Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK. ITALIA 2002

BIDAIAK. ITALIA 2002

Jon Etxabe 2023/05/01 09:50
SIZILIA: Segesta, Erice, Palermo, Monreale.

Maiatzaren 29a.  Asteazkena.  27-I:25.a

 

“Dendako leihotik”. David P. Tijero.

* “Hire ariman etsipena duk / porrotaren lekuko isila / jakin beharko hekien / ausardia ez duenarentzat / debekatuta dagoela bidaia”.  Ausardia baino erabakia behar da bidaiatzeko.

* “lana bizimodua dela eta ez modubizia ikasi du ...”. Bidaia modubizia ordez bizimodua egiteko arriskua du  bidaiariak.

* “dena gezurra dela jakin du dena sinesten zuen atariko ameslariak”. Oinak lurrean dituen ameslaria behar du izan bidaiariak.

* “Tokirik gabe aurkitzen dut neure burua mundu honetan”. Bera ere badela, eta mundu honetan dagoela erakusten dio barrengoak bidaiariari herrietan.

* “haurtzaroan genituen heroiak / betiko lagunak dira oraingoan”. Ezagunak behintzat egin zaizkigu hainbat zibilizazio, eta zibilizazioko gizaki.

 

Aldaketa eguna, beherengo ertzetik-ertz urrutienera, bidaiaren azken mugara.

 

Itsasotik gertuko ibilia, nahiz ez itsaso kontratik, urruti edo gertuago, itsasoa zaigu begien bidelagun, baita ordeka berde mugatuen lautada urdinxka mugagabea ere.

Izan dira tarte mortuak, baina mendixka leun landuek osatzen dute lurraldea; aberatsak behar dute izan nahitaez lurrok, mendi-buru, mendi-malda eta malda-barrenak, mendiarteko aranak ere,  berde baitaude mahasti eta olibondoz; badira sail bakan batzuk gari, olo edo zekale helduko horiak: emankorra behar du izan lurraldeak, eta ugalkorra egiten dute. Horitasuna nagusitzen da batzuetan, berdea gehienetan.  Agrigento aurreko Canicati ingurutik Tirreno Itsasertzeraino dena da olibadi.

 

Karabinierien ugaritasunak harritu gaitu, etengabeak izan dira gurutzatu zaizkigun polizia autoak, uniformedunak batzuk, kaleko jantzitakoak besteak; berdeguneok oparotasun ezaugarri badira, izurritearena lirateke  balen aurkako petopeko uniforme grisaxkadunok, bere polaina eta musolini gorroarekin. Errepide ertzean, beti autoa lagun,  edo  errepidean auto ofizialari auto iluna jarraiki: babes kamuflatua dela uste dugu auto ilun hau.

Rivera,  Sciaca,  Castelvetranano...

Herri gutxi, baina direnak, zabalak, mendi magaletan edo mendi gandor azpian zabalduta ia denak. Hiri handiak. Zirraragarriak. Lur koloreko herriak, horma grisaxka eta bao ilunak mailaz-maila, ia pilatuta, nahasian bezala etxeok mendian behera, bata besteri eutsiz lez, behekoa gainekoaren euskarri. Eliza da eraikin ezberdin eta handiena, gehienetan gorengoena, erasoetatik, uholdetatik zein izurrietatik babestuena: isolatuta goreneko bakardadean. Gorago eta gotorrago, beti dago gaztelua, animalia erraldoi baten hezur biluzi zuriak bezala, zerbait izan zela ahaztu nahi ez duten hormatzar barrenik gabeak.

 

Seliunte,  tenplu eta monumentuen gordailu, ez gatzaizkio joango, hondakin ederrok aspergarri bihur ez zakizkigun. Beude gure oroimenean Agrigentokoak.

 

Kanpalekua. Castellammare Golkoaren altzoan, izen bereko herrian. Itsas gain-gainean, itsasgaineko malkor baten ertzean. Gure etxatoiko nire behatokitik itsasoa besterik ez dut ikusten. Burua eta gerria okertzen edo biratzen ez baditut, alderik alde zeru-marra zuzena besterik ez dut ikusten, inolako itsasertz, itsaslabar, harkaitz, uhin edo aparrik gabe. Ama lurra urte guztian dugunok, begi betez begiratzen diogu aita itsasoari. Gure oinetan ibilia bukatzen duten uhinen soinuak betetzen du biltzen gaituen arboladia. Bost egun bare eta patxadatsuen itxaropena, ur lautada hau haserretuko balitz ere.

 

Castellammare d. Golfe. Zirraragarria. Mendi labar erraldoiek, zirkoa bailitzan, inguratutako golkoaren sakonenean babestua. Errepideko behatokitik ikusi dugu. Haitz tontor eta malda berdeen azpian itsasoraino dator luze eta zabal etxeteria,  inola ere ez koloretsua, agian kolorgetua, baina argia, elkarren gainean eta elkarren albo mailakatu eta tolestutako etxeteria. Hondartza barrenean, hondartzaren ertzean, irtentxo, gaztelutxo izena ere merezi ez duen gotorlekua;  beste muturrean, hondartzaren beste ertza babestuz, portua, arrantzaleena izango zena baina hobekuntza eta moila luzapenarekin aisia portu bihurtua. Behatokian, sekulako santokristoa, erromatar soldaduak kirten luzedun aizkora eta guzti: ez dugu santokristo askorik ikusten, baina ageri den bakoitza kontatzekoa da, argazkian harrapatzekoa.

 

Gozagarria izan da hortik aurrerako ibilia: gorrizkatzen den kare-harrizko menditzar argi biluzia tarteka itsasaldetik, hegi leuneko mendiak malda bigunez bailararaino luzatzen direnak barrualdetik, olibondoz eta mahastiz berde edo zekalez hori. Une batez kare-harrizko mendi magala, harrobi bortitzek biluziago utzi dutena:  luzera osoko haginkada beldurgarria, interes seguru aski mafiosoek bortxatu duten mendi zauritua.

Menditzar karstiko eta itsasoaren artean egin dugu ondoren, beherantz, itsasoraino, ziklope digante zentinelak dirudite zuhaitzok, edo lotan datzan Polifemo erraldoiaren bizkarra mendiek. Itsasgaineko ordeka lehorra jarri zaigu mendien bestaldean; itsasotik urruntxo arrantzale ala nekazari herri diren argitzen ez ditugun herritxoak, behe solairuko etxetxo xumeak, multzoan elkarri babesa emanaz; gerora behatoki bihurtu zaigu errepidea, itsasoa harkaitz apaletan aparrez lehertzen zela. Ikuskizun aparta. Gozagarria.

