Ekimen Ibiltaria
Josepa etxean gelditzeko asmoetan zebilen baina agertu zaigu autobusean, oraingoz jarraitzeko indarrez.
LEGAZPIA. Kale bazter batean elkartu gara. Eskularruak eskertzen dira pankartari heltzerakoan. Goiz eguzkitsua, baina arnasa lurrun bihurtzen zaigun goiz hotza, Gabon kutsua du ekitaldiak: presoak etxean edukitzea litzake nahi dugun Gabon oparia errege magoa PP ankerra ez balitz.Txalaparta. Konstituzioa darabil ardatz bertsolariak. Gerriko gorria jantzi zurian, eta borla gorriak galtzerdi landuetan, egin digute aurreskua bi mutilek.Trikitilariak: beraiekin kantatu dugu Hator hator. Plataforma osatu nahian dabiltza, bada taldetxo eraginkorra herrian. Tabernariek salda beroa eskaini digute; bazen lukainka eta gaztarik ere.
Luzapenak usteldu egin dira. Noiz arte, noiz arte, noiz arte itxoin behar dugu?. Nahikoa itxoin dugu!.
Tolosako aurkezleak Ibaetako talde zabala gogoratu zuen, senideen helburuen aldeko aurrerapauso bezala. Hala da izan. Zoritxarrez ezker abertzalearen basea da batez ere, ia soilik, hurreratzen zaiguna, beste alderdiek hitzen eta sinaduren gainetik ez dute herria mobilizatu nahi: beldurra diote beraiek kontrolatzen ez duten mobilizapenari eta alderdion estrategia eta mementoko taktikari oztopo izan dakioken ekimenei; beraientzat preso eta familiartekoen sufrimendua bigarren mailako arazoa da, politikarako tresna erabilgarri bat besterik ez.
Tomasek semea du Soriako kartzela batetan. Neskalagunari modu zikinez ateratako deklarapena da salakuntzaren oinarri ustela. Goizalde ilun batetan errepidetik alborantz lubetan behera hiru txilipurdi egina da kotxean familiarekin bisitara zihoala: kotxea haustuta, noraezean ilunean galduta, bakardadean: Machadok hain dotore deskribatutako Soriako lurrak, euskal ehiztariek galeperretarako bisitatuak, lakio latza bilakatu zaizkie euskal preso eta familiei.
ZUMARRAGA-URRETXU. Plazara zuzendu gaitu bozgorailuz kantari aurretik doakigun kotxe batek. Eguzki epela bera ere prest zuten herri bien muga egiten duen erreka gaineko plazan. 3 hanka-palo buru guztien gainetik nabarmentzen dira; makurtu ahal izan dira lurrekoon mailara atxikimendua eskainiz musu bat emateko Piliri. Eskalatzaileak gorago zeuden oraindik, azpitik ibaia dioalako edo belaontziko zelatariaren masta dirudien farolaren gainean: luze samar joan da beraien jokoa baina pankarta zintzilikatu dute, ondoren rapell eginaz jaitsiz beraien atxikimendua eskaintzeko. Jantzi dotoreko neska-mutilek aurreskua oparitu digute atxikimendua eman aurretik. Preso ohi baten hitzak eta atxikimendua, HBko zinegotzia bera. Arrospide eta Elorriaga aizkolariek enbor bana ebaki dute, zutikakoa batak, ohiko etzandakoa besteak, bere atxikimendua eskainiz. Txistulariek "Kalera kalera" jo dute eta bilduok soinu biziarekin batera abestu. Ba omen musika-talde txiki bat herrian, jo jo dute behintzat. Bertsolariak: "gure aizkorek har ditzatela motosierren abiada". Dantza talde ezberdinen dantzak: - "Ikurrinari omenaldia" eta "Peilo Josepe" abesti doinuarekin dantza berezia dotore dantzatua. Parte-hartzaile bakoitzak eskaini du atxikimendua bere saioaren ondoren. Apaiz batek eman du, pertsonalki hurreratuz, berea. PSOEko zinegotzia ere bera bertaratu da atxikimendua ematera. Ugariak izain dira Talde eta Elkarte ezberdinen atxikimenduak, banan banako atxikimenduen eskaintza pausatuki baina goxo joan da, oso hunkigarria batez ere errefuxiatu baten gurasoen atxikimendua, familiartekoekin batera jarri dira pankarta atzean. Trikiti taldeak “Hator hator" jo du eta bildutakook abestu, txistulariekin berriz "Zain dago ama". Ongietorria eman diguten txalaparta eta adarrak esan digute agurra ere.
