Ekimen ibiltaria
E K I M E N I B I L T A R I A
Argibide gisa
Hainbat unean uneko idazki eta testu labur idatzi nituen presoei buruz. Aberatsa ez dut uste, baino uzta ugaria bai bada hori dena, baina izan zezaketen interesgunea galdu dute, uneko gertakizun eta egoerari lotuta daudelako. Ez dut uste idazkiok jada inolako interesik duenik inorentzat, baina bada lantxo bat biziki gogoratzen dudana. Sarean jarri nahi dudan hau hain zuzen. Ekintza mardula izan zen, eta ekimen haren ziurtagiri antzerakoa uztea merezi duela uste izan dut. Egun haien kronika da.
Zirraragarria da, kezkagarria batez ere, gutxienez hausnartzera bultzatu behar gaituen gogoeta: preso eta senideekiko gaur egungo eskabide, exijentzia berberak genituen duela 20 urte. Badirudi ez dela ezer aldatu. Egia da egoera politikoa aldatu dela, egia izanen al da aukera gehiago dutela gaur egungo eskaera eta ekimenak. Presoekiko gizartearen sentikortasuna, aldiz, apalagoa delakoan nago. Egoerak eta arazoak, baina, bere gordinean diraute.
Orain ere zirrara eragiten didate senide haien bizipen, errealitate eta historia latzek. Bertatik bertara, eguneroko harremanen hurbiltasunez bizitakoak. Aberastu ninduen esperientzia. Sentiberagoa ere egin ninduena.
Badut egun haietako hainbat testigantza zehatz jaso eta idatzi ez izanaren pena. Ez nuen orduan horrelako ikuspegirik. Egun haietako zurrunbilo eta nekean ezina ere bazen horrelako lan bat burutzeko oztopoa. Baina bazen testigantzok jasotzeko une berezia, eguneroko harreman normaletan ateratzen baitziren. Etxeko norbait atxilotu ondorengo erreakzioak, esaterako: nire ama hain ezustean harrapatuta, zorabiatu egin zen, baina gero gogor egon zen behar zen tokian; mila zertzelada, hur hurrekoak eguneroko harremanetan espontaneoki ateratzen zirenak, egoeraren laztasuna ez ezik pertsonen aberastasuna erakusten dutenak, sentipenen sarea, …
Ez dut uste gaur egun inorentzat interesik izanen duenik kronika honek. Baina niretzat talde haren 20 eguneko esperientzia aberasgarria sarean iraunkor gelditzeak badu bere xarma, kilikagarria zait, nire ibiltari kideekin dudan zor bat dela sentipena ere betetzen dudala uste dut. Beraz hor gelditzen da, irakurketak udako tarterik lapurtuko ez badio ere inori. Testigantza isila. Presoen senideen talde haren oroitzapenak nolabait iraungo du sarean.
Zenbait urtez idatzi nuen egunkarian ondorengo burutapen hau aurkitu dut, eta egokia iruditu zait hemen atxikitzea:
“97.12.26
Presoak Euskal Herriratzeko Ekimen Ibiltariko egunetan irakurri genituen berrietako letra txikietan jakin genuen Cascos Aznarren ministroarekin elkartu zela Arzallus Loiola aldean patrimonio historikoaren bost mila milioiren ordainketari buruz hitz egiteko. Gaur ofizialki berri hori kaleratzeak baieztatzen digu PNVko alkatetza, alkate, zinegotzi eta politikoen gehiengoak, bere hitz borobil zuritzaileez harago, presoak etxeratzeko atxikimenduaren sinadura ez gauzatzearen zergatia: botere eta diru horren lorpenaren bidesaria. Suhiltzaile izatea da politikagintzan ofizio usuena eta nagusiena. Bagenekien bai nork eta zergatik zokoratu nahi gintuen gure ibili solidarioan.”
