BIDAIAK . ITALIA 2002
SIZILIA
Maiatzaren 22a. Asteazkena. 20.a-I:18.a
“Rubaiyatak”. Omar Khayyam:
* “Ordua fantasiari utziozu zure arima”. Ulises ibili zen gaur helduko garen itsasertzetan, Ziklopearekin borrokan. Izanen du fantasiak non ibili lekua.
* “Har ezazu zeruari gehiago ez begiratzeko erabakia”. Gaueko izartegi izarniatuaz maiteminduta joango naiz, zerua ikusi ahal izateko gaua noiz helduko zain gauero.
* “Goiztiri!. Zorion eta gardentasuna”. Zeru sabaia garden eta ur-ordeka bare esnatu zaigu eguna, itsasartea zeharkatzeko eskatzen genuena. Zorion beraz.
* “Txorrotxioka ari dira txoriak”. Kanpaleku orotan. Autoko kasete hondatuaren ordez.
* “Bidazti: ez zaitez abia oraindik. Zure ibilbidearen eta makaltasunez biraka doan itzal honen artean, badago apika amildegi igaro ezinen bat”. Bidaiariak beti du bere ahuldade eta makaltasunen kontzientzia, baina orain arteko amildegiak igaro baditu, zergatik “apiken” beldur izan. Abia gaitezen beraz Siziliara.
Itsasontzi zuria ostertzean eguneko lehen argi printzek argiztatuta, itsaso eta zeru mugen elkargune zuzena marrazten du bere joan geldoarekin. Urez inguratutako mundu bat itsasontziarena, gu, aldiz, lurrez, bakoitza gure bizitza propioarekin.
“Faciamus hic tria tabernacula” . Betirako edo aldi luzerako gelditzeko gogoa sortarazten du kokagune honek, nire mahaian idazten Palmiko Lidoa ikusi dezaket ate irekitik, hondartza luze hori ia zuria, labar perpendikular biluziak, amildegi ia bertikalak zuhaixkaz berdegune, olibadi diren itsas bizkarrak eta eskumako leihotik itsas zabala laino marra zuri lausoak nahasten dituela zeru eta itsas marra, itsasgaina eguzki distiratsu luzea datorkit azken marratik nagoen amildegiko oineko hondartzaraino.
Calabriako bizipenak laburbildu beharrez gero, mendi-basoak, gaztainadi diren basoak, maldetan zintzilikatutako herriak, zubitzar eta tunelak, zuhaitz lerden eta sendo diren olibondozko olibadiak, itsasertzean ia amildegi diren gainbeheretako mahastiak zapaldetan mailakatuta, herri eta etxeteria pobre kolorgetuak, hitsak, eta poliziaren ugaritasuna: polizia, carabinieri, polizia de finantza, motoristak, herrizainak, helikopteroa polizia hizkiekin, militarrak, txapel urdinezko soldaduak...
Atzo bertatik ezagututako herritxoak, itsasoa, itsasartea, Messina eta Messina osteko mendiez begiak betez egin dugu bestaldera eramango gaituen ontzirainokoa.
MESSINA
Travelling batenak zirudien barku gainetik irudiak: ontziak bere joan lasaian hurreratzen zigun irla, ontzia bera kamera erraldoia bailitz eta gu kameraren objektiboak. Aitaren batean heldu gara. Berehala ginen berriro abian.
Calabria eta itsasoa eraman ditugu zati batez ezkerrean, Cataniara bidean, Itsas Jonikoaren ertzetik. Gero, itsasoa besterik ez genuen lagun.
Berdea da lehorra eta horia uste genuen Sizilia, Itsaso Joniarraren aldetik behintzat; iritzi bizikor eta baikorra eskaini digu. Mendateri soildua, zuhaitzik gabeko mendiak, baina berdeak. Udaberriko itxura pasakorra besterik ez da agian, baina ederra da maiatz honetan. Malda barrenetik itsasorainoko lautada, lur beroetako ikuskizuna: laranjadiak, zenbait fruta arbola, pikondoak, piku txungoak, fruta arbola zenbait, mahasti txikiak, kanaberak...
Zubiak eta tunelak, bata bestearen jarraian, horiek ez direnean, itsasoa. Gurekin daramagu beti itsasoa eskuinera, hurrago edo urruti samar, baina beti gurekin.
Argiak dira herriak, berri itxurakoak, pintatu berriak lez koloretsuak. Etxe bakan ugari da malda barrenetan zein malda barrenetik itsasora arteko gainbehera leun zabalean.
Uharrizko harritza zabalak dira ibai-bideak, mendiarte bakoitzak du berea, ekaitzak bortitzak direla erakutsiz.
