Italia. 2002
SIRACUSA
Paisaia ez da aldatu. Beste ibai bat, aurrekoaren parekoa. Itsasoak hor behar du baina ez diogu antzik ere ematen, ez du inolako oihartzunik, bertatik sortzen diren argindar linea ugariek argindar zentrala behar duen muntaia batena ezik, pentsarazten baitigu itsas ertzean behar duela zentralak hornitze erraztasunerako.
Erroma matrikuladunak dira askotan edozein moduz aurreratzen gaituzten autoak, ipurterreenak.
Sirakusa. Arkeologi eremura sartu gara ustekabean: Teatro grekoa, Anfiteatro erromatarra, Hieronen aldarea, Paradisoko Latomia... tentagarria beste garai eta agian egun argitsuan bisitatzeko, zaparradapean ez gaituzte erakartzen historiaz beterik baina ikusitako askoren antzerakoak zaizkigun harri pilak dotore tolestuak. Sirakusako anfiteatroa izugarri handia ageri da argazki batean, erakargarria.
Citta Vecchia, Alde Zaharrak, aldiz bete betean bereganatu gaitu, lur mutur-muturrean dago, irla bat da, zubi batez lotua, arrantzale ontzien atrakalekua da erdiko ur-tartea. Ez du apartekotasun nabarmenik, baina igartzen zaio hiri handikia izan zela, aberatsa eta jauntxo herria. Indarra, dirua, boterea izan zituela. Duomo plaza da deigarriena, bertako Duomo katedrala, Gotzainaren Jauregia, beste jauregi batzuk... ederrak dira, baina bikainak dira inguruko kaleetako beste hainbat eta hainbat ere. Gune horretatik urrutirago eta hondatuago daude jauregi eta etxeak: ate eta balkoipe landu bikain ederrak, patio zabalak zeintzuetatik batzuk apartak... Mila ukitu dira hiriaren ospearen azken izpiak, nahiz itzaliak. Kaledi estu luzeak erakusten du zenbaterainoko ederra zen. Jesukristoren 500 bat urte aurretik 300 mila bizilagun bizi zen bertan. Guardasolpetik ezagutu dugu, baina pena merezi izan digu. Egun eguzkitsuarekin asebetetzekoa izanen zen kale-arteko eta itsasgaineko ibilia.
Duomo,katedrala: bere egituragatik txunditu gaitu; izugarrizko sendotasuna dario, hiru nabe ditu, izugarrizko harritzarrez eginiko zutabe erraldoiek eutsita; erraldoiak dira erraldoiak dira erdiko ilarakoek ez ezik, hormari eusten dienak ere. Sekulako zutabeak eta sekulako kapitelak, handiagatik, erraldoitasunagatik, ederrak, landugabeak baitira, ezin latzagoak; zurezko ganga landuak, presbiterioko organo urre koloreko antigoaleko preziosoa, alde bietako marmolezko pulpitu landu, deigarria bat harrizko aulki tailatu edertua duelako; gizairudi, hilobi eta antzerako marmolezko taila bikainak gordetzen dituzten kapera handi eta bikainak; ganga pintatu ederrak... Bada zer miretsi. Marmarioak betetzen du eliza, merkatua dirudi, edo erlauntzia udako eguerdian, batez ere batera ari diren gida ahots eta jendearen marmarrengatik.
Bada iturri bat eraikin ederrez inguraturiko plaza batean: Diana ehiztaria dirudi; iruditeria ederra da, gutxienez deigarria.
Bada beste eraikin bateko hondakin diren harritzar eta hormarik ere.
Eliza batena dirudien dorre erraldoi bat da hiriko edonondik ikusiko duzun goranzko garaiena: ipurdi zabaleko kono zabalkote erraldoia.
Turista piloa dabil, etengabea da Duomora sartu-irtena, hiruzpalau talde daude ia uneoro plazan, denak euripean ahal duten bezala euritik babestuz, ustekabean euriak harrapatuak.
Dendateria oparoa eta aberatsa.
Atertu digu, etxerakoan bada ere.
Gaurko ikuspegitik, -autobia hartu baitugu hiria inguratzeko-, Catania ez da ageri hain deigarria. Ez da ikusi genuen berdegunez inguraturiko teilateria bakan gorri hura. Izugarri zabala da izan, maldan behera mendi goitik itsasoraino. Laba harkaitzak inguratzen dute errepidea, eta betetzen ingurua, Lanzaroten gabiltzala irudi.
179 kilometro, euripekoak, baina damurik utzi ez digutenak, barne poza baizik.
Atzo eginiko lixiba erraldoia ez da inondik ere lehortu.
Zilarrezko izara da itsasoa ilargi ia betean, marra zuri misteriotsua haitzen kontrako uhinen laztan zuria, zurrumurru eztiak bilduta.
Ilargiak gureetan baino beherago du ilargi beterako bilgunea.
“Lagun izoztua”. Joseba Sarrionandia:
* “Iragana eta etorkizuna orainaldi menperaezin eta geldiezin honetan nahastu dira orain”. Lehena, oraina eta etorkizuna elkarri deika ibili ohi dira bidaietan.
* “Jose Uriarte imajinatu dut, zuhaitz deserrotua bezala, lekuz aldatua, eta historiaren zangara eroria”. Lekuz aldatua ibili ohi da bidaiaria, historiaren zangetan ere sarri, baina ez zuhaitz deserrotua bezala, bere herrian ere zuhaitz deserrotua ez bada behintzat.
* “Baina imajinazioa ez da irreala. Errealitatea ere ez da erreala. Imajinazioak eta gogoak ematen diote errealitateari zentzua”. Irreala eta erreala, imajinazioa eta gogoa, nahastuz bezala bizi ohi da sarri bidaia.
* “Agure jubilatuak solasean, bere hirugarren sasoian, bere hirugarren munduan”. Agure-atso jubilatuak bidaian, bidaia da gure hirugarren sasoiko hirugarren munduetariko bat, udaberriko solasa.
* “Eta zure mentura Uliserena baino ederragoa izango da, edonora joanda ere, egon ez zaren lekura itzuliko zarelako”. Edonora joanda ere bere herria den lekura itzuliko delako da, Uliserena bezain ederra bidaiariaren mentura.
Maiatzaren 25a. Larunbata. 23.a-I:21.a
“Dendako leihotik”. David P.Tijero:
* “Loreak zimeldu ziren / negu krudela heltzerakoan / nork margotuko dizkigu orain / etortzekoak diren egun zuriak”. Udaberriko – Loraileko- egunak, egun zuriak, bidaiariak margotutako dituen egunak.
