Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 2000

BIDAIAK 2000

Jon Etxabe 2022/02/28 10:15
ZABALDI HANDIA: Kecskemet, IPAR TRANSDANUBIA: Gyor, Pannonhalma, Papa, Scombathely, Jak, Sopron, Koszeg.

Ekainaren 6a. Asteartea. 36.a-H:20.a

 

“Soneto hautatuak”. Shakespeare. “Larri ere larri oheratzen naiz, / bideko nekeen atseden bila”. – “Weary with toil, / I hoste  me to my bed, / the dear repose for limbs with travel tired”. Hala oheratzen gara bai gauoro.

 

Dozenaka txakurren zaunka amorratuek bildu dute gaua une luze batez auskalo zerk aztoratuta, agian batak bestea xaxatuta. Ondoren bareunea dator, isiltasuna, zaunkada batek berriro etengo duena.

Kalean ez dabil txakurrik, etxe bakoitzak du berea, baina etxe barruko itxituran. Hiru txakur ditu kanpinak ere, bata beti inguru-inguruka kanpin esparru osoan bere esparrua markatuz edo, beste biak goiz arratsaldez ugazabaren ondoren ateratzen dira, M. Luisaren izurako. Perfektuegia zen kanpin hau, txakurrak ditu alde txarra.

 

Azken bisita Zabaldi Handira, Hungariako ibilaldiko lehen zatia gogoratuz.

Iraultza edo Leninen omenez eraikitako monumentu berezi bat bada Budapestetik Erd-era bidean: adreiluzkoa, non pertsonaia ezberdinak agertzen diren, baina batez ere Lenin brontzezko irudi handian gorpuztua eta beti hitz egiten, langileei, soldaduei... Oraindik dirau Leninenganako oroitzapen edo oroigarriren bat, baina bai Budapesten baita zenbait herritan ere ari dira kale izenak, plaza izenak eta antzerakoak kentzen; “askatasuna” hitza ere aldatu egin dute plaza batetik: arrazoia dute, askatasuna sozialismoarekin eta komunismoarekin datorrelako ez Mendebaldearekiko mendekotasunetik. Sozialismoaren eta iraultzaren ezaugarri oro batera baztertzea gogortxoa zaie nonbait politikoei, ez zaie oraingoz errentagarri, baina ez dute luzaroan iraungo geratzen diren sinbologia eta nomenklaturek, orojalea baita kapitalismoa, ez dio men txikienik ere egiten etsaiari, diktadura gorri eta gordinena dira kapitalismoa eta neoliberalismoa.

Antzinako gurdiak egiten dituzte aroztegi batean kanpinetik hur.

Auto eta batez ere kamioi asko doa Austriatik Kroaziarako errepidean, trailerrak zein bertako industria-guneko kamioiak.

Oso motel doa gaur ibilia, erregarria eta aspergarria ere bada zenbait tartetan: errukirik gabe sartzen da traktorea errepidean eta aurrean daramazu kilometro luzeetan, motortxoren bat da ere tarteka aurrean sartzen zaizuna; kontrabidea bera ere bizi-bizi datorrenez ezinezkoa da aurreratzea, beraz orduko 30ean egin dugu bidea luzaro; barraskiloak ere aurrea hartuko liguke.

Fiat autoz zamatuta doaz 3 kamioi, nonbaitetik nonbaitera, agian Hungarian bertan egiten da Fiata Eslovenian Renaulta bezala: nazio batek bestearengan eragiteko bide bat da bertan fabrika erraldoia jartzea.

Hara non ur parrastadaz ureztatutako soro saila: ia ez dugu ikusi  ureztaketa hori Hungarian.

 

Bi adarretan banatua doa Danubio ibaia une batez; adar biak eder eta zabal doaz, erdialdean lur-zati zabala utziz, kilometrotako zabala; landua dago.

 

 

ZABALDI HANDIA

 

Zabaldi Handian  gara berriro, Danubioren Ekialdean,Transdanubia utzita.

Ezer berririk ez lurralde honi buruz. Ezer guti berririk ere herriei dagokienez, guti dira eta egitura berdinekoak denak, guretzat hain ezberdinak eta deigarriak: txukunak dirudite herri ertzetako kaletxoek ere. Zenbait herritan gaueko hamarretatik goizeko seietara orduko 40kora mugatuta dago  abiadura, loa ez galarazteko nonbait, egunezkorako ez bitago oharrik. Lehenengoz ikusten dugu abiadura zehaztuta Hungarian. Zabaldiko lehen egunean ikusi genuen makila bakarreko lora garai beraren sailak, baina oraingoan sail txikiak dira, etxe kontra daude, bakarren bat baita bi soro arteko zinglada estuan ere: etxeko abereentzako jana behar du izan. Trena agertu zaigu auzo tarte batez: lur zapal honetan ere  trenbidea bihurguneak eginez doa mapak dionez, padura eta istingek eraginda seguru aski. Ehunka, agian milaka ahate itxitura batean preso, multzoan baina mugimendu bakar bateratuan mugitzen dira denak: “Foi” da Hungariako ezaugarririk ospetsuenetarikoa; ez daude taldetxoka Altsasun lez, agian bakoitzak bere etxean du bere taldetxoa.

Zirrara sartzen digu artajorran dabilen bikoteak, bere aitzurrarekin kaskaka bakardade eta bakuntasun osoan artasoro izugarri zabalean: inurri lana, amaierarik gabekoa.

Iragarrita daude departamendu edo barruti ezberdinak, baina xume, handikeria edo harrotasunik gabe, letrero berde txikiz soilik.

 

Lajosmizse, kale luzeko herria, luzea da errepidea den kalea, luzeak bertako edo bertatik hasten direnak ere, artez-artezak denak.

 

Herri traidoreak dira  hauek, erraz sartzen dizute iruzurra: erdigunean zaudela uste duzu, baina erdigunetik urruti zaude, eliza dorreak han bertan begitandu arren.  Ikasi dugu erdiguneraino autoz hurbiltzen, gero gerokoak, non gauden jakinda behintzat uzten dugu orain autoa.

 

Kecskemet.  Zapaldiko hiri peto-petoena omen. Ez du etxetzarrik, bakanak dira lauzpabost solairuko etxeak ere. 110 mila biztanle ditu, agian horregatik da hain zabala eta horregatik du megasaltokia ere. 33 graduko hozberoarekin heldu gara 10etan, 37koarekin alde egin diogu 12etan. Ez da oso zabala erdigunea, ibili lasaian ikustekoa, parkea diren plaza ugarietatik edo kale zabaletako arbolapetatik.

Udaletxea, bitxia eta erakargarria, egituraz eta apainduraz, kanpotik zein barrutik; kolore ezberdin eta biziz pintatuta du barnea ez ezik baita teilatua eta sarerako gangak ere. Badira herrian beste bi eraikin bitxiki pintatutako fatxadekin, bada jauregi eder bat, bada eraikuntza klasiko ederrik argi, biziki eta gustu onez pintatuta hauek ere, ederra eta landua da ere izurrite zutabea. Bada komertzio ederrik. Eliza pila, betiko osagaiekin: ganga pintatuak, aulkiteria sendoa, hiru makilako zutoihalak handiak ez badira ere...; Frantziskotarren eliza zaindua eta argia da, gustura egotekoa, pintura modernoz dotoretuta du ganga; ortodoxoaren itxura duen eliza berriz saltoki eta pintura galeria bihurtuta dago, erabat galdua du eliza kutsua, solairu berri bat ere egin baitiote, korua eta arrosa-leihoa soilik geratzen zaio zena gogoratuz, kanpotik gorde du elizaren jite ederra. Herri honetako semeak da dramaturgo eta musikari ospetsu zenbait ere.

 

Umeak, nola ez, baita hiri honetan ere: txangoren batean zebilen ikastetxe osoa, herriko zoko guztietan taldeka banatuta.

Beldur ginen hiriak mereziko ote zuen hainbeste kilometro: merezi izan du, ez gara etorriaz damutu. Izozkia bera aukerakoa suertatu zaigu bai zaporez bai bigun puntuan. Megadendak oliba, olioa eta oliotako atuna eman digu, baita Bittorrentzako ardo gorria aukeratzeko beta ere.

 

Larrain gorrian, 37 gradutako hozberoan, eguzki galdan,  daude paitak; pilo piloan osoko mugimendu geldoan, itsas marea bailitzan mugitzen dira.

Ikasi dute Hungarian ere autobidea larrutik kobratzen: seguru aski autobide pribatua da. Laster ikasi dituzte hemen ere herriarentzat ezerosoak diren ikasgaiak: handiki jendeak beti jakin izan du horrela jokatzen, beti dago zelatan herriaren izerdia zurgatzeko, beta datorkionean aukera gauzatu besterik ez du egiten. Badira beste bi autobide sail zentzuzko ordainsaria dutenak, Estatuarenak nonbait.  Egurrezkoak dira autobideko hesi-sareko hesolak, autobide honetan ere.

Budapesteko etxetzarrak aurrez-aurre ditugula eman diogu azken agurra Danubioari: zabal, eder, inguruak berdegunez, hala ikusi dugu azken begiradan eta hala gogoratuko dugu.

 

182 kilometro, Zapaldi Handiko azken-azkenak.

 

Bitxilore nanoz jantzi zaigu kanpineko berdegunea egunotan.

Egunoro egin dut tzangada uretan, neu bakar-bakarrik, niretzat soilik igerilekua, alboko zuhaitzei eta goiko urdinari so, igeri lasaian. 

