Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Bidaiak 2000. HUNGARIA

Bidaiak 2000. HUNGARIA

Jon Etxabe 2022/01/24 10:25
TRANSDANUBIA: Pecs, Siklos. Oroitzapenen esparrua, Mohacs

Maiatzaren 22a. Astelehena. 21.a-H:6.a

 

“Antologia”. Bandeira – Sarrio:

* “Gaua bere sorginkeriekin – A noite com os seus sortilegios”.  Lo seko egiten dut ordu luzez: hara hor bidaia-gauen sorginkeria.

“Mapek engainatu egin ninduten” – Os mapas enganaram me”. Sarri engainatzen gara gu mapa eta planoekin.

* “Nola begiratu zenien etxe hain humanoki berdin hauei ...- Como olhaste para estas casas táo humanamente iguais”. Hala iruditzen zaizkigu Hungariako herritxoak ere, berdinak edo antzerakoak behintzat, desberdintasunean berdinak, giza bizitza apala baina oparoa eta indartsua erakutsiz.

* “Bizitza mirakulua da. – A vida e um milagre”. Hungariako Balatonen Hegoamerikako banana jatea ere mirakulua da. Mirakulua zaigu bidaiatu ahal izatea.

* “Benedikatua heriotza, mirakulu guzien amaiera dena. – Bendita a morte, que é o fin de todos os milagres”.  Bizitzaren, mirakulu nagusiaren, amaiera, bidaia nagusiaren amaiera. Agian 100 urteko hilko naiz baina “a Indesejada das gentes” hurretik bizi dut jadanik, bidaia nagusiaren etena.

 

Konketako nire ezkerreko bizar-moztaileak zakarrontzira bildu ditu txukun makina elektrikoaren hautsak edo bizar hondakinak, eskumakoak aldiz putz gartsu batez astindu ditu gelan zehar. Bakoitza bat eta bera, alemanen artean ere.

 

Begira geratzen zaio hainbat jende gure matrikulari zein EH ikurrari: luzaro egon zitzaion bat atzo, begira-begira, ia zirkinik ere egin gabe. Harrotasunak harrotasun, ezezagunak gara euskaldunok, are gehiago nazioa ez garen heinean.

 

Aldaketa eguna. Ur gaineko nenufarrei, igebelarrei, agur egiteko unea.

Harrera bulegoa itxita, ordu erdiko goizeko ibilia egin dugu ustekabean. Ondoren bagoaz besapean flotagailutxoa hartuta laku berora doazenak agurtuz.

 

 

TRANSDANUBIA

 

Danubio haratagoko Hegoa dugu helburu.

Euri lanbroa hasi zaigu bidaia hasieran, larritzen joan zaigu eta euri gaitza izan dugu gero bidaia osoan ez ezik Pecs hiria bisita dugun lehen erdian ere. Haserako ttantta bigunak orduetako zaparrada etengabea bihurtu zaigu. Paisaia iluna, laino euritsua ia lurrari berari itsatsia, ikuspegia erabat hertsi eta lausotuz.  Ezin izan dugu lakua bera ere azken begiradarekin agurtu.

 

Lautada eta mendi-muinoak dira paisaia geografikoa, ezagunak zaizkigun osagaiekin. Kapsvar-etik Pecs-eraino berriz mendatea izan dugu, mendiarteko errepideaz eginez bidea. Teilatuen isurialdeak izan dira aldaketarik nabarmenena: lau isurialde dituzte etxe gehienek. Etxe gehienek dute ur-putzua, hondatuagoa edo berritua, putzu bakoitzak estalki ezberdina du, egilearen abilezia eta fintasuna erakutsiz. Sarriak izan zaizkigu zikoinak ere herrietan. Lurpeko upategi edo sotoak, edo auskalo zer, ugariak dira, agian begiluze goazelako ikusten ditugu orain baina lehen egunetako parajeetan ere baziren.

