Ekimen ibiltaria
8. eguna: Abenduaren 7a. Igandea - Leitza, Lekunberri, Irurtzun, Arbizu, Altsasu, Etxarri Aranatz.
Ordizian bildu gatzaizkie ibiltari kideei. Batzuk Ordizian, besteak Beasainen, jaso gaitu Patxik autobus-linea bailitzan. Berbots bizia eta burrunbatsua zen gurea goizean elkar agurtzerakoan. Triste geratu omen zen taldea afal orduan: taldea trinkotzen doan seinale; Etxarrikook ez ezik hurbileko hainbatek egiten baitu etxera lotarako, noizbehinka Nerea tarteko. Taldea elkartuta dago, sentipenek, arazoek, helburuek ez ezik egunotako elkarbizitzak ere lotu gaitu.
Atzo ia haserretu zitzaigun Martzial, pankartagatik edo.
"Ez nauzue gehiago negarrez ikusiko!" bota digu Nerek gaur: ikasi du gauzak bere horretan hartu behar direla, patxada handiagoz; baina ikasiko du hori ere ez dela erraza.
N A F A R R O A
LEITZA. Talde mardulak egin digu ongietorria harlandu eta kareharrizko horma zuriek osatzen duten plaza jator bezain sendoan, agian jatorra delako sendoa, edo alderantziz. Harrera-hitzek ongietorri xume baina sentikorra eman nahi izan digute. Neskak ziren txalaparta jole: ezberdinki zutela egokituta tresna diote nire oharrek baina ez diote nola. Koruak kantatuz doinua, bi poxpolinek dantzatu dute aurreskua: berezia eta berria bezain hunkigarria; harmonizazioa bera ere bikaina zen. Koroak “Euskal Herriko semeak gara” abestia kantatu du ondoren: "... beraren alde emango dugu zainetako odol guztia". Alkateak, HB?, hitz egin du, hitzez ere bere atxikimendua emanez. Udaletxeak (HB-EA), onartu du atxikimendu mozioa. Atxikimenduak: Perurenarena ez da agertu, politikak kutsatu ote du gure morroskoa, ala ETBk?.
Tomasen hitz goxoak: ahotsa, ahoskera, doinua, dena du baikorra hitz egiteko, atseginez entzutekoa.
Txalaparta berriro, manifa antzinako egitura galdu gabe aro berrira egokitzen ari den garai bateko etxeteria sendoaren artean, non soinuak berak oihartzuna bereziki ozena zuen. Argazkia ere egin dugu plazako harmailetan.
Martin-Justo, iraunkorra gauzatzen ari den bikotea elkarrizketatu da apaizarekin: eman die atxikimendua, azkeneko atentatua gaitzetsi dien arren.
Elkartasunezko ekitaldi polita bezain xamurra.
Tomasek egin du Leitzako KARRAPE irratiko elkarrizketa.
Hamarretakoa: bere tenplean zegoen salda, pizgarria txorizo errea ere.
Ez gara bidezidorretatik legez kanpo gabiltzan kontrabandistak.
Haize-errota edo zentral eoliko zuriak nabarmentzen dira erreskadan elurtutako mendilerroko hegian. Mailoak ere zuri daude, baita begi-bistan dugun Aralar ere.
Beti dago norbait, taldetxo bat, elkarteren bat, temati eta iraunkor, lanerako prest, aurrera egiten duena, mugida bizirik iraunarazten duena.
"nola tratatuko zaitut, zuka ala berorika?": Justo diplomatiko zuhurrak Leitzako apaizari; "Zuka, bestela norbaitek behorrarekin nahastuko nau eta".
Autobusean gindoazela semeak deitu dio Loliri gartzelatik!!!. Denok egon gatzaizkio hitzetan zintzilik, bidaiako zertzeladak ahopean xuxurlatuz konta ziezazkion. Kartzelatik entzun ahal izan ditu txalaparta soinu eta hainbat abar momentu batez autobusetik jaitsi baita telefonoa eskuan.