Ekimen ibiltaria
Herriz herri 20 egunez autobusez
"Euskal Presoak Euskal Herrira" aldarrikatuz
97.11.30 - 97.12.20 / 111 herritan 125 ekitaldi
Sarrera
Egin genuen ibilaldiaren kontaketa apala, egon ginen herrietako kronika umila, egunerokoari begirada xumea, ibiltari izan ginenon oroitzapena. Memoria ahanzkor eta ahularentzako eusgarria, noizbait egun hauek gogoratu behar baditugu ere. Bizipenak berritu ahal izateko tresna, ahal den txukunen idatzita eta sailkatuta. Hau bera egiten dut bidaia guztietan, nola ez ba oraingoan hain bidaia berezia izan bada. Nirea baino gaitasun eta trebetasun gehiago behar da hitzak josiz gertakizun eta burutapenak azaltzeko, kronika honi bizitasun eta deigarritasun pixka bat emateko, baina, nolanahi bidaia-kideren bati ere baliagarria izango zaion itxaropena dut.
Martxaren nire kronika pertsonala da. Gogoan ditudan hainbat gertaera, ekintza eta zertzelada; beste batzuk ohar idatzietan jasoak ditut. Damu naiz hainbat zehaztasun interesgarri, gure arteko esamesa, ateraldi, elkarrizketa, iritzi eta gertakizun jaso ez izana. Bego beraz eguneroko hau daukatenarekin dagoenean. Denon kronika ere ba da, nire burutapen soilak ez direlako. Martxakideen iritzi eta azalpen pila dago bertan, nire oharretan jaso nituenak , zuei entzunak, ez dakidan arren esalearen esanahi osoan eta intentzio berdinarekin jasoak dauden. Zenbaitek berak esandakoak bezala jasoko ditu hainbat burutapen, eta hala izanen da izan.
Hainbat datu agian ez da zehatza, falta da beste zenbait zertzelada ere, kontakizun batzuk ez daude berea den egunean. Bakoitzak du bere sentipen, oroitzapen eta ikuspegia, bakoitzak bere Martxa egin baitu. Bakoitzak osatu edo aldatu beharko du, beraz, nire hau bere osagaiekin. Agian Paskualekin egin behar nuen datu trukaketa bat, seguru aski berak ni baino zehatzago jaso zituelako hainbat gertakizun.
Asko agertzen dira izen batzuk, gutxiago beste zenbait. Batzuk isilagoak edo patxada handiagokoak direlako, baina isilek eta patxadatsuek berbatsuek eta ezinegonek haina egin ohi dute talde batetan, funtsezkoak dira ere talde baten ibilia orekatua izan dadin. Galdua litzake taldea sugandila berritsu soilekin.
Sekula ahaztuko ez ditugun egunak eta koadrila. Taldeak funtzionatu zuen. Denok ezberdinak ginen baina helburu finko, sakon eta sentimendu batek lotu eta bultzatu gaitu. Agian xumeak izateak ere elkartu gaitu inork nahi ez zuelako inor gainditu, gure lehia herri maila guztietara mezua helaraztean zegoelako soilik
Ez dut hitzokin jolasteko trebetasun handirik, baina iruditu zait norbaiti ere interesgarria gerta dakiokeela nire ordenagailuari egin diodan kontakizuna. Horregatik doa bidaia-kide izan zineten zuen eskura. Bidaliko nizuela agindu nizuen eta hor doakizue. Atera zaidana, besterik ezin.
Nondik norako herriak
97.11.30. Donostia: Antiguo, Konstituzio Plaza, Altza, Intxaurrondo, Egia, Gros, Easo Pl.
97.12.01. Trintxerpe/S.Pedro, Antxo, Donibane, Lezo, Oiartzun, Hondarribia, Irun, Orereta.
02. Astigarraga, Urnieta, EGUNKARIA, Andoain, Usurbil, Orio, Lasarte, Hernani.
03. Tolosa, Ibarra, Billabona/Zizurkil, Irura/Anoeta, Alegi, Amezketa, Tolosa.
04. Errezil, Mutriku, Deba, Zarautz, Zumaia, Zestoa, Azkoitia, Azpeitia.
05. Elgoibar, Eibar, Soraluze, Bergara, Antzuola,Oñati, Aretxabaleta, Arrasate.
06. Legazpi, Zumarraga/Urretxu, Ezkio, Ormaiztegi, Lazkao, Ataun S.Martin, Ataun S.Gregorio, Zaldibia, Ordizia, Beasain, Ordizia.
