LIBURUAK 7
Egurra S.A. Toti Marinez de Lezea
Egurra S.A. argitaletxe baten izena da, Egurra aldiz argitaletxearen jabeen deitura.
Argitaletxe eta argitalpenen munduan murgiltzen da, nahiz thriller baten egitura eman nahi dion.
Hiru heriotza daude, hilketa susmoak sortzen dira, eta azken kapituluan argitzen da zalantza.
Liburugintzaren ingurumariak ezagutzeko tresna oso baliagarria izan daiteke, dudarik gabe egileak ondo ezagutzen duen mundua: agian hori da liburuaren helburu nagusia bera.
Kritika eta salaketa zorrotza da azpian dagoena,
Liburu baten argitaratzearen prozesua, liburu-azokak, argitaletxe bateko barne korapilo ezberdinak, emakumeak idazle, eleberri ona eta txarra, idazle fantasmak edo beltzak, iruzurrak, plagioak, liburu-denden arazoak…
Liburu mota ezberdinak, edukia v idazkera, idazlea v argitaletxea, salmenten nondik norakoa, medioen eragina eta esku-hartzea.
Politika eta politikariak, politikariak eta enpresa gizonak, aberaskileak…: ezin iritzi ezkorragoa erakusten du.
Ofizioa du, irudimena eta ahalmena istorioa katramilatzeko.
Liburu hau irakurri ondoren eta egileak idatzitako liburu zerrenda oparoa ikusiz, galdera dator ia Totik berak ere ideia eta eskema osatu, ekipo bati idazteko ardura eman eta azkenik zuzendu eta azken begirada eman besterik egiten ez ote duen.
Orokorrean korapilatsuegia suertatzen da, lehen orrian dagoen familiaren genealogia-taulari begiratu behar zaio sarriegi.
Azken aldera korapilatu baino nahastu egiten da kontakizuna, paragrafo luzeak egiten ditu, galdu bezala egiten dira hari-muturrak, lausotu egiten da interesgunea, bizitasuna eta jakin-mina sortaraztea falta zaio, kontakizun kaskar baten itxura hartzen du, monotonoa bilakatzen da.
Ez du ezer eskaintzen literatura aldetik, euskara aldetik ere ez itzulpenak.
Genero hau maite ez duenak jo eta pasa irakurri ahal du, kontakizunaren ardatza, ezta beste ezer erakargarririk ere, galdu gabe.
Denbora-pasa bat bilatzen duenak agian izanen du liburuan aukera bat.
Emakumeak. Eduardo Galeano
Emakume zehatz bakanak ardatz edo protagonista dituzten 135 istorio edo kontakizun oso laburrak.
Pertsonaia edo gertakizun historikoak dira, denek dute sakonean edo azpian esan nahi bat, ideia orokor baten parabola bezala dira.
Aro eta lurralde ezberdinetan kokatuta daude.
Gizartearen historian zehar egon diren zapalketa, mendekotasun, mendeku eta borroka askatzaileen berri-emate oparoa.
Matxismoaren eta emakumea gutxiestearen betiereko kronika bat bezala da.
Bortxakeriaren aurkako testigantza salatzailea: politika eta politikoak, eliza, boterea, krimen beldurgarriak, testigantzak, sineskeria bortitzak, historiako zati beltzak, emakume idazle poeta artistak, gizonezkoen-arren nagusikeria pairatu zutenak eta dutenak, bortizkeria, Inkisizioa, sorginak…
Historiako hainbat gertakizun, pasarte eta pertsonaia.
Ezagunak dira gertakizun batzuk, ezezagunak beste asko, ezagunak zaizkigun pasarte onartutakoen ikuspuntu kritikoa askotan.
Ez da feminismoaren defentsa panfleto zuzen gartsu bat, baina emakumearen mila atal ezkutu eta ezkutatuak azaleratzen ditu.
“Emakumearen etxe sekretuari leihoa zabaltzen” diola esan genezake bere hitzak erabiliz.
