BIDAIAK 2000. HUNGARIA
Maiatzaren 24a. Asteazkena 23.a - 8.a
“Katiluaren ipurdia”. Martin Etxeberria.
* “Itsasbelarrez zamatutako olatua / bezain astiro / doa gure begirada argitzen”. Gainera azaleko bristadaz baino ez gara jabetzen. Ihes egiten digu herri honen arimak.
* “Hitzik gabe idatzi nahi nuke”. Baina ez dut beste lanabes, bide edo ahalmenik nire barrena azaleratzeko, eta bolaluma hartze bakoitzean iruditzen zait “hitz are zimurragoez” ari naizela.
Andre-gizonak izan genituen erabat gure gainean, autoa non utzi eta non ez keinuka adieraz beharraren beharrez aspergarri, haserre itxurako keinuz beharraraziz. Atzo andrea izan nuen niri itsatsia mutur-oker harraskan ur beroaren kanila zabaltzeko debekua adieraziz, ur beroaren bila nora joan aginduz, bidean ura hoztu egiten baita eta gas asko alperrik galtzen. Ez dakit ze debekurekin etorriko zaidan gaur. Begidun triangelu oro ikuslearen begiradapean eta agindupean nagoen sentipena dut, beldurra eta artegatasuna sortzen didan begi eta begiradapean, ez nago eroso kanpin honetan.
Familia baten ekimena denez, emankorregia ez seguru aski, agian beste ogibiderik ez dute eta sosari eta gastuari asko begiratu behar diote.
Hain da intxaurpe gure kanpin hau, ze gaurko eguzki distiratsu eta zeru urdinarekin ere ainube eta ilunpe jarraitzen du.
Ia nongoak garen galdetu digute belgikarrek frantsesez bagenekiela jabetu direnean. Atzo begiratu omen zuten munduko nazio guztien ikurren zerrenda dakarren liburuan baina EH eta ikurrina ez omen zuten aurkitu. Barretxo konplize bota digute: belgikarrek uler dezakete gure arazoa, “independienteak ez oraindik baina euskaldunak gara, ez espainolak”.
HEGO-MENDEBALA
Ustez nahiko motz behar luke gaurko ibilia, Transdanubiako azkenak izanen dira.
Hiri osteko mendiko zulogune edo bailaratxoetan daude gaur ikusi nahi ditugun lakuak. Apal samarra dirudi mendiak baina kilometro luze eta erpinak igo eta jaitsi bera izan ditugu, alde batera zein bestera. Tantai sendoko pagadi ikusgarri ederra: nork esan ez genbiltzala Lekunberritik S. Migelerako tartean.
Hotel, jatetxe eta abarren ingurua dotoretua, hain sarri ikusi ohi ditugun gurdi horietako bat aurkitu dugu aldapan gora enborrez zamatuta, bi zaldi sendok tiratuta, adineko gizon gordina gidari-eserlekuan, eskuan zeraman zartailuaren heldulekuko borla zuri-gorri-berdea nabarmentzen zitzaiolarik, Hungariako banderaren koloreak.
Dozena bat etxatoi holandar gurutzatu ditugu: duela hiru urte sasoi honetan bertan hogeitik gora ziren Eslovakian elkarrekin zebiltzanak kanpinez kanpin.
Orfu. Paraje bikain batean kokatua, lakuak ematen dio oihartzuna: laku berdea inguru ezin berdeagoan. Bi laku ditu, biak hormaz handituak, biak beraz urtegi, turismorako prestatuak, bisitari askoren egonleku, Pecs-ko hiritarren arnasa-leku. Bat da batez ere erabiliena eta prestatuena. 2,5 kilometro luze eta 500 metro zabal, bide-gorriz oinez edo errepidez autoz, bira osoa eman dakioke; oholtzaz betea du ertzeko ur gaina, kanabera artean jarriak, peskarien kokaleku, bakoitza bere jabearen izenarekin, gaur gazte bikoteek hartu dituzte eguzkiaz gozatzeko, laku erdian ere bada peskaririk, txalupatxoetan bakarti; mutur eta atze motzekoak dira peskarien txanelak, azpia zapalekoak, txikiak, dira eta ur azpiko zoruan sakatuz hagaz erabiltzen dira Altzolan Sageruak bezala; hainbat suge ikusi dugu eguzkira ateriak, ur azalean, kanabera kirtenetan edo txalupen lotzeko kateetan, bakarka edo multzoan kiribildurik; Ertz batera mugatuta dago turismo zerbitzugunea, bertan pilatu dira kafetegi, eta gainerako zerbitzuak, igeri egiteko garbitutako gune inguruan; etxetxoak inguru osoan, zuhaitz artean, begiei erasorik egin gabe.
Han-hemenka zaldi-korta eta larrainak, sarriak.
Abaliget. Hurrengo mendi ostean kokatua. Bi lakutxo ditu inguru atseginean, bata bestearengandik ber-bertan. Pedaloiak daude oso txikiak arren, baita kafetegi bat ere. Bisitari ugari datorkio nola ez: gaur bi autobuskada ume etorri dira, lakuek inguru garbia dutenez kontrola errazagoak dira umeok.
Herritxo orotan dago hildakoei oroitarria, borroka izan zen lurraldean bertan edo seme asko joan zen gerrara.
Hetvehely. Maiatza txikitxo ugari, ia etxaurre bakoitzak du berea, zinta zuriz apainduta, jadanik ihartuta; pinua zen bat, beste denak urkiak.
Mahastiak mendi-muino maldan, eguteran.
Bukkosd. Maiatzak, zikoina ere. Hungarian lehenengoz ikusi dugun artajorra, hirukotea ilaran kaska-kaska aitzurrarekin: aro ona da nonbait gaurkoa.
Trena, bailara zapal berdinaren erdi-erdian, inguru berdean urdin, kankailu luzea, tankredo itxura du.
Cserdi. Hogeitik gora bidaiari jaitsi da trenetik, denak erosketa poltsa eskuan: ez da nonbait ganorazko dendarik herritxoan.
Hilerri biluziak, ezuste oraindik gure begientzat.
Bukatu zaizkigu mendi eta bailarak, mugarik gabeko lautadan sartu gara, galsoro eta arto-sail artean, herritxoak zeharkatzen ditugu tarteka. Paisaia ez zaigu jadanik ez berri, ez ziztagarri, ohitu baitgatzaio.
