Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Burutapenak 2

Burutapenak 2

Jon Etxabe 2018/06/22 06:52
Gogoetak IV. Errealitatea, Ederlan

IV

Errealitatea

Erlatibotasuna / Zer erreala

* Azalean diotenez haragoko zerbait ezkutatzen dute gehienetan hitzek,  hitzak garunetako hieroglifikoaren osagai  bat besterik ez dira, puzzlearen txatal bat.

*  Arriskua: sarri da askatzailea.

* Tragedia latzenak hutsal bihurtzen dira errepikatzen direnean.

* Gehiegi pentsatzea baino larriagoa da ez pentsatzea.

* Aspertzea ez dator kanpoko baldintzetatik, norbere baitako jitetik baizik

* Paperezko dirua txanpon bihurtzen du poltsiko ahulak.

* Esperantza eta baikortasuna, gatza eta azukrea bezala, bere neurrian.

* Oihu egitea eraginkorra da zenbait egoeratan.

* Egun argiak uxatu ohi ditu lozorroko burutapenak.

* Errealitatea baino errealago eta eraginkorragoa da irudimena.

* Heriotzak berdintzen ditu gerra batean alde bietako gerrariak.

* Buru izateko gai ez denarentzat beti da berandu

* Dena egiteko dagoenean, edozer da zerbait balekoa.

* Egia da bidaiak iritzi arte baino ez dutela irauten, baina tarte hori izan daiteke latza edo gozoa, luzea edo laburra, eta horrek bai badu garrantzia, ez da inola ere erlatiboa, edo nahitaezkoa.

* Izugarrikeria izugarrienak ere erlatiboak dira.

* Dena da erlatiboa, sufrimendua neurtezina izan daiteke pertsona batengan.

* Errealitatearen azpitik beste errealitate bat dago. Zer da erreala?.

* Galbahe ezberdinetan iragazitako zatiki-multzoa besterik ez da errealitatea.

* Gizakiak ezin du lurraren kurbatura ikusi, antzeman soilik.

* Bigarrenez egiten diren itzuliak ez dira lehengoak bezalakoak.

* Bakoitzak ditu bere bizitzako zutabe euskarri propio eragileak.

* Maitasuna eta Justizia hitz potoloak dira. Herri xeheari hurbilagoko xehetasunetan gauzatzen zaizkio hitz potolook.

* Zenbat aldiz ahalegintzen garen errealitatea suntsitzen, eta, ezin dugunean, estaltzen. Eraginkorragoak, zoriontsuagoak ere ginateke arazoei aurrez-aurre begiratu eta korapiloak askatzen ahaleginduko bagina. Ahalegin hori bera lasaigarria litzake, ihesa baino.

* Amestu eta galdu ondoren baloratzen ditugu, zoritxarrez, ondoen gauzak.

* Irudipenak egiten dira sarri istorio; historia ez da beti fidagarria.

* Edozein herriko bizitza da konplexua, aberatsa, oparoa: osorik eta orokorrean begiratzeko ikuspegi zabala eta gaitasun zolia falta zaigu, eguneroko xehetasun estuetan larritu eta engaiatzen gara.

* Idealizazioaren gauzapena denean da gozamen errealitatea.

* Ez dago  berdinak diren bi gauza. Ez dago bikirik munduan.

* Direna baino ez dira gauzak, ez ezer gehiago. Orekatuagoa eta lasaiagoa litzateke bizitza filosofia horrekin. Ebidentzia hori haustean datoz desoreka eta zapalketak.

 

Araberakoa

* Ez itotzea denean da jasangaitzena beharra.

* Ordaina edo ondoren zerbait jasotzeko egiten denean, maltzurkeria bihurtzen da oparia.

* Duen xarmaren erdia galtzen du aurrez onartua izanen dela egiten den oparia, ezuste  eta sorpresa punttu bat behar du beti opariak.

* Zerbait eskuratzeko gogor borrokatu izanak daki gauzak eta egoerak baloratzen.

* Barne egoera da aspergarritasuna, ez kanpotik datorkigun zerbait.

* Paperezko dirua txanpon bihurtzen du poltsiko ahulak.

*  Zenbat ate ixten digun harrokeriak!!!!.

* Astunak dira zenbait isiltasun, beste zenbait, aldik, arinak.

* Sinpleak dira gauzak normalean, guk geuk estutzen ditugun arte.

* Faktore objektiboek baino pertsonalek ematen diote kalitatea gauzei eta gertaerei, zergatik ez dakigula gehienetan.

* “Etorkizunak idazten du iragana”, memoriak idazten du historia, gertatzen ari dena da historia, memoria, aldiz, gertatutakoa.

* Medioetan azaltzen ez dena hilda dago gure gizartean.

* Joan eta etorri egiten da dirua, dagoenean; arazoa da ez joan ez jin ezin duenean egin, ez dagoelako.

* Ezer ez gertatzea da gertakizun sarri.