Ekintza bitartean bi mutikok eginahalean jolastu dute jende-borobilaren erdian ikurrinak kulunkatuz bere kasa zein abestien erritmora: gure etorkizuna. Txakur batek ere egin digu konpainia urduria ekitaldi osoan.
"Orain" da gure mezuaren ezaugarria eta berezitasuna: orain, orain. orain, oraintxe bertan behar ditugu presoak Euskal Herrian.
Nerek amak oparituagatik estimu handian zituen belarritakoetariko bat galdu du egun hauetako batean: alferrikakoak izan dira autobuseko miaketak.
EZKIO-ITSASO. Santa Luzia auzoan dago udaletxea, errepidearen alboan; berria dirudi. Udaletxeko balkoian agertu zaizkigu herri agintariak, gero guregana jaitsi dira. Guztira ere ez ginen asko, biztanleak ere ez baitira hainbeste; famili giroan egon gara,
Pili-Patxi joan zaizkie elkarrizketara. Justo-Bego ordeskoak dira gaur.
Alkatesak, EA, Udaletxearen atxikimendua eman digu, hitz batzuk zuzendu ere bai.
"Zain dago ama", "Altza begiak" abestu dugu giroaren eraginez espontaneoki.
Tratugintza politikorako merkantziak besterik ez zaizkie gure senide preso eta exiliatuak politikariei.
Ondo moldatuta zuten eguna zonaldean. Herri bakoitzean elkartzen zaigu hurrengo herriko norbait bozgorailudun kotxearekin, egin behar dugun urratsean gidatzeko. Esperientziadun jendea, ibilia eta ikasia.
Paulek ez du ezer inposatzen, baina erabakiak hartzen ditu. Buru izaten daki, taldeak onartzen den buru. Gauzak leun baina irmo eskatzen eta esaten. Bera gabe autobusa ez doake doan bezain ongi. Ekimenaren engranajea leun badoa Paule da olioa.
ORMAIZTEGI. Talde txiki bat hurbildu da plazara, gehiago ezin zitekeen eskatu ere, agian. Guti batzuen ekintza maitagarria. Ongietorriko hitzak, atxikimendu eskaintza banan banan taxuz izendatu eta emana bakoitza. PNVko alkateak izenpetu du baita Apaizak ere atxikamendua, beraiek egon ez badira ere.
Hitz ederrak loratu zaizkie politiko denei ezpainetan, ez dugu izan bat bera kontra agertu zaigunik, arrazoia omen dugu, baina hitzak ez zaie sinadura bilakatu; gutxiago, lehiatuko diren promesa sendoa.
Eguzkipean zuri dago Aralar, bere muturrean Txindoki ontzi baten branka bailitzan, bihotzak berotuz eta gogoa indartuz, bata zein bestea sendoak baitira.
M. Asun: atari-txakur edo zaintza-txakur handien hezlea da eta beraien zaintza da bere hoby eta zeregina. Jantzia dago gai horretan eta sutsu hitz egiten du horretaz.
LAZKAO. Orduz aurretik heldu gara, arranopola!!!. Herriko plaza. Atxikimendu zerrenda luzea irakurri dute. Amona jantzizko bi dantzariren aurreskua. Bi bertsolari, bata preso ohia: "bertsoak alai doaz nahiz urrutitik".
Manifa luzea izan da, asko zabaldu baita herri txikia.
Patxi-Pili plazan berton zegoen Dionisio Amundarainekin egon dira: "Zer eskatzen diguzue?"; beti bezala zintzo eta langile Dionisio.
Jakinaz gaude arazoa ez dela txantxetakoa.
Begirale ditugu Usurbe mendiko gurutze zuria eta erlijio berria bilakatu komunikabidearen dorrea: salbuespenak salbuespen, bai bata bai bestea mutu gelditzen zaizkigu presoen aldeko ibilian.
