Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BURUTAPENAK 8

BURUTAPENAK 8

Jon Etxabe 2023/03/20 09:05
Surflariak gara gizakiok, olatu gaineko dantzariak

“Bizia, gure baitan dagoen indar berezi hori”

 

* Bizitzaren definizio ezberdin kontaezinekin aurkitzen zara:

- “Bizitza, heriotza askoren hondakina”: ikuspegi bitxia, baino erreala.

-Bizitza, kontrasteen artea”: kontraesanen kudeaketa agian.

- “Bizitza panpina begiak dituen ofidioa”: ito egiten zaitu goxo begiratu eta    estutuz, aldi berean jolaserako bide ematen.

- “Izaera, bilakatzea da”: eraldatuz goaz existitzen garen heinean.

- “Alukeria hutsa da”: egia da alukeria asko dituela bizitzak, badu bestelakorik zorionez.

- “Gizakiak eutsi behar dion gizakiaren funtsa”: ez du beti merezi bizitzak, ala bai?.

- “Erlazio bat da”: denok eta beti dugu nolabait lotzen gaituen norbait edo zerbait.

* Ez du definizio zehatzik bizitzak, definiezina baita, orokorrak dira definiziook, definizio oro bezala.

 

 “Izan zitezkeen gauzez beteta dago bizitza, baldin balitz balego”

 

* Uneak eta uneak daude, bakoitza ezberdina, baina une horiek dira bizitza, beraiei esker diraugu.

* Bihotzeko zokorik gordeenean abesten dugun doinu horrek egiten du eramangarriagoa, argitzen, bizitza.

* Zer den beharrezkoa jakin eta onartzean datza bizitzako zientzia nagusia.

* Eguzki beroenak ere ez du zergatik bizitza berotu, beste izpi mota ezberdin batzuk behar ditu zorionak.

* Mila zio ditu zoriontasunak, zer ote zoriona: bakoitzak bere inguruabarren arabera ematen dio tamaina zehatza zorionari.

* Bizipoza izan ohi da itsasoa, ezbeharrik ez bada.

* Esperantzaren eta nostalgiaren segidan iragaten da gure zoria.

* “Existentziaren indiferentzia”: zein gauza hutsalek ematen dioten gehienetan zentzua ez bada bizipoza bizitzari.

* Norabide bat eskatu behar zaio bizitzari, nolabaiteko helmuga batera heldu edo ez: hor datza bizitza oparo edo hutsalaren koska.

* Beti dugu helmuga-kartel bat, baina, bertara helduaz bat, beste batek ordezkatzen du aurrera eginaraziz.

* Bizitzeko euskarri sendoa du barkatzeko norbait beti daukanak.

 

“Kadentzia uniforme eta zahar bati jarraiki bizi gara”

 

* Bizitza bizi dutela usten duen asko dago, baina pauso bat atzetik doaz gehienetan.

* Tristea da dena neurtuta aritzea, dena araututa edukitzea, aspergarria da inprobisaziorik gabeko jarduna, ohikoa etetean du grazia bizitzak.

* Bizitza gorputzean sostengatzen bada, aldi berean bizitza bada dugun altxor preziatuena, kontu eta errespetu maitagarriagoz zaindu beharko genuke gorputza.

* Bizirauteak gailentzen du bizitza gure gizartean.

* Asperdura da egunero egun bera bizitzea.

* “Gure bizitzek lege zahar eta aldaezinen arabera egiten dute aurrera”: erabat mugatua eta murritza da  gizakiaren aukeramen-gaitasuna.

* Ziklikoa dela bizia: orokorrean, agian; gizartearen, norberaren bakoitza?; ez da ziklikotasunik ageri, zenbait jarrera errepikatzen badira ere.

* Zerbaiten zain egoteak luzatzen du bizitza, aspergarria ere bihurtzen da, zer hori zer den ez dakigunean.

* Dena da abiadura gizarte honetan, horregatik da garrantzitsua denbora galtzen ikastea, egoten eta izaten ikastea alajaina.

* Badira borrokak, norberekikoak batez ere, zeinetan irabazi beste irtenbiderik ez dugun.

* Mezu asko bidaltzen digu bizitzak, baina ez dakigu ulertzen edo izkin egiten diegu mezuoi.

 

“Dexistitzea ez da hiltzea”

 

* Hiltzea ez da dexistitzea.

* “Bizia agertu zen unean bertan bukatu zen”: berarekin darama heriotza biziak, berenez.

* “Zer kalte egin dik bizitzak?”: geurekiko sarri egiten dugun galdera.

* “Heriotza baino gauza okerragoak daude”: daude!.

* Jolaslekuak izan ohi ziren txikitan kanposantuak lurperatze eta Domu Santu egunetan.

*  Heriotzarekin mintzapraktika egitea da gaixotasuna.

* Onartua arren heriotza, ez dira errazak, gaixo larri, azkenak uste dituzun ordu horiek.

* Zahartzaroan bertan, gaixoturik ere, oraindik era intelektual batean dakigu hilko garela, bizitzari lotuegiak bizi gara.