Taorminan agertu zaigu lurralde osora begiratzen duen eta lurralde osotik ikusgai den Etna sumendia, barren zabala eta 3340 metroko garaiera duen tontor koniko erraldoia; laino-txapel zuria du tontorrean, ketan bailego, barrena husteko prest. Gure begien lagun joan zaigu bide osoan, ikuskizun izanen dugu hurrengo egunetan.
Teilatu gorriz zipriztinduta dago zuhaitz ezberdinez berdegune itxura duen Etnaren barrenetik itsasora arteko malda leuna, sekulako ikuspegi eta ikuskizun aparta eskainiz Catania hiriraino: magal zabal berdea tanto gorriz zipriztinduta gainbeheran.
Fruta-arbolak, pikondoak, laranjadiak, olibondo bakanagoak, piku txungoak, altzifre batzuk... Lurralde erabilia, landua eta emankorra dirudi.
Inguru berean hasi da goietako herrien ikuskizuna ere: ezagutzen ez dugun herri bat lehenengo, menditik itsasora luzatzen den besoaren amaierako tontorrenean gaztelua du haitz-buruan, bere azpian, etxeteria, hegia osoa hartuz; etxeteriaren erdian eta itsasora doan amildegiaren gainean herriaren ertzean, bigarren eliza bat; amildegiaren barrenean itsas gaineko haitz tontor bikoitzak du bere gaztelutxoa: haitz gotortuak dira biak, berdegune eta zuhaitzez inguratua, ur ordeka urdin amaigabea aurrean dutela, goietako herria zaintzen. Ikuspegi aparta.
Taormina etorri da gero. Aurreko herriaren taxu antzerakoa, ia bera: amildegi baten hegian dago gaztelua, harkaitzezko konoaren txanoa bailitz; magaleko tontor batean, itxura erakargarriko mendiaren koloreko eliza; amildegi izugarriaren azpian etxeteria; turismo-gunea sortu da itsasertzeko harkaitz tontorraren inguruan, gaztelua behar zuen tokian.
Itsasertzean, hondartzak eta hondartza inguruan udaldirako herriak, etxe-sail berriak, pintatu itxurosoak, itxura oneko herriak, koloretsu biziak. Bizimodu bigunagoa duten itxura damaiete. Emigranteek dirua ekarri dute nonbait hona, indiano aberatsek, herri-minez, herrian bilatu dituzte berriro nonbait erroak. Agian turismo espekulazioa besterik ez da. Deneko moda udatiarra.
Giarre, Acireale... eta gainerakoak.
Bi gauza argigarri eta ezuste Cataniako autobideko irteeran: ordaindu egin behar da autobia, Calabrian ez bezala: txabolatxoko leihatilak ez daude kristalez babestu eta blindatuta, agirian baizik, Napolin ez bezala; visarik ez dute hartzen, eskuko diruz ordaindu behar da.
Izugarri zabal ageri zaigu Catania, itsasora begira, Etna sumendia atzean duela. Errepide eta kale-gune nahasikoa da, kale-arte nahasian doa zeharbidea bera ere.
Catanian hasi da gure gaurko odisea, erabat nahastu zaigu kanpin liburutik erraza zirudiena, ez gure erruz, gidaren oharrak ez dielako ezkontzen errepidearekin, ezta galdetzearen laguntasunez ere. Catania inguratu dugu hainbat kale-artetik, harritu gaitu gure, larritasunean ere, etorbide ertzetan laba haitz tzarrak aurkitzea, asko eta handiak, inguru bolkanikoa etxe modernoen inguruan.
Herri berri batera jo dugu azkenik. Aurkitu, aurkitu dugu kanpin bat, baina odisearen bigarren zatia izan da itsasertzeraino jaistea, hain ziren bihurriak bihurguneak, hain pikeak, hain ipurterreak auto gidariak, eta hain estua kanpinerako eta kokagunerako sarrerak. Baina sartu gara.
Kanpina. Santa Maria de la Scala. Kanpai eta txapligu hotsek eman digute ongietorria kanpinera inguratzean. Argi gorriak dituen bidegurutze orotan dago gazte edo nagusiren bat kristalak garbitzea eskainiz borondatezko sos batzuen truke; Mesinan eman diogu bati bi euroko txanpona zentimoak ez ematearren eta han etorri zaigu bigarren neskatoa lanik egin gabe beste euro bat eskatuz, “para karamelos” esanez. Atzerritar itxura dute.