07. Leitza, Lekunberri, Irurtzun, Arbizu, Altsasu, Etxarri Aranatz.
08. Agoitz, Huarte, Atarrabia, Burlata, Berriozar, Iruñea.
09. Lizarra, Tutera, Tafalla.
10. Elizondo, Arantza, Bera, Lesaka.
11. Ugao, Zeanuri, Igorre, Arrigorriaga, Igorre, Galdakao, Etxebarri, Basauri.
12. Durango, Zornotza, Abadiño, Elorrio.
13. Bilbo: Epaitegia, Indautxu, Guggenheim, Santutxu, Deustu, Plaza Eliptikoa.
14. Gallarta, Barakaldo, Sestao, Portugalete, Santurtzi.
15. Gernika, Bermeo, Lekeitio, Ondarroa.
16. Sondika, Derio, Lezama, Zamudio, Larrabetzu, Mungia.
17. Unibertsitatea, Erandio, Sopela, Barrika, Getxo, Algorta.
18. Amurrio, Laudio, Urduña, Laudio.
19.Gasteiz:Unibertsitatea,Las Desamparadas, Ama Birjina Zuria.
20. Iruñea. Gasteiz.
57 ekitaldi Gipuzkoan, 20 Nafarroan, 39 Bizkaian, 9 Araban.
Nor ibiltari
20 egunez
Gipuzkoa: Justo Zilbeti:Getaria; Dodaka Salegi, Martzial Kortadi: Donostia.
Bizkaia: Josu Cerrato: Erandio; Jose Antonio Gorostiaga: Basauri; Paule Sodupe: Berango. Araba: Blanka Antepara: Urbina; Bego Salzedo: Areta.
Nafarroa: M. Luisa Ruiz, Jon Etxabe, Patxi Karasatorre, Martin Arratibel: Etxarri; Paskual Etxeberria: Bera; Tomas Ezkurra: Burlata.
10 egunez
Gipuzkoa: Karmen Mendizabal: Hernani; Josepa Arregi: Arrasate; Nerea Amenabar: Zubieta/Donostia; Maribi Arregi, Balentin: Zizurkil; Pili Esain: Billabona; Loli Laskurain: Andoain; Patxi: Orereta.
Bizkaia: M. Asun Pascual: Barrika; Klara Laseca: Santurtzi; Jose Alonso, Iñaki Ojeda: Portugalete; Josu: Basauri; Ibon: Elorrio.
Araba: Elias Garcia, Bitxori, Santi Bengoa: Gazteiz.
Atarikoa
Sonia eta Juanita etorri zaizkigu ia Senideak Elkarteak antolatu duen Ibilaldira joango ginatekeen. Ez dugu zalantzarik izan baietzaz erantzuteko. Bor-bor jarri zaizkigu garunak. Nortzuk, nola, ... mila burutapen eta buru-ehotze, horrelako ekimena berdin izan baitaiteke zerutxoa edo infernu txikia, elkartzen garenen izaera eta jokabidearen arabera. Lau gara Etxarritik; Patxi ezagutzen dut, Martin orain ezagutu dut.
Bilboko bilera.