* Zergatik babesten eta inguratzen ditugu hormaz hilerriak gaur egun: garai batean gizakiak behar zuen babesa gaitzen kutsaduragatik, heriotzari diogun beldur edo errespetuagatik ote gaur egun.

 

Gurutz eta pil

 

* Igarotako zorion egunen eta gainditutako laztasunen osteko agurrerako itxaronaldi lasaia behar du izan zahartzaroak.

* Bizitzak alde egiten diola jabetzean zahartzen da gizakia.

* Gazte zaharkitutako pertsona litzake hogeita hamar urte beteta bere xedea aurkitu eta erdiesten lanean jarri ez dena.

* Nabaria da heriotzaren nekea behin adin batera ezkero.

* Mundu errealaren errutinari aurre egiteko ahalmena ere galdu egiten da adin handiarekin.

* Joandako garaietara itzulera bat dela zahartzaroa: itzulera faltsua da, orain gordina erakusten baitigu hur dugun azken geltokia erakutsiz.

* Abiadura bizian doan gizartea gara, bide bazterrean uzten ditugu ibili horretan oztopo zaizkigun zaharrak, zahar-etxe edo erresidentzietan.

* Frontearen lehen lerroan bizi gara zaharrok

 

 “Bokazioa, bizitzari zion amodioaren adierazpen gorena”

 

* Itsas handiko igerilaria da gizakia, tarteka itolarri, tarteka arnasaz gozatuz.

* Zer da gorputza, zer arima: noiz, nola sortu zen dikotomia hori, nork?.

* Denok dugu geure kantu propioa, ezagutu, geureganatu eta kantatzea da bizitzako arazo nagusia.

* Etxegilea bezalakoa da gizaki bakoitza,  bere etxea eraikitzen du, ez epe jakinean, bizitza osoan.

* Zeure kabuz begiratu inguruko dena, zu zeu izanen zara.

* Zarena betiko zara, zeure edo besteen kontrol gehiago duzula esan nahi du aldaketak.

* Aurpegiak eta itxurak ez du egiten gizakia.

* Jantzia dela izaeraren ezaugarria uste du askok, baina arlote bat salatzen du gehienetan modak, edo nortasunik eza.

* “Gure gorputz zati bakoitza organismo baten  pieza bat besterik ez da, gorputza ia totem bilakatu badugu ere.

* Unibertsoarekin, gure mundu honekin eta gizartearekin batasuna bizi duenak lortu du oreka.

* Gatza, gizakiaren grazia, gehienei falta zaion urre zuria.

* Gure eguneroko errealitatea eta gure ikonoen nostalgia, uneoro astintzen gaituen kontrastea, kontraesana sarri.

* Norbere duintasunari buruz: zintzoa izan behar du bakoitzak bere buruarekiko, ausarta eta errukirik gabea: izugarrizko lasaitasuna dakar norberarekiko jarrera horrek.

* Ahula omen seguru dagoen pertsona: arriskutsua da ahala eta indarra duen pertsona.

 

 “Gizon bat bere bizitzako lehen hamar urteek egin duten bezalakoa da”

 

* Ezer gutxi dakigu zer mamitu zen bakoitzaren txikitako barne plegu isiletan.

* “Gizakia ez da aldatu sortu zenetik”: sakonean ez.

* Izaera-izpi propioa du bakoitzak, horrek egiten du gizakiagoa, onerako edo txarrerako.

* Ezinak eta gabeziak elkartzen dituen heinean egiten dute aurrera pertsonek.

* Umila izaten ere jakin egin behar da, harroak berez du ezaguna bere izaera hori.

* Badut arrazoirik daukadanetik asko atzean uzteko, baina iragana neurea da, ez diot ezeri uko egin nahi.

* Norbera ezagutzean amaitzen da mundua bakoitzarentzat.

* Kolpez kolpe zizelkatzen gaituzte pertsonek, erakundeek, gertakizunek, gizarteak berak…

* Kapitalismoak zizelatu eta baldintzatzen dituela gure izaera eta portaerak: ADN berak baino zehatzago, nahiz sotilago.

* Harrapariak izateko hezi gaituzte.

* Dirua dela gizakiaren iparrorratza: irudi erreala.

* Gaitzetsia izateko adina indar eta nortasun behar da goratua izateko.

* Bizimailak aldatzen dira baina ez espiritu ahulen menpekotasun grina: besteei jarraitu, imitatu, ereduak bilatu… erlijio bat eskatzea bezalakoa da.

* Kontrasteak edo alderatzeak egiten du bata bestea baino ederragoa edo baztergarriagoa.

* Gizakiak, ustekabean gehienetan, jainkotzat du bere burua, bere mundu pertsonaleko jainko.

* Eguzkitan azala erretzen duten horietariko askok azala soilik berotzen ote dute, ala isileko mamuak ere ontzen eta oneratzen ote.

* Gure benetako izaera azaleratu eta garatu besterik ez dute egiten muturreko egoerek.

* Ez dago benetako edo erabateko nagusirik, denok dugu hobetu daiteken zerbait.

etiketak: Burutapenak 8
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Testu estatikodun portleta
Testu estatikodun portleta