* “Izpi horiek udaberriko zelaiak laztanduak badira ere / lehertzeko zorian dago zerua urrunean / goiza gau bihurtu duten odei zamatsuak / opari bortitza lagatzekoak dira”. Atzo eta gaur izpi horiek laztandutako limoiondoen artean lehertu zaizkigu itsasoko ortzi marratik etorritako hodei zamatuak.
* “guda baten oihartzunak heltzen hasi dira”. Danbor hotsak esnatu gaitu, goiza gau bihurtuko zuen gerra hotsen oihartzunak.
* “babes bila ibili behar / babesetik dena atera berri denean”. Kalea du babesa bidaiariak, euriak aldiz, eliza, jatetxe, museo eta antzerako aterpeetara errenditzen du babes bila ibiltariak.
Ohiko alemaniar eta holandarrez gain belgikarrak, austriarrak eta daniarrak ditugu kanpaleku kide. Bilgune internazionala dugu kanpalekua: baina kanpinak ez du pasoko inor elkartzen, une batez ez bada.
Su lamez gorri amestu nuen bart itsasertzeko zeru-marra, baina mutur iluna erakutsi digu egun berriak. Malefizioa dugu Italian eguraldiarekin, irudikeria izan zen nonbait atzo gauekoa, euri-danbor hotsarekin esnatu baikara gaur goizean ere. Bare dago itsasoa, lasai lurra, biak berdintsu busti.
Helikopteroa dabil urrumaka kosta ertzetik, argi gorri hegalariak sumatu nituen bart itsasargiaren inguruan, etorkinen ehiza zabalik da hemen ere.
Beste egun bateko aukera eman diogu Etna sumendiari, Cataniari eginen diogu gaur bisita.
Herri-bideotako bihurgune itsuetan, astiroago joan edo bazterrerago egin ordez bozina jotzen dute autoek, bozinak erditik eta bizkorrago joateko eskubidea emango balie bezala.
Biziki erakargarria dago gaur ere, nahiz goiz euritsuan, Etna, sumenditik itsasorainoko limoiondo-sail berdea teilatu gorriz zipriztindua.
Aci Catena eta Aci Antonio, “Aci” hitza herrion izenen legamia edo batura.
Bere xarma du zirkulazioko nahasmenak, azkenean harrapatu egiten zaitu.
Catania. Marrazketa-lumarekin egindako hiria da, hainbat aldiz sumendiak suntsitu ondoren hurrengo suntsipenaren arte eraikia. Kale luzeak eta zabalak, 3 kilometroko luzera omen du Kale Nagusia den Etna kaleak, itsasotik Etnara artez zuzendua dago edozein kale-gunetik sumendia ikusteko asmatuta, baina gaur ukatu egin digu Etnaren ikuskizuna zeru lainotuak. Bellini arkitektoak proiektatu zuen hiria: kale nagusiko plaza batean oparitu dio “Aberriak” monumentua Belliniri, eta Duomoko zutabetzar baten babesean hilobia, kardinal eta gotzainenen artean. Eraikin eder pila ditu, izan zenaren oihartzun, eta oraindik denaren ezaugarri: zainduak eta eder daude erdikoak, erditik alboetarakoak hondatuxeago eta kolorgetuagoa. Eliza pila dago, handiki itxurakoak, erlijioak ere atzean gelditu nahi izan ez zuela erakutsiz bere fatxada handi-mandiekin; garbi nabarmentzen da zenbait fatxada gaineko zatiaren itxurakeria, ez dira ezein teilaturen eusgarri edo aurpegi, fatxada-horma hutsa baizik, bertako leihotzarrek ez dute barruko inori ezer erakusten ez baitago ostean barrurik: elizaren sinbolo ote?.
Herri bizia: erruz dabil jendea kaleetan, kontu-kontari elkartzen dira taldetxoak kale ertzetan edo esertzen edozein harmailatan; koadrila bat dago trenbideko arkupe erraldoi baten pean, mahaitxo baten inguruan jokoan batzuk, zutik begira besteak, izugarrizko iskanbila eta builaz. Azaldu ezina da azokako bizitasuna: bizi egin behar da. Trenbide arkupe inguruan, espaloia dute hartua nekazariek, autobusek autoek eta oinezkoek kalea; izugarrizko nahasmena, batak besteri bidea emanez baina denak ibilian. Kale-artean dago azokaren erdigunea, kaledi zabala hartuz; nekazari eta arrantzaleen salmahaiek eta erosleek erabat hartuak dituzte kaleak: hainbat ikusi dugu barneko kaleetan, azokatik urruti, erosketa poltsaz zamatuta; bere etxeko ortuari eta fruta eskaintzen du nekazariak bakoitzak, bazen bat eskorgakada barraskilo zituena salgai, barraskilo zuri nahiko txikiak: izugarrizko ahots garratz, bizi, ozenez iragartzen ituen barraskilook; arrantzaleek ere gaueko arrantzako fruitua eskaintzen dute: olagarroa, aingira erraldoiak edo antzerakoak, itsaskiak, ezpatarrainak ezpata luzea muturrean eta izokinaren antzerako haragia azalpean. Seguru eta lasai sentitu gara jendartean, Siziliako Chicago deitzen badiote ere. Lasai utzi dugu autoa ere kale gorriko aparkalekuan, giroa bera zen lasaigarria.
Duomo Plaza: zabal-zabala, biluzia, elefantearen iturri bitxiak alaitzen du; oinezkoei itxita zegoen gaur, emanaldi erraldoiren baten antzoki izan berri delako. Duomo: fatxadak erakusten du nolakoa izanen den, ziklope tamainako santu-irudiak ditu fatxadan; 3 nabeko luze zabal garai erraldoia da barrutik, zutabe karratu erraldoietan oinarrituak; erromatar gerrarien gurdien tankerako anboi tzarra, Paskua zuziaren argimutila ere erraldoia, eta aldarea: hirurak brontzezko artelan bikainak; biziki pintatuak abside ostea eta gangak; zutabe bakoitzak babestuta, bere burua zerbait zelakoz zuten kardinal eta gotzainen hilobi edo oroigarriak, marmolean fin eta leun zizelatuta: beste munduko itxaropen handirik gabe nonbait, mundu honetan iraun nahi izan zuten nolabait eliza-jauntxoak; eliza honen aurrekoaren hondakin zenbait ere ikusgai daude, gaur egungo zorua baino beherago, horma eta zutabeen oinarriak dira: eliza ederra zen, sumendiak edo gizakiak hondatu zuten hura ere.
