Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar

BIDAIAK 2001. BRETAINA HANDIA

Jon Etxabe 2022/08/08 16:00
EKI YORKSHIRS. Malton, Scarboroug, York, NORTUN BERLAN-NORTHUMBRIA. DURHAN KONDERRIA. Durhan, Adrianoren harresia, sukar izurritea, Newcastle,

Maiatzaren 19a.   Larunbata   18.a – I:17.a

 

“Puskak biziz”. Juanjo Olasagarre.

* “Hiltzea, ze putada, ... hiltzea ... zaunk-zaunk”. Bizi osoan zaunk-zaunk duguna ezin izan putada, bestela akabo bizitza.

* “Bihotzak egiten digu zaunk / inongabeko errefuxiatu garelakoz”. Hala gara erbestean ere, bidaietan ere beti dugu tentsio puntua.

 

Oskarbi argitu zaigun eguna, lainotua genuen eguerdirako.

 

Eki Yorkshire dugu gaur helburu, itsasertza, Ipar Itsasoko itsasbazter eta itsaso-herriak.

Ingalaterra noiz utziko sentipena bizi dugu jadanik, dena baitzaigu berdina edo antzerakoa: lurralde berde laua edo mendi-muino leunetan harrotua, hesi berdez sailkatua, galsoro berdeak, koltza sail horiak edo larre berdeak, artaldeak, behiak, zenbait zaldi, eguneroko zerri-saldo..,  batez ere adreiluzko herritxo gorriak zuhaitz artean zapal itsatsi ezkutatuak, herri hilak non badirudien bakoitzak etxe-bueltako hesi barrura mugatzen duela ibilia, etxe dotoreak, etxeetako beha-leihotxoak, etxe-bueltako txukuntasuna, granjetako txabolateria eta korta itsusiak, korton inguru zatarrak..., elizak ukitu ezberdina duten arren denak gotikoak, koruak banatzen ditu bitan koruak, denek dute taila eta zizel-lan apartak, hilobi pila, kaperak, erretaula, dorre karratuko eliza gotikoak, dorre punta-zorrot bat tarteka, haritza urkia edo pinua nagusi duten baso-kaskoak, zirimiria edo eguraldi iluna, ibaitxoak, ur bilduak, ejertzitoaren presentzia ia etengabea... Herri edo herritxoetan ez zaigu ezer galdu, kanpotar eta bakar sentitzen gara. Gurditxoak daude tarteka apaingarri, erakargarritasunik gabeko gurdi xumeak. Gortinak: landu dotoreak, gustu handiz jarrita; zenbaitzuk leiho erditik behera soilik estaltzen edo dotoretzen dute, argia goialdetik sartu ahal dadin nonbait, baina beti beheko erdigunean tartetxo dotorea uzten dute, kuxkuxerako seguru aski. Errepikakorra zaigu dena, baina aldi berean erakargarria eta ederra ere bai.

Egunero errepikatzen zaigun ikuspegia, leku oro eta ibilaldi orotan. Eskozia dugu bada amets orain paisaiak aldaketaren bat izanen duelakoan.

 

Ez da topikoa ingelesak Europatik ezberdinak direla ustea. Etxatoiei begiratzea besterik ez dago: ezberdina da autoekiko lotura-gailua, ezberdina gehienen aurre aldeko leihoa, hiru beira ezberdinetan zatituta baitute Europako gehiengoen  beira bakarraren ordez, kanpoan dute komun-ontzia gurpildun eraman erraza gehienetan, kanpoan dute ur-deposito borobila hau ere tramankulu eraman erraza. Ezberdinak eta erabat praktikoak dira ingelesak.

 

Gaur ere militarrak izan ditugu errepidean. Gora heriotza!.

Behi iletsuak gerta zaizkigu gaur osagai berria, lur barruan bilatu ditugu lehenengo, itsasertzeko larretan gero; hiletsuak, manta handia dutela gainean, negu hotzerako prest beti, hemengo beroaren beldurrik gabe.

Nahiko ugari ikusten dira auto deskapotagarriak. Gaur aspaldiko modelo muturluzeak izan ditugu ikusgai kostaldeko errepideetan, harro doaz gidariak ere ezohizko autootan ikuskizun direla jakitun.

Izugarrizko trafikoa izan dugu.

Gaztelu, monasterio, jauregiak... ugari eskaintzen dituzte kartel marroietan  gaurko ibiliko errepide ertzetan.

Hilerrietako elizatxo xarmantak, atzo bezala gaur ere, hilerriak inguraturiko herriko elizak ote diren zalantza uzten digutela gaur ere.

