Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 2000 - HUNGARIA

BIDAIAK 2000 - HUNGARIA

Jon Etxabe 2022/01/17 10:20
BALATON HEGO - EKIA: Sagvar, BALATON IPARRALDEA: Sumeg, Tapolca, Szigliget.

Maiatzaren 20a. Larunbata. 19.a-H:4.-a

 

“Antologia”. Bandeira – Sarrio:

* “Zu ez zinen hil: alde egin zenuen. - Voce nao morreu: ausentouse. ... . ”Bizitza bat eta bakarra da. Zureak iraun egiten du / Zeuk bizi izan zenuen bizitzan – A vida e uma so. A sua continua. / Na vida que voc viveu”. Naturaren, kosmosaren, zati garelako, hilkorrak gara, eternalak, betirako iraunkorrak: zaharron bizipoza.

* “Poema, arropetako lohidura lakoa izan behar du: / Irakurle bere buruarekin pozik dagoena etsi araztea. / Badakit poesia goizeko ihintza ere badela. – O poema debe ser como a nodoa no binu: / Fazen o leitor satisfeito de si dar o desespero. / Sei que a poesia e tanben olbalho”.  Bidaia-goizetako ihintza zait poesia, baita eztena edo arantza ere.

 

Alemanera ikasiko genuke kanpinean hizkuntzarik ikastekotan. Zerbait galdetzen diogun hungariar orok daki alemanera, gehienak ingelesa ere.

Bere flotagailutxoa besapean hartuta doa putzu berora kanpin-kide gehiena, hezurrak berotu, erreuma uxatu eta junturak lijertu asmoz.

 

 

BALATON HEGO-EKIA

 

 Padura, zuhaitzak, herritxoak... ez da laku inguruko paisaia eta egitura aldatu. Bertan egonik ez dugu tarteka ez bada lakurik ikusi ahal izan gaur ere. Tontortxoa harrotzen den unean barreiatzen dira magalean etxeak. zuhaitz artean jaiotako perretxikoak  lez, ipuinetako gnomoen perretxiko burugorriak bailira. Zuhaitz askoko lurraldea: urkiak, intxaurrondoak, ametzak, haltzak, ezkiak, fruta-arbolak ... Hala izan zen atzokoa ere. Ermea izaten darrai intxusak. Errepide ertzeko makal sendo garaiak lagun izanen ditugu bide osoan, orratz digante  luzeak dirudite lautadan, tantai berde bertikalak, ilunak berdegune argian, espata zorrotzak zeru lainotsua zulatuz. Ugaria da mimosa, ikusgarri horia egon behar du inguruak neguan.

Laku osoa inguratzen du trenbideak: zimurtu egin dute errepide zorua gurutzadura aurreetan gidaria motelarazteko: hemen ere ez dira fida gidariaren sen eta zentzuz. Sarria da trena, txirrinduak eramateko bagoi berezia du.

Herritxo orok du harriz edo espaloiz txukundutako laku ertz garbia. Badira tutu gainean jarritako eserleku garai estuak laku erdirantz, lakura begira, egonleku edo sorosleen begiratoki;  badira lakuan barneratzen diren pasabideak, txalupen atrakaleku seguru aski. Ez da laku ertzeko ibilbiderik, bai ordea barrualdeko bide-gorria, lakutik gertu herriz-herri joatea ahalbideratzen duena zuhaitz arteko etorbide apartekoan. Ugariak dira parkeak, zainduak, zabalak, ederrak, egoteko berdegune apartak laku gaineko garbigunetan.

Monotonoa da bidaia, ez da aspergarria, bai errepikakorra, berdintsua, antzerakoa, lakurik gabekoa, batez ere lakua amets dugunontzat.

Ez da mendirik alde honetan, lakutik Hegorantz hasten da Hungariako lautada.

Ez da herria zeharkatzeko abiadura mugarik, ez abiadura debekurik errepide ertzetan, buruz dakite abiaduraren  norainokoa edo ez da behar debeku ikurrik kontuz gidatzen dutelako.