Belliniren Jauregia: Parkean egon gara soilik; zabala eta ederra, gaur egun herriarentzat ahalbideratua, egunero aldatzen diote lorez egunaren data, zer esanik ez hilero hilaren izena eta urteberrian urte hasiberriaren zenbakia.
Erromatarren Teatroa eta Grekoen odeoia, kalearte batean daude, etxe artean. Erromatarren Anfiteatroa kale nagusiko plaza batean dago, plazako zorua baino beherago, mailadi zabal luzea duen eliza baten aurrean, beltzak dira hiru eraikinok, laba harriz eginak, alegia.
Kalean ez da nabari, baina Duomo eta inguruan nabaritzen da bisitari asko dabilela hirian. Eskolaumeak ere kalean dabiltza, egunero herri orotan ikusi ditugun bezala.
Italiako bero errekorra du hiriak, 40 gradukoa.
Hiri industrializatua omen da, izanen da, ez badiogu industrigunerik ikusi. Baina industria-hiri baten giroa du jendetzak, ez, aldiz, etxeteriak, ez kalediak ere; bada halako kontraste nahiko bitxia, gizateria eta etxeteriaren artean: gizakiak apalak dira, herri-herrikoak, etxeak eta kaleak, aldiz, herri boteretsu aberatsarenak. Kaledien goiko hasieratik ikusi dugu portu nagusia, ez deritzogu oso handia; gero ikusiko dugu portutxo txikia, laba haitzez bilduriko kala: bere grazia du.
Laba-harkaitz den itsasertzetik egin dugu itzulera, sumendia presentea dago lurralde osoan, gaur tontorra erakusten ez badigu ere; lurralde guztia estali zuen laba harriz.
Bi bideko kale-gurutze batean alde bietan aparkatu dituzte zenbaitzuk autoak, bide bikoitza bide bakarrera mugatu da, izugarrizko ilarak sortarazten dituzte. Inor ez da baina haserretzen.
44 kilometro, merezi izan digutenak, herritarren hurrekoak.
Santa Maria Scalan egin dugun afalaurreko ibili goxoa, ederra! Itsasoa bare, hego haize puntuak eta moilaren kontra olatuen plastadatxo bigunek are kilikagarriagoa egiten dute portu ingurua. Arrantzale etxetxoen arteko pauso hots gordea. Kontrastez aurpegieran eta taldetxo kalakarien ahotsean antzematen diozu gogorra behar duela izan arrantzaleon bizitza. Arrantza txalupatxoak ez daude etzanda hondartzan, eten gabe nabigatzen lez baizik, lanerako beti prest lez, zut, oso zainduak, mimatuak, biziki maite dute beraien lantresna arrantzaleok.
Kanpineko Pizzerian afaldu dugu. Herriko jendez bete da. Gustukoa du siziliarrak larunbat gauean lagunarteko afaria etxetik kanpo, ez afarirako ez afalosterako ordu goiztiarrik gabe. Jende xumea da, ez diruduna, baina afaritxo batean txanpon batzuk xahutzera luzatzen dena. Bikote gazteak, ezkondu adinekoak, ahalegintxoak egindako bertanbilbo handiki plantakoak, baina besteok bezala pizza bat besterik jango ez dutenak. Erresidentzi batetik datorren dozena erdi nagusien taldea arduradun gazte arduradunarekin, denak ahalegintxoz jantziak kanpoko afarirako. Bizar eta ile zuridun agure itxurako batek harritu nau, di-da batean bukatu du bere pizzatzarra, besteak oraindik erdian zeudenean, gu biok aspaldi geunden lepo eginda geurearekin.
Zabaltzan luzatu dut ohera aurrekoa. Alde ezinik. Ilargi betea bihar. Itsas osoa da oinetaraino datorkigun zilarrezko zelai zabala, alboa aldiz zabalgune grisaxka, ñir-ñir mugikorrek jainkosaren ohe bihurtzen dutela. Egon behar zuen inguruan Zugarramurdi eta akelarre bat ilargi beteetan. Hain da liluragarria gaua itsasgain honetan!, zilar ordeka bihurtuta dirudi itsasoak, bertan murgiltzeko alfonbra dirdaitsua luzatzen dizu. Agian horrek bultzatzen du jendea afarirako etxetik kanpora gaur ere. Txabolatxo bat jarriko nuke itsas gain honetan 28 eguneko hilabete oro ilargiaren zain egoteko. Lilura. Misterioa. Naturaren keinu zoragarrietatiko bat.
Izugarrizko putakeria egin dit gaur ordenagailuak, edo egin eragin diot: 2 orduko lana ezerezean geratu zait. Amore eman diot denari. Baina distira argitsu ispilua antzo argitutako itsasoaren aurrean bizipozak bete nau, merezi du biziak, gau hau ikusteko besterik ez bada ere!.
“Artemio Cruzen heriotza”. Caslos Fuentes:
* “Gorputza bere osotasunean. Nekagarria da. Egon dago”. Bidaia bere osotasunean nekagarria da. Badira uneak ez duzunik adorerik ez pentsatzeko ez idazteko, ezta begiratzeko ere. “Nahiko” esan dizu gorputzak. Eguneko irteeretan. Baina baita bidaiaren osotasunean ere. Eta une horretan etxera itzultzea hobe. Edo herrira. Egunekoa bukatutzat eman. Edo bidaia bera.
* “Ez dut ondo ikusten baina nire begirada haren begiradan finkatzen saiatzen naiz”. Zenbat aldiz bidaiaria ahaleginduko da ikusten, begiratuko du, baina alferrik. Zenbat aldiz begiratuko duen ere zerbait zer den benetan jabetu ere egin gabe. Zenbat aldiz ikusi nahi eta ezin begien aurrean duzun arren. Zenbat aldiz ikusi nahi eta ezin, desagertu egiten zaizulako. Ikustera behartua egotea eta ikusi nahi eza ere gerta ohi da
* “... nahiz eta adinak gauzak egitera baino, gehienbat, gauzak imajinatzera behartu”. Zorionez adineko arren errealak bihurtzen ditugu imajinatutako bidaiak.
“Lan asko egin duzu atzo goizean”. Oraina, atzokoa eta gerokoa sarri nahasten dira bidaietan.