Mailaz maila doa kanpalekua itsasoraino, malda bertikalean, gorenean jarri gaituzte. Itsas gain-gainean, baina ez dugu itsasorik ikusi ahal; mendirantz gaude, baina ezin dugu Etna ikusi ahal, baina 10 metrotara itsasoaren ikuskizuna apartekoa da, itsaslabar bertikalak, laba zati erraldoiak itsas bazterrean, eta kalatxoz bihurritutako itsasertza. Limoiondoak ditugu gerizpe-gai ordu beroetarako.
Astoa garagarrak irabazten lez dabiltza txolarre asko leiho aurreko harean, euren gorputzak astintzen, zorriak kendu asmoz edo, azkurez direlako.
Acireale. Herri barrokoa deitzen dio gidaliburuak: hala izan da, eraikin ederrak ditu: erdigunea, duoma, San Pedro eta S. Pauloren elizak eta Palazzo di Citá. Erdigunea: kale zabal eta aro berriko etxez osatua, artelanez osatua dago Duomo plaza. Duomo edo katedrala: fatxada ederra du: erromaniko jiteko leiho landua, marmol zuriko taila ederrez sarrera oparoa, iruditeri ederra eta bi dorreen teilatu koniko zorrotzak zeramikazko ezkata koloretsuz apainduak; barrua: dena dago pintatuta, sekulako zirrara eragiten du, pinturatzarrak gangetan, zutabe eta hormak ere pintatuta; baina iruzurra darie zutabeei, igeltsu pintatuak baitira, ez irudikatu nahi duten mosaikoa; organo eder bat da erretaula, aulkiteria ere ederra da. Koadro bat da aldare ororen erretaula, Italiako alde honetan ikusi dugunez. Hemen ere Montekasino monasteriokoen taxukoak dira aldareak, gorrizka eta zuriak nagusi diren kolore ezberdineko marmol txatalez egindako koloretsuak; busto eta gizon ospetsuen hilobi edo oroigarriak, marmolean zizel golpez idatzitako harrizko mezua iragarriz. Bitxikeria bat: kapera bateko kupulatxoko zulotxo pintatutik eguzki izpi errainua sartzen da eguerdiko hamabietan, zeinek erakusten du zein urtarotan gauden zodiakoko ikurrez adierazita lurrean marmolezko marra zabal batean. S. Pedro eta S.Paulo eliza: argia da baina iruzurra darie hemengo zutabeei ere, igeltsu pintatua besterik ez da marmol itxura duen horma; pulpitua, aldiz, zurezkoa, xume landutako xarma duen aspaldikoa da; aldare gaineko baldakinoa, izugarri ederra da, Aita Santuaren mitra eta bestelakoak ditu urrez brodatuta, sekulako tapiz gorria, aterpe eta guzti; Ecce Homo bitxia nire argazki bildumarako. Palazzo di Cita: harrizko buru tailatuek eutsiak daude balkoi azpi guztiak, bitxikeria bat; ez dira balkoipeko buru bakarrak, inguruko balkoipeak ere burutxo tailatuz edertuak baitaude; S. Sebastiano elizako fatxadako burutxoak zein kaleko beste hainbat etxetakoak ere, harrizkoak ez arren igeltsuz eginiko buru ederrak dira, berdin Sta.Maria de la Scalakoak: moda izan zen nonbait buruena garai batean. Buru tailatuen sinfonia bitxia da plaza osoa. S. Sebastiano basilika: erabat pintatua hau ere, ebanjelio eta santuen bizitzako hainbat gertaera adierazizko fresko biziak daude gurutzadura eta presbiterioko horma, ganga eta bobedetan; iruzurra dario pulpituari, igeltsu pintatua da marmolezkoa dirudiena, sermoiak ere ustel xamarrak izango ziren gogoeta sortaraziz. Ezkontza zegoen S.Sebastianon, abitu marroidun eta gerriko kordoi zuriko fraidea eliz atarian senargaiarekin ari zen une berean biribildutako alfonbra askatzen zebilen sakristaua kanpoko harmailetan, letoizko tututxo laru eta guzti. Santa Rita eguna gaur, eta Santa Rita eliza korso nagusian kokatua dago hain zuzen: kolore biziko globo eta santarentzat kandela laukoitz luzeak daude salgai sarreran; emakume eta umez beteta zegoen barrunbea, santari umeak bedeinkatzera edo eskaintzera eramanda seguru aski; parafernalia osoz jantzita, erretolika bizian, apaiza aldarean andre eta umez inguratuta; aldare batean gure Santa Rita, gerritik behera soineko dena jasotako opariz beteta; oroigarrien kinkila-denda bihurtuta dago alboko kaperatxoa; merkatu batekoa da barruko giroa, berba-hotsa eta lagunarteko giro kalakaria, agurmariaka ozenki marmarioa etenez; kanpaiek ere dilindan hots bizia atera dute seietan eta ondoren banda agertu da eliza atarian Santaren omenez kontzertua eskainiz kale erdian, diziplinatuki lerrotuta musikariak makilatxoaren ordenetara. Hainbat emakume heldu, gazte eta neskatilak ere Santuren abitua daramate, jantzi iluna esklabina edo lepoko zabal zuriarekin: hirian ez ezik, arrantzale herritxoetan ere ikusi ditugu abituok ere promesaren bat beteaz seguruenik. Kaputxinoen eliza, nire bildumarako Ecce Homo xarmanta eskaini digu. Corso Umberto: bizi bizia zegoen gaur arratsaldez, dendateria oparo dotorea du, gozotegiak ere oparoak dira gozo gauzez eta presentazioz. Belvedere: jauregiren baten lorategia behar zuen, dotorea eta zaindua, baina batez ere Joniarren Itsaso zabalera begira, sekulako ikuspegia eskainiz behatokitik. Bertan, gaur egun, biltegi bat den baina meskita behar zuenaren ate prepeziozkoa, eta postaletan erakusteko duten marmol zurian zizelatutako mugimendu handiko eskultura.