Prentsaurrekoa aurretik izan dugun bilera izan da garrantzitsua guretzat: bidaia-kideak ezagutu dugu elkar, bidaiari buruzko hainbat zehaztasun jaso dugu. Asko balio du lehen inpresioak horrelakoetan, bidaia osoa markatu eta baldintzatu dezake. Baikorra izan da lehenengo ekartze hau, baina geroak erakutsi beharko du bakoitzaren besteenganako kidetasuna. Gurekin kazetaritza-loturako lanetan arituko den Nere neskato liraina ezagutu dugu, baita Ramon eta Ester Senideak-eko liberatuak ere. Bidaiarion lehen elkar ezagutza, bidaiaren nondik norakoaren zehaztasunak, lepoan jarri dugun ibiliaren ezaugarri izanen den zapia Senideak-en anagramarekin, … eta horrelakoetan ohizko diren zenbait zertzelada izan da bileraren emaitza; gutxienezko hezurdura eman nahiz, aukeratu ditugu ere taldeko lau bozeramaile: Paule, Josu, Patxi eta ni. Geroak erakutsiko du izendapenaz aukeratukoon egokiera edo eragina; borondatea ona denean beti dago aldaketarako aukera. Askok edo gehienek badute elkarren ezagupena, bisitara bidaietatik,, kartzeletako sarreretatik, edo bileretatik. Jakin-minez begiratzen diet nik bidaia-kideoi: baikorra da lehen iritzia, gutxienez ez da nabarmendu burutxo jarrera edo egarririk inorengan eta hori beti da pozgarria talde bati hasera ematean. Ibiliak jarriko du bakoitza bete betebehar egokienean.
Gogoan dut nire ama, hirurogei urtetik gora zituela, zortzi urtez, neguko hotz izugarriekin zein udako infernuko beroekin, hilero etorri zitzaidanekoa 600 kotxe txikian Zamorara. Errespetuz eta barne ukitu bereziaz begiratzen diet orain bildutako denei eta bakoitzari. Badakit beraien egoera, ezagutzen dut arazoa, nolabait bizi ere bizi dut, horregatik gaude Maria Luisa eta biok bertan, baina irakurriz edo nahiko urrutitik, ez neure larrutik ordainduta. Senideon hurbiltasunak besterik gabe sortzen dit halako hunkidura edo zirrara sakona. Badakit hurrengo egunetako harremanak nire sentipenak sakonago harrotuko dituela.
Prentsaurrekoa
Bizi dugun giro politikoa ezagututa, ez da harritzekoa ez dauden hedabideak agertu ez izana. Iruñako bulegoan lan egiten duen Ester dago mahaian Senideak-en ordezkari, Ekimen Ibiltariko Paule eta Dodoka esker-eskubira, Ramon Gaztelumendi Donostiako bulegokoa alde batean eta ez dut gogoratzen beste inor mahaian. Esterrek orri bat irakurtzen du euskaraz: Martxaren zergatiak, Ekimen ibiltaria du izena martxak, "Euskal presoak Euskal Herrira" da slogan bakarra, gure mezua: euskal preso oro Euskal Herrira - 3/4a bete dituenak etxera - gaixotasun larria dutenak etxera sendatzera; 100 herri inguru bisitatuko ditugu, autobusez egingo dugu herritik herrirako ibilia, herritarren, pertsonaien, politikoen, agintarien atxikimenduak eskatuko ditugu, eta hainbat harreman zein elkarrizketa izango.
Salda edo kafea hartu dugu KAFE-ANTZOKIAN. Elkar ezagutzeak eman du bigarren urratsa, onerantz argituz etorkizunaren esperantza. Tomas eta Esterrekin izan da etxerantz autokoa: Tomas lagun ona izango zaigunaren sentipena nagusitu zait. Berria oraindik gidaritzan, izan da adarjotzerik ere Martin eta Esterren artean abiadura, norabidea eta abarrez: irria beti da gozoagoa ziria baino lagunartea hasterakoan. Mariasun dut gogoan, egun hartan agian gorputz handiz eta ilekera beltzez ere nabarmentzen zelako, Dodaka bere buru zuriak patxada sortarazten zuelako mahaikoan, Paule ilehoria mahairako aukeratua izan zelako, Pilarren aurpegia ere ez zait ezabatu egun horretako irudian, Martzial ere burmuineko argazkian dago bere urte askotako gorputz galant eta ile zuriak han egoteko adorea behar zela adierazten zidalako, beste aurpegi eta gorpuzkera batzuk hor daude nire kaskezur barruko argazki horretan, baina nahiko lausotuta, agian geroak argitu dituelako kokapen berri batetan.