Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BURUTAPENAK 8

BURUTAPENAK 8

Jon Etxabe 2023/04/03 08:33
Amodioa, zenbat eta isilago, amodioago

“Ez da erraza norbaitekin isiltasuna konpartitzea”

 

* Besteak ez direla gureak, gu haienak baizik, gu bakoitza ez dela inor  inorentzat, denentzat baizik: oinarrizko printzipioa elkarbizitzarako.

* Zeramikaren antzekoa omen konfiantza:  hautsiz gero zaila da berriz osatzea, osatuta ere han gelditzen dira hautsi-lorratz  eta arrastoak.

* Kaxa ilun bat da adiskidetasuna, bizipen eta sentipen ezberdinez, sarri aldakorrez gainera, osatua.

* Polizia eta apaizak, funtzionario oro orokorrean, inertziaz aritzen dira bere betebeharrean; biktimaren okerragorako izan ohi da bere arduraz jabetzen direnean.

* Mikatzak ohi dira isileko amodioak.

* Poesia bezala da maitasuna, errealitatea gainditu eta edertzen du.

* Bestea erabiltzea bilakatzen da sarri maitatzea.

* Txukuntasuna garbikeriatik bereizten dakienak erraztuko du bere eta besteen bizilegea.

* “Lagunak askotan fantasia bat dira”: kinka estu bat datorren arte.

* “Familia normalak oso anormalak dira, hain gutxi direnez”: sarri.

* Egiatik asko eta asmotik gehiago omen dauka kontakizun komun bat behar duela bi ahotsetara osatu eta kontatutako historiak: horretan datza hain zuen bikote baten iraupena.

* Errespetua, edonon, edozeri eta edozeini: beldurra, aldiz, ez inon, ez ezeri, ez inori.

* Ez dago ezer tristeagorik alaia ez den bazkari bat baino.

* “Gaixotasun hilgarria da isiltasuna”: sakonean bai.

 

Ez gara atzerrian bizi,  bizitzari edo egunerokoari ihes egiten baizik

 

* “Bizitzaren periferian bizi ziren, toki guztietan zeuden inon egon gabe”: asko dira toki zehatz batean daudelakoan inon ez daudenak, bizitzaren periferian bizi direnak.

* Errealitate gordina bizi du bakoitzak, halaz ere harremanak anekdota edo pasadizoetan gelditzen diren gizartean bizi gara.

* Presoa tabu bat da”: dela politikoa dela soziala,  mendeku gaia da batez ere presoa.

* ”Gauzak konplikatzen direnean okerrera ateratzen da jendea”: sarri.

* Geroaren porrota ari omen gara gauzatzen hurreko dena gutxietsi eta baztertuz: agian, aldi berean etorkizun berri bat eraikitzen ari gara zenbait bizimolde eta pentsamolde gutxietsi eta baztertuz.

* Irabaztea izan daiteke golpeak jasan eta irautea, ihesa  ere tarteka, aldi gogorrak datozenean.

* Beste era batera jokatuko genuke geure kargu, zeregin eta ardurei neurria hartu eta erabakitzen bageneki.

* “Hondamendia kutsakorra delako”: garaipena ere, futbol zelaia lekuko.

* “Ordaintzen diren gauzak besterik ez dira benetakoak”: hala da gizartearen jokamoldea ikusiz.

* Besteei entzun nahi dutena esatea da gizarteko amarruetako bat, baina horrek ez du arazorik konpontzen.

* “Oinezkoan karitatea zentimo txikitan neurtzen da”: handikien diruak aldiz, lapurretetan.

 

Besterik ezinaren isla dira omenaldiak

 

* Hauek omen gizarteko balore funtsezkoenak: lanaren seriotasuna, ikasketan ahalegina, norberarekiko leialtasuna, lagunekiko zintzotasuna, emandako hitza: gogoeta serio bat egin beharko litzake horretaz.

