzan mokoka, zozo eta biligarroak nagusiki. Txakurrak dira hemengo osagai berriak: erdi galdutako txakur handiak hurreratu zaizkigu beraiez nor jabe egingo eskatuz lez.

 

Miskollc. Euripean ikusi dugu hiri erdia, umeltasunez bilduta beste erdia, guardasolpean edo guardasola eskuan: ez da egokierarik erosoena hiri bat ikusteko, gustura sentitu gara halaz ere.

Hungariako bigarren hiri handiena; industria du; langabeziak jo zeuen  eta ondoren hainbat giza arazo sortu zen. Biztanleriaren  %7a ijitoak dira eta arrazakeriarena omen oraindik gainditu gabeko arazo bizi eta larrienetarikoa, langabezia eta arrazakeria elkar lotuta baitoaz beti ez bada gehienetan. Erraldoi zatarra dager lurralde goraldi batean, etxetzar ilarak alderik alde, Andaluziatik goranzkoan Madrilek eskaintzen duen ikuspegiaren itxura antzerakoa du,  etxetzar itsusi piloa, gutxienez mendi-muino bat osoki betez. Kilometrotan luzatzen da hiria, auzotan banatua, 28 kilometrotako zabaleran, gidaliburuak dioenez. Industria astunaren kokalekua.

Lehenengo turkoek, ondoren austriarrek, erabat suntsitu zuten, beraz ez du antzinako zer askorik ikusteko.  Alde Zaharra, bisitarientzat ibilekua: ez da ederra, ez polita, bai atsegina, punttu bat erakargarria ere bai. Tranbien xarma du hiri zaharreko kale nagusiak: zabala da kalea, bizi-bizia, bada etxe ederrik bertan: jende asko dabil erdiko kalean, paseoan baino gehiago erosketak egitera etorritako jendea.  Badu erreka bat hiri barruan baina lotsatuta lez doa zementuzko ubide sakonean, ez balego antzo, baztertu nahi izan balute bezala, traba egingo bailu. Antzokia ez zaigu batere deigarria suertatu, bai ostera zinema-leku bihurtutako antzoki  ederra, aparta oraindik barrutik: eskolaume talde bat sartu da zinera, eta beste bat atera, ez dakigu pelikula ikustera ala antzokia bera ikustera. Izugarrizko parke zabal- zabal ederra du etxetzarren alboan.

Deigarria da kanpotik ortodoxoen eliza  grekoa: bertakoa omen Hungariako museo greko bakarra. Eliza katolikoa, hiru kofesategi bitxi eta pulpitu barroko xelebrea ditu aitatzeko.

 

Muino batean Avas Mendia, hiriko monumentu antzinakoena dago bertan, kalbinista eliza, planta itxurosoa du batez ere alboan duen dorreak. 10 eta 20 metroko 800 zulo omen mendian, ardo bukoiak gordetzeko zulatuak. Guk hilerria ikusi dugu soilik, zarra, bitxia eta deigarria, aspaldiko hilarriak ditu ilaran jarriak, baita landutako taket zurezkoak ere.

 

“Todo sobre mi madre”, Almodobarren filma dago ikusgai egunotan, aretoko sarreran oso deigarri zeuden jadanik ezaguna zaigun hainbat poster.

Jende asko doa kalean izozkia janez, izozki-dendak ere oso ugariak dira edonon. Guk ez diogu hutsik egiten izozkiari eguerdi beranduan, gauden herrian gaudela, herri txikienean ere aurkitzen baita izozki-denda. Ordua, gogoa edo tripa-zorria heldutakoan, begiratu ingurura, izozki jaleak ze aldetatik datozen begiratu, inguratu eta han dugu beti izozkia zain. Izozki gozoa da, 45 florin balio ditu hamar pezeta baino merkeago bola bakoitza.

 

Ikasle gazte aldrarekin topo egiten dugu edozein herritan eguerdi beranduan, izozki orduan batez ere. Autobusez eskolatik etxera, eskola-autobusetan zein autobus-lineakoan, ume asko dabil denean eguerdiz etxera bidean: motxilaz zamatuak hemengoak ere. Hemen ere bada ikasketa bukaerako kurtso-kide denen argazkiekin dendaren bateko erakusleihoan koadroa erakusteko ohitura, hiri eta herri koskortu orotan ikusi ahal da.

 

126 kilometro, lautadatik mendirakoak.

 

Pecs-eko kanpinean ezin genuen inola ere autoz belarrik zapaldu,  zaila zitzaien nonbait belarra bere onean gordetzea, agian asko maite zuten belartza. Kanpin honetan berriz pozoi kimikoz desagerrarazten dituzte bide ertzeko belarrak, baita belarra horituz eta hilez bereizten belartzako bakoitzaren esparrua.

 

“Hezur gabeko hilak”. Xabier Montoia:

*“ Nik ez diat kaka horrengatik guztiagatik hil nahi”. Politikoen jokabideak iritzi berdinera eraman behar gintuzke, baina hor dirau herri zati handi batek hil ala bizikoan, oraindik sinesten dugu herriarengatik lanean.

* “Bitxia duk gero, hainbertze lan berriz egoera berdinean egoteko?”. Bitxia benetan.

* “Askatasuna oinazerik gabe?. Ez duk egia. Askatasuna garestia duk beti. Odolez ordaintzen duk beti, odolaz”.  Beti.

 

 

Maiatzaren 30a.   Asteartea.  29.a-H:13.a

 

“Katiluaren ipurdia”. Martin Etxeberria.

* “Bakero isterrak / eta panazko ipurdia / oraindik”. Halakoa da Hungariako gazteria gehiengoa ere.

* “Musikarik gabeko koloreei begira”. Udaberriak musika du nonahi, sinfonia dario Hungaria berdeari.

 

Heldu zaigu kukua, goiz eta ozen jo digu ongietorria.

Ez dugu hitzik ere ulertzen, ez ahozkorik ez idatzitakorik. Bestalde hiri oro zaigunez ezezaguna, egun bakoitza da abentura eta aurkikuntza-ibilbidea. Baina ez gara atzerrian sentitzen, ia-ia etxean baizik, herri hau gurea bailitzan.  Ez dugu une batez ere deserrian gabiltzan sentipenik, zain baitugu aberria eta bertaratuko garen ziurtasuna: aberria eta familia dira gizakiaren oinarria eta sendotasun iturria.