Ehundik gorako behigorri aldra padura-itxurako belartza zabalean, burumakur belar hasian bururik ikusten ez zaiela, muturra azpiraino sartuta belar bigunagoren bila: belar latza dirudi zelai istingatsukoak, ebaki ere egiten ez dutena.

Meloi eskaintza handia dago errepide bazterretan: inguruko nekazaria izanen dena mahaitxo baten atzean.

Kriston zuhaitz sendoak bota dituzte herri batean, errepide bazterra eta etxeen arteko ilara luze osoa: ipurdi biluzi zabalok desegin eta estaltzen ari dira, lotsatuta bezala egin duten astakeriagatik; alkateren batek izan du hemen ere burutapen argiren bat, agian Diputazio edo Gobernuko ingeniari batek.

Maiatza bakarra ikusi dugu, baina bera bitxia: izei erraldoia, azal zein adar oro dago guztiz idortua, iluna, urte askokoa dirudiena, zinta piloa zintzilik adar sendoetatik: aleman udatiarren nostalgikoen ekimena seguru aski.

Presente daude alemanak bere autoko D ezaugarriarekin, baita italiarrak ere pizzeriekin, Osaba Samek erakusten du bere beso luzea Mc. Donalen bidez, frantsesek berriz bidegurutzeko borobilekin nabarmentzen dute bere eragina.

 

Balatonszarszo. Bainu-herri dottorea laku ertzean, baina kinkila-dendak nagusitzen zaizkio. Eskultura deigarria parkean: tren-makinaren gurpil, biela eta burdin multzoa harritzarra txapel duela.

 

Balatonföldvar. Aurrekoa baino dotoreagoa oraindik, dena du zainduagoa eta ederragoa.

 

Siofok. Dena du zabalagoa, handiagoa eta ugariagoa; kinkila-dendez gain bestelako dendak ere ugari ditu, badu portutxoa, baita bisitari ugari ere.

 

Egun-pasa, arratsalde-pasa edo goiz-pasa joateko aukerako herriak.

Adinekoak dira aparkaleku zaintzaileak, begi zolikoak, ez dute errukirik zepoa jartzeko  ordaindutako ordutik luzatzen denari.

Atzoko eguraldia dugu: orduetako euri zaparrada eguerdian, arratsalde erdian atertuz. Lakutik hegoalderako bidaia zapuztu zaigu.

 

Sagvar. Euripean ikusi dugu, gozatu ezinik. Gidaliburuaren arabera herri hungariar-hungariarra, petoa, jatorra. Bitxia da izan, ezberdina behintzat. Kilometro erditik gorako kalea. Osagai berdinak aurkituko baditugu ere hurrengo herritxo denetan, ez hemen bezain ugari. Korridorea litzake bitxikeria edo osagai jatorra: sarrera dagoen aldean, etxearen luzera osoan luzatzen den teilategal zabaleko aterpea, zurezko habe eta arkuek eusten diotela; antzerakoak izanik, ezberdina da bakoitza. Galipotezko bide zabala erdian, erreten sakon sakonak alboetan, bide-gorri zabala gero, hesia eta  azkenik etxeak: oso zabala gauzatzen da kalea. Oso bakan daude etxeak, bakoitzak du etxe-bueltan bere lur-saila, bere ur-putzua gehienetan hondatu samarra eta latorri erdi herdoilduz estalia, txabolatxoak, oilategiak, oholezko lehortegi edo biltegi ilun zirrikitudunak, askok ere lurpeko soto edo upategiak lur multzo luze garai zabalez estaliak, tximinia antzerakoa arnasbide.

Nahiko herri pobrea dirudi, nekazari-nekazaria, zaindu gabekoa, etxe-buelta erdi utzia, bizitzearekin nahikoa dutela dirudiena, bizitzeko gogorik ez daukanaren jitekoa, tristea; eliza inguruko erdigunea dago zainduagoa: zuhaitz lerdeneko inguru zabal zaindua. Bi eliza: dorre zorrotzekoa bata, dorre borobilekoa bestea.

 

Bi zaldik tiratutako lau gurpileko gurdia, gizakume nagusi bat zela gidari. Bitxia egin zaigu lehenengoz: gehiago ikusi ditugu geroago, ohizkoak dira gurdiok. Izan da bat toldoz estalia, turistak garraiatzeko aulkiekin, txu-txu trenaren ordezkoak.

 

Som. Bi eliza ditu, batak aldare eta gotzain-aulkiak omen ditu ikustekoak:  labirinto desatsegina gertatu zaigu elizara bidea begi bistan genuen arren; bigarren elizatxoaren oholezko dorreari argazki batzuk atereaz etsi behar izan dugu elizoi bisita.

 

Tab. Espero ez genuen herri koskortua; lantegiak ditu, agirikoa da diru gehiago dabilela herrian: handi samarrak dira etxeak, zainduagoak, argiagoak, pintatu berriagoak; diruak eragiten du erabat herriaren jitea. Eliza ikusi nahi genuen, barroko interesgarria nonbait, baina gogogabetu egin gaitu  euripeak.

 

Andocs. Mapan ez dugu aurkitzen, baina hemen dago: dorre borobileko elizatzarra monasterioa izan behar duen eraikintzarrari itsatsia.

 

Karad.  Korridoredun etxe oso berezia: deigarria, hain zen landua.

 

Visz. Korridoredun etxe ederra bertan ere.

 

Mahasti izugarri zabalak laku alderantz, erabat hartuz lurralde uhindua. Tarteka hesola ilara jarri berriak, mahatsondoz jantziak edo mahatsondoak noiz landatuko zain: emankorra da agian mahatsa lurralde honetan.

Galsoroak, artasoroak eta bi ekilore sail zabalak:  nekazari lurrotako uzta. Fruta-arbola sail bakarren bat.

Peskari ugari lakura doan ibaitxoaren alboetan.

Kataki, enara, pila, galipot gain-gainetik errepidea batera eta bestera zeharkatuz ziztu bizian arbola azpiko tarte luzean: intsektu  asko da nonbait errepideko bustiak erakarrita, agian zuhaitzetatik eroriak.

 

Beltz dager lakuaren bestaldeko mendiak, multzo erraldoi iluna besterik ez da gaur atzo etxetxoz argitutako berdegunea zena.

 

216 kilometro, euripean.

 

Bisita izan dute aurreko alemanek, afaldu ere elkarrekin egin dute etxatoian bertan ahopean kantari eta berbatsu. Nahiko berandura arte sumatu ditut alde egiten.

 

“Putzu”. Txillardegi: 

* “ojalateroak”  ez dira desagertu Euskal Herrian, bidaia behinik behin mamitzen dugun zerbait da.

 

 

Maiatzaren 21a. Igandea.  20.a-H:5.a

 

“Antologia”. Bandeira – Sarrio:

* Batasunaren une iheskorrean. – No momento fugaz da unidade”. Ia hilabete da ez dugula ez telebista ez egunkaririk, ia ezta Euskal Herriko berririk ere. Abertzale batasunaren pitzadura zabaltzen ote, zubirik  altxa ote ... erreferentzia xumeenak darama sarri bidaiariaren gogoeta bere herrirantz.

* “Ene (gure) anima itzultzen / oso urrundik itzultzen / Itzultzen. / Bat-batean ene (Gure) baitara bortxaz sartzeko eta ene (gure)barrua astintzeko”. Zaila zaio bidaiariari herri baten arimaz jabetzea.

* “paisaia lasaiko zuhaitzok / ... altuak, ze marginalak. – Arvores da paisagem calma / ... altas, táo marginais”. Hungariako tantaiak, altuak, baina ez marjinalak, paisaiako indar goranzkorrak baizik, lur zapala harrotuz.

 

Mokoka hurreratu zaigu gure aurre-aurretxora biligarro kantorea, kantu bakartiari ekin dio geroxeago zuhaitz adarretan. Txuarra, txolarrea, bezain lotsagabe eta ausarta izan ditut burubeltzak alboan ezin hurrago, jarlekupean sartzeraino, janari hondar edo zomorroren baten bila.

Ardo botila handia zen gaur zakarrontzian: atzoko gaueko auzokoen hitz-jarioaren iturria.