 

“Hezur gabeko hilak”. Xabier Montoia: “ Denak ari dituk jolasean gurekin, hangoak zein hemengoak”. Herriaren iritzia politikoei buruz.

 

 

Ekainaren 7a.  Asteazkena  37.a-H:21.a

 

“Soneto hautatuak”. Willian Shakespeare: “Izarren bitartez ez naiz jakitun, / Jakin jakin arren astronomiaz”. “Not from the starts dio I my judgement pluck, / ad yet methinks I have astronoky”.  Nik jakin nahi nuke ba astronomiaz gaueko zerbitzugunera joan-etorrian; ahaztu zait nekien ia dena, gaur egun Hartz Nagusia, Ipar-Izarra, Artizarra eta Aldebaranetik haratago ez dut ia izarrik gogoratzen eta ezagutzen.

 

Aldaketa eguna. Baita laino eguna ere: gaur ez dugu eguzki errerik. Haize eguna, gogor jotzen du, zenbait zuhaitz adar botatzeraino. Gustura egon gara Erd-eko kanpin honetan, txaletxoa bailitz gure etxetxoa, berdegune, parketxo, igerileku eta guzti, baina ez digu gehiagorako ematen Budapestek, gure asmoak asmo; nolanahi  hiri honek badu harat-honat egun batzuk egiteko aukera, beti zerbait berria ikusiz.

Zenbait eragozpen izan dugu argindar entxufearekin, erdi hondatuta daramagu, baina konponerraza da.

 

 

IPAR TRANSDANUBIA : ZABALDI TXIKIA

 

Bidezainak, deskantsuan ez badaude, traban.

Gora-behera leuneko lautadan hasieran, mendi-muino eta mendixka artean gero, bailara estuetan gora-behera geroago, lautadan berriro azkenik. Haizea haize, atsegina da bidaia, batez ere mendiarteko bailaratxoek ematen dioten berrikuntzaz.

Herri guti; herri-paisaia, berriz, betikoa: teilatu zurixka eta gorri batzuk zuhaitz artean gordeak. Aldatuz doaz galsoroak paisaian, horituz, ia heldu kolorea hartu dute, horixka bilakatu zaigularik lautada, berdegunearen monotonia eteten dute sail hori zabalek, lursail berdez inguratutako itsas horia dirudi zabalguneak. Garitza batean txori ale-jaleak uxatzeko begiralearen txabolatxo-begiratoki garaia: desagertua genuen aspaldi honetan.

 

Tatabanya: lau bokalek osatzen dute izena eta laurak a dira. Kilometrotako herri zabala, mendi-muinoetako zulogune eta maldetan barreiatuta; etxetzarrak eta tximinia luze-luzeak  nabarmentzen dira batez ere gaintxoan,  Mendebal aldera langileriaren bizitokia seguru aski, industria-herria bihurtu dela dirudi eta; goialde horretan datza eliza ere;  erdiko zulogune eta maldetan berriz arbola artean gordetako etxetxoak dira nagusi.

 

Mahastiak eguteran, herriaren inguruan.

Hungarian ikusi ditugun lehen GeBoak, Austriara bidean, agian etxerantz.

 

Matrika-Vigneta: bidaia txartela behar dela iragartzen dute gaurko autobidearen sarreretan zein irteeretan, baina ez dago kontrol-txabolarik, Tatabanyan polizia zegoen tarteka auto bat gelditu eta txartela eskatuz; 9 egunerako epea du txartel bakoitzak kanpineko zaindariari ulertu genionez, agiria begi-bistan jarri behar duzu:  merkea da, pare bat autobidetan soilik ezarri dute sistema hau. Bada zerbitzugunerik autobidean, xumeak dira baina denetik dago. Zorua ez da batera ona, hondatuta dago, gurpilen zapalduek sortarazitako erreten leunak ditu.

Mendi magal bitxi bat izan da: soro estu luze zuzenak, maldan behera, bata bestearen paralelo: mahatsondoak, artoa, garia... soro bakoitzak teilatu zorrotz-zorrotzeko txabolatxo estu-estu garaia du.

 

Kanpina. Gyor hirian bertan. Ez da erraza izan aurkitzea. Herritxoz herritxo ibili gara galdezka. Erabat zaila gertatu zaigu erraza zirudiena. Lehen kartelak garbi erakusten du bidea, baina gero ez dago ohar bat bera ere, eta hainbat eta hainbat dira bidegurutzeak. Goizegi atera gara nonbait bidegurutze batean kartel bati jarraiki. Gero hiri barrurantz eginez argi eta jarraian dago iragarrita. Hain zuzen okerreko bidetik ibili gara.

Azoka handi bat dago kanpin alboan bertan, kanpineko zelaia jarri dute aparkalekutzat: dena zen autoa, dena herstura, dena jendea, dena polizia... baina heldu gara hona ere!.

 

Ertz bat gorde dute kanpin-zereginetarako  eta han goaz pilatzen bezerook, mutur-muturrean jarri zaigu bat. Ez gaude horrela ohituta. Kanpin ona izanen da bere betikoan. Izan zen kanpin hau,  baina hondatuxea dago, txori hotsik ez zaigu falta nahiz belarra erabat horituta dagoen, lehorra dago lurra. Bungalow txikitxo pila dago, joan etorrian dabil jendea, badirudi langile jendea bizi dela bertan, batez ere etorkina, jende gaztea batez ere.

 

Gyor.  Industria-hiria: mila gerra eta  okupazio ugari jasana,  hainbat aldiz suntsitua... avaroek, mongolek, turkoek... bereganatua; erreketek desegina, lurrikara batek hondatua eta azkenik alemaniarrek erabilia azken mundu gerran:  ez genuen ezer txukunik espero, baina erabat irabazi gaitu berehala, erdigunera jotzea kosta zaigun arren.  Hiru ibai elkartzen dira hirian, “lau ibaien hiria” ere deitzen diote: hiriko zati dira ibaiok, txukunduak eta zainduak daude ertzak, bertan egoteko, arraunean egin zein ontzian ibiltzeko taxutuak, edo jatetxe bihurtutako ontzietan askariak egiteko. Industria-hiriaren jitea du kale giroan, baina nekazaritza oparoko garaia erakusten du egituran. Bizi-bizia, jende pila dabil, izozkia xurgatuz, erosketak eginez edo ibilian soilik. Nabari da jende langilea dela. Ugaria da ikaslea ere; hiri hazi orotan lez hemen ere ikasketa bukaerako argazki-koadroak ageri dira erakusleihoetan.

Planorik gabe ezagutzeko hiri-barrua, kalerik kale ibili, begiratu, ezusteak aurkitu eta gozatu. Erdigune lasaia, pare bat ordurako ibilbide paregabea, etxeei begiratuz, katedrala ikusiz eta ibai ertzean paseatuz. Ez du monumentu ikusgarririk, baina bai zein baino zein potxoloagoak diren etxe pila, argi-argiak, kolore ezberdinez pintatuak, fatxada eta ateburu landuak erakutsiz. Alde Zaharrean badira bihurritu nahi duten kalexkak, bere pasabide eta guzti; zenbait kale-kantoi eta ate-ertz harritzar borobilduez babesten dira. Sekulako patioak ikus daitezke. Bada antzinako farmazia deigarri bat ere. Tunelak dirudite bebarruak eta pasabideak, hain dira luzeak. Museo pila, hiri eta herriotan ohi denez. Ohi denez ere, monumentu eta eskultura pila. Budapestek baino zubi gehiago du. Dendateria zabala, megasaltoki eta guzti, kalean bertan. Eliza pila: frantziskotarrena, barrokoa, ospetsuena omen, edo adierazgarriena: barrutik beharko du izan, kanpotik ez du apartekotasun berezirik eta. Katedrala berriz sekulakoa da barrutik, marmol gorrixkako handia, ganga freskoz ederra, koadro erraldoi zintzilikatuak hormetan... bisita merezi duena.

 

Avaroek hutsune edo garbigune izugarrizko zabalez inguratu zuten hiria, etsaiak zetozenean errazago ikusteko: hortik datorkio izena gyürü, eraztuna. Bardeak ere ez zituzten helburu berdinagatik eremu bihurtu Nafarroan?.

Patioek erakusten dute duela gizaldi batzuk herriak zuen bizimoldea: patioa zen talde handi baten bilgune, hainbat familiaren ardatza, ez kalea, gaur bezala; gune gordea da patioa, isolatuta, kaletik at. Patio zuen bizi-ardatz etxebizitza multzo batek.

 

153 kilometro, Hungariako gure bisitaren azken lurralderaino.

Joan da gaurkoz kanpineko autoteria: berde-berde eta dotore dago erdigunea, zabala erabat. Bazter honetan botata utzi gaituzte gu.

 

“Ostiralak”. Jon Arretxe: Bidaiok dira  urteko gure ostiral gauak.

 

 

Ekainaren 8a. Osteguna.  38.a-H:22.a

 

“Soneto autatuak”. Shakespeare – J.Garzia: “Zertan agindu hain egun ederra...” - “ Why didst thou promise such e beauteous day”. Bidaian goizero eta gauero opa diogu gure buruari egun eder bat, bai eguraldiz bai bizipenez.

 

Zerbitzuguneak taxutu, itxuratu eta berritzen ari dira kanpinean: beraz orain hasten da bisitarien garaia.

Komunen egitura ez da aldatu Hungariako egun eta kanpin orotan:  katiluek zapalgunea dute erdian zulora bidean, han gelditzen da kaka multzoa bistan; ura berriz zuzenean dator biltegitik gabe, indarrez, eten gabe norberak bidea itxi arte.