Janariari ere aspaldi hartu genion neurria, hauek dira gure ohiturak: gosari sendoa egunerako indargarri, eguerdiko izozki suspergarria, etxeratu osteko fruta eta tisana lasaigarriak, azkenik ilunabarreko afari begetarianoa. Janaz gozatu Euskal Herrian egingo dugu, hemengo txerriki eta gainerakoak gozoak balirateke ere. Txerrikia eta haragia dira bertako sukaldaritzako osagai nagusiak. Ez dugu beraz janarira zuzendu jakin-minik; gizaki eta harriei so, arte, kultura, geografia eta gizataldera mugatu dugu begirada eta  ibilia.

Alemaneraz gain, Ingelesa da bertakoaz aparte darabilten hizkuntza atzerritar ia bakarra, kultu-gune, museo eta turismo-bulegoetan. Hemen ez da “español universal”aren usainik ere.

Beti berri eta beti larri: gu beti gara berriak herri eta bide orotan, beti hasberri ezjakinak edonora goazela. Esperientziadunak gara zorionez. Lurraldeko bide eta zertzeladak ikasi ordurako, bagoaz. Auto marka guztiek dute bere saltoki eta garajea Hungarian. Baita bere gasolindegia petrolio konpainiek ere.

 

 

HASTI ETA RACKOZI-TARREN LURRALDEA

 

Hasti eta Rackozi-tarren lurraldea dugu bisita-gai nagusia gaur, Hungariako askatasunaren aldeko borrokaren gotorgunea, Austria zapaltzaile inbaditzailearen aurkako lehia, Habasburgotarren aurkako borroka, piztu zen lurraldea

 

Askoz patxada handiagoz, lasaiago, ikuskizunaz gehiago gozatuz ibili ohi gara lehen orduetan, ibilaldi luzea izan da ere aurrean. Itzuleran, etxerakoan, presatiago goaz, nahiz etxetik hurrago egon, idiak eta astoak lana bukatu ondoren etxerakoa usaintzen dutenean lez.

Kaledi barrutik, nahiz erdigunetik ez, pasa behar da hiri eta herri hazietan, ez baitago herrietan kanpoko saihesbiderik. Horregatik egiten zaigu nahastuagoa norabidea kanpotarroi.

Aiherra hartu diogu nonbait lautadari, berriro lur lau-lauan baikabiltza. Betiko osagaiak ditu hemen ere, baina mendi-muinoak gertu ditugu, eta haziak ditugu mendiak. Ez dugu herri bat bera aurkitu mendi muinoetara heldu garen arte, 30 kilometrotik gorako joanean.

 

Sagarrondo sail izugarria.

Folyó deitzen da hungarieraz ibaia: ederrak datoz baina ez batere garbiak, zikin kolorekoak baizik. Ekialdeko herriek, agintari sozialistek, ez zuten hartu mendebaleko herriek, agintari kapitalistek baino ardura gehiago natura zaindu eta kutsadurarik ez sortzen. Natu-guneak sortu, mugatu eta zaindu zituzten, asko dira hemen natu-guneak, baina naturarekiko errukirik gabe osatu zuten hezurdura eta egitura industriala. Ekologia bai baina ekonomiaren zerbitzuan edo arabera: “lehengo bizi”, zioten, baina kutsadura heriotza da.

Hilerriak ezberdinak dira barruti honetan, hesirik gabeak, argiagoak; ez dira gureetako hilerri astun, ilun, triste, gotorlekuak.

Zer egiten du andre-gizon bikote bakartiak artajorran begiek ia harrapatzen ez duen arto-sailean. Tarteka-tarteka ikusi ditugu gaurko bidaia osoan; izan da gizaki bakarra soro ia neurririk gabeko zabalean bakarti; seikote batekoek inurriak ziruditen han urrunean soro erdian. Inurri lana, baina arto-saila jorratua izanen da.  Pobre ororen patua, 2000. urtean, teknikaren gizaldian,  horrela zaildu beharra ere!. Halaz ere gero eta zailagoa datza iraultza, baldintza egokienak daudela esango genukeen garai eta lurraldean. Zenbait osagaik huts egin du iraultza teorian, beste zenbait osagai falta da.

 

Mendi-muinoetara heldu gara. Barrenean herritxoak, magaletan ere etxetxoak zuhaitz artean kukuka. Teilatu eta fatxada oro da argi kolorgetua, hitsa, baita kolore argiz pintatutako etxeak eurak ere. Ia aspertu samar gauden arren  jite berdineko etxeekin, oraindik erakargarriak zaizkigu, ezberdinak, deigarriak.

Szerencs.  Luzea eta zabala. Bi tximinia luze ditu, industria-gunea da nonbait.

 

Aleman auto bat zuten poliziek geldituta bizkorregi joategatik. Hemen ere ordainagirik eskura kobratzen ote isuna Kroazian bezala?.

Mendi-muino ingurutik eta lautadaren ertzetik doa errepidea. Han-hemenka herritxoak mendi-muino magaletan: argitu egiten dute begia, arindu ibilia, astindu asperra.

 

Mahasti gunera heldu gara, Tarcalerako bidegurutzean hasi dira mahatsondook, eta gurekin izanen ditugu Satoraljaujely-raino laurogei inguru kilometrotan. Eguteran beti. Mendi magal eta barren oro da mahasti, mendi gainaldea berriz baso. Inguru osoa da mahasti, amaierarik gabeko ilaretan. Zenbait mahasti zabala da, beste zenbait txikia, ez dakigu lurraren eraginez ala jabegoaren arabera. Pikeagoak ziren Mossa alboko mahastiak Koblenza inguruan, leunak dira magal hauek, baina berdintsu betetzen dute gainbehera.

Ospetsua  da bertako ardoa, batez ere gorria. Lurralde bakoitzak omen bere ardo mota baina hemengoa jotzen dute onenentzat, berak du ospe handiena. Lurrak du nonbait zerikusia ardoaren ontasunean, baita udazken luze bero eta lehorrak ere. Hungariako ardo-gune nagusia da lurralde hau: 28 herri ei dira eta 500 mahasti hektarea. Ikusten ditugu lurpeko upategietarako aho eta sarbideak, asko omen dira eta kilometrotako luzera omen dute. Txabolatxoz eta etxetxoz mukuru daude mahastiok.