Azal erabat beltzeko ugari kinkila saltzaile Unberto kale nagusian, espaloi zorua dute salmahai eta erakusleiho.
Erosketak egitera joan gara zorionez hirira, hiriaz gozatu dugu baina erosketarik ezin izan dugu egin ahal itxita baitaude asteazken eta igande arratsaldean saltegiak.
Ahalegindu gara herritxoetan egiten erosketak: ahalegin ustela; baina ibilaldi gozagarria izan da, itsas kontrako arrantzale herritxoz-herritxo egin dugu, herritxo xarmantak, behe solairukoak gehienak, ganoraz eta bizi pintatuta, itsasertzean; portutxoa dute. Barruragoko herri-bidetik egin dugu itzulera, taxu berdineko herritxoz-herritxo orain ere, limoiondo-sailen artean. Galdetzeko geratu garen herritxoetako herritarrak adeitsuak, erantzun argi eta bizkor bezain zuzenekoak izan zaizkigu. Autobidetik ikusi ditugun itsasertzeko herritxoak, herri koloretsu, pintatu, zaindu txukunak izan dira, bizipoza erakusten dutenak.
Santa Maria de la Scala: herritxo arrantzalea, kale estuko herritxoa: behatoki apartekoa ere. Karmengo Amabirjina batek zaintzen du portutxoa zutabe eskerga garai batetik, baina ez dira erabat fidatzen bere begirada salbagarriaz nonbait, zeren moila luzatu berri diote portu zaharrari. Oso txikiak dira arrantzontziak, batel haziak besterik ez. Bat atera da, aurreko ur ordekan galduz joan da txindurritxo ibiltari bihurtu arte. Nagusi eta gizon gazte koadrila kartetan ari dira portu gainean, nagusietako lau jokatzen, besteak begira, baina denak begiluze intentzio biziz begiak mahai gainean iltzatuak eta berbaro burrunbatsuan. Giro lasai barea nagusitzen da herrian arrats eder honetan. Herritxo maitagarriak. Itsasertzeko kala gorde bateko harritzan oholtza zabal bat jasotzen ari dira, berdin ari ziren beste herritxo batean ere, udarako festa-leku bat seguruenik, bisitari eta turistentzako amu.
Erreparotxoarekin bagentozen ere Siziliara, lehen arratsaldeak uxatu dizkigu kezkak, eroso eta gustura sentitu gara siziliarren artean. Erabat adiskidetu gara Siziliarekin.
M. Luisa jabetu da hemen ilargiak beteranzkoan ez duela alde borobila eskuinerantz edo beherantz, gorantz baizik.
Bizikletekin zamatuak datoz alemaniar eta holandarrak, baina lurraldea ez da inondik ere egokia txirrindu zaleentzat, ertz estuko errepidearengatik, eta gidari ipurterreengatik
189 kilometro, bete-betean Sizilian jarri gaituztenak.
Osin beltz misteriotsua da itsasoa gauerdian gure behatokitik, zirraragarria osin beltzeko motor hotsa, arrantzalearen bizi-zantzu bakarra inolako argiren erreferentziarik gabe, lur muturreko itsasargiaren keinu kodifikatuek damaiote lurrarekiko lotura. Horrelako gau batean eginen zuten borroka ziklopeak eta Ulisesek, argi bakarra itzali eta iluntasun osoan utzi zuenean.