Dela behe solairukoa, dela bi isurialdekoa, herri orok du zabalagoa, sendoagoa, luzeagoa, itxurosoagoa den etxea; ondo-bizi, jauntxo, aberaskilak, beti bizi ohi da etxebizitza erosoagoan, eta herri orotan da ondo-biziagoren bat.
Antzinako granja edo nekazal etxe dirudienak eskuairan jasoak dira, erdian zeru zabalpeko patioa geratzen zaie: erabat hondatuak eta utziak daude tamalez. Putzuak, era guztietako artaburu gordelekuak... baina ez da korridoredun etxerik: agian gaur egun zerbitzugune bilakatu duten teilatupea da kanpinekoak zuen korridorea. Ez da lastozko teilaturik, jatetxe eta saltegi berri erakargarrietan ere.
Kacsola. Zikoina, monotonia hausten digu.
Noizbehinka azal ilun-iluneko, ia beltzeko, gizakiak ikus ahal dira. Ia bi gizaldi egon ziren Hungarian turkoak, ez da harritzekoa arraza nahasketa izatea.
Szigetvar. Gazteluak du fama, baina eliza izan zaigu bitxi, ozta-ozta harrapatu dugu irekita apaiza atea ixtera zihoanean: meskita izana, sarrera eta dorrea itsatsi zizkioten, baina eliza bihurtuta arren meskita estruktura bera gorde du: egitura, leihoak, kupula, kantoietako apaingarriak... eskuak garbitzeko erabili ohi zuten harrizko harraskatxoa da ur bedeinkatu ontzia bera; ganga freskoz dotoretua, dei-deigarria dago. Gaztelua: ez dago tontorrean, lauan baizik, harresiak geratzen zaizkio soilik, adreiluzko sendoak, turkoen garaiko ber-berak omen, orduan bezalatsu; bazuen gotorleku borobil sendoa baina erauzi egin zuten; gaur egun eraikin bat du erdi erdian, turkoen garaikoa, meskita izana: gaur egun museo bihurtu dute, argazki, irudi, gerra tresneria... hungariera soilean daude azalpen denak; Eibarko grabatzaileen aurretik ere izan ziren arma dotoretzen artista bikainik; nabari da egin zela gaztelua baliagarri bihurtzeko ahalegina turismoari begira, baina hondatu samarrak daude ekimeneko hondakinak. 1566. urtean 2.600 lagunek aurre egin omen zioten 90 mila soldadu turkori, 33 egunez egon ziren inguratuta; azkenek bere buruaz beste egin zuten beraiek barruan zirela gotorlekua birrinduz.
Autoko argiak piztea ahazten zaigu noizbehinka: Hungarian ez digu inork pizteko aditzera ematen Eslovenian bezala.
Poliziak izan ditugu lehenengoz errepidean, hauek ere azeri, gordeta zelatari hosto ostean nor harrapatuko bihurrikeriaren batean.
150 floringatik salgai krabelin sorta ederra errepide ertzean.
117 kilometro, Danubiotik honanzko azkenak.
Eguzki eguna izaki, ozen dabil txori-kantua. Belartzan dabilzkiguz biligarroak janari bila. Txakur handi gaizto muturrekoa agertu zaigu errekatxo zulotik zehar plisti-plasta M. Luisa izutuz, hurreratu zait bere konfiantza gutxiko muturrarekin, eseri zait alboan ipurdi gainean eta miazkatu dit ukalondoa lagun bailebil, han izan dut kanpineko ugazabak uxatu duen arte. Baina gaur satorra izan dugu lagun bitxi: harri-txintxarrean ibili zaigu nahiko luze, erdi galduta; nire oinetara bertara hurreratu zait, belartzara; lurra aurkituaz bat muturra lurretan sartu eta hasi da zuloginan, berehala gorde zait harrotzen zuen lur azpian eta jarraitu du lurra jotzen tontortxoa jasoz nire begi harrituen aurrean.
Ilunabarrean kanpai-hotsak, ohi denez.
“Putzu”. Txillardegi. “Apezgoak eman ohi dituen mailak eta mintzakerak, errespetua sortzen zuten bazterretan”. Szepessy Ignnazs (Estepinak) Hungarian, Mintzenti Eslovenian, kasu.
Maiatzaren 25a. Osteguna 24.a - 8.a
“Katiluaren ipurdia”. Martin Etxeberria. “Martinek zu maite zaitu. / Zuk badakizu / nor zaren”. Nork daki nor naizen, agian neuk ere ez.
Kanpin orotan izan dugu tren-hotsa, ozenago edo motelago, hurrago edo urrutiago, baina denetan.
Ia betileak ukituz erori zait txorikumea teilatutik lurrera garbitokira bidean. Hartu egin dut eskuetan, ikara zimikorik ere ez zuen egiten. Oso lumatua zen. Lurrean utzi dut hiltzat. Lasterrera, itzuleran, ikara batean ikusi dut, “hilaurreko ostikadak”, baina hara non hegazkada bizian joan zaidan arrama artera!!!.
Aldaketa eguna. Eguzki dirdiratsu pean utzi dugu gure intxaurrondo azpia.
Danubioaren bestaldeko lurretara joko dugu gaur. Ordoki Handia, Kiskunság, The great Plain, Le Grande Plaine, La Gran Planicie. Tisza ibaiak erdibitzen du. Garai batean harea mugikorrak ziren, gaur egun lurralde jori eta emankorra da egokitze eta ureztatze lanei esker. Lurralde zabala, 47 mila kilometro karratuko zabala. Duela gizaldi bat besterik ez da lurrok ontzen hasi zirela, lursail gazte-gazteak dira beraz.
Errepideak berak erakutsi digu atzean datorrenari lasai begiratzen. Ia aintzat ere ez hartzen, gure joanari eutsiz, ez bizkorrago ez mantsoago, gure abiadan; atzetik datorrenak berak jakinen du nola jokatu, bere legeak ditu errepideak, denontzat berdinak; gure etxatoiarekin lasaiago goazelarik ez dugu zertan ibili atzekoari begira, mantsotuz, bizkortuz edo baztertuz aurreratzea errazteko. Aukera duenean eginen du egin behar duena.
Herenegungo bidea egin dugu Mohacs-eraino, alderantziz gaur. Gora-behera leuneko errepide atsegina, uhindua, lurraldea bera bezala; zorua, berriz, zimurtua, etxatoia dantzari jarriz mantso joan ezik. Ez dabil Balaton inguruan bezainbat auto zaharrik errepidean, ugariak dira, adiz, herri barnean. Errepide lanetako segurtasun neurriak, ohar eta gainerakoak, bidezainen gibelaren arabera daude.
