Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK ITALIA 2002

BIDAIAK ITALIA 2002

Jon Etxabe 2023/05/15 10:55
BASILICATA. PUGLIA. Taranto badia, Manduria, S. Giorgio Ionico, Taranto, Massafra, Castellaneta,

Ekainaren 3a.    Astelehena     30.a

“Dendako leihotik”. David P. Tijero:

* “soilik odolik ez darien zauriak sendagaitzak dira”. Gerra kontuak aipatzen dira, gabiltzan herriotan batez ere, okupazio ezberdinak gizaldietan zeha,  azken mundu gerra, baina bizi ezinak eta emigrazioak sortutako zauriak dira sustrairik sakon eta mingarrienak bota dituztenak. Pobreziarenak alegia, herriak hondatuz joan den bizi ezinarenak.

 

Lainotua esnatu zaigu eguna. Baina beroa. Gero joan zaigu argitzen. Eguzki beroa dugu zain Taranton, 32 graduko hozberoa. Une batez pentsa dugu patuak jarraitzen ote digun, euri zaparradatxoa bota baitigu kanpaleku berrian.

 

Ezaguna dugun ibilbidea, ezagunak zaizkigu mendi eta herriak, ezagunak arren atseginak. Gozagarria izan da Cosenzara arteko aldats gora. Ezagunak, errepideko mozketa eta bide bakarrera mugatu beharra.

 

Cosensatik behera egin dugu, aurrez aurre ditugu gaur duela jadanik egun mordoa atzean genituen mendi eta ordekak. Menditzar ikaragarriak, Pollino Naturgunea, eta mendi maldetako herri zintzilikatuak, ikuskizun aparta. Ordeka izango dugu lagun egun osoan, plater axala ez, mendi-muino leuna baizik, oso goian eteten digute zeru-marra mendi garaiok. Horitu dira lurrok, zereal-sailak heldu dira, ebakita daude asko, fardo borobiletan fardel eginak, hala daude ere olibadi azpiko belardiak ere. Garia, oloa uste duguna, belarra, olibondo gazte zein zahar sendo azal zimurtukoak, mahastiak, tomate sailak uste ditugunak agirian edo plastikopean, laranjadiak, fruta-arbolak, kanaberadiak, indipikuak... aldian-aldian bata edo bestea nagusitzen da han edo hemen. Bidaia atsegina da.

Hiruzpalau granja izan ditugu ezuste, behi holandarrak, zerupeko kortetan hesituak, kortako katerik gabe, baina preso.

Bost neska tarte motxeko jarraian, itxuraz bere sexu zerbitzua eskainiz. Bakoitzak duena eskaintzen du bizitzari aurre egiteko, neskok seguruenik ez dute besterik, bizimodu latzaz gain. Ez dute beste lan aukerarik.

Banaka asko dira fruta eskaintzen duten nekazariak ere, hauen bizimodua ezin erraza izan bidera irten behar badute hauek ere duten apurra eskaintzera.

Sarriak dira iragarritako bainuetxeak, gezi marroiez errepideko bidegurutzetan, “terme”. Dutena eskaintzen dute herriek ere.

 

Sibari. Ez dugu ikusi ahal izan errepidetik, baina interesgune eskaintza luzea du bidegurutzeko kartel marroian. Arroz-soro izan daiteken  lur-gune karratu putzutsuak ditu inguruan.

 

TARENTOKO GOLKOA

Ikaragarri zabal dager mapan, bertatik ere zeru-marra moztuz bestalde urrutian galduta ikusten da itsasora sartzen den golkoaren adarreko kostaldea, seguru aski itsasertz luzea geratzen zaio oraindik Capo S. Maria di Leucara arte, urrutian ikusi dugu lehen aldiz,  lagun izango dugu, urrun batzuetan, bertatik bertara tarte luzeetan hurrengo. Ibilaldi atsegina itsasertzeko hau ere. 

Uharri errekak datoz mendiartetik itsasora. Ur negarrik ere ez dakarte gaur, baina ur-jauziak bortitzak izan ohi direla iragartzen dute; izan da uharrizko ordeka bat, padura izanen zen beste nonbaiten,  izugarri zabala; zenbait pinutxo nano zailduek eutsi diote ur enbatari

.

