Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BURUTAPENAK 8

BURUTAPENAK 8

Jon Etxabe 2023/04/10 10:15
“Arauak puskatzea, zein gauza ederra”

“Gauza orok badik bere kontrarioren bat”

 

* Denok, denak, bakoitza, gauzak ere, ari gara uneoro zerbait kontatzen, izakiaren sintonian, sarri kaosa edo diakronia soila dirudien arren.

* Oso lagungarria da zer guztien ifrentzuez jabetzea.

* Bere historia kontatzen du bakoitzak, bere iraganetik eta bizipenetatik iragazita, behin ere ezin da izan erreala eta objektiboa historia hori.

* Kontatutako historia oro da errealitate manipulatua.

* “Geroak dena hartzen baitu bere baitan”: historia oro erlatibizatu behar da, agerikoena ere.

* Gugandik urruti et gertu egon behar du dugun eta dakigun denak: ikuspegi zabal bat behar du, aldi berean gauzatu egin behar dira.

* Emozioek arrazoia gainditzea edo ordezkatzea da historia edo gertakizunak desitxuratu edo desagerrarazten dituena. 

* “Jakiten ez dira”: baina izan dira, izan direla ez dakizun arren, edo badirela froga ezin dugun arren, edo izan direla gerora frogatuko arren.

* Arauak puskatzea  da historia, ederretik baino sufrimendutik gehiago badu ere.

* Ez da ezer hutsetik edo besterik gabe sortzen, aurretik datorrenarekin lotuta dago dena, aldi berean datorrenari zabaltzen dio bidea.

* Etorkizunaren garrasia dela egiten duguna: fosil bezala agian, horrela aztertuko baitituzte gure eskuartekook bi-hiru mila urte barru.

* Geroaren arkanoak  eragiten ditu ametsak eta utopiak, iragana, aldiz, zigilatuta geratu da, aldaezina da.

* “Historiaren gurpila da bortizkeria” / “Basakeriaren logika delako historiaren logika” / “Beste kontsiderazio guztiak literatura dira”: tragikoa da, baina zerbait antzerako ondoriora zaramatza historiari begiradak.

 

Liburu txarrenetik ere beti dago zer ikasi.

 

* Idazle apalenak berak, apalena dela jakinda ere, idazle onena dela sinetsi behar du sakon eta benetan, konfiantza horrekin idatzi.

* Azken pintzelada duen bezala zailena pintoreak, azken hitz horrek ditu zalantzatienak idazleak, ze hitz, ze esaldi, ze adjektiboz eman azken ukitu egokia azken gogoeta horri.

* Seinale txarra omen idaztean ez nekatzea: horregatik dago idazle on gutxi, nahiz asko diren asko idazten dutenak.

* Nartzisismotik asko izan dezake idazteak: egintza orok du, agian, nartzisismo dosi asko.

* Poesia, barnea kilimatzen duen tximeleta: barnean eraman behar da poesia, ez daramanak ez du poesiarik eginen lerroak txukun eta armoniaz nahastu arren,

* Poesia, ariketa afektiboa ez ezik, intelektuala ere bada: hunkiberen entretenimendu soila bezala daukate askok.

            * Zoriontsuagoak ginateke bizitzaren taupadak poesia bilakatzeko gai bagina.

* Metafora batek ezin omen du literala izan: metafora batek ulergarriagoa, zehatzagoa, ederragoa egin behar du ideia, literala bihurtu ideia edo sentipen hori.

 

 “Batzuetan aditu besterik ez da egin behar”

 

* Teoriak beti dira hipotesiak.

* Zulotxo edo zirrikitu batetik ikusitakoa da ezagutzen dugun mundua, baita bidaia luzeetan eta sareetan galtzen diren guztien perspektiba zabalena ere.

* Eskolatik kanpo ondo ikasi duena da jakintsua.

* Askorentzat agonia edo mina eragiten duen ekintza omen filosofia: askotxo esatea litzake hori, bizitzako gorabeherei buruz hausnartzea da filosofia, minaz harago poza eta zoriona ere badakartza bizitzak.