Maiatzaren 26a. Igandea. 24.a-I:22.a
“Dendako leihotik”. David P. Tijero:
* “.../ islatzerik ez dudan ideia / burutik korrika dabilen piztia da / eta ezin dut kaiolaratu paperean /ehiztari desesperatuen gisan / tiroka nabil burmuineko itzalei / ...”. Hala gerta ohi zaio ibiltariari bere bidaiako bizipen eta irudiei hitzezko hezurdura eman nahi dionean. Ezina. Trebeziarik eza. Nekea.
Ez zaigu falta izan txori kanta kanpinean, baina txori txikien txioa izan da, aurten ez dugu zozo eta biligarroen nork zorrotzago lehiarik.
Laba harria da hesiak eta errepide hormetarakoa ez ezik, etxegintzan eta hirigintzan erabiltzen den osagai nagusia. Zenbait herritan, Taorminan adibidez, harri zuria badarabilte ere, laba harri beltz iluna sartzen dute kontrasterako friso eta bestelakoetan, osagai edo bizigarri.
Etna. Bete betean igarri genion erabakiarekin. Eguzkitsua esnatu zaigu eguna. Aurrez aurre dugu Etna sumendia lehen unetik. Ikuskizuna da edonondik begiratuta ere. Ibili guztian izan dugu une oro presente. Beti dotore eta erakargarri. Amets giroan misteriotsu. Goiak biluzi beltz, berde jori malda barrenak. Azken bi egunetako lainopeko euriak elurrez zuri utzi du tontorrena. Izugarri bizia izanen zaigu sumendia. Uneoro aldatuko zaigu. Begiratzen diogun ikuspuntuaren arabera eta haizeak lainoak nondik nora erabiliko dituenaren arabera, orain zati bat erakutsiz, orain beste zati bat estaliz. Eki aldetik, barrenetik, begiratu eta inguratu dugu lehenik: misteriotsu agertzen zaigu, aho ertzeko ezpain biak ikus edo antzeman ahal dakizkioke, zabal, aho-ertz bata bestearengandik urruti, bi tontor edo bi mendi ezberdin bailira, tontor bakarraren bi aldeak, sumendiaren ahoko bi ezpainak; ezin ikusi ahal izan ditugu ezpain biak batera, tarteka baizik, lainoen arabera. Iparretik begiratu diogu gero Linguaglosa herriko bailara berdetik: alde elurtua ikusi diogu, tontor garai zabal beltza elur artean, zein elur sailaren barrenean; alde sendoa eta gotorra erakutsi digu, leun eta beltz dator behera; Hegotik begiratu diogu azkenik, krater edo sumendiaren ahoaren hegoaldeko ezpaina, ber-bertatik, dena laba eta krater; laba-harri itsasoa gain beheran dena estaliz, alde erasokor eta mehatxagarria.
Herritxoz herritxo hurbildu gatzaizkio. Herri xume txikiak baina alegerak, behe solairuko etxeak batez ere, antzinako multzoan; herri inguruan, zuhaitzez bilduriko ondo-bizien txaletxoak zuhaitz artean.
Zafferana Etnea eta Milo: herri handiak, txukunak, zainduak, Etnaren bisitarien zain bizi dira, mendirako ibili-aukerak eskainiz, itsasertzerainoko behatokiarekin tentatuz bidaiaria.
Ez da erraza norabidea egoki zuzentzea, hari askoko ehun itxia baita bide-sarea. Begi zolia behar da zenbait bidegurutzetan letreroa ikusteko ere, dakitenentzako geziak dirudite.
Zafferanatik gertu, lehen laba harritzak agertzean, autoz dator zenbait herritar, laba arteko iturriren batetik ura eramatera botiletan etxera.
Behe aldean, mahastiak laba harriz egindako mailadietan, olibondo sailak, fruta arbola zenbait, bere buru zapal zabala nabarmentzen duten pinu bakan lerdenak, gorago gaztainondoak ugari...; behealdean, jori, oparo eta emankorraren aurpegia erakusten du lurraldeak. Gorantz, hariztia, pinudia Etna tontorraren magal biluziaren aurretik eta pago gotortuak. Pago eta pinu sendo itzelak daude Iparraldeko goi gunean, labari eusten diote. Zirraragarria da nola hasten den berdetzen malda beherantz: gandu berdexka bat besterik ez da lehenengo, belar antzerako berdegunea gero, zuhaiztia ondoren malda osoa hartuz. Hego aldean bada laba eremu bat non ez dakit ze motako belar tortoak hasi diren labazko zorua kolonizatzen. Baina guzti horrekin batera labazko maldak daude, Hegoan zein Iparrean, zirraragarriak zerbait zirraragarri izatekotan; bihurgunez bihurgune kiribiltzen da errepidea laba artean bihurrituz, kilometro luzeetan; laba itsaso batean zoaz, ikusi egiten duzu zure gainean edo zure oinetan nolakoa izan zen laba gori ibai ikaragarri zabal eta sakon hura; laba-bide pila daude, baso artean doaz, bakoitza bera, aho ezberdinen bide edo gainezka egin zuen aho bakarraren kabitu ezinak irekitako bide ezberdinak. Zirraragarria da han goiko labazko malda beltz erdian autobus zuria ikustea itsaso beltza zeharkatuz. Izugarrizko ikuskizun da. Hegoaldeko bidean pausalekuak jarri dituzte maila bakoitzean, laba ibaia luze zabalera osoan ikusi ahal izateko.
Ehundegiko ehun guztiek ehotako errepide sarea izan dugu, herritxoz herritxo.
Ia idilikoa da eki aldetiko ikuspegia, ederra, lasaigarria. Iparrekoak, aldiz, errepidearen bukaeratik, mendi ilun zail gogor baten itxura du, mendi beltz luze garaia, tontorreria leuneko sendoa. Hegokoa aldiz bortitza da, zenbait aho ezberdin ikusten zaizkio goreneko ahoa nagusia izan behar duenaren maldetan, laba-haitzak eta laba-harriak maldan beherantz hasten dira, kraterren aho ertzek leun itxura damaie, oinez dabiltzanentzat harri latzezko mingarriak zaizkie seguruenik, burdina herdoilduaren kolore gorrizka du malda osoak.
Autoz hurreratu ahal da ahoaren azpi aldera arte.