 

 

EKI YORKSHIRE

 

Malton.  Bi eliza normando ikustera joan gatzaio. Merezi izan du bisitak: larunbateko merkatuak betetzen zuen plaza, pil-pilean zegoen herri osoa. Adreilu zuriko etxetxo ugari sarreran, ondo-bizienak diruditen etxe dotoreak herriko sarreran; herriko bertakoak, berriz, etxe arruntak dira, xumeak, plaza eta eliza bueltako zenbaitzuk ezik. Azoka txikiak ez digu ezer berezirik eskaini, berdina zitekeen Euskal Herriko edozein herritakoa, baita herritarren janzkera bera ere. Herri handia, zabala, harrokeriarik gabekoa herritarrak bezala: dena da xumea hemen. Ez gara kanpotar sentitu, ordubete goxoa egin dugu kaleetan. Auzo zaharrean ba dira bi etxe bitxi: ohol ilun zabalez estalita dute erditik gora fatxadako horma-buelta osoa: lehenengoz ikusten ditugun etxe motak, orain arte bakarrak; lastozko teilatudun etxe bat ere bada auzo berean, azken egunetan galduak genituenak; auzo berean beste bien antzerako hirugarren eliza bat.

Kale-kantari bat zen azokako izarra, irlandarra zirudien ilegorri prakamotza: aspaldiko soinu txikia jotzen zuen eta edonondik entzuten zitzaion ahots sarkor batez abesten. Ez zioten sos askorik botatzen.

Itxita aurkitu dugu elizetako bat, herriko ertz batean kokatua: arku motzeko antzinako gotikoa, dorre sendo gotor burumotzarekin. Bigarrena, herri erdian, zutabe borobil sendokoa, erabat austeroa, bitxikeriarik gabe normandoa behar duen bataiarria ezik. Elizako bitxikeria apaiza izan zaigu, emakume koadrilarekin kafea hartzen kontu-kontari eliza barrenean. Ohitura da nonbait, kafe-te ordua iragartzen dute sarreran, kafea hartzera sartzeko konbita eginez edonori. Eliza aurrean etxean eginiko lantxoak edo etxean hartutako loreak saltzen dituzte elizarako sos batzuk atera asmoz.

Aparkalekuan txartela jasotzeko diruaz gain matrikularen zenbakia sartu behar zaio makinari; ikasia dugu tranpa: bertan dagoen beste auto batena jarri eta kitto.

 

Errotarria agertu zaigu berriro zenbait etxaurre dotoretzen.

Harrizko eliza-dorre zorrotza, ezohizkoa, leihotxo gotiko dotoreekin.

Zuriz pintatutako harrizko etxe ederrak, jauntxo-etxe jitekoak.

Zergatik ote adreiluzkoak etxeak?. Agian ez dute harririk, eskurago eta baliagarriago dute buztin-lurra. Frantziatik eta Doveretik ekarri ohi zuten katedralak eraikitzeko harria.

 

Scarboroug. Egitura bitxia du herriak, ebakidura sakon baten bi aldetara eraikia dago nagusiki, bi zubi garai lerdenek lotzen dizkiola alde biak. Goialdean dago herria bera, kale-sarea, txukuna, bainu-herri edo udaleku ukitu nabarmenez bilduta, dottoretasun punttua erakutsiz; beha-leiho bakoitza ezberdin pintatuta, oholezkoa izanik bakoitza bera bere kolore propioarekin, arkupedun atariko etxeak...; sekulako hotelak ere baditu, itsasgainean eraikitako eraikintzar dotore sendoak. Bitxi dager pendiz gainean elkarren gainean jarritako kanpairik gabeko hiru kanpai-zulo dituen kanpai-hormak bitxia bihurtzen duen eliza gotikoa. Hila dago kaledia, aparkalekuak eurak ere itxita gehienak. Hondartzatik oso goian ikusten da hiria, eliza eder handia nabarmentze zaio etxartean, albo batetan berriz, itsasgainean eta tontorra inguratuz harresia, gotor eta luze. Hiriaren barrenean, hondartza, hor dago gaur herri-giroa. Erruz dabil jendea, bisitaria, herrietatik etorritako igandezalea, mota eta adin oroko herritarrak, herritar apalak, herri xumea: hondartzan, hondartza gaineko pasealekuan, dendaterian, makina txanponjale aretoetan, baina batez ere jaten, fish and chips famatuak gehien bat,  edozein bazterretan eserita, nahiz zutik, eguneko bazkari-pasada nolabait eginez; bada hondartzan bazkaltzen duenik, koadrilan etxetik ekarritako otarra irekitik ari dena, harea gainean zapi zabala jarrita.

Luzea eta zabala da hondartza, egun aparta arren ez da inor uretan, jende asko dabil oinezko ibilian, baina batez ere asto gainean: Mijasen herrian lez hemen hondartzan dabiltza astoak, umea dela batez ere asto gaineko, zazpi-zortziko asto-taldeak, hondartza dutela ibilbide.