* Galderak egitea da filosofoaren zeregina: erantzun orok du beti aurretik galdera bat.

* Pentsamendua, filosofia, ezin da espekulazio soila izan, errealitatetik abiatu behar da, gizakiaren neurrikoa izan behar du.

* Buruan edo ideien munduan eginbeharrean, esperientziaren bitartez guztiz gorpuzturik egin behar du filosofoak: egunerokoari atxikiago gorpuztu behar du behintzat hausnarketa bertute moralak lantzeko. 

* Gizakiaren jakin-mina eta naturarekiko izua, biak elkartzen dira zientzialarien ikerkuntza lanean.

* “Utopiak espazialki pentsa daitezke, tenporalki pentsatu beharrean”: perspektiba aldatzen da.

* “Ez genuke bizitzen jakingo gure bizitzan ezer errepikatuko ez balitz”: aspergarria dela errepikapena esan ohi dugu, baina ez genuke ezer ikasiko errepikatuko ez balitz.

* Zientzia baliagarria da isiltzeko garaia noiz den jakitea.

* Aholku eragilea da gehienetan aditzea.

 

Prozesu bat behar du izan kulturak

 

* Norbere kabuz pentsatzen ikastea da ikasketen gai ahaztuena.

* Aurrez egituratutako kultura izeneko zerbait ezarri digute; zurruna, egunerokotasunerako, bizitzarako, balio ez digun ezagutza soila bailitz. Kultura, baina, ez da eman zaigun zerbait, lortu dugun jakituria mota bat baizik, gorde eta gordeta daukagun altxor estatiko bat, aldi berean eraginkorra.

* Prozesu bat behar du izan kulturak, giza mailan zein zeregin materialetan ere eragingo diguna, sortzailea, tentsioak sortarazten dituena bizitza osoan, harreman mota guztiak bildu behar baititu bere baitan. Eragilea behar du izan, dugunaren eta nahi dugunaren arteko lehia piztuko duena, duguna pitzatu eta zerbait berri baten bila aritzeko ahaleginaren eragilea. Horretan baitatza bizitzaren muina.

* Eguneroko jarduerari lotuta. eguneroko jarduera hori bera behar du izan kulturak, eguneroko ahalegin horrek dakarrelako aldaketa ametza, aldaketa ametsak ez duelako eragiten eragina. Borroka mota bat izan behar du kulturak, aldakorra eguneroko bizitzari lotuta egon behar duenez, pauso berriak emateko abiapuntua, gizartearen eraldaketarako esparrua, esperientzia bat prozesu bat delako, gatazka baten prozesu aktiboa, eragilea eta irekia, ekintza bat alegia.

Hori da sakonean kultura.

 

 

 “Esperientzia bitxia da lapurtua izatearena”

 

* Gizartearen egoerak eta portaerak sortarazi behar du teoria politikoa, ez politikak, teoria-politikoek ezin dute baldintzatu teoria-politika.

* Dialektika poliziala da politika guztia, horretan nago, polizia baita beti erabaki politikoen babes eta bermea, errepresioa, alegia.

* Poliziarena dirudi gehienetan Estatuaren parafernalia.

* “Mertzenario orori lapurtzen zaion lehen gauza jatorria da”: mertzenarioak dira politiko gehienak, atzerrian bizi dira, azaleko gauzez arduratzen baitira.

* Politikan eta politikariengan fedea galtzea elizan eta jaungoikoagan galtzea bezain mingarria da, ez baitzaitu askatzen etete horrek, zurtz uzten zaitu, beste zerbait edo norbaiti heltzeko beharrean.

* Esperientzia etsigarria politikoek eta politikak huts egiten dizutela lehenengoz jabetzea, eguneroko esperientzia bilakatzen da ondoren, ateo politiko bihurtzen zara azkenik, zenbait erritoetan parte-hartzaile kontziente bazara ere.

             

Pentsarazten ez duen artea neutroa edo herrena da

 

* “proportzio hirutarra”, orekaren hirutasuna: errealismoa, espiritualismoa eta estetika edo intelektualtasuna.