Tantaz-tankako ureztaketa dute fruta-arbolek sail zabaletan: israeldarren asmakizuna ur urriari etekina ateratzeko.
Autobus geltokiak ez dira inondik ere Esloveniakoak bezain bereziak eta zainduak, ezta ere egitura bitxikoak.
Duna altzo-zabal ahaltsuaren albotik egin dugu Bajara bidea, bertan generamala jakinez baina zuhaitz arteko tartetxo batetik tarteka ezik, ikusi gabe.
Lurralde menditsua, sakonak dira orain bailarak eta mendiarteko zuloguneak. Nekazari jabego txikiko lurralde kutsua du, txikiagoak dira lur sailak, ugariagoak baratzak. Izugarrizko mahasti zabalak, ohi denez magaletako eguteretan.
Kanpandorre luze zorrotzak eta ur-biltegiak borobil zuriak egiten dute gorantz teilatu gorri eta zuhaitz berde gainetik.
Hiru ziren gutxienez itxitura bateko astoak, zuriak hirurak.
Bataszek. Teilatu zorrotz bikainez bukatzen den eliza-dorre lerdena da deigarria. Maiatza berriz zintadun txikitxoa, bat bakarra, etxe batean, badu botila bat ere zintzilikatuta: etorkinen bat, herrimin.
Bi gazte autoaren kapota jasota keinu bizian gelditzeko erregutuz: susmo txarra hartu diegu, zergatik guri keinuok, eta ez bertako aurreko kamioari, ezta ere atzeko hungariar autoei.
Porboly. Zikoina bidaia pizgarri. Biltegi edo upategi itxura duten lurpeko gordeleku batzuk, bai herri honetan bai hurrengoan ere.
Betiko osagaiak: etxetxo bakaneko herritxoak, etxeak elkarri loturiko herri koskorrak, putzuak, artaburu biltegiak, etxe osteko oholezko txabolak, korridoredun etxetxoren bat…
Duna, Donau, Danubio ibaia zeharkatu dugu burdinazko zubi luze eta zabal batez, errepidea bera estua eta hesitua bada ere. Ez doa hain zikinez koloretsu, ez da Errumanian ikusi genuen ibaitzar lohi hura, baina ez da ere ibai urdin erromantikoa. Oso gogokoa merkantzia trena bailitzan dozenatik gora gabarratzarren ilara izan da, ibaian behera ertzetik zama-ontziek bultzatuta, Rin ibaiak utzi zidan irudi sarkor haren sentipen antzerakoa.
Baja. Dunaren alboan. Bidegurutze nagusi batean mundu-bola handi bat dago berdegune erdian, munduaren gainean ibiltari bat: noren omenez ote eskultura?. Bidegurutze berean semaforo batek luzaroan eduki gaitu errepidean itsatsita; beste denak hainbat aldiz aldatu dute gorritik berdera, gure bidegurutzekoa, berriz, gorri zirauen: ilarako burua nintzenez aurrera egin dut argi gorri eta guzti, beste denak izan ditut nire ondoren.
Side-car bat: ikusi gabe nuen urteetan.
ORDOKI HANDIA
Lurralde zapala, hondarrezkoa; izugarrizko garitzak, eta arto-sailak, batzuk horituak, arto-sailak batez ere; ekilore-sailen bat, baita kiwi antzerako zenbait zuhaizka sail ere, fruta-arbolak tarteka, guti; mimosa antzerako zuhaitza ere bada tarteka. Zer ote jakin-min utzi gaitu: metro erditik gorako kirtena duen ortuaria, oraindik ireki gabeko tipularen neurri eta jiteko buru berdez bukatzen da, lu-sail zabala betetzen du. Leka oso txikiak dituen mastra sail zabalak: ez dakigu ere zer den. Hiri nagusien inguruan daude ugari fruta-arbolak eta ortu-sailak. Intxusa loratuak dira argindar ipurdiak Ordokian bertan ere. Ureztatuta egonen da lurraldea baina ez dugu ureztatze azpiegitura edo sarerik ikusi.
Ez da inongo mendirik lau haizetara. Ez da itsaso berdea, zuhaitzek ez baitirudite belaontzi-masta. Lurralde laua izanik, errepidea ez da arteza, zuzena; bira eta bira doa, ez dakigu lurrak berak inposatuta, drainatze erretenak behartuta, ala jabetzak errespetatu nahian. Zuhaitzak errepide ertzetan, baso kaskoak hirien bukaeran, makalak eta akaziak gehienak; bada zuhaitz mota bion mintegirik ere.
Oso bakan datoz herriak, nekazal etxe batzuk sail batzuetan, besterik ez dago, bata bestearen inguruan baina ez bestearengandik bertan; soro erdian bakar batzuk zuhaitzek ia borobil osoan estaliak, edo eguzkitik edo auskalo zerengatik gordeak, agian geriza bila besterik gabe. Antzinakoa dirudi zenbait herrik, beste zenbaitek, berriz, nahiko berri itxura dute. Korridoredun etxe bakarren bat ere bada. Eliza-dorre bikainak eta ur biltegi garai zuri-borobilak teilatu ia ikusezinen gainetik, hemen ere. Lau isurialdekoak ez diren etxeek zapala dute teilatu gailurraren erpina zorrotz bukatu ordez, ganbarako leihotxoa babestuz edo. Nekazal etxe bakoitzak du bere artaburu biltegia, batez ere zaharragoak diruditen herriotan.
Tatahaza. Lau bokal eta laurak A.
Errota dirudien harrizko dorretxo konikoa.
Geu bakarrik gara errepidean. Gidaritza lasaia. Zuhaitzez janzten zaigu noizbehinka errepide ertza. Sakonak dira ertzeko erretenak. Tabernaren bat errepide ertzean, noizbehinka: pare bat bidaia osoan. Gasolindegiak ere gutxi dira, errepideko atsedentoki ere badira. Zementu hormatzarreko bunker itxurako bat ia lurpean soro erdian: gerra hondakina ala biltegia?.
Gurpilek zapaldutako trikua, lehenengoa Hungarian. Bi zaldi sendokotek eramaniko lau gurpileko gurdia, gidari-eserlekuan eseritako andre-gizon pare ederra garraiatuz. Granjak: behi laukotea agertu zaigu lehenengo, behi aldra lasterrera, ebaki gabeko latza edo istingatsua dirudien belartza batean. Hara non zikoina, lurralde honetako bakarra, landetxe baten aurreko tantaian.