Bidaia lasaia, herri inguruetatik at ez da auto amorrurik, ezta kamioi zaparradarik ere. Zuhaitzak ditu errepideak uneoro alboetan, zuhaitz sendo mardulak gehienetan. Ekilore sail handia eta ikusiz ezaguna zaigun baina zerenak den ez dakigun bi sail handi ere izan ditugu lehen erdian.

 

Sarriak dira Kristo eta Amabirjina, harri berean zizelatuak biak, bidegurutze eta herrira sarreretan daude batez ere. Hauek berriak dirudite, agian garbitu berriak direlako. Badirudi ahalegin handia egin dela azken aldian irudiokin, agian kendu egin zituzten sozialismo garaian eta birjarri egin dituzte orain, agian zeudenak berritu dituzte, baina egon da herrian fede leherketa bat eta sinesmena agertu nahi izan da irudion bidez. Ez nuke baztertuko izan zela  Eliza eta kardinalaren kanpaina gobernuaren aurrez aurre, irudiez baliatuz: ikusi izan dugu antzekorik.

 

Laku eta padura asko ageri da mapan, guk bakarren bat ikusi dugu soilik: lur lauak izateaz gain, baxuak dira, erabatekoa da istinga bihurtzeko arriskua; mapan erreten et errekatxo bezala marraztuta agertzen diren ubideak sakonak dira, drainatze egitekoa betetzen dute, asko datorrenean leku eman behar zio urari soroak har ez ditzan, ez baitago bailara sakon edo mendi-zulo beheranzkorik urari bide lasterra ahalbideratzeko.

 

Marcali. Etxe txikiko herri handia, baina zapala. Bide okerretik egin dugu bertan: norabide iragarkiek osagai berria sartu baitigute gaur: mugako azken herriaren izena jartzen dute, ez tarteko herri nagusiena, eta noraezean utzi gaituzte. Komediak egin ditugu errepidea bukatu zaigunean baina hartu dugu itzulbidea emakume baten baimenaz bere etxaurreraino joaz. Dena zen euria nire ernegua areagotzeko.

 

Barcs herri-izeneko A hori O ahoskatu digu norabidea galdezka joan gatzaion gazteak.

 

Gaurko lehen zikoina: honek ez du huts egiten norabidean.

 

Bice.   Bi  maiatz txanka-mehe.

 

Bi lurpeko upategi bere arnasa-bide eta ate irtenarekin.

Kristoaren ordez lau santu-irudi dituen kruzeiroa, bitxi ezberdina.

Ate edo arku ponposo landua, dotoretxoa eta garaia, deigarri lur-jabetza baten sarreran.

Mahatsa tarteka, mendixkak gora egiten duen ondoko herrixketan.

 

Bohone. Zapala eta zabala hau ere. Herritxo handia dirudi, txikitxoen jitea du, baina zabala da.  Albo bakoitzean dorrea duen eliza, berria baina zatarra. Parke zabal ederra.

 

Kale oso zabalak dira, baita alboko kale eta auzoetakoak ere: etxetik errepiderainoko tartea zabalgune handia da, errepidea bera baino zabalagoa, erreten sakonak banaturik: zubitxoek ahalbideratzen dute errepidetik etxera pasabidea.

 

Belar-soro zabalaren erdian lur zapaletik gora ertzik goratzen ez zaion putzutik ura ateratzeko langa erabat luzea urkila tantaian kokaturik, lautada ebakiz: irudi bitxia.

 

Nagybajom.  Jadanik aspaldikoak bihurtu diren errepikagailu horietakoa, parabolikoak dituela tutu sendo garai zurigorrietan: irudi bitxia hau ere.

 

Hurrengo herritxo batean bospasei zikoina kaleko argindar tantaietan; tximinia baten gainean zikoina bat, melatuta, koitadu, gizajo eta bakarti, habiatik bota egin balute bezala.

 

Kapofó. Lurpeko biltegi pila, etxe gehienek berea. Teilapeko korridorea dute etxeek.