Dodaka: Edozein elkarrizketa edo zereginerako prest dago beti. Jendeari hitz egiteko ere bai. Lehenengo pankartan jartzen da beti, buru zuriek seriotasuna emanez manifari, buruzuri baitira Blanka eta Martzial ere.
ATAUN-SANMARTIN. Unetxo batez jaitsi gara eliza aurrean Udaletxearen atxikimendua jasotzera soilik.
Badakigu ez dugula egun baterako zeregina.
Alditan kostatzen zaigu aurresku eta antzerakoak guri zuzendu beharrez presoen argazkira zuzenaraztea.
Blanka: 74 urterekin ere Euskara ikastera doa Euskaltegira bi orduz egunero, gure politiko erdaradun elebakarrek egiten ez dutena.
ATAUN-SAN GREGORIO. Zapalka-zapalka daude baserri eta lur-anduak, erreka-zulora baitator pendizean mendia.
Bazkaria: Babarrunak sakramentuekin, aza tarteko, oilasko errea, gatzatua.
Bazkal ondoren izan da ekimena, jantokian bertan: ugariak dira atxikimenduak, hirukote bat izan dugu abeslari, ondoren korua.
Kafe garaiko erabakiek ez omen dute baliorik, baina gaurko ekitaldi hau balekoa izan da. Gaueko ekitaldian ikusiko dugu berriro elkar.
Burugogorrak gara. Tematiak gara.
Emaztea, semea eta neskalaguna bildu zaizkio Gorosi gaur hemen.
Gaueko ekitaldiaren aipamena izan ohi da ekitaldi guztietako gogokoena, joateko konbita luzatuz denei, argazki bat bera ezin daitekeelako kamionetan geratu atera ezinik eta barne astindua delako preso guztien argazkiak batera ikustea.
Justo: punta ateratzen dio hitz bakoitzari, bere imajinazioak eta etorriak ez du amaierarik.
ZALDIBIA. Hemen alderik alde dute zintzilikatuta pankarta kalean. Azpian jende pila txaloka. Eskultura bihurtutako enbor lehor baten inguruan ekitaldia plazatxoan. Txarangak eman digu ongietorri musikala. Olano HBko mahaikidearen argazkia jarria dute jadanik herriko presoen kirtendun karteltxoan. Aurkezlea, ohi denez. 16 neskako dantza taldeak ikurrina osatu du zintez "Eusko gudariak" soinua dantzatuz. Dantzariek herriko gazte baten poema oparitu digute irakurri ondoren, lokarri zuri-berde batekin lotuta, bakoitzari ale bana. Gitarra-jole batek abestu digu kanta poetiko hunkigarri, tristea. Banan banan eskaini dizkigute atxikimenduak. "Euskal presoak Euskal Herrira" herri ekimenaren hitzak. Patxi Iraola bertsotan: gartsu ahotsez eta gaiez.
"Herriz - herri haize bolada zeharkatu da.
Ipar, hego edo hego mendebalekoa?
Alde guztietatik atzeman dut ... Ez!
Ataundik dator, jentillen etorrera?
Hauek astintzen ote eguraldia horrela?.
Zaldibiako herrixkan maitasun haizea da,
elkartasun haizea, giza eskubideen haizea.
Senideak datoz!.
Ah! Hogei egunez ia Euskal Herri osoan
iraungo duen aldarrikapen haizea omen da!
Hala dio eguraldi iragarleak!.
Mayorren ileak banatuko ditu,
eta espetxeratutakoenak orraztuko.
Haize ibiltari horrek mugitzen dituen lainoek
giza eskubideak ixuriko dituzte euri bilakaturik.
Horrela jarrai ezazue Gasteiza;
haizearekin batera; ekimen ibiltaria."
Zaldibiako herriak.
Txokolatea eta pastak eskaini dizkigute urdaila berotuz bukatzeko.
Sendo jarraituko dugu.
"Euskal Presoak Euskal Herrira" herri ekimenak sortuz doaz, Goiherrian behintzat.