 

Txori kabi bat aurkitu dugu lurrean:  ikusi dugun txori piloaren oroigarri jaso dugu.

 

Lautadan diraugu. Ez dugu ezer berririk aipatzeko. Baina bidaia oso gustagarria da, ez gara aspertu lautadaz, ezta berdeaz ere. Hasiak dira horitzen galsoroak, ia hori dager lautada edo lautadako sail zabalak berdegune jorian.

 

Pannonhalma. Mendi koskorreko gailurrean dagoen monasterio beneditarra.  Izugarri handia, eraikintzar itzela, altueraz zein zabaleraz erraldoia; erdian dorre borobila du zutabe pilarekin, txapel batez estalia. Ikuspegi paregabea du lau haizetara, ortzirainoko lautada osoa alde batera, mendi-muino katerainokoa beste aldera, lurralde osoa begi-bistan hartuz. Fraideek beti jakin izan dute kokagune aproposena aukeratzen, arimaren elikagai bezala edo.

Beneditarren liburutegi handia omen du, 300 mila ale. Erabat antolatuta dute bisita: 500 pezeta kobratzen dute bisitari bakoitzeko; okerrena da taldean sartzera behartzen zaituztela, ordu jakinetan soilik, gidak alemanez edo ingelesez soilik egiten du, bakarka ezin daiteke elizarik ere ikusi nahiz sarrera osoa ordaindu. Beraz Erdi Aroko kripta eta gainerakoak ikusi gabe alde egin dugu, baina merezi izan digu 280 metroko goiera honetara igotzea.

Uraren ponpa urdina, bakarra, erlikia bezala zaindua: ur sarea oso hedatuta egon zen, edo ur-sistema hau lurralde zabalean ezarri zen.

 

Komentua ez bisitatzean, gaurko ibilia luzatzea erabaki dugu, paraje berrietatik  eginen dugu gaurkoa, komentuko sarreran baino gehiago gastatuko badugu ere erregaitan. Eta ez zaigu damutu asmo-aldaketa. Zerbait zoragarria behar zuen izan monasterioak lurralde honen edertasunaz parekatzeko.

 

Lehen egunean buruhandi, gero lora zuri ezagutu genuen kirten luzeko uzta mota ezezagunarekin egin dugu berriro topo. Ondoren lore moreko zerbait, mastra latzekoa dirudi, izugarri sail zabalak osatuz: lur sailak daude more-more, dotore. Ez dugu inguruan inor aurkitu zer diren galdetzeko, izanda ere abagunea, nola ulertu erantzuna?. Gogoan dugu nola galdetu genien andre-gizonei intsusa  sail baten aurrea ia zertarako erabiltzen zuten intsusa: ezin izan genien tutik ere ulertu. Bi lakutxo kanaberaz inguratuta, txanel azpi-zapalean dabil alboko baserritarra, ez dakit zertan; bada hegaztirik ere bertan.

 

Bakarti goaz errepidean, herri-bideetatik eginez bidea. Ibilbide eta ibili aparta

Edozein bide hartzen dugula, beti dugu trenbidea alboan. Dozena erdi aldiz gutxienez gurutzatu dugu gaur, behin trenarekin berarekin fortunatu gara.

Mendi muino tarte baten sartu gara, uhinetik uhinera goaz, gora eta behera, joan leunean, bidaia aparta, simaur usain sarkorra ere heldu zaigun tarteka sudurretara.

Lorontziak, geranio koloretsuak, ditu herri askok zementuzko argindar tantaietan, herriari dotoretasun eta txukuntasun jitea emanez.

 

Herrialde hau ere “pais satelite” izendatzen zen Mendebaldean, komunismoaren aurkako fobia eta beldurren ezaugarri: ideologien ezaugarri hizkuntza.

 

Nagygymot.  Hara non, berriro ere zikoina argindar  zutabe puntaren puntan burdinazko sare borobilean eginiko habian.

 

Eliza aurreko gurutzeari begira: Amabirjinaren irudirik gabeko Kristoa duen eliza protestantea dela uste dugu, Amabirjinaduna berriz katolikoa.

 

Papa. Bi eliza ikusten zaizkio, dorre eder bikoitzekoak biak, batez ere gailen dagoena nabarmentzen da; hainbat dorre gehiago ere ikusten da, dorre zorrotzak eta bakarrak. Dorreez gain, teilateria ageri zaio batez ere herriari. Etxe jarraikiko herri koskortu zaindua, apaina, atsegina; oso etxe politak ditu, etxe barrokoak, apaindura eta irudi askoz edertuak, argi eta ezberdin pintatuak. Izozkiaz freskatuz egin dugu kale arteko ibilaldia, etxe kontran eta  gerizpez gerizpe. Oinezkoen kalea, parke eder-ederra.... gaztelua ere ba omen du baina ez dugu ikusi ere egin, zuhaitz artean gordetako lautadakoren bat izanen zen.

 

500 pezetatan aurkitu dugu kotoizko soineko eta blusa konjuntoa; Indian egina da, auskalo ze esplotazio ondoren hain merke.

Gazte bat  atera dute bi poliziek furgonetatik eta udaletxera eraman, eskuak lotuta eta metro pare bat luzerako larruzko uhal batekin helduta, kale-kalean, denen aurrean: zirraragarria izan zaigu.

 

Takacsi. Zikoina, bakarra.

 

Artajorran laukotea.

 

Tet. Zikoina: agur egin nahi ote digute?. Ur-ponpa urdina.

 

122 kilometro, Monasterioa ikusi ordez herritxoz herritxo eginaz.

 

Azoka: fraideei eman ez diegun diruarekin kanpin alboko feria bisitatu dugu. Denetik dago baina ez da oparoegia: ordenagailu, sakelako telefonoak, botilatutako janaria, makinaria, eraikuntza. Ez dugu etxe edo Euskadiko produkturik aurkitu. Txosnak dira nagusi hemen ere. Gauean musika ere badute horretarako jarritako esparru zabalean, baina bederatzietan bukatu dute jarduna, goiztiarrak dira, erretiro onekoak.

 

Ikasle gaztetxo taldea agertu da kanpinean, txabolatxoetan hartu dute ostatu. Honek bai iraun dute goizalderaino, jiji-jajako parranda alaian: etxetik kanpoko lehen gaua agian zenbaitzuk, gutxitako esperientzia, oroimenean betirako grabatuta gelditu ohi dena.

 

Euskal zibilizazioa”. Alfontso Martinez. “Sapiens sapiens izakia, ibiltari handia izan zen, planeta osoa kolonizatu zuen”. Jakin-minez, ikusi egarriz, edo nork daki zergatik gehiago gabiltzan gu Europako mugatu honetan.

 

 

Ekainaren 9a. Ostirala. 39.a-H: 23.a

 

“Soneto hautatuak”. Shakespeare – J-Garzia: “Nolako hartatsu, bidez abian”. – How careful was I when I took my way”. Egunoro eta edonon baikara berri eta kanpotar, beti paraje eta herri berri ezezagunetan.

 

Entzun gabe genuen kanpin honetan, gaur goizean ozen eta luze izan dugu, tren-hotsa, tutu-soinu bizi-bizi eta guzti.

Gazte langile pila dago kanpineko etxolak ostatu dituztenak.

 

Aldaketa eguna. Eguraldi eguzkitsuarekin agurtu nahi gaitu Hungariak, eguzkipean goaz Hungariako azken kanpinera.

Zuhurrak dira gidatzen hungariarrak. Ez diote beldurra galdu oraindik errepideari eta auto ahaltsuei, agian oraindik ez dute galdu auto zaharrekin nahitaez astiro ibili beharreko ohitura.

Han-hemenka ugari agertzen dira gas-tuteriaren ezaugarriko bola gorriak. Nondik ote dakarte?. Errusiatik seguruenez, baina bertarako da ala Europara daramate?.

 

Csorna. Herri handia. Jarraiko etxeak izateko kategoria eta tradizioa dauka. Ba omen du Erdi Aroko eliza bat, baina ez dago gelditzerik etxatoia gurekin daramagula; bestalde, ez du merezi beste egun batean honaino itzultzerik.

 

Zikoina bere habian trenbide gurutzean bertan, tren geltokia ber-bertan duenez, trenen joan-etorriak eta merkantzien maniobrak etengabeak behar dute izan: gorra ote zikoina hori, errepideko zarata nahikoa ez, eta tren-hotsa ere behar du nonbait.

Hogeikote bat artajorran, gerria okertuta denak kaska-kaska; ume edo pertsona nano bat ere beraiekin dute lanean.

 

Izugarrizko erremolatxa sailak daude Pali eta Repcelak tartean, ureztatze parrastada luzeak zuri-zuri deigarri nabarmentzen dira sail berdeetan: Hungariako behealdean berriz ia ez genuen erremolatxarik ikusi. Ureztatzeko tutu sendoa ere nabarmen ageri da soroan.

Galdu du lora intxusak, erabat berdetu da.

 

Ez dugu ezer berririk aitatzeko, ez da aldagairik lurralde honetan. Lau dirau tarteka mendi-muinoren bat duen Transdanubiak, esanak eta aitatuak ditugu berari buruzkoak. Halere asko gozatu dugu gaurko bidaiaz, agian nostalgiaren eraginez, ez baititugu berriro ikusiko lurrok: adinekoon, nagusion patu aldaezina, baina ez tragedia.

Hara non mantal urdindun gizonezko heldua!,  Eslovenian bezalatsu: lokarri luzea gerriari buelta emanez aurrean lotuta, prepezioz eta ganoraz bera.