 

Orain artekoak bezain xumeak dira herri hauek ere.

Kaposmeró. Maiatza txankamakila bi etxetan.

 

Ia etxe bakoitzak du bere Maiatza, mehe luzea, kolorezko zintaz dotoretua, Hala zen Austria eta Eslovakia aurreko azken herrian ere.

 

Kaposvar. Hiri handi bati tokatzen zaion lez, etxe kopuru erraldoia. Errepide albokoak edozein hiri moderno zatar arrunt merkea dirudi. Izanen du bere erdigune antzinakoa, ikusi dizkiogu bi dorre teilatu zorrotzekoak bata bestearengandik nahiko urruti. Barruti zabala marrazten dio mapak, bera soilik bailitzan probintzia edo egitura berea duena.

 

Santos. Bere zikoina du.

 

Mendi lurraldean sartu gara lautada utziz. Dena mendi eta mendiarte, tarteka mendi-zulo itxiak, edo bailaratxo meharrak. Lau isurialdeko etxeak darraite, eliza eta eliza-dorreak dira aldatu direnak, hemengoak motzagoak dira, txaparragoak. Ziur ezberdintasun handiak daudela bailaratik bailarara, barrutitik barrutira, bai herritarren izaeran, bizieran baita hizkeran ere, gureetan gerta ohi den bezala. Ezin diogu guk antzik eman, hain gara arrain labainkorrak lurraldean, irrist eginaz bezala goaz hemendik harantzago beti; ur geldietan gelditu behar da inguruaz jabetzeko.

Faisaia agertu zaigu mendi-muino batean bide erdian. Galsoroetan galtzen ikustea tokatu izan zaigu, hau berriz basoan zebilen.

Hilerriek ez dute ez horma ez hesirik, gehienez nolabaiteko itxitura nasaia. Horma altuez gordeak, itsuak, misterioz beteak izan ohi zaizkigu hilerriak, hauek agiri-agirian daude, biluzik lez, sekreturik gabe, heriotzari beldurrik ez balute bezala biztanleek.

 

Godre. Mendi-zuloko herria, aldats piko-piko luze baten oinetan. Txukundutako etxe ugari ditu, putzu estalkiak eurak ere dotore apainak dira.

 

Marraskilo biltzen ote 4 pertsona errepide eta soro arteko erretenean makurtuta belartera adi?.

 

Berriro zabaldu zaigu lurraldea Pecs aurretxoan, zabal-zabal dager berriro ortzi-muga, goranzko leundurekin, baso sailtxoak eta galsoroak tarteka nahasian. Lurralde dotorea, euripeko tristuran ere.

Orain arteko lehen langa trenbide gurutze-gune batean. Lehenengoz ere behiak larrean. Hungariar sega, bidezainen eskuetan oraingoan: kirten luzekoak, ertzeko heldulekurik gabe, erdiko heldulekua motza da, eta bihurgunerik gabeko leuna.

Txalet sail dotorea, bakan-bakan mendi beherako berdegunean: agerikoa da hiriburuko ondo-biziek gustukoa dutela hiritik alde egitea.

 

Kanpina. Aurkitu ahal izan dugu, pare bat aldiz galdetuz, aldrebestxo ibili bagara ere une batez. Familia batek nekazal lurretan jarria, txikia, xumea, bezero gutirentzat, arbolape ilunean, sargorietarako egundokoa, baina ospela dugu eguna gaur. Sarrera hitsa egin dugu, euripean ez ezik ugazabak kanpoan ziren, han-hemenka begira azkenez gure kontu kokatu gara: gero kosta zaigu emakumeari autoa non utzi behar genuen ulertzea. Agintzaile zitala gertatu zait.  Alemaniar bat, Belgikar bat Holandar bat eta euskaldunok, laurok gara bezero bakarrak. Lasaia eta atsegina izango zaigu kanpina, hotzegia eta ilunegia eguzkirik ez bada. Zulogune batean doan errekatxoa dugu bertan, zozoak dozenaka dabiltza lur hezean mokoka, zozo beltzak, baina baita biligarroak ote zalantzan jartzen nauten zozo argiak are: aurreko kanpinean kantuan ez nituen bereizten, oraingoan ilajez eta itxuraz ere ez.