Trebisacce: itsasoa eskaini digu aurrez aurre, urdin, eder, hemen bertan heldu diogu bertatik bertarako itsasertzeko bideari. Harritza da hondartza, luzea eta estua, baina harritza.

Pinua da gehitu zaigun zuhaitz mota, itsasertzeko pinu leuna.

Gaztelu estu eta garaia, itsasoa babesgune alde batetik, harresi garaiak bestetik, garbi berrituagatik dago agian deigarria; dorre atsegin erakargarria du.

Txapel berdexkako poliziak, faxista itxurako mutiltzarrak, gazte bat zuten hartua errepide ertzean: delitua da Italian ere gazte izatea; susmagarri bilakatu dute gazte oro, gaztea da lokarri estuz lotu behar den gizakia, konformagaitza izan daitezkeelako gizartea usteldu honetan, gazte saldu batzuk bihurtu nahi ez duten gazteak kontrolatu nahian, ugazaben segurtasunerako, pitzadurarik izan ez dezan sistemak.

Ahalegin handia egiten ari dira bideberritzen. “Desviación” deitzen diote desbideratzeari, xarmagarriagoa zen ingelesen “diversión”. Autobide sailean, norabide biak banatzen dituen tartean loretzar gorri eta zuriak sartua dituzte, ikuspegia lapurtzen digute, baina gutxienez edertasun pixka bat eskaini ere bai. Oso dotore ikusten de erdiko marra gorri edo zuria urrutitik.

Herri zabal hazi bat tontor osoa betez, deigarri, mendiari jantzi dioten txapel edo txano argi dotorea.

 

 

BASILICATA

 

Nova Siri, kultur edo arte eskaintza oparoa du, arkeologia eremua tartean.

 

Kolore argiz  pintatutako herriak dira hauek, gutxienez bizitasuna darie etxeoi.

Gidarien solidaritateak funtzionatzen du, poliziak hor daudela zelatari erakusten digute argi ñir-ñirrek.

Polizia  pila berriz ere, Agrigentotik Palermora hartakoan bezala.

 

Metaponto, tenplu bat izan dugu inguruan, ezuste atsegina, albo luze bietan zutaberia gorrizka ederra, kapitel eta gaineko harriteriarekin.

 

 

PUGLIA

 

Puglia, historiako erromatarren Apulia hura omen da. Hurrengo ia pare bat aste egingo dugun herrialdea.

 

Tarento. Industrigune ikaragarri zabala da portu ingurua. Bari eta Brindisirekin batera hiru hiriokin indartu edo biziberritu nahi izan dute hegoalde txiro honetako ekonomia. Ez du azkenik garabi eta tximinien basoak. Izan da tximinia baten ia alboan dorrea zirudien baina auskalo zer den zementu itxurako eraikin karratu luzea, dorre itxura duena; zituen leihotxo pila eta behatokiengatik ez balitz bera ere garai bateko fabrika bateko tximinia litzake. Gainez gain zeharkatzen du industrigunea errepideak, zubi amaiezin batez, industrialdearen ikuskizun eta ikuspegia eskainiz. Bi moilek ixten dute badia, izugarri portu zabala sortuz.

Nahiko nahasia dugu errepideko etorkizuna kanpina aurkitzeko, hiriaren bestaldeko itsasertzean. Hirira jotzea erabaki dugu, eta onik atera gara, bera zen bide egokiena. Erraz zeharkatu dugu hiria, ia uneoro portu ertzetik. Gotorguneak, gerraontziak, bestelako ontziak... gaztelu edo leku gotortuak;  Duomora norabidea, baina batez ere grekoen zibilizazio hondakinak iragartzen dituzte.

 

Kanpalekua. Leporano herriko Marina edo itsasertzean. Ia izen berea zuen, azken letra zuen soilik ezberdina, zalditegi batera jo dugu, baina aurkitu dugu kanpina, kokatu gara. 32 graduko hozberoarekin eskertzen da zuhaizpea. Itsasgainean, ez gaude itsas ertzean. Itsasertza dena da harkaitz, baina bainu bat hartzera deitzen dute ur urdin gardenek.

 

159 kilometro, urrats berri baten hasierakoak.