4 isurialdeko etxetxoak dira nagusi lurralde honetan.

 

Tarcal.  Pare bat kupeltxo ikusi ditugu etxaurre batean,  baina ez beste inolako ardo edo mahastien ezaugarri edo adierazpenik. Egin eta saldu egiten dute ardoa, baina hona ez dator inor ardoa edanez egun-pasara Errioxara bezala.

 

Gizon adinekoa bizikletaz arrosa sorta bat eskuan duela: badu loreak merezi dizkion maiteren bat etxean, auzoan, elizan, agian hilerrian.

Arropa saltzailea: lurrean zabalduta ditu arropok eta han datza erosle zain. Ikusi izan dugu antzerakorik herritxoetan. Herri batean auto gainean zabalduta izan ditu batek.

Anbulantzia asko dabil errepidean, lasai, alarma soinu eta argiketarik gabe ia beti. Agian anbulatorio edo osasun-etxerik ez dago herrietan eta ospitaletara daramatzate gaixoak.

Ezin falta trenbiderik Iparrean ere: hemen doakigu gurekin, gurekin izango dugu itzulerako bidean ere beste aldetik. Merkantzia tren luzea suertatu zaigu etxerakoan.

Komunikabide-dorrea lehenengo tontor garaian: ozenak eta belarri orotara heltzen direnak izanen dira honen mezuak, egun osoko kanpai-hotsa lez, baina belarrian durundirik sortzen ez dutenak, agian bai buruak nahasten dituztenak. Ez telebista ez egunkari gabiltza, irratikorik ere ez dugu ulertzen, baina ez dugu hutsune sentipenik.

Panzió deitzen da ostatua hungarieraz, ez dabil urruti gaztelerako “pensión”etik. Hungariera erabat ezberdina da, germaniar edo eslaviar hizkuntzen erro ezberdinekoa. Ahoskera arraz ezberdina dute gure hizki ezagunek, j eta hainbatek esaterako: sc, sz...berriz herri izen edo iragarkietatik jabetzen garenez gure tx ts eta antzerako hizki bilketak dira, ahoskera berezia egiten dute hizkiak bilduz.

 

Tokaj. Zurezko taket landu ilun-iluna du sarreran, kruzeiro gisan, baita zur landuko armarria ere, nahiko bitxia: gurutze bihurtzen den mahatsondo gerria, bertan kiribilduta buruan koroa daraman sugea:  ETAren anagrama peto-petoa dirudi lehen begiradan, “bietan jarrai” falta zaio soilik. Bi zatitan lez dago herria: nekazal etxeak dira batean etxeak, kale-baserriak: Sakanan ere bada halakorik, etxe solte edo baserriak herri barruan, korta dute kale-kalekoak diruditen etxeek; Etxarrin bertan ere oraindik. Herri oparoa dirudi. Erdiguneak badu etxeak jarraian elkarri lotuak izateko kategoria; baditu hiru eliza behintzat; behe solairuko ohizko kaleak. Polit erakargarria da erdigunea, baina inola ere ezin da lortu barneraino autoz joaterik, zorabiatu gaituzte geziekin berrikuntza lanak direla eta.

 

Bodrog, ibai zabal ederra, berdexka, zikin plantarik gabeko garbi itxurakoa. Bere albotik doa errepidea zati batean.

Lantegi bateko tximinia borobil garaian du habia zikoinak.

 

Bodrogkeresztur. Zazpi gizairudi daude ibai gaineko zabalgunean, zurezko tailak; badu zerbaiten esanahia: ezpata-dantzariena dirudien masta zurigorriberdea dago bertan bandera jartzeko ospakizunen batean. Txanel azpizapalak ibai ertzean. Ibai erditik ontzi handikote bat iragan zaigu ibaian gora. Bada autoak ibaia zeharkatzea ahalbideratzen duen ontzi zapal zabal bat ere.

Herri berean tratante merke itxurako bi azal iluneko gizonezko zebiltzan autoz atoi batekin harrizko aska txikiak jasotzen: gu geratu garen etxetik atera die etxekoandreak bat bere eskorgan, umetatik ezagunak ditudan intsektu gris zapal hanka askokoen arabera kortan eta lohi artean egona zekartzan: gure baserri eta etxeetatik merke eraman ziren  bezala,  bota ere egin ziren,  hemen dabiltza negozio merkean beste ogibiderik ez duten buruargi batzuk.

Izenik ere jartzen ez dieten herritxoz herritxo joan gara, mapako bide zuritik, herri-bidea izan zenetik; bide-berria egin zenetik agintariak erabat ahaztu dira herri hauetaz, erabat hondatuta dago errepidea, gaizki jasotako adabakiz erabat zimurtuta, zulatuta ez dagoenean. Etxe gutxiko multzoak errepide alboan, ibai kontra erabat galdutako herritxoak.

 

Bada bitxikeria bat, gaurko ibilbide osoan errepikatuko dena, baita Iparreko muga-mugako herritxo galduetan ere: tarteka, errepide ertzean, lauzpabost etzeentzako burdinazko tutua, suhiltzaileentzat jarri ohi direnen antzerakoa, urdinxka, eragiteko helduleku edo palankatxoa alde batera eta ura irteteko aho luzea beste aldean: ez dakigu herritxo bakoitzaren ur-putzua den, tutu bakoitzak  azpialdean ur-biltegia duen... Gero jakin dugu: etxeetara ura sartu aurretikako ura etxeetara hurbiltzeko sistema izan zen; Gobernuren baten ekimena, gaur egun ez dute jadanik urik ematen tutuok.

Bukoi edo barrika erdiez eginiko lorontziz apaintzen dute bide ertza, lore ugari zaindu bizi-biziez.

Zikoina kumeak ikusten ditugu habietan lurralde osoan; bizpahiru kume dituzte baina bost zituena ere ikusi dugu Sarospatak-en.

Aspaldi ez bezala, artaldea.

 

Olaszliszka. Inguruko elizarik zaharrena da bertakoa: balkoi korrituak inguratzen dio dorre karratua, arku zorrotz estukoa du sarrera, 1630. urteko harri tailatuak ditu ateburuan.

Biztanle askok du azal ilun beltzarana herritxo hauetan, etorkin eta ijito itxura dute.

Kanaberazko teilatudun pare bat etxola.

Intxusadia, erabat zabala, zaindua: gerri sendokote artezeko baxuak, fruta-arbolak bailira. Andre-gizonak azaldu nahi izan digute zertarako darabilten intxusa, hitzez eta keinuz eta imintzioz, baina ez diegu tutik ere ulertu: agian garitzetako zomorroak akabatzeko pozoi naturala, agian botikarako; Fakundo Txopenguak baita Plaentxiako Angelita-Julianek ere egiten dute erredura eta azaleko gaitzetarako ukendua; hala balitz mundu osoko erredura guztientzako ukendua egin daiteke hemengo basoarekin.

Badirudi etxe bakoitzak bere txakurra duela patioan edo etxe alboko itxituran: kontuz ibiltzeko aditzera emanez plakak daude hainbat etxetako sarreran. Kalean ordea ez da  txakur bat bera ikusten, ezta uhaletik ere; kale-txakur galduren bat noizbait gehienez.

 

Sarospatak. Hungariako nazionalismoaren bihotza eta hauspoa. Bertan bizi izan ziren Rakoczitarrak. Inguruko jauntxoak, bereak zituzten inguruok. 30 kilometrotik 30 kilometrora gaztelu bat zuten, lautada eta mendiartean barreiatuta; lurrazpiko pasabidez elkar lotuak, zaldunak zaldi eta guzti ibili ahal izateko adinako pasabideak; ba omen 30 kilometroko bat. Jauntxoak eta aberatsak, baina ez zioten men egin Habsburgo eta austriarrei, beti borrokatu zuten independentziaren alde, bizia eta ondasunak galtzeko arriskuan beti; borroka galduta ere, atzerrira eramanak, habsburgotarren gatibu, ez zuten amore eman. Sendi osoak egin zuen borroka belaunaldiz belaunaldi. Eliza katolikoaren aurka borrokatu ziren beti, eliza katolikoa zelako etsai indar nagusienetarikoa. Kalbinisten alde beti, kalbinistengan oinarritu zuen Rakoczik Sarospatakeko ikastetxe famatua, jakintza zela etorkizunaren ardatza uste zuelako: atzerrira bidali zituen hainbeste bertako seme ikasketak osatzera.

Gaur egun ikasgune ospetsua da hiria, kanpotik datoz gazteak bertako ikastetxeetara. Hainbat ikasle ikusi ahal izan dugu kalean, aberaskume itxurakoak  uniforme dotoreekin; ikastetxe bakoitzak du bere uniformea, ikusi dugu hainbat irakasle dottore pijo gazte ere. Ume koadrilak dabiltza kalean, bertako ikastetxekoak diruditenak. Bazen kanpotik egun-pasa etorritako ume aldra ere, gaztelua eta herria bisitatzen, bihurri-bihurriak gehienak.

Herri aratza, argia, zaindua, txukuna, zabala, erakargarria. Uda-herria dirudi, bisitari pila dabil, ez zaio falta hotel, ostatu eta tokatzen zion osagairik. Bizpahiru etxe-sarrerako  ate zurezko handi landu tailatu ikusgarriak, lanbide ezberdinak iragarriz. Eliza gotikoa aldare barrokoarekin: ogerlekoa besterik ez zen sarrera baina atetik ikusitakoaz erabaki dugu ez zuela merezi ordainduz sartzea. Eliza-aurreko plazan brontzezko eskultura eder bat. Gaztelua: Boorog ibai gainean kokatua, harresi barne zabala du, parke ederra, eraikin ederrekin; hainbat jite ezberdineko zatiz osatua da, aro ezberdinetan ezarriak, jauregia dirudi; patio zabal bitxia Italiako, batez ere Veneziako jauregien antzerakoa, bere mailadi, logia eta gainerako osagaiekin; zati zaharraren hormetan leiho eta bestelako harri landu ederrak: bisitari pila datorkio. Parkean bi lizar erraldoi, sekulakoak, zahartzaroak jota biak, gizajoak, besoei eusteko makulu eta guzti.

 

Sorospatak-etik ateratzeaz bat mendi-tontorreria koniko pila dugu aurrean, horien ostean mendi hasiak, seguruenik Eslovakia.

 

Satoraljaujhely. 15 hizkiko herri-izena, izugarrizko monumentutzarra egin diote sarreran. Bertan bukatu dira mahastiak.

 

Alde bietatik gorria da bidezain eta konpontzaileen stop diskoa, ez du alde berderik; diskoa jasota dagoenean gelditu egin behar da, jaitsita duenean pasa.

Eslovakiatik kilometro gutxi-gutxira gaude, muga-mugan, mendiak ez ezik hur-hur ditugun aurreko hainbat herrik ere Esloveniakoa izan behar du.

Eskolaz kanpoko ariketetarako eguna da nonbait asteazkena, herri orotan aurkitzen ditugu eskolaume taldeak, kalean, irakaslea begirale norabaitera edo nonbaitetik.

Mendiz inguratuta baina lautadan goaz, inguru erakargarriaz bilduta, berdetasunez gozatuz: garia, artoa, belarra.

 

Mikohaza. Hara non arranoa oroitarri edo monumentu baten gailur eta gandor, geroxeago beste herri batean sekulako brontzezko arrano harroa aurkituko dugu: sarri ageri da arranoa Hungaria osoan, gerran hildakoen oroitarriak diruditenetan, errege edo jauntxoren baten alde hildakoen tentelen hilarriak: ez dakigu norekin lotu, Habsburgotarrekin, Rakoczitarrekin edo norekin, baina bada leinuren baten ikurra.

 

Paisaia aldatu bada ere herrien egitura ez da aldatu. Errepide bazterrean zuhaitz ilarek diraute, basoa ertzean bertan dagoen arren: agian babes-hesiak dira zuhaitz ilarok.

 

Palhaza. Etxe berdin-berdineko auzoa, etxetxo txikiak denak, denak zurixka kolorgetuak, etxe merkeak, illaran et berdinean jasoak. Txu-txua trena: bada bisitari ugari, bada ere bisita zor zaion zerbait guk antzik ematen ez badiogu ere.

 

Okerreko bidea hartu dugu, luzeagoa zelako utzi nahi genuena hain zuzen: ernegatu dugu baina gero ez zaigu damutu. Natu-gune batean bagindoazen bezala, bidaia zoragarria, erabateko bakardadean, bertakoren bat ez bada hemen ez dabil gaur beste inor. Lineako autobusa da noizbehinka zibilizazioaren oroigarria.

 

Füzer. Mendi-labar ikaragarrien gain-gainean gaztelutzar baten hondakinak; ikaragarria behar zuen izan gazteluak, kriston balkoi korritua, auskalo norainoko ikuspegiarekin. Rakocziren gazteluren bat: kameraren objektiboarekin soilik hurreratu natzaio: ahaztu egiten zait badaukagula autoan kataloxa bat.

 

Hollohaza. Hungariako Iparreneko herria, mendi barrenean, ia mendi-zuloan kokatua, goiko mendiarteko bakardade osoan galdua, mendiko herria etxetxoak aldatsean, nahiko hasia.

 

Mendirik mendi, pagadi artean goaz: gerrian adarrik gabeko pago luze meheak, txankamehe biluziak,  goian soilik dituzte adarrak gandor edo txapel gisa.

%10eko gainbehera batez gero, Esloveniako mugaren parez-pare joan gara kilometrotan. Poliziek ere gelditu gaituzte: “Muga polizia, pasaportea mesedez”, ingelesez: bi gaztetxo ziren  kamuflaje jantziekin furgoneta batean inolako parafernaliarik gabe. Nire pasaportea kanpineko bulegoan dute. Bietako bat han ibili da gure EH eta ikurrina bilatu asmoz liburuxka batean. Maria Luisaren pasaportea zuten. “España” esan diegu, eta kitto.

Zentrala, agian nuklearra, behar duen tximinia borobil erraldoiko eraikin izugarria bailara zabal baten erdi-erdian, ke bete-betean bera eta inguruko hainbat tximinia mehe luze: Seguruenik Eslovakia da.

Hainbat herritxo zeharkatzen dugu, mendi-mendikoak: errepidearen bira eta aldatsaren arabera egokituta, ez dute inola ere kale artezik egituratzen,  herri okerrak, bihurriak, kurboak dira, biretan ere etxeak; herri xume, pobreak, baina batez ere bakartiak.

Errepidea ona da.

 

Abaujvar. Museoa eta zikoina mendi-mendi honetan ere.

 

Zsuita. Museoa eta zikoina hemen ere.

 

Herri orok du bere museoa.

Meta piloa zelai erdi-erdian, gureetakoak baina txikiagoak, baina erdian haga dutenak: aspaldi eginak dira, belar berria ere hasia baitago.

Mendiarteko bailara zabal-zabaletik egin dugu; Santokristo banakak ikusten dira, baita santutxoren bat ere, ia Balatonetik ez genituen ikusten. Elizarik ikusten ez zion herriak ere mordoxka dira. Jaiotzakoak dirudite herri askotako herriak, hain txikiak hain ezerezak. Autobus geltokiak itsusiak dira, funtzional hutsak.

 

221 kilometro, Hungariako Iparrenerainokoak.

 

M. Luisa eta biok gaude bakar-bakarrik kanpineko esparru zabalean: parke bateko palaziotxoa dirudi gure etxatoiak, jantoki mahaitik aurreko dena dugu zuhaitz eta berdegune.

 

“Hezur gabeko hilak”. Xabier Montoia.

* “Jaberik gabe ezin bizi daitezke, hala bizitzen ohituak dituk”. Euskaldunok jaberik gabe bizi nahi dugu.

 

 

Maiatzaren 31a. Asteazkena.  30.a-H:14.a

 

“Katiluaren ipurdia”. Martin Etxeberria:

* “Borroka ez egiten ikasi dut / behintzat, / kaka honekin mozkortzen”. Ezin bizi Euskal Herritik aparte, are gutxiago atzerrian.

* “Arratsalderako / gorritu egin zaizkio / sargori masailak, / hodei pinportez / lotsatuko balitz bezala”.  Zerura so arratsaldero bidaiaria, ia hurrengo goizean eguraldiak zer.

* “Bai eder orduan zerua / nire gainetik mugagabe...”. Hori herenegun arteko lautadan zen, orain mendiak eta zuhaitzak zaizkigu hurbileko muga.

 

Ñabardura oroko zozo, biligarro eta txorinoak dabilzkigu inguruan, soinu era oroko txori-kantuak biltzen gaitu.

Kanpin honetan, Debrecengoan bezala, sua egiteko toki berezia dago belartza zabalean, afalondoko lagunartea luzatzeko aproposa.

 

Miskolc. Unibertsitatea du; kanpinetik gertu, zuhaizti arteko eraikin moderno erraldoi hainbat. Industrialgunea: izugarri zabala, Mendebal aldera, Bilbo alboko Barakaldo eta inguruak bailira, mendiartean luzatzen da Eibarren Matxaria edo Txontan bezala, baina mendiarte zabalean. Labe garaiak diruditen  antzinako eraikin erraldoiak dira nagusi, baina bada bestelako industria gaurkorik ere. Inguruan etxe multzo berri erraldoiak, taxu bereko ia berdinak, etxe-orratz zurixkak, langile etxeak seguru aski, industria-gune inguruan langileentzako sortuak. Diosgyor gaztelua: Erreginen gaztelua deitzen diote, Anjou dinastiako erreginaren egonleku zelako. XIV. gizaldikoa, ia erabat hondatua, erdiko patioa egokitu dute jaialdietarako. Izugarria da gaztelua, zirraragarria: lau dorre karratu lerden ditu kantoietan: ez dirudi gotorlekua, jauretxe erraldoia baizik.

 

Bukk mendiak. Naturgune bihurtutako baso-mendiak. Aldats pikoa du igotzeko, % 12ko gainbehera du errepideak. Enbor luze biluzi, ia txanka meheko pagadia da baso dena, izei lerden ederrak direla tartean; bada ezezagunak zaizkigun azal zimur-zimurreko zuhaitz lerden garai sendorik ere. Agerikoa da mendizale asko hurreratzen dela mendiotara. Gabirai bat eta uso parea atera zaizkigu errepide ertzetik. Guri ez digute ezer berririk eskaini mendiok, mendiko ibili berdea bera da nolanahi erakargarria eta atsegina. Gureetako mendi eta basoak dira, guretzat ohikoak. Azkenean aspergarriak ere egin zaizkigu, kokoteraino gelditu gara, amaierarik gabeko kilometroak izan baitira pagadi barrukoak. Agertzen dira tarteka kare-haitzak, nola ez zeharkatu ditugu ere mendi zintzurrak.

 

Mila bihurgune du errepideak, zorua berriz eskasa da, batez ere goialdetan; hiri nagusietara hurbileko zatiak daude soilik konponduta.

 

Bukkszent...¿....: herritxoa, basoan galdua, mendi-zulo zuloan; lau etxe, hiru emakume nagusi eta bide ertzean belar biltzen ari zen agurea ikusi ditugu soilik: agureak, oso abegikor, era berezi, bitxian, ziurtatu nahi zigun norabidea ukondoa okertuz, errepika eta errepikatu dit nondik hartu, hitzetatik piperrik ere ulertu ez badiogu keinuz ziurtatu gaitu ondo gindoazela.

 

Bukkszentkerest. Mendi goietako herria, zulogunean zein malda ezberdinetan barreiatutako etxez osatua, zabala. Bi suhiltzaile-auto txiki bitxi prepesiozkoak dituzte jarriak, erakusgai eta apaingarri, pitxi-pitxiak biak, lorez  apainduriko errepide ertzean. Lurrazpiko upategia. Bi gurdi bertako petoak, etxe kontra bata, jatetxe aurrean bestea, ingurua dotoretuz jarriak biak: Hungaria osoan ikusi ditugunen antzerakoak.

 

Hurreratu zaigu hitz egin nahi zuen gizontxo nagusi bat, galdetu, esan eta hitz egiteko gogo bizia erakutsi digu, ahalegindu gara bai bera bai gu, baina ezinezkoa zen elkar ulertzea. Hizkuntza, komunikazio oztopo.

Bi irakasle zihoazen 10 umerekin norabait kalean zehar.

Ia herri orotan aurkitu dugu ume taldea bere irakaslearekin, bi edo hiruko ilaretan, norabait zeregin batera. Eskolaz kanpoko zeregin asko egiten da nonbait Hungarian. Txangoan dabiltzanak beste era bateko talde motak dira. Hauek eskola barruko zereginetan dabiltza.

 

Repashuta. Mendi zulo-zuloan, basoz inguratuta dagoen herri bakartia, teilateria besterik ez diogu ikusi ahal izan errepidetik. Zirrara sortarazten du herriaren bakardadeak.

 

Ia inor ez dabilen bideetatik goaz, mendiarteko bide galduetan, ia erabat ahaztuta dauden errepideetatik.

Zarama kamioiarekin gurutzatu gara, baso-basoan!!!, biontzat ia lekurik ez dagoen errepide estuan. Bi auto holandarrekin gurutzatu gara mendi-mendian. Motor zahar bat ere han zegoen bakarti  baso ertzean, basoan norbait dabilen lekuko. Halako mendi baten ostean eta ondoren itsasoak behar duela zirudien une batez, laino ganduan bukatzen baizen basoa.

Lineako autobusa heltzen zaie herrioi Eger aldetik.

Ura ateratzeko ponpak, atzo ikusi genituen haiek, zeharkatzen ditugun herri guztietan daude, mendietako herri orotan, tarteka, hiruzpalau etxerako bat. Denak dira urdinak. Izugarrizko aurrera-pausoa izan behar izan zuen bere garaian etxaurreraino ura ekartzea.

 

Baso eta bihurgunez kokoteraino heldu gara lautadara.

Lautadako herriak zeharkatuz goaz orain, batzuk erabat luzeak dira; ez dute ezer berezirik edo erakargarririk. Jende asko dago autobusaren zain, etxerakoan ere autobus zain aurkituko dugu hainbat jende. Sarria da lineako autobusa.

Zati erabat ezberdinak baditu ere Hungariak orografian, oso herri-biztanleria antzerakoa aurkitu dugu denean, ez da desberdintasun nabarmenik ageri herrialde batetik bestera gure azaleko begiradatik ikusita.

 

Eger. Zerbitzu hiria. Etxetzar sailek biltzen dute aspaldiko auzo, kale-gune eta erdigunea. Txukuna, zaindua, dotorea, atsegina. Erdigunean dabilen jendetza ikusiz, bizitasunean zaio ezagun Budapest eta Balatonen ondoren, Hungariako turismo-gune nagusia omen delakoa. Txangoan etorritako ume pila dabil gazteluan zein kaleetan. Umez eta gaztetxoz inguratuta egin dugu hiriko hiru orduko ibilaldia.

Lanbropean bisitatu dugu hiria.

Jite guztietako etxe eder pila du kale artean, ibili lasaiko begien atsegin; horiez gain etxetzar eta monumentu pila ere gordetzen ditu asperrezina bihurtuz ibilia.

 Gaztelua, hiriko altxor nagusia: tontorrean ohi denez, 2 mila hungariarrek bere emazteekin eutsi zieten 100 mila turkiarri etsiarazi arteraino; kilometrotako azpi-bideak omen ditu, bost solairukoak tarteka; ohiko harresi, gotorleku, zabalgune, horma, putzu eta abarrez gain eraikuntza aipagarriak ditu, baita katedrala izandako eliza bat ere, gaur egun erakustoki eta museo bihurtuta, bertan fosil bihurtutako eta gainean marmol zuriko geruza zuri sendoa duten enbor sendoak daude ikusgai, baita fosil bilakatutako txirla pila harea piloan gorpuztuta; horrez gain, garaiko tortura tresneria eta tortura mota ezberdinen erakusketa jarri dute harresi barruan: gordina, lazgarria, gogorra; egun batean gaur egungo polizia-etxeetako tortura mota ezberdinak izanen dira erakusgai, hauek bezain gordin, sinesgaitz eta lazgarriak irudituko zaizkie, ministro eta polizia bururen izenak ere denen lotsarako agertuko dira.