“Lagun izoztua”. Joseba Sarrionandia:
* “Gu ere apur bat subjuntiboak gara”. Geroa da bidaiari oro prestaketan, presentea bidaian eta iragana ostean, baina apur bat subjuntiboa ere bada, bere buruari zer eginen egoten baita.
* “Baina badakizu, border crosser, pasaporte faltsurik gabe ez zaizula mugarik inon zabalduko”. Fronteretan ez gaituzte geratzen, baina kanpaleku orotan utzi behar dugu pasaportea gauden aldi orotarako. Kontrolatzeko mila ere ditu Polizia Estatuak.
* “Inork ezin du egin uretan habiarik ez oinarridun etxerik, alde egite eta itzuleren espazioa baita”. Bidaiariak ere definizioz ezin du errorik inon bota, bidaiari izateari utziko lioke.
Maiatzaren 23a. Osteguna. 21.a-I:19.a
“Rubaiyatak”. Omar Khayyam”.
* “Jauna, hamaika segada prestatu zenituen gure ibilbidean, eta esan zenigun: “Errukarri gainditzeko gauza izango ez dena”. “Hemendik ere aterako gara” esan ohi dugu guk zerbait bide okerretik sartu zaigunean bidaiotan.
* “Asko ikasi nuen eta asko ahantzi neuk nahita”. Egunkaria da oroitzapenean zerbait luza araziko dudan itxaropena. Ez baitut neuk nahita ezer ahaztu nahi.
* “Erromesek agurra ukatuko dizute, baina serafin-koru batek abestuko du zure barruan”. Barne abesti hori da bidaiariaren sena.
* “Hildakoek ez dute memoriarik”. Baina hildakoen ondorengoek bai. Horregatik uzten dituzte biziek memoriarako argibide eta ezaugarriak.
Ez zaigu jadanik eguzkia itsasoan sartzen orain arte bezala, jaio egiten zaigu itsasotik. Itsasotik sartu zitzaigun atzo eta itsasotik atera zaigu gaur, Mendebalean baikenuen atzo ur ordeka, gaur aldiz Ekian, irlak lau alde baititu eta ia-ia lauetan alde infinitua, borobil antzerakoa baita.
Dorretxoa dago laba harkaitz txiki baten gainean, harkaitzaren luzapena dirudi, nano nanoa, umeen jostailu bat bezalakoa.
Gerra hegazkinak zeharkatu du zeru-gaina bizkor eta burrunbatsu. Helikopteroa ere tarteka izaten dugu “polizia” hizkiak nabarmen erakutsiz. Nork dio gizarte askea garela, armen mehatxupean gauzkate eta. Gizarte honetan inor ez da gai, indartsua dirudien asko ere ez, gustuko ez duen ezer egiteko, zentzugabea deritzon araua hausteko, alegia..
Tontor gaineko bi herritxo ditugu ikusgai gaur, Taormina eta Forza d´Agro.
Herri-bideetatik lehenengo eta bide nagusitik gero, egin dugu bidea, limoiondo-sail artean, herritxo eta herri hasiak zeharkatuz. Oasi edo lore-baratze jori baten itxura dirudi paisaiak, natura berde bizia puri-purian erakutsiz. Atzoko bizipen bera jaso dugu, bizipoza dago herriotan, agian emigranteek dirua bidali zuten edo irabaziekin bertara itzuli ziren azken urteetarako. Labazko amildegia zuhaixkaz berdetuta luzatzen da itsasoraino.
Amarauna dirudi herri-bideon sarea, bide estuak, sigi-saga atsedenik gabekoan. Ziztu bizian agertzen dira autoak bihurgunetan, gehienetan erditik, ezkerretik ere.
Gandupean dago Etna: ahoa zabalik duen sumendia, bi ezpainak luzatzen zaizkiola.
Giarte, herri zabal handia da, oso luze egin dugu autoz kale-artean; eraikin itxurosoak ditu, bikainak ere zenbait. Zerbait izandakoa, dena ere. Duomo: lau erloju ditu, lauretan geldituta denak, makineria bera izaki laurentzat. Plaza zabala bere estatuarekin. Zoritsua eta bizia. Dirua dabil edo ibili da. Ezkontza dute auzo batetako elizan, hemen ere alfonbra jarri dute eliza aurreko mailadian behera. Emaztegaiaren bila eraman dute autoa, erabat loratuta, motor gaina ere ia zeharo estalia apaindura zuriz, ez dira txatxarkeriekin konformatzen.
Cantonieri, bidezainen etxea, irlan ere granate biziz pintatuta.
Gramci gogoan dute oraindik zenbait kale-izenetan.
Mesina eta Catania probintziak banatzen dira hemen.