 

Repcelak. Jende pila, batez ere nagusia, bide-gorritik herri barnerantz: merkatua zuten herriko sarrerako plaza edo zabalgoan.

 

Lautada... Ez da arteza errepidea lurralde laua arren, hemen ere.

 

Posfa. Zikoina, berriro.

 

Autoak gelditzen ari dira poliziak herri batean, bati bidea eman eta hurrengoa gelditu ari dira: hileko aparteko ordainsaria ateratzen, seguru aski.

Bi heldulekuko sega, baina kirten muturreko heldulekua ez dago ertzean harra bete beherago baizik: segalari bakoitzak bere neurri, modelo eta ohitura du, seguru aski segalari euskaldunek ere hala dute.

Astoak tiratuta, goldatxo itxurako burdinazko ahodun tresna batekin ari ziren bi gizon gazte artajorran; aitzurrarekin ari direnek baino erruki gehiago eman digute, hain zuten xume itxura, hain ziruditen lanak zapalduta, hain nekatuak, hain unatuak, bere tramankulutxoaz moldatu ezinik bezala, lanari gaina hartu ezinik bailebiltza.

 

Kanpina.  Kezkaz gentozen baina erraz aurkitu dugu kanpina, argi iragarrita egoteaz gain, ez dugu okerreko biderik hartu. Laku baten inguruan kokatuta, lakutik bertan. Parke erraldoi baten zatia da. Hesi berdez mugatua dago etxatoi bakoitzaren esparrua. Zerbitzugune berria edo erabat berritua, garbi-garbi berria. Bakarti gaude gure esparruan, txori-kantuz bilduta hemen ere.  Bi autobuskada ume dago, nola ez.

Aisia-leku zoragarria da laku inguru osoa, dena da berdegune zaindua, arbola-gune paregabea, bide-gorri eta eserlekuz osatua. Errepideak banatuta, bada bigarren lakutxoa: igerileku zabala bihurtu dute. Jendea erruz dabil denean, igerian, pedaloietan, oinez, kafetegietan... arratsalde-pasarako leku paregabea da izan ere.

Inguru honetan kokatua dago antzinako etxeen izarpeko erakusketa: beste egun batean joango gatzaizkio.

 

Szombathely. 80 mila biztanleko hiri komertziala. Ez da xarmanta, baina izozki bat zurgatuz erdigunean ibiltzeko adinakoa bai. Zaindua eta txukuna, badirudi Austriari eta alboko herritxoetako erosleei begira bizi dela: saltoki dotoreagoak, salgaia oparoagoa... bestelako hiriei baino ahalegin gehiago usnatzen zaio. Izan ez du ezer berezirik kontatzeko, aspaldiko edo behe solairuko etxe guti du, eraikin barroko pospolinik ere guti; antzinako etxetzar ederrak bai baditu: jauregiak, Gotzain jauregia, Seminarioa, Sinagoga bi dorre ederrekin, udaletxea... baina ez dira nabarmentzeko ikusgarriak.  Plaza luzexka zabala, ez oso erregularra, oinezkoena, dotorea, zuhaitz eta berdeguneek nortasuna ematen diotela: hiriko bihotza eta hauspoa. Gizairudiak, eskulturak, izurritearen zutabea, eta txirrinduentzako bide-gorria kaleetako zoruan marraztuta. Katedrala: sekulako handia, zutabe borobil itzalekin atariko fatxadan zein barruan; berrikuntza lanetan ari dira, zementuzko zutabetzarrei marmolezko itxura emanez; santu-irudiak ere handiak behar zuen eta da,  pulpitua ere erraldoia: sekulakoa behar zuen bertatiko sermoiak. Pintatuta egon zen garai batean, arrastoak geratzen zaizkio, eta agian pintatzeko gertatuta dago ganga tzarra.

 

Bi soldadu, plazan, kamuflaje-jantziz mozorrotuta, oinez, kontrol lanetan plaza nagusian: ez diote utzi txirrinduz aurrera egiten gazte bati. Lasterrera, desagertu egin dira, autoz.

 

Bi  santutxu, aspaldiko partez.

 

Jak. Herritxoa. Sekulako eliza erromanikoa du gaintxo batean, sekulakoa kanpotik, sekulakoa barrutik; triptiko aparta, tailatxo eta irudi landu aukerakoak. Elizaren alboan kaperatxo ortogonal ia borobila, ate ederra sarreran eta pintura naif bitxiak barruko ganga gotikoan; txapek ortodoxoa du dorreak. Ur-ponpa urdina eliza aurrean: honaino heldu zen ur-sarea.

 

Kosta egin zaigu herri honetara bideratzea, ez baitago herrirako iragarkirik herritik kanpo, eta herrirako bidea herri-bidea da: baina merezi izan digu!.

 

Hainbat aldiz zeharkatu dugu gaur ere trenbidea, errepide ezberdin bakoitzean, bizpahiru aldiz gutxienez.

Kafetegi eta txiringito ugari, austriar turisten zain.

Bi saltoki erraldoi: hiri handia delako Szombathely, ala austriarrei begira?.

 

147 kilometro, Hungariako azken aldaketakoak.

 

Austriar jendea dator kanpinera asteburu pasa, gazte jendea gehiena, etxatoietan.

Bikote heldu bat jarri zaigu alboan auto-etxatoian. Alde batetik berdegune eta zuhaitzen ikuspegia moztu digute erabat, bestalde txakurra dutenez eta berau aske dabilenez etxean preso dago M. Luisa. Hala gertatu da eta hala beharko, Hungariako lehen kanpina ere alemaniarrez erabat bilduta suertatu zitzaigun, komunetan bertan ere arnasarik gabe.

Ezaguna zait zozo kantua, bat kantuan ikusi ere egin nuenetik.

Musika emanaldia antolatu dute ilunabarrean laku ertzean; erruz dago jendea musika entzun eta musikariei begira, zutik, gazteak gehienak, adin guztiko entzuleria hurreratu bada ere, ostegun gaua izaki. Ilgoran dago eguzkia, bide erdian, paregabea dago ingurua, azken argiko une magikoan.

 

“Euskal zibilizazioa”. Alfontso Martinez: “Giza historiaren urte kopuruetan sarturik, itsasoaren ur tanta bat ere ez gara, baina ur tanta hori beharrezkoa da itsasoa izan dadin” Beraz izan gaitezen tanta, harro eta gogor.

 

 

Ekainaren 10a. Larunbata. 40.a –H: 24.a

 

“Soneto hautatuak”. Shakespeare – J.Garzia: “Nolako bide astun larria nik, / neure xedeak, neke horren zordun”. – “How heavy do I journey on the way, / when what I seek, my weary travel´s end”.  Bidaia azkenerantz doa, baina ez dira bide  astunak, egunotan astun banabil ere.

 

Hungariakoa bukatu zaigun sentipena bizi dugu, herrialde honek galdu du abentura eta misterio kutsua. Ezaguna zaigu Hungaria, etxean gabiltza. Ze erraza den mugak gainditzea. Nahiz ez muga denak.

 

Ipar- iparrera eginen dugu gaur, Austriako mugara.

Goizeko zazpietan gurekin genuen eguzkia, bete-betean jotzen gaitu zortzietan, ordu horretan atera gara, goiz, goiz etxeratzekotan. 25 graduko hozberoa, “fresko fresko”.

 

Szeleste. Amantal urdinarekin gizon bat, beste bat, eskuan mailua duela hau.

 

Hegyfalli. Bidegurutzea den eliza-aurrean soldaduak dabiltza banderak eta gorriz jantzitako oholtza atontzen: bigarrenez aurkitzen ditugu soldaduak, bi egun jarraian gainera; aurreragoko bidegurutze batean musikariak daude jo eta putz batean, atrileak errepide erdian jarrita; aurrerago zenbait herritar, etxe-etxeko jantzita, norbaiten zain. Bada inaugurapenen bat, baina ez dirudi herriko jendeak amorru handirik duenik joateko.

 

Suitzarra, austriarra eta alemaniarra dator etengabeko sokan, erruz etorri ere, Sopronera bidean, barnerantz, asteburu-pasa merkera. Hala izanen da goiz guztian. SK, eslovakiar auto bat ere izan dugu aurrean: bidegurutze batean galdu dugu elkar, eta beste bidegurutze batean elkartu.

 

Lövö. Erremolatxa-jorra,  gaurko aldagaia, edo paisaiako osagai berria litzakeena.

 

Hara non Hungarian ere Esloveniako erdiko sega-helduleku luzea!: gerria bigun ez zuen emakume lodi bat zen segalaria, baina heldulekua helduleku hura bazebilen.

 

Fertöszentnilos. Zabala, etxeak oso bakan ditu eduki ere; zaindua, mendiko herrien giroa dario; jaietan daude nonbait: zaldiko-maldiko ugari eta handi koloretsuak daude larrain batean.

 

Zoru handiko zapatadun asko ikusten da: txiki konplexua dute nonbait neskek. Arropa ere itsatsi itsatsita daramate, soineko zein prakak. Garai bateko ohiturekin hausketa egon da nonbait, arau moralak astindu beharra bizi du zenbait gaztek.

 

Fertod. Ze nolako iruzurra!, ziria sartu digu gutxienez gidaliburuak. Hungariako gaztelu handien eta ederrenetakotzat jotzen du, “Versalles txikia” deitzen omen zioten. Izan gehiago da jauregia gaztelua baino, handiz ere ez da beste mundukoa. Kanpotik ez da ezer: horma piloa leiho piloarekin, dorreak badu bere ezberdin ukitua, baia ez du ezer ederrik nabarmentzeko. Agian barrutik izanen da ederra: erdi hustua dago gaur egun, berrikuntza lanetan ari dira jo eta ke. Berrikuntza ostean eta parketxoa eginez agian dottore geratuko da, barrutik berriz ezarriko diote antzina zituen aberastasun eta edertasunak, erruz helduko zaio turista.