 

Inurritegia dugu etxatoiko ate aurrean. Etxera bidea ikasi ez dezaten mermelada moltxo bat bota diegu habiara sarrera dutela uste dugun inguruan. Nonbaitetik darabilten garraiobidea ez dute utzi, baina, ez luzera, erabat estalia zuen mermelada multzoa beste koadrila batek, ia hauts diren harri zatiz, pinu orri zatiz, eta antzerakoz: ze demontretan ote dabiltzan intrigatuta gauzkate .

 

“Artemio Cruzen heriotza”. Carlos Fuentes:

* “Ordukoa da bai, babes eza”. Bidaiariak gehienetan aurkitzen du babesa eta laguntasuna. Baina babesik gabe bizitzera mentalizatuta behar du egon bidaiariak.

* “gauzak nik izena eman orduko gertatzen dira”. Hiria da bidaiariaren ezaugarri edo osagaietako bat. Jabetu orduko joan zaio ikusi gabe norabide geziren bat, desbideratzeren bat... ezusteak dira eguneroko bidaiariaren bizipenak. Baita gertakizun gozagarri eta pozgarriak ere. Ezuste horiek dira iraunkorrenak oroitzapenean.

* “Eskuekin ukitu ezin dugunari ezetz esan behar zaio”. Ez da bidaiariarentzako baleko printzipioa. Politiko, zapaltzaile edo enpresa-gizon batentzako bai agian.  Amets hutsak zirudienak eskuekin ukitu eta bizituz mamitzen ditu bidaiariak. Froga egin arte ezin da jakin zer den ahal dena eta zer ez. Ametsak ere bizitzako funtsezko osagaiak dira.

* “Ezerk ezin du sekula eta beti iraun ohitura bihurtu gabe”. Bidaiatzeak badu ohitura bihurtzeko arriskua. Ezin da bidaiari izan bizitzako egun oro jarraian. Bidaiariak atseden tartean behar ditu, hurrengo bidaiari heltzeko.

* “Denak garrantzia izateari utziko diola  konturatzen naizenean, gainerakoak gauzarik garrantzitsuena bihurtzen saiatzen dira”. Bizitzako gehiena erlatibizatzen dakiena behar du izan bidaiariak, bidaiari izateko, eta bidaiaz gozatzeko. Herriko edo etxeko eguneroko bizitza bezalakorik ez dela uste duena ez da bidaiari izateko gai,  patxada uzten dakiena, eguneroko erosotasuna erlatibizatzen dakiena da bidaiaria, eta bidaiako egunerokoa  ezin hobetzat ez hartzen dakiena, egun bakoitzeko minutu bakoitza aldatu daitekeela sinesten duena da bidaiaria. Asko ez dira bidaiari egunerokoa utziezina zaielako, edo ez dira bidaiari, eguneroko nondik norakoan zurrunegiak direlako.

* “pentsatuko duzu ezin dela hautatu, ez dela hautatu  behar”. Bidaiariak etengabe uneoro hautaketa egin beharrean dago, bere funtsa baita, hautatu beharra ukatzen duenak bidaia masibo organizatuetako artaldean bukatzen du.

 

 

Maiatzaren 4a. Asteazkena.  33.a-I:31.a

 

“Dendako leihotik”. David P. Tijero:

* “Gaurko eguna hustua tokatu zait / betiko esperantzaz ireki dut haren ontzia”. Esperantzaz ireki ohi du bidaiariak egun bakoitza den ontzia, ia ezinezkoa da egun hustua ganoraz planifikatu bada.

* “Eguna gogoratuz nabil / ilunabarrero egiten dudan legez hondartza ezkutuan / irudiak bilatuz nabil “. Hala nabil ni ere ilunabarrero etxatoiko behatoki ezkututik, eguneko oroitzapen eta irudiak hizki bilakatu nahiz, oroitzapenari gerorako oinarriak jarriz. Erraz gerta dakioke bidaiariari irudi eta oroitzapenak gehiegi metatzean lauso itzaltzen joatea irudi oroitzapenok.

* “egunero ezberdinak izaten dira egunsentiak”. Batez ere irla edo lurmuturrean bidaiatzean eguzkiak mendi edo itsasoste ezberdinetik esnatzen baitzaizu, baina batez ere bidaiariaren  funtsean lo-lekua  aldatzea dagoelako, egunero bisita leku berriek ikusmin berritua elikatzen dutelako. 

 

Okil bikotea ibili zaigu gure etxola aurreko bidean, lumaje eta gandor gorrixkara koloretsuarekin. Urduri nonbait, hegaz alde egin didate zirkin bat egin dudanean. Naturan izaki oro dago urduri, bere bizitza, ondasuna, eta ingurua defendatu beharrean. Naturak ez du patxadarik, gizakiak ere ez.

Zaparradatxoa bota zuen atzo etorri berri, zaparradatxoa izan dugu gaur, patu txarren bat ote dugun ere eguraldiarekin Italian!. Baina laino beltzen baten tantak besterik ez dira, gero eguzki beroa eta sapa nagusitzen dira.

 

Kostaldea ezagutzera egin dugu lehenengo, barrualdera gero eta Tarentora azkenik.

Harkaitza da itsasertza, harkaitz porotsu beltza, laba itxurakoa. Tarteka irtentxoz jartzen dio branka itsasoari, gordegune  atseginak  gauzatuz, bateltxoen babesgune eta begien atsegin. Ikusteko ederra. Ia ez dago hondartzarik lehen zatian, baina hondartza inguruan du beti barruko herri nagusiak bere Marina: behe-solairuko etxetxo multzoa dira herriok, hesiz eta lorategiz inguratutako etxeak asko, argiak eta zainduak beti, bisitari eta igandezaleentzako kafetegi eta ohiko osagaiekin; hondartza portu edo untzitegi zuten garai bateko arrantzale auzoak dira  seguruenik; udagune dira gaur egun. Izan da gero ertz dena duna den bide luzea, baina nonbait ez du barrenean herri nagusirik itsasertza kolonizatzeko, nolanahi nabari da udan jendea erruz datorrela hondartzara. Lurra edo hondarra ez du nahiko itsasertzak udaleku bihurtzeko, herri bat behar du inguruan. Edo itsasoa eta itsasertza diru iturri bihurtuko duen esplotatzailea, naturak ezer guti arduratuko duena.

 

Bidaia atsegina izan da, itsasgain itsasgain, kalaz kala, urdingune barea lasaigarri, itsasoaren sartu eta irten guneei jarraitzen diela errepideak, harkaitzari edo hondarrari itsatsitako bunker arreek eta airean agertu zaigun helikoptero militarrak  gogarazi badigute ere gerra presente dagoela gizarte orotan.

Lur barrura egin dugu. Ordeka, lur laua. Mahasti et olibondoak, lurraldeko errege. Ardoaren eta olioaren ibilbidea iragartzen digute errepidetako gezi marroiek, halaz ere ez dugu aurkitu taberna aukera berezirik, ezta olio salmenta edo kooperatiba edo fabrikarik. Mahatsondo altuak dira. Une batez halako ikuspegi bitxia izan dugu, mahatsondo kirtenen baso edo zutaberi trinko arabiar batean nekazaria zut, traktoretxoa alboan zuela: ametsezko irudimenezko irudia. Gari eta olo sailak, huts egin ezin duen pikondoa. Ebakita daude jadanik gari-sail gehienak, fardel borobiletan lotzen dute lastoa.

 

Manduria. Lautadako nekazari herri zabal-zabala, lehen solairuko etxez bildutako kaledia. Izan zena: behatoki, ate, ateburu... garai oparoko arrasto piloa. Plaza zabal bat du, bertan banketxe bat eta jatetxe bat jabetu dira palaziotzarraz: bada, hondatu ez daitezen gutxienez, eraikinontzat irtenbidea, kultura-etxe izanen diren itxaropena. Hebraitarren getoa: ez du ezer berezirik, nik hain gustukoa dudan Erdi Aroko kaledi bihurria ezik.  Atea: herriko sarrera izan zena, plazatik gertu, baina herri barruan gaur egun, harresietatik ere urrun. Hiru harresi ilara: herriaren babes hesiak omen ziren, hor daude egon, baina guri ezer guti esaten digute gaur egun, herritik kanpoko zabalgune bateko harri argiko horma horiek. Plinioren iturria:  sarreran iragarri arren ez dugu hiri barruan bere aipamenik irakurri edo bilatu: Pliniok aipatu omen zuen, urte guzian, eurite edo lehorte, urak beti maila berdina erakusten omen duen iturria. Ohi denez herriotan, eliza pila: duomo: fatxada  ederra du, batez ere errosetoi zizel-lanez aberats eta ederra, baita ateburuko taila bikaina ere; dorrea karratu lerdena aipatu behar, gotiko jiteko deigarria altueragatik eta leihoengatik. Barrutik ez du ezer handirik, sarrerako aldea agian da aipagarria: aldareak eta batez aldare bakoitzak dituen hiruna kapera, ganga bitxiak baititu, triangelu antzerako formekin; kapera batean bataiarria ere ez da bertan beherakoa; hortik kanpo itxura  ederra eskaintzen duen arren, nahiko lan merkea du; absideak urre koloreko hamar santu-irudi ditu. Organoa da bitxia, tutueriaren kokaeragatik: agirian baitu tutueria osoa, gaineko harrizko balkoitxoetan kokatuak daude tutu txikienak; ganga ere egur sendoko ederra du. Bisitatu dugu bigarren eliza bat ere: organoa zaio bitxikeri, organoa  bera baita erretaula; horretaz at, oparo ditu ohizko aldare, koadro, santu-irudi, marmol inkrustatuko aldare... Lourdezko Amabirjinaren kobazuloa ere hor dute errekatxo ozen eta guzti.

 

Ibilalditxo atsegin baterako aukera izan zaigu hiria, telefonoz hitz egiteko ere bai.

Bautista osasunez pattal jarraitzen du, berri tristea.

Merkatutxoa deituko diote agian, baina herri bat osatzen du: herritik kanpo, izugarri zabalerako lur koadroa estaltzen dute kolore guztietako eguzkitarako erraldoiek. Erruz datorkio jendea herritik.

Bi gaztetxo, magrebtarrak itxuraz, futbol kamiseta ezagunez jantzita, Italiako bandera salgai eskainiz argi gorriko kale-gurutzetan. Kamiseta saltzaileak aurkituko ditugu gero Tarenton eta bandera italiarra zintzilikatuta mila behatoki eta kaleetan: uste dugu futbol zaletuak direla, munduko norgehiagokan Italiaren garaipena arazo nazionala egiten dutenak; pare bat lekutan Forza Italia banderarekin batera ikusi dugu horrelako zaletua, Berlusconiren politika nazional popularra.

 

Oria deitzen da ardoaren ibilbideetako bat. Ardoa eta euskal izena, bat datozenak.

 

Sava. Lehen solairuko etxeek osatutako kale luzeak elkar gurutzatuz gauzaturiko herri zabala hau ere.  Italiar bandera erruz balkoietan.

 

Izugarrizko olibondo sendoak, aspaldikoak, zirraragarriak.

 

S. Giorgio Ionico.  Tarantoren lo-lekua, etxetzarrezko herria, herri zaharra gaindituz.

 

Gizon nagusi asko ikusten da errepidean traktore txikietan, hain txikiak ze gizonok erraldoiak diruditen. Lasai doaz, autoak joango direla-eta bere bidetik, beraiek ere eskubide osoa dutela errepidea erabiltzeko aldarrikatuz bezala.

 

Tarento. Etxe-orratz hiria ikusi dugu S. Giorgiotik; hala da bertatik ere hiri berria. Alde Berria: etxetzarreko kale luzez  itotzen zaituen hiri industrial erraldoia, kanpotarrentzat zaila, errepideak zeharkatzen baitu erditik, nahaste bat baitira norabideak. Alde Zaharra: erabat kanpotarra sentitzen zara zaharrean: bizi bizia, zarataz betea, oinezkoz lepo, balkoietatik emakumeak kontu-kontari zaratatsuan, umeak, motorzaleak, gazteak batez ere, errespetua sartzen duten gazte beltzaran ondo jantziak, mutikoak moto berriekin... Hiri zahar eta zaharkitua, jende pobrea edo baztertua bizi dela bertan dirudi; hainbat jauretxe ditu, ia denak hondatuak edo utziak; baina ezagun du zerbait handia izan zela. Mila zulotxo eta zirrikitu ditu, bizitza erabat propioa izan zuten guneen erakusgarri. Portuaren gainean dago, hiri osteko laku edo antzerako ur masa zabala bertara sartzeko pasagune gotortuak  hiri berritik erabat banatuta. Egitura bitxia du: bi kaleen arteko gune zabala kalexka estu baino estuagoz lotuta daude, kale estu pila osatzen dute; agure batek kontatu digu gerrarako asmatutako egitura dela, erasotzaileak banan-banan sartu behar ziren kaleotan eta defendatzaileentzat askoz errazagoa zen tiro egitea. Eliza bat: mailadi ezin piko bikoitzetik igotzen zaio, barrutik ez du apartekorik, lehengo egitura aspaldiko harri landuko mendel eta ertzak, bi santu-irudi bikainak gangapean herria zelatatzen. Duomo:  abside, dorre eta gainerako kanpoalde bikaina du, baina fatxada berria da, erabat arrunta.