CATANIA
Giardini-Naxos. Berehala igarri diogu bertan ginela, turista herria baita: berehala ikusi ditugu alemaniar kankailu eta emakume ipurtandiak kaleetan zehar praka motxez, eguzki egarri. Bestela ere agerian du turismorako bizi dela. Itsasertz luzea du, polita, baita erakargarria ere: hondartza, haitz bolkaniko beltzak uretan... Taormina alboko mendi hegian. Turistengandik eta turistentzat bizi den herria.
Izugarrizko erreka-zulo eta ebakidurak dituzte mendiek, amildegian ebakitako mendiak. Txalupa piloa kulunkan arrantzan.
Taormina. Zintzilikatuta ikusi dugu urrutitik, amildegiaren gainean, itsas gainean, zaindari eta talaiari. Zirraragarria. Labar ia perpendikularren gainean bere burua erakutsiz, ikusmina pizten du bertara joan aurretik. Gaurko ezustea: itsasora luzatzen den muturreko hegi gaineko herritxoa espero genuen, baina sekulako herria aurkitu dugu. Hutsik egiten ez dizun herria, espero baino gehiago ematen dizuna. Goietan kokatua, sigi-saga bihurrian igotzen du errepideak menditik itsasora erortzen den amildegi ia bertikala, bihurgune batek bestearekin lotzen du ia artezgunerik gabe. Kale luze batek zeharkatzen du alderik-alde hiria, hegi hegitik bertatik doaz alboetara berantz zein gorantz, mendi magalerantz ere kalexkak, txoko atseginak sortuz. Herri zaindu zaindua, turisten zain bizi dena. Mila xehetasun ditu, kale-arteko ibiliak ez du asperturik harriei, erakusleihoei zein jendeari begira. Turista-herri peto-petoa, dena da kinkila-denda, baina kinkila dotorea; bertan erosi ditugu guk ere abesti napolitar eta tarantelen diskoa; dena da turista kaleetan, uholdean dator eta doa bisitaria, erabat beteta daude taberna aurreko mahaiteriak, jendeari patxada eta disfrutatu nahia nabari zaiola. Herria bera da, izan, altxorra: hiribildua izana, hiru ate geratzen zaizkio, kale nagusiaren erdian bat. Joan eta ikusi, begiratu eta paseatu, ikuskizunaz gozatu. Ate eta ateburu eder ugari, hainbat ermitatxo apaingarri landutakoz erakargarri; harri beltz ilarak dirudite bertako ezaugarrietako bat. Herri erdian gaztelutxoa, apainak eta harri landu ederrez deigarriak atea zein barneko patioa: turismo bulegoa dago bertan eta miretsi ahal izan ditugu bertako bi gurdi, sekulako zur tailatuak dira gurpil zein albo-oholak ertzak: irudi nanoz pintatua du albo-ohol eta gainerako une leun oro; erakusgai daude ere txotxongilo erraldoiak, emankizun bereziak egiten dira nonbait, eta gurdia ere ateratzen dute zaldi erabat apainduekin. S. Katalinaren eliza: indusketa lanetan ari dira zoru zati batean, erromatarren galtzadak zeharkatzen zuen, zoru azpian ikusten denez; bada santaren irudi eder bat, baita santokristo eta amabirjinaren taila ederrik ere. Kanpai-horma bikoitza du atetik kanpoko kaperak teilatu kantoian, xarmanta; liburutegia den ermita izandakoak ere dorretxo landu xarmanta du; hiruzpalau errosetoi ezberdin ikusi ditugu, erabat ezberdinak dira erdiko nerbio eta borobiltxoa, forma ezohikoak. Iturria bera ere ederra da, erdia emakumea, erdia zaldia, da marmolezko figura da erdiko irudia, auskalo zergatik jarri dioten koroa buruan, bitxia.
Erromatarren teatroa du, ateraino joan gatzaizkio: hainbat ditugu ikusiak, Ponpeiakoa ikusi berri-berria, beraz nahikoa oraingoz, nahikoa dela esan dugu.
Eta han goiko harkaitz puntan gaztelu hondakinak eta herriaren zati bat, tontorreko auskalo non eta nola eraikitako etxe multzoa.
Ikuspegia da herriak eskaintzen duen salgaietako bat, behatoki apartak jarri dituzte, nondik ikusi ahal den itsasertza luzera ia mugagabean, baita Etna sumendia ere, gaur tamalez laino ostean gordea.
Eskolaume pila joan dira kalerik kale manifestazioan bere pankartatxoekin; gelaz banatuta ziruditen, “Mundu hobea nahi dugu” zioen pankarta batek.