LEKUNBERRI. Antzinako eraiki ederrak ditu Lekunberrik, baina plaza, berria da, bi solairuko etxe berriek inguratuzkoa: hor izan da ekitaldia. Txalaparta, bost poxpolin eta galtza beltz-txaleko gorridun mutil baten aurreskua, ongietorri hitzak, harrizko estela txiki eta Senideak-en sinboloa diren kinkez dotoretutako atxikimenduak jasotzeko mahaia,
Tomasen hitzak, berea duen patxadan
Tomasen anaia eta zenbait familiako ere bertan ziren
Denon argazkia. Blankak "fray Justo" bataiatu du Justo
Justo eta Martin egon dira apaizarekin.
Legea bera betetzeko eskatzen ari garen bide zabaleko ibiltariak gara.
Leitzarango autobidetik goaz; eroso darabilgun errepidea baina oraindik zertarako eta zergatik egin zen ez dakidana, are gutxiago nolatan eman zien bere atxikimendua aurka egon zen hainbat pertsona eta erakundek.
"Ze Martzial, lotu al dizkiozu oinetako lokarriak Blankari?. -Bai zera!, gauean askatzera ere neu joateko esan ez dit ba Josepak!!!"
SAKANA bailaran sartu gara, bertan emango dugu igande honetako arratsaldea.
IRURTZUN. Eguzkira argi dagoen udaletxe zuriaren kontra solemneki nabarmentzen ziren panelak. Txistua eta suziriak plaza zabalean. Harrera hitzak, euskaraz bakarrik!. Zuriz jantzitako neska-mutilen aurreskua presoei. Atxikimendu eskaintza: guraso bat bere bi umeekin hurreratu da Josepa agurtzera.
Justo-Martin apaizarengana preso baten senar eta anaiarekin: sinatu die lehen puntuak, baina bi azkenak ez.
Paskual-Dodaka osagilearengana: bere izenean firmatu du.
Alkateak, independentea, ados dagoela dio baina hurrengo plenoan ikusiko da Udaletxeak zer eginen duen.
Plazako eguzkitan itxoin diegu nahiko luzaro elkarrizketatzaileek bukatu duten arte.
Etorkizunari begiratu nahi diogu.
Zoritxarrez oraindik gehiengoa erdalduna duen herrietan ekimena euskara soilean egiteak agian esan nahi du euskaldunengana mugatzen dela Senideak-en ekimen hau; okerragoa litzake hala gertatuko balitz presoen arazo orokorragoarekin ere. Korapilo larria, konponbidea bilatu behar zaiona.
Irudi maitagarria osatzen zuten bi metro garaierako Martzial mardulak eta eskutik zeraman neskatotxoak, biek begiak brist eta ezpainetan irribarrea. Arbizun jakin dut biloba zela. Emaztea, alaba, suhia eta ilobatxoa bildu zaizkio.
LAKUNTZA. Autobideko zubi muturreko lubetan zain zegokigun gazte talde batek agurtu gaitu ikurrina kulunkatuz eta besoak jasoz.
Hainbat irratsaioetan hartu dugu parte autobusetik bertatik telefonoz.
Nereak aukeratzen du programaren arabera nork erantzungo duen nongo irratiko galderei. Irrati gehienak EGIN Irratia zein irrati libreak dira, askeenak beraiek.
ARBIZU. Lau soinu eta lau panderoren trikitia izan dugu alai airean heldu garenean. Herriko plazara helduta, udaletxeko fatxada Senideak-en ikur, pankarta eta ikurrin erraldoiek betetzen zuten. Ibonek katua bezain zalu eta malgu ikusi du balkoira igotzen panelak lotzera. Txapliguak.
Bazkaria Herrikon: urdaiazpikoa, errusiar entsalada, mingaina saltsan, gazta eta laranja.
Hiru belaunaldi ziren Martzialen sendia; bizia da iloba.
Ekimena plazan: gaztedia zen nagusi eta Justo gustura aritua da beraiekin. Atxikimenduak; pila izan dira.
Justok izan du hitza: gazteei zuzendu zaie, bihotzez egin ere.