Errepide zabal erosoak zabaldu dituzte ipar aldetik, mendi-barren biluziraino, laba arteraino hego aldetik. Bietan daude neguko elurteetan eski zaleak jasotzeko arrasteak. Iparrekoan autobus bereziak daude bidaiariak ez dakit noraino jasotzeko; zuriak dira, Hegoaldetik ikusi ditugu autobusok oso goian tontor nagusienaren barrenetik igarotzen. Bi lekuetan dago ohizko bisitarientzako muntaia, bietan dendateria, jatetxe eta ohizko abarrak. Xumea da Iparrekoa, inguru bikainean, gerri sendoko pinu eta pagoz inguratutako lautadatxoan; sekulakoa Hegoaldekoa, bertan etengabea da auto eta autobusen joan etorria, ehunka auto eta dozenaka autobus daude uneoro bertan; kinkila-dendateriaren ilara ere luzea da. Mendiko ohizko giroan dabil jendea bietan ere. Batzuk aho ezberdinen ertzetara igotzen dute, oinez hegotik, autobus egokituetan iparraldetik, bakar batzuk izugarri goian agertzen dira; asko dira, diotenez, gorenera igotzen dutenak ere, malda biluzi gorrizka latzean gora.
Sekulako ikuskizuna da Etna. Edozein lekutik begiratuta, edozein puntura hurreratzen zatzaizkiola.
Hegoalde honetan M. Luisak laba zatia jaso du uneoro bidaia-lagun izan dugun oroigarri.
Linguaglossa, krater erraldoi baten barruan dagoela dirudi, mendiz inguratuta, zabala, kaledi bihurri zabalarekin, mendi berdez inguratuta, bailara berde berdean; goitik begiratuz teilateri gorri bat da mendi berdez inguratutako bailara zabal berdean. Etnaren bisitariengandik bizi dela dirudi, bidaia aukerak eskainiz. Txukuna eta zaindua.
Nicolosi: herri hau aipatuko genuke batez ere, zuhaitz artean gorderiko txaletxoek estaltzen dutelako malda osoa, herria bilduz.
Perretxiko erraldoiak zituen eskaintzan errepide ertzeko saltzaile batek herritxo batean.
Bilkura zuten gaur Etnaren ipar aldeko malda arbolatsuan motorzaleek, hainbat eta hainbat izan ditugu aurreratuz edo gurutzatuz bidaia osoan, eta geldiune batean aurkitu ditugu dozenaka elkartuta; ohi denez, talde koloretsu bizia eta berezia osatzen zuten.
Txirrindulari koadrila ere ari zen ipar aldetik Etnara igotzen, banan-banan, puzka, ia ezinean, lehiaketa bailitzan: nagusiak ziren denak, ia zaharrak, ilezuriak, adinean oso aurreratuak. Umorea behar da adin horretan gorputza horrela behartzeko; ez da bizipoz arazoa, heriotza-bidea baita halako lehertzea.
Ez dakigu nolakoak diren futbolzelaiak, baina izugarri sendo garaiak dira herriotako futbol zelaiok argitzeko fokuteriaren zutabeak, foku pila du gainera zutabe bakoitzak.
Pit-pit-pit, ez dakigu nori eta zergatik, baina gaur ikaragarri ugaria izan da gidari pitojolea, igandezale urduria agian, herrietan, bidegurutzeetan, nonahi eta noiznahi.
157 kilometro, Etna sumendia gozatuz.
Ilargia itsasoan zeru-marratik nire oinetaraino irisatzen deneko ikuskizunaz gozatu dut gaur gauean ere nirea soilik den zabaltzan. Pena dut, lainotuagatik, ilargia itsas gora agertzen ikusteko aukera galdu dudalako egunotan. Gogoan izanen dut labazko itsasgain hau Etxarrin S. Donato ostean ilargia azaltzean.
Ze zirraragarriak ur-eremu neurrigabean arrantzale batelaren ipurtargitxoak.
“Artemio Cruzen heriotza”. Carlos Fuentes.
* “Naizela adierazten didate, orain, sekula ez izan nintzela. Inor ez da beranduegi izan baino lehen ezer azaltzen ahalegintzen”. Izan nintzela adierazten didate bidaiak, baina aldi berean oraindik ere banaizela. Erretiro garaia ez da beranduegi ezer azaltzen ahalegintzeko, bizitzari biziki eusteaz harago.
* “Mundu bat dago hor kanpoan”. Bere herritik kanpo dagoen mundu bat deskubritzen du bidaiariak.
Maiatzaren 27a. Astelehena. 25.a-I:23.a
“Dendako leihotik”. David P. Tijero:
* “egun batean jakinarazten dizute / libre zauden arren ez zarela libre”. Pasaportea utzi behar izan dugu gaur ere kanpalekuko sarreran”.
* “Gaueko olatu beltzek irentsi zituen / goizez hondartzara itzultzen dituen orbainak / etorkizun bila zetozenak”. Etorkinek ni liluratu nauen ilargia saihesten dute hondartzaratze klandestinoan. Errealitate beraren bi aurpegi kontrajarriak.
Sekulako egun argia. Azken agurra eman nahi izan digu Etna sumendiak. Errepidera orduko genuen begiz begi sumendia. Laino motarik gabe garbi garbia. Zoragarri ederra. Lainoz biluztu zaigu eta elurren jantzi agurrerako. Ikuskizun eten gabea izan zaigu bidaiako zati luze batean. 250 kilometrotara ikusten omen. Palermora bidean, Hego-Mendebal aldetik inguratu dugu nahiz urrutitik, baina, nahiz urrutitik, ikuskizuna paregabea da. Nostalgiaz begiratzen genion. Aurpegi ezberdina du, ahoa igartzen zaio baina mendi-tontor osoaren itxura lasaia du, aho zabalaren mehatxurik gabe. Bizkarra eman diogu azkenez, gure bidean aurrera, une horretan eman dugu bukatutzat Joniarren Itsasoko egonaldia.
