Ekimen ibiltaria
Iluna eta euritsua argitu zaigu. Autobuseko bistabisioa murriztuz: karletez jantzi dizkigute leihoak zabalera on bat estaliz. Baina aurrerantzean bide eta kale ertzeko begiluzek badakite ez garela egun-pasa atera gaituzten jubilatu parranderoak.
TRINTXERPE (Pasai S.Pedro). Ez zegoen inor heltzean baina lurreratu bezain laster taldetxo bat hurreratu zaigu, goizeko hotzez eta gure atzerapenagatik nonbaiten gordeak zeuden. Apala baina jendetsuena bezain eskergarria bere presentzia. Badituzte atxikimendu batzuk. Loli eta biok joan gara Udaletxean gertatu diguten elkarrizketara: PSOEko zinegotziari ustelak atera zaizkio bere hitz ederrak: udalak herriko presoen alde eginiko ahaleginen goraipamenaren ondoren, gure helburuekiko adostasuna erakutsi digu, baina ez dio hitzez esandakoari idatzizko baiezkorik eman nahi izan, ez digu atxikimendurik sinatu, ezta pertsona mailan ere, horrela eskatu diogun arren. Kontraesana agirian jarri diogunean, sorbaldak jasoz alde egin digu Donibanen zegoen alkatearekin kontsulta egitera.
Gaur ikasi dut badela udaletxeetan sartutako mozioa presoak Euskal Herriratzeari buruz, baita atxikimendurako orri ofizial bat ere. Zinegotziarekin bulegoan egon ondoren jakin dut jakin, eta bueltatu egin gara tipoarengana, loreak lore ote ziren ziurtatzera.
Noiz arte luzatu behar digute sufrimendu hau?.
Ezagunak eta lagunak aurkitzen ditu batak ez bada besteak herri bakoitzean.
M .Luisa, isilean eta atzean, baina mila esku botaz, bi mila zulo estaltzen ditu taldean.
PASAI ANTXO. Herri berria, ia ezerezetik kanpotarrez sortua, euskalduntzen ari dena. Taldetxoa genuen zain herriko plazan. Astelehen goizerdia, egun eta ordu aldrebesak dira jendea batzeko, areago goiza hotza bada.Txalaparta, salda, … ohar idatzietan jaso ez dudan arren: izanen ziren baita atxikimenduak ere. Solasean aritu gara. Antxok ere zabala eta beroa du bihotza.
Sufrimenduan oinarritutako politika da sufritzen duguna.
Hunkigarriak zaizkigu herri orotan abiatzerako txaloak. Herri xumearen begiak bristada irribarretsu argiak dira espaloian, elkarri txaloak oparituz alde egiten dugunean.
Patxi, solaskide goxoa eta aberatsa, isila baina aktiboa, mila saltsatan egosia. Eskatzen zaion edozein zereginerako prest. Uste du zenbait, egunez bederen, gose greba egin beharko genukeela preso eta herri ekimeneko baraualdiekiko elkartasunez.
PASAI DONIBANE. Herriko sarreran hasitako manifa luzatu egin da kalexka estuetan. Ez ginen jendetza baina garrasia garratza zen. Oraingoan alkatearen hitz borobilak izan dira ustelak: apaltasunez jantzita arren, herria bera da jauna; jaun itxurako alkate-jaun handi-mandia berriz gizontxoa. Kai ertzeko plazatxoan, inguru itsastar paregabean eman digu Patxik elkarrizketaren berri; Pilar zen bere elkarrizketarako laguna.
Ez dut nire oharretan, baina oroimenak diost Paulek zuzendu zigula hitza.
Ez dute begi denek une berean negar egiten. Inork ez daki noiz tokatuko zaion berari negar egitea!.
Paule. "Mandona" deitzen diogu, merezimenduz irabazitako tituluaz; berak ere lehen unetik onartu du bai baitaki bromazkoaz gain ez dela gutxiespen deitura. Talde batek beharrezkoa du buru, gidari, edo ardura hartuko duen norbait. Eta bera da egokia. Izugarrizko ahalmena du niri behintzat ihes egiten didaten egoera, premia, zehaztasunez jabetzeko. Berezko dohaina, buru izateko ahalmena, berak dionez bizitzak landu eragin dion gaitasuna: zapi seme-alaba ditu bereak eta istripu batek beste sei iloba gehitu zizkion seme-alabatzat; ontzi handia gidatutako kapitaina beraz, lema zer den dakiena. Iloba du kartzelan.