Behatoki batean sekulako mahatsondo sendoa dago, kale zorutik azaltzen, ernetzen, da, goiko bigarren eta hirugarren solairuetako behatokiak berdetzen ditu; bere antzerako lora gorri bat ere, bi adar luze sendoetan banatzen da.
Badu teleferikoa ere
Letojanez: hiru Amabirjina ezberdinen santutegiak iragartzen ditu inguruko mendietan.
Atzo goietatik ikusi genituen itsas bazterreko bi gazteluen ondotik ekin diogu Forzara: urrutitik bezain kilikagarriak dira gazteluok bertatik ere, gaztelutxo nanoak haitz baten puntan itsasoa gordetzen.
Forza d´Agro. Itsas ertzetik 420 metrotara igotzen du errepideak, sigi-sagaka kizkurtuan itsaslabar pikoan, errepidea eta bihurguneak ia zintzilikatuta, sekulako ikuspegia erakutsiz.
Ikuspegi aparta du herriak, itsasertza eta Etna; badu zeri begiratu, baina tristura dario. Izan zen baina ez da, erabat hondatuz doa; geratzen zaizkio etxeetako harrizko ate pila, erabat txikiak; Txikiak behar dute izan etxeak. Kaledi bihurria, kale estuko sare bihurria, dena da kale-gurutze. Bere lehengoan dirau, ukiturik ere egin gabe ia, baina hondatua. Triade deitzen dioten eliza: sarrera bikaina du, zizelatu landua, apaindura ezberdin geometrikoekin; atarian mailadi luze zabala atarian, mailadi gainean arku bikaina nahiz xumea; aspaldiko xumea da barnea, xarma du bere ezerezean; oso ilundu edo galduak ditu aldaretako pinturak; horman itsatsitako pulpitu ezin xumeagoa... Duomo: itxita bilatu dugu, berrituta dirudi, baina ez zaio ezer deigarririk ikusten. Gaztelua ere badu: haitz baten tontor tontorrean, hondakinak beterik ez, han goietan ikuskizun bitxia erakusten du herritik begiratuta.
Egunen baten agian norbaitek promozionatuko du, txukunduko dute, uda-herri bihurtuko dute eta jendea erruz joango zaio, baina gaur egun turistek nahikoa dute Taorminarekin, baita zonaldeko diru bilatzaileek ere, apustu segurua baita Taorminakoa.
106 kilometro, itsasotik itsaso gainera, behatoki diren herritxo xarmantetara.
“Lagun izoztua” Joseba Sarrionandia.
* “... baina irabazlearen akidura eta mindura bestelakoa da”. Baita bidaiariarena ere.
* “Esaiozu Ushuaia puntu ikusezina dela munduaren hegoaldean, hegoaldea baztergarria dela lurrean, lurra eguzkiak begiratzen dituen gauzen arteko bakanenetakoa dela, eta eguzkia, lurra bezala, hauts ale bat besterik ez dela unibertsoaren izar haustegian”. Baina ze puntu zoragarri eta ze hauts-ale ahaztezin, denboran eta espazioan ze banako eta zehatzak puntutxoa eta hauts alea besterik ez garenontzat.
Maiatzaren 24a. Ostirala, 31.a-I:20.a
“Dendako leihotik”. David P. Tijero:
* “Orratzak badoaz erlojuan / kanpai hotsak elizaren dorrean / orriak banan-banan egutegian / ideiak azkar dabiltza buruan / ametsa oroitzapen bilakatuz”. “Hemen gabiltzala ba gu” esaten diogu elkarri, ia harriturik, asteak aurrera doazela, lurreko muturrera ia konturatu ere egin gabe heldu garela jabetzean.
* “dena barroterik gabeko kartzelan preso”. Goitik behera kontrolatzen gaituen gizartean bizi garela erakusten du bidaiatzeak, eta ezin garela aske izan.
* “ziklo infinitu baten zati finituak”. Gizarte oso baten zati, mundu berdinean bizilagun garela denok, hori ere erakusten digu bidaiatzeak.
* “elur maluten gisan / isil-isilik du euria / hodeietatik saltoka / airetik linburtuz / hotsik egin gabe”. Ez da halako euririk etxatoian, danbor hotsa da euri oro etxatoi sabaian.
* “Gauak isildu zituen oihuak”. Gauak ozendu egiten ditu zaratak, anplifikadore erraldoia bailitz.
Tren hotsa kanpin honetan ere. Mendi eta itsasoaren artean kabitu behar dute trenak, errepideak eta herriek. Denek elkarren hur, halabeharrez.
Loratuta daude tomate landareak kanpin-lekua inguratzen duten baratzetan. Ale izanen dira laster, ale gorri, limoiak horitzen ari diren heinean.
Ez da ohikoa lurrotan, baina gaur euria ari du goizean goizetik. Lainotsu. Bidaiako egunik hitsena, ilunena. Etnak kono figura misteriotsuagoa bihurtu nahi digu, bigarren egunez jarraian lainopean ostenduz.
Jakin behar duzu nora joan duzun errepide sarean, bizitzan bezala, hori izanez zuzenduko duzu pausoa bidegurutze nahastuenean ere.
Siracusa dugu bisita-gai gaur: Historiak eta Testamentu Berriak konnotazio familiarragoak eta lotura hurbilagoa ekartzen didan hiria. Memorian galdutako oroitzapenak harrotzen dizkit, halo misteriotsu batez lurrintzen nau kukuka ari zaigun sumendiaren ganduak bezala.
Zaparradapean egin dugu joaneko ibili osoa, laino beltzak ostertza eta giro ilunak goia erabat mugatzen ziguten begiradaren edonorakoa. Bide-berritik egin dugu bidaia, itsasertzeko herriek ez digute ezer berezirik eskaini, auto kopuruaren trinkoa eta ibiliaren nahasmena ezik. Herri txukun, argi eta bizien iritzia utzi digute euripeko goibelean ere, nahiz nahiko ertzetik, ez behintzat barne-barnetik ikusten ditugun, ahalegindu baitira errepidea herri barrutik urrutiratzen.
Aci Trezza: laba haitz zorrotzez luzatzen da itsasoan lurmuturra irlatxoak bailira.
Acireale du izena gure herriak, beraz “aci” osagai horrek badu lotura edo eraginen bat itsasertz honetako zerbaitekin.
Acci Castelo: izenak eskatu bezala, gaztelu baten horma hondakinak ageri dira itsasgaineko azken tontorrean; gaztelu beltza, laba bera lez, ilunago oraindik eguraldiaren eraginez.
Laba harria da hesi eta horma oro egiteko osagaia, laba harriarena da zementuaren harea ere.
Catania. Ez digu seguruenik aurpegiaren alderik ederrena erakusten, errepideak itsasertzetik eraman gaituen arren; izan da portutxoa den kala atsegin bat laba harkaitz beltzez bildua, bada longomare edo paseo luze bat itsasgainean, baina estua, uraren bestaldera etxetzarren gerizapean, batez ere errepide nagusiko auto zurrunbiloaren soinu eta arnas kutsadurapean itoa; kalearte barrura egiten du tarteka errepideak, ikusi ahal dira garai oparoagoko eraikinak, hondatu samarrak gur egun; trena ere nahasten da paisaian: trenbidearen arkuteria sendo zabala, zeinen azpia ortuarien merkatu edo aparkaleku bihurtu den.
Eromen sinestezina da gidatzea: bidegurutzetan, biribilgunetan, edonon, datorrenak muturra sartzen du datorrenak, aurrera egin, edo gurutzatzen zaizu zutaz ia erreparatu ere egin gabe, aurretik zein albo bietatik zenbait unetan, aurreratu, trabeskatu, hurreratzen zaizkizu, erabat autoz bortizki bilduta eta erasota sentitzen zara. Eta zuk hori bera egitea besterik ez duzu, beretzat lekua bilatu behar du norberak ere. Eta ez dugu elkar jotzen!. Dudarik egiten baduzu bolantean, sartu zaizu norbait aurrean. Eskuinekoaren lehentasuna, arraia etenik gabea... errespetatzen diren errepideko legeak dira, baina oso zentzu zabalean, bai baina ez.
Ez da izan erraza, ez gozoa, Catania zeharkatzea. Latza.
Ingurubide zabal bikainak egin dituzte, baina bide bakarrekora bideratzean izugarrizko inbutua bihurtzen da errepidea.
Sicilian espero genuen lurralde mota agertu zaigu: lur eremu idorra, utzia, burututako belar horia, mendi biluziak, zuhaitz bakanak... tarteka olibondo bakanak, laranjadiren bat, mahastitxoren bat eta eukaliptoak. Ez etxebizitzarik ez herririk. Kontraste bizia eta bortitza Cataniatik Mesinara ikusi dugunarekin alderatuz. Bi mundu ezberdin. Mendilerro bat daramagu alboan, harkaitz zuriko hegia baso ez diren zuhaixkek tartekatuta. Ibai bat, aurretxoan behar duen itsasorazten dena, zabala, ura darama, berea edo itsasoko ibai dragatua delako; belarrez berde arren, ibai biluziak dira ez baitute zuhaitzik inguruan, ez ertzetan ez inon.