* Eguneroko gertakizun oro da mirari bat, baina ohiturak, egunerokotasunak edo maiztasunak, xera lausotzen dio, eta plazer asko murrizten.

* Gauzak ez dira berenez ezer. Norberaren aldartearen araberakoak baizik.

* Ezkutatzeak ematen die tamaina gauzei.

* Zikinagoa da beti errealitatea dioguna baino; esana, izana edo ekina zuritzen ahalegintzen baikara; alderantzik, garbiagoa izan ohi da errealitatea, seta txarez agertzen dugunean.  

* Ez dago oinaze berdinik, oinazea neurtzerik ere ez, besteenarekin alderaezina da, bakoitzak soilik jartzen dio neurria

* Komenientziara ibili ohi da komenientzia, interesen arabera.

* Demostratzen ez dena ez da ezagutzen.

* Minak  ez dira zauriaren araberakoak.

* Balio handia hartu dezake bizitzak  hogei tiro sartzen dizkizutenean,  tiroen zergatiaren arabera.

* Bakoitzak egiten du zortea, ezarrita datorrela dirudienean ere, zortea ez da berez datorren kontua.

* Besteen begiek egiten dute pertsona bat eder; jakintsu, aldiz, norberak.

* Bizipen bat da norberarentzat bizitza, kontakizuna besteentzat. Kontatzekoak diren bizipenak baino kontatzekoak ez direnak ematen diote piperra eta misterioa bizitzari. Kontatzekoak ez direnak kontatzeak, aldiz, zabartzen dute kontatzailearen itxura eta besteenganako errespetua.

* Protokoloa antzerki bat besterik ez da gehienetan, zerbait artifiziala, gizarterako beharrezko arauak direnean soilik dute zentzua.

* Zer da handia, zer txikia, beste zerbaitekin konparaketak ematen du tamainaren zenbatekoa.

* Sakonean edo funtsean norberak egiten du gozagarria edo itsusia herri edo erresuma bat, norbere begiradak bizi duenaren barne egoeraren arabera. Erresumak eurak, neutroak dira.

* Kasualitatea baliatzen eta kudeatzen dakienarentzat da kasualitatea etekinaren arrazoia”.

 

Nork berea

* Gertatzen da  ez dakizula zergatik zerbait egitea, baina automatikoak ez zarama gehienetan, ez  baitzara robot bat. Ala bai?.

* Norberak nozitu arte ez dugu besteen oinaze eta minak ulertzen, ezta besteen zoriona ere.

* Begiak ez dira beti barnearen ispilu.

* Zenbat aldiz galtzen dugun mintzakidearen mintzagai haria, isilezin, luzeegi, edo arranditsuegia  delako aspergarri zaigunean.

* Zintzoen alderdian borrokatzeak zentzua duela, hori da alde bietako lubakiko buruek beti diotena.

* Eguneanegi bizi gara, gure gaurkoak biharkoari utziko dion arrastoa ikusi gabe.

* Entzuten ez dakienak ez du ikusi ere egiten garbi.

* Ba al du zentzurik,   konpara al daitezke oinazeak, baten eta besteren zauriak?. Erabat pertsonala denez, oinaze bata ezin daiteke konpara besteenarekin, malkoak eta aieneak ez baitira oinazearen zenbaterainokoaren neurria.

* Bakoitzak moldatzen du errealitatea, datozkion edo dituen osagaiak barneratzen dituen heinean, uneko baldintzen arabera.

* Jasotzaile adina errealitate dago, ez dago errealitate bakarrik.

* Sufrimendua, fisikoa zein bestelakoa, beti da isilen eraman behar den zerbait, partekatu ezinekoa, malko, garrasi eta hitzetan itotzen bagara ere.

* Antzaldatu eta edertu egin ohi dugu dena, norbaitentzat atsegingarri izatearren.

* Bakoitzak dugu geure izaera propio geurea, egunerokotasunak zizelatuta.

 

Tematia

* Abstrakziora jotzen dute teoriko, politiko eta poetek, baina beti inposatzen da errealitatea.

* Berekoia da zoriona zoriontsu direnengan, baina halako poztasun bat zabaltzen du.

* Lehenago edo geroago, armak erabili egiten dira.

* Esan gabeko isilekoak baino denak dakizkiten esan gabeko gauzak izan ohi dira garrantzitsuak.

* Jatorrizkoa dena idealizatzeko joera dugu, baina jatorria ez da inolako bermea.

*Gizakion ilusioa omen askatasun kontzeptua,  kontzeptu unibertsala delako, baina egunerokoan txertatuta dago eta eguneroko hori ez da ez ilusioa ez utopia.

* Errealitateak harrapatuko du bizitza ordez ametsa bizi duena.

* Idealizatu egiten dugu liluratu gaituen pertsona edo edozein gai zein gauza, baina errealitatea  errukigabea da.

 

Zertzeladak

* Naturaltasunez begiratzen diegu, baina misterio eta mirari bat  da kanpoan dagoen oro.

* Ez da erraza nekea manipulatzea.

* Biharamuna mikazten du parrandak.

