Ekimen ibiltaria
Lo egiten dugun etxeetan gosaldu ordez denok elkarrekin gosaldu eta bilera egitea erabaki dugu, ezinezkoa baita bazkal edo afal ondoren bilerarik egitea, denborarik ezagatik eguerdian, nekearen eraginez gauean.
Dodaka etxera joan zen egun hauetako batean emaztea operatu dutelako.
Kioskoko saltzaileak dozena bat EGIN oparitu dizkigu Azpeitian autobusean irakurtzeko.
ELGOIBAR. Plaza ederra du Elgoibarrek, harri argiko eliza udaletxe frontoi eta arkupedun etxeek sortua. Bertara jo dugu Maalatik kaleetan zehar manifa polita luzatuz eta plazan borobil zabala eratuz. Gazte jendea zen nagusi, agian langabezia handia dagoelako, baina baita kontzientzia dutelako ere. Betiko herri ezkertiar abertzalea da; ez zen alkaterik edo jeltzalerik. Ohizko ongietorri eta egitarau aurkezpen hitzak, txalaparta, atxikimenduak, ... salda.
Ez dakit noren hitzak.
Lege arazoa da darabilguna. Ez da borondate arazoa, borondatea nahitaezkoa bada ere. Egia da politikoek presoekiko borondate onik ez dutela erakusten.
Hainbat urtetan egon nintzen apaizgai denboran Urbinan zine ikastaroak egiten bertako apaizarekin. Blankaren tabernan bazkaltzen genuen!. Ara non eta nola elkar aurkitu eta berrezagutu dugun. Obispoak Burgosko mugako herritxo batetara baztertu zuen apaiza zine gaietan aritzeagatik: errepresioak mila eta bi aurpegi du.
EIBAR. Zuloan kokaturik, ibiltzeko lautadarik eskaintzen ez zigulako ihes egin genion arren, biziki maite dudan herria. Nahastu gara kaleetan, ez baititugu ikusi autobusetik merkatu aurrean bildutakoak, azkenik zuzendu dugu ibilia Untzaga plazara zain geneuzkanekin elkartuz. Urteetako osteguneroko enkarteladan nengoela iruditzen zitzaidan, aurpegi ezagunez inguratuta. Ohizko ekitaldi xumea plazan, Indioa aurkezle eta ekintza zuzendari dela, ondoren manifa kaleetan.
Sentipen eta gogoa konpromiso eta parte-hartzearekin elkartzea beharrezkoa da irtenbide zuzen eta demokratikoak aurkitzeko.
Begiak malkoz zituen emakume batek eskularruak eskaini dizkio Piliri, hotz egiten baitu gaur ere. Beste emakume batek ostera " a estos hay que cortarles por lo sano" bota du: Justori ia lehertu zaizkio birikak baina eutsi dio; asko ikasten ari omen da. Ikusi dut Amatiño, burumakur, ez digu begirik ere zuzendu: ezin begiratu aurpegira bekatua baitute. Ikusi dut Aurora alkatesa ohia ere, baina kale-kantoian ihesi bezala. Hainbat lagun eta ezagun ikusi ahal izan ditugu gaur M. Luisak eta biok, ekimenean zeudenak, ez zeudenak, egon ohi direnak eta behin ere egoten ez direnak, egongo ez direnak ere.
Etxarrirako telegrama jartzera joan da Goros: eragozpenak eragozpen, zailtasunak zailtasun, zain eduki gaitu Untzaga plaza ertzean, herrizaina guk noiz alde egingo zain, urduri xamar denok azkenerako.
SORALUZE. Luze baino zabalagoa den munduko bakarrenetarikoa izateaz gain aparkalekua den munduko zubi bakanean gelditu gara, bertatik udaletxe alboko plazatxora hurreratzeko. Hirukote baten bertsoak, loreak, poema bat, irakurri ondoren bost puntako izar gorria duen "papiroa"n eskaini digute bakoitzari.
Jon hizlari.
Manifa ibaiaren alde bietatik bi zubi zeharkatuz.
Legedia bete eta errespetatzeko derrigortasunez hitz egiten dute barne ministro eta sailburuek: jar dezatela abiapuntua. Ez dugu Gabon oparirik eskatzen: urte luzez indarrean dagoen legea gauzatzea soilik.
"Gaua iristean
bakardadearen itzala ageri
zaienean
zuen sutondoko berotasunak,
beraiengana bidaiatzen du
eta maitasunezko babesa heltzen
zaie.
Badakite bai,
ama, aita
badakite,
zuen malkoak harri bihurtuko
direla
eta harri horiek,
etxerako bidea eraikiko dutela.
Gaua iristean,
bakardadearen itzala ageri
zaienean,
badakite bai,
ama, aita
bihar ere egunsentia iritsiko dela"
Orduketaz lasaiago gabiltzan herrietan badugu herriko hainbatekin hitz egiteko aukera.