Portua hondartza ertzean, bitan banatuta: belauntziak daude alde batean eta arrantzontziak bestean; txikiak dira belaontziak, arrantzuntziak berriz arrastuntziak. Ugariak dira ere jendea erabiltzeko ontziak, etengabe dabiltza portutik hondartza aurrean ibilalditxoa ematera datorren jendea garraiatuz: igandezaleak egunari zukua atera asmoz etorri dira, eta gustukoa dute nonbait ontziotan itsasoaz gozatzea.

Las Vegas dirudi hondar gaineko etxe ilarak, koloretsua, hizki handiko izenez dirdiratsu: behe solairu oro da joko-etxe edo txanponjale makinaria-gune: areto eta makina denak daude jokalariz, umeak eurak ere makinetan ari dira, dirua bota, biraderari eman eta segi jokatzen: izan da 6 bat urteko umea gurasoekin jo eta ke jokatzen. Kinkila-dendak ere etengabekoak dira, txosnateria ere zer esanik ez..., ugaria da itsasgaineko eskaintza. Giroa, bizi bizia. Itsas ertzeko giroa ezagutu nahi genuen eta aukera ezin hobea gertatu zaigu. Bizipoza nabaria da. Udaberrian herri eta herrialde oro da antzerakoa.

 

Herritxoz herritxo, itsasgain-itsasgain aldi batez, Ipar Itsasoa aurrez aurre, egin dugu joanaldia. Itsaslabar garaiak, gorrixkak une batez, zuriak gero, izan ditugu ikuskizun

Filey eta Bridlington herriek tentatu gaituzte gelditzera: giroa ezagutu eta eliza-dorreak ere bikaina zirudielako, baina etxerakoa hartu dugu, ikasia dugu lehen asteotan, kontuz ibili beharra dugula nekearekin. Ezin izan dugu argazkirik atera, ezineko da errepidean geratzea.

Bi aldiz gurutzatu zaigu trenbidea: ez du ez argi gorririk ez langarik.

Karenatutako motortxoa, 3 gurbileko ibilgailu bihurtuta: bi aurkitu ditugu, bada italiarren bat ere hemen.

Izugarrizko ordeka agertu zaigu errepideak gora egin duen mendi-muino batean, alderik alderako lautada lau norabidetan, berdegune eder aparta, urrutiko lausoak mugatuta, begientzako aparteko ikuskizuna. Lur landua da gaurkoa, ez da granjarik, hazienda gune bakarretan soilik.

Elorriondoak dira soroetako hesiak. Elorri-hesiak. Soilguneak ere kimu berriz betetzen dituzte, tradizioak dirau.

Haize-errota elbarritua, kono bat besterik ez da, bai burua bai besoak falta zaizkio: utzikeri itxura, irudi tristea eskaini diguna.

% 17ko goitik beherako pikoa izan da une batez errepidea.

Zaldi pila, 30etik gora, errepide ertz zabalean bazkatzen; lotuta daude. Ijitoak dira ugazabak, etxatoietan daude errepide bazterrean. Agian bada merkaturen bat eta tratura etorri dira zaldiokin, eta pentsu merkeaz baliatzen dira.

 

181 kilometro, bideetan nahastu gabekoak denak.

 

Oso guti erretzen dute ingelesek kalean, ia ez da inor ageri zigarroa ezpainetan.

Hainbat telebistaren esataria entzuten zen ozen gauez, hainbat mutikok jantzi du futbol-talderen baten kamiseta. Futbolak ez du atsedenik asteburuan, asteburua da izan futbolaren garaia, lasaitasun bila datorrenaren infernutxo edo zerutxoa.

 

“Lur bat haratago”. Joan Mari Irigoien.

* “Liburuak halere erosten dituk, batzuetan jakinaren gainean, eta bertzetan jakin gabe” Jakin gabeko horiek izaten dira ezuste goxoenak.

* “Zeren eta batzuetan, heriotzari ihes egitea heriotza handiago batean sartzea izan baitaiteke”. Bizirik irautearren natura bortxatzen denean, bai. Zuhurragoa da garaiz alde egitea bizirik hilda jarraitzea baino.

 

 

Maiatzaren 20a.   Igandea.  19.a – I:18.a

 

“Puskak biziz”. Juanjo Olasagarre:

* “Gure arbasoak -diozu- benetan / bizi ziren urtaroen joan-etorrien altzora”. Bidaiek markatzen dizkigute guri urtaroak.

* “Soroek larre diraute”. Ingalaterran soro diraute, baita larre ere, baina abereen bazkaleku oparo.

