Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / LIBURUAK 7

LIBURUAK 7

Jon Etxabe 2022/03/06 16:15
Aingeruaren pribilegioak. Dolores Redondo Arrakastaren aparrak. Iñaki Irasizabal Atezainaren larria penalti-jaurtiketan. Peter Handke Barkuen hilerria. Francisco Castro Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama. Alain Agirre Dendaostekoak. Uxue Alberdi Denok gara Google. Etxaniz Xabier Distira eta alderantzia. Joxean Agirre

Aingeruaren pribilegioak. Dolores Redondo

“Aingeruaren pribilegioak” Pasaiako portuan zegoen ontzi txiki baten izena da, baina protagonistak berak barnean daraman aingeruaren, izaeraren, sinbolo bihurtzen da.

Bere buruaz beste egiten ahaleginduko den emakume baten istorioa.

“Orain” eta “Orduan”, bi alditan banatutako kontakizuna, umezarotik nerabetasun eta nagusiarora jauzia.

Istorio latza haurtzaro jostagarri baten ondoren.

Neska koskor baten bizipen oroitzapen eta gogoetak datoz lehen zatian, haurtzaroa bere konplexutasunean; bigarrenean neskatilaren bilakaera nagusitzerakoan, izaera konplexu bateko emakume  baten gorabeherak.  

Introspekzioan dabil bai protagonistaren kontakizunean bai kontaera osoan.

Barne mundu ezezagun berrietara zaramatza, emozio eta sentipen ezberdinetara.

Umearen eta nagusien barne mundua, nagusien artekoa ere, bere kontrajarritasunean, elkar ulertezintasunean.

Pertsonen zirrikitu posibleez hausnartzen, besteekiko begirada aldatzen laguntzen du. 

Duela askoko gizartea islatzen du: eskola, etxea, Pasaiako ontziola, Donostia, ezkontza-bortxakeria, amesgaiztoak, psikiatria, amatasuna, zahar-etxeak…

Kontaezin zehaztasun erakargarri.

Ez du ezer itxuraz garrantzitsurik, ez du trama edo sare adartsu korapilaturik, baina arrasto sakona du, lur azpiko korrontea dabil kontakizunean.

Irudiez  baliatzen da egitura literarioak borobildu eta esanguratsuagoak egiteko, erruz darabiltza irudiok.

Luzatu egiten da egoeretan, pertsonaian sakondu nahian eta literatura egin asmoz.

Paralelismo kilikagarriak zenbait esaldietan, jolas eta joko literarioak.

Hiztegiari errepaso on bat emateko aukera.

Oso landua, oparoa, irudi, izen, adjektibo, aditz, osagai eta zehaztasun pilaz.

Itzulpenaz hausnartzen duzu, jatorrizko testuaz erkatu nahiko zenuke, hitzen eta adjektiboen aukeraketaz jabetzeko.

Tokatzen den bezala, amaiera ustekabekoa du.

Ezin duzu jota-pasan irakurri hainbat ukitu gozagarri galduko zenituzkeelako.

Merezi du sarrera ere irakurtzea: norberaren herria maitatzeaz, lutoaz eta minaz ari da.

Literaturaz gozatu nahi duenak, gustura irakurriko du.

 

Arrakastaren aparrak. Iñaki Irasizabal

Suspensea ardatz duen narrazio labur bat.

Hilketak, hilketa horien egileak eta zergatia…

Puzzle zail samarra, ez dio eredu ohiko bati jarraitzen, eta tesela bakoitzaren ertzak aurkitzea ez da beti erraza.

Amaiera ahul samarra ematen dio kontakizunari, protagonistak indar gutxi du aurrez azaldu duen barne borrokaren ondoren, ez du barne egonezin hori gorituko duen garrik.

Esaldi laburrez idatzita, kapitulu askotan banatua, estilo bizi eta irakurterrazean.

Ez du literaturarik egiten, ez du esaldi landu eta bitxikeriarik.

Literatura ikuspuntutik, gogoetarako aukeratik ere, ez du ezer erakargarririk eskaintzen.