Aintzira: agian hiria egiterakoan itsasoari lapurtutako gunea da portu gotortua sortzeko. Izugarri zabala, autobideko zubi erraldoiak zeharkatzen du urrun batean. Bertan dago Italiako gerra ontziteria; bertan ere, arrantzale ontziak, gutxi ziren gaur; eta batel pila, plastikozko buia gorriei lotuta.

 

Austriar batek hartu dit aurrea lotsagabeki aparkalekuan, aurrekoak libre utzi duen tokiaren zain,  noiz irtengo zain, zaindariak agindutako tokia hain zuzen, eta zaindariak berak zain  geundela esan dion arren. Badakit austriarrak ez direla horrelakoak, baina Austrian ere badira asto-larru aurpegia dutenak.

 

MEZZOGIORNO

 

Hala deitzen diote lurralde honi: herrialde ekonomikoki deprimitua, pobrea, ekonomia modernoan lekuz kanpo utzi zutena: bertako diruek, kapitalek, dirudunek alde egin zuten Italiako hiriburu nagusietara, diruak etekina emango zien negozio erraz eta oparoagoren bila; emigratu behar izan zuen ondoren herriak, gehienek atzerrira. Behera egin zuten herriek, utziak izan ziren, hondatu egin ziren, erdi hutsik geratu ziren herriak, erorita daude  etxe pila gaur egun.

 

Pauso harrigarria eman dute mermeladarekin inurriek. Atzo estaltzeko erabili zuten material guztia eramaten ari dira, desestali dute mermelada. Nonbait ezin dute mermelada bera zuzenean eraman eta estalki-gai horietan itsatsia daramate mermelada. Atzo inurri txikiak izan ziren estaltzaileak, gaur aldiz inurri diganteak dabiltza garraioan. Beltzune bat da multzoaren ingurua; ber-bertatik begiratuta, garraio lanean diharduen inurri pila da. Darrai gure obserbazioak.

 

105 kilometro, itsasertzez eta lur barrutik, itsas, ardo eta olioaren ibilbideetan.

 

Haitzartean, itsasoak niretzat tailatutako igerilekuan bainatu naiz, itsas osoa niretzat zela.

 

“Artemio Cruzen heriotza”. Carlos Fuentes:

* “ez ezazu ezer sentitu eta ahaztu egingo dituzu atsekabeak”. Sentimenak izan behar du bidaiariaren zentzumen bizienetarikoa. Naturaren, artearen, batez ere gizartearen aurrean.

Bidaiak ez dira ezer ahazteko, ahaztu nahiko genituzkeen kezka eta bizipen horiei zentzua eman eta aurre egiteko baizik.

 

 

Ekainaren 5a.  Asteartea.  34-I:32.a

 

“Dendako leihotik”. David P. Tijero:

* “denbora errugabea izanen da zure aurpegian”. Denborak ez du sekula errurik, duen denbora administratzea da bidaiaren zientzietako bat.

* “txoriak hegan egiten ez badu txoria ez delako”. Bidaiaria ez badabil, aingura botatzen badu portu batean, ez da bidaiaria. Ibiltzean datza bidaiariaren esentzia, funtsa.

* “eta hi urrun izan beharko haiz”. Urrun utzi behar ditu bidaiariak hainbat bizitza zati maitagarri.

 

Inguramen erabat isila dugu kanpinean. Joan zaizkigu genituen auzo bakarrak. Isiltasuna erabatekoa izateko ia ez dugu txori-kantarik ere, oso isil entzuten da bere piokakoa; ez dugu txoririk lurrean ikusten, pinupea ez da bazkaleku oparoa, inurriak ez dira nonbait jangai, inurriok badute txorientzat desatsegina den babes-osagairen bat.