* “Egunen zakarrontzira abiatzen dira / gure egunak / ez itzultzeko”. Gusturagokoa dut Egunkariaren  edo Ordenagailuaren zakarrontzira abiatzea, nolabait edo zati batzuk behintzat berreskura ahal izateko.

* “”Eta ametsei dagokionez ... / nik bezalako batek / zein aukera zuen aberri galdu horretan?”. Ametsean darrai, ez ukatu besteei norberak galdutako itxaropena.

 

Afalondoren bertan egiten dute gehienetan harrikoa emakumeek, afaldu ere goiz egiten dute, horrela niretzat soilik ditut goizero harriak lehen orduan, goizez egiten baitut nik harrikoa.

Zalantzak izan ohi dituk sarri birigarroak ote diren zenbait motadun papar argiko zozoak. Birigarro-birigarroa, zalantzarik gabekoa, izan dut gaur luzaro leiho aurretxoan: zizare gizen bat zatitu egin du mokoka, erdi bat irentsi du, baina zozo bat hurreratu zaionean alde egin du beste erdiarekin, kaka-pirristada horixka utziz belarrean ongarri, beste zizare bati gizentzeko aukera emanez.

 

Eguzki betekoa ez baina tamaina politeko eguna esnatu zaigu gaur.

Hiriburua, York, aukeratu dugu gaur ibilgune.

 

York. Kaleetan galtzeko hiri paregabea, nonahi baitago zeri begiratu, begiluzeena ere aseko bailuke. Edonon duzu ezusteko edo bitxikeriaren bat, begiluze joan behar zaio, gutxien usten duzunean duzulako deabru gorriren bat habe beltzari eusten, edo habe landu bat teilatu ertz. Aukerako eguna suertatu zaigu hiria bisitatzeko. Erruz dabil jendea, bisitariz eta herritarrez gainezka daude kaleak erdigune zabal osoan, zaharrean alegia, denda gehienak zabalik, jai-giroa bizi-bizi, udaberria pil-pilean. Nabari da badela jaiegunez herrietatik hirira jotzeko tradizioa. Horregatik daude denda zein saltoki handiak denak zabalik. Bestalde lasaiak dira kaleok, ezbaitabil autorik, kaleak patxada lasaian daude, ibil-giro da. Ikasle taldeak dabiltza, han-hemenka, denean. Saltoki erraldoi baten aurrean jende pila, ia plaza betea, zegoen ate aurrean, asko ilaran, ateak noiz zabalduko goizeko 11etan. Bisitari asko,  herritar xumeak denak, adin janzkera eta portaera oroko herritarra, ohi denez. Izan da pare bat gizaldi atzeragoko emakume bat, ez adinagatik soilik, janzkeragatik batez ere: benetako bitxikeria.

Bere eginak zituen bizpahiru kalexka familiarteko jaialdiak: umeentzako jolasak, sos batzuk ateratzeko denda eta txosnak... bizitasuna zen nagusi. Izan da dirua ateratzeko asmakizun bitxia: koadrilako mutikoa jartzen zen zutikako zepo batean buru eta eskuak zuloetan harrapaturik, beste batek ureztatutako esponja jaurtitzen zion aurpegian jo asmoz; tormentu tramankulua zabala zenez ez zen burutik at ezer bustitzeko arriskurik.

Perretxikoak bezala ateratzen zaizkizu elizak edozein kale edo kale-kantoian. Katedraleko Mezan erdi betea zegoen erdiko nabea elizkizun unean, jende asko, handia baita katedrala. Eliztarren eta koruaren abestiekin kontzertu aretoa zirudien katedralak eta kontzertu emanaldia elizkizun-abestiek. Katedrala bera lehenengoz ikusi genuenean bezain ederra iruditu zaigu bigarrenezkoan ere. St. Wilfrid eliza: sartu egin gara eskura izan dugu eta: irudi tailatu pila ditu, ez dute graziarik ez harri motagatik ezta tailakeragatik ere, baina asko dira batez ere buru eta burutxoak; zurezko sabaia eta normandoa behar duen bataiarriak merezi dute begiradatxoa. S.Michel: elizkizuna bukatu berria, tertulia bizian zeuden eliztarrak eliza barruan, kontu-kontari taldetxoka, berbatsu denak, bizi-bizi: hori ere bada elizaren betebeharra, asteburuan eliztarren harremanak erraztu eta bideratzea. Holly Trinityren bila ibili gara, inguruan harat-honat, begira eta galdezka, baina ezin izan dugu bertara jo: bere-berea du nonbait herriaren aulkiteria, antzinakoa, ilara bakoitza oholtza propioan gordeta, ilara oro bakoitza bera.

Bi apaizek agurtzen zituzten eliztarrak kalera irten ahala S.Michel elizan: