Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 2000- HUNGARIA

BIDAIAK 2000- HUNGARIA

Jon Etxabe 2022/02/07 10:20
PUSZTA

Maiatzaren 28a. Igandea.   27.a-H:11.a

 

“Katiluaren ipurdia”. Martin Etxeberria.

* “Bero iezadazu bizkarra / tuareg urdinek / bere azken / ganbelua / zigortzen duten bezala / bere bizitzen basamoretuan”. “Puszta” ospetsua izanen dugu gaur bisita-gai, Hungariako desertua, hungariar tuareg bakartiena.

* “Ezpainik gabe / baina beti txistuka,  ...  intsektu militar / alaena”. Halakoak dira inguruko moskito ugariak.

 

Atzo bertan joan zitzaizkigun umeak, jubilatu autobuskada agertu zaigu goizean etxoletan ostatu hartuta.

 

Puszta: gaurko ibilbideko helburu.

27 graduko hozberoa, goizeko bederatziak aurretik errepidean gara.

Ez dira gehiegikerian erori, baina hiri handietarako sarrera-gurutzetan eremu borobila darabilte zirkulazioa bideratzeko.

Errepide oso onak behar zuten hauek bere garaian, gaur egun zimurtua edo ildo sakonetan desberdindua dago zorua autoen maiztasun eta kamioien zamaz.

Atzoko lurralde bera, osagai berdinekin.

Baserritarrak ez du jaiegunik sasoi honetan, are gutxiago aro eroso honekin: belar bilketan dabiltza nekazariak edo belar garraioan goietaraino zamatutako kartola garaiko atoiekin traktoreak.

 

 

PUSZTA

 

Gidaliburuko hiztegiak ez dakar zer esan nahi duen; istinga-leku, padura edo zerbait antzerako esan nahiko du, izan zerbait horrelako da behintzat. Izena izen, lurralde bitxia, deigarria, harrigarria.

Sarreran, ertz-ertzean, bazter berdeko ubide zabala urak batuz bezala; peskari pila ur gaineko oholezko egon leku luze estuetan kanabera eskuan eta pazientzia filosofiaz. Ondoren dator lur lau-laua, lautada zapal-zapala, istingatsua, kanabera eta belar latzez estalia. 150 mila hektarea ditu. Mortua da bere berdetasunean ere, bakartia, lautada hutsa, baina ez da tristea, berdetasunak ematen dion bizitasunari esker. Lan handiak egin ziren ura bideratu eta mugatuz. Noizbehinka putzutik ura ateratzeko haga luzea tantai buru bikoitzean kokatua, bertikaltasun bakarra lautasun azkengabean. Badira ber-bertakoak diren abereak: zaldi, txakur, ahari, behi, antzar eta idi zuriak; pila omen ziren, gaur egun murriztu egin da kopurua, adierazgarri hondarrak soilik geratzen dira;  ikusi ahal izan ditugu batzuk, baina guti: ahariak adar luze tente kiribilekoak dira, behiak adar zutikako luzekoak, ardi-txakurrak erabat hiletsuak, antzarrak lepo-luze zuriak. Hegaztiak, ugariak dira, 230 hegazti motatik gora omen bertan: hemen dira deneko bela beltzak, hegazti hankaluze aldra ikusi dugu zenbait urgune eta inguruetan, zikoina bandoa ere belartzan hankaluze. Gelditu ezkero, igelak entzuten dira korrokaka ozenki. Zabaldiko idor gunetan, lurra uretatik azaleratzen den gunetan, granjak: bitxiak dira hauek ere: bakoitza bera, denek kanaberazko estalkia dute, denak dira baxuak, teilatu ertzak lurra jo behar dutela dirudi hormak babestuz, ia estaliz; zenbait etxek sendo zabalak dituzte sarrera eta leihoak, berdin-berdin ebakitako horma sendoa egiten dutela; ikusi ditugu kanaberaz eginiko hormak, zarpeatuak: agian denak ziren horrela eginak; granja berri gehienek, ordez, uralita darabilte estalkitzat; granja inguruak ez dira batera txukunak, nekazariak ez daude begiluzeon arduraz, bazterrak txukunduz, eguneroko bizibideari begira  baino. Azaleratzen den lur oro dago landuta, belarra batez ere hartzen da bertan,  bada gari-sailik ere. Nekazal etxeak luzeak dira denak, batzuk lauki bat osatzen dute, beste batzuk U bat, beti ere aziendarentzako etxarte egokia lortu asmoz erdigunean. Tarteka baso-kaskoren bat, makaldiak gehienak, urez eta belarrez estaliak ipurdiak.

Dena dago berde-berde.

Erdi-erditik zeharkatzen du puszta errepideak; bide arteza, zuzena. Ziztu bizian doaz autoak, inguruaren eraginik gabe, auto onak dira denak, igandezaleak egun-pasan.

 

Hortobagy. Puszta erdi-erdian, berezko edo eragindako lehor-gune batean kokatua. Kale perpendikularretan sailkatutako behe solairuko etxe-sail laukiak, erreten sakonez eta kale zabalek banatuak; nekazal etxea dirudi etxe bakoitzak bere osagai guztiekin, txukunagoa edo haziagoa bakoitzaren izaera eta ahalmenaren arabera. Ez diogu ezer berezirik aurkitu herriari. Bi eliza ditu, dorre-teilatu luzekoa bata, pope motza bestea, bi erlijio ezberdinei dagokiena seguru aski.

 

9 begiko zubia herritik irteeran, Hungariako harrizko luzeena.

Herri ertzean, erabat at, baina ez urrun, turismo-gunea: kinkila-denda, bertako eskulanen salmenta, agian Taiwanen eginak, zaldi eta bertako folklore emanaldietarako oholtza, mailadi eta zabaldia, hotel, kafetegi, dendateria...  esparru nahiko laburrean dena, eta Museo erakargarria, pusztako jantzi eta bizitza-baliabide-tresneria erakutsiz. Zaldiko-maldiko bitxi bat, iruditu daiteken sinpleena.

 

Gerra-tankea bide ertzean, berde-berde pintatuta, monumentu itxuran: ze arraio egiten du hor, agian gerra garaian zuloren batean geratu zen.

Bisitari asko du turista-guneak igandean.

Azkoitiko Ibeten jaunartzea, oparitxoa erosi diogu, bertako kopin polit bat. Izozkia hartu dugu Azkoitian egotera eginen genuen bazkari opariaren ordez.

Zoo eta  museo antzerako zerbait du artzain batek bide ertzeko granja edo etxetxo bateko hondakin artean, ia sosa batzuk ateratzen dien igandezale eta bidaiariei: txabola, bertako abere batzuk, putzua, korta... dena da xumea eta nahiko kutrea. Ahuntz-taldea du; gaztagintzan ari zen jaitsitako esnearekin, txakur eta antzarrei banatu die gatzura.

 

Tiuszafured. Pusztaren mendebal ertzean, dendak nabarmentzen zaizkio, artisau lanak saltzen dituzte, baina ez beste ezer berezirik; bi elizetako kanpandorre txaparro ia berdinak izan zaizkigu soilik deigarri.

Zume edo kanaberazko otarre, saski eta antzekoen eskaintza da bertakoa: zumea eta kanabera lantzen duen asko da inguruan: naturak eskuratzen dien langaia alde batetik eta beste lanbiderik eza bestetik: dagoenari heldu beharra bizitzeko. Tarteka ageri da moltsoetan pilatua lehortzen kanabera: etxe estalkiak egiteko ziur aski.

 

Poroszlo.  Herriak berak ez du ezer berezirik; ohiko zaizkigun herrietariko bat.  Baina merezi izan digu herri honetaraino jarraitzea pusztatik haratago. Tisza ibaia zeharkatu dugu: ertzeko gabarra pilatuek erakusten dute ibaia ez dela jadanik garraio-ibai; bada zenbait  txanel, batel eta motordun ontzi. Ez dakigu ibaia bera den ala ibaiak laku bihurtzen duen itsaso geza bat dirudien ur-zabalgune handia;  nola nahi asko zabaltzen da ibaia han-hemenka alboko lur zapaletan. Poroszlo herrian bada portutxo edo antzerako zerbait, nasatxoa, txanel, eta motordun batelekin, nahiko utzi edo zikin itxuraz dena.

 

Pusztaren Iparraldetik itzuli gara, herri bideetatik, bide txikietatik, mapako bide zurietatik, haranzkoan antzerako ikuskizunaz gozatuz, gurekin batera eraman dugun trenaz barne. Trenak berak harroxko zeharkatzen du puszta, gain-gainetik irristatuz bezala, zanpatu ere egin gabe bailihoa.

Puszta kanpotik egin dugu tarte bat.