Badu, baina,  ukitu jabetzekorik tarteka

Denbora-pasa atsegina izango da generoa gustukoa duenarentzat.

 

Atezainaren larria penalti-jaurtiketan. Peter Handke

Bere ustez lanik gabe utzi duten futboleko atezain bat da protagonista, etenik gabeko handik honakoan ibiliko da.

Atezainaren aipamen gutxi batzuk besterik ez dago, libururen bukaeran futbol zelai batera joanen da eta penalti batekin bukatuko da kontakizuna.

Jende pila batekin hitz eginen du, logika gutxiko gaiez gehienetan.

Bere herrian ibiliko da, lurralde galdu batean ere…

Narratzaile batek kontatzen ditu protagonistaren ibiliak.

Zehaztasun osoz kontatzen du protagonistaren pauso bakoitza, baina kontatzen hasi orduko mozten du eta beste pauso bat emanen, jauzika doa, handik hona, batekin orain eta beste batekin jarraian, inon finkatu ezinik, helburu zehatzik gabe, deserrotutako pertsona bailitz.

Iradokiz  bezala eskaintzen du egoera, gertakizun edo ekintza bakoitza.

Itxuraz loturarik gabeko kontaezin pintzeladaz egindako koadro bat dirudi, begirada orokor batez irakurleak asmatu behar du esanahi osoa.

Egunero gizartean gertatzen diren, eta gizakiak bizi dituen xehetasunez eta txikikeriez ari da.

Hilketa bat ere egonen da.

Kontrazalean dio gizakiaren noraezeanaren argazki bat dela: baina kontakizun arraroa egiten da, errepikakorra, aspergarria ere, agian hala da gure gizartea, egunerokoan ez bazaigu hori iruditzen ere.

Ez du atalik ez tarte zuririk, joaldi bakarrean dago liburu osoa, tarteka sartzen du bi lerroko elkarrizketa bat. Paragrafo laburra ditu gehienak, baina bada orrialde osokorik ere.

Esakuneak ere laburrak dira

Estiloa berak ekintza laburrez osaturiko gizakiaren bizitzaren sinboloa dirudi.

Bizitzaren erritmo ezberdinak adierazi nahi ote.

Harribitxi bat da orokorrean begiratuta, esanahi hori estilo horretan mamitzen duelako, baina orriz-orri irakurtzeko zaila, errepikakorra, luzea eta aspergarria ere, agian bizitzaren antzerakoa.

 

Barkuen hilerria. Francisco Castro

Uderri bateko jauntxokeriak eta honen ondorioak.

Atal laburretan egituratutako narrazioa, tarteka kontrapuntu edo osagai bezala egunkari bat.

Suspensea darien uda oporretako gorabeherak

Pertsonaien barnean sartu nahi du, gai ezberdinez hausnartu, baina erabat azalean geratzen da, oskola soilik zulatzen du, gizakian barneratzeko ahalegin hutsala.

Hainbat gai ukitzen ditu, kontakizunaren arabera, azaletik, sakonak arren: gerra garaiko jauntxokeri eta gehiegikeriak, maitemintzearen zirrikitu korapilatsuak, matxismoaren ikuspuntu zenbait, gerra zibila, guraso eta seme-alaben arteko harremanak, liburutegiak, kultura egarria, gazteak, jauntxoa, droga, Google, etxegintzaren gehiegikeiak…

Irakurleari berenez sortu ohi zaizkion gogoeta ohikoak, inolako ukitu berririk gabe.

Sermoi morala dirudi tarteka.

Ez dabil inolako  tximeletarik kontakizunean.

Gai potoloak dira, baina ez  zaitu barnetik astintzen, ez eragiten ere.

Istorio kilikagarria asmatu du, liburuaren egituraketa egokia da, arazoak kilikagarriak dira, baina ez du sare sendorik ehundu, erdizkako kontakizuna atera zaio.

Betegarri eta errepikapen asko du, jo eta pasa irakurtzera bultzatzen zaituena, ez duelako kontakizunak ekarpenik, ezta literatura aldetik erakargarritasunik.