Galeanoren ziztada eta gogoeta zorrotzek girotzen eta argitzen dute emakumeon testigantza eredugarriak.
Gizarteari eztenkada baino labankada bat da istorio bakoitza.
Hausnarketarako abiapuntua.
Emakumeari buruzko gehiegikerien ildoan arrastoa uzten doa irakurlearengan kontakizun bakoitza.
Literatura egiten du, estilo itxuraz xumea baino jantzia darabil, halako goi-mailako giro sarri poetikoa eta epikoa sortuz.
Irudimena erakusten du, trebezia, istorio eta kontakizun bakoitza harilkatu, osatu, kokatu eta girotzeko, gogoeta zorrotzekin tartekatuz.
Paragrafo laburrez idatzia, hiztegi zailtasunik eta literatura-korapilorik gabe… erraz irakurtzen da.
Ene herri txikia. Gaël Faye
Tutsien eta hutuen arteko gatazka eta gerra: 1993tik aurrerako gertakizunak eta egoeraren bilakaera.
Ruandar-frantziar bat da egilea, ihes egin eta herrira bueltatu zena.
Burundi eta Ruanda dira narrazioaren kokaleku nagusiak, Zaire presente dago baita metropoliak, Nazio batuak, eta potentzia handiak ere.
Kolonoak, tutsiak, hutuak, herri batetik besterako etorkinak, exodoa, errefuxiatuak, beraien arteko tentsioaren nondik norakoa, elkarren arteko antagonismoa ...
Bi herrien gizarte-egoera, bertakoan eta kolonoen bizimolde ezberdina, bertakoen egoera soziala: aberatsak-pobreak-pribilegiatuak, kolonoak, funtzionarioak…
Giro politikoa, demokrazia, estatu kolpeak, hauteskundeak, iruzurrak…
Gorrotoak, bortizkeria-mozkorraldia, sarraski beldurgarriak, genozidioa…
Bada bestelako gairik ere: lagunartea, familiako batasuna eta gorabeherak, abegikortasuna,
Gogoeta interesgarriak tarteka.
Erraiak astintzen dituen kontakizunak, biziki narratuak.
Idazkera xumea du, estilo zuzena, literaturakerietan sartu gabe, erraz eta gogoz irakurtzen da.
Euskara aldetik ere ez du zailtasun handirik, beti dago zerbait erakargarri edo aberasgarririk.
Erabili goldea hilen hezurren gainetik. Olga Tokarczuk
Narratzailea bera da kontakizunaren pertsonaia nagusia.
Txekiaren mugan dagoen Poloniako herrialde menditsu bateko herritxo batean kokatutako kontakizuna.
Neguan lehenengo, udaberrian gero, udan eta azkenik udazkenean gertatzen dira kontakizuneko gorabeherak, urtaro bakoitza deskribatuz.
Hainbat hildako izanen dira inguruabar berezian, animaliek hil dituztela mendeku bezala da protagonistaren teoria.
Astrologia eta horoskopoaren karira, bere egunerokotasuna kontatuz, herriko pertsonaiak, jarrerak, gertakizunak… narratuz doa.
Pertsonen jite, izaera eta portaera ezberdin asko marrazten ditu, pertsona bakoitzaren diagnosia edo argazkia iradokiz.
Geu bakoitzaren bizitzako kokagune, gogoeta eta barne zirrituetan sarrarazten gaitu, geure egunerokotasuna begirarazten, estrapolatu edo gainpuztu egiten ditu egoerak eta gertakizunak baina gure egunerokotasunean kokatzen gaitu.
Ustekabean harrapatzen zaituzten gogoeta erakargarriak egiten ditu.
Astrologia darabil mundua ulertzeko, hortaz sinesten du: kosmosean, naturan, izarretan eta bere eraginean.