 

Egyek eta gainerako herrietako etxeak behe-solairuko txikiak dira, lau isurialdekoak gehienak, karratuak; bi isurialdekoak, ostera, luzexkak dira. Badute izan galeriarik, bainu-etxe egin dituzte etxe barruko gune bihurtuz gaur egun.  Askok eta askok zurezkoa, oholezkoa, dute fatxadako triangelua, baita hainbat etxe berrik ere. Ez da ur-biltegi borobilik ageri herriotan.

 

Oso xumeak dira herriak ez ezik, herritarrok ere, janzkera eta itxura osoan. Xumeen artean ere ordea batzuk erabat umilak ikusten dira, pobrezia erabatekoan bizi direnen itxurakoak. Ondo-bizirik ez dugu ikusi: non ote barrutiko aberatsak?. Zeren aberatsak badaude, ez dugu dudarik, ikusten ez ditugun arren; agian hiri nagusira ihes eginak dira bizimolde erosoago baten bila.

Faisaia agertu zaigu errepidean, erdi-erdian, gain-gainean egon gatzaion arte ez du zirkinik ere egin, ezin hurbilago ikusi ahal izan dugu.

 

183 kilometro, pusztako mortu berde bustian.

 

36 graduko hozberoarekin gabiltza gaur. Gerizpe apartan gaude kanpinean.

Marigorringo, gure mantal-gorri, mantal-horia da hemen.

20 metrotik gorako ilara sendo iluna osatuz doaz txindurriak belartza, hondar-gune eta galipot bideetan barrena orbel-tarte batetik habiaraino: auto gurpilek desegiten dute ilara bizia baina berehala dago osatua.

“Vamos a la playa, oh, oh, oh, ...” hor inguruan jai-giroan dagoen jai-giroko bozgorailutik.

Ume koadrila egon zitzaion luze begira kanpinean gure autoaren matrikulari. Ulertu genien esaten gurea ez zela Hungariako bandera,  zuri-gorri-berdea baita hemengo bandera ere.

 

“Hezur gabeko hilak”. Xabier Montoia.

* “ Unadurak oro egiten du bere, lainoa irudi”.  Galdetu guri arratsean afal ondoren.

 

 

Maiatzaren 29a. Astelehena. 28.a-H:12.a

 

“Katiluaren ipurdia”. Marin Etxeberria.

* “Bizitzari / askoz gehiago / ezin zaiola / eskatu / uste dut: / benetakoak diren / une / horiek”. Bidaiak dira zenbait benetako une.

 

Habiagintzan dabiltza txoriak: oso goiz ikusi dut zozoa etxatoi aurrean orbel artean urduri eta presaka lez, jauzi biziak emanez, belar eta orri lehorrak bildu eta zuhaitzera jasotzen. Kukuak eman digu egunona eta kanpin honetako agurra, badirudi bidaia osoko laguna dugula,  gurekin datorrela kanpinez kanpin.

 

Herri fierra iruditzen zait hungariarra, harro dago bere buruaz. Kanpotarrentzat ez du irribarrerik, jakin-min edo bekaizti begiradarik, ez dio axolarik erakusten. Aurrera begiratzen duen herria, albora eta besteei begiratu gabe, dutenarekin etorkizunari so.

 

 

Ipar Hungaria dugu helburu. Ordoki Handia utziko dugu gaur. Mendi eta mendate ingurura joko dugu, mendialdera, gailur garaiena mila metrotara heltzen ez bada ere; Ipar Mendigune Handia deitua, Ipar Erdiguneko Mendi-saila, 8 mila kilometro karratu, Eslovakiako muga eginez; bertako zenbait mendikate edo mendimultzo: Matras, Bükk eta Hegyalja.

Abentura txiki bat da bidaia oro, bidaiako egun bizi horietako bat aldaketa eguna.

           

Laino zuriz estaliz doa zerua, baina 23 graduko hozberoa izan dugu abiatzerakoan.

Bidaia deserosoa gerta zaigu, arteza da errepidea baina Micolc industria-gunearen eraginez edo, zorua hondatu samarra dago, kamioi asko dabil, kamioi presatia gainera, atoidun burdinazkoa, motor eta txapa-hots gorgarriekin, beti gain-gainean norbait atzetik, noiz aurreratu ahal izango zain.