 

Ez zuela arrankatu nahi esan digu autoak Fertodeko geraldiaren ondoren: zorionez berrikuntza lanetako bi langile gaztek bultzaka lehenengo, ekarri duten kablez ondoren, jarri ahal izan dugu berriro lanean motorra. Gustura hartu dute eskupekoa inolako ezezko keinu edo itxurarik egin gabe. Gustura geratu gara gu ere, ez baitzen gozoa herritxo bakarti hartan autoa matxuratuta gelditzea.

Ondoren ez gara ausartu ere egin inon gelditzen, motorra nagi geldituko zaigun beldur: Soprongo garaje nagusiek ez dute lanik egiten larunbatez; azkenik aurkitu dugu lanean zegoen mekanikari gazte bat, baina hara non orain motorra beti bezain txukun jartzen zaigun abian: nola azaldu baina mutilari gertatu zaiguna. Arriskua geureganatu eta Sopronera egitea erabaki dugu.

 

Sopron. Zaharra, oraindik antzinakotasuna galdu gabe. Ez omen zuten bereganatu ahal izan ez mongolek ez turkoek. Bigarren Munduko Gerra ondoren hiriak eta inguruko 11 herritxok hungariar jarraitzea aukeratu zuten eta hala diraute: noiz ote euskaldunok erabakigarritasun hori, gerra bat behar ote da horretarako..

Ez da baina herri bihurria edo kiribildua: kaleak artez doazkio, bata bestearen pareko luzera zuzenean. Patxaran ibiltzeko herri atsegina, gogo biziz eta bero saparik gabe, nik ordea gorputzaldi astuna dut, bestalde matxura dela kausa eguerdi aldera heldu gara, ordu eta giro ezegokienean: baina hala ere erakargarria izan da bisita. Alde Zaharra txikia da. Hainbat eliza, bi sinagoga, patio sakon asko, fatxada eder, saltegi, armarri, zurezko ate, harrizko ateburu ugari; izurrite zutabe parea: barne plazakoa oso ederra da; harresi handiak berreskuratu nahian dabiltza, hiri barruan bertan.  Bada dorre berezi bat tontor batean, baita haize-errota ere, Gaztelakoen taxuko harrizkoa bere beso eta guzti. Merezi du bisita Sopronek.

Inguruan bada tximinia luzeko fabrikarik ere.

 

Poliki eta mantso dabiltza alemaniar igandezaleak, Alemanian bertan bizkorrak badira ere: agian nagusiak direlako hemen dabiltzan gehienak.

Atzerritar auto-bisitariz lepo daude saltoki aurreko aparkalekuak.

Odol gazteak ezinegona du berekin Hungarian ere, ezin eutsi aurreko tartean sartu gabe errepidean. Badira lan-furgonetak ere zulotxoz zulotxo aurrera egiteko eginahalean gidatzen dutenak, lana bukatzea amets edo.

 

Austriako mugetan, Austriakoak behar dute izan aurreko mendiak.

Gereziondo sail ikaragarriak: gereziak  biltzen ari dira.

Hilak daude herriak, ez da txirrindu bat bera ikusten, arimarik ere ez.

 

Csepreg. 5 ur-ponpa urdin!.

 

Tomord. Orduko 60ra mugatua dute autoentzako kale arteko abiadura: ezohizkoa!.

 

Hamabikote bat soldadu errepide bazterra miatzen kuarteletik gertu, zehatz miatu ere belar artea; mandoa gerizpean, eguzki galdan zebiltzan soldaduok. Tirokatu egin ote dute ba bertatik kuartela!. Hara non ba kuartela, hara non soldaduak.

 

182 kilometro. matxurak kilikatutakoak.

 

33 graduko hozberoa.

 

 

Ekainak 1a. Igandea.  41.a-H:25.a

 

“Soneto hautatuak”. Shakespeare – J. Garzia: “Zamaria, berriz,kexuz asperrik, / makalik doa, geldoene zamaz”. – “The beast that bears me, tiret with my woe, / plods dully on, to bear that weight in me”.   Hala doaz egunotan nire gorputz eta anima, trankazoaren baten pipiak jota.

 

Mugako lurraldea dugu azken ibilbidea. Bide motza gaurkoa. Nire sokak ere ez du eta asko gehiago luzatzerik.

Goiz-ordu honetan ez dira oraindik hasi etortzen austriarrak, baina hor dago zain kinkila dendateria.

Austriako muga-mugan gabiltza, muga bera ukitzen. Etxetxo pila mendi-muino luzean; urrutitik betiko tankerakoak dirudite, bertaratuz, bai herria osotara bai etxeak banaka, dotorexeagoak dira, zainduagoak, argiagoak: Austria hurbilaren eragina. Egituraz ere etxeok antz handiagoa dute Austriakoekin, estilizatuagoak, luzanzkagoak, teilatu gorrikoak denak, alaiagoak, dottoreagoak. Mugetako herriek kultura ere antzerakoagoa izan ohi dute.

 

Borzsok. Gona dotoretxoa soinean, zapia buruan eta poltsatxoa eskuan zintzilik, doaz emakume nagusiak elizara, ahalegintxoak eginda asteko giza gertakizun eta elkartze nagusira.

 

Bidaiako azkena izan daiteken zikoina, burdinazko borobiltxo gaineko habian.

Azken lautadak, bihar mendiartean izanen gara, kare-mendiz inguratuta.

Mahastiak, nahiz sail ez oso zabaletan.

Negurako su-egurra ebakitzen ari dira herri askotan, ebaki berria pilatuta oraindik, edo jadanik txukun tolestuta.

Gereziak saltzen dituzte errepide ertzean.

 

Eguerdiko 12ak eta 32 graduko hozberoa.

 

Koszeg. Zabala dager 14 mila biztanle besterik ez duen arren.  Herri koskortua izanik, baditu inguruan lauzpabost solairuko etxe sailak ere. Herri polita da, xarma du; nire gorputzaldia eta goizeko sapa egokienak ez diren arren, gustura ibili gatzaio. Bitxikeria bat du: hiru kaletan behintzat,  bata bestearengandik irtenago eginak daude etxeak, zerra egitura deitzen diote, erasoa zetorrenean, atzera egin beharra izanik ere, etxerik etxe kalea errazago gordetzeko asmatua. Parrokia aurreko plaza da esparrurik ederrena, bertan dago Hirutasunaren Zutabea, baina badira beste bi zutabe ere hirian, izurrite ugari izan zen nonbait hirian; plaza aurrean Errenazimenduko hiru fatxada xarmant-xarmantak; kaleetan irudiak, ateak, ateburuak, etxeak... ohi denez. Gaztelua, ehunka soldadu eta nekazari batzuk eutsi zieten 55 mila turkoei, hauek etsi zioten arte: zubia, hormak,  barruko plaza eta ostientzakoak geratzen zaizkio; jai eman diogu guk. Eliza, pagoda dirudi, erabat, osoki, marra eta marrazki lineal zuzenez pintatuta, deigarria da baina era berean ito egiten du; ordu oro dago meza, erruz doa jendea, eliza lepo dago, deboziozkoa, baina ez du abesten, ez du parterik hartzen, zutitu, belaunikatu esertzeko ez bada; kontsagrazio unean ze nolako txilin hotsa, dorreko kanpaiak ere jota hots; emakume nagusiak hemen ere poltsa eskutik zintzilika doaz elizara baina buruko zapirik gabe. Kanpandorre sendo bat bada kale artean, ez du elizarik inguruan baina mezatarako deitzen dute bere kanpaiek. Bi ur-ponpa urdin kaleartean: hauek iturri bihurtuta daude, bere zeregina betez. Erdigunetik at, nahiko kolorgetua dago dena.

 

Ugari dabil austriarra, eguerdirago eta ugariago.

Sarrerako kaleetan geriza eta loreak daude salgai, espaloi gainetan: salneurria jartzen du, norberak hartzen du behar duena eta ordaintzen dirua itsulapikoan sartuz, eta kitto.

Bi apaiz gaztetxo eta zahar bat eliza atarian, bere sotanatzarrekin: aspaldietako irudia.

 

50 kilometro, Hungariako azkenak.

 

4.793 kilometro, gehi biharko 15ak,  Hungarian egin ditugunak.

 

Musika ematen dute zuzenean igandetan, jatetxe xumeenetan ere, musika zaratatsu, bizi, italiarra, agian garai hori ezagutu ez zutelako sozialismoarekin. Dantza asko egiten du herriak, dantza arrunta, betiko “meneo” herrikoia. Zenbaitek kantuz ere parte hartzen du, baina builaka. Herri giroa.  Bederatziak aldera bukatu dira musika hotsok. Bihar lan eguna. Herriko jendea da hemen dabilena.

Hungariako lehen egunean, mugan, ikusi ahal izan nituen urteko lehen enarak; atzo eta gaur, Hungariako azken egunetan, ikusi ditut berriro hor goietan belartzan etzanda nengoela.

Katamixarra ibili zaigu, oso gertu, inguruan. Ze dottorea den. Badirudi naturak azken agurra eman nahi digula.

Amona mantagorri tamainako animaliatxo txikiak dabiltza kanpinean, piloka ibili ere. Amona mantagorri baino zapalagoak baina antzerakoak. Zulo handietan gordetzen dira, ez dakigu beraiek egindako zuloak diren ala sator zuloez baliatzen diren.

Tren hotsik ez dugu izan kanpin honetan.

Ez dugu Hungarian termometrorik aurkitu kaleetan edo botiketan, gureetan sarri aurkitzen den bezala. Hiri nagusi-nagusietako parkeko egurats neurtokietan bai bada horrelakorik.

 

Eta honenbestez bukatu zaigu Hungaria. Bagoaz bihar.

 

 

Oroitzapen nagusiak     

 

Lurraldea

Lautada, lautada, lautada... irudi eta oroitzapen hori izanen da batez ere Hungariatik eramango duguna, tarteka ubide eta erreten sakonak ur asko daramatela, muna garaia alboetan  uholde eta urak gainezka egitearen beldur.

Lurralde berdea, bertaratu ginen garaian, Ekainean berriz larutuz joan zaigu lurrazala. Lurralde laua gehienbat; padurari eta istingei lapurtutako lurrak dira Zapaldi Handiko eta Transdadubiako lursail asko: horregatik hain zapalak Holandan lez, horregatik ubide eta erreten sakonak urari lekua eman, drainatu eta lurrok erabilgarriak bihurtzeko. Eki Iparra da menditsua, bertan ere mendiak baxutoak dira, bostehun metro inguru  altuerakoak, mila metro alturako bat bera ere ez dago; basoa da mendi oro, pagadia batez ere. Lautadak bere lautasuna galtzen du tarteka, gora behera ugariz lurralde uhindua bilakatuz. Bi ibai nagusi ditu, Duna edo Danubio eta Tisza: biak zabalak, ederrak, ur askokoak, joan doazenak bere geldotasun itxuran; zama-ontzirik ez dabil bertan, eta inguruak ureztatzeko baliatzen dira beraiez. Laku eta istinga asko dago nonahi, eta badirudi garai batean lurralde osoa zela laku, istinga edo padura, drainatze bidez urari irabazitako lurra da zapaldi lurralde gehiena.

Eki aldeko pusta lurraldea aitatu behar, padura eta istinga, lastozko teilatudun etxe eta kortekin: lurralde bitxia, bai etxekeran, ohituretan... edo animalietan, bere lehengo bizimoldea erabat jadanik galdu duena.

Egurastia, klima: beroa gu egon garen bi hilabeteetan, Maiatz eta Ekainean. Hotza ere izanen da neguan, errepidea piko jartzean oholezko zein burdinazko sare laukiak daude tolesean pilatuta, izotza edo elurra denean errepidean jartzeko.

Bandera. Zuri-gorri-berdea da, baina inolako gurutzaketarik gabe, hiru koloreak jarraian neurri berdinean goitik beherako ilara edo sailean.

 

Gizartea.

Herri apala, xumea, bai jantzian, bai ibileran, portaeran..., kalean, saltokietan, dendetan nabari da. Baina ez da jende koipetsua, kanpotarrari edo turistari  ez dio ia begiratu ere egiten. Bere buruaz harro dagoen herria dirudi. Eskatuz gero, ematen ditu azalpenak edo argibideak, baina oso bere buruaren jabe, konplexurik gabe.

Azalera argikoak dira, ilehori asko dago; espero genuenaren kontra berriz ijito jiteko edo azalera beltzeko guti; zenbait herritan eta herri koskortuetako ertzeko auzo pobreetan bai ikusi ditugu beltzaranak, herri marjinatua dirudite hauek.

Pertsona nagusi asko dabil bizikletan, errepideetan ere, mandatuetara doana batez ere.

Herriko etxe, baserri edo kale baserri bakoitzak bere eraikuntzak ditu alboan, etxe ostean gehienetan, txabola edo zerbait antzerakoaren itxura dutenak, zeregin bakoitzerako txabola bat: oilategi, biltegi, ale-biltegi, tratu-leku..., eraikin multzoa osatzen dute.

 

Jubilatuak. Ez dago jubilatu talderik, ez jubilatu bakartirik, ez herrietako plazetan ez eliza-aurretan. Nagusiak, adinekoak badaude egon, baina zerbait egiten agiri dira beti, soroan, etxe-bueltako baratzean, bizikletan, oinezko ibilian kaleetan...

 

Janzkera. Minigona oso modan dago, erabil-erabilia da, beheko ertza oso goian dabil gainera;  gureetan baino askoz ugariagoa eta motzagoa da, praka motzak ere motz-motzak dira, ipurdi-masailak agerian uzten dituztenak; bainujantziak gehiago ezin motzagoak eta laburragoak dira, erretenak estali eta ezer guti gehiago;  badirudi sozialismo garaiko eta elizaren moral arauen ondorengo erantzun-jokabidea dela; iragan gizarte baten jokamoldeak hausten ari dira, bide berri batzuk urratzen hasiak dira gazteak. Praka zein soinekoak gorputzari erabat itsatsiak daramatzate, garai bateko arau moralak astindu nahian edo. Oinetakoak: zola lodi-lodiko oinetako beltzak ugariak dira nesken artean, txiki konplexua dute nonbait.

 

Ezkontzak:  Ezkontza pila ikus daiteke larunbatetan edonon, Debrecenekoa izugarria izan zen. Txanda egiten dute eliza guztietan. Autoak erabat dotoretzen dituzte, baita katxarro zahar eta furgonetak ere; ilaran doaz kaleetatik tutu hotsez biziki nabarmenduz.

 

Komertzioa. Badu Europakoen antzik, badira saltoki handiak, baina harrokeriarik gabekoak dira hauek, erraldoiak ere apalak, xumeak, bai langileen bai egituraketaren aldetik, herrikoagoak, puztukeriarik gabe, neska saltzaileak ere ez dira tipo itzelak dotore edo txukun-txukun uniformatuak.

 

Komunak. Gureetakoen ezberdinak dira, bai katilua bai ureztatzea: katiluek zapalgunea du erdian, zulo aurretik, non gelditzen den plastada osoa; urarentzat ez da biltegirik, zuzenean zabaltzen da tutu zabala, indar betean dator ura  eta komun-zuloa garbi dagoenean zeuk ixten duzu giltza.

 

Izozkia. Izozki saltoki pila dago; zapore anitzeko izozkiak daude, prezioz merkeak, erdi prezioan guretzako. Erruz jaten du jendeak, hainbat jende dago uneoro kalean izozkia mihiztatzen hiri nagusietan, herri txikienak ere badu bere izozki eskaintza. Carta d´or ezagunak saltoki-gune ugari ditu denean.

 

Buffé. Sarri agertzen den hitza: txosnatxoak dira.

 

Bidezainak: egonean edo traban gehienetan, hemen ere; lanean ez dute inolako segurtasun neurririk hartzen, kamioi eta makinek jartzen dute alboratzeko aholkatzen duen gezi urdina atzean eta han ariko dira lanean errepide erdian, hor konpon datorrena aurretik datorkion alderantzizko norabidekoarekin.

 

Hilerriak: itxiturarik gabekoak  dira, burdina-hariko hezia dute gehienez, ezer oztoporik ez balego lez, hormatzarrik gabe. Beldurrik ez baliote bezala heriotzari, gertu-gertu dituzte hilobiak, begi-begi bistan. Hilobi bakoitzak lorategitxoa dirudi sarri. Ikusi dugu hilobi berezirik ere, zurezko taket landuak zituela hilarrien ordez. Denetik dago egon, gureetako dotorea ere, baita zirrara sartzen duen hilerri xume-xumea mendi magal batetan.

Zenbait herrik bi hilerri ditu, hiru ere: katolikoena eta kalbinistena direla uste dugu. Izan da inolako gurutzerik eta erlijio ikurrik ez zuen hilerri bat ere: agian zibilez ehortziena. Heriotzan edo heriotza ondoren ere jainkoak eta fedeak banatu egiten ditu pertsonak, bi zeru eta bi infernu ote ba?. Nork esan zuen heriotzak pertsona oro berdintzen duela!.

 

Polizia. Polizia guti ikusi dugu: Behin, Pápan, gazte bat atera zuten furgonetatik eta udaletxera eraman, kale-kalean, kalea zeharkatuz; eskuak lotuak zituen gazteak eta txakur batek pare bat metro luzerako larruzko uhal batez gordeta eraman zuten.

 

Anbulantzia asko dabil errepidetan, baina adar-hots eta ulu urduririk gabe. Agian ez dago anbulatoriorik herrietan eta gaixoak herri nagusietara eramaten dituzte.

 

Dendateria ere xumea da, salgaietako zein dendetako itxuraketa eta apainduran, ahalegintxoak egiten badituzte ere itxura ontzen.

 

Museoak: herri txiki askok ere badu berea, koskortuek berriz denek, herri handiek pila; herriko historia kontatzen dute, edo/eta herriko aurkikuntza etnografiko arkeologiko eta antzerakoak erakutsi eta azaltzen dituzte.

 

Hizkuntza.

Ez omen latinoa, baina italiar doinuaren antz handia hartzen diogu; CS, SZ, Y... bertako letra propioa dute, gure bustiak edo ts eta parekoan antzera, azentuera ezberdina da, eta ezberdina dela igartzen zaie... nabaria da ahoskera ezberdin berea dutela, hainbat hots ezberdin bitxi ere; idatzitakoa ahoskatzean jabetzen gara batez ere.

Zenbait herri eta herrialdetan bi hizkuntzatan ageri dira herri izenak behintzat, agian beste zenbait iragarpen ere bai: gidaliburuak dioenez mugaldetako herrietan gertatzen da hori, mugaz handik  gutxiengo emigrante talde nahiko hazia dagoenean; baita ijitoak ugariak diren zenbait herri eta hiritan ere; tokian tokiko gutxiengo horietako bakoitzaren hizkuntza da  bigarren hori.

