Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BURUTAPENAK 8

BURUTAPENAK 8

Jon Etxabe 2023/03/27 09:45
Norberak egiten du etxea etxe

 “Haizearen bultzada zure alde jarri ala zeu haizearen bultzadaren menpe jarri”

 

* Zerbaiti heldu beharra dugu zerurik gabeko  aingeruak izan nahi ez badugu.

* Norberagan fedea da federik eraginkorrena.

* Ez da ateorik, fedeagatik eusten diogu bizitzari, fededun kontziente izatea da irauteko akuilu eraginkor eta emankorrena.

* Zer da ateoa, beste mota bateko fededuna baizik.

* Sinetsi nahi duguna sinesten dugu gure buruari iruzur egin nahiaz bezala.

* Okerragoa da esperantza izatea fedearen ondorengoa, sarri gertatzen da.

* Jainkoaren begia, aingeru guardakoa, gurasoak, besteak… besteen iritzi edo oniritzien arabera jokatzen erakutsi digute, ez gure printzipioen neurrira:  horregatik, bakarrik edo seguru gaudenean, babestuak alegia, egiten ditugu aldrebeskeria gehienak.

* Fedea, ezinari, askotan izuari, aurre egiteko gizakiari geratzen zaion azken atea.

* Fedea, batez ere fede itsua, oso arriskutsua de muturreko egoeretan.

* “loria, arropa zarpailaren gaineko petatxu distiratsu bat da”: bakoitzak du bere barneko miserien berri.

* Egunerokoari eman nahi diogun egonkortasun bat da, eite bat bilatu asmoz, geure buruari ezartzen diogun zedarritu edo kudeatu dezakegun lan edo zenbait gaitz.

* Izan daiteke bertute on bat norberak ere inori ezer irakatsi nahi ez izatea, aspergarria baita beti zerbait irakatsi nahi dizun beste hori.

* “Uniformetasun bat dago, monotono, gizakien patuan”: monotonia hori eteten saiatzen garenean ere.

 

 “Bizitzako pozik handienak errealitatetik kanpo daude”

 

* Utopia, izanaren esperientzia.

* Utopia eta ametsa dira gizakiaren iraupen-oinarria.

* Geroan pentsatzen du utopiak, garrantzitsua da, aurrerapausoen hazia, gerora pausoa.

* Utopia bakoitza, gauzatu edo ez, aldaketa-pauso bat da, ahalegin mentala behintzat, beti positiboa.

* Amets bat haustean berri bat eraiki, hor datza jarraipenaren eta iraupenaren ardatza.

* Ezin daiteke errealitatetik soilik bizi, fikziotik ere bizi behar da, hein handi batean gainera.

* Amets-gaitasuna eta imajinazioa dira gizakiaren hegal ezinbestekoak.

* Kanpoan bilatu ohi dugu barruan duguna isilarazi edo estaltzeko.

* Gauza txikiak handitzeko joera dugu, geure burua zerbait ganorakoagotzat egin asmoz.

* Errealitatea eta fikzioa anaia bikiak dirudite, agian ustea besterik ez dira biak.

* Gauza bat da ikuste soila, beste bat ikusi asmoz ikustea.

* “Fikzioak beti izaten dira heziketaren atzeragarri”: errealitatetik urruntzen gaituen heinean.

 

 “Fedea da esperantzaren ondorengo atea”

 

* Denok jaurti gaituzte paradisu batetik, edo askotatik.

* Min orok behar du aurkako sasi analgesiko bat, nolabaiteko prestakuntza bat, prestakuntza psikologikoa.

* Ezjakintasun eta ezinegon guztiak uxatzen ditu minak, zenbait itxaropen eta pozek ere.

* Eraso askoren pairatzaile ikusezin erreal bihur daiteke gizaki arrunta inolako babesgunerik ez duenean.

* Norbera norberaren arerio deneko hori da gerra latz eta jasangaitzena.

* Denborarekin magia egin behar du ospitalean gaixoak iraun nahi badu.

* Gehienetan, geure uste, erabakikortasun eta fedearen ahulezia erakusten dugu besteengan fidatuz edo fidatu beharrez.

* Barne plegu zornatu edo gutxienez zitala adierazten du norbere ardura zehatz ez betetzearen akats edo errua bestearengan jartzeak.

* Jotzen zaituen haizea ezagutzean dago gakoa, beraz baliatu ahal izateko, bestela erabili eginen zaitu.

 

Beti ezkutatzen du sentimenduren bat itxurak.

 

* Gaizki sinkronizatutako irratia omen memoria: dialari eragin gabe pizten zaizu gehienetan, nahi ez duzun sintonia agertzen zaizu sarriegi

* “Malenkonia, droga bat da azkenean”: droga psikologiko asko erabili ohi dugu gure buruari iruzur egin nahian.

* “Beldurrak erabilgarriegiak egiten gaitu”: covit pandemia lekuko.

* “Zein erraz kutsatzen den ezinegona”: arriskutsuak dira haserrealdiak.

* Alanbrada bat da erra: hesi gotor baten ostean ikusi ohi dugu beti edo gehienetan.