LEZO. PNVko-edo uste genituen familiartekoak ezkertiar abertzale direla aurkitzearen poztasuna eman digu tximinia eta eraiki erraldoien oinean kokatutako herri honek: nork jakin nondik sor daiteken itxaropen izpia.
Pankartekin eta musika lagun, oihuak tartekatuz, egin dugu sarreratik plazarainokoa. Ideiak garbi dituen Udalak Udaltzaingoaren kotxea jartzen digu herri barruan egin dugun manifestapenaren buru: zirkulazio antolaketa zentzuzkoa izan dugu gutxienez. Arazoa ideietan datza, ez borondatean. Atxikimendu osoa eskaini digu Udalak, eskulan ederra oparitu ere. HBk du alkatetza. Josepa eta ni izan gara Udaletxera igo dugunok: han ez ziren beharrezkoak Joseparen hitz hunkigarri eta beroak: nik neuk bai ikasi dut zenbaterainoko indarra duen bizipenen testigantzak. Justo behintzat izan da, beste ez dakidan norbaitekin, apaizarengana hurbildu dena: herri honetakoek beste apaiz baten babesa behar dute atxikimenduari baiezko idatzia emateko: norbanakoaren gutxia edo ezereza azaleratzen da horrelako jokabideetan.
Ez dakit nor izan zen hitz egin zuena.
Karlistada ezagutu dugu, errepublika, monarkia, frankismoa, frankismoaren gerokoa eta orain hau: politika aldakorra da, gaurko politikoek ez dakite bihar zer gerta dakioken.
Txikia da hainbat herrietako taldea, bai harrerakoan bai manifan, baina arratseko manifa jendetsua haina eskertzen da.
Pakual. Semea du kartzelan. Gose greban zegoela eta berarekin egoterik edo komunikatzerik ez zuenez, baina nolabait bere arnasa eta bultzada eman nahiz, bere herri Berako kartzelan sartu zen eta gose greba egin 25 egunez. Lagunak eta ezagunak aurkitzen ditu goazen herri askotan. Mila historia ditu eta kontalari atsegina da. Ez dakit goizero, baina semeari idazten dio Ekimen Ibiltari honen gorabeherez, beti dabil nota paperak zirriborratzen eguneko zertzeladekin.
OIHARTZUN. Zer nahi duen garbi duen herria: ezkerrak ez ditu bere askatasun-borrokalariak bere horretan uzten. Eguerdia da, jendea ugari; lagun minak ere ikusten ditut tartean, bihotza bera epelagotuz; Jose Agustin Arrieta ere han zen, liburuek edo idatziek ematen ez duten hurbiltasuna eskainiz. Alkateak eman digu ongietorria plazan, neska seikoteak dantzatu die aurreskua presoei, dendari; sindikatu eta abar luzearen atxikimendu pila jaso dugu: lan egiten duenak uzta ere jasotzen du.
Paule uste dut izan genuela hizlari gaur egun osoz.
Egin beharko duzue zerbait politikook gure sufrimendua konpontzeko.
Lagun min zaidan Jose Iriarte, "Bikilak", idatzi duen Oreretako borroka kontatuzko kronika liburua oparitu digu ibiltarioi Oiartzunen, baita M. Luisa eta niri ere guretzakoa.
Goros. Basaurin bizi den Laudioko arabar kalakari adarjolea. Begoren koinatua. Umore-sen apartekoa, txantxak egin eta hartu irribarrea galdu gabe egiten du. Alaba du Carabanchelen, hiru urtez prebentibo: epaiketaren luzapena, kondenaren eta sufrimenduaren gehigarri bat.
Bazkaria elkarte batetan: babarrun zoragarriak sakramentu guztiekin, bakailaoa saltsan, pastelak: bazkari gozoa, bihotzez gertatuagatik gozoagoa. Kafe orduan ere, oraindik atxikimenduak helduz doaz.
HONDARRIBIA. Behe aldetik zaharrera egin dugu giza katea arrantzaleen auzoa lehenik eta kale bihurriak ondoren zeharkatuz. Antzinatasunak Hondarribiari ematen dion ederra ezagutu nahi duenak herriaren goialdera ere jo behar du. Udaletxeko arkupean txalaparta, ume eta gaztetxoak ere bertsolari, aurreskua, atxikimenduak.