 

Lurrun bizian datza putzu edo laku termala; atea noiz irekiko zain nagusi taldetxoa, flotagailutxoa besapean.

 

 

BALATON IPARRALDEA.

 

Bristadatsu dager goizean atso hain goibel genekusan lurraldea, dotore zeuntzan mendixka magaleko etxetxo herri elizak. Bizipoza.

 

Honek Kristook, horrek santutxook, haiek elizok  beti egon dira hemen, azken urtealdi luzeetan: ez daude berreraikiak, ez daude berrituak. Esthepinak Zagreben, Mintzenti Budapesten borrokatu ziren komunismoaren aurka: erlijio askatasun arazoa zen, arazoa ala pribilegioak galdu izana?. Fedea pribilegioekin nahastu ohi du elizak, eskubideak boterearekin, Eliza gizarteko goi-mailekin. Zeren aurka eta zeren alde borrokatu ziren elizaren buru ziren bi kardinalak?.

 

Ez da ezer aldatu gaurko paisaian, egunotako lautadak eta mendixkak diraute ohizko osagaiekin. Baxuak dira txori-uxaketarako txabolatxoak alde honetako galsoroetan, ez dute bi metrotik gorako garaierarik.

 

Sumeg.  Gaztelua aitatu behar lehenik: izugarri deigarri nabarmentzen da urrutitik, bertatik ere ikusgarri agertzen, zabal eta gotor haitz zabalaren tontorrean, herriaren gain-gainean. Sekulako arrano habia!. Ezin izan zuten menperatu turkoek eta  lautadan jaso behar izan zuten kanpamendua. Ateratzen diote zukua gazteluari: behealde osoa erabat bisitariei begira antolatu eta txukundua, Erdi Aroko jolas esparrua osagai eta baliabide guztiekin, umeentzako jolaslekuak zurezko zinbulu-zanbulu ezberdinak irudimen handiz gauzatu eta girotuak, jatetxeak...

Kaledi txukuna eta zabala, behe solairuko etxe pospolin eta lehen solairuko etxe eder askoz osatua, elkarri lotutako etxez; zoruko harbideak kantari bihurtzen ditu autoen gurpilak. Burdinazko ate-babes handiak hor daude oraindik bere zeregina betez. Dena da xumea herrian: jaiko jantzitako herritarrak eurak zein dendak eta erakusleihoak.

S.Frantzizkoren eliza: barroko deigarria, poxpolina, baina xumea, santu-irudi sarri bezain irrigarriekin, batez ere presbiterioan, auskalo nork tailatuta. Aldare nagusiko pietat, errukiñea, ederra da.  Mirarigilea da nonbait Errukiñe, hainbat fresko daude hormetan berak eginiko mirarien berri emanaz.

 Gainean da meza ordua, entzule asko dator elizara, nagusiak ia denak, datozen gazte bakarrak auto ederretan datoz gurasoekin batera.

Ardandegi-sotoa zuten fraideek monasterio alboan.

Gotzainaren Jauregia, aparta behar zuen izan: sarrera landua du, eta sekulako ezki eta zuhaitz mota ezberdineko parke handi apartak inguratzen du.

 

Herri-bideetatik hartu dugu, bakardade erabatekoan, berdegune oparoan.

Mahastiak agertu dira, gaurko ibili osoan izanen ditugu lagun. Horrez gain intxaurrondoek bilakatu digute errepidea etorbide kilometro askotan..

Ur-biltegiak, metalezko bola zuriak dira zutabe borobilen gainean itsatsiak, urrutitik ikusgai.

 

Tapolca. 8 etxe-bloke izugarri, bere ostean beste etxetzar ilara, dakusagu urrutitik: industria-hiria, dirua izan, eta hala-moduz hasi dena. Itxura erakargarria eskaini digu, berriz, erditik pasa gatzaionean, ahaleginak egiten dituen herri zainduaren irudia: eraikin zahar eta berri ederreko erdigune zabala. Izurrite zutabea kale nagusian. Zuhaitz ederrak bota berri-berriak izan dira kale nagusian. Parkea da herriko biltokia: bertara inguratzen da herritarra jaunartze meza ondoren: kolorezko arrainak ibiltarien erakarpen, oholtza  ur gainean bertan eta kafetegia alboan, lakutik ateratzen duen urak errota-gurpil erraldoia birarazten du. Meza entzulez erabat lepo dago Eliza, partehartzaile eta kantari sutsuk dira entzuleok.