 

Alemaniarrek beti botatzen dute diosala edozein ordutan sartzen direla ere, dela garbitokia, komunetan, kalean gurutzatzerakoan zein bulegoan, besterik ezean irribarrea egingo dizute. Espainiako kanpinetan ez da horrelakorik gertatzen, luzaroan bertan dagoen bezero artean ez bada: mutu eta lehor sartu ohi dira edonora.

 

Pecs. Argi nabari zaio urrutitik begiratuz mendi-muino ezberdinetan eraikitako hiria dela, erraldoi eta zabal dager mendi magaletan barreiatuta: etxe txikiak malda luze osoa estaliz; etxetzar arruntez osatutako hiri berri-berria mendi muino-gain batean; erdigunea eta antzinakoa, bera ere, maldan behera kokatua. Zabala eta dotorea ikusten da aurreko mendi-muinotik.

Etorri eta ibili lasaian bazterrei begiratuz, museoak ikusiz, herriko bi altxor nagusiak bisitatuz, ordu  atsegin batzuk betetzeko hiria da antzinako gunea. Ganorazkoa izan zena, eta dena. Luzaro turkoen mende egona. Etxe segidako ohiko hiria, etxe eder bikainekoa, kolore argikoa: behe solairuko etxeak eurak ere landu eta dotoretuak ditu. Saltoki eta denda asko eta onak,  xumeak ere ditu, salgai onak aspaldiko erakusleihoetan ere; bada, baita  ere, etxe patio zabalik saltoki bihurtuta.

Bizia, oinezko pila dabil kalean, jende gaztea batez ere, ugaria da autoa.

Museo pila, era guztietako museoak, eraikin eder handietan kokatuak, mamia eta oskola biak aukerakoak.

Eibarko Dos de Mayoko galtzadarria bera erruz darabilte Hungarian, erruz zerabilen ere Eslovenian; txikle zapaldu gutxiago dute hemengoek.

Mezkita. Egitura itzela, bitxia, eliza bihurtuta gaur egun, erabat eraldatua barrutik, bikaina bai meskita bezala bai eliza bezala; erabat pintatuta, batez ere ganga da ikusgarria; joan eta ikusi, merezi du eta.

Katedrala. Joan eta ikusi, hau ere, txundituta uzten du sarreratik bertatik: dena da pintura, erabat, kripta bera ere, gehiegiz ere bai, ez baitago orratza bat jartzeko toki garbirik; dena da irudi, dena marrazki, dena marra koloretsua, baina ikusgarria. Kanpotik ere aparta da, tamainaz, santu-irudiz, arkuz... Badu museoa ere: katedraleko altxorrak daude ikusgai, elizgizonen jantziak, gotzain makulua, ekisaindu, eta antzerakoak, sekulakoak.

 

Pintura zaleak nonbait hungariarrak, eliza oro dago pintatuta.

Elizako fatxadan Szepessy Ignacz, gure garaiko Estepinak Kardinal famatua, brontze bihurtuta katedral aurreko plaza erdian. Pertsegitua izan zela zioten, ez dakit fedea ala pribilegioak defendatzeagatik, elizaren eskubide-boterea galdu nahi ez zituelako; nolanahi izaera sendo eta gogorreko gizakia, ez zen bera ere alferrik buru, agintari eta ahaltsu. Ez dirudi hau santu egiteko asmorik dagoenik, Zagreben Mintzenti bezala.

Bigarren mezkita: xumea baina pottoloa, moinonoa, atsegina, minarete  luze mehe erakargarriarekin: Hungarian desegin ez den minarete bakarra omen.

Turkoen hondakinik ere bada, baina ezer guti.