 

Vito lo Capo. Uda giroko herria. Xake tablero batean  jarria. Aratza, txukuna, dottorea bere ezereztxoan. Ahalegintxoak egiten ditu, sarreratik palmondo ilaraz apaindutako etorbide zaindu batez ematen dio bisitariari ongietorria. Gainbeheran hondoa hartu eta hegan hasi den herritxoa, turista, udatiar eta bisitarien zain. Igandezale eta udatiarren herri desiratua. Urre koloreko hondar fineko hondartza luzea, harkaitz erraldoien pean. Aisia portua bihurtu dute, moilaz babestuz, arrantzaleen lehorreratze-gune zen hondartza. Itsasargia ere badu, borobil luzea. Ez da teilaturik: zabaltza da etxearen estalki. Baditu harrizko etxeak ere,  herri orotan lez baita ondo-bizi edo aberaskumerik ere, arkudun ateburuak dute hauetariko askok. Zeramikazkoak dira oraindik zabaltzako hustubide tutuak. Eliza da herriko eraikin deigarriena, gotorlekua izana, dela dirudiena, errosetoi bat atera dioten arren: eraikin karratu sendo gotorra, bere dorretxo, ate erasotzailea olioztatuz erretzeko arrosa-leihoaren gainean dituen ate edo sarrerarekin.

 

Castellammare  de Golfe. Barrutik ikusi nahi izan dugu. Etxe nahasmena zirudienak sekulako kale hezurdura du, blok koadrikulatu erraldoi bat, kale estu zenbatezin ugariak elkar gurutzatuz.

 

Pio Dohatsua aurkitzen dugu Siziliako kale eta bide bazterretan ere. Fraidearen santutasuna, ala fraide talde baten marketina?.

 

Nongoan garan, gasolindegiko gazteak. Euskaldunak. Bilbao?. Ez nafarrak. “Leta” ulertu diot. Zer?. Eta hatz erakuslea kliskatuz esan dit, “dispara”. Honek ere entzun du zerbait.

 

240 kilometro, itsas berrira, eta itsasertz berriko inguruetan, gure bidaiako azken muturrerainokoak.

 

Haitzen ostean sartu zaigu eguzkia, gailurrak bezain goian oraindik, baina arratsean gorri pintatu dizkigu zeru-marraren gainetiko ortzia eta golko ertzeko labarrak, ikusezin genuen eguzki gorituaren ispilu.

Arratseko azken argira arte ez dugu barne argirik piztu. Zoragarria izan da itsasoa iluntzen ikustea, Andia eta S.Donato iluntzen ikustearen parekoa. Ez dut azken argiko ikuskizun, sentipen eta bizipenak hizki moldez azaltzeko gaitasunik, baina ez dit huts egiten une ederroz gozatzeko ahalmenak.

 

Iluntasun putzua besterik ez da itsas marratik gorakoa, iluntasun zuloa itsas marratik beherakoa, ñir-ñir horiek hausten dute goikoa, olatu nekaezinen lerro zuriek marrazten dituzte hondartzako behekoa.

Zaila zait iparra itsas gainean kokatzea, baina hor dut temati Ipar-izarra zirkinik ere aldatu gabe.

 

“Artemio Cruzen heriotza”. Carlos Fuentes.

* “kaosa: ez du pluralik”. Edo dena da plurala. Oso zehatz aukeratu behar ditu pausoak bidaiariak. Errepide, kale, gizaki eta kulturen amaraunean galtzea nahi ez badu.

* “desiratuko duzu: nola irrikatuko duzun zure desira eta desiratutako objektua bat bera izatea; nola amestuko duzun berehalako betetzea, desiraren eta desiraturikoaren arteko bereizketarik gabeko batzea”. Bidaia-desira eta desiratutako bidaia-objektua bat datozenean asebetetzen da bidaiaria.

* “memoria desira asea da: / iraun ezazu bizirik memoriarekin, beranduegi izan baino lehen, / kaosak oroitzea eragotzi baino lehen”. Memoriarekin bizirik irauteko bidaiariaren  ahaleginak besterik ez dira argazkiak eta bidaia-egunkariak.

 

                                                                         

Maiatzaren 30a.   Osteguna.  28-I:26.a

 

“Dendako leihotik”. David. P. Tijero:

* “Baso ilunetik nabilelarik / zeru griseko argi mehea nekez sar daiteke”. Gogokoagoak ditut itsasertzeko egonaldiok, barne tolesduretaraino astintzen nau itsasoak, urtean zehar basoz direlako gure ibilaldiak, zuhaitzek biltzen gaituztelako urteko ibilbidean.

* “gure existentzia zeruz tindatuz doa”. Bidaia honetako gure existentzia, aldiz, itsasoz tindatzen da batez ere.

 

Olatuen soinuz jolastuz egin dut esnatu ondorengoa, olatu bakoitzak haitz ezberdinetan lehertzean sortutako soinu ezberdinak  banatzen, igartzen, bakoizten, orkestra batean instrumentu ezberdinen soinuak bereizteko jolasa bezala, olatuaren indarra, haitzen tamaina, distantzia, uraren sakonera... guzti horien arabera sortutako soinu ezberdinen sinfonia berezituz izan dut oheko jolasa, hondartzan sortzen zuten hots berdin barea zela bakarlarien azpi melodia.

 

Kulunkan zain geneuzkan bateltxoak begiak ireki dizkiogunean itsas goiztiar urdinari.

Ikustekoa zen txirrinduarekin bidaiatuz dabilen arbola artean gure inguruan lo egin duen adinekoa: bere parafernaliaz inguratuta, txirrindulari profesional jantzita, zut, ispilua esku batean eta guraizeak bestean, burua atzera botata eguzki berriaren lehen  izpiak bilatuz, bere biboteko ileak apaintzen.