* Ilusio batez maitemintzen dela, ilusio bat besterik ez dela maitemintzea: egiatik asko du iritzi horrek.

* Ilusioak indartu egiten du gaztetasuna; zahartzaroa, aldiz, biguntzen.

* Bere osotasunean hartuta, unibertsoa da zoriona: hala behar du.

* Zer da erabateko absentzia lortzea, aurkikuntza bat ala ihesa?: agian biak.

* Gustura egotea, beste arrazoirik ez da behar etxean gelditzeko.

* Jendez inguratuta bizi gara, besteak existituko ez balira bezala gehienetan, geure zerbaiten inguruan jiraka.

* Isiltasunarekin garaitzen da zenbait isiltasun.

* Ez da posible isiltasuna, zerorrekin hizketan jarraitzen duzu eta.

* Ego jipoitu bat ez da erraz umiltzen: betirako irekiak diraute barnean  jipoituen ustez orbandutako zauriak.

* “Bestea erabiltzen du jendeak bakarrik ez egoteko”, bakarrik geratzeko bainoago, aldatzeko  ohi dela bikotearen banaketa: egiatik asko du iritzi horrek..

 

 “Uztarri gabeko natura izan”

 

* “Askatasun simulakroa”: bizi duguna.

* Hegan ikasi duela jabetzean da aske gizakia.

* Aukeratu beharra, gizakiaren ahalmen eta buruhauste nagusia.

* Aukeratu ahal izatea dela askatasuna esan ohi dugu: ona edo gaizkia, egia edo gezurra, hautatu behar ditu sarri gizakiak, zerbait oso murritza eta mugatua da  aukeramen dohain hori.

* Erabat erlatiboa da askatasuna, lotzen gaituen araberakoa, beti baitugu lotzen gaituen kateren bat.

* Norbere gogoetetan salbu ez egotea da arriskurik handiena.

* Bizimailak aldatzen dira baina ez espiritu ahulen menpekotasun grina: besteei jarraitu, imitatu, ereduak bilatu… erlijio bat eskatzea bezalakoa da.

 

 “Egunero berraurkitu eta asmatu behar dira giza harremanak”

 

* “Hauek diren horixe gara, naiz neu ere, hauekin guztiekin ehuntzen dut neure buruaren kanta”: gorputz bakarra osatzen dugu gizarteak.

* Ez dagoela bizitzarik harremanik gabe: norberak bilatutako bakardade absolutuenean ere beti dago norbaiten edo besteen presentzia, ihes egin nahiaren eragin bezala bada ere.

* Gerra handiez aritzen gara, baina gerra txiki eta zentzugabeez osatuta dago gure bizitza, albokoen eta norberaren gerra txikiez, horrek egiten gaitu iheslari eta errefuxiatu geure gizarte barnean.

* Ederra da ezertaz jardun gabe huntaz eta hartaz jardutea.

* Erlatiboa da elea, on egin lezake hitz egiteak, isiltzeak ere: zertzelada askoren ondorioa da hitz egitearen onura edo kaltea.

* Berbatsua ez da hitz gehien esaten duena, isilak  komunikatzen du sarri gehien.

* Begietara hitz egitea da diotsuenaren eta diozuenaren  egiaztagiria.

* “Balu, balitz, balego”, ele-kideak lagunkoi bati jarri ohi dion langa.

* Edozein keinu abegikor eskertzen du gaixo edo babesgabe dagoenak.

* Neutroa da sarri irribarrea-jarrera, ezusteetarako keinu bat alegia: zer esan ez dakizunerako abiapuntua, trikimailu bat.

 

Zoritxarrak edo istripu batek badaki adiskidantza sortzen

 

* Kaxa ilun bat da adiskidetasuna, bizipen eta sentipen ezberdinez osatuta dago, aldakor eta kontrajarriez gainera sarri.

* “Zulo guztiak dira interesgarriak azaleko mundu honetan”: zuloz betetako gizartea da gurea, gizakia bera ere norbere zuloan bizi den izakia da

* Min egiten ez duten gaiak berariaz darabilzkigunean, zauri baten mina dago azpian.

* Segiziotik asko du koadrilak, batek edo bik egin ohi dute buru edo ahots nagusi.

* Beti izan ohi da solasaldi gehienetan hitz gehien egiten duen bat.

* Hurkoaren akatsen aurrean irribarre adeitsua egiteko gai garen heinean izanen dira onuragarriak harremanak.

* Bortxatu batentzat ez da behin ere merezi bezainbesteko zigorrik.

* Nola eta zergatik sortzen da zure inguruko hori etsaia edo aurkaria dela ustea, edo berarenganako sentipen bortitza, gutxienez zitala edo ziztrina?: gure artean sarri gertatzen den egoera da.

* Badira gutxietsia sentiarazten zaituzten pertsonak, gehienetan konturatu ere egin gabe izateak egiten du jasan zailagoa horien jarrera.

* Iraunkorrak ohi dira tintarik gabe sinaturiko kontratu ikusezinak.

etiketak: Burutapenak 8
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Testu estatikodun portleta
Testu estatikodun portleta