Catania inguruko berdeguneek berehala utzi die lekua lurralde berriei; pausoka egin da aldaketa, eten bortitzik gabe. Gaztelu gotorren itxura darien amildegi bertikaletan bukatutako mendi tontor zorrotzek urrutian, mendi-muino leunak gertura, erabat horiak, lehorrak, osatzen dute paisaia berria. Menditsua dager lurraldea, dena da mendi-tontor eta mendi-muino leun, lur leunok landuak baileude. Zuhaitz ziztrin batzuk eta lur lehorra, belar idortuko horia. Autobide ertzeko sastraka dotoretxo eta zuhaixkak dira zuhaitz bakarrak, hortik kanpo eukaliptoak dira ugarienak, bakanak eurak ere, olibondo bakanen bat hurko. Landuak dira lurrok, erabiliak daude, ezer ez dagoen arren orain, agian jasota dute dagoeneko uzta, edo deskantsuan utzitako lurrak dira. Galsoro lurrak izan direla dirudi. Erromako aletegia deitzen zioten Siziliari. Laranjadi berdeak dira mendiarte arteko ordoki zabal eta luzeak bide luze batean; lurralde dotorea, ura ere badarabilte, hori erakusten dute putzu eta ubideek; kontraste bortitzeko lurraldea, mendi mortuak eta bailara joria. Kontraste handiz, erakargarria. Urre kolorekoa bihurtu da geroago lautada, dena dago mortu orain, baina oparoa izan den aztarnak ditu. Ez dario pobrezia edo bakardade girorik, ez du sentipen etsirik sortarazten. Patxada eta baretasuna darie. Une batez lur hori eremu dena txabolaz bete da, perretxikoak bailira, lur koloreko txabola karratuak, ukitu berriz aberastuz lurraldeko ikuskizuna.
Izan da herritxo bat lautadako amildegiek gotortutako tontorraren gandor. Ez da bestela, ez herririk ez nekazal etxerik ikusten begipeko inon. Geroago izan dira nekazal etxeak, bakanak, bakoitza bere lurren inguruan seguru aski, edo bere lurrez inguraturik, inolako zuhaitzik gabe ataurreko geriza izateko. Lur koloreko etxeak. Bakardadearen sinbolo. Pobreziarenak ere gaur egun. Dozena erdi ahuntz izan dira bizidun izaki bakarrak.
Etna. Urrutitik ikusi dugu, lehenengo bera, beste bi herri ondoren. Hiru herri elkarrengandik gertu, bere tontor amildegiz gotortuaren gainean bakoitza. Herri zaharren bat uste genuena etxe berri garaiek osaturikoa da, amildegion gandor. Ez dakigu hiru tontorrek herri bera osatzen dute.
Erabat aldatu da lurraldea Enna hiriaren inguruan: malda leun-leuneko mendi-muino eta mendi buru-borobilak; erabat berdetuta daude delako hiru tontorrak, basoa zabaldu da maldetan, desertuko oasia iruditu zaigu. Baso bihurtu dira mendi malda mortuak, eukalitadi eta pinudiz. Hurreratzean, hara non dozena bat behi landutako lurrek inguratutako tontortxo harritsuan pilatuta, beste bi bakoitza bere tontortxo harritsuan zut, behatoki batean bezala; geroago behi aldra izan da landutako lur sail batean, nolabait esateko larrean; ardiak barraskiloak lez guk lur lehorrean ikusten ez genuen belar berri muturren bila edo... auskalo; ibili ohi dira ardiak galsoro ebaki mortuetan, baina behirik ez dut sekula santan ikusi; izan da erreka bat ere, eta bertan beste behi talde bat, hankak uretan freskuran bat, alboko belar berrien bila besteak; asto bat ere izan da, baita artalde handi bat ere, belartza batean azken hauek. Behi talde gehiago geroago. Hiru asteotako ikuskizun berri ezohizkoa, ia txundigarria. Ikusi dugun lehen azienda. Bailara zeharkatuz, gainetik, sigi-sagan, bailara gainetik hankadun suge erraldoia bailitzan autobidea, har grisa litzateke agian, baina sugea da bere gorputza batera eta bestera bihurtuz.
Caltanissetta. Urrutitik deigarria, bertatik zuhaitz artean barreiatutako etxeak, alde bateko mendi magalean herri zaharra dirudiena, etxetzarrek osaturiko etxe ilara bortitz luzeak bestaldeko tontorraren magalean. Etxetzar pila, hiri moderno erraldoia mendi magalean. Zirrara sartzen du horrelako hiritzarra eremu laru horretan. Bada industrigune bat zulogune batean. Nondik demontretik bizi da hamar bat solairuko etxeteria erraldoi horietako biztanleria!. Nondik bizi da jendetza hau, ikusi dugun industriguneak ezin du eman denentzako lanik. Badira ere pare bat hotel handi, berriak. Beraz, bizitza du hiriak.
Canicatti herriaren inguruan hasi da ia itsasorainoko mahasti lurraldea, kostaldetik 30 bat kilometrotara. Bailara, mendi malda eta mendi-muinoak erabat hartuta du mahastiak. Mahatsondo garaiak, enbor sendokoak. Zuhaitz nanoak dirudite. Ardura handiz zainduak. Itsasorainoko lurraldea da mahasti. Urrutira, mahastiok estaltzen dituzten sare-gune zuriak ikusten dira, negutegiak bailira. Mahasti-sail nahiko txikia da bakoitza, bata bestearen ondoan, baina jarraian, berdegune bakarra eginez. Oasi berde lasaigarria lur mortuetatik gatozen begiontzat.
Izan da lehor-gune batean nekazal etxe bat, bere bizitza gainezka behar zuena, karratua bere osotasunean, horma batek zarratzen du aurretik, bi aldetara du etxaurrea, patio zabal bat osatuz: teila eta harri erre kolorekoa da dena, lurraren sinbiosi perfektua, kameleoiak baino kamuflatuagoa.
Berdegunez tartekatua dago itsasorainokoa, -olibadi eta mahastiren bat-, ez da inola ere desatsegina.
Agrigento gain batean ikusten dizkiogu itsasora begira dagoen bestaldeko goiengo etxeak, etxe moderno berri handiak. Gero, itsasora artekoa, eukalipto eta mendi gorria da.
Eta hara non mendi gorri tontor hegi-hegian Parthenonaren itxura bera duen tenpluren baten zutabeteria, paralelogramo bikaina. Bihar, beste hainbat tenpluez gain, ikusiko duguna. Zirraragarria da, bat-bateko agerpena, eraikintzar dotorea hor tontor mortu horretan.
Ez dakigu ze probintziatan gauden, ez baitute gaur probintziarik iragarri errepidean.
MEDITERRANEO ITSASOA
Gure bidai honetako kokalekurik beherena, nahiz Italia eta Siciliaren hego azken muturra Siracusatik beherago dagoen, Capo Pessero muturra hain zuzen.