Industria eta Zerbitzugune zabala du inguruan; bada antzinako fabrika zaharrik ere, benetako erlikia museo gisa gordetzeko altxorra litzakeena.

Komunikabide tantai orratza ere badu mendi-muino baten gainean.

Haize takarrak astinduta eta euripean hasi dugu hiriko bisitaldia, bukatu berriz eguzki epelez bilduta zeru urdinpean, biharko itxaropen berpiztuarekin

 

183 kilometro, erabat bustiak.

 

Dena da kanpai-hotsa arratsean.

Ezin dut izarrik begiztatu gaueko komunera bidean, estalpea baita zuhaitz adar pean kanpina.

 

“Putzu”. Txillardegi:

* “Ez baitago ziri gaiztoagorik ezpal berekoa baino”.  Zuhaitz orotako ezpalak sartu dizkigute jadanik.

 

 

Maiatzaren 23a. Asteartea.  22.a-H:7.a

 

“Katiluaren ipurdia”. Martin Etxeberria:

* “Garirik gabe sortu dut / irina. / Baina ez dut garirik eho”:  Bidaiotan gari guti ehotzen dugun sentipena dut, nolanahi irin leunez oratzen ditugu egunak.

* “Izan hadi / ogi apurreko bidea zeruan, / hegazti migratzaileen itzulerarako”: Aurreko gizarteek eta naturak utzitako apur-bideetan gabiltza bisitari migratzaileok,  itzultzeko irrikaz baina itzuliko ez garen sentipenez gu, apurrok gustagarriak izanik ere.

 

Alboko zuhaitzetatik datozkigu txori-kantuak: agian intxaur basotxoa delako gure kanpina eta txoriek ez dute intxaurrondoa maite, agian ilunegia, zarratuegia, hotzegia eta ospelegia delako. Eguzki beroarekin, sapa orduetan behar du izan atsegina batez ere intxaur-zuhaizti honek.

Esloveniatik Hungariara: ez dugu herrialdez aldatu garenik igartzen, ez diogu Hungariariko berezitasunik nabarmentzen. Hungariarrak ijitotzat izan ditugu beti, izan bada pertsona beltzaranik, baina ez beste edonon baina gehiago.

 

Hegorantz hartu dugu gaur, gorabehera leuneko lurralde uhindua da.

Aireportua, lautada berde zabala besterik ez da, ohizko inolako osagai, dorre, ezta galipotezko pistarik ere gabe, begi bistan behintzat. Pare bat helikoptero eta abioneta zahar bat beste hegazkinik ez dugu ikusi ahal izan.

Oholezko laukiak piloetan tolestuta errepide bazterretan elur-izotzen zain, gaurko ibilbide osoan.

Gasolindegiak: AGIP, AVANTI, ARAL... izen eta konpainia kanpotarrak dira nagusi.

Mendi magal barrenean babes bila bezala, eguteran, lautadaren aurrean, mahastiak, nahiz ez asko; fruta-arbola sail bakanak; galsoroak eta arto-sailak dira nagusi lautadan.

Bi hilerri bata bestearen ondoren: heriotzak berak ere ez ditu biltzen sinesmen ezberdinak.

Herritxoak, antzinako jitea erakusten dute, deigarriak zaizkigu: ez dute ez kalerik ez etorbiderik, aurrez-aurre dauden etxe bakaneko bi ilara da herria; tarte ikaragarri zabala dute bi ilaren artean,  zoru bikeztatu batek zeharkatzen du luzera osoan erdigune hori; zabalgunearen bi ertzetan zuhaitz ilara eta bi erreten sakon;  etxaurre bakoitzeko zubitxo eta ibiek lotzen dituzte erretenon alde biak, erreten kontrako etxe bakoitza.

 

Harkany. Bainu-herria. T baten egitura duten bi kalek osatua, ohiko behe eta lehen solairuko etxez osaturiko etorbide edo etxe ilara zabalak, elkar lotzen dutela une batetan. Txukuna, dotorea, zaindua, handian ere prepeziozkoa, bisitari ugari izanen duen itxurakoa. Zuhaitz tzarrak, kafetegi ugari: zuhaitzpeak, gurditxo eta antzerako osagarriz apainduak. Parke zabal, ederra, bainuetxeetan ohi denez. Dorre ortogonala duen eliza kale-gurutzean, lau santu-irudiko kruzeiroa eliza-aurrean. Zurezko eskultura bitxi bat. Hotela, nola ez. Nola ez ere azoka txikiak, kinkila-dendak, eta antzerako salmahai xumeak esparru zabalean. Herri atsegina, egun batzuk bertan egiteko tentagarria. Gu ez gatzaio gelditu, ez zaigu ezer bertan galdu.

 

Eskultura zaleak dira hungariarrak, herri koskor orok du bat baino gehiago.

 

Siklos. Herri hazia, atsegina, bizia, jende asko dabil kalean eta autobus geltokiko ilarek diotenez jende asko datorkio erosketetara. Gaztelua du bere altxor nagusia: urrutitik ikusgai dager tontor gainean, erraldoi, eraikintzar izugarria, etxetzarra gehiago gaztelua baino gaur egun. Bertaratuz, harresiak diraute inguru osoan, adreiluzko kubo oso bitxia da sarrera, bere zubi eta guzti. Gotorleku sendoa. Askoz geroztikakoa behar du izan harresion gainean, tontorrenean gaur egun, ageri den eraikuntza, gaztelu zaharraren ordez berreraikia antzinako oinarri eta babesez baliatuz: etxetzar karratua, patio erraldoia gordez erdian; bisitari asko du, aparkalekuek diotenez, jubilatu eta eskolaume ugari ditu gaur bisitan etorriak.

Barnea biziki harrotu diguna herriko elizako presbiterioa izan da: Fresko hondakin ikusgarriak ditu, lelotuta egon gatzaie begira. Bada zurezko eserleku landu ederra, baita portuko faroa bailitzan argi gorria erantsi dioten burdinazko sagrario bitxia ere.

Zikoina, tximinia karratu luzearen gainean kokatu du habia.

 

Ze nolako haginkada egin dion mendiari harrobi batek, zauri beldurgarria nabarmentzen zaio.

Bi isurialdeko etxetxoak dira lurralde honetakoak, estuak, baxuak baina luzeak, txabolatxoa dirudite hainbatek, ia atebururaino heltzen zaiela teilategala.

 

Villany. Ospe handikoa omen bertako ardoa. Mahasti gehiago espero genuen; etxetxo eta txabolak daude mahastion artean.

 

Garia horitzen ikusi dugu galsoro batean. Nolanahi guk Hungariatik alde egiten dugunerako artoa ere koskortuta egonen da, mardul-mardula, burutzeko sasoian.

 

Borjad. Zikoina.

 

Bere horretan dirauen herri egitura eta moldeko etxeak, zailtasunik gabeko eraikuntzak.

 

Boly. Atsegina, parke ederrarekin.

 

Herri koskortu orok du aukerako parke zabala, berdegune eta zuhaitz paregabez dotoreak.

Intxusa sastrakek darraie argindar tantai ipurdiak loratzen soro erdietan.

 

Herri-bideetan sartu gara, mapan zuriz ageri direnetan, xumeenetan.

Paisaia ez da inolaz ere aldatu.

 

Nagiynyarad. Teilateria gorri iluna besterik ez zaio ageri, eliza dorre pope jitekoa goiera batean.

 

Ez da inor ageri baratzetan, egon dauden arren baratzak inguru honetan. Hiru pertsona soilik ikusi ditugu gaur baratzean lanean, hirurak adinekoak, emakumeak bi. Aroak badu eraginik agian baratzok inor gabe egoteko, egunetako euria eta gaurko umeltasuna ez baitira egokiak izanen.

Amonatxo bat arto sail batean, bizkar konkor-konkorduna bera, arto ilaren erdian soroari so: gaurko estanpa bitxia. Beti da bitxikeria deigarriren bat, etxe landuagoren bat, putzuren baten tapakia, santokristo ezberdina.... bideari piperra eta gatza emateko, paisaiak ez baitu ezer berririk, geure geurea zaigu jadanik, oso ezaguna.

Ia bakarrak gara errepide berdean. Paregabea da paisaia eta bidaia.

Berotegi bakar batzuk besterik ez dugu ikusi.

 

Debekatuta genuen duela urte guti lurralde hauetan ibiltzea!!!. Francoren denboran debekatuta zegoen hona etortzea, bestalde bertakoek ere ez dute mugarik ireki oraintsu arte. Nolako beldurra dien politikoek ideiei, izua herriek beste herrien berri izateari. Beldurra eta maltzurkeria erakusten du debekuak.

 

Oroitzapen Esparrua. 20 mila hungariar eta poloniar hil zituzten turkoek bataila batean, eskualde honetan. 1526 izan zen. Hildako erdien hezurrak aurkitu zituzten 1975. urtean. Aurkitu hondakin oro leku berean lurperatu dute, oroigarri bat eraiki da bertan; sarrera dotorea du; eraikin batean museoa eta ohizko osagaiak jarri dituzte. Erdigunea da batez ere deigarria: eremu bitxia, berdegune zabalean ehun hesola eta taket erraldoitik gora, irudi ezberdineko zurezko taila beltza bakoitza, bataila bera eta gerrariak gogaraziz. Badira ere  zaldi ilunak  Picassoren Gernika koadroko zaldiaren antza dutenak. Bisitari asko datorkio.

 

Kroaziatik zein Jugoslavia izaniko herriettik ber-bertan gaude.

 

Mohacs.  Herri txikien egitura eta itxura du, baina erraldoia da zabaleran. Hiritzar zapal-zapal bikaina. Ezberdina du erdigunea, etxeak elkarri lotuta daude, oinezkoen kalea ere badu, erabat koloretsua da erdigunea, kolore ezberdin bizi-biziko etxeez osatua. Plaza karratu zabal-zabala, eraikuntza ederrek eta eliza bitxi batek inguratuta. Eliza, gidaliburuak erabat goraipatzen duena: kanpotik harri leuneko berezitasun gabekoa, barrutik baina koloretsu deigarria, pulpitua, aldaretako santu-iruditeria... nabarmentzen zaizkiola: ba omen da XIII. Gizaldiko Amabirjinaren irudia, eliztarren opariz kilo eta erdiko urrez estalia. Danubio, Duna bertakoentzat, zabala, oparoa, beti joanean, erraldoi eta indartsu, paregabea, ontzi batek egiten du zubiaren betekizuna auto eta oinezkoak alde batetik bestera garraiatuz; hiri ber-bertatik doa, baina ez du lotura hertsiegirik hiriarekin, ez dago ez ontzirik, ez ibilbiderik, ez egontokirik; erabat desengainatu nau: Rhin ibaian antzera zama-ontziak espero nituen, mantso ibaian zehar, edo ertzetan lotuta, baina ez da bat bera agertu, bat soilik ikusi dugu, ertz batean lotuta, seguru aski jatetxe bihurtuta.

 

Zanpatzarrak, joareak, ohi dira hiri honetan ere Inauterietan. Isnbruck eta Eslovakian lez. Iturengoak ez dira munduan bakarrak.

 

117 kilometro, arto-sail, galsoro eta etxetxo artean.

 

Arratseko kanpai-hotsa Maiatzeko Loretara deituz.

 

“Putzu”. Txillardegi:

* Lehenik antzinako Donostia ezagutu dut lehen orrialdetan. Orain Nafarroatik barrena, batez ere Lizarratik bidaiatzen ari naiz Putzuren eskutik. Eta gure herriaren historian barrena.

etiketak: Hungaria, Bidaiak 2000
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.