 

Jaunartze eguna da gaur, familia osoak dabiltza kalean, batez ere herriko parkean, familia apal-apalak ospakizunari dagozkion ahalegintxoz jantzita denak, trajetxo dottoreekin mutikoak, zuriz jantzita neskak; ez dirudi gureetako bazkaririk edo ospakizunik eginen dutenik. Herri-giro hunkigarria.

 

14 sumendi koniko -438 metro ditu garaienak- barreiatzen dira lautada osoan. Mendi-tontor bakoitza da baso. Batek organo tutuak deitzen dieten basalto harkaitz bertikalak erakusten ditu: ikuskizun bitxia.

 

Badacsony. Laku alboko herritxoa kinkila-herri bihurtuta. Txikia izanik, jendetza datorkiola erakusten du nasa luze-luzeak. Mendian osterak egiteko land-rover ilarak daude bidaiari zain, nasa du portutxoak, belaontzi mordoxka biltzen da bertan.

 

Badacsonytomas. Etxe txikitxoko herri ez hain txikitxoa, izena ere luzea, dorre biko eliza ezohizkoarekin.

 

Szigliget. Balatonek egin digun azken opari xarmanta. Padurako belartza jorian tontortzen den gaintxoaren magalean, laku gain-gainean, ikuspegi zabala eskainiz: laku berdexka dager lakua, berde guria padura zabala, aparteko ikuskizuna. Astiro joan behar da herrian, patxadan, beste  aro eta kultura batean sartzen baitzara. Kanaberazko teilatuak dira herriko altxorra, herri ezberdina egiten dutenak; xume pospolinak dira aspaldiko etxeak, antzinakoen jitera prepezioz eginak etxe berriak, denek  dute kanaberazko estalki sendoa: padura ertzetan, lehortzen daude kanabera azaoak: zuten eta duten baliabidez estaltzen dituzte etxebizitzak. Elizatxo zuri pospolina du herri gaintxoan, non bitxikeri bitxia diren bi zutoihal farfailezko zuri-zuriak. Moilatxoa du laku kontra, baita garbi-gunetxo atsegina ere. Badu gaztelutxoa herri gaineko tontortxoan, erabat hondatua, baina bisitari ugari hartzen duena mailadi pike luzean bertaratu behar bada ere, hondakinetatik inguru zabalaz gozatu asmoz nonbait. Maiatza, txankamea, baina hor dago kolore ezberdineko zinta pilarekin dotoretua.

 

Keszthely. Erabat turista-gunea da laku ertza, bertan kinkila-denda, hotel, kanpin, debeku...

 

100 kilometro, Balaton inguruko azkenak, oroitzapen gozoa.

 

Zozo beltz-beltz moko hori-horikoa azaldu zait albo-alboan zomorro, hazi edo apur bila, berarekin txantxangorria, lagunak bailira, halako batean zozoak buru astindu bat besterik ez du egin, edo ez dio egin, eta ziztu bizian alde egin du txikiak. Gerora biligarroa eta burubeltza ziren elkarren pare-parean: oraingoan handia izan da alde egin duena txikiaren ziztada baten ondoren.

Ez dakit nire hegazti kantaria zozoa ala biligarroa den, ezin baititut atzeman begiz arrama artean: biak dira zuhaitzetako kantariak, baina ezin ditut berezitu belarriz.

 

Alemanok seietan afaldu eta egunean bertan ontziak garbitzen dutenari esker, libre ditut harraskak goizetan. Beluago afaltzen dugu guk, ontziak berriz goizetan garbitzen.

 

“Putzu”. Txillardegi:

* “Itsutasuna, gidari txar”. Gaur egun ere.

etiketak: Hungaria, Bidaiak 2000
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.