Turista-gune bereziren batean ez bada  ez da inolako iragarki, aholku, adierazpen edo azalpenik hungariera ez den beste hizkuntza batean; hungariera erabiltzen da ia soilik, museoetan ere.

 

Hezkuntza

Herri koskortu orotan ikus daitezke dendaren bateko erakusleihoan  ikasketa bukaerako koadroak, ikasturte eta ikasgai berdineko ikasle guztien argazkiekin, sarri ikasketa gaiarekin lotzen duen ezaugarriren bat jarriz: horrela jakin izan dugu arkitektoak, farmazeutikoak… direla: izan zen koadro bat non neskak ziren denak eta denek marinelen lepoko zapi karratu urdinarekin agertzen ziren:  ze ikasketa lotu daiteke lur barruan itsasoarekin?.

Egunero, edozein herritan, herri txikienean ere, eskolaume koadrila dabil, gela berdinekoak gehienetan, bere irakaslearekin, ilaran kalean zehar. Eskolaz kanpoko ekintza asko burutzen da nonbait.

Asko dira ikasturte bukaerako txangoan dabiltzan ikasleak, ikastetxe osoa askotan,  baina talde bakoitza bere irakaslearekin. Kanpinetan daude asko. Bihurriak eta zaratatsuak, egonezinean ohi denez. Polita da gogoratzea ume ezberdinen jokamoldea eta portaera, bakoitzaren izaeraren arabera, baita irakasleen jokabide ezberdinak ere: errepikatu egiten dira giza konstanteak.

 

Herriak

Budapest zerbait ezberdina da, beste mundu bat.

 

Hiri zein herri koskortuetako erdiguneko kaleak bizi-biziak dira, jende asko dabil bertatik edo jende asko dago bertan, erosketan batzuk, kontu-kontari besteak.  Gazte jendea da batez ere dabilena edo dagoena. Inurritegia dirudite sarri kaleok astegunez, igande eta larunbat arratsaldez berriz mortuak dira.

Zenbait herri txukunagoak dira, zainduagoak... baina ez dirudi diruaren arabera dagoenik txukuntasun hori. Bada lagia den herririk ere.

Badirudi etxe bakoitza arduratzen dela bere etxaurreko garbitasun eta txukuntasunaz, ikusi dugu hainbat jende etxaurreko kale-errepide bazterrean lora sartzen edo inguruaren kargu hartzen.

Herri gehienek dute bide-gorria oinezko zein txirrinduentzat, errepidetik albo, etxaurretatik zehar. Hainbat bide-gorri dago herritik herrira ere.

Iparraldean jabetu gara, beraz ez dakigu hegoan dagoenik: etxaurretan, bospasei etxetarako, ura ateratzeko ponpa urdinak daude: nabaria da ur-tuteria sare zabala eraiki zela etxeetara ura hurbiltzeko, izugarrizko aurrerapena seguru aski. Ugariak dira ponpok zenbait herritan, zenbaitzuetan bakarra, izan zela testigu, ezaugarri, iraun duen bakarra.

Herrietan ez dago abiadura mugarik, ezta errepideak herria zeharkatzen duenean ere, agian berenez lasi eta kontuz gidatzen dutelako hungariarrek, ez dago ere, Eslovenian bezala, inolako oztoporik astiroago joanarazteko. Zenbait herritan gauez mantso joateko agindua aurkitu dugu, gauerako abiadura-muga, orduko 40koa.

 

Gazteluak.  Asko dira, ohi denez. Borrokan egon da beti herri hau ere: ohi denez. Erromatarrak, barbaroak... ezkerreko barbaroak 2. Mundu Gerran eta ostean... Lautadan ere badira gazteluak, baina Iparrekoak dira ezagunenak. Museo dira gaur egun zut iraun dutenak.

 

Upategiak. Agian gorde-zuloak dira. Mahastia dagoen anitz lekutan ikusi ahal izan ditugu, lurpekoak, tontor, konkor edo bizkar luzea ateratzen zaio lurrari azaletik gora, borobil tankeran; arnasbidea dute, baita atea ere zut lurrazalean: pikoa behar du beherakoa. Diotenez kilometrotako zuloak dira lurpeotan.

 

Ur-biltegiak. Herri gehienek dute ur-biltegi garaia, bola zuria tantai garai baten gainean, urrutitik ikus daiteke zuhaitz artean gehienetan teilaturik, sarri kanpandorrerik ere,  ikusten ez bada ere.

 

Maiatza. Hegoaldean aurkitu genuelakoan gaude, mugatik gertu, baina ez gaude ziur. Agian Esloveniakoarekin nahasten zaigu oroipen hau.

 

Erlijioa.

Mezak: Elizak beteta daude meza orduetan, jendeari garai bateko errespetua ezagutzen zaio mezatan, nabaria-nabaria da meza-entzuleen portaeraren ezberdintasuna elizako egokeran eta portaeran, azalgaitza baina agerikoa elizan meza orduna sentitzen den giroa. Txilin hotsak, korupekoak ere belaunikatzea kontsagrazio garaian... errito zenbait oraindik diraute....

 

Jaunartzeak:  Igande batez tokatu zitzaigun jaunartze giroa bizitzea: neskak zuriz jantziak, mutilak traje berdexka edo gris-berdexka batez, erabat nabarmentzen dira neska mutilak; bazirudien ez dela oraindik bazkaririk edo lagunarte-familiarteko bazkaririk egiten; gurasoak semeekin geratu ziren eguerdian, bakar-bakarrik.

 

Elizak.  Bi eliza dago ia herri orotan, Iparrean behintzat, kalbinistenak eta katolikoenak direla uste dugu, baina ez diegu antzik ematen zein den zein, agian Amabirjinarik gabeko Kristoak dituztenak dira kalbinisten elizak; barrutik berriz nabarmena da berezitasuna, protestanteek edo erreformatuek pulpitua dute elizako ardatz, katolikoek berriz aldarea; eliza protestanteek ez dute santu-irudirik, katolikoek aldiz ugari; eliza katoliko bakoitzak du bere berezitasuna, bere osagai berezi edo aldagaia, baina badira zenbait gai komunean: ganga denak freskoz dotoretuta daude; bankuteria erabat sendoa da, landua eliza askotan; pulpituak handiak dira, non sarri ageri den fraide edo apaizaren besotzarra gurutzea eskuan duela pulpitu barrenetik ateratzen dela. Zutoihalak: handiak; txikiak badira ere hiruk eramateko hiru makilez gertatuak daude.

 

Kanpandorreak: luzeak eta zorrotzak, bada xumerik ere. Urrutitik ikusten dira zuhaitz artean ur-biltegi bola zuriarekin batera.

 

Gurutzeak: Gurutze asko dago herrietan, herri bakoitzak du gutxienez bat, sarreran zein herri erdian edo plazan, harrizkoak dira, garbi-garbiak daude, eta Jesukristok Amabirjina du oinen behe aldean. Iparrekoak gurutze berri-berriak dira: badirudi sozialismo ondoren egin zituztela, edo Estepinakek gurutze eraikitzearen bidez egin zuela gobernuaren aurka, egon zela lehia bizia elizaren eta gobernuaren artean gurutzeen bidez ere nabarmendu zena.

 

Kanpinak.

Berdegune edo parke ederrak dira, bertan dena da txori-kantu, belar guri zaindua eta zuhaitza. Kanpinek ohi duten osagai oro dute, baina sarri hondatuxeak daude, kolorgetuak, nabari zaie ederrak izan zirela berritan.

Kanpin orok ditu etxola mordo bat, alokatzeko prestatuak; nahiko merkeak dira, gureetan baino merkeagoak. Ez dago garbigailurik.

Agian goizegi gabiltza, Ekainaren hasieran prestaketa eta txukuntze lanetan dabiltza oraindik, hemen beranduago hasten da udako oporraldia.

Ia ez dago kanpinean etxatoia urte osorako edo epe luzarorako finko jarrita duen hungariarrik. Aldiz, jendea erruz dator etxolak alokatu eta asteburua bertan egitera, bikoteak batez ere. Ikaslea ere sarri aurkitu dugu kanpinetan, gau batera edo birako  etorriak, txabola dutela ostatu hotelaren ordez. Atzerritarretatik alemaniarra dabil batez ere, baita holandarra ere, baina gutxiago.

 

Komunikabideak:

Gasolina, garestia da.

 

Errepideak:

Lurralde laua, zapala, izanik, ez dira artezak errepideak, agian ura drainatze lanek ezartzen dute nondik norakoa, edo istinga inguruko lur garaiagoetatik, lur lehorrenetik egin ziren eta egin dira errepideak.

Zuhurrak dira gidatzen, kontuz dabiltza, abiadura zentzuduna gordez, aurreratzeetan tentuz ibiliz... betiko harroputz urduririk ere badagoen arren batez ere auto handidun ondo-bizi itxurakoen artean. Ez diote oraindik beldurrik galdu errepideari, ez dira oraindik jarri auto berrietara, agian auto zaharrekin astiro berez edo nahitaez ibili beharrezko ohitura ez dute oraindik galdu.

Errepide  sarea ona da, baina zorua hondatua dago, gurpilek erreten leuna sakondu dute, tarteka adabakiak daude, bestetan berriz erabat hondatua dago zorua. Trailer eta kamioi handi guti dabil, dabilena bertako petoa, bi zatikakoak, atzeko erdia atoian daramatenak; errepide lanetan bada hemen ere gutako kamioirik, badirudi errepide lanetarako kolore ofiziala dela edo amerikar etxeren bat bere kamioa inposatzen ari dela hemen ere.

