Herri mintzoak
Argibide gisa
Beti erakarri izan nau nagusiagoen, batez ere herri-herriko jendearen hitz-moldeei erreparatzea. Baina ez bakarrik euskaldun nagusien euskarari, baita Espainiako etorkinen gaztelaniari ere. Oso gaztelaniazko esaldi bitxiak entzun ahal direlako. Baina nator euskarara. Tarte gozoak pasa izan ditut anbulatorioetako itxaronaldietan, errehabilitazioan, lagunartean, dendan, trenean zein autobusean, taberna, jantokietan… batez ere herri txiki samar eta euskaldunetan izan naizenean. Isil, baina entzumena zorrotz. Ziotena baino esaerak zitzaizkidan, zaizkit oraindik, entzun-min. Ziotena bera ere zentzuduna, argia, eta mamitsua arren. Baina moldeari begiratzen nion batez ere. Gozatu, ikasi egin dut, harritu ere egin naiz askotan.
Aldi batez, entzundakoetatik deigarri suertatutakoak idatziz jasotzeari ekin nion. Lasterrera baina, heldu zen une bat ez nekiela zer egin jasotako guzti harekin, ez nola kudeatu, ez zertarako erabili. Alfer lana ere iritzi nion. Eta bertan behera utzi nuen jasotze lanari, nahiz jarraitzen dudan belarri zoliarekin itxoin geletan.
Karpeta zaharrei hautsak kentzen, garai hartan hartutako ohar eta jasotako esaldi zerrendarekin egin dut topo. Kilima egin didate esaldiok nonbaiteko toles-gune batetan, eta sareko nire orrian merezi dutela lekutxo bat erabaki dut.
Ez dira asko.
Agian mereziko zuen jarraitu banu lan horretan.
Argibide bezala ohar batzuk:
- Duela 40 bat urtetik gora jasotakoak dira, ez baitute paperok datarik. Hainbat esaldi nahiko arruntak iruditzen zaizkit, baina garai hartan deigarriak egin zitzaizkidan, telebista-irrati-egunkariak ez zeuden gaur egun bezain garatuta, erdal medioen eragina bortitza zen, euskara bera ez zegoen ez hain helduta ezta ere hain kutsatua.
- Entzun bezala jaso nituen, eta orain ere ez diet ezer aldatu. Hainbat kentzekotan ere egon naiz. Egitura asko okerrak izango dira, seguruenik, asko ez dakit zenbateraino herrikoak, gaztelaniaren eragina ere nabari da hainbatean… baina gramatikalki zuzenak edo ez, ez dit gehiegi ardura, irakurle interesaturik bada, berak jarriko dizkio beharrezko zuzenketak.
- Hainbat esalditan nabari da esaleak gaztelerazko esaldia daukala buruan, erdara kutsua dutela alegia, eta biziki kilikatu nau herriaren ahalegina buruan daraman gaztelaniazko esaldi hori itzultzen, trakets eta xelebre askotan, baina uste dut badaudela bi hizkuntzen arteko nahasketa eta borroka suertatzen denean hizkuntza baten bilakaeran gertatzen diren sinbiosi eta zailtasunak adierazten dituen ukituak.
- Deigarriak egin zaizkit esamolde asko, maitagarriak ere, bitxiak asko, gauzak ikusteko eta azaltzeko ikuspegi ezberdin bat ere erakusten dutelako.
- Interesgarria iruditu zait joera ezberdin bat duen zenbait esaldi.
- Atentzioa deitu izan didate gureetan erabiltzen ez genituen zenbait hitz aurkitzea, agian telebista eta irratiaren eraginez.
- Deigarria egin zaizkit ere ezagunak baino gure artean erabiltzen ez genituen zenbait hitz.
- Zenbait hitz ezagunak arren, erabilpenagatik, hau da ekintza edo egoera ezberdin bati lotuta egoteagatik egin zait deigarri.
- Uste dut badagoela guzti honetan zerbait interesgarririk.
Multzoan nituen jasota esakuneok, nolabaiteko sailkapen bat jarri diet. Parametro edo ikuspuntu ezberdinetatik egin zitekeen, oso aleatorioa da jarri dudan ordena.
Delako ordenu barruan ere, zenbait esaldi jarri zitekeen sail ezberdin batean.
Balizko interesatuari irakurketa edo begirada erraztea beste helbururik ez du sailkapenak. Bedi beraz dagoenean.
Nire garun herdoilduak lijertzeko 3en1 eraginkorra gertatu zait esakuneokin jolastea, horrez gain norbaiten interesgune minimo bat sortarazten badu esne-telarentzat eztia.