Josu agertu zaio alboko gelan Tomasi, galtzontzilo hutsean, ezin zuela lo egin bere ohean eta: hautsi eta erori egin baitzaio. Ibiliko zertzeladak.
BERGARA. Sarreratik erdiko plazara egin dugu manifa kale nagusiak zeharkatuz. Gure bi pankarta, herrikoek ekarri dituztenak eta ikurrinak: ia herri denetan bezala. Plaza aparta du Bergarak, Udaletxea eta Unibertsitatea aurrez aurre, eliz dorrea eta Motzonen etxeko hormak begi-bistan: bertsolariak, txalaparta, atxikimenduak.
Jon hizlari
Udaletxera, Alkatearengana, Jon-Paule: Jeltzalea da alkatea, dotoreak ditu bulego gelak, jende ospetsua hartzeko prestatuak, agian bere kezkak azaltzera doan herri xumea kikiltzeko ere erabakigarriak. Alkatea zutik jarraituz bisitak jesarri araztea ere izan daiteke bestea mende hartzeko baliabide bat: politiko azerien trikimailuak. Hitz borobilak bota dizkigu: duela urtebete hartu zuten herriko presoen aldeko erabakia, herriko presoei buruzko dossierrak dituzte karpetetan; baina ez digute papera besterik ezer eskaini; bera ere jabetu da paperen alferrikakoaz, berak esan baitigu ekintzarik gabe ez dutela ezer balio: agian beste trikimailu bat da norberak bekatuaren zati bat aitortzea. Eskenatokian asko ibilia da alkate hau. Gu saiatu gara gure azalpenetan baina dena zekien berak. Martxa honetan behintzat gurea ez da aurka hastea. Etsipena da elkarrizketa ondorengo sentipena; gerora eta noizbait izanen ahal du eraginik pertsonaia hauengana etortzeak; gaurkoz ez.
Argi esan nahi dugu: Senideok bi aldiz jotzen gaitu egoera bortitz honek, errepresaliatu politikoen senitarteko garenez eta euskal herritar garenez.
Bazkaria elkarte batetan. Zopa, redondo-biribilkia saltsan patata-purearekin, mandarina, mahatsa pastelak.
Paulek prentsaurrekoa eduki du jangelan bertan irratiren batekin.
Oso berandu egin zaigu!!!. Josu txoferrak astintzen gaitu, ordua dela eta jaikiaraziz: gaur bezala askotan. Eskerrak!.
Martzial: baserrian bizi izan zen. Aizkolaritarako gorputza duela diodanean, aita zuzena zela erantzuten dit eta ezina zela aizkolari izatea, aizkorak berekin izan baitu apustua eta iruzurra. Gaztetan bizikleta zen bere zaletasuna. Ez zuen aurrera egiteko erabakirik, "tenperamenturik" dio berak, baina ez zion inork ihes egiten, azken esprintean ez bazen. Orduko onenekin lehiatu zen Gipuzkoan eta behin ere ez zen seigarrena baina atzerago heldu, bigarren edo altuenez hirugarren gehienetan. Mila istorio ditu.
ANTZUOLA. Eskopeta hotsetan eta ke artean Mairuen eguna ospatzen duten plazan egin dugu gure ekimena ere. Normaltasun osoz kaleko jantzitako bi gaztetxo izan dira aurreskulariak; dantza bera izan da dotorea. Elizaren hormen babesean hartu ditugu atxikimenduak.
Pili-Justo alkatearengana: HBkoa zenez firmatu du arazorik gabe.
Ez diegu hitzik zuzendu Antzuolan gure nork noiz nahaste batengatik; penagarria, ez baitago herri ez txikirik ez apalik gure helbururako; nik ikasi dut aurrerantzean adi egon behar dugula gutariko bakoitza, gaurkoa berriz gerta ez dadin.
Herri honen duintasunagatik. Gure duintasunagatik. Gure seme-alaben duintasunagatik.
Kolektiboan ez dagoen baten senitartekoa etorri zaigu bere semearen argazkirik ez daramagula esanez: ez da lehenengoa, Eibarren ere izan zen holakoren bat. Norbaitek esan digu ere ia preso sozialez ez diogun ezer. Guk denentzat egiten dugu egin gure eskaria, baina argazkiarena ez dago gure esku, kolektibotik baztertu denak berak eskatzen ez badigu behintzat. Bestela argazkia erabiltzea bera aurpegiratuko ligukete.
OINATI. Aizkorri elurtuak negu kutsua ematen dion arratsaldean, "Kalera kalera" txistuak joz eta besteok abestuz eman diogu hasera ekitaldiari udaletxe ederraren aurrean. Jende heldua zen bertan bildu zaiguna, baita ume batzuk ere, gazteak guti, agian hemen ez dute langabezia arazorik eta lanean daude. Presoen aldeko Plataforma sortu da, gaur bertan egin dute bilera. Manifa herritik zehar antzinakotasuna gorde duten kaleetan, barrutik ederra den eliza aurretik eta kanpotik erakargarria den unibertsitate paretik. Bonboiak oparitu dizkigute. Atxikimenduak bidali egingo dizkigute.