Sakona eta zabala da errepide ororen alboko erretena: ur asko dago eta drainatu egin behar da edo euri asko egiten du; herrietan etxe bakoitzak du zubitxo edo pasabidea erreten gainetik.

Errepide ertzean zuhaitzak daude, errepideoi etorbide jitea emanez. Mota orotako zuhaitzak dira, makalak, urkiak, ... kilometro luzeetako intxaurrondoa egin zitzaigun agian deigarriena.

Errepide nagusiak argi eta egoki iragarrita daude, zenbakiz eta izenez. Herri barruan izaten ditugu arazoak eta eragozpenak herritxoetarako herri-bideak bilatzeko, errepide nagusiko bidegurutzera arte ez baitute herritxoetara biderik aitatzen.

Autobideak. Ordaindu beharrekoak dira, Europa mendebalean lez. Baina badira 2 autopista, M1 eta M5, non txartel bat hartzen den, autoaren haizetakoan itsasten da eta ez duzu ordaindu beharrik autopista 9 egunetan; nahiko merkea da ordain-kopurua, sarreran iragartzen dute txartela behar dela, “matrika-vignette”, bi hizkuntzatan; Budapestera irteeran soilik izan genuen kontrola, txartela sartu behar izan genuen makinan, bestela ez da inolako kontrolik, irteeran iragartzen dute kontrola, baina polizia bakarra ikusi genuen, behin, bakarren batzuei txartela eskatzen. Hesi-sareko hesolak egurrezko taket sendoak dira: entresaka osoak egin behar izan dituzte basoetan. Estatuaren autobide merkeok nahiko zerbitzugune dute, zerbitzu denak ez badaude ere denetan;  orokorrean denetik dago zerbitzuguneotan, egonlekuak, telefonoa, komunak... Ordaindu beharreko autobidetan berriz gasolindegiak dira zerbitzugune, inolako apartekotasunik gabeko arruntak.

 

Trenbidea: errepide ororen paralelo doa, errepide ororen alboan aurkitu dugu ferrokarrila: badirudi ferrokarrilez egiten dela oraindik garraioa, Ekialdeko herrietan ohi zenez.

Trenbide-gurutzeetan ez dago langarik, bakarren bat ikusi badugu ere; semaforoa da soilik galarazteko agindua edo ñirñir-kako argi larua arreta eskatuz, noizbehinka oztoporen bat errepideko zoruan trenbiderako zati hurbilean abiadura motelarazteko, baina oso gutitan aurkitzen da hori. Zer ote diote estatistikek istripuei buruz?.

 

Tranbia: hiri orok du tranbia.

 

Auto zahar asko dago, batez ere herrietan eta herri inguruetan, baina baita hiri handietako kaleetan ere; gazte askok darama sozialismo garaiko autoa, zaharra eta zaharkitua jada gehienetan. Auto berria ere ugaria da; mendebaleko marka ezagunen tailer eta garajeak nonahi daude, batez ere hiri handietako inguruan edo sarreran.

Oso lasaiak eta zentzudunak dira gidaketan, ez daramate abiadura bizkorrik, eta kontuz egiten dituzte aurreratze eta gainerako eragiketak.

Argia beti piztuta eraman behar da, baina gidariek ez digute aditzera ematen despitatuoi, Eslovenian bezala.

 

Nekazaritza

Herri nekazaria, lurralde osoa da lur landua.

Fruta-arbolak: pila dago  herri guztietan, etxaurretan, etxe-bueltako esparruan zein kalean bertan: gereziondoak, sagarrondoak, intxaurrondoak, madariondoa... urritxa da guti ikusi dugun fruta-arbola. Etxerako behintzat egiten dute: seguru aski beste ekonomia eta beste aldi batzuetako oroigarriak edo hondarrak, estruktura egitura ezberdineko hondarrak eta jarraipena.

Nekazari asko ateratzen da errepidera, saltoki eta denda aurrera ere, baita herriko azokara ere, geriza saltzaile, etxeko ustari irtenbide bat atera asmoz.

Barazki mota oro dago salgai herri koskorretako azoketan, nekazari xume peto-petoak dira saltzaileak, emakume nagusiak gehien bat: Eibarko azokako emakume baserritarrak ditugu gogoan.

Gurdiak. Lau gurpileko aspaldiko gurditxoak oso erabiliak dira oraindik, Hungariako ikurrak ere badira ia: jatetxe, saltoki, etxe dotore eta antzerako lekuetan erabiltzen dituzte apaingarri gisa; egin berriak dira agian, baina oso polito egiten dute, dotoregarriak dira, girotu egiten dute ingurua.

Artajorra: aspaldietan ikusi gabe nuen: banaka, binaka, edo familia osoa edonon ikus daiteke oraindik artajorran, eskuz aitzurtxoarekin, ilaraz ilara eguzki galdan; zirrara sartzen du tarteka pertsona bakarrak, txindurria irudi, arto-sail izugarri zabalaren erdian. Bakarrak zein bikoteak, nagusiak dira gehienetan, koadrila denean, bada gazterik ere.

Garia eta artoa dira uzta nagusiak, galsoro eta arto-sail  izugarri zabalak. Intxusa ikusten da asko, errepide bazterretan zein soro erdian argindar tantaien ipurdia loratuz. Mahastia, ugaria da, harro dago hungariarra bere ardoez: bertako ardoen eskaintza ugaria da dendetan; muino malda genienetan dago mahatsondoa, zenbait lurraldetan malda oro da mahasti, eguteran beti, malda erditik behera barreneraino. Ekilorea, ugaria da, baita zer den ez dakigun lore moredun mastra berdea ere, izugarrizko sail more-moreak osatuz. Bada ere mitxoletaren antzeko tarteka more ukitua duen lore zuria, zotz luze baten buru dena; lora bilakatu aurretik tipularen antzeko burua du; asko dago bai sail erraldoietan bai etxe inguruko sail txikietan ere, zerbait pentsurako, animalien jangarriren bat, izan behar duelakoan gaude.

Segak: bat bakarra ikusi dugu gureetako bi heldulekudun antzerakoa: kirten luzea dute hemengoek, heldulekua berriz kirten erdian soilik; sega bera gureetakoa baino txikiagoa da, motzagoa eta estuagoa; sega-potea animaliren baten adar egokitua, fraideari ikusi geniona behintzat.

 

Xehetasunak.

Hilerako laka, pilak, argazki karreteak, ... garestiak daude edo turistoi ziria sartzen digute. Zaila da yougur gaingabetua aurkitzea, ia ez dago, gehienez marka bakarren batek egiten du.

Alkoholik gabeko garagardoa bila daiteke dendetan, eta gustu onekoa da.

Ikusten da, baina ez asko, sakelako telefonoa: laster hasiko dira hemen ere miruak lez konpainia handiak merkatuaz jabetu nahiz, eta politiko alderdiren batek gizenduko du poltsa.

Ejerzitoa: ez dugu ejertzitoaren presentziarik nabaritu, ezta kuartelik ikusi ere, mugako Sopronekoa ezik, ezta soldadurik ere, fardelarekin etxera edo etxetik zihoan bakarren bat ezik.

Europa Mendebaleko ezaugarri guti dago, Mc Donaldl eta auto marka ezagunen saletxe eta tailerrak ezik.

Zikoina. Pila, edozein herrialdetan. Zenbait herritan burdina-harizko xafla borobila jarri diote argindar tantai puntan: bertan egiten dute habia, herriko errepidea den kale nagusian gehienetan, tximiniaren batetan ere ageri da bakarren bat. Padura eta istinga inguruetan nabarmentzen dira gehien, baina badirudi herri bakoitzak egiten diela habigintzarako delako borobila, badira herriak borobil mordoxka jarri dietenak. Borobil orok du bere habia eta habi gehienetan ageri da zikoina.

Botikak. Oso apainak dira farmaziak, bitxiak, gainera, asko.

Ardoa. Harro daude hungariarrak beraien ardoaz. Sekulako mahasti sailak dituzte, mendi-muino malda gehienak iramahasti, beti eguteran. Denda eta saltokietan bertako ardoa saltzen da batez ere, gureetan nafarra, Gaztelakoa edo Errioxakoa bezala. Salneurri guztietako ardoak daude, gureetan bezala. Zapore oneko ardoa da.

Janaria. Ezer guti esan genezake. Haragia da batez ere eskaintzen dena jatetxeetan, bertako ibaiko arraina ere presente dago menuetan. Esperientzia txarra dugu jatetxeei buruz, hizkuntza arazoa medio, zerbitzariak nahi duena jan izan dugu azkenik, eta ez beti gustura: hobe dugu ahoa gozatzekoa Euskal Herrirako uztea eta bidaian etxetik ekarritako gure betiko janariaz elikatzea.

Egunkariak. Ez dugu Espainiako egunkari bat bera ere aurkitu Hungaria osoan, ezta Budapesten bertan ere. Ez dabil Espainiarrik hemendik nonbait.

Hegazkinak. Ez dugu ikusi hegazkinik Hungarian azken egunotan kanpinean zeru urdinera so jarri naizen arte. Ez dugu aireporturik ere ikusi, ezta iragarrita ere, Budapestekoa ezik. Planeagailu eta antzerakoak ikusi genituen behin belartza zen lautada zabal batetan.

 

Hungariakoak egin du.

etiketak: Bidaiak 2000
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.