Gai asko ukitzen ditu: ironia, ehiza, animalien alde aldarrikapena, ehizaren salaketa, horoskopoa, astrologia, intsektuak, polizia, eliza, otoitza…
Beraien izen propioaz gain, bere ulermen ekonomiarako esanahi zehatzeko goitizen bereziak jartzen dizkie inguruko pertsonei edo harremanen bat dutenei.
Esaldi laburrez baina zehatz deskribatzen ditu pertsonaiak.
Zenbait hitz, asko, animalienak, gauzenak… maiuskulaz hasten ditu, ez zaio antz ematen ze irizpidez edo zergatik, agian besterik gabe egiten du bitxikeria bezala.
Deskribapen luzeak egiten ditu, ukitu erakargarri baten geruzaz bilduta eskainiz.
Aberatsa da egitura eta esaldietan,
Hika eta noka asko darabil elkarrizketetan.
Badu gustagarria egiten duen halako ukitu laketgarri bat.
Erle langileen amodioak. Aleksandra Kollontai
Aleksandra Kollontai, Errusiako iraultza zuzenean eta barne barnetik bizi izan zuen militantea, feminismoaren bultzatzailea, izan zen.
Hiru istorio daude, hiru atal ditu liburuak: 1. Amona-alaba-iloba: hiru belaunaldi, hiru amodio-esperientzia, hiru bizipen eta gogoeta ezberdin, kontrajarriak sarri: zirraragarria. 2. Emakume ezberdinen istorioak, emakumeen istorio batek elkartzera eramango ditu bi. 3. Bikote baten amodioaren bizipenak eta bilakaera.
Amodio korapilatsuen istorioak, maitasunaren bidezidor kiribilduak, amodio kontuen arazoak planteatzen ditu, amodioa mila alde ezberdinetatik begiratuta, sakondu egiten ditu maitasunaren gaia, maitasunaren bilakaera eta zirrikitu ezberdinak.
Egilea, emakumea izaki, beti emakumearen ikuspuntu eta bizipenetatik ari da: emakumearen zailtasunak lanean, senar-emazteen arteko harreman zailak, maitasunaren zailtasun eta kontrabideak, ekonomiaren eragina, maitaleak, militantzia eta maitasuna,
Errusiako Iraultza iraultza garaietan kokatua, giro politiko eta soziala dago uneoro kontakizunaren azpian, egitura politikoa, kritika nabaria da, zailtasunen errealitatea, iraultza, iraultzaren lilura, militantzia, ekonomia-produkzioaren antolakuntza eta bilakaera, ekonomiaren eta lan-plangintzaren menpekotasunak, komuna, herri xehea eta zuzendaritza: kontra esanak, zuzendaritza barneko tirabira eta liskarrak, militantziaren kontraesanak, burokrazia-demokrazia, printzipioen eta egunerokotasunaren arteko kontraesanak…
Etenik gabeko gogoetak
Jakin-mina sortarazten du bai istorioagatik, bai dionagatik.
Agian jatorrizko testuaren eraginez, esamolde ezberdin asko du.
Hitz asko moldatzen ditu itzultzaileak.
Elkarrizketa asko
Noka eta hika asko du elkarrizketotan.
Aditz-joko franko.
Eskuko ekipajea. Euskal ipuin modernoen antologia (1963-2018). Ibon Egaña Etxeberria
25 ipuin 4 ataletan banatuak: atal bakoitzak badu ipuinok biltzen dituen gandu eta hari lauso bat.
Ipuin laburrak dira batzuk, oso laburrak zenbaitzuk; luzexkak ere badira nolanahi, baina denak motzak.
Estilo eta teknika ezberdinak, ipuingintzaren ezberdintasunak…
Literatura jantzia egin nahi dute ipuin gehienek, esperimentatu ere bai batzuk.
Esaldi borobilak, egitura ezberdinak, aditz-jokoak, aditz trinkoa… aberastasun handia aurkitu ahal da.
Eza dakit zertaz ari zaren. Ana Malagon
Kontakizun laburrak, gogoeta zirikatzaileak elkarren jarraian, bizitzako flashak, bizitzako puskak, errealitatetik jasoak...