Hesirik gabeko hilerri biluziak. Lastozko teilatudun nekazal txabolak etxe alboan. Nahiko leuna da trenbide-gurutzeko zorua.
Hiri nagusira helduaz, 20 bat kilometro aurretik, erabat aldatu zaigu paisaia: berotegi txikiko sail zabalak, ugariagoak dira baratzak, baita fruta-arbolak ere, lur landu sailak txikiagoak... autobusa ere badabil, jendea autobus zain dago... autoa ugaritu da...
Poliziak, azeriak lez, erdi gordean, zelatari eta salatari.
Morahalon. Etxe bakaneko herri izugarri luze zabala, kale perpendikular luze-luzeekin; errepidea estutuz babestuta daude zebrabideak ere.
Begi-bistan dugu hiria: errepikagailua, aireportuko dorrea, ur biltegia, eraikitzarren baten dorrea... plater hegalaria dirudien txapel erraldoia arbola ostean denaren gainetik: han behar du hiriak. Tren urdina ere agertu zaigu luze-luzea lautadaren bukaeran arboladi ertzean.
Kanpina. Eskura etorri zaigu, erraz sartu gara. Hotel baten zerbitzugunea da, hiriko sarreran bertan. Harizti eder batean, Etxarrikoa bezala: tantaiak dira hemen haritzak, gazteak. Harea da kanpineko lurra; hareatza mugikor irenslea izanik, infernua behar zuen izan lurralde honek Atila eta ondorengoen garaian, Txori-kanturik ez zaigu falta: zozoa ala biligarroa?, kukuak ere eman digu ongietorria, orain arte bezala belarrietara dugu baita tren-hotsa ere, baita ilunsentian kanpai-hotsa ere.
Jugoslaviako muga-mugan gaude, Errumaniatik ere bertan.
Szeged. Tisza ibaiaren uholdeak erabat hondatu zuen, beraz duela gizaldi bat berrin-berri eraikitako hiria dugu: “Eguzki hiria” deitzen diote, urtean eguzki-egun asko omen dituelako. Hunoen hiriburua bosgarren gizaldian eta hareago; gaurko plaza dagoen toki bertan jarri omen zuen Atilak denda. Hil ere lurralde honetan bertan hil omen zen: kondairak dio Tisza ibaian hondoratu zutela burdina-zilar-urrezko hilkutxa: urak eraman omen zuen eta ez da aurkitu. Honez gain historia luzea du hiriak, gertakizun garrantzitsu asko izan ditu bere baitan.
Tranbia du eta hori bada jatortasun bermea, tranbia hiri baten bizia eta piperra da, ia anima bera.
Ez dago ezer antzinakorik, eliza bakar batek soilik eutsi baitzion uholdeari. Baina hiri aparta da, argi askoko hiria, 50 mila metro karratuko plaza izugarri zabal baten inguruan, Tisza ibaiaren albotxoan. Gustura ibiltzeko hiria, gu behintzat gustura sentitu gara bertan, bisita atsegina gerta zaigu, arratsalde gustagarria egin dugu bertan. Zein baino zein apartagoak etxeak, bikainak, argiak. Kale zabalak, denda kopuru ederra da erdigunea. Jende jatorra biztanlea: hiru pertsona hurreratu zaizkigu laguntasuna eskainiz planoa eskuan nora jo zalantzan ikusi gaituztenean. Plaza asko ditu, zuhaitz eder eta ugarikoak denak.
Katedrala, berria nola ez, izugarria da: horma oro freskoz edertua, erabat osoki, ezin antzik eman pintura onak diren, baina erakargarriak eta deigarriak bai badira; organoa Europako bigarren handiena omen, Milangoaren ondoren: organo emanaldia gerta zaigu bisita, organo-jolea entsegu joaldian baitzegoen egiten zituen errepikapenen arabera. Domo plazak 12 mila metro karratu zabala da, bertan S.Demetrio eliza, XII. gizaldikoa: dorretxo txiki bat besterik ez da, adreiluzko moinoinoa. Sinagoga, aparta, kupula eta aldare ederrez egitaratua, Europa kontinenteko ederrenentzat jotzen dute; kanpotik ere landu bikaina, 48 metroko altuera du kupulak: gerra garaian alemanek hondatu ondoren berritua; Shiller-ek hor du bere oroitarria, baita mila judutar erailek ere; bisitari asko doakio, txanotxoa jarrarazi didate; ezin ahaztu palestinar zapaltzaile eta hiltzaile bilakatu direnik guk miretsi eta defenditu genituen judutarrak!!!. Liburutegia, 500 mila liburutik gora omen ditu.
Ibai ertza ez da batere atsegina, non ibili duen arren. Ibaia bera garbia dator, baina oso zabala izanik ere oso gora egiten duela dirudi uholdeetan.
Eguerdioro zaigu izozkia indarren eusgarri: gozoa da, hamar duroko merkea gainera bola bakoitza.
193 kilometro, Dunatik Tiszara.
Hungariako komun-katiluek laugunetxoa dute erdian, non gelditzen den eginikoa, gureetan bezala zuzenean zuloko uretara erori gabe: urak eramaten du gero zulora eta hodietara. Ez dute bat-batean husten edo askatzen den ura, ura etengabe eta zuzenean dator indartsu giltza zabalduz gero, norberak deritzonean eteten du ur-korrontea.
“Putzu”. Txillardegi. Oraindik karlista asko dugu Euskal Herrian, beltzak ere franko.
Maiatzaren 26a. Ostirala. 25.a-H:9.a
“Katiluaren ipurdia”. Martin Etxeberria.
* “Bidelapur bat nintzen. / Haritz amerikarren basoan / egiten nuen lan./ Bidatiei eta agureei / sosak ehotzen zizkien / errota nintzen”. Atzoko gazte biek bidelapurrak ziren, errepidean egiten zuten lan eta bidazti agureoi ebatsi nahi zizkiguten sosak.
* “Nik ez nuen / idazten ikasi; / izaten ikasi nuen, / sentitzen”. Bidaiatzeak ez dit idazten irakatsi, izaten eta sentitzen agian bai.
Buruko ilea gailu elektrikoarekin egiten ikusi dut auzo dugun gizon kaskamotz gaztea. “Bizarrarekin batera buruko ileak eta kitto” pentsatu dut. Baina hara non ondoren aitzurrez egin duen bizarra, xaboi, brotxa eta parafernalia osoz.