Gure talde ibiltari hau ere sendotuz doa. Haserako bozeramaile laukotea bertan behera desegin du taldearen jarduerak. Taldeak nortasun eta dinamika propioa hartu du, egunekoaren eta egoeraren arabera antolatzen da dituen baldintza eta baliabideekin: denok gara denerako, denok gara zerbaitetarako gai. Zereginak finkatzen joan dira, taldea finkatu egin da, talde bizia gara. Badugu gure Mandona eta gure Jefa, askotan jefe asko eta indio guti ere bai, baina ondo olioztatutako makinaria bihurtu da taldea noizbehinka kirrinka egiten badu ere. Gure helburu zehatz, argi eta onartua da engranajeak leuntzen dituen olioa, baita familiarteko presoen oroitzapen eta maitasuna ere.
ORDIZIA. Nahastea, noraeza, zer egin jakineza da nagusi. Nerea haserre eta malkoetaraino erabat minduta dago, arrazoi guztiekin egon ere, plangintza osoa aldatu baitute inori ezer esan gabe.
Justok punta zorroztu dien indioen plazan geratu gara. Herriko 12 presoen kartelek hartu gaituzte, Azoka Plaza famatura jo dugu. Talde oparoa dugu zain. Lora eskaintza, bakoitzari sorta bana. Trikitia. Atxikimenduak.
Ez ditugu bakarrik utziko gure seme-alabak.
Eskaintzen dizkiguten lorekin jokabide ezberdina erabili ohi dugu. Izan ohi da gure artean eztabaidarik ere, geuri oparitutakoak guk beste norbaiti oparitzea zilegi ote den, komenigarria ote batez ere oparitu diguten beraien aurrean hori egitea. Herri bertako presoen familiartekoei, hurrengo herrikoei, ... era ezberdineko irtenbidea ematen diogu, une bakoitzean egokiena deritzoguna. Entzun nion guretako bati nola daiteken hainbat diru gastatzea alferrikako loretan. Baina hori ez da gure errua, gehienez herri bakoitzekoa, eta gu ezin gintezke hasi ez onartzen, jendea mintzen. Ezin duguna da ere autobusean zimeltzeen utzi.
Blanka, hain txikia bera, eta ze emakume handia!.
BEASAIN. Pankartekin joanalditxo bat egin ondoren zain zegoen jendearekin bat egin dugu kalean bertan. Gaua da. Txalaparta, aurreskua neska batek, zerrenda irakurri ondoren multzoan eskaini dizkiguten atxikimenduak, bada PNV eta EAkorik ere.
Kalean jarraituko dugu legea betearazi arte. Seme-alabak etxean daitezen arte. Azkena etor dadin arte.
Manifa. 600 argazkiak banatu dira eta beraiekin egin dugu ilara luze ikusgarrian Ordiziarainoko bi herrien arteko bidea. Ez gara ia Ordiziako kaleetatik pasa megafoniako kamionetak ez duelako sarrerarik.
ORDIZIA. Berriz ere Azoka Plazan. Argazkiz bete da. Aurkezpena. Bi neska-mutil izan dira bertsolari: "sofrimendua nora heltzen den inortxok ez daki", "egun hauetan gehitu zaizkie 23 argazki", "horrelako bake faltsurik ez genuke nahi eduki ". Dantzariek argazki multzoari egin die aurreskua. 18 urte preso egondako baten hitzak. Goiherriko Senideak-en ordezkaria. Atxikimenduen zerrendaren irakurketa.
Josepak pilpilean jarri gaitu.
Bukatzeko Hator hator abestu dugu txistularien soinura.
Liberatu egingo gara eguneroko hainbat lotura eta zereginetik lehia honetarako. Kalera aterata etxeko lanez liberatuko gara, izan daiteke hautsen eta kazolen diktadura apurtzeko modu bat.
Etxarrira egin dugu Etxarrikook, kotxez etorri baitira ekimenera familiakoak. Maria Luisa eta biok ezer ez dugunez etxean, sagardotegira jo dugu seiok, Maribi eta Rosa dira beste biak, jakina. Pare bat arrautza frijitu izan da afari ezberdin gozoa. Etxeko ohea oraindik ez zaigu arrotz.