 

Denda bat aterpe, garraio publikoz bidaiatuz dabilen kanpalekuko gaztea eraman dugu Segestara. Italiarra da, Genoakoa. Teatroa eta tenplua ikusi nahi ditu, gertutik ikusi dugu geuk ere errepidetik bertatik tenplua: harri gorrixkako zutaberia: ezjakinontzat antzerakoak dira tenplu denok, adituek gozatuko dute guretzat ezer gutxi diren mila zehaztasunez. Ezagutzen gaitu euskaldunok, ez asko, Sardiniakoek sardiniera dutela hizkuntza aitatu digu, ez direla baina korsikarrak bezain independentzia zaleak. Bazekien independentzia zaleak garela euskaldun asko.

 

Mendi-muino leunak, maldak eta haranak,  hori eta berde tindatuak, izan ditugu gaur goizeko paisaia. Tarteka horia nagusitzen da, berdea hurrengo. Atzokoa bera baina kare-harrizko mendi eta amildegirik gabe itsasora  hurbildu garen arte. Indipikuak  dira mahasti eta zekale sailen osagai sarriak dira,  olibondoak. Ez gaitu aspertzen ikuspegiak. Urrutietaraino agertzen zaigu lautada gorabeheratsua lur-uhinak gorantz egiten duenean.

Gaztelu edo ermita hondakin bakartuak agertu dira gaur zenbait muino burutan. Zenbait antzinako nekazal etxe ere, hondatuak gehienak, biltegi besterik ez direnak onenean.

Herri argiak dira gaurkoak, baina fatxada soilik dute pintatuta, beste hormak zementu kolore darraite.

 

Napula: herritxoa, lorez oparo dauden zuhaitz txikiez  bihurtu dute etorbide errepidea. Dotoretasuna, huskeria batek eragintzen du gehienetan.

 

Mika bakarren bat ikusten da. Belarik, bat bera ere ez. Errepidean zapalduriko animaliaren baten haragikiak jaten ari zen mika: agian horregatik ikusi ohi da hainbeste mika errepideetan.

 

Erice. Itsasertzean, baina goietaraino harrotzen den kare-harrizko mendiaren hegi-hegiko harkaitzetan sortutako Erdi Aroko herri petoa. Etxeteria zein gandorra inguratuz basoa: pinudi eta artadiak nagusitzen dira. Ateren bat geratzen zaio; harresi gutxi beharko zuen amildegiak baititu horma gaindiezin. Hertz gotor eta babestuenean dago gaztelua. Ohi denez, beherantz etxadia, kolorgetua, kale estu eta bihurrietan etsaietatik eta itsasoko ipar haize hotzetik elkar babestuz: hondatua dago, utzia, inor gutxi biziko da bertan, baina aldi berean zaindua, batez ere kale-zoru irudimenez harriztatuarekin. Eliza pila ditu, denak hondatuak, berritze lanetan zenbait: bada bat aparta, Duomo, XIV-XIX. Gizaldikoa, alboan  berezituta duen XIII.eko kanpanila deitutakoa, karratu lerdena da kanpai-dorrea, leiho gotiko zizelatu landu ederrak ditu, leiho bikoitzak ditu bakoitzak; ate gotikoa du eta farfail zizelatutakoz  arrosa-leihoa, filigrana sekulakoa, bitxia, deigarria; barnealde dena da apaindura, dena dotoretu beharra, marra lore eta irtentxoz loratua,  gutxienez deigarria, txundigarria ere lehen begiradan: erretaula harrizko argi-argia, zizel-lan bikaineko santu iruditeriak merezi du begirada bat; gangak dira deigarrienak, baina igeltsu edo antzerakoz eginikoak behar dute izan; kapitel loriatuak, burutxo eta guzti zenbait; berezia da organoa, korua ere apainduraz edertua du; bada kapera bat zeinen bobedako lau kantoiak harri landutako santu-irudientzako zuloguneak behar zuten, bada santu-irudiak jartzeko halako marmol txertatutako aldare antzerako koloretsu bat, bada bataiarri-tapakia zurezko pintatu ezberdina, bada, ere, antzinako erretaula bat santu potxoloekin: atsegina da elizara bisita.

Konferentzia areto bihurtuta dago eliza bat, eta badira beste bi gutxienez berrikuntza lanetan murgilduta, erabat hondatuta daude kanpotik begiratuz.

Plaza karratua, ezer berezirik ez duena, giroa ez bada. Ikuspegi zoragarria itsasorantz zein lur barrurantz.

Bisitari pila dator, autobuskadak, kinkila dendaz beteta daude plaza eta pare bat kale, jendea erruz dabil, baina ez da inondik ere Laorminako giro hura, bertakoa dabil hemen, jubilatu eta eskolaumea; kanpotarra, atzerritar jubilatua zebilen han; uholdea zen hangoa, hemengoa iturri oparoa besterik ez.

 

Sigi-saga bihurgune ia biribilgunetan egiten du errepideak, gorantz zein beherantz, behatoki paregabea da itsas gainean alde batera zein bestera.

Bonaglia golkoa dugu behean, erakargarria. Trapani eta Marsala golkoko  hiru irla  aurrez  aurre, ez urruti, hiru harkaitz tzar zabal garai eta luzeak, ez zaio baina etxe bakar bat ere ikusten!. Pare bat egunerako  bertara joateko asmoa du gure kanpineko gazteak.

Horia da Trapani aurreko lur zabala, aurrez -aurre itsas urdina: kontraste bizia eragiten dute bi ordeka ezberdinok. Ikuspegi dotorea.

 

Trapani. Itsas ertzean kokatua, etxadi ikaragarri zabala, etxe garaiak; kolorgetua dager itsaso urdin garbi dirdiratsuaren alboan; zapal-zapala dirudi etxetzar erraldoiez arren, hain arre ageri da, hain kolore berdineko, lurrari itsatsita zabal. Alde zaharrera eraman gaitu zirkulazioaren nahitaezkoak errepide bila genbiltzala. Alde berriko pare bat kilometroko etorbide lehenik, etxe garaiko kaledi nahasia jarraian. Apartekorik gabeko hiri handi bat iruditu zaigu kale-arteko ibili behartuan.

Etxeek ez dute teilaturik, ezta ia etxe-orratzak diren eraikin garaienek ere: ez dute inolako apartekotasunik.

Saltzaileek  lurrean utzitako hondakinak jaten kaio banda merkatu plaza aurreko plazan, merkatu leku da plaza bera ere; garrasika alde egiten zuten autoren bat hurreratzean, berriro itzultzeko; ez dut sekula gaur arte kaiorik kale-artean harrapakin bila ikusi.

Gatzagak ditu, asko baino asko, zabalera izugarri zabalean, koloretakoak hainbat, tindatu egiten dituzte nonbait urok lurrundu aurretik, agian  kolore ezberdinekoa da zorua.

 

Itsasertzez egin dugu Marsalara artekoa. Tristura darie bazterrei, nahiz ugariak dira mahastiak, olibondoak, indipiku eta kanaberak, agian lohiak eta belar horiz daudelako kamino ertzak.  Ez digu ezer zirraragarririk edo deigarririk eskaini ibilbideak. Kuartel militarra izan da ezberdintasun bakarra: bada aireportu bat ere, hiru gerra hegazkin ibili baitzaizkigu gainean eta ia txapel gainean gortzeko zaratarekin, lurreratzeko ahaleginean; kilometrotako burdina hariz hesitako eremua da koartela.

Haize-errota ugari dago: harrizko oin zabal sendoen gainean errota borobilak, koniko gorriz pintatutako latorrizko txanoarekin gehienak.

30 graduko hozberoarekin gabiltza.

 

Marsala. Errepide bila sartu behar izan dugu  herrian, portu eta itsasaldetik inguratuz: baditu bazter atseginak, ikusi dugu ate  edo arku argi bat ere. Gatzaga asko ditu, zainduak, harrizko hesiz mugatutako putzu karratuekin; teilekin estaliak izan dira hainbat gatz pilo. Inguruko etxetxoak izan zaizkigu ikuskizun deigarriena, behe solairuko karratua argiak, afrikar etxeen jitea dute, horma leuneko etxetxoak inolako irtenik gabekoak.

Herri honetan lur hartu zuen Garivaldik mila gizonekin, Italia askatu eta batuko zuen lehiari hasera emanez.

“Esso” gasolindegia: olagarroaren beso luzeak.

 

Hortik etxera artekoa mendi-muino leunen artean egin dugu. Dena da mahasti, mahatsondo garai eta nanokoak, ugari, sartu berriak zenbait.

Marsalatik aurrera teilatudunak dira etxeak.

 

Salemi herrian ere sartu behar izan dugu: siziliar ohiko etxadi zabal handia, handikia izana harrizko ateburu borobilek erakusten dutenez. Kale estuko baina altuko parte zaharra ikusten zaio.

 

Indipiku sail zabala izan da ukitu ezberdina, sail landua, ilara luzeko soro zabala.

 

Vita, herritxoa, ez du bizipoz handirik, erabat etsitako herri baten etxeteria pilatu  kolorgetu hondatua dirudi.

 

Harrizko txabolatxoak berriro, mahasti mendigune zabal batean: herrialde bakoitzak, bere ohitura eta jokamolde ezberdinak ditu herri bakoitzak.

Eta honenbestez etxean ginen, haitz tzarren babesean eta itsasoaren baretasunak bilduta.

“Banda rumosa” deitzen diote errepide ertzeko mezuek errepidean tringili-trangala autoak dantzan jartzen dituzten zoruko goranzko irten gogaikarrioi. Poeta dira italiarrak.

 

196 kilometro, Erdi Arora jauzia.

 

“Artemi Cruzen heriotza”. Carlos Fuentes:

* “heriotzaren biki bat zirudien: loa”. Janariaren bikia da loa, bidaiariaren bi hanketariko bat. Egunerokotasun herrikoak ez bezala ekarri ohi dit loa bidaiak.

 

Maiatzaren 31.  Ostirala.  29.a-I:27.a

 

“Dendako leihotik”. David P. Tijero:

* “kapitalaren esklaboak, zenbat eduki hura balio”. Argi erakusten du bidaiatzeak globalizatu dela esklabutza hori.

* “Ez al zaigu barrikadaren bat geratzen amets egiteko?”.  Bidaiatzea da bidaiariaren amets egiteko barrikada.

 

Itsasoa bare, zurrumurru isila besterik ez dantzugu, eguzkiak urrezko bidea erakusten digu badia erditik mendi ostean azaltzean.

 

Autobusez egin dugu badiaren beste alderainokoa eta handik Palermorakoa,  errespetua diogu hiri handiko kale sareari eta kale-arteko trafikoari. S. Viton egon ginen, golkoaren mutur batean, gaur Punta Raisitik pasa gara, errepideko gorantz guneetan golkoa hartzen genuela begi bistan bere osotasunean: ederra eta erakargarria, erdiguneko gure kanpalekutik lez. Beste muturretik ikusi ahal izan dugu golkoa. Casteldemaretik bezain eder, zabalago, San Vitotik ezin baizen ikusi golkoa haitzetara igo gabe. Teatro klasiko erraldoia dirudi Golkoak, badia borobil erdia litzake eskenatokia, mendietatik itsasorainoko malda etxeteriz mailakatuta, aldiz, harmaileria. Kanpalekutik begiratuz arratsean pinporta zuriz malda berdea ia zuritzen duten etxeen artean egin dugu lehen joanaldia: etxetxo bakanak dira, ia txaletxoak, bere lorategi eta zuhaitzekin. Herriz herri doa autobusa Punta Raisiraino, golkoko jendea jasotzea da nonbait bere betekizuna, herrien barnera desbideratzen da bide-berritik; golko ertzetik aurrera, aldiz, autobidean sartu da.

Bihurgunez bihurgune egiten du bidea autobusak, orain behera orain gora, mendiarte eta zuloguneak zeharkatuz, mendi-magal barrenetan, tarteka zubi luze garaietatik, tarteka bide-berritik, tarteka herri-bideetatik, beti itsasotik gertu, itsas gain, itsasoa begien ikuskizun. Autobideak berak ere itsasertzetik egiten du. Bata bestearen atzetik datoz badiak, Palermoko lehen kaleetaraino heldu garen arte. Barrurantz, hurrago edo urrutiago, golkoa ixten joan den heinean hurrago, azkenik gain gainean, menditzarrak, amildegi gorrixkak, labar bertikal izugarriak, golkoa babestuz lur barruko haizeetatik eta lur barrua itsasoko ur eta haize ekaitzetatik. Mahasti eta olibondo artetik doa ibilia, sarriak dira indipikuak, kanabera da nagusi landugabeko sail istingatsu nahasietan. Arrain haztegiak diruditen pare bat gune itsasoan. Behi beltz batzuk ere ikusi ditugu olibondoen gerizan.