Moskito izurritea dabil zerbitzugune inguruan: lurralde umela edo istingatsua dugu ingurua nonbait.
24 graduko hozberoa dugu goizeko bederatzietarako, bidean gara jadanik, sapa aurretik etxeratu asmoz.
Bi hizkuntzatan daude herri-izen gehienak sarreretan. Kanpotar migratzaile edo etorkin asko omen, bakoitzak bere hizkuntza gorde du, hortik dator izenok bikoiztea. Agian maiatzak ere kanpotarren, etorkinen, ohiturak dira.
“Kontuz” keinu asaldagarriz bazterrerarazi gaitu jeep militarrak: tanketzarra zetorren bi zatiko trailer gainean, tanke gidaria aurreko zatian zihoan bere kasko ezaugarria buruan zuela.
Lautada zapala, urrutiko zuhaitzak ezik, ortziraino ezerk mugarik jartzen ez dion lurraldea. Hala izan da goiz osoko ibilia, ez tontorrik, ez muinorik, ez gora-beherarik.
Feher-to. “Laku zuria”, Naturgunea, 250 hegazti migratzaile mota ezberdinen pausaleku. Landetxe bateran kokatutako zikoina besterik ez dugu ikusi ahal izan. Bisitarientzako behatokia: zurezko dorretxo hala-moduzko ziztrin bat besterik ez da. Lautadan, ur-putzu eta padura sailak dira errepidearen alde biak: hori izanen da “laku zuria”. Ez genuen askorik espero baina belar latz saila besterik ez da izan guretzat, besterik izanen da txorientzat eta gaiaz jantzientzat.
Atzo esanak balio dute gaurko lurraldeari buruz ere. Lastozko txabola izan da agian xehetasun deigarriena.
Landugabeko lurralde istingatsua.
Autoeskola ugari dabil errepidean, auto salmentak badu etorkizuna nonbait.
Petrolio lurraldea da mapak dioenez; ez dugu dingilin-dangala mailu erraldoiko petrolio putzurik ikusi, bai mota ezberdineko eraikuntza ezberdinak zuhaitz artean, petrolio biltegi eta zisterna-merkantziak.
Tisza ibaia zeharkatu dugu, halako zirrara sortarazten didate ibai erraldoiok zama-ontzirik ez badoakio ere. Zikin doa, ur asko dakarrenerako ertz garaietan bildua, urtegi erdi hutsa bailitzan.
Istinga lurraldea, tarteka drainatze betekizunetarako erreten sakonak eta ubideak, Holandakoen antzerakoak.
Sarriak dira Hungarian ere aterpedun langatxoak, herriak zein beste zerbait iragartzeko, Eslovenian antzo.
Bide-gorri asko inguruko herriotan, herritik herrira sarri, galipotezko bide-gorri estu beltz berdegunean, gaurko ibilbide osoan.
Hodmezövasarhelly. 16 hizkiko herri izena, ez da motz gelditzen hau ere. Izenez ez ezik, ezta egituran ere: 55 mila biztanle ditu, zabala, erdi-erdian etxetzarrez osaturiko auzune zabala du, baina antzinakoak ematen dio bere nortasuna. Hiri bizi-bizia, uda giroa da nagusi, jende pila dabil kalean, praka motzetan, jantzi arinez, minigonaz... Ez du ezer berezirik erakusteko baina atsegina gertatu zaigu. Ohiko egitura eta etxetxoez gain, etxe apartak ditu batez ere erdigunean, plaza eder baten inguruan, udaletxea delarik aipagarriena bai tamainaz, bai egituraz, baita dorre lerden garaiagatik ere. Etxe garaiko kale erabat zabalak, arnas handiko herria, lasaia. Plazan 1.050 kiloko kanpaitzarra dago, irudi pitxiekin, 1830 inguruan urtua. Txirrinduak dira deigarriak hirian, Holanda dirudi, zahar eta gazte, baina batez ere nagusiak, ia gehiengoa dabil txirrinduz, txirrinduz datoz erosketetara, txirrindu pila dago udaletxe kontra, txirrindu gehienak zaharrak dira, gehiegi zaindu gabe itxurakoak; bide-gorriak ere ugariak dira, beharko. Estatua eta eskultura ugari, Hungariako herri koskortu gehienetan lez. Herri orok bezala parke ederra du, bertan ikusi dugu bernei eragiteko tramankulu polita: ardatz baten inguruan biratzen duen gurpil zabal handia, bi heldu leku daude bi alboetan, gainean jarri, heldulekuei eutsi eta ibili.
Ez gara damutu joanaz.
Buztingintzatik omen ezaguna eta ospetsua hiria, 400 zeramistatik gora omen ziren XIX. gizaldian. Gaur ez dugu ikusi ere zeramika arrastorik, zeramika fabrika izan daitezken bi lantegi herritik kanpo soilik; herrian bertan ez dugu zeramikazko ezer aurkitu dendetan; eliza aurrean, zeramikazko eskultura tantaia gure ustez zeramistaren tornua adierazi nahi duena, eta bigarren eskultura polit bat. Besterik ez
Eibarko SOLAC-en iragarpena aurkitu dugu ferreteria batean.
28 graduko hozberoa genuen errepideratzerakoan.
Ez dugu santokristorik ikusi goiz osoan, atzo ere ez.
Padura asko da herri bueltan, aurrerago belartza ikaragarriak, amaierarik gabekoak; lehortzen edo fardo borobiletan handietan bilduta belarra, ia burua helduta horitzen beste zenbait sail. Pare bat gurdi gurutzatu ditugu, lau gurpilekoak, biak zaldiz eroanak, belar-bola erraldoiz zamatuta biak, izugarrizko zama zabal garai hartuz, ertzean joanda ere ia errepide osoa hartzen zutelarik, autoak errepidetik atera eta gelditzera behartuz: ezereztxoak ziruditen bi gidariek eserlekuan, zama erraldoipean.
Galsoro eta arto-sailak etorri dira gero, ekilore sailak ere: agure bat aitzur txiki batekin zailtzen zen jorran ekilore sail zabal-zabalean, nanotxoa lurralde erraldoian: geldiegonezinen bat. Gureetako belar-meta bat ikusi dugu etxe baten alboan. Izanda gurdi bat zaldi bakarrak eroana, geldi etxaurre batean, baina bi zaldirentzat hagak zituena: zaldikumea zeukan alboan zaldiak, agian errapetik egin zezan gelditu dira etxaurrean. Behi batzuk: ohi denez istinga antzerako belartza kaskar latz itxurako batean. Bi ur-parrastada luze lurra ureztatzen urruti batean, orain arteko lehenak.
Ez dago ia herririk, bakarren bat errepide ertzean, bat bera ere ez lautadan.
Benetan da ordoki eskerga lurralde hau.
Egoera, bitxikeria eta ezusteko ugari gertatzen edo agertzen zaigu errepidean, argazkietan grabatu ezin dituguna, geratzerik ez dugulako zenbaitetan, pertsonei errespetuz gehienetan, baita bat bateko ezuste iheskorra delako ere: bidaiak bere legeak ditu beti.
Makó. Errumaniako muga-mugan. Herri zapala, kale luzeko zabala, kale perpendikular luze berdinak errepidea den kale nagusian bukatuz: etxe bakoitzak behar du izan nekazal-etxe, patioek adierazten dutenez. Ez du erdigunerik, etxe bakaneko kale luzeak trabeska, ez da besterik. Eliza zuri-zuria. Baina badu izozkia.
Perretxikoa laboratzen omen da Makón, baina guk ez dugu perretxikorik aurkitu salgai dendetan.
38 graduko hozberoa.
Maros ibaia zeharkatu dugu, zabala eta ederra berau ere.
Klarafalva. Eliza-fatxadako gandorra kanpai-horma izanen zen, kanpai-zulo edo kanpairik izan balu, kanpandorre zapal triangelatua. Dorrerik gabe eliza berau, orain arteko bakarra.
Izozki asko jaten da Hungarian, edozein herri txikitxok du izozki denda, jende asko ikusi daiteke kalean izozki zurgatzen.
Badabil Errumaniako auto bakarren bat, ipurloka arriskutsu bizkorra nahi duena bera.
Pare bat katu autoek akabatuta: bakarrak.
122 kilometro, erabat lauak lurralde zapalean.
Ikasle koadrila dugu kanpineko etxoletan.
Txakurtzar beltz bana dute kanpineko zaintzaileek, txanda aldaketan biak dabiltza inguruan.
M. Luisa eta biok bakarrik egon gara luzaro kanpinean, isiltasun harrigarriz bilduta, sinetsi ezina da txorien kontzertua: bata besteari deika, soinu bera errepika eta errepika. Soinuok kokatu, elkarrizketak jarraitu, hori izan da arratsalde-jolasa aldi batez.
“Putzu”. Txillardegi. “Baionako kaleetan deserritu mordoa zebilen”. Gu deserrian gabiltza baina ez gara deserrituak.
Maiatzaren 27a. Larunbata. 26.a-H:10.a
“Katiluaren ipurdia”. Martin Etxeberria.
* “Bizitza dago argalegia. / Argalegia / txorakeriaz / eta gizena / txoroez. / Bizitza. / Beti haurdun / bezala, / inoiz erditu gabe”. Bidaiatzea ere bizitza da, bizitzarekin topo egitea, bizitza era ezberdinetan aurkitzea. Bidaia beti dago haurdun eta erditzen.
Txori-txioz mukuru dago egun osoan kanpina.
Hungariar bikotea eta semetxoa ditugu auzo. Gure eremutik argindar kablea pasa izanaz desenkusatzera hurreratu zaigu: Hungarieraz bera eta ni euskaraz, keinu unibertsalez komunikatu gara.
Harrera bulegoan italiar eledun pizpirinak esan dio irribarretsu bere lankideari “baschi”. Nik berriz, “no españoles”. “No españoles” berresan du berak orduan. Ondoren erretolika bizian jardun du gutaz bere lagunarekin. Bere iritziak iritzi, badaki behintzat badela euskaldunik munduan. “Agur” errepikatuz eman dit despedida.
Ordokiaren ertzeraino goaz gure etxatoiarekin, Ekira, Ukrainako mugatik nahiko gertura, Chernobiletik ere ez urrutira.
Zortzietan ginen abian, goiz, luzea da gaurko bidea, eguna ere beroa dator, 24 graduko hozberoa genuen atera garenean.
Ez da aldatu lurraldea, zapal-zapala darrai. Debrecen-era hogei kilometro falta zirela izan dugu muino antzerako arboladi goranzko leuna. Sarriak dira istingak, gorago eta ugariagoak, ibaiak lubeta garaiz babestuak daude, uren isurketak tutuz kontrolatuak, ibaia hazten denean husteko edo erreten sakonen bidez lurraldea ureztatzeko: ugariak dira ubide sakonok, batez ere Debrecen aurreko 30 kilometroetan: ez dakigu drainatzekoak diren ala ureztatzeko teknika den.
Zeharkatu egiten ditu herriak errepideak, nahiz ez beti erdi-erditik. Azal zuriko jende asko dago, baita hile argikoa ere, baina ugariak dira ere beltzaranak, turko edo indiar aurpegierakoak. Oso bakanak dira herriok, jadanik ohikoa zaigun jitekoak: zabalak eta zapalak, zuhaitz artean gordeak, kanpai-dorre zorrotzek eta ur-biltegi borobilek urrutitik iragarriak; etxe bakaneko kale luze zabalak, errepidea den kale nagusia dutela ardatz; etxe elkarri josiak eta etxe-koadro berriak herri koskortuetan; teilatu erpineko etxeak dira, bi isurialdekoak, laukorik dagoen arren, oso guti dira hemen teilatu gailurra motzean bukatzen zaienak; plaza edo parkea, bide-gorria, bizikleta ugari; badira fatxadako triangelua oholezkoa duten etxeak; oso sarriak dira gurdiak herri inguruetan, beti bi zaldi txaparrek garraiatuta; izan da bidaiariak garraiatzeko bi gurpil mehe handiko gurdia ere, polita, horia, gidaria zihoan gidari-eserlekuan, atzeko aulki luzean beste bat, biak kontu kontari, biak aitonak; ohiko dendateria herri koskortuetan; herri bakoitzak bere zikoina, istingaren hurbiltasunak eragiten du zikoniaaren kopurua: zenbait herritan burdinazko sare borobila jarri die zementuzko tantai puntetan habien kokagunea errazteko; ez da saltoki erraldoirik: saltokietako izen ezagun bakarra SPAR, ez dira saltoki handiak baina herri orotan dago: itxi egiten dute larunbat arratsaldez; ez da industria-gunerik.
Familia osoa aurreratu dugu: bizikletaz zihoazen, herritar xume-xumeak, egun-pasa itxuran, aitak etxeko txikiena zeraman atzeko parrillan.
Herritik herrirako tartean nekazal etxeak, bakan, solte, granja besterik ez dira sarri: inguruan txabolateria, artaburu biltegia, lastozko teilaturen bat; nahiko utziak daude etxe-bueltak, narrasak. Garitzak, arto-sailak, tarteka ekiloreak; mahasti bakarren bat, fruta-arbolak tarteka, berotegiak herri handien inguruetan: ia helduta dago garia, hori-horia, hainbat galsorotan, baina heldu puntuko horitasunik gabe oraindik. Iragarria dagoen arren ez dugu piperrik ikusi. Zenbait behi ikusi dugu: bi behi aldra granjetan, baina batez ere behi bakarra edo bikotea, lotuta soro edo bide ertzeko belartza estuetan. Bi zaldi-korta eta larrain. Ugariak dira txerri-granjak, inguruko kiratsak adierazten duenez; azkonarra gurutzatu zaigu aurre-aurretxoan errepidean, ikusgarria bere buztan luzearekin, errepidez bestaldeko bisitaren batera. Hilea moztutako ardi taldetxoa, artaldere ere eltzen ez zena, pila-pilatuta itxidura batean. Zikoinaz gain, hegazti harrapari gutxi. Pare bat animalia hildako errepidean. Txinatar kapeluaz estalitako adreiluzko dorre konikoa: Gaztelan haize-errota izanen zen, hemen ez dakigu zer den. Haize eraginez biratuz ura ateratzeko ohiko tramankuludun putzua. Zuhaitz asko dago, errepide eta soro ertzeko erretenetakoak dira, nolabait muga eta geriza: bada tarteka baso-kaskoren bat. Intxusa loratuak darraite argindar tantai ipurdietan.
Artez gunerik ia ez da errepidean, lurraldea laua izan arren; trenbidea, ordez, artez-artez doa. Gaur lehen aldiz, aditzera eman digute argiak pizteko, keinua eginez. Herri koskortuetan errepidea oztopo estuez babesten dute zebrabidea: zebrabideetan autoari uzten dio bidea oinezkoak, autoa bera geratzen bazaie ere, amona zaharren batek eskertu egingo dizu bidea utzi izana, adinagatik delakoan gehiago oinezko bezala dagokion eskubidea errespetatzeagatik baino. Auto zahar ugari herrietan. Trena zein autobusa, ugari dabil: badirudi zerbitzu publikoa erabili egiten dela oraindik. Kamioi gutxi dabil, bertako bi zatiko edo osagaiko batzuk eta trailer handiren bat besterik ez. Sidekarra: bigarrena. Uzta-makina ugari dabil, batez ere errepidean, galsoroetara edo galsoroetatik. Ez da iragarkirik errepide ertzetan, herri hasien sarreran, zerbitzugune eta industrialdetan soilik daude bakar batzuk. Horrek gogarazi digu gureetan ere desagertu egin direla errepideetatik. Bada nonbait debeku orokorren bat.
Esku-telefono guti ikusten da oraindik. Laster hasiko dira marka indartsuak merkatuaz jabetu nahian; jadanik hazia izanen da lehia, eskupekoz eta azpikeriaz bidea urratuz; politiko bati baino gehiagori berotuko zaio eskua eta gizenduko poltsa.
Oroshazak. BBVren dorrea dirudiena du. Mendebaleko etxe handi zatarreko kalea besterik ez da guk zeharkatu dugun alderdia.
Bekescsaba. Administrari barruti propioa du. Plater hegalariaren taxuko zilindro mehe luzea, parabolikoz betea, gailentzen zaio, agian inguru osorako telebista seinalea bildu-banatzen da bertatik, beraz garaia behar du izan tantaia urrutira heldu nahi bada. Zabala du zerbitzugunea.
Oso ilunak dira inguruko lurrak: berez dira halakoak edo urteetan simaurtuak izan direlako dira ilunak. Berez harea gorrizka dirudi dela lurra.
Ur-biltegi bolek iragartzen dute urrutira herria, bestela herririk zenik ere ez genuen jakingo: ez ote elizarik herriotan, ala kanpandorrerik gabeko elizak dira?.
Zubipean suertatu gatzaizkio trenari une batez.
Koadrilatxoa artajorran tarteka.
Praka motxetan dabil gazte jendea, emakumezkoa ere, bada gerritik gora gorri dabilen gizakirik ere: janzkera ohitura berdindu da Europa osoan, bizimoldeak eta pentsaerak ez oraindik, zorionez. Ez dut gogoko mendebaleko kontsumo biziera uniformea.
Soro bazterrak segaz garbitzen dabil nekazari bat: segak heldulekua du kirten buruan ere, erdikoa, aldiz, txikia da, ez Esloveniako luzea.
Lore sortak errepide ertzetan: goizaldean gazteren bat joan zeneko oroigarria ote hemen ere. Asteburuko gaupasetan ere homologatua ote gaztedia Euskal Herriarekin!.
Zementuzko arruntak dira herrietako argitantaiak: nabarmen doakie kanpotik hariteria. Laster hasiko dira lurra apurtzen argindarra bideratzeko, gero gasarentzako, ondoren telefonorako... egin eta desegin, Europako penelope politika.
Koros ibaia zeharkatu dugu, zabal doa.
Errepikakorra bilakatu zaigu bidaia jadanik, dena zaigu antzerakoa, nekagarria eta aspergarria ere bai azkenerako.
Langa du trenbide-gurutze batek, beste batean lurreko zimurdura edo irtentxoz oztopatzen dute abiadura.
Tximinia gainean egin dute habia pare bat zikoinek; herri batean bakoitza bere argi-farol gainean daude bi zikoina, zut harroxko eta bakarti, habiatik bota balituzte lez.
Tarteka gizon bat bizikletan, aitzur kirtena darama antena bailitzan.
Europarrak dira gasolindegiko komunak, zuzenean zulora egitekoak eta ur-biltegitxoa dutenak.
ANGELA HOTEL, herri batean: piper-pote handia du sarreran. Bada espainiar abertzaleren bat bertan.
4 motozale: bada hemen ere asteburuan errepidera ateratzen den motodunik.
Uzta-makina, traktore, herri zeharkatze, ... mantso joan da gaur bidaia.
30 gradutik gorako hozberoa eguerdian, kanpinera heldu garenean.
Kanpina. Harizti batean hau ere, haritz sendo artean, Etxarrikoa antzo. Ederra izana, hondatuxea dager, bristada erakargarri hori falta zaio. Izan zen seguru aski Europara ireki nahiak bultzatutako politikagintza, europarrak erakarri nahiz Europara leihoak ireki nahi izan zituena. Agian ondorengo politikoek beste nonbaitetik jo dute, aurrekoen plangintzak antzutuz eta diruak alferrik xahutuz. Hemen dago beraz kanpin hau, gero eta kolorgetuago. Baina hor dago: parke-gune batean kokatua; txori-kantuz bildutako isiltasuna nagusitzen zaio. Erruz dabil jendea inguruetan arratsalde-pasa, bikoteak zein familiak, edonongo asteburuko pobreen giro alai zaratatsuan.
Italieraz egiten du harrerako mutilak hemen ere: italiar etorkinen semeak...; eskolan italiera ikasiak izateko solteegi egiten dutela deritzot.
Debrecen. Madril antzerako munstrotzarra dirudi urrutitik, hala da izan bertatik ere. Erraldoi moderno zatarra. Tranbiak ematen dio gatz eta poz apur bat. Baina baditu eraikin ederrak, baita lehengo kaletxo eta etxetxoak, denak eraikin berri handiekin nahastuak. Kalbinista herria, Erreformaren ardatza izan zen bere garaian. Gaur erabat hila dago hiria, denda eta saltegiak itxiak: jendetsua behar du izan astegunez. Ez dabil bizikletarik, ez dago bide-gorririk, ezta auzoetan ere, handiegia da horrelako xehetasunetarako, nahikoa izan dute etxetzar sailak jasotzearekin. Agian arriskutsuegia deritzote bizikletari hainbeste tranbia eta autori aurre egiteko.
Erdiko kale nagusira mugatzen zaio interesgunea. Eliza handia-Templu Handia: politika ekintza erabakigarriak jokatu ziren eliza honetan, Hausburg-tarrak boteretik botatzea besteen beste; horixka kanpotik, gurutze egiturako handia da barrutik; ederra, austeroa, apainduriarik gabekoa, zutabe borobilek ematen diote edertasun jitea; hitzaren kokagunea, pulpitua litzakeena, nabarmentzen zaio bere ingurua bankuteria delarik zabalera osoan; 3 mila tututik gora omen ditu organoak, eta 5 tonatik gora kilo kanpai batek. Bigarren eliza protestante bat ere ikusi dugu, dena zen bankuteria hemen ere, pulpitua zelarik kokagune nagusi eta deigarriena. Sta. Ana eliza katolikoa, gangetan freskoak dituen barrokoa, besterik ez. Ikastetxe erreformatua, fatxada ederraz gain 300 mila liburu dituen liburutegiaren jabe da.
Ezkontza eguna gaur Debrecen. Eliza guztietan eten gabekoa zen ezkontza, bata bestearen ostean, koadrila bakoitza aurrekoa noiz irtengo zain. Ezkontza bakoitzak bere arduraduna edo antolatzailea du, Hungariako hiru koloreko zinta pila darama paparrean, batek elizara bodakideekin sartzeko konbita egin digu arren eta arren. Bi ezkontzakoek autobusean alde egin dute eliza aurretik, bi zatikako hiri autobus horietako handia zen autobus bata. Beste ezkontza batekoak, autoak utzi ondoren kalez kale joan dira elizara erreskada luzean ezkongai biak aurrean zirela.
35 graduko bero saparen mende ikusi dugu hiria. Gehiegitxo gustura ibiltzeko.
Hanka-oker sartu gara hirian, hanka-oker bukatu ere, zaila da sarri pauso okerrak zuzentzea. Bete-betean jo dugu bila genbiltzan kanpinera; bertara bide negargarri hondatua egin ondoren, itxita, utzia eta hondatua aurkitu dugu. Erabat nahastu gaitu honek, gure bidetik aldrebestu, baina azkenez bideratu gara kanpin berrira. Hiritik ateratzerakoan nahastu egin zait niri hiriko eskema, batetik bestera joz ibili gara, tranbien karrilek argitu didate azkenez buruan nekarren planoa eta ikasi ditugu kanpinerako nondik norakoak.
261 kilometro, Ordoki Nagusiko ia ertzerainokoak, gehi hirian nahastuta egindakoak.
Ume koadrila dugu auzo, bihurriak dirudite, herri eskolako peto petoak. Silbotedun nagusia da maisua, ez dirudi umeekin askorik nahasten denik, ezinekoa zaiola dirudi umeen bizitasuna, eserita ikusten dut umeei so: poztu naiz behar zen garaian maisutzatik alde eginaz. Maistra ere nagusia da, herrena gainera, neskatilak beraien kontu dabiltza. Bada kanpinean gauean su inguruko jaitxoa egiteko kokagune aproposa, baina ez dute erabili.
Futbol zelaia dago kanpin inguru hurrean: izugarria izan dira bertatik iskanbila, ahots hotsa, marmarioa eta oihuak. Ondoren txori kanta izan dugu bakardadeko lagun. Bada bezeroa kanpinean, baina ez da inolako hotsik entzuten, umeek ere alde egin baitute.
Guraso talde batek bi etxola alokatu dituzte astebururako: hor dabiltza denak, guraso eta ume, koadrilan, jolas eta jan arratsalde osoan.
Hamarrak artekoa izan da musika kanpineko jantokian gauez. Geroago abesti hotsak zetozkigun nonbaitetik: gaupasa zaleak hungariarrak ere asteburuan
Umeak, txoriak, kanpai-hotsak, tren zarata... Hungariako kanpinetako soinua.
Biligarroarena ala zozoarena da kantu hotsa?. Etsi diot. Biak dabiltza ibili belartzan, abestiak ere bienak izanen dira, baina ez dakit bereizten.
Lagun dugu burubeltza ere.
“Putzu”. Txillardegi.
* “Zerk bultzatu ote zituen... eta beste ehun mila ehun mila euskal herritan, bizia behin eta berriz emateraino?. Zerk funtzatu zituen... indar harrigarriak?. Oraindik ez dakit”. Nafarroak eta Euskal Herri osoak sinesten zuten karlismoan. Eta sakoneko sinesmenak dirau gaur egun.