Landare erakargarria landatu du, fruitua espero zitekeen, baina ez zaio fruitu hori  heldu, halaz ere izan daiteke denbora-pasa atsegina.

 

Bi aldiz erditu zinen nitaz, ama. Alain Agirre

Hiru parte eta epilogo dituen kontakizuna: erditzea, umezaroa, gaztaroa  eta bukaera.

Amak gaixoaldi larrian zainduko du alaba: bigarren erditzea, hortik izenburua, erditze berri bat bezala dira ama-alaben harreman ezberdinak.

Egunero erditzen da ama biziberritzea dakarkiolako alabari

Alabak amari zuzentzen dion bakarrizketa

Neska baten bizitzaren kontakizuna umezarotik nagusitu arte era berezian emana.

Idazlea, neska,  beraz erditzea bezala da liburu osoa, bere burua erditu du idatzi honekin. bere barne zidorretan dabil.

Haurdunaldi eta erditze baten kronika, erditze eguneko gogoeta eta bizipenak.  

Familiako gorabeheran murgiltzen da, sentimendu ezberdinen koktel aparta, sentimendu eta iritzi kontrajarriak, mila eta bi zehaztasun kilikagarri.

Iritzi kontrajarriak kontrajartzen ditu.

Kontakizun dramatikoa da, iluna, nolanahi une latzak dauden arren  lauso, bare, normal doaz.

Bukaera itxaropentsua ematen dio, argia dago bukaeran.

Gai askoren artean: ume baten bakardadea, nerabe baten ibilbide korapilatsua,  gaitz psikikoak, amatasuna, erditzea, gaitz psikikoa, gurasoekiko lotura eta harremanak, bizitza, terapiak…

Pertsonaien argazki sakona egiten du.

Giro berezi bat lortzen du kontakizun osoan, ez da poetikoa baina bai errealitatetik haragokoa.

Ez du trama bat, bai batasun bat, atal bakoitzak jakin-mina sortarazten du.

Dotorezia du idazkeran.

Irudiz hitz egiten du, indar berezi bat emanez kontakizunari.

Paragrafo laburrez idazten du, 100 zati ditu, oso laburrak denak, horrek bizitasuna ematen dio irakurketari, irakurketa bera erraztuz, gaia arindu leunduz.

176 orrialde ditu, baina zuriune asko dituenez testua ez da hain luzea.

Sinonimoak edo osagarriak  izan daitezken  hiruzpalau hitz, izen, adjektibo, aditz, esaldi ere… jarraian jarriz, baita berdintsu hasiz hainbat paragrafo, azpimarratzen du ideia bat, edo giroa sortzen, baita nolabaiteko kadentzia ezarri ere kontakizunari: “bakarrik ilun hotz mindun triste”, “ulertzen onartzen maitatzen”, “beti beti beti”, “teila harri ohol untze egur”, “luzatuz lodituz handituz”… 

Hitz-joko atseginak egiten ditu: joko-josteko…

Herri-herriko esaldiak, bizkaieraz, ia argota dirudienak, ahoskerara moldatu edo batuak.

Barne giro berezia behar da irakurtzeko, patxada hartu bide berri bati ekiten zaionean bezala nora eramango ote.

Sintonizatzen duenak gozatuko du irakurketarekin.

 

Dendaostekoak. Uxue Alberdi

Bizitzari eta gizarteari buruz irizpide propioa duten bi ahizpa denda baten jabe eta bertako dendari Elgoibarren.

Denda bitxia da, bi ahizpa dendarien filosofia eta bizitzaren ikusmoldea erakusten du.

Dendako eta herriko mila zertzelada, gertakizun bitxi ugari.

Anekdota, gogoeta eta esperientzia xumeak dirudite, baina esanahi sakoneko errealitatea erakusten dute, bizipen sakonen bizimaila.

Gai pertsonalak, herrikoak, familiakoak…: familiako zehaztasun asko, gurasoak, bikoteak, ahizpa bien gorabehera pertsonalak… gehienetan ezkutatu nahi izaten ditugun gorabeherak naturaltasunez azalduta.

Herriko pertsonaia asko agertzen da, pintzelada bat besterik ez dira askotan.