 

Maitagarriak egin zaizkigu siziliarrak. Autobus gidariak ez zuen inolako presarik, patxadan eman eta zulatzen zituen txartelak, aspaldiko erara, hilabetea, eguna, ordua eta prezioaren laukitxoa zulatzen zion bakoitzari txikitako klik hura esnaraziz nire oroipenean; eskuz jartzen zien ez dakit zer bonoarekin zetozenei; non geratuko eskabideei, gure eta gutxienez gure bezalako beste bi italiarrei, oso adeitsu erantzun die. Gazte pila sartu da bidean, ikasleak uste izan ditugu baina hirian han-hemenka jaisten joan dira, eta badirudi beste zereginen batzuetara zihoazela, bidaia-kide izan baititugu etxerakoan ere. Une batez, autobus osoa da eleketa ozen bizia: gidaria ez da isiltzen, atzean eskumako jarlekuan doanarekin lehenengo, eta bere atzeko jarlekuan doan neskarekin gero emakumea jaitsi denean, isilunerik gabeko erretolikan, sartzen diren denak dira ezagunak nonbait, eguneroko bidaia-kideak, elkar agurtu, eta elkarrekin kontu-kontari doaz, bozgorailu batez hitz eginaz, elkarrizketarik ez daraman gizonak telefonoz egiten du, besteak bezain ozen edo ozenago. “Bon giorno  a tuti” ozen bat boteaz jaitsi da bikote gaztea herri batean. Familian bezala doaz. Gazte batek zinta konkretu bat jartzeko eskatzen dio gidariari, gaur hasten den mundialeko futbol partida jartzeko telebistan eskatzen dio beste batek. Itzuleran, geltokian ordez,  etxetik erosoago gelditzen zaion tokian geratzen zaio zenbaiti gidaria. “Arrivederchi”, edo “Chao” ... denoi ozen eskainiz jaisten da bidaiaria, eta berdintsu erantzuten diogu denok: horrela joan da husten autobusa itzuleran. Takian-potian jotzen du tutua gidariak, baina ez haserretzen delako beste gidariekin, badoala gaztigatzeko baizik, edo kontuz egoteko; erabat gaizki, ia kale erdian aparkatuta arren, edo erdi trabeska, aparkatuta dagoenak atea irekitzen badu ere ia kale erdia betez... ez da haserretzen, normaltasun osoz hartzen du, tutua jotzen die badatorrela gaztigatzeko, itxoin behar badu itxoin, eta kitto!..

 

Txukunak, zainduak, zabalak, dira herriak, ez asko, guti batzuk baizik; barnealdeko herri haziak tarteka; eta itsas kontra hondartza gaineko Marina izena duten guneak, esnatzen eta gertatzen doaz une honetan. Palmondo ugari da herriotan, bertakoak dira edo apaingarri birlandatu dituzte, girotzeko.

 

Trapeto. Kale bihurriko herri txukuna. Plaza zabal dotoretu argia, elizako fatxada zuriak eguzkiaren argitasuna zabaltzen duela dirudi.

 

Balestrate. “Ogni popolo ha il goberno che si merita”, eta ondoren gaurko hitzordu bat nonbaiten. Herriko plazan iragarkientzako oholean eskuz eginiko kartel zuria.

 

Badia txikitxo bat Palermo aurretik, bertan izan da etxe laru kolorgetu pilatuak dituen herritxoa, abaraska, eztia kendu dioten gelaxka hilak, irudi; bateltxo pila zetzan hondartzan, etzanda, lo edo nork esnatuko zain.

Hiriko kale-artean ginen ustekabeko berehalako batean.

 

Palermo. Izan zen eta da. Kaledi berria, eta portua nagusitzen zaizkio gaur egun. Hiri bizia dirudi: etxetzar, etorbide, dendateria, lorategiak, monumentu ederrrak... eta trafiko trinko eta gordina ditu, baina  ez Napoliko edo Cataniako kaosik: agian ordu egokian suertatu gara. Alde zaharrera mugatu gara gu.

Badute zer berritu, zer berreskuratu; ari dira, baina sekula santan lortuko ote!. Izan zenaren itzala du berekin kale bakoitzak. Mila ñabarduratan ageri da izanaren itzal hori: ateak, gargolak, hondatutako jauregiak, patio bertan behera geldituak... Hiri zaharra, erabat zahartua.  Kaledi estuko bihurria da hainbat kale-guneetan.  Zaharra, hondatua eta utzia, agerian du izana zaharreko zenbait kale-artean; geratzen zaizkio oraindik izanaren izpiak. Hiriari zenaren loria eta izena gordetzen dien monumentu zoragarri paregabeek egiten dute erakargarri. Bizi-bizia da alde zaharra, jende pila dabil, badira zenbait kale non kalean bertan edo barreneko ageriko lantoki txikietan lantzen duten burdina edo zenbait metal mota, antzinako altzairuak berreskuratzen ari dira zenbaitzuk, fruta dago kalean salgai,  galdaragileen kalea...  baina ez da Napoli, hemen ez da kalea saltegi bihurtu, ez dago balkoitik balkoirakoa arropak eskegitzeko sokateria… baina xarma du. Izan da arabiar emakume bat,  ohikoa duten gona luzea, aurpegia ez  ezik begiak ere estaliak zeramana: dotore eta zut, galdu da kalearte estu batean; orain arte ikusi dugun arabiar jantzitako emakume bakarra izan da, ez dugu ikusi ezta buruko zapia daraman emakumerik ere; ikusi dugu, bai, ikastetxe batetik zetozen arabiar ume pila, arabiar ikastetxea behar zuen, irakasleak ziruditenak eurak ere arabiarrak baitziren; guraso pila etorri zaizkie bila, ume txikiak baitziren: ez dakit ze integrazio edo irakaskuntza modu izanen den; bakoitzak daki nola aurre egin arazoei. Ezkontza pare bat aurkitu dugu, bukatu berria zen zeremonia: segizioa eta ezkongaiak kalean, herri herriko giro xumea, egun pasa alaiko aurpegi alaiko koadrila dotoretxo jantzia. Ohi denez, eskolaumeak bisita-gune ospetsu bakoitzean, eskolako patioa zirudien katedralak, umeak isilarazteko irakasleen ahalegin guztiak ustel zirelarik.