* Historiak borratzen duena jaso behar du memoriak.

* Datuak garrantzitsuak dira  arazoaren neurria emateko.

* Errealitateak ez dauka ez heldulekurik ez pausalekurik.

* Ez dira aldatzen ohiturak pentsatzen ez direnean, baina pentsatzen direnean ere ez sarriegi.

* Zerbait ikustean, oroitzapen bihurtu da ikusitakoa.

* Bizitza errealak nahastu egiten dizkigu irudikatutako asmo denak.

* Norbere bizipenak dira errealitatearen benetako baloreak.

* Gerretan batez ere, gizakiak bazter egin dio selekzio naturalari.

* Ezagunak asko, lagunak gutxi. Premiak erakusten du laguna nor den.

* Beti dago lekuz kanpo gaudela adierazten duen seinaleren bat, baina ez dakigu irakurtzen, interpretatzen.

* Nostalgiak eta gauzak azkeneko ikustean, urruntasun batean bezala begiratzen diegu, eta horrek lausoago bezala egiten ditu, difuminatu, akatsak ezkutatu edo desagerrarazi. Horrek egiten du despedida, agurra, ederragoa bezala. 

* Bada zati ederrik eta zatiak ederrak direnean are ederragoa egiten dute osotasuna. Nolanahi talaiatik, ikuspegi zabalago batez, dena da ederragoa, atal itsusiak eurak lausotu egiten direlako.

 

 

Ederlan

Artea

*  Bihotza hunkitzea, hor datza artea.

* Edozein ekintza bihurtzen da arte, bihurtu daiteke behintzat.

* Forma eta egitura bitxiak, harrigarriak, sortzen ditu naturak, baina gizakiak badu, natura imitatu baino/edo harago, artelan berri ezberdinak eragin ahal izateko sormen ahalmena.

* Artelan orok izan  behar du bere aroko espresio berria, bere garaia islatuz, baita arriskatuz ere.

* Konprometitua den heinean du indarra eta eragina edozein artelanek, jendearekin konektatzen duen heinean, alegia.

* Konprometitua izateak ez du esan nahi arteak politizatua izan behar duenik, zoritxarrez sarriegi politizatuegiak izan ohi dira bai artista bai bere artelana, edo boterea ahalegintzen da artista eta artelana politizatzen, hau da, helburu politikoetarako artista eta artelana baliatzen eta bideratzen. Politikak ezin du baldintzatu artista edo artelana, baina bai biak lagundu,  ahalbideratu eta indartu, beraien independentzia errespetatuz.

* Beti behar luke izan artelana arkitekturak, baita herri xehearentzat eraikin merkeagoak diseinatzen dituenean ere.

* Besteen artelanak kopiatu eta nahastetik ez da artelanik sortuko, lan bitxiak eta ederrak sortu daitezken arren, ez bau egiletasunik erakutsiko.

* Beti egonen da ideia bat artelan baten ostean, baina oso zaila egiten da gehienetan egilearen ideia horretaz jabetzea, baina, seguruenik, nahiz inkontzienteki, eragina izanen du ideia horrek ikuslearengan, edo gizartean, epe luzean bada ere.

* Edozein artelanek larrutik ordainarazten dio egileari.

* Erakunde ofizial edo dirudunei esker edo beraien jopu bizi da artea: elkarrengandik urrun bizi dira herri soila eta artea.

* Gerra bat da artea, sortzaileak pairatu behar duen gerra, irabaziz gozamena izanen du.

* Gizaki arruntentzat da mundua, apaingarri bat besterik ez zaie artea.

* Agorraldi luze eta sakonak ohi ditu sormenak, aurreko artelana gainditzea genioen ahalean soilik dago.

* Edozein arte mota sortzailearen barne arazo eta bizipenen erakusleiho bat da.

 

Edertasuna

* Kontzientetasunak egiten du dena eder, objetibotasunaz harago.

* Ezkontezina izan ohi da oparotasuna edertasunarekin.

* Nostalgiak ez dio begiratzen estetikari.

* Ongiak behar du edozeren gainetik, baina, edertasuna, sarri, sarriegi, gailendu egiten zaio.

* Perfekzioa, ergelen mitoa, artea ez delako behin ere perfektua: kritikoen lehen araua  behar luke

 

 Musika

* Hilda dago jotzen ez den tresna.

* Entzulearen aldarteak baldintzatzen du musikaren eragina, entzuterakoan, baina, alaia edo tristea, dugun barne egoeraren arabera jartzen dugu musika.

* Izugarri zor dio kantagintzak eta orokorrean musikak apaizgoari, musikari entzutetsuez gain, parrokietatik sortu direlako koru eta abestalde asko.

 

Argazkiak

* Lapurreta asko egiten dute kazetariek baimenik gabe argazkiak eginez.

* Irudiak ahanzten ditugulako ateratzen ditugu argazkiak, baina euskarri guztiokin ere sentipenak eurak ere lausotuz joaten dira denborarekin.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.