Ordoki Handiko osagai oro errepikatzen da: erremolatxa sailak izan dira gaur aldagaia, gidaliburuak aipatzen dituenak, baina gaur arte ikusi ez ditugunak. Ureztatzeko tresneria ere ikuskizun berria izan zaigu gaur: mugikorra den gurpil erraldoian bildutako tutueria malgua. Kolore guztietako, arraza oroko,  behiak daude: holandar behi aldra granja batean.  Zementuzko bola erraldoia, ur-biltegia, parabolikaz josia agertzen da han-hemenka, bi eginkizun betez, ura eta berriak banatzen dira bertatik. Herri bakoitzak bi  hilerri izatea izan zaigu deigarri, lau hilerri ere izan dira herri batean; sinesmen ezberdinen arabera segur aski, bestaldeko jaun hori ere ezberdina da nonbait, bakoitzak bere jaungoikoa du zain; lore asko da hilerrietan, lore multzo erraldoia da hilobi bakoitza; hilerri batek hilarrien ordez zurezko zutoin edo zutabeak zituen, zutoin edo taket sendokote landu-landuak, bakoitza bera, ezberdina, ezberdinki landua: gehiago zirudien zurgin, tailagile edo eskultore baten erakusketa. Nork daki zenbatgarren aldiz, gaur ere bidezainak han zeuden errepide ertzeko egon lasaian: uneoro da beraientzat atseden-une, baina txukunak daude errepide bazterrak. Ubide eta ibai ertzak kanaberek hartzen dute; alboetako zabalgo dena da putzu eta istinga.

 

Ez dugu ia gizaki beltzaranik ikusten: gureetara zetozen hungariarrak eta Donostiara datozen kaldereroak Hungariako ijitoak dira nonbait, zeren, gidaliburuak dioenez, hotel eta halakoetan girotze lanetan ibiltzen omen dira bere musika, abesti eta dantzekin.

ELADO: ez da Hrik gabeko gaztelerazko izozkia, “salgai” esan nahi du.

 

Puszta kutsua du parajeak

Polgar. Lau tximinia luze, gari-biltegia, komunikabide dorrea, kanpandorre luzeak ikusten zaizkio halako ikuspegi edo efektu ezberdin berezia sortaraziz urrutitik:  gero bertatik ez dorreak ez biltegia ez dira hain ez luzeak ez hain lerdenak, luzeagoak egiten ditu nonbait lurraldearen zapaltasunak; lau zitzaizkigun tximiniak, berriz, zortzitik gora bihurtu dira, lodiago eta garaiagoak bertaratu heinean.

 

Tisza ibaiaren beste aldean eta bere bazter edo inguruan, ibaiaz baliatuzko zentral edo zerbait antzerakoa.

Gazta dute salgai errepide bazterretan

Gurdia bere zaldiarekin etxaurrean geldituta, gidaria gidari-eserlekuan patxada geldian: zaldikumea zuen zaldi honek ere: umeak errapetik edoski dezan gelditu dira. Bigarrenez da ikusten dugula jokabide bera.

 

Bikoiztu egiten da Tisza, irla nahiko zabala sortaraziz erdian, beraz bi aldiz jarraian zeharkatzen du errepideak ibaia, zubi luzez adar bakoitza, zabala baitira adar biak.

 

Tiszujvaros.  Kolore plastada zabala da mapan, baina guk ez dugu inolako hiri erraldoirik ikusi. Lau bideko etorbide zabala du, baita zuhaitz ederreko parke zabal-zabala ere. Agian basoaren beste aldean gordeta dago hiria. Poliziak kamioi eta autoak geldiarazten ari dira ilarak sortaraziz, zorionez gure kontrako norabidean.

 

Lur azalean bukatzen dira teilatu-hodiak; tarteka, Eslovenian antzo, lurrerainoko katea jartzen diote teilatu barreneko hodiari, hodiaren goiko ahotik lurrerainoko luzagarria, urak ingurua zipriztindu ez dezan.

Errepide bazterrean pilatutako laukiak: burdin sareak dira hemengoak.

Monumentu edo eskultura bitxia eta deigarria bidegurutze batean, handia bera: belarrez estalitako barrutik hutsik dagoen eta sarrera duen  harri-pilo borobila, gain-buelta osoa taket sendo ilunak dituela inkatuta.

 

Zuhaiztia da mendi-muino osoa, zuhaitz arte dena da etxetxo.

Eta hara non ditugun aurrean egunotan ahaztuta genituen mendiak, mendikate luzea, nahiko garaiak dirudite tontorrok. Alboan lautadako azken istinga eta putzuak ditugu oraindik. Azkenez hondar harrobiak: zoru azpitik lur azalera ateratzen da hondarra, harea pilo handiak sortuz.

Eta honenbestez bukatu zaigu Ordokia, hainbat egunotako eguneroko paisaia eta bisita-lekua.

etiketak: Hungaria, Bidaiak 2000
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.