Katedrala: Hungariako eraikin erlijioso handiena omen; ataria, sarrera, fatxada eta barrua, dena da handi, erraldoi; zapaldu egiten zaitu bai barrura sartuaz bat baita kanpotik gerturatzen zarenean ere; santu-iruditzarrak ditu kanpoan zein barruan; kanpotik okre biziz pintatua, barrutik freskoz edertua du sabai osoa; barrutik dena da zutabe, dena pintura, dena dago erabat beteta. 10 mila tutu ditu organoak, Hungariako bigarren handiena.

Anaia Txikiagoen eliza: barrokoa, gauzaz betetako eliza: santu-iruditzarrak aldaretan, freskoak gangetan.

Frantzizkotarren eliza: handi-mandi loriatua. Hara non ateratzen den beso beltza pulpitu ostetik eskuan gurutzetzarra duela.

Eliza denek dute itsulapiko erraldoia grada erdi-erdian.

Minaretea,  bitxia eta deigarria, turkiarren ondare bakarra, 40 metroko luzea, mehea, liraina, kale artean, harrizko arkatza dirudi.

“Normal” Ikastetxea: (Ez dakit zergatik deitzen zitzaien “normal”, legezkoa zelako, arau bereziak irakasten zirelako...). Hungariako barrokorik handiena; oso handia, baina ez gaitu askorik kilikatu. Astronomi behatokia du; sekulakoa omen liburutegia.

Gotzainaren jauregia ere sekulakoa da: eliza pobrea!.

Parke pila, plaza ederra erdigunean, estatua eta eskultura ugari, batzuk ederrak. Oinezkoen kalea ez da luzea, baina bai bizia eta atsegina.

 

Bertako jantziekin apaindutako ume koadrilak dantza egin du plazako oholtzan, koitaduei euri lanbroak emanaldia hondatu dien arte.

Gazteluan argitu ditut zalantzak: zozoa izan zaigu kantuan gotorlekuko antenan, jo eta ke, izugarrizko txistu-hotsean, auskalo nori  edo nora deika han goiko harri gorriko eremuan. Badakit hainbat kontzertuko bakarlaria nor den.

Espainiar abestia zuten jarrita disko-etxe batean, leuna, ozenki entzuten bazen ere: zorionez oraingoan ez zen Julito.

 

Mendiarteko bailara zabalean egin dugu etxerakoa lehen zatian, ondoren Bukk mendilerroko basoak zeharkatuz. Izugarrizko harrobiak aurkitu ditugu, bi harrobik batez ere erabat hustua zuten mendia, sumendia bailitzan barrura erabat janda zuen batek mendia.

Harri bolkanikoak izan ditugu bitxikeri mendi-zintzur batean. Tren-piparpotea ere lagun izan zaigu tarte batean: trenbide-gurutzean zain egon gatzaio.

 

Belapatfalva. Hungarian osorik iraun duen eliza erromaniko baten bila joan gara, baina oinezko orduerdiko ibilira dago: nekaturik, arratsaldea aurrera doanez amore eman diogu asmoari. Kristo bitxi pintatua dute bidegurutzean eta zementu fabrika erraldoia inguruan.

 

Beltz-beltz jantzitako emakume eta gizonezko koadrila zihoan hilerrirantz herri batean, batzuk lore sorta eskuan zutela. Heriotzaren irudi goibela.

Zikin plantako artaldetxo iluna, txakurra ere iluna, eta artzaina bera ere azal beltzekoa.

 

Malyinka. Baso barrenean  herrialdeko herri petoa.

 

Museoa behar duen antolamendua errepide bazterrean bertan, txukun itxurakoa kanpotik behintzat: ustekabean harrapatu gaitu, bizkor gindoazen, ez dugu beraz geratzerik izan.

 

Lillafurat. Bainu-herria, sekulako hotela du laku baten alboan. Herria bera txukun-txukuna da, zulotxo batean kokatua.

 

Herritxo deigarriak Miskolc hirirainoko denak.

 

158 kilometro, Bukk mendietako pagadi eta bihurgunetan gehienak.

Bost etxatoi gara kanpinean. Beste laurak alemaniarrak.

 

 

“Hezur gabeko hilak”. X. Montoia:

* Denok dakigu iraultza egin behar dela, errotik moztu behar dela giza-zapalketa, herrien eta gizakien ezberdintasuna irauli behar dela, baina beldur gara bakoitza bere ondo-bizitza ez-solidarioa galtzeko.

 

 

Ekainaren 1a.   Osteguna.  31.a-H:15.a

 

Katiluaren ipurdia”. Martin Etxeberria:

* “Alua da bizitza. ...  Bizitza paradisua baino hobea da, / Han ez zuen inork / txokolate beroaren beharrik. ... Zigarro horitu bat bezala / Suaren zain. / Horrela sentitzen naiz”. Zigarro kea irentsi eta erabat gozatu, edo zigarroari tiratu ahala kea irentsi gabe bota, hor datza bizitzaren gakoa, zorionarena ere.

* “Ez dut erabat ulertu baina gustatu zait”.  Zenbait bizitza.

 

Aldaketa eguna. Budapest eta bere ingurua ditugu hurrengo egunetarako helburua, gure ibil-leku berria.

 

Lautadaren ertzetik joan da gaurkoa: alde batera, mugarik gabeko lur zabala, infinitua, nonbaiten finituko den arren,; bestera, mendiak, atzoko Bukk mendiak aurrenik, Matra mendiak ondoren.

Ezer berririk aitatzekotan argindar dorre eta hariteria erraldoiak lirateke.

 

Hatvan eta Godöllo, erabat bitxiak agertu zaizkigu, teilateria gorria arbola artean zabaltasunean.

 

Bakan ageri dira herriak lautadan han-hemenka, kanpandorre zorrotzek eta ur-biltegi borobilek iragarrita.

Non gazte boskote bat zihoan auto zahar bat gelditu dute poliziek herri batean, Euskal Herrian eta Espainian gazte euskaldun oro bezala, gazte pobre oro da susmagarri  edonon.

Kamioi guti dabil, errepide nagusia den arren; herri hauetan, sozialismoaren aurretik ere, trena izan da garraiobide nagusia; are, kamioiak asmatu aurretik, Europako lurralde gehienetan gurdia zenean garraiobide nagusia, indar handia zuen trenak Ekialdean.