Inurriek ez dakit zenbatgarren aldiz estali dute gero eta urriagoa geratzen ari den mermelada multzoa, estali eta mermelada melatutako estalkiok eramaten jarraitzen dute.

 

Badugu, bai, euriarekin paturen bat Italian, guk geuk daramagu euria denera. Zaparradatxoak baziren atzo eta herenegunekoak, gogotik egin du euria gaur goizez. Guardasolpean ikusi dugu Matera, lainoak eta ganduak gorde digute Massafratik itsasorainokoa behar duen ikuspegi berdea bera ere. Gutxienez, ez du hotzik egiten, gaitz erdi.

Hasera hitsa eman diogu gaurko ibiliari, auzo genuen bikote alemaniarrari joan egin zaio etxatoia aldaz behera eta pinu adar moztuek erabat zulatu diote atzealdea. Ez dugu gure portaeraren neurria hartzen jakin, atzo adi egon ginen eta antzerako une batez korri egin genuen etxatoiari eustera. Jabetu garenerako, gaur hasi eta bukatua zuten maniobra. Ateratzen laguntzera hurreratu behar izan gatzaizkie.  Beranduegi. Niri ez zait gustuko ahal dugun maniobretan inor nire gainean egotea, lasai eta neure kasa behar den denbora hartuz egitea dut gogoko. Hala uste nuen gertatzen zitzaiola bikoteari, urduri eta zaratatsu jartzen baitziren, erdi haserre biak, maniobra nola, eta ez nuen nahi tartean sartu ikusten nuen arren ez zela erraza zeuden bezala irteera bideratzea. Errespetu gehiegiak galdu nau berriro ere.

 

Tarantok ez du inguratze-biderik, hiri barruko zurrunbilora eraman gaitu autobidea hartu beharrak, bera baizen irteera erosoena. Autoen tutu-hotsak eta muturra sartu beharrak ez du akaburik.

Atzo ertzean egon gintzaizkion laku edo itsasadarra zeharkatu dugu zubi garai eta luze batez. Ur ordeka erabat zabala dela ziurtatu dugu, sakonera handikoa gainera, erdi erdian baitaude hainbat gerraontzi. Ugariak dira itsaskin haztokiak

Erditik, baina maila berean, zeharkatu dugu industrigunea, erraldoia, lurralde zabala hartzen du, lur barruan zein itsasertzean, gaurko euri lainoan ia galtzen diren dozenaka tximinia; aspaldiko industrigunea, zikin plantakoa, dena ugertuta bailego, errepide ertzak ere hauts gorriz koloreztatuak daude; nabarmena da uher usaina ere. Ez dirudi inolako babes neurri ekologikorik hartu denik, hemen arnasten den haizeak kutsatua behar du egon. Lurraldeko Ekonomia mailari gorantz eragitea legezkoa da, baina ez gelditzen den edo datorren langilearen osasunaren kontura. Berriro ere, lurraldearen suspertze plan osoa ez ote kapitalek etekinak ateratzeko amarru zinikoa?. Pobreziari ere etekinak atera. Politikoen oniritziaz.

Ez dakarkigu aldaketarik gaurko lurraldeak; ordeka da,  non txandaka nagusitzen den olibondoa, mahastia edo gari-saila. Une batez urre koloreko itsaso bihurtu zaigu lurralde osoa. Aspaldikoak dira olibondoak, gerri sendo,  zartatutakoak asko, ehunka urte behar dutenak, zirraragarriak. Sare argiz estalitako mahasti garaiek ur ordekak dirudite lautada berdean. Gari-sail gehienak ebakita daude, lastoa fardel borobiletan bilduta, halako ikuskizun berezia eskaintzen dute lautada horian begiek galtzeraino barreiatutako mota  borobilok; nekazariak biltegietara garraiatzen ari dira, ezin gehiagora arte zamatutako kamioi edo traktoreetan.