Hur-hurrean ditu menditzarrak, sarreran bertan, biluzi berdexkak, eta zenbait kale luzeetatik ere han ageri dira mendiok ostean. Ferry handiak portuan, burdina-baso dira garabi tantaiak eta baso zuria belaontzien mastateria aisia portuan. Kale bukaerako argiunea zeharkatu du ferry erraldoiak, txunditurik begiratzen geniola.

Ez da hiri ziurra nonbait, guardia egiten dute poliziek banketxe aurrean  metraileta eskuan eta balen babesgarria bularrean.

Bost ordu egin ditugu atsedenik gabeko oinezkoan, etxerako ordua zen gorputzak “nahiko” esaten hasi zaigunean; bakeak egin ditugu hiriarekin, ibilia luzatuz nekea metatzea ez zela hiriari buruzko iritzia hobetzeko erabakirik egokiena izango uste izan dugu.

Oso erlatiboa, aleatorioa, litzatekeenez ikusitakoak sailkatzea, ikusi ahala ikusitakoak kontatuko ditugu, gure iritzi eta sentipenarekin batera. Labur, kontatzekoak baino ikustekoak baitira ikusitako altxorrok. Izana eta izenaz gain, direnak.

 

Giardino Garibaldi: Fikus erraldoiak gogoratuko ditugu, mila gerri eta erro toles-gunetan gizentzen diren hiru zuhaitz tzar.

Chiaromonte Palazzo: aurreko plaza inguratuz, leiho gotiko apartak dituen eraikintzarra, polizien kuartel bihurtuta; plaza beraren beste alde baten leiho gotiko ederreko beste palazzo bat.

S. Francesco d´Asisi eliza: joan eta ikusi, hilobi pila, koadro, ganga pintatu, marmol itsatsitako aldareak, sagrario landu urreztatuak, freskoak, organoa osagai duen erretaula, koruko organo bitxi deigarria.... mila taila, zizel eta artelan eder.

Convento dela Gancia: arrekoaren alboan, sarrerako ganga pintatuak, lehengo leihoteria patioko zoru mailan, berritutako kanpandorrea,  lehengo kanpaia erakusgai ezer ez badu ere... egoitza ofiziala da gaur egun.

Mezkita: ez du ezer, erabat hondatua, kale-arte triste baten galdua eta utzia, eliza ere izan zen gero nonbait, baina han dago beste garai eta kultura batzuen oroigarri.

Piaza Bellini: merezi du bisitatzea, bertan baitaude ondorengo altxorrak.

La Martorana, horrela deitzen dute Sta. Katarina eliza, sekulako ezustekoa, kanpoko berrikuntzek ez dute barruan aurkituko den altxorra iragartzen: atze aldea dena dago freskoz apaindua, korupeko eta elizako ganga eta ia horma oro, irudiz eta kolorez bizia eta oparoa; sekulako marmolezko artelana da presbiterioa, marmol itsatsia, farfailezkoak dirudi zenbait zatik; erdigunea da zirraragarria, bizantziarra, sekulako mosaikoak, ganga, horma eta zirrikitu oro beteaz, kolore biziko irudi pila, irudiak eurak ere maitagarriak: eseri jarlekuetan eta txundituta begiratu, birbegiratu eta begira jarrai, berak bakarrik merezi zuen Palermora eta Siziliara bidaia.

 S. Cataldo eliza: bigarren ezustekoa; kanpoko egiturak erakusten du hemen zer aurkitu daiteken barnean:  meskiten antzerako eraikin karratua, leiho filigranaz loratuak eta hiru kupula gorrizka; barrutik hiru nabeko eliza, hiru kupula ditu erdiko nabeak: erabat austeroa, inolako apainduriarik gabeko horma eta zutabeak besterik ez du. La Martorana loratuegia, apainduegia, jantziegia, apainduegia bazen beste hau biluzia da, biluztasunak ematen dio indarra: biak altxor paregabeak, apainduriagatik bata, egituragatik bestea.

Piazza Pretoria: aurrekoaren alboan, azpimarratu beharrekoa;  eraikintzar ederrek osatzen baitute, jauregi, eliza...

Fontana Pretoria: Piazza Pretorian, sekulako altxorra, marmol zuriko iruditeri erraldoi ugaria iturriaren plater borobiltzarra inguratuz, edertuz; garbiketa lanetan ari dira, baina zabalik uzten dituzte leihoak oholezko hesian, iturria ikusi ahal izateko.

Quattro Canti: kale-gurutze bitxia, alde zaharreko kale nagusi biak gurutzatzen diren kale-gurutzea: sekulako lau kantoi dira, antzerakoak laurak, bakoitzak iturri handi dotore landua du behean, Pelipe errege espainola omen denaren marmol zuriko irudi landu ederra, eta gorago ez dakit zeren sinbolo den beste gizairudi marmolezko zuria; horrez gain mila bitxikeria zizelatu eder, barroko espainiarraren adierazgarri petoa omen.

Katedrala: arnasa handia ematen dion plaza zabala du aurrean; sekulakoa hau ere, siziliar normandoaren ezaugarrienetarikoa omen: kanpotik dorre, dorretxo, kupula, ate, leiho... dena dago landua, dena zizelatua, harri zati bakoitza da artelana, gehiegizkoa; luze erraldoia; hiru nabe ditu eta albokoetako nabe bakoitzak zortzi kupula; santu-irudi pila, zutabe bakoitzak berea;  lau hilobi: binaka, elkarren parean, harrizko erreselarekin bakoitza; erregeen hilobiak; bataiarria zizel-lan aparta; ohi denez, aldare pila bere koadro eta irudiekin, aldare bakoitzean gotzain eta jauntxoen hilobiak bere bustoekin, dena harri edo marmol bikain zizelatua; presbiterioko ganga pintatua: fresko aberatsa hau ere irudi eta kolorez; alboko horma biak betetzen dituen sekulako zizel-lan erraldoia, harrizko tapiza bailitzan; organo potxoloak presbiterioko alde bakoitzean...; eta hara non hemen ere: ganga bateko zulotxotik sartzen den eguzki izpiak argitzen du eguzki argi borobiltxoz garaiko urtaroa eta garaia zoruan marmolez marrazturiko lerroan: gaur eguzkia zenez han zegoen borobiltxoa lurrean jubilatu koadrila baten harridurako, denak luzaroan begira, alde ezinik ni argazkia ateratzeko zain nindutelarik. Azoka zirudien katedralak, hango berba-hotsa!.