Behi zuri-gorrizka dager sarri, etxe inguruan beti, motz lotuta, ertzetako belarraz bazkatuz. Fruta-saltzaile banaka ugari errepide bazterrean aterpedun txiringito ganorazkoetan: meloik eta bestelakoak eskaintzen dituzte, baina ez dirudi etxeko fruituak saltzen dituzten inguruko nekazariak direnik.

 

Luze joan zaigu bidaia, herritxoz herritxo: zoru traketsaz gain traktoreak sartzen zaizkizu herrietan errepidean sororen batera bidea eginez. Beraz autobidera desbideratzea erabaki dugu. Sentipen bera dugu egun hauetan: ze herritar eta herri xume; hemen ez dago ez sos ez ahaleginik dotoretasunerako, nekosoa da bizitza. Baina nahiz apal, etxaurre eta kale-errepide ertzak lorez dotoretutako aratzak dira: herri txukunak. Badute nolabaiteko barne dotoretasuna.

 

Fot. Kanpandorre ezberdin dotorea du elizak: bi dorre karratu, gaztelu batekoak bailira, Miskolceko Erreginen gazteluko dorre berak, gaineko almena, zabaldi eta guzti.

 

Neska bat hiriko sarreran errepide ertzean: sexu eskaintza garbia zen itxura guztira. Ikusi genuen beste bat ere ez dut gogoratzen non.

 

Bila genbiltzan eta aurkitzea kosta zaigun kanpina ireki gabe dago oraindik. Nahiz zabalik, kanpin denak udarako egokitze eta antolaketa lanetan murgilduta daude oraindik. Maiatza ez da urtarorik egokiena kanpinera etortzeko Hungarian, uda-uda da nonbait bertan kanpinon sasoia.

Ondoren alderik alde zeharkatu behar izan dugu Budapest, kanpineko gazteak zabalik egonen zen  bakarra aitatu digun Erd-eko kanpinaren bila: hiriaren beste aldean dago hain zuzen. Buda  eta  Pest, biak, zeharkatu behar izan ditugu, trafiko, auto korronte,  izugarri trinko bizian, gure tramankulua atoian genuela, nora jo behar genuenik ere gabe. Oso luze egin zaigu, baina bideratu gara nondik nora jo ez bagenekien ere.

Bi gizon gazteri galdetu diogu semaforo bateko geldiunean, ia nondik edo zuzen ote gindoazen: zuzen gindoazela, nolanahi jarraitzeko beraiei: zoritxarrez, noiz eta une horretan,  atoiaren aurreko gurpiltxoa laxatu zaigu, zoruaren kontra herrestan hasi zaigu: geratu egin behar izan dugu ahal zen tokian eta ahal zen bezala, gurpiltxoa lotu. Galdu egin ditugu beraz gure gidariak. Baina heldu gara!.

 

Gure hurrengo eguneko pausoen ibilgunea, etxe-basoa, beraz labirintoan murgildu gara: Duna ibai zabala zeharkatu dugu, zabal eta eder, gabarrez eta ontziz beteta  dager autoko abiadatik. Hiria bera zatarra, itsusia, ikusi dugu, kaleak zein etxeak, zaharra eta zaharkitua, etxetzar erraldoi berdinak, labatik ateratako adreilu erraldoiak bailira. Ibaiaren beste aldean Legebiltzarra izan behar duen kupula handi eta orratz piloko eraikin eder eta handia ikusi dugu: joango gatzaio bisitan; burumin ugari eman diguten zubi pila: sen guztia ez zen nahiko asmatzeko ze karril hartu behar genuen komeni zitzaiguna zeharkatzeko edo komeni ez zitzaigunetik urruntzeko; hainbat eraikin eder ere ikusi dugu ez dakigu joango gatzaien bisitan; gaztelua edo gaztelua den haitz gaineko jauregi edo gaztelu eder itxurakoa ere begi-bistan izan dugu: joango gatzaio.

Desafioa eta atsegina, urduritasuna eta gozamena, zailtasuna eta ikusmina: hurrengo egunetarako bizi izan dugun eta utzi digun sentipena.

 

Kanpina. Erd hirian, Budapestetik gertu. Zabalik dago. Erabat atsegina: gu kokatu garen esparrua belar trinkoko lorategia edo parkea da, guretzat bakarrik dugu beste norbait datorren arte; orain artekoek nahiago izan dute beste aldean erdi pilatuta kokatzea.

Kanpin honetan daude mundu osoko zozo guztiak: gereziondoek inguratzen dute alde batetik esparrua, beraz inguruan dabilzkigu zozook jauzika eta mokoka belartzan, gereziondotik aleak ekarri eta lur kontran mokoka janez: zuhaitzean ez dute eraginik nonbait pikokadek, dingilizka dagoen alean alegia. Bizpahiru metroko gerriko makala dugu alboan, urki sendo lerdena inguruan, izei beltz apartak ere han-hemenka. Ia gortzekoa da txori-kantua, zozoena batez ere, durundia izateraino ia: hemen bai behar dela belarri fina hots bakoitza eta berari erantzuna kokatu eta jarraitzeko.

Aukerako parajea dugu egun batzuetarako: badakite bai aberatsek zergatik jarri lorategi eta parkea etxe bueltan.

 

218 kilometro, Budapesteko kale nahasmenean eta auto artekoak gogoratuko ditugunak.

 

Aspertu gabe nago zozoei begira, bel-beltzak, arreak... ilunaren  gama osoa erakusten didate. Migratzaileak ote?: hauek ez dira nik tiroz zain egoten nintzaien araba-zozoak, Txekian zein Eslovakian hain ugariak zirenak.

Bera baino zizare luzeagoa atera du batek, mokoka-mokoka hasi da jaten kide lapur bat hurreratu zaion arte lehian: mokoan hartu eta zuhaitzera alde egin du.

 

“Hezur gabeko hilak”. X. Montoia.

* “... herria, nire bizitza osoko zokoa utzi eta mundua ikusteko parada emanen zidan gerlara uros abiatu nintzen,  ... hiri handiak ezagutu nahi nituen ... “. Gu ostera gure herriko gerra utziz alde egiten dugu herrialde berriok ezagutzera.

etiketak: Hungaria, Bidaiak 2000
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.