Agrigento. S. Leone, itsasertzeko herri, auzo edo turistagunea. Hondartza luzea, harri blokezko murru jarraiez babestua. Hor dugu kanpalekua. Pinu artean, hareazko duna batean, itsasoan gaude itsasorik ikusten ez badugu ere, olatu hots ozen baina leunak biltzen gaitu. Hemen ez dugu ez tren ez errepide hotsik, itsasoarena soilik.
Ia 30 graduko hozberoa izan dugu. Beroa noizbait!.
204 kilometro, Itsasoz aldatuz
Nongoak?, galdetu dit harrerako gizon gazte potoloak pasaportea eskuan hartzean. Espainiakoak. Ez dugu esplikazioetan hasteko gogorik. Baina ze aldekoak?. Nafarrak, euskaldunak. Berak orduan: “no volere ser espainol”. Badaki zerbait euskaldunotaz.
Alemaniarrek dute hartua kanpalekua. Eguzki gosez. Gaur gazte alemaniar autobuskada sartu zaigu, bizitasuna eta gaztetasuna ekarriz jubilatuon kanpaleku honi. Gure alboko pinupe batean jaso dute lonazko komuna, patxadan eta alai. Gauean, zerbitzuguneko entxufe denak hartuak zituzten, segapotoak kargatzeko.
Bi karabana frantses sartu zaizkigu albora, builatsu, zaratatsu, denontzako hitz egiten, frantses entzun-praktikatzea praktikatu dezagun edo; harroputz dirudite bere frantsesa eta frantsestasunarekin.
Hondartzako ibili gozoa, olatuak oinekin jolasean!. Bere berezko horretan dago hondartza, belar tortoek kolonizatu dituzte hondar-muinoak, eta gorago pinu zaparroteak elkarri lotu dira arrama ehun berde trinkoa jarriz, aurrez aurre ezkutua bailitzan, itsas haize erasoaren aurkako ezkutu. Jendetza dator hona, zakarrontzi ilara luzeak erakusten du ugari datorrela itsas edo eguzki zalea; herriko baserritarren batek traktore eta bostortzaz harrotu du hondartza osoa, ildo sakonez utzi du hondartza alderik-alde, agian udarako neguak gogortu duen hondarra biguntzeko.
“Artemio Cruzen heriotza”. Caslos Fuentes:
* “eta minik handiena jakiteak ematen dizu, jakiteak eginahal guztiak eginda ere, ez zarela inoiz haren modukoa izango,...”. Bidaiariaren bekatu bat izan ohi da zenbait herriko bertakoa gutxiestea, atzeratuagotzat hartzea, baina erru handi bat izan daiteke ere era berean herriagotzat,- aberatsago, kultuago, famatuagotzat- ditugun herri eta herritarrak imitatu nahia, geure izaera propio estaliz.
* “Badakizu mutur orok bere aurkakoa duela bere baitan”. elkarren hur dabiltza sarri bidaietan aurkako muturrak. Erraz aurkitu dugu gaur kanpalekua, baina zailtasunak izan ditugu gero gurpil txikiarekin.
* “zure ausardia zure koldarkeriaren bikia izango da”. Hala izanen dira bidaiariak sarri, ahul eta lotsati zenbait egokieretan, tinko eta kementsu aurrea eman beharrean zenbait egoera okertuetan.
* “Zure aukeraketek ez dute ukatuko zure gainerako bizitza izan daitekeena, aukeraketa egiten duzu bakoitzean atzean utziko duzun guztia”. Etengabeko aukeraketa da bidaiatzea, zerbait ikusi edo bizitzeak ordezko zerbaiten ukazioa dakar berarekin. Hautaketaren ordaina beti da zerbaiten ukamena.
* “begiak itxita gaua egingo baitzenuen”. Sarri itxi egiten ditu barne begiak kanpoko errealitateari bidaiariak. Hainbat herritarren beharra ikusiz, bidaia-ahalmenaz aberatsa sentipenak koska egiten dizunean begiak ixten ditu, justifikazio izpiren baten bila barne toles-gunetan.
Maiatzaren 28a. Asteartea. 26-I:24.a
“Dendako leihotik”. David P. Tijero:
* “Etorkin bat bota nuen lorategitik / etxeko hesia zeharkatu zuen / zuhaitz baten pean lo egiteko”. Italia Hegoko itsasertzok dira etorkinek zeharkatzen ahalegintzen diren hesia, non lo eta zer jan aurkitu asmoz. Eta mendebaleko gizarteak bota egiten ditugu gure lorategitik.
* “sumendi baketsuaren gisa”. Baketsua dirudi Etnak urrutitik, baina gordetzen duen indar suntsitzailea erakusten du bertatik.
* “milaka hodi katodikoen aurrean / dauden gizarte madarikatu honen gisan”. Telebistarik gabeko esperientzia da bidaiaren bizipenetariko bat.
Joanak ziren goizeko seietarako alemaniar gazteak. Zerbait bisitatzera.
Nolako itsas hots burrunbatsua ateratzen dute olatu izatera ere heltzen ez diren ur-toles axalok.
Inguru honetan lurreratu zen Garibaldi mila lagunekin, eta Italia ia osoa beregana erakarri. Ez dago herri batu baten oihua isil eta gelaraziko duenik.
Tarinak dabiltza, edo tarteko familiakoak, txoritxo nano horixkak. Deba inguruko mendi-gainetan likaz ehizatzen zituztenak migrazio garaian kaiolatu eta saltzeko.
Bizi bizia da kanpalekua, bezeroon joan-etorriak ez du etenik, isilean, bakoitza bere arduran, inurritegian antzo, zaratarik agabe, itsas soinuari zor zaion errespetuz.
Giza tipologiari buruzko tesia egin daiteke kanpalekuetan, janzkera, gorpuzkera, dutxetan, komunetan, arrasketan, etxatoi inguruan, ibilbideetan dugun portaera... Harrigarriak izan zaizkit emakume zenbaiten konketetako ispilu aurreko aurpegiko ukendu igurtziak.
“Barcellona” kanpaleku bat dago Messina aurretxoan Tirreno itsasoan.
Eguzkitsua gaurko eguna ere. Goizean goizetik beroa. 30 gradutan ginen eguerdian une batez.
TENPLOEN BAILARA
Agrigentotik itsasaldera dagoen mendi-bizkar luze baten hegian daude tenpluok, 10 omen ziren, bederatzi ei dira ikus daitezkeenak. Ez jakinontzat ez da erraza jakitea noiz hasten den bat eta noiz bukatzen bestea. Zenbaitek ez du ezbairik, han daudelako bakar eta bakan, deigarri eta eder, aro ezberdineko testigu, aitorle eta adierazle.
Harritzar landuen biltegi bat besterik ez da sarri ezjakinontzat zenbait hondakin multzo. Beste zenbait eraikinek badu bere egitura osatu esanguratsua. Ia hiru mila urteko atzera jauzia, ezin gara jabetu nolakoa behar zuen inguru honetako bizimodua, ohiturak, portaera... beste kultura bat, beste bizimolde bat. Kontraste harrigarria egiten du tenpluon mendi-bizkar honen bestaldean Agrigentoko etxe-orratzen basakeria, mendi malda osoa etxetzarrek hartua, bailara sakona alderik alde sigi-saga zeharkatzen duen errepideko zubitzarra, eta gu zutabe eta horma harri erraldoi barreiatuen artean. Zirraragarria. Ez gara ezer, ez gara gai jadanik kulturok ulertzeko, irudikatzeko ere, galdua dugu antzinako kulturekiko lotura, harritzen bagaituzte ere. Harridura eta miresmena.
Bere betekizuna zuten mendi gainotan barreiatuta dauden harritzarrok, bere leku konkretua, egitura bateko zati ezinbestekoak ziren, eta hor daude orain, lekuz kanpo, bisitarion oinpean, hainbat gizakik tailatu eta landutako harritzarrak.
Zutabetzarrak zut, beste zenbait etzanda, eskailera zatiak, bainu-tokiak oraindik ia osorik, harritzarrez zamatuta zentoztenean gurdi gurpilek zizelatutako erreten sakon-sakonak harri bizian. Zut jartzeko sortua, etzanda dago, bukatu ez zen tenpluko zutabea izan behar zuen eskuak kokotean dituen ia 8 metroko gizaki erraldoia.
Sekulakoak dira Herkulesen tenpluko zortzi zutabeak, ilaran, tamaina alimalekoak. Konkordia tenpluak, aldiz, zut ditu buelta osoko 34 zutabeak. Tenpluak nolakoa behar zuen erakusten dute Junoren tenpluko zutabeek. Eta beste hainbaten hondarrak...
Nabari da ez zirela harri itxuran agertzen, masa mehez estaliak zeuden zutabe eta harriok, ziurra omen da Junorena polikromatua zela, kolore biziz polikromatua.
Kristau eta bizantziarren hilerriak ere hor daude. Haitz bizian zulatutako hilobi pila, bata bestearen alboan, hainbat eta hainbat, edo amildegi gaineko hormetan zulatuz sorturiko hilobiak.
Sekulako olibondoak daude harritzarron artean, zaharrak behar dute gerri zabal bihurritu eta azal gotortutakoek erakusten dutenez.
Autobuskadetan dator bisitaria. Goiz guztian. Hiritzar bateko kale nagusia dirudi gure tenpluon bideak. Pila izan dira eskolaumeak ere.
Ederra da tenpluon hegitik itsasorainoko ikuspegia, zabala; urrutitxo dago itsasoa, atzo ikusi genituen mahastien estalki argiak hedatzen dira mendi maldetan lehortzen jarritako izarra erraldoiak bailira.
Bada oraindik zer ikusi eta non ibilia, bi ordu eta erdi egin ditugu etenik gabeko harritzarron arteko ibilian, eta nahiko dela erabaki dugu. Gauza eder eta miresgarrienak ere, bere neurrian.
Hiru gerra hegazkinek zeharkatu dute zerua tarte ezberdinetan, gizarte honen sinbolo horiek ere, kulturak eta gizarteak desegiteko prestatutako tresna eta gizonak, bakearen, kulturaren eta etorkizunaren izenean. Herri gizajoak eginen zuen lana mendi honetan ere, greziar Siziliako Tirano deituriko jauntxoen esanetara.
15 kilometro, gure gaurko Agrigentoko Parthenonera.
“Artemio Cruzen heriotza”. Carlos Fuentes:
* “...honek ere, kausa guztiak bezala, ekintzaren proba ezin zezala jasan”. Zailak iruditzen zaizkio aurretik bidaiari zenbait bidaia, -denek esaten ziguten Sicilia arriskutsua izan zitekeela-, baina edozein bidaia dela posible froga ahal da bidean jarri ondoren.
* “Zenbatez erosoagoa den ustekabekoa onartzea!”. Buruhauste eta ernegazio ugari eman ohi dio bidaiariari ustekabeak, eguneroko ogia direnen zertzeladez harago.
* “zenbaitetan, mozorroak ondo baino hobeto itxuratzen ditu bere azpian edo kanpoan ez dagoen aurpegi baten keinuak”. Bidaiaria herrietan eta kanpalekuetan mozorroz jantzita dabil, nahiko kanpolarrosa garelakoan nago.
* “Baina prezio bat ordaindu behar da bizirik irauteko”. Bidaiatzeko ere, ez da diruzko salneurria, aukeraketa eta ukazio ugarien prezioa baizik.
* “Xake taularen antzera trazaturiko kale zahar haietan barrena”. Castellammare di Golfoa izanen da gaur horrelako herrietako bat. Gogokoagoak ditut, zirraragarriagoak zaizkit, kale bihurriko herriak, kiribildutako kalediak.
* “Aldare guztien atzean jainkoaizun bat omen dago ezkutaturik”. Jainkoaz baliatzen den jauntxoren bat dago herri eta zibilizazio bakoitzaren atzean, edozein bidaiarik froga dezaken bezala
* “Hau herri dohakabea, belaunaldi guztietan aurreko aberatsak suntsitu eta haien lekuan ordu artekoen modu-moduko harrapariak eta gutiziatsuak jarri behar dituena”. Hori bera nuen hausnarketa gai greziar tiranoen tenpluen alboan diktadore eta mafioso demokraten eraikintzarrak aurrez aurre begirada pean nituenean.
* “... gizon hark bestelako eskarmentu bat zuela, mailukadaka zaildutakoa...”. Ustekabez, ezbeharrez eta poztasunez zaildutako eskarmentua ohi du bidaiariak.
* “A, ez oso ondo. Zahartzaroko kontuak. Pasatuko da. Ai, lehengoak izaterik bagenu, orduan bai ondo”. Zahartzaroko kontuak dira gure bidaiak, eta ez dut lehengoa izatearen nostalgiarik.