* Malkorik gabeko jendea da kolpatuena, zaurgarriena.

* Misioetako kolaboratzaileak, misiolariak eurak ere, itzuli egiten dira herrira; misio-herri bertakoak, aldiz, han gelditzen: egituretan aldaketa sakonik ez den bitartean adabakia da herriei laguntza-ekintza oro.

* WhatShapeko elkarrizketa askok zer esanik ez dutenenak edo nola hitz egin dakitenenak dirudite, agian isiltasuna edo bakardadea ekidin-ahalegineko oihuak dira.

* Errudun sentitzen direnen mezuak ote sarean aurkitzen ditugun asko.

* Aukerarik ez izatea: pobreziaren definizio bikaina.

* Misterio bat da alboan gurutzatzen zaigun hori: ezagutzen dugu agian, baina ze burutapen edo bizipen korapilatzen dira bere baitan?.

* Gerrari nekatuak gara, garaile garaituak, babeslekuak eraitsi eta haizearen lurrunaz gozatzea litzateke  gure amets eta kontraesan nagusia.

* Mitoek ez gaituzte salbatuko, amildegiaren sakonera neurtu eta nola gainditu asmatzea da irtenbide bakarra.

* “Ariketa zaila da karitatea eta justizia bereiztea, borondatea eta elkartasuna”: gizakiaren kontraesanak eta ezinak.

* “Haizearen bultzada zure alde jarri ala zeu haizearen bultzadaren menpe jarri”. haizea ezagutzean dago gakoa.

* Obedituz agindu, menpekoen diktadura: funtzionarioak, polizia, soldatapeko kargudunak…

* Orijinala eta bakan deigarria dela uste du modako jantziz doanak, ez da jabetzen beste mila askoren berdintsu doala: ia arrunta bilakatzen du modak gizakia.

* Zapatak ez dira soilik dotoreziaren adierazle, pauso sendoen berme izan behar dute.

* Tristeak eta akigarriak dira elkarren berdinak diren gauzak, edozer direla ere, errepikagarriak alegia.

 

“Gizakien ezaugarri behiena askatasuna da”

 

* Herri baten ezaugarri agirikoena aske izatea delako lapurtu nahi digute askatasuna gizarte honen jabe izan nahi dutenek.

* Ez du erro sakonik botako identitate kolektiboa ez duen belaunaldiak, ezta nortasun propiorik gabeko talde batek ere.

* “Errifleek ez dute hitzik hiltzen”: bai isiltzen.

* Odolez bataiatzen da beti gizarte berri bat: historiak erakusten du hori.

* Beste aldera begiratzea da askorentzat bakea, baina gatazka ekarri edo indartu ohi du jarrera horrek berak.

* Asko dira terrorismoaren arkitektoak, beraien giza-urbanizazio ustelak edertu nahian dabiltzanak.

* Espainolek toki bat nahi dutela munduan: euskaldunok ere bai, hor datza arazoaren gakoa.

 

Historia V oroimena: dilema hori bizi dugu

 

* Oroitzapena iragana berritzeko aukera.

* Oroitzapenek ematen digutela izana: beste zerbait harago ere uzten digute, beste guzti hori oroitzapenez bildua badago ere.

* Ahaztuko bagenitu, hor nonbaiteko ilunpean gordeko ez bagenitu, ezingo genituzke bizi hainbat iraganeko bizipen.

* Badira sekula ahazten ez diren zenbait egun eta bizipen gozoki zizelatuta geratzen zaizkizuenak barnean, bizitzako zutabe edo uztai nagusiak bailira.

* Betirako zauriak dira Gerra eta Diktaduran bizitako ustez orbainak, zauri sendaezinak dira baina, betirako baitirau gaizkiaren esperientziak.

etiketak: Burutapenak 8
Izaskun
Izaskun dio:
2023/04/10 09:51
Asko disfrutatu dut hau irakurtzerakoan
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Testu estatikodun portleta
Testu estatikodun portleta