Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 2002. ITALIA

BIDAIAK 2002. ITALIA

Jon Etxabe 2023/03/13 10:40
CLALABRIA. Stilo,

Maiatzaren 19a. Igandea.  17-I:15.a

“Rubayatak”. Omar Khayyam:

* “Ene lagun: ez ezazu izan etorkizunerako asmorik”. Bidaia asmoak, baina, atsegina dakargute.

* “Egunetik egunera udaberriko xamurtasuna ahultzen den bezalaxe”. Bidaian ikusten dugu ahultze hori, baina hezurrak berotzen dizkigu udako berotasunak, eta udaberriko umeltasunak uxatzen, bidaiariak eskertzen du aldaketa.

* “Bizitza sutea bezala doa”. Marra gorri batez marraztu ohi dut eguneroko ibilia mapan, bidaiak sute-frontea bailitzan bere egiten du mapa, pausoka aurreratuz.

 

Lainotua esnatu zaigu gaur, euri negarra ere ateratzen zaio goizari.

 

Ur ordokiaren albotik egin ditugu lehen kilometro apurrak, S. Eufemia golkoaren gaineko lur ordoki erditik gero; ezer gutxi eskaini digu, itsasorik ere ez, bertan arren. Mendiak ilun eta lauso zeuden laino beltzen eraginez. Paisaiak,  Padura itxura damaiote  kanaberadiek paisaiari. Ugariak izan dira fruta-abolak, baita laranjadi zabalak, gereziondo, madariondo zein mertxikondo sailak ere. Olibadiak ere. Ugariak dira berotegiak, sail landuak banaka batzuk; birlandaketa lanean ari zen koadrila bat. Orokorrean, baina, ez du erakargarritasunik parajeak, erabili gabeko lurretako belar zikinak tristura giroa ezartzen dio inguruari. Udaren zain dago azpiegitura dena, itxita, prestaketa eta antolakuntza lanak nabari dira gehienez.

Txirrindu zale asko dabil gaur, banaka edo taldeka, profesionalen atarramentu guztiekin. Bide osoa betez aldarrikatzen dute errepidean ibiltzeko eskubidea.

Lamezian hegazkin bat aireratu zaigu aurrez-aurre, bertan, ukitu ezberdina emanez ibiliari.

 

Lur barrura egin dugu, mendi-barrenetan aurrera,  mendiarteko bailara estuan joan gara luze, ibili lauan, bihurgunez bihurgune, garai batean ganorazkoa izan zen zoruko errepide zabalean, mota guztietako zuhaitz bakanek, altzek nagusiki, erabat estaltzen dute erreka. Estutzen dira mendiak ordeka meharren edo aldentzen ordeka zabalagoan, baina mendiartean goaz beti, barrenetik beti. Ez da kilikatzen gaituen ingurua, nahasiegia, itsuegia baita. Urtegi estu baina luze bat, mendi-zuloetan zabalduz, hori izan da lehen ukitu berria; garo sail baten berde ezberdinaren ukitua bigarrena, lehenengoz delako-edo kilikagarria. Mikak izan ditugu lagun, mitxoletak eman digute argi biziaren ukitua, distiratsuago nabarmentzen zen gorria berdean, ikurrinean bezala, edo garai bateko manifestaziotan bandera gorriak bezala. Geu gara bidaiari ia bakarrak desertu berde honetan, hala izanen da gaurko ibili osoan, goi-basoetan zein itsasertzeko joanean, baita autopistako azken kilometroetan ere: igandeak ez du kalabriarra kalera, errepidera behintzat, atera, igandezaleak etxezuloan edo herrizuloan gelditu dira gaur, ez da oraindik esnatu udaberriko bizipozik nonbait. Gaur ez dugu, oraingoz, magaletako herrien ikuskizunik.

 

Monterrosso.  Bidegurutzean iragarrita, Galiziak agurtzen gaituela mendixkatik bururatu zaigu, Monterrosoko kartzela gogarazi baitigu, han dauden euskal borrokalari presoengana eraman gaitu izenak. Ezinezkoa zaigu gure herriaz deskonektatzea.

 

Haltz trinkoek jarraitzen dute estaltzen errekatxoa, deigarria egin zaigu garo sail bat aurkitzea.

Mendian gorakoari ekin diogu egunotako ohitura ez galtzeko, gora egin dugu 1335 metroko hegira heldu arte, Paso de  Pietra Spada. Maldan behera bestaldeko itsasora heltzeko.  4 “tornante” daude zenbatuta, baina ze irizpide dute injineruek bakar batzuei izena eta zenbakia jartzeko?, urkilaren graduak, aldatsaren pikoa, bien konbinazioa?, zeren  hainbat izan baititugu 4 horien bezain bilduak eta pikoak kontaezineko bihurguneetan. Hiru okil koloretsuk errepide bazterrean eman diote ziztada pizgarria bidaiari.

Ondoren, olibadiak, mendi osoa da olibadi, baina ez nolanahiko olibondo basoak; enbor eta adar sendoko olibondoak,  sekulako olibondo erraldoi mardulak, enbor ikaragarri sendokoak batzuk, adarrak ere  sekulako altuera eta zabalera dute, harrigarriak, ia sekula inausi gabekoak; ez dakigu loratzeko lehertzear ala ale gizendu bidean, pipitatxo zuriz mukuru daude, loratu itxuran mintz berdeari azalera zurixka emanez.

 

S. Nicola da Crissa. Gaur izan dugun mendiko herri bakarra, zintzilikatua hau ere, olibadi-basoz inguratua, biderkatu egiten dio eguraldi honek berez darion tristura. Behetik ikusi dugu lehenengo, erditik zeharkatu ondoren, errepidea baita delako erdiko kalea. Iluna, arrea, hila, galdua eta utzia dirudi, usteltzen bailego, nahiz etxe berriak egiten ari diren. Badu palmondo izugarri luze bat.  Hilerriaren hurbiltasuna girotuz zipres ilara errepidean, norabide bietan, hilerrikoekin bat eginez. Urritzez inguratua zegon inguruko nekazal etxe bat.

 

Erruz dabiltza oraindik Panda, Fiatilo eta antzerako antzinako auto nanoak, herri inguruetan ez ezik autobidean ere.

Carabinieri pila ikusten da errepidetan, zelatan dituzu edozein eta edonongo bidegurutzetan, gazteak, faxista jite petokoak Musoliniri argazkietan ikusi izan diogun kapela horietakoekin. Balen kontrako txalekoa kentzen ari zen bat gaur, nonbait bada arriskurik hemen ere.

Aldatz honetan izan dugu gaurko lehen santutxoa, zortzi gutxienez izan ditugu gaur, santu debozioa pizten dute nonbait mendiok, agian gizarteak babesgabe utzi dituelako, erlijioa da ezinduaren eta ahalketuaren, pobre eta behartsuaren, azken heldulekua, etsipenaren eta beldurraren irtenbide agian errazena. Izan da bat, Lourdesko Amabirjinarena, kandelaz eta lorez mukuru, Maiatza izaki, “con flores a Maria”. Azkoitiko sermolari baten haserrea edo kexa gogoratu dugu: “zenbat ume egin diren Azkoitia eta Loiola arteko Santutxuetan!”: bertako harrizko bankuok ez ziren nonbait koltxoi gogorregiak maitaleentzat.

 

Goilautadetan egin dugu harik eta Serra de S. Brunora heldu garen arte. Bukatu zaizkigu olibondo basoak. Goi lautadako paisaia goxoa dugu orain. Belardiak, lur landuak, traktore txikiak errepidean sorora edo sorotik. Ezin mendi gerritik bide zaharrari jarraituz, zubitzarra egin dute gainetik lautada zeharkatuz, zementuzko hesolateri bortitz gainean, presa du nonbait erromesak S. Brunora joateko.

Zementuzko bunker ilun borobil bat errepide ertzean, goialdeko mendiotan bakan eta bakar, perretxiko erraldoia bailitz. Ze istorio gordetzen ote du inguru honek ere. Ez da paisaia idilikorik inon, historia barruan kokatzen badugu.

 

Herri triste bat, izen iragarririk gabekoa, zintzilikatu gabea, egon horizontal lauan, pintatu gabeko graziarik gabekoa, zabala: gainbehera doan herriaren sentipena uzten du; lora postua dago herriko plazatxoan, lora eskaintza oparoa, ugaria zen eroslea ere. Gora behera baten ondoren beste herri bat,  aurrekoaren tankera berekoa, aurrekoa bezala izenik gabea hau ere, bidaiarioi izena ere emateko lotsaz edo, boikota egin die biei gure mapak; bigarren herri honetan hilerrira doa zenbait jende erramu lora eskuan: lorok etxea alaitzeko zirelakoan gu!. Geroaren zain, beste munduko itxaropenaz fidatuz; herri tristea behar du izan Josafateko zelaiaren ametsez irauten duen herriak.

Bi santutegi iragartzen dizkigute. Amabirjina, ezinduen makulua.

 

Serra de S. Bruno. Herri hasia, besteen jitekoa, kolorgetua, garestia dago pintura nonbait Calabrian;  herritar ugari ageri da kalean, bizitasuna dario, 3 eliza iragartzen dizkigute monumentuentzako gezi marroiz, ugariak ditu 3 solairuko etxebizitza berri  txukunak,  ondo-biziak ere badaude nonbait. S. Brunok fundatutako komentua dago inguruan, ezer gutxi gelditzen omen zaio lehengotik; eliza moderno bat eraiki dute, ez dugu bitxitasunik duen inolako informaziorik, beraz ez gatzaizkio joan, ez dugu fraideen mendian galdutako gelen bila ibiltzeko kemenik ere.  Aurrera egin dugu.

 

Izeidia, izan dugu harritzeko ezten. Sekulako izeiak, mendi osoa da izeidi kilometro eta kilometrotan, izugarri sendo eta lerdenak, harrigarriak; zoragarri dotore daude gainera, horri berriek orla berde gazte argi guri-guriak apaintzen dute mailaka lez orritsa osoa, izei bakoitza da ikuskizun paregabea. Hemen ere ia gautu egin zaigu izeidiko tunelean. Eta hara non behi bakar bat izeidiko bide ertzean, larrean!. Bakarra eta bakarti, nekazariren baten itxaropen eta indar-iturri.

Kukua entzun dut, lehenengoz Italian, izadioi argazkia ateratzera gelditu garenean. Ukitu sentimentala, ikuskizuna borobiltzeko.

Gorago, pagadiak hartu dio lekua izeidiari.

Elurrarekin argi ibiltzeko adierazten dute marrazkiek errepide ertzean. Elur-lekua da, beraz.

Delako gure “paso”an ez dago gainaren eta garaieraren inolako argibiderik,  harriak erortzen direla errepidera iragartzen digute soilik Pietra Sapadan.

 

Gainbeheran hasi gara, goibehera pikoa, ez da bukatuko itsasoraino artean. Izugarri goian sentitzen gara pagadiak uzten digun garbi gunetan, erabat behean ikusten baitugu itsasoa, baita nano beheko haitz tzarrak diren mendiak eurak ere. Basoa bukatzeaz bat izugarri goian ikusten gara oraindik luzaro beherantz pikoan etorri bagara ere.

Erresuma barea agertu zaigu Joniarren Itsasoa han behean, urruntasunak lauagotua agian.

Granitozko harri karratuak dira errepideko kilometro zenbatgarrenaren erakusleak, sakon zizelatu eta beltzez pintatutako zenbaki handiekin.

Ez dugu herririk mendi magaletan, osagai funtsezkoa falta zaio egunotako ikuspegi zabalari.

Bigarren bunkerra, hau ere lurrari itsatsitako perretxiko zapala.

Beste lau “tornante” iragartzen dituzte dena errepide itxia den errepidean.

Menditzarrak dira barrenetik ikustean goitik hain nano ikusi ditugun harkaitzak. Bertan, hur, ikusten da itsasgaineko ordeka, baina ez da sekula santan bukatzen jaitsiera, ezta bihurguneen arrosarioa ere.

 

Stilo. Sekulako amildegien barrenean kokatuta. Goitik teilateria tristea dakusagu, teila erre saila, behetik oraindik hilagoa, etxe-hormateria gris ilun ia beltza, zarpeatu pintatu gabeko zikindua, barnea aldiz bizi-bizi dago, igandea izaki, jendea kalean dabil, gazteak kontu-kontari, neskatoak paseoan, umeak jolasean, guraso eta adinekoak plazan eserita... Eliza visigotiko baten bila, lehenengo ikusi dugun elizara jo dugu. Jendez gainezka dago, plazan ere jendea zain, lekurik ez dago barnean edo ez dute sartu nahi: lehen jaunartze eguna da. Eliza barrenetik ase dugu ikusmina: eliza barrokoa, apainduraz betea, zuri-zuri argia; kontrastez ia beltza zen bizar belzdun apaiz beltzarana, gorriagoa bere kasulla odol kolorekoa; zuriz jantzitako umez inguratuta dago irribarretsu presbiterioan, aldara aurrean.

Galdetuz egin dugu bila genbiltzan elizatxora.

La Catolic, elizatxo bizantziarra. Gaurko bidaiak eskaini digun opari zoragarria. Nano potxoloa, karratua, kapritxo bat, jostailu maitagarria; hiru nabe ditu, bost kupula, denak datoz neurrira bere nanotasunean ere; freskoak ditu hormetan, higatuak ohi denez, izugarrizko espresioa dute gelditzen direnak. Erromatar marmolezko leunak dira zutabeak, batek kapitel erromatar korintoarra du azpian garaiera neurria emateko, ziri bezala. Kanpotik adreiluzko elizatxo xumea, nanoa; aurretik begiratuta erdiko kupula eta aurreko biak erakusten ditu, arkutxo erakargarriekin. Miraritxo bat.

Gaztelu normandoa. Eliza bisigodoaren ondoan dago iragarrita, baina ezin izan dugu ikusi bertatik, bai ordea behetik: harresi garaiz eginiko borobil txiki bat da, besterik ez, garai hartan nahiko gotorleku zen nonbait.

 

Honenbestez egin dugu itsasertzera. Ibaiak ez darama ur negarrik ere, baina erreka-bidea ikaragarri zabala da, ekaitzetan uholdeak datozen ezaugarri. Gure inuzentetasunean Marinara ordez Monasterace herrira egin dugu izozki bila: kale bihurri estuko herritxo mortua da, gris ia beltza hau ere, zementuarekin darabilten harea ilunaren eraginez nonbait. Faro bat dago itsasertzean, ez da porturik inguruetan, baina itsasontzientzat orientabide erreferentzia baleko bat da. Bideko ez dakit zein Marinan aurkitu dugu izozkia, hondartzara egin dugu mingain eta ahosabaiari gozamena emanez. Uralitazkoa zen itsasoa, uhintxoz harrotua.  Harea ia zuriko hondartza luzeak, dena dago udaldia hasiko zain, prestatu gabe, iaz gelditu zen bezala. Hemen ere errepidea eta trena elkarren parean doaz, herria barrenago utziz.

Itsasotik gertu baina itsasorik gabe doa hemen ere errepidea, ez dugu itsasoaren presentzia sumatu ere egiten. Hilak daude herriak, jatetxe zenbait bada, lehen jaunartzeko bazkaria dute batean. Zubiaren eusgarri diren zementuzko arku lauki sendoek egiten dituzte deigarri errekatxo gaineko zubiak. Tarteka pinu arbola buru sendoak, bakanak baina nortasuna eta indarra barreiatuz inguru zabalean. Ezer gutxi hartzen da lurrotan. Fruta-arbolak, olibondoak, zenbait baratze edo lur landu, berotegiren bat.  Herri xume-xumeak. Barreneko mendixkak harea zuriko muna edo dunak dira. Behi batzuk eta zaldiak ikusi ahal izan ditugu hareazko mendi-muinoetako belar latzetako larrean.

Etxe berri pila dago herriotan, bukatu gabe ere bizitzen ari dira bertan.

Goizean zeharkatu dugun mendikatea izugarri handia eta garaia ikusten da hemen behetik.

 

Ez du inondik ere merezi izan itsasertzeko ibiliak. Erabaki dugu ez duela merezi itsasbazterrok ikusteko soilik kilometro pila egitea.

Autobiaz egin dugu Catanzarotik etxerakoa. Behi aldra larrean!, Bada granjaren bat. Egon egon behar dute behiak, nondik bestela hainbeste jogurt. Ardiak eta ahuntzak ere egon behar dutenez gaztagintza famaturako. Sutan daudela dirudi mendiak, ke multzo zuriak jaiotzen dira zerurantz bertikalki.

 

233 kilometro, golkotik golkora, itsasotik itsasora, mendiz, gaur ere.

 

Itsasoko sinfonian ez zuten lekurik nire pauso isilak, “forte” idazten zuten uhinek hondarrezko pentagraman gora eta behera luzez. Ez dit inolako altxorrik oparitu ere, ezta begiak kilikatuko zidan harritxo bitxi bat ere.

Holandarrei esnatu zaie errari sena eta alemanei ibiltari grina. Atzotik hasi dira heltzen kanpinera.

 

“Lagun izoztua”. Joseba Sarrionandia:

* “Eta apur bat triste gaude, gure aberrian ez gaudelako, baina gure aberrian makina bat jende egongo da hemen egon nahi lukeena”. Bidaiaria behin ere ez dago triste aberrian ez egoteagatik, nahi duenean itzul daitekeelako, makina bat jendek esango du hemen egongo litzakeela, baina bizitzan ez du bidaiatzea aukeratzen, nahiago du beste era batetara osatu oporrak.

* “Eta zu maparantz inguratuko zara, izen horrek modu sekretuan zeure sorterri urrunera zaituelako...”. Zenbait izen eta hainbat ñabardurak gogarazten digute gure sorterria, kidetasunez edo konparazioz.

 

 

Maiatzaren 20a. Astelehena. 18-I:16.a

“Rubaiyatak”. Omar Khayyam:

* “Zoriontsu izateko  aukerari eusten diot tinko gaur. Bihar agian indar gabe izanen naiz”. Gai garen artean gabiltza bidaiatzen, noiz ez dakigula, laster izanen dela  dakigula, gogoa, indarra edo aukerak huts eginen baitigute.

* “Hilik daude ala biziaz horditurik?”. Badira hilak dauden herriak, bizipozez gainezka bizi direnak ere.

* “Mundua gogoaren arabera baizik ez da benetakoa”. Bidaiak ziurtatu egiten dizu beste mundu bat ere badela. Irakurri-entzunak baieztatu edo gezurtatu, begiak eta gogoa herri berriez ase. Egi bihurtu egia uste zenuena. Bidaiatzea.

* “Biharko egunak ekarriko dizunaren beldur al zara?”. Bidaiaria beti da hurrengo egunari buruz kezkaz, nondik norakoagatik edo eguraldiagatik.

 

Aldaketa eguna. Liburu baten irakurketa lez betetzen, konplitzen, bukatzen eta aurreratzen doa bidea, etapaz etapa, kapituluz kapitulu... Eta bukatuko da, liburua  bukatzen den bezala irakurlearentzat.

Besoa altxatuz, barretsu eta adeitsu agurtu nau kanpalekuko langile gazteak, egun bat gehiago eta kartetan izango ginen elkarrekin. Jende xumea laster da lagun elkarren ondoan bada tarte batez.

 

Zaparrada garratzak izan ditugu bart, lotiena ere lozorro sakonenetik ateratzeko izan da behintzat etxatoi gaineko atabal hotsa. Bidean, gero, errimeak izan ditugu zaparradak, Gero, Palmin, euri tantak izan ditugu, haizea zakartu egin da eta giroa hoztu. Ez omen da ohizkoa, eta une batetik bestera aldatzen omen da eguraldia. Italian beti izan dugu ezohizko eguraldia. Euritsua izan zaigu Calabria ere.

N. Sra. de Monserrato iragartzen dute, atzo izan zen Calatugna izeneko herri, santutegi edo parajea.

Ez digu ezer berririk eskaini ibilbideak S.Eufemia lakutik hegoalderago ere, S. Onofrio herri izen deigarria, zubi erraldoi bat eta zubi gainean lehenengo eta ondoren sarri izan ditugun zaparradak ezik. Pizzo inguruan, S. Eufemia golkoa bukatzen den inguruan,  mendi magala utzi eta, menditik gertu, zubi batez doa errepidea airetik, luze, ikaragarri goitik, horregatik agian hartzen du estu itxura, mendi errusiarra deitutako horietako erraldoia dirudi urrutitik zein bertatik ikusita, hain behean ikusten baitira herriak eta lur ordekak. S. Eufemiako golkoa ikusi ahal izan dugu errepidea behatoki bihurtu zaigun tarte laburrean.

 

Zuhaitz bakaneko mendixka apalek inguratzen gaituzte bidaia osoan lur barrurantz egitean, belartza latzeko malda eta tontorrak, inork ebakitzen ez dituen eta larrerako ere gai ez diren belartzak. Izan dira dozena erdi bat behi mendi magal batean larrean, behingoz!. Tarteka bada mendiarteko ordeka edo barreneko maldetan olibondo edo fruta arbola sailik ere. Tarteka, mendi osoa ere izan da olibadi. Ez dago ez etxerik ez herririk ez nekazal eraikinik. Desertu berdea. Fruta saltzaileak errepide ertzean, Italiako banderaz edo zapi gorri berdeekin urrutitik iragarriz badela lasterrera errepideko saltzailea. Inguru monotonoa, kontrasterik gabeko antzerakoa, egin zaigu, inola ere ez atsegina edo erakargarria bere berdetasun jorian ere.

Poliziak beti dute bakarren bat geldituta, dauden tokian daudela zelatari.

 

Kanpalekua. Dozena erdi kanpaleku agertzen dira kanpin-liburuan, itsas kontra, bata bestearen ondoren.  Luzaroan joan eta joan, azkenik heldu gara batera, errepide bihurri batean, han geratu gara, lehengo aurkitu dugunean, besteen arrastorik ere ez baitago iragarkiak dauden arren errepide-gurutzetan. Itsasertzean ordez itsasgainean gaude, itsaslabar baten gainean, amildegiaren ertzean, behean hondartza eta ibiltokiak, aurrean itsaso zabala oso osorik guretzat. Sekulako parajea. Ikuspegi paregabea. Kirru dago gaur itsasoa, zelaietan aurkitu ez ditugun artaldeak itsasoan ditugula dirudi, milaka mota zuri ortzirainoko ordeka urdina zipriztintzen. Zama-ontziak agertzen zaizkigu, Napolirantz zein Siziliarantz, mantso baina eten gabeko ibilian, edukiontziz zamatuta.

 

Emakume gazte galiziarrak egin digu harrera, pozik espainieraz egiteko aukera duelako. Duela 16 urte etorri eta bertako batekin ezkonduta, kanpalekuko nagusietakoa dirudi. Pozik gu ere bertako jatetxean afaltzeko aukera errazago eginen dugulakoan.

 

Tentagarria bazitzaigun ere itsasori so gelditzea, irtetea erabaki dugu, Calavriari buruzko museo etnografikoa dugu Palmin eta katedral interesgarri bat Tropean. Baina, ez dugu aurkitu Tropea hainbat aldiz errepide sarean nahastu ondoren, eta ez dugu museorik atzeman Palmin galdetu arren. Ezin sinpleagoa da mapako errepide marrazketa, erreza dirudi bidea, baina dedalo hutsa gertatzen da bertako bide sarea, ezin trinkoago eta nahastuagoa, iragarri gabekoa ginera. Lur barrutik doa itsaso-kontra edo itsasotik hur uste genuen errepidea, kontra-esku geratzen da itsasoa, badirudi gaur egungo asteburuetako moda dela itsasoa, ez biztanleen bizitzarekin lotura duen zerbait. Dena da olibadi, eta dena da olibadi arteko errepide. Iragarrita daude tarteka herriak,  baina gezirik gabeko bidegurutzeak datoz ondoren, kale edo baleko erabakia eskatzen dizutena. Nekazal etxe asko dago, olibadion erdian edo ertzean, etxe bakoitzak bere olibadia du garai bateko gure baserrietan sagastia bezala. Etxe txukunak dira, harrokeriarik gabekoak, nekazari finen itxura emanaz. Laranjadiek egiten die lagun olibadioi. Olibondo sekulakoa, inausi gabekoak, beheko ipurdi edo enbor lodi motzetik hiruzpalau buelta sendoko adar tantaiak dituzte, bakoitza bera da zuhaitz bat, luze eta gora. Halako lurralde pobre ukitua ematen diote kanaberek, pikondoek eta piku txungoek.

Fruta saltzaile asko dago errepide bazterrean, eskaintzan sartzen da patata eta tipula gorria ere.

 

Hiruzpalau erabaki ustel ondoren, etxeratzea erabaki dugu, delako Tropeako katedralak ez du merezi zoruarenak egiterik, edo ernegatzerik, ezta zorabiatzerik ere; ordez, itsasoko ikuskizuna dugu zain etxean.

Gioia Tauro. Izen polit horri tokatzen ez zaion herri handi zatarra da, are gutxiago itsas bazterrean. Nekazaria izanik, hori uste dugu, herri industrializatuaren jitea dario. Etxe garai zatarreko zaindu gabeko itxurako herria.

 

Lautada izugarria, dena dago olibadiz   berde, baina, altueragatik edo, zuri marraztuta dago mapan.

 

Rosarno. Aurrekoaren  parekoa. Merkatari portu zabala du honek, industrigunerako azpiegitura zabala eskainiz portu alboan.

 

Palmi. Herri handia, zatarra, zikin plantakoa, zaindu gabea, trauskil arriskutsu itxurakoa, kale luze bat da ardatza, herri inguruan hainbat etxe pilo galduak.  Museorik ez ezik, izozkirik ere ez digu eman.

 

Haserreago dugu itsasoa itzuleran, koaderno urdin baten orri  itxura damaiote alderik aldeko tarte berdinean, lerroak bailira, uhinek. Edo amaierarik ez duen ortzirainoko mailadia. Edo soka infinituko arpa, itsas soinuak betetzen baitu ingurua eta gure etxatoi barnea.

Hegada lasaian agertu zaizkigu kanpin aurrean kaioak.

Itsasoari begira eta irakurriz, gozoro eman dugu arratsaldea gure itsasgain honetan. Bada arabiar dorrea gure aurreko labarraren ertzean, behatoki aparta. Itsasertza  beheregi dagoenez, dorrera egin dut arratsaldeko ibilalditxoa. XVI. gizaldiko dorrea,  inguruko ikuspegi aparta eskaintzen du goiko zabaltzatik: mendebal aldera itsasoa, zabal eta urdin, jadanik baretzen eta argitzen arratsa hurbiltzearekin batera; Hegora Italiako azken muturra eta Sizilia lainotan lauso, multzo ilunean, ez dakit irlan ala itsas muturrean, mila hankaren  gainean har luzea, ilunean argi, itsasertzeko italiar zubia; Iparrean etenik gabeko itsasertz osoaren ertz amaigabe argia, itsas olatuen ezpain apartsu zurien kontrastez apaldutako zuriak, eta goizean ikusi ditugun herriak, itsasoraino luzatzen da ikusten dudan Goia Tauro eta Rosarnoko portua, morruak egin ordez lurrari jan eta dragatuz sortua da, bertan edukiontziak ontziratu eta lurreratzeko izugarrizko burdinazko garabi saila eraiki dute.  Ekialdera olibadiak, itsasoa zeru-marraraino bezala, mendien ortzirainoko amaierarik ez duen  abarrategi berde berezia.

Dorre inguruan bada adreilu erraldoi baten jitea duen ore eta harriz eginiko eraikin baten zati erraldoia, gotorra, 6 bat metro zabal eta hogei bat luze, sasi artean, lur azalean sarrera pikoa lurperantz antzematen zaiona. Bada ere lauzen tamainaz eta kokatu moldez erromatarra behar duen ehun metroko galtzada zabal gorrizka zatia.

 

Ermitatxo bat dago kanpin sarreran, indusketa lanetan ari dira zoruan, “esnatu gizona eta ikusi miraria” dio ateburuan: elizatxoa bera izanen da miraria berrikuntza lanak bukatutakoan.

Olibondoak bai direla miraria, sekulako zuhaitz tzarrak, gerri berdinetik hasitako hiruzpalau enbor lerden eta luze, inausi gabeak, luzeak, sekulako zuhaitzak. Izan da bat zaharra behar duena, indartsua oraindik, bihurritutako mila begi eta azal ditu, errespetua eta miresmena eskatzen du; gehienek dute sare zatia fardelean bildua eta arrama kakoetan gordea hurrengo uztaren zain.

Tomatea da ia uzta bakarra baratzetan, aro ezberdinetan landatua, tamaina ezberdina du mastrak, mastra altua du eginenak; goiz dator hemen tomatea, gureetan ez baita oraindik landatu ere egin. Mahatsondo ilarek tartekatzen dute sarri tomateena.

Murru bat atera dute kanpaleku azpiko hondartzan, ontziak babesteko; arrantzontzi nano gutxi batzuk dautza  etzanik hondartzan; itsasora irekia den hondartzan  aldiz batel pila daude etzanik, ez dakit zeren zain.

Badirudi bihar eguzkitsua izanen dugula eguna. Baretuz joan zaigu urduri zirudien itsasoa.

 

177 kilometro, kokagunetik at ezer guti eskaini digutenak.

 

Baretu egiten nau itsasoak, haserre dagoenean ere.

Kanpalekuko jatetxean afaldu dugu, jaki goxoak ardo goxoarekin salneurri egokian

Etxatoi aurreko behatokitik eszenategiko argi ilara dirdiratsua da aurrez aurre Messina hiria, Sicilia irla ertzean.

 

“Lagun izoztua”. Joseba Sarrionandia:

* “Mapak objektiboak dira?. Maparen egilea subjektiboa da. Ea benetako maparik egin daiteken. Mapak objektiboak eta subjektiboak dira aldi berean...”. Mapa-irakurlea ere subjektiboa da, beraz ohar edo sujerentziak besterik ez dira mapak. Lagungarriak, besterik ez. Bidaiariak berak egin behar du bere mapa erabilgarria, paperean ez bada buruan, mapa idatzia osatuz bidaiaren premien arabera. Guk atzo inguruko mapan bide-sare ibili erraza uste genuena labirintoa gertatu zitzaigun. Behar duzun  edo eskatzen diozun informazio oro ez dizu gehienetan ematen mapak.

* “... gidaliburuetan ez da leizerik ez osinik ikusten baina bidaian doanak era guztietako zulo beltzak topatzen ditu”. Era guztietako zuloak!. Eta gutxien usten denean!. Bidaiaria ezin da behatokitik jaitsi.

* “Elizan eseri eta hormetako irudiei begiratzen nien. Santuak fantasiazko pertsonaiak iruditzen zitzaizkidan”. Elizak bisitatu eta santu-irudiak begiratu da herri gehienetan bidaiariak egiten duen betekizun bat. Artelan bila begiratzen diet irudioi, artean gozatzeko aukera bat bezala.

 

 

Maiatzaren 21a.    Asteartea     17.a

“Rubaiyatak”.  Omar Khayyam.

* “Zeruko ganga, zeinaren azpian, linterna magiko bat bezalakoa da, non eguzkia lanpara baita”. Izarrak ditut lanpara gauean, ilargia ere, egun batzuek ezik, kanpin honetan Messinako argiak eszenatokiko argiak, eta ni gaueko aktore bakartia.

* “Zoriontasunezko egun batek sortarazten du malkozko urtebete”. Bi hilabetetako bidaiak sortarazten ditu urte osorako oroitzapenak.

* “Pasatzen zarenean, izarren zurrunbiloak  gure begien aurrean ezkutatzen zaitu”. Izarren zurrunbiloak irensten nau gaurko itsas soinuan labainduz.

* “Ardoak soilik  argituko dizkizu zure zalantzak”. Gaueko jatetxeko afarikoak herdoilduta utzi dit gorputza eta gogoa.

 

Kanpin honetan ez da ia tren hotsik, errepide hotsik ere, itsas soinuak betetzen du gure etxatoia eta ingurua.

Olibadi izanik ingurua, pinudi eta eukalitadi da kanpina, gerizpe freskoa bero sapa egun honetan.

Egun eguzkitsua esnatu zaigu, itsasoa baretu da, plater axala da, baina ez erabat leuna. Zama-ontziak eten gabe egiten dute bere bidaia urdina bidea uneoro irekiz. Kamioilariak bezala, goiz datoz lehen orduan zama uztera edo goiz atera dira atzo zamatu ondoren.

 

Ikuskizun bitxia izan dugu Palmiko bidegurutze nagusian: bi polizia babes-txaleku eta guzti, bide erdian, erabat urduri, jira hona jira hara, metraileta tinko mehatxari eskuetan tiro egiteko prest, begi luze ez ezik begiak ia lekutik kanpo; inguruetan ere poliziak zelatan,  herri osoaren ikuskizun, kalera atera baitira denda lantoki eta etxekoak pilatuta espaloiak betez... Pertsonaien bat dator, agian presoren bat lekualdatzen dute, leihorik gabeko furgoneta handi bat ikusi baitugu gure aurretik eta  ilaran kale artean. Trafikoaren zurrunbiloak eraman gaitu aurrera, ikusle izateko mina ustel bihurtuz.

 

Itsasgain itsasgain egin dugu ibili osoa, uneoro Sizilia irla dugula ikuskizun behatoki bilakatu zaigun errepidetik. Hainbat aldiz gelditu gara, inguruaren edertasunak edo bitxikeriaren batek erakarrita.

Erabat ugaria da inguru osoan moto-gurdia: baserritarren lantresna.

Mahasti dira amildegi ia perpendikularrak, zapaldetan mailaz maila mendi-lepotik itsasoraino, arabiarrek Andaluzian eta Mediterraneoan utzi zuten kulturaren antzera. Izan da osoki gaztainadi zen malda, errepidetik behera; gora aldea, aldiz, olibadia zen. Sarriak izan ditugu, nagusitasuna erakutsiz, pinu  lerden buru oparokoak ere.

Autobideko zubiak gerta zaizkigu gaur ere ikuskizun, hondartzetatik eta errepidetik lehenengo, hain erraldoi mendi-zulo sakonen eta zabalen gainetik; behatoki bihurtu zaizkigu etxerakoan Messinako Itsasartearen gainetik. Hainbat ikusi ditugun arren, zubi berri bakoitzak txunditzen gaitu berriro. Hain dira neurriz kanpokoak.

Herriak eta ingurua, aldiz, egunotako jite berekoak izan zaizkigu.  Izan dira ere,  zenbait herri bitxi.

 

Bagnara Calabra. Errepidea den goitik beherako herri barruko kale nagusi harrigarria, beregain biratzen diren bihurguneak, bata bestearen ondoren, hainbat eta hainbat, goitik behera pikoan, mendi magaletik hondartza gaineko kale-sare zelairaino. Txukuna eta zaindua dago beheko kale-artea,  hondartza gaineko ibilbide aratz bihurtuta: uda-herri bihurtu nahi dute herria,  azken ukituak ematen ari dira. Arrain saltzaileari monumentua: buruan saskia duela oinutsik doan emakumea, otarretxo borobilak egiten zuen Santurtzikoengandik ezberdin. Labana herdoildu handi astuna agertu zait hondartzan, Calabriako oroigarri izango zait mahai gainean paperak zapalduz Carrarako harri zuriaren eta Eskoziako eta Alemaniako portuetako torlojuen ondoan. Bila ibili gabe agertzen zaizkit ia bidaia orotan begia eta barnea betetzen didaten horrelako bitxikeriaren batzuk.

 

Ezpatarrainak harrapatzeagatik omen famatuak bi herriotako arrantzaleak. M. Luisak ikusi du salgai bat autotik, baita aingira erraldoi batzuk ere.

 

Scilla. Gazteluaren hondakin sendoak mutur muturreko haitz puntan, eliza behar duen eraikina etxeen alboan erraldoi, bi aldeetara etxeteria, bata portura doana, hondartzarakoa bestea: halako paisaia urbano bitxia osatzen du urrutitik itsaso gain gainean. Izan zen herrian izen handiko poetaren bat, behatokia oparitu diote brontzezko irudi eta guzti: han dago bere herriari eta itsasoari so, beste norbaiti errima goxoak esnarazteko behatokia eskainiz.

 

Mesina Itsasartea: estua da, eskura jartzen du Sizilia. Erabat bare dago, Maria Luisaren itxaropenerako.

 

Menditsua eta soila dirudi Siziliak beste aldetik ikusita, Etxeteria luze argia da Messina hiria itsasartearen  beste aldean.

 

Villa S. Giovani. Argitu dugu bertan nola egin bihar  Siziliarako bidea. Ez digu besterik eskaini. 