 

Massafra. Tontor zabal garaian eraikia. Bi zati nabarmentzen zaizkio, elkar gurutzatzen diren etxe garaiko kale artez luzeak, xake tableroa lez irudikatua, alde berria; alde zaharra, aldiz, lehen solairuko etxez osaturiko Erdi Aroko petoa, dena kale motz, dena kale-kantoi dena kale-gurutze, oinezkoak berehalakoan ezkutatzen zaizkizu edo agertzen, berriro begi-bistatik galtzeko. Zaharra amildegi sakon bertikalen gainean dago, ikuskizuna da sakonera urrutiko erreka-zuloa zati biak lotzen dituen zubitik edo alde berriko behatokitik begiratuta; gaztelua ere badu ertz batean; ebakiduraren bestaldean lehengo harresiak gaindituz etxeteria dator oinetaraino, hondatutako etxe gris pila, ia harri multzoak besterik ez dira, arkuren bat tarteka. Zirrara eragiten du. Zaharrera  mugatu dugu guk gure bisita. Trogloditen etxebizitzak dira herriko altxorra: alde biak zatitzen dituen ebakidurakoak ikusi ditugu guk, ez dute zerikusi handirik, haitzean eginiko zuloguneak, bata bestearen alboan edo gainean, eliza bihurtuta zenbait, elkar lotuzko eskailerak... hau zen nonbait antzinako herria; bada nonbait trogloditon beste bailara ikusgarri bat, ez gatzaizkio joan, gida behar dugu nahitaez, italieraz soilik egiten du, erretolika bizian gainera ulergaitz, gu biontzako bakarrik izango litzake, beraz gure arreta osoa eskatuko liguke, gure kabuz ezer kuxkuxeatzeko aukera handirik gabe; utzi egin dugu, beraz, bisita, hurrengo herrian antzerako bisitagai bat baitugu. Duomo: Eliza piloa ditu, fatxada landu ederrekoak, baina kolorgetuak, itxura galdukoak, distira galdu dutenak; duomo dago zabalik soilik. Kontraste handiko eliza; kupulatzarra du, latorrizkoa dirudiena, grisa, zatarra, berdinak baina txikiagoak gurutzadura alde bakoitzeko ganga gaineko kupulako teilatuak ere. Dozena erdi bat zutabe luzez eta sendoz erraldoia da sarrera, inurri bat da bere oinetan oinezkoa; barnea da erabat txunditu gaituena: argitasun horiagatik, horiz pintatuta baitago eta horixkak baititu kupula borobil osoa betetzen duten leihoak; horrez gain neurrigabeak dira erdi erdian simetrikoki  lauki bat eginez jarritako lau zutabe erraldoiak, 3 metrotik gora izanen ditu oineko alde bakoitzak; herriko zaindaria behar duen Amabirjinaren tronua, zutabe baten kontra: sekulako tela dotore argiak irudia bilduz eta ohorea emanez; dotoreak behar dute bekatuak ere eliza honetan, oso pospolinak baitira kofesategiak. Ohiko leiho, ate, jauregi eta zirrikitu, kale-artean ikusmina piztu eta asez. Izan da 3 ateko egoitza bat: ez dugu jakin deboziozko txokoa, taberna, elkarte bat... zer zen, denak ziren han nagusiak; elbarrien zentro aurrean koadrila zegoen kontu-kontari, errepaso on bat eman digute guri ere.

Italiako bandera behatoki askotan, futbola erlijio den egunotan.

 

AHTaren tren-zubiak errukirik gabe zeharkatzen du bailara osoa goitik,  lautadaren ikuspegia bera ere bitan zatituz, ez da egun honetan ikusiko dugun zubi bakarra, itzuleran beste zubi batek zeharkatzen du ingeniarientzat oztopo ez den beste bailara bat. Mezogiornoko bizimaila hobetzeko ala bankuko dirutzak ugaritzeko ote.

 

Castellaneta. Gaztelu edo jauregi erraldoia du goienean, herria bera ere goian baitago; herri zabala oso, hiri osoan barreiatuta du merkatu txikia.

 

Ez da herri txikirik. Noizbehinka herri bat, gehienetan tontor edo mendi-muinoan. Tarteka bada etxeren bat, berria beti, edo txabolaren bat. Granja solteren bat ere. Izan dira gaur  behi aldra batzuk larrean, behi holandarrak edo behi makalak.

etiketak: Italia, Bidaiak 02
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.