Palazzo Arcivescovile:  artzapezpikuaren jauregia, izugarri handia, behatoki xume baina handiarekin katedralera aldeko kantoian, arkudun patio zabala; gaur egun seminario bihurtuta dago.

Palazzo dei Normanni: errege jauregia izana, Legebiltzarra da gaur egun, normandoek jasotako baten gainean eraikia omen; estilo bitxia du, antzinako gaztelu tankeran eraikia, harrizkoa leiho gotikoekin, ez da erregeek ohituta gauzkaten palazzo karratu horietakoa.

Eta eliza pila, kale guztietan, bakoitzean ia bat, handiak eta txikiak, handikiak eta umilak, sekulakoak eta apalak... gehienak hertsiak, utziak eta hondatuak asko.

 

Eta izozki gozo aparta xurgatuz egin dugu Corso Vitorio Emanueletik gure autobuserainokoa. Nahikoa genuen bost ordukoarekin.

 

Gaurko kilometroak, behatoki zen autobusean.

 

Hasiak gara Sizilia beroa ezagutzen. Gaugiro paregabea dakar berarekin beroak, ondorioz, golko argiz inguratuaren ikuskizuna izan dugu.

 

Artemio Cruzen heriotza”. Carlos Fuentes:

* “Nahitaezkoa zen leku batetik ateratzean, egitekoa beti argi izatea, eta urrezko hari hori inoiz ez galtzea:”. Argi izan behar du bidaiariak lehen eguneko urratsaren aurretik nondik norakoa, eta nondik nolakoa.

 

 

Ekainaren 1a. Larunbata. 30.a-I:28.a

 

“Dendako leihotik”. David P. Tijero.

* “Abiatzeko garaia, ...”. Bidaiariarentzat beti da  abiatzeko garaia.

* “kobazulotik ateratzen naiz mundu berri baten itzalak baino gehiago behatzeko / ezagutu baina inoiz ikusi ez ditudan beste mundubizitzak / lurralde eta jendeen artean nahastatzeko ...”. Hori da bidaiarian katekismoa.

* “Musika dugu lotura bakarra geure aurreko bizitzetatik”. Barrengo musika batez ere, zeren kaseteak huts egin baitigu aurten ere.

* “mundua, bakarra bazen ere, errealitate anitzez beterik zegoela”. Dagoela: bidaiariak berehala frogatzen duen egia.

 

Kotoi hari meheenik ere ez zen borobil goria mendi ostean agertu zaiguneko goiz berri-berrian.

 

Arrantzontzi nano bat jarri zaigu ia gure oinetan, brankan arrantzale bat zut zela ibili dira lehenengo, sarea non bota edo. Motorra tar-tar leunean, sare luzea bota dute espiralean, kanpotik barrurako espiralean; barruan geratu dira, ontzia espiral barruan erabili dute, marineletako bat, bi ziren, arraun luzea eskuetan batel gainean trabeska, eserita, danga-danga egur soinu ozena atereaz ibili dira aldi batez. Ondoren sarea atera dute, batek arraunez batelari ia geldi aurrera eraginez, bestea sarea jaso eta tolestuz;  eta joan dira. Ez diet arrainik ikusi sarean.

 

Gasa erosi dugu. “hamabost”  esan dit dendariak. Hamabost euro eman dizkiot, baina ziria sartu  didan sentipena dut, ezin du bi mila eta bostehun pezetarik balio bonbona txikiak, bonbona  handiak milatik ezer gutxi gorago egon baita duela gutxira arte. Agian 15 mila lira zen, eta marrazoak begi argiz jokatu du, bere “hamabost”arekin. Nahiko desgrazia du mila pezetagatik horrela zikintzen denak.

 

Egunotako giza eta lurralde paisaia lehen zatian. Indipikuek eta kanaberek terreno pobreren itxura ematen badiote ere tarteka, pinu lerden buruzabalek neutralizatzen dute iritzia. Alcamo-ra bidegurutzean “Ardoaren ibilbidea” iragartzen du gezi marroi batek. Mahastiak ikusi ditugu ohi dugunez egunotan, beraz ez gaitu erorarazi ardoaren inguruko tentazioak.

 

Alcamo. Izugarrizko ikuspegia eskaintzen du: golkoa ia bere osotasunean ikusi ahal da.

Jauregiak eta elizak aipatzen ditu gidaliburuak, baina Siziliako herri handi bat besterik ez dugu aurkitu, munstro bat, kale-artean sartzeko irriki izpirik ere ez digu eskaini. Erdigunea deitzen dioten Alde Zaharrera egin dugunean ere. Jauregia izango zen etxe koadro harrizko handi ederra, besterik ez dugu aurkitu. Beraz aurrera egin dugu. Gero jabetu gara bagenuela kale-artean sartu eta bestaldetik ateratzeko aukera, bazirela ere dorre ederreko elizak. Nolanahi damurik gabe utzi dugu.

Kale estuan norabidea erabat betez zetorren gazte bat gainezka zegoen esku-gurdiarekin; kontrabidean bera, aurrez zetorren autoaren zain egon behar zuela uste izan dugu, gazteak, baina, haserre egin digu berari bidea oztopatzen geniolako nahiz gure bidea zen; muturra sartu eta besteak geldiaraziz egin dugu aurrera ezkerretik, baina inor ez da haserretu, inolako keinurik egin ere. Hori da hemengo ohitura.

 

Isogurdia da tresnarik erabiliena, kale garbitzaileek, nekazariek fruta biltzeko... erruz darabilte oraindik. Fiatiloa ere takian-potian dugu aurrean gure ibilia mantsotuz edo gure pausoan gurutzatuz.

Bide-berritik egin dugu gaurko gure helburura. Sekulakoa izan da: mendi artetik egiten du joana, menditzarren erdigune estutik, behatoki bihurtzen dela errepidea, itsaso, itsas gaineko lautada istingatsua dirudien ordeka berde zapala baita.