            * Kulturaren sinonimo bezala hartzen dugu artea, baina kulturaren atal bat besterik ez da.

* Konformagaitza izan behar da sortzaile izateko?, sinestun izan behar da?: neurria handi batean bai.

* Krudelkeriaren aurkako antidotoa dela edertasuna bilatzea: gehiago da errealitate gordinari ihes ahalegina.

* Ez da ohikoa sosegua sortaraztea kantu batek, sinfonia klasiko bat izan daiteke salbuespena, gehien bat tradizio eta erabilpenagatik, ez bazaitu aspertzen.

            * Autopsia egin behar dio bere buruari sortzaileak; sortzaile orok egiten dio autopsia bere buruari, oharkabean bada ere.

            * Bere sakoneko ezjakintasuna eta ezgaitasuna ezkutatzen edo zuritzen ditu egileak, edozein sortzailek, izen, egile, eta izenburu ospetsuak elkarrizketaren edo kontakizunaren ardatz bezala erruz zitatuz eta erabiliz.

            * Musika: harmoniaren soinu eta hotsen zentsu eta sentipen ezberdinak biltzen dituen artea.

            * “Zarataren psikopatak” omen direla zenbait musika zale: oso erlatiboa da musikari zedarriak jartzea, bakoitza baikara nolabait musikari bakan eta ezberdina.

 

 “Denbora da garena, zer bestela”

 

* Gure existentzia sostengatzen duela denborak, baina aldi berean gure kontra jokatzen: bi errealitate kontrajarri horiekin jokatzea da bizitza.

* Egun bat izan daiteke motza edo hutsa, baita luzea eta denboraz betea ere.

* “Amaierak gehiegi irauten du beti, arazoa saihestu asmoz luzatu besterik egiten ez delako”: gehienetan.

* Denboraren tirania da erlojua, agian tirania zabalago eta sakonago baten neurtzailea.

* Erlojua eta egutegia, orainera lotzen gaituzten artefaktuak.

* Denbora ez da pasatzen, geu gara zer ezberdinen ondotik pasatzen garenak, lehian gehienetan.

* Ze luzeak diren errealitatean existentzian di-da batekoak diruditenak.

* “Batzuetan egutegiak ezartzen duen denborak ez du ikustekorik nork bere barnean bizi duen denbora mental eta emozionalarekin”: une magikoak izan ohi dira sarri horiek.

 

Petintina hitzek zuzenean esaten ez duten azpi-esanahia.

 

* “Benetako egia eta egia juridikoa”:  bi egia ezberdinak, gehienetan edo sarriegi kontrajarriak, asko dakigu horretaz euskaldunok.

* Ez da inor egiaz soilik borrokatzen denik, beti dago tartean nahi, sentimendu edo bestelako sasi osagairen bat.

* “Egiak biluztasuna eskatzen du”: sinesgarritasuna lausotzen zaio apaindutako egiari.

* “Berrasmatu egiten dira gauzak”: beti, nahi ezta ere.

* Errazagoa da gezurrarekin bizitzea egiarekin baino.

* Beste inori baino norberari gezurra esatea da jokabide mingarriena, arriskutsuena ere.

* Begietara begiratuz hitz egitea, egiaren zein gezurraren bermea da.

* Beste norbaitek bermatu behar du gizartean egia ala gezurra, zure sentimendu edo uste bat besterik ez baitira izango bestela.

* Tranpa egiten du zer esan bila dabilenak, ondoren dioena ez baita berea izanen.

* Burua lasaitzea ekar dezake gorputza nekatzeak, baina burua nekatzeak beti dakar gorputz-nekadura.

* Ez da berdina ohera sartzea eta lo egitea: lo edo esna, lasaitasunerako bidea ez bada, alferkeria da oheko etzana.

* Zenbat gezur gordetzen duen laudorioak.

* Izaeraren oskola dira ñabardurak, baina muinak adina eragiten dute sarri.

* Eraikin dugun errealitateri gailurra galarazten dio egiak: horregatik diogu beldurra egiari.

etiketak: Burutapenak 8
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.