PNVko alkatearen hitzik eza: Josepa eta ni joan gatzaizkio atxikimendu bila; entzun, entzun digu, ez digu erantzun pertsonalik eman nahi izan, ezta Udalarena ere, erantzungo omen digu, baina ustela izango dela susmoa hartzen diogu agintzen digun geroko horri. Josefaren testigantza hunkigarri eta benetakoak mutu utzi du alkatea, zurikerietarako ere gaitasunik gabe; Salto del Negroko euskal preso politikoen kartzela baldintza gogorrak entzuteak lotsatu ere ez ditu egiten gure agintariak. "Semerik baduzu?", … "Ba guraso bezala hitz egiten deutsut".
Paule arkupean hizlari.
Herriak erakusten duen nahia da eskatzen duguna.
Aspergarria ere gertatzen zaigu herriz herri gure erretolika hainbat aldiz errepikatzea, baina hori da gure egunotako legea, zabaldu behar dugun mezua aldarrikatzea behar haina aldiz eta tokitan.
Pili, isila, fina, irribarrea beti ezpainetan, begiak triste xamarrak ditu hainbat aldiz. Prest dago beti edozertarako, publikoan hitz egiteko ez bada, berdin joango da apaizarengana, alkatearengana edo edozeinengana hitz egitera. Zalakain zen bere senarra: kartzelak hil zuen, kartzelak gero gezurrez ezkutatu nahi izan bazuen ere bere delitua; Martutenen bukatu zitzaion bizitza hainbat kartzelatan gaixorik ibili ondoren; zirraragarria da senarra hil zioteneko historia luze bezain latza entzutea. Pili bera ere kartzelan egon zen, baita semea ere!
IRUN. Atertu ere ezineko euripean ilundu zaigu eguna gaur ere. Jende ugaria bildu zaigu. Guardasolpeko ekitaldia izan da. Ibonek aurrez prestaturiko preso guztien argazkiak dituen panelaren aurrean. Ibiltariok pare bat pankarta daramatzagu, ikasi dugu panel aurrean jarri ordez albo banatan panela bilduz jartzen pankartok, presoei lehentasuna nolabait eman nahiz. Aurreskua eta atxikimenduak. Idatzizkorik ez digu eman, hitz soileko atxikimendu eman digu Irungo PNVko alkateak.
Lolik orria irakurri edo hitz egin zuen.
Ekintzaren ondoren Elkarte batetan aterpetu gara elkarrizketara joandako lagunen zain.
Bi urtetako manifa jendetsu, itxialdiak eta gose huelgak ez ote herriaren nahiaren ezaugarri politikoentzat?.
Dodaka Salegi, betidanik mila borrokatan zaildua, hizkuntzaren eskubideagatik ikastolen borrokan garai batetan, preso eta senitartekoon eskubideengatik orain. Semea du Soto del Real-en.
ORERETA. Blaitu egin du ekitaldia eurite bortitzak. Guardasolpe bat bihurtu da zumardia, mila koloretako toldotxo borobilek estali dute plaza. Bilduek tinko eutsi diote amaierarik ez zuen euri jasari. 600 kartelen bukaerarik gabeko ilara bakarra sugea bailitzan bihurritu da kaleetan. Guk aterpea genuen kioskoan, baina dantzariek euripean blai dantzatu dute. Apaiz baten hitz jatorrak eta harrigarri laburrak. Koru batek "Jeiki jeiki" eta "Hator hator" abestu ditu. Bi kantari ere izan dugu: mutila bata, neskatoa bestea.
Lolik uste dut hemen irakurri egin zuela gertatuta dugun orria.
Idatzi gabeko hitz soileko atxikimendua jaso dugu PSOE alkatearengandik.
Halako euri jasarekin ere biltzen den herriak etxeratuko ditu bai bere presoak.
Loli. Hitz askokoa, galdu egiten zaigu beti ere, edonon du ezagunen bat edo ez badu egin egiten du. Kontu-kontari beti guretariko baten alboan. Mila ekintzetan indartua. Onbera, urduria baina erabakiduna, irekia. Edozertarako prest, ausarta.
Afaria: haragi gisatua eta gazta. Uste dut Herrikon izan dela.
Aterpetxe batetara bildu da lotara gehiengoa, Maria Luisak eta nik anaia-koinataren etxean lehortu ditugu hezurrak eta oinetakoak.