Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Poeten uharan 2

Poeten uharan 2

Jon Etxabe 2018/08/24 09:35
36.- Esna nahi nuke I

I

 

Maite nau, bai-ez

Maite nuela nekien

azken petaloaren aurretik

nire baitan dirau maitasunak

ez da inola oroitzapena

maite dudala dakit

ez da margarita-jolasa

 

 

Ipurtargi

Ez gara jaio ipurtargi izateko

ameslari egiten gaitu ilargiak

bizimin gara eguzki epelean

baina ipurtargi izaten ikasi behar genuke

kaleko argiek itsutzen gaituztenean

argi izpi bat izan dezagun jarraitzeko.

 

 

Esperantzaz

Esperantzaz elikatzen gara

abioi arrasto zuria ezabatzean.

 

 

Bortitzak

Eskuburdinak jarri zizkiguten

pilotari egin ginenean

hankak lotu zizkiguten

bidean jarri ginenean

begiak estali zizkiguten

itsu bihurtu nahian

ezpainak josi zizkiguten

mututu gintezen edo

lobotomizatu nahi izan gintuzten

amets egiten genuelako.

 

Orain

bortitzat

salatzen gaituzte

 

 

Marea gora

Olatua-harkaitza

natura lehian

nor-nork

berritzearen dialektika

zer-zerk

aldaketen borroka.

 

 

Likin

Aingira atzaparretan bezala

labaintzen zaizkigu urtaroak

bizitza

esku likinak ohi dira sarri

arrantzaren arrasto bakarrak.

 

 

Utopia

Zer naizen ere ia ez dakit

besteek dute naizenaren azken hitza,

ibilian nabil tairik gabe

okupatu gabeko aulkirik ba ote,

ez dakidan norako ate bila diraut

giltza beste batek daukala jakinik,

eguzkia dut amets

ekaitz beltzeko lainopean.

 

Utopia besterik ez da

patrikan geratzen zaidana.

 

 

Itsu

Gorpua da Justizia

hilotzak epaileak

begiak jan dizkiete putreek

bihotza otsoek

garuna harrek

 

Gizaki maspildua ekarri zioten

baina kodigoaz urkatu zuten

 

 

Gu

Eskutik heldu zintudan

eriak korapilatu zenizkidan

geroztik

ez nik ez zuk

ez nire ez zure eskuek

guk, gureek baizik

eragiten diraute arraunari

nora bereko batel bakarrean.

 

 

Zauriak

Kolpez kolpe

itxaropena

arrakalatu nahi izan digute

baina udaberri da geroa

bizipoza

loratu egin zaigu zauri bakoitza

 

 

Laguna

Ez nintzaion joan bila

hor zegoen

aukeratu egin nuen

kidetasunez

ez zitzaidan bila etorri

hor nengoen

onartu  egin ninduen

hurbiltasunez

 

Mina da laguna

huts egiten ez duena

auzo izateaz harago.

 

 

Gaztaina

Nago gaztainondoa dela gizartea

mardula emankorra itzaltsua

gaztainak ginateke gizakiok

oskol zorrotzez babesten den fruitua

 

Trikuak ote garen ere banago

eztenez gotortuak gaztainak antzo,

baina errepidean zapaltzen gaituztenak.

 

 

Neguko bakardadea

Supazterrean dago katua

leinu gorrian lozorro

lagunartera doa gizakia

bizipoza ezten eta hauspo

hotza baita negua

hitsa bakardadea.

 

 

Nire bidexkak

Tren bat noiz pasako

zein bagoira igoko,

geza geratuko zaio bizinahia

oasirik gabe desertua 

 

Nork bere erraila

bakoitzak bere oin-hotsa

norbere hegadan datza

ibilirako kemena

arnas bizigarria.

etiketak: Poeten uharan 2
Serafin
Serafin dio:
2018/08/27 11:50
"Poeten-Uharan" Ederrak dituk Jon. Besarkadia.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.