Beharrezkoa dugu itxaropena. Irabazteko lehiatu behar dugu.
Ezin ba beti aipatzen ibili ze gozoa dagoen bazkaria zein afaria, nolako ahalegin eta borondatez zerbitzen diguten. Ardoa eta sagardoa ere ez ditut aitatzen, baina banaka banaka botila bat baino gehiago joaten da usten. Ba dut sospetxa hainbat herritan ura edanez eta arin janez, osasuna zainduz, bizi garen jubilatuak garen aurreiritzia zutela. Ze nolako ustekabea beraiena gu pasa ondoren!.
Besarkada eta musuak erruz jaso eta ematen ditugu eskaintzekin batera, batez ere Josepak eta Blankak. Egunotako zereginetariko bat.
ALTSASU. Ekimena herriko zein lekutan ez genekiela salduta egon gara nahiko luzaro duela ez askora arte errepidea zen kalean. Josu ibili da jira-biraka kamionetarekin alferrikako ibilian. Beraiek bila hasi zaizkigun arte. Heldu gara plazara, ibiltarion taldetxoa soilik, gure bi pankartekin, kaleetan zehar, pikoletoek zainduta azken orduan trafikoa mozterik ez genuela aitzakiaz, hemen daudela jaun eta jabe erakutsi nahiz. Jende pila bildu da plazan, lau preso daude lau kartzela sinbolizatzen duten lau zuhaitzi lotuta bere zuri-beltz arraiadun jantziekin, plaza erdian Euskadiko mapa handia dago marraztua: deigarria eta ikustekoa.Txalapartaren soinu sarkorrak betetzen zuen egunaren hondarra, neska-mutil bikotea txalapartari. Bikain dantzatu du aurreskua Altsasuko dantzari taldeak. Momotxorroak, Ihauterietako Altsasuko pertsonaia mitikoak, sartu dira plazan, presoak askatu dituzte eta dispertsiotik Euskadiko mapa barruraino eraman. Dotore eta ezberdinki jantzitako dantza taldeko neska-mutilek "hator hator" abestia dantzatu dute, txistuaren ordez soinuaren sonetara. Herri kirolak: bertako bi aizkolari ezagunek enbor pila bana ebaki dute; aukeran lan handiegia jarri diete luze joan baita: aizkolari batek aizkora beso puntan gorantz luzeago "Euskal Presoak Euskal herrira" oihukatu du enbor gainetik; trontzalari bikotea izan da ondoren, bikoteko bata aizkolariarekin Gestoratik ezaguna den Josetxo; bigaren aizkolariak orgarekin egin du lana hainbat bira emanaraziz. Atxikimenduen eskaintza.
Tomasen hitzak: hainbat gauza ditu esateko, baina moztu egiten du gusturen nagoenean entzuten, aurrera egiteko gaitasuna duen arren.
Manifa.
“Alkaterik gabe" diote nire oharrek, baina ez dakit zer esan nahi nuen.
Usai politikoa hartu nahi digutenek bere erantzukizun politikoa desbideratu nahi dute. Garbi argitu behar diegu erantzukizun bizia dutela beraiek.
Neskak nagusitzen ari dira euskal gizartean duela guti espero ez zen abiadan: aurresku dantzari, txalapartari, txistulari, soinujole, bertsolari, aurkezle, ... gure Martxa da froga garbia.
Martziali eman zitzaion eginkizun banaketan pankarta txikiaren ardura. Gogoz hartu du hartu ere. Berak ere badu ardura konkretua, zintzo betetzen duena. Bakoitzaren zereginak konkretatuz doaz taldean.
ETXARRI. Jende franko dago frontonan. Atxikimenduak ere franko asko dira. Kotxe karabanak heldu dira bailarako herri ezberdinetatik. Herritik manifa 600 argazkiekin: argi elektrikoek horaildutako Etxarriko kaleetan gehiago dirudite, argazkion oihu ozena barreiatu da herrian zehar musikarekin batera.