Patxi estreinatu zaigu hizlari, berak hitz egin du.
Paskual estreinatu zaigu Paulerekin udaletxeko elkarrizketan: lan asko eta fina egin dute Senideak Elkartekoek Udaletxean, sortu baitute giza eskubideen aldeko elkartea.
Berandu gabiltzan arren eta hotz egiten duen arren inpas luzeak egon dira ekitaldian. Urduri jarri gara geu ere, luze joan baita ekitaldia; tarte galdu luzeegiak izan ditugu. Nekatuta ere bagaude. Azken ordura arte ez omen dute gentozen berririk izan. Bada kontutan hartzeko arazoa, aurrez jakinarazi eta egitaraua zehaztea.
Maila guztietako herritar orori dei egiten diogu denon partaidetza beharrezkoa egiten duen ahalegin zabal honetan esku har dezan.
Bonboiak izugarri gozoak zeuden. Autobusean jan ditugu. Bata dela edo bestea, beti jaten!.
Josu: bere hitzak beti dira egokiak, guti direnean ere, zerbait zehaztu edo borobiltzeko. Diziplinatua du burua, ideiak ordenan jarriak. Ez du ezer inposatzen dialektikarako ahalmena izan arren: funtsezkoa talde baten osasunerako.
ARETXABALETA. Errepide ezagutu nuen kale luzean ilundu zaigu arratsa, ilara luzean zeharkatu dugunean. Herriko beste puntan elkartu gara niretzat ezezaguna zen etxarteko plaza batetan. Atxikimenduak.
Patxik hitz egin du, finkatuz doa mitinlari berria.
Plazan bertan dagoen Elkarte batetan gorputz hotzak eskertzen duen salda beroa.
Kartzelako presozainen utzikeriak, zaintzarik ezak, ardurarik ezak!!!.
Autobusa - ekintza - jatorduak - loa: lau ihardun horietara mugatzen zaigu erabat eguna, beste ezertarako astirik ez zaigu gelditzen. Ez dugu atseden edo solasaldirako une librerik. Beteegia delako, asegarria.
Arrantza kontuak kontatzen dizkio Justok entzun nahi edo galdetzen dion edonori. lehorrekoontzat berriak, interesgarriak eta entretenigarriak dira. Arrantzale mundura hurreratzeko bide bat.
Kotxe karabanan egin dugu Arrasaterako bidea.
ARRASATE. Jende pila genuen zain herritik kanpo. Txapliguak ere ugariak. Sarrera luzea egin dugu Udaletxe aurre eta Eliza osteko plazaraino. Argazki guztiekin, gauez, ilara luzatuz. Izugarria gertatzen da berriz ere 600 presoen agerpena.
Plazan: Jendetza bildu gara. Baso bat dira argazkiak. Dantzari jantzitako mutilak egin du aurreskua. Josepak jaso du lora sortaren eskaintza.
Senideak-eko batek hitzaldia eman du: herriko presoen egoerari buruzko informazioa eman eta argitu du: ez zait gustatu, Senideak-en filosofia baino gehiago mitin politikoa izan da, presoen eta gure arazoa politikoa bada ere; gainera gazteleraz izan da non eta AED medio Euskarari buruz eredugarria azaltzen den herrian. Atxikimenduak.
Josepak egin di htz, tokatu ere berari tokatzen zitzaion hitz egitea, bere herria baita; baina edonon da entzutekoa Josepa. Presoen aldeko Plataforma sortu da eta badirudi lanerako indarrez daudela. Txapligu-bonbak danbaka egon dira presoak gogoratuz.
Pakual beterano egin zaigu Paulerekin Plataformakoekin elkarrizketatuz.
Josu-Pili Sindikatuekin egon dira: denek izenpetu dute atxikimendua.
Gu geu astintzen gaitu gure senitarteko presoak erasotzen dituen estatu bortizkeriak: jipoi, tortura, isolamendu, eraso, bahiketa, heriotza, osasun zainketarik eza, ... inpunitate osozko zitalkeriaz eraginak.
Errepikatu eta azpimarratzen dugu gure arteko solasetan kalean egon behar dugula, mezua zabaltzea dela hemendik aurrerako gure eginkizunik nagusiena. Derrigorrezkoa dela etenik gabeko presentzia eta iharduna kalean, giza egituretan.
Paskualek belarritakoa darama; semeak "karroza" deitu omen zion behin, orduan belarritakoa jarri zuen eta koleta utzi. Belarritakoak dirau.
Herrikon egin dugu afaria: salda, patata saltsa berdean, untxia saltsan eta poteko melokotoia. Bertakoekin, afari-kide asko izan gara.