Kontakizun ezberdinak, ezohikoak, bai egituragatik, giroagatik edo estiloagatik.
Aizkoran bezala dabil, ezpalak bezala ateratzen zaizkio burutapenak, ebakita bezala, ertz zorrotzekin, ertz biziko ezpalak dira, bai pertsonaiak, bai esanahiak bai esaldiak.
Ertz askotako kontakizunak eta pertsonaiak.
Uneoro du eztenkada den esaldi edo burutapen bat, pentsarazten duena, solasaldi edo hausnarketa luzerako gaia eman dezakeena, akuilu diren ziztadak, garunei eragiten dienak.
Ironia edo kritikotasun puntua uneoro, baina ez da mingotsa.
Zirrara eragiten dute zenbait kontakizunek; tarteka, baina, sentipen ilun batek biltzen du.
Ez dago ia deskribapenik, geziak bezala datoz iritziak, bata bestearen ostean inguruaz arduratu gabe, austeritate osoan ematen ditu egoerak edo gertaerak.
Austeroa da kontakizunean, aberatsa kontakizunari buruzko iritzietan.
Zizelatuta bezala datoz esaldiak, bizi eta esankor, leundu edo lixatu gabe, gordin, baina eder.
Egoera, lanbide, eta inguru ezberdinetako jendea, toki eta giro ezberdinetan.
Adin handiko edo helduak dira pertsonaiak gehienak.
Emakumea da beti narratzailea.
Paragrafo nahiko luzeetan idatzita dago, baina ez esaldi luzeetan, ez du elkarrizketarik.
Esaldiz esaldi dator kontakizuna, esaldi borobilez osatua, tartean zerbaitekin betez bezala.
Ez du zailtasunik, sintaxi, egitura edo hiztegi aldetik.
Disfrutatuz, jolasa bailitzan, idatzitako narrazioak dirudite
Zailtasun gabeko irakurketa, baina osotasuna ematea, loturak egitea ez da beti erraza.
Gozagarria da botatzen dizun sarean harrapatuta sentitzea, sare literaio eta humanoan.
Familiako lexikoa. Natalia Ginzburg
Judua da, Italian bizi da, inguruko juduen gorabeherak kontatzen ditu faxismo aurretikoak zein faxismoaren gorakadakoak, alemanen okupazioa, gerra garaia, gerra ondorengoa.
Bere barnean murgiltzen da idazlea, oroitzapenak, jarrerak, eta sentimenduak gogoratuz.
Bere familia da kontakizunaren ardatza, gurasoak, anaia-arrebak…
Pertsonaia ezberdinen argazki aparta eta zehatza egiten du: izen eta guzti, pertsonaia errealak direla dio egileak: hain dira bitxiak nobelarako asmatuak dirudite.
Zehaztasun osoz kontatzen ditu etxe eta inguruko gorabeherak: gertaerak, pertsonaiak, familiakoak, lagunak, portaerak, jokamolde ezberdinak, jantziak, jana…
Aparta da gerraondoko deskribapena: poesiak eta letrak horrelako giroan duten eragina.
Pertsonaia ezberdinen bilakaera, politikan zein portaeran…
Iritzi etenik gabeak gai ezberdinei buruz: antzerkia, artea, mendia, erregeari buruzko aipamen laburrak, komunismoa…
Faxismo garaia: giroa, errepresioa, arrazagatiko jazarpena, ezkutatu beharra, konfinamendua, nazionalitatea kentzea, pasaporteri gabe uztea, pasaportea aberrigabeentzat, katedragabetzea, atzerriratu beharra, fusilatzeak…
Idazlearen garaiko politikari ezagun eta ez hain ezagunen errepasoa edo aipamena egiten du, pertsonaien galeria zabala eta aberatsa.
Kartzelaratuen zerrenda luzea faxismoaren aurka egiteagatik: idazleak, poetak politikoak, irakasleak, ikasleak, argitaratzaileak…
Lehen pertsonan idatzita dago, baina gako arteko pertsonaien esaldiz osatzen du kontakizuna.