Martin-Jon udaletxeko elkarrizketan; gaur-gaurko alkatea eta zigortuz kaleratu duten alkate ohia, PNVko bi zinegotzi eta EAko zinegotzi bat bildu dira gurekin; Udal osoak firmatu du, PNVk partidu bezala ere bai, HBk zer esanik ez, EAk bere testua aurkeztu du baina sakonean gauza bera esanez; denok hitz egin dugu eta denok baloratu dugu positiboki izenpetzearena.
Frontonan: Trikitiaren soinuz elkartu gara berriz bertan. Norbaitek egin du eta ondoren denek: argazkiak utzi egin dituzte bazter baten pilatuta, eraginkorragoa izango bazen ere ekimen aldi osoan eskuetan edukitzea. Ongietorri hitzak. Etxarriko dantza berezia: sokan joaten dira dantzariak, eta dantza eskaini edo dantzaz agurtu nahi dutenaren aurrera iriztean berari egiten diote dantzazko agurra, ondoren beste batengana, horrela nahi haina luzatuz; S.Adrianeko erromerian mahairik mahai ibili ohi dira, aurrenekoak dantzatzen du agurra, ondoren nahi duen berri bat sartzen da soka muturrean beste norbaiti dantza eskaintzeko; hemen presoen paneletako argazkiei, pankarta bakoitzari eta azkenik publikoari dantzatu die ez soka aurrekoak soilik denek baizik. Belar-meta nano bana oparitu digute. Maritxelek etxarriar olerkariak, bere poema bat errezitatu digu Etxarriko euskaran. Atxikimenduen aipamena eta zerrenda irakurketa; Urdiaingo alkateak firmatu du pertsonalki, plenoan ere eztabaidatuko dute zer egin udaletxe gisa. Bertsoak, irakurriak eta bat-batekoak.
Patxi hizlari: hunkigarri egon da, txaloak eskatu ditu presoentzat, ibiltarion nagusienak aurkeztu ditu eta Justori adarra jo dio. Trikitiak lagunduz “Hator hator abestuz” bukatu da ekitaldia:
Euskal Presoak
Etxien neittugu
Askatasunaren oiyuek
Herriz herri
Senidiek damabie
Espetxetik espetxera
Presoak noa
Guk hautze
Eta maite ditugu
Herriko seme kuttunek
Isiltasunean sortutako gaue
Miresgarrie izan daitteke
Beie
Irudi biziek
Gordin gordinek
Nire bihotzean sartu die
Eguneroko bidien
Espetxe beltzien
Giltzapien preso de
Benetako landariek
Ilunpetan gau ta egun
Bakardadie lagun
Etxetik urrun
Nolatan liteke
Nork onartu
Nork burutu
Hainbeste ta hainbeste kalte
Begi ertzetan malkoak
Ama aitta
Ni banoa
Ederra baita elkartasuna
Argi ta zutik
Beti Etxarrin
O Etxarri
Hots herri aspaldi
Bihurri eta berezi zuriekin
O Etxarri gogozko herri
Karrikez karrike
Etxarri Aranaz
Garaipen
Euskadiko mapa beltza zapi zurian da Ekimen Ibilaldiko ikurra, kanpotik barrura datozen bi gezi gorri eta "Euskal Presoak Euskal Herrira" lemarekin.
Pakea nahi dugu. Bakea beharrezkoa dugu.
Karmen: arratsaldeko ibilitik zetorren senarrarekin; jabetu omen ziren atean zegoen emakume ezagun bat barrura sartu zela beraiek heldu aurretik agurtu ere gabe; etxera heldu zirenean etxea jendez beteta zegoen: denek zekiten beraiek ezik semea hil zietela.
Afaria Hartzabal elkartean: zopa, legatza, flana edo arroza esnearekin aukeran postretzat. Gozoa afaria, bihotzera heltzen den prestatzaileen ilusioa menuko osagairik nagusia: sukaldari eta zerbitzariak txalotuz buka ohi ditugu beti bazkari afaritakoak.
Loa geure ohean eta etxean. Justo eta Tomas izan ditugu etxean lotara.