 

Partiniko, itsas gaineko ordeka zabaletik mendiraino mendian gora ere egiten duen etxeteria ikaragarri zabala: buztin gorriko lauza erraldoia dirudi goi aldean, teilatu gorriko esparru ikaragarri zabala mendi magalpean;  beherago, aldiz, abaraska horixka den zabaltza teilatutzat duen etxeteria: burdinazko ur-biltegi handia du etxe bakoitzak zabaltzan, ura ontasun urria dela erakutsiz; goilautadako lantegi batean ikusiko dugu hainbat eta hainbat biltegi egiten dituztela.

 

Mendiarteko ibili soila izan da bigarren bide zatia, alboko menditzarra soildu, harritsu eta berdeen malda eta mendi-zuloa genuela lagun. Zirrara eragin digu: ia bat bera ez dugu ikusi bidaia guztian, eta hara non behi bat agertu zaigun, noraezean, errepide erdian, auskalo nola eta nondik errepidera jo eta atera ezinik.

Mila bihurgunetan sigi-saga doa errepidea. Atsegina turista lasaiontzat.

Goilautada izan dugu gero, larre mendiak, haziendarik ageri ez bada ere. Txaletxoak egin zaizkigu berrikuntza hemen: goazen mendian ez ezik, aurrean zabaldu zaigun mendiarte eta bailara zabalak biltzen dituzten menditzar berdeen magaletan barreiatuta daude txaletxook, teilatu gorriak, mona mantangorri izurritea arbola artean. Palermo dakusagu aurrean, badiaren erdia ikusi ahal da, etxeteriaren zati zabala...

Sizilian ikusi dugun bele bakanetarikoa izan dugu aurrean, errepidean zapalduriko haragikia jaten.

Zulorantz aldats etorri da bidea, behera pikoan.

 

Pioppo. Errepidearen alde bietako etxe ilarek osatzen dute herria. Ez da gozoa izan zeharkatzea, sigi-saga joan gara, ezkerrean zein eskuman, edonola aparkaturik zeuden, eta aurretik zetozen  autoei, kale erdiko oinezkoei, iheska, beti milimetroetara. Beraien kultura da hori. Poliziak ere berdin aparkatzen du bigarren ilaran beste batentzat ere lekurik utzi gabe norabide biak dituen errepidean, etengabeko zirkulazioa duen kalean.

 

Bi aldiz gurutzatu behar izan dugu trenbidea gaur, haranzkoan eta itzuleran, eta bietan izan dugu trena, bagoi bakarreko inguruko trena.

 

Monreale. Herri sakabanatua; kale estuko Erdi Aroko herria genuen helburu guk. Ez gara herrian ibili baina, eliza eta klaustroa dira herriko altxorrak eta altxorrok mirestera goaz bisitariok, autobuskadaka, dozenaka autobus, uholdeka oinezkoa autobusetatik herrira, bihotzari masajea emanez eskailera pikoetan eta bide diren kaleetan. Saltegi bihurtuta dago goiko plaza: kinkilateria merkea, gatozenok ez baikara aberatsak. Eskalea ere franko. Hor da, hemen ere, bere gurdi pintatuari argazkia ateratzearren sos batzuk eskatzen dituena. Baina badira mosaikora dedikatzen diren dendatxoak, bertan egiten dituzte mosaiko lanak, lana egiten ikusteko aukera du erosleak; bada lan politik.

Palermorainoko, eta inguruko menditeria zein maldetako etxeteriaren sekulako ikuspegia

Duomo. Sekulako eliza bizantziarra, dena mosaikoz edertuta; sekulako mosaikoak, ederrak, elizotan ohi denez; horma eta arkuteria oro da mosaiko distiratsu eta deigarria;, bertan  Testamentu Berria zein Zaharra daude kolore biziko harritxoz osaturiko irudiz azalduta. Sekulakoa. Harrigarria, eseri eta txundituta, ahozabalik, begira egon. Ganga zurezko polikromatu miresgarria. Zorua bera ere mosaikoa da, nahiz xumeagoa. Aldare nagusia zilarrezko artelan sekulakoa. Badira bi hilobi ere, begirada erakartzen duten ederrak. Sarrerako bi ateak, nagusia bereziki, brontzezko artelan harrigarria da, dena irudi nano txiki 40tik gora laukitxotan. Kapitelek ere zizel lan apartak dira. Absidea kanpotik ere da, ezberdina, arku pila harri beltzeko inkrustazioz deigarriagoak.

Klaustroa. Arkuteria bikaina osotasunean, baina sekulakoak dira xehetasunak ere. Zutabe erdiak, mosaikoz edertuak daude, diseinu ezberdineko apaingarriz: sekulakoa. Kantoi batean iturria: burutxo nano pila duen zutabe luze bat, iturria da buru bakoitza, marmol zurian tailatutako emari bihurtuta. Hondatuta dute mosaikoa zenbait zutabek, horrek erakusten du mosaikook egiteko teknika: zizelez zulatuz marrazten zuten irudia zutabean, gero masaren batekin betetzen zuten kanaltxoa  eta masa horretan ezartzen zituzten zeramika-harritxook.

 

34 gradu genituen aparkalekuan 12ak eta erdietan.

Opari denak erosi ditugu, baina ez dugu lortu telefonoz hitz egiterik.

 

Etxerakoan, bide berdinetik, sekulako ikuskizuna izan zaizkigu teilatuz gorritutako mendi maldok. Berdegune erakargarri horretan zementu gris argiko zubitzarrak, malda alderik alde zeharkatuz tarte luzeetan.

 

Larunbata izaki, jendea etorri da kanpinera;  ia bakarrak izan gara egunotan, gaur, aldiz,  koadrila gara. Jendez bizi-bizi dago hondartza ere. Herritar jendea, bikote gazteak umeekin, familia giroan, edo gazteak kalaka zalapartatsuan hondarrean etzanda zein baloiarekin jolasean. Bada peskaririk, denbora-pasa barean edo afaritarako zerbaiten itxaropenean.

 

101 kilometro, mosaikoek merezi izan dutenak.

 

Itsas bainu gozagarriarekin osatu dut gaur hondartzako ibilia.

 

“Artemio Cruzen heriotza”. Carlos Fuentes:

* “Ezin bizi daiteke ordea harrotasunik gabe”. Harrotasuna ez da besteekiko mesprezua. Bidaiariak harro erakutsi behar du bere nortasuna eta herritasuna, baina aldi berean dagoen herrikoen harrotasuna eta herritartasuna errespetatu.

etiketak: Italia, Bidaiak 02
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.