Nobela bat bezala irakurtzeko aholkatzen du egileak.
Atzera jauzika dabil sarri, pertsonaien argazkia eta egoerak azpimarratuz, errepikapenekin sarri, eta kontakizunari batasun bat emanez..
Esamolde bereziak ditu.
Hautsak kendu beharko dizkio hiztegiari irakurle zaildua ez denak, hiztegi zabala du, itzulpenak behartuta agian, edo itzultzailearen filosofiagatik.
Txikigarri asko darabil, modu ezberdinak erabiliz.
Atal banatzailerik ez du, dena jarraian dago perpausez eta bi lerroko hutsunez mailakatua.
Italiako judutarren giroa ezagutzeko aukera ematen du, eta kontaketa bat egiteko era ezberdin bat.
Gilles de Rais. Anjel Lerrtxundi
Karlistadako gerra garaia da, antzerkilari eta antzezle den bati karlista militar batek ejertzitoarentzat antzerki bat moldatzea eskatzen eskuzabal diruz ordainduz.
Arc-eko Juanaren eta Gilles de Rais mariskalari buruzko antzezlan baten inguruan doa kontakizuna.
Karlistada, gerra, ejertzitoa, fanatismoa, diruaren eragina, norberekiko fideltasuna, antzerkia, antzezlan baten nondik norakoak…
Irudien erabilera, adjektiboen aukera, esamoldeak… altxor bat da.
Bi militar buru, apaiza, kontalaria bera… zehatz marrazten ditu pertsonaiak.
Idatzi xume bat dirudi, laburra da, baina maisulan bat da.
Ironia, umore puntua…
Irakurterraza, ez da esaldi korapilatsuetan sartzen, ez du hiztegi ezohikorik erabiltzen… Badirudi irakurtzeko zaletasuna sortarazteko idatzita dagoela.
Irakurriz gozatu nahi duenarentzat aukera aparta.
Hormako atea eta beste ipuin batzuk. H.G.Wells
Fantasiaz ari da, ametsa eta errealitatea nahastuz, zitekeena eta izan dena korapilatuz.
Estiloak, dioenak, esamoldeak… astiro irakurtzera behartzen zaitu, patxadatsu irakurtzera.
Kilikagarriak eta deigarriak suertatzen dira ipuinok egoera eta giro bitxian baitaude kokatuak.
Ez du pentsarazteko esaldi borobilik botako, baina ipuin bakoitza da pentsarazteko tranpolina.
Ezberdinak dira azken ipuinak, kontaeragatik batez ere, lauagoak dira, jarraikiagoak, ez hain korapilatuak, sintaxi ulergarriagoan, irakurtzeko errazagoak, baina lehen ipuinen nortasun eta ukitu propio hura falta zaie.
Joan den gizaldiko lehen erdiko garaian idatzia.
Gaurko nobelagintzaren erabat ezberdina estiloaz, egituraz
Garrantzia eta eragina izanen zuen literaturaren historian, bere garaiko nobelagintzan, ipuingintza ezberdin bat da gaur egungo irakurlearentzat, ipuin mota ezberdina baita, baina ez du zirrararik eragiten.
Deskribapenak egiten ditu, zehatzak, baina gertatzen denaren eta bere inguruari burukoak dira, ez dira betegarri edo literatura egiteko asmoz sartuak.
Eroso irakurtzen da behin bere estiloaz jabetuz gero.
Ez dakit jatorrizko testuak behartuta, hari jarraiki beharrak behartzen duen itzultzailea itzulpen mota horretara, ala literatura egin nahia duen itzultzaileak berak ere.
Bi hitz batean biltzeko irtenbidera jotzen du sarri, jatorriko testuak eraginda agian, edo aukera hori baliatuz.
Segurtasun handia erakusten du itzultzaileak hitzok lotu et taxutzerakoan.
Errepaso bat emanen dio hiztegiari irakurleak.