Emakumeen emantzipazio borroka, feminismoa, sexu kontuak: oso argi baina naturaltasunez, gordintasunik gabe.

Herri baten argazki zehatza.

Liburu baten antolakuntza, eskaparatearen funtzioa, garai bateko zenbait ohitura eta portaera zehatz berezi ezohikoak: gizonak ez ziren dendara joaten zapatak erostera, argitaletxeen zertzeladak…

Literatura egiten du, egitura eta esamolde propioz dotore janzten du elkarrizketa, naturaltasunez.

Gai ezberdinak tartekatuz eta korapilatuz moldatzen du elkarrizketa.

Kontakizun freskoa, hurrekoa, sinesgarria, asmakizunik gabea.

Joskintzaren hiztegia.

Esamolde bikainak.

Hitzak elkartuz edo atzizkiak erabiliz abilki osatzen edo asmatzen ditu hitz esaldi luzeagoen laburtzaile jokoan.

Izugarrizko gaitasuna erakusten du egileak zertzelada xumeekin kontaketa dotore erakargarria ehuntzeko.

 

Denok gara Google. Etxaniz Xabier

Bi zati ditu, ezberdinak, baina biak elkarlotuak, lehenengoan gizonezkoa da pertsonaia nagusia, emakumea bigarrenean.

Maitasun istorio ezberdinen inguruan dabil sigi-saga.

Bi maitasun istorio dira, baina elkarri lotuak, sakonean gai bera da.

Gizonezkoaren ildotik doa lehen istorioa, emakumearenetik bigarrena.

Posta elektronikoan jaio eta bukatutako maitasun istorioa dago lehen zatian, bi bando politikoki ezberdinetako neska mutilen maitasun istorioa bigarrenean.

Bila dabiltzan pertsonak, bizi-pusken bila, nahi eta ezin, ahal eta ezin hein berean.

Istorio bitxiak dira biak, gai ezberdin ezohiko bat da 

Gogoeta sarriak egiten ditu kontakizunaren harira.

Gogoetako zenbait gai: internet: googleren mundua eta ematen dituen aukera ezberdinak, elkarrizketa elektronikoak, sare sozialak, euskal literatura, itzulpengintza, maitasuna-bikotea: bikoteen gorabehera eta jokamolde ezberdinak, sexua, Ondarretako fusilamenduak, gerra eta gerra ondorengo giroa, zenbait gertaera eta jokamolde,  lurperatze anonimoak, deshobiratzeak,  gezurra eta egia, zaharren egoitzak…

Ez du literatura egiten, baina literatura bikaina da berea, ez doa dottoretasunaren bila baina dotorea da.

Trataera ezberdin bat erakusten du, bi ikuspuntu esaldi berean sartuz, errepikapen laburrez aurrekoa azpimarratuz…

Narrazio bizia da, elkarrizketak, esaldi laburrez  eta paragrafo motzez lagunduta,

Suspense puntua eta jakin-mina sortarazten du,

Elkarrizketa asko egiten ditu lehen zatian: zuka, noka eta hika.

Noka egiten du gehien bigarren atalean.

Bukaeran irakurleak jada dakizkian eta azpimarratze premia ez duten zenbait gertaera errepikatzen ditu premiarik gabe.

Zerbait ezberdina eskaintzen duen irakurketa.

 

Distira eta alderantzia. Joxean Agirre

Zaharren egoitzan dagoen emakume euskaldun zahar batek bere bizitzako zenbait pasadizo kontatzen ditu.

Ume bat aurkituko du eta honen nondik norakoen bila ibiliko da.

Istorio maitagarri bat.

Parisera lanera joandako neska euskaldunak, Parisko zenbait zertzelada, arropa diseinua, argazkilaritza, maitasun kontuak, Zuberoa, zaharren egoitza…

Joxean bere estilo itxuraz xumean zertzelada ezberdinak eskaintzen doa.

Ez da inolako bitxikeria edo dotoretasun linguistikoetan sartzen,

Erraz eta gustura irakurtzen den istorio bat.

etiketak: Liburuak 7
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.