 

Lau itsasontzi bitxi izan ditugu ezuste inguruan: txalupa handi samarrak izan zitezkeen, edo ontzi txikiak, aldi berean eskailera den masta luze-luze bat dute erdian; masta goiko zabaltzan hiru gizon bereizi ditut bideokamerako bisorearekin; brankatik ateratzen zaio ere beste eskailera edo pasabide den moko horizontal luze-luzea, ez da inor bertan baina norbait aurreko ertzean kokatzeko gertatua da. Ez dugu asmatu ahal izan arrantza berezi baterako ontziak diren, ala beste zerbaitetarako itsas tramankuluak.

 

Reggio di Calabria. Ez zen bukatzen kaleartea, are luzeagoa egin zaigu kalabriar gidari eroekin; edonon geratzen ziren, edonon aurreratzen zuten, edonon irekitzen zuten atea... Baina heldu gara erdigunera. Aparkaleku franko dago, doakoa gainera. Hondartza gaineko Lungomare nabarmentzen zaio, hondartza gaineko ibilbide luze dotore zaindua, bizpahiru mailatan, zoru eta hormez gain fikus ipurdi zabal bihurri sendoz eta pinu arbola sendoz apaindua; bada antzoki klasikoa dirudien mailadi borobila itsasora eta Siziliara begira, ur ertza da eszenategia, irudi klasikoekin gauzatutako monumentua. Izozki aparta oparitu digu.

 

Hankaluzeak dituen suge erraldoi argia dirudi kaleen gainean gainbehera doan autobiderako sarrera Reggion, kiribilduta lez S luze pila marraztuz.

34 graduko hozberoa eman digu autoko termometroak Regioko aparkalekuan.

 

Itsas-muturraren edo botaren muturreraino egin dugu gero Aspromonte mendietatik eta Calabriako ezaugarrienetakoa omen Pentedatillo herritxoa ikusiz, etxeratzeko asmoz. Etxeak eta fruta-arbolak nahasi daude mendietara arteko ordeka osatuz, laranjadia da nagusi. Erabat nahasia eta trinkoa da zirkulazioa Reggio inguruan.

Mapa handiaz fidatuz,  etxean utzi dut liburuxka, baina mapa ez da izan objektiboa, ez behintzat gure premientzako asmatua. Ez digute norabide erosorik eman mendi barruko bidegurutzean, okerreko bidea hartu dugu, aurrean eraman dugun autobuseko gidariak eman digu erruaren berri itsasoa gertuegi ikusi dugunean. Bestalde, erabat egarri geratu zaigu gasolina potoa mendi mortuetan. Beraz, etxera bide azkar eta laburrenetik egitea erabaki dugu.

 

Erabat mortu dira Hegoeneko lurrok, Almeriakoak iduri. Belar siku dira mendiak, harri-tontor forma bitxikoak zenbait,  zuhaitzik gabeko soilduak, dena belar idorrez hori, dena mortu. Errekatxoa doa mendiarteko ordekan, baina uholde bortitzetarako bide zabala dute urek,  euritean ibai zabala izango den harriartean ahuntz talde zabala dabil larrean bere artzainaren begiradapean, auskalo zer bazkatzen. Laranjadi dira lur lauak eta olibondoek hartzen dute mendi barrena, hortik gora piku txungoa ikusi ahal da gehienez. Erabat ilunak dira herriak, behin ere pintatu ez diren zementuzko lau horma, baogune txikiekin.

 

194 kilometro, Mesina Itsasartearen ertzetik Sizilia begi-min, Italiako botaren behe muturreraino.

 

Arratseko bakean, atzoko haize eta itsaso hotsik gabe nabarmen heltzen zaigu tren hotsa kanpaleku honetan ere.

Oskorri zoragarriak edertzen digu arratsero egunaren agurra, eta egunotan ilargiak emana dio gauari ongietorria. Hutsik egin gabe, gaur ere borobil gorri sartu zaigu eguzkia aurrez-aurre itsas behera, lasterrera borobilduz doan ilargiak argitu du ordoki iluna, ipurtargi apalak dira urrunean itsasontziak. Lasterrera esku miragarri ikusezin batek urrezko iltzez josi du zeru-gain iluna.

 

Eltxoak sartu zaizkigu etxatoira: ordu gutxirako jaiotzen omen eltxoak, halaz ere motzagoa da gizakion iraupena unibertsoaren eboluzioaren erritmora.

Muskerra izan du M. Luisak lagun luzaro, izukaitz biak, elkarren auzo eguzkitan.

Saguzarra agertu zaigu leiho aurrean istant bateko hegazkada kiribilduan, hain guti ikusten dugun hegaztiak ez digu gaur ere beraz miratzeko aukera handirik eman.

Zoologikotxoa osatzen zaigu bukatzen denerako bidaia oro.

Messinako argiei begira eman dut luzaro denbora ohera aurretik etxatoi, aurreko behatokian: han egonen gara bihar, Ulisesen bideetatik.

 

“Lagun izoztua”. Joseba Sarrionandia.

* “Eta ez dakit gu ginen mutiko haiek  honaino iritsi diren, baina gu bai, gu nolanahi hantxe geratu ginen”. Ulisesen istorioak irakurtzen zituen mutiko hura aldatuz joan da bidean, baina bidaiara ateratzen garen bakoitzean gure herrian geratzen gara, hara itzuliko garela baitakigu.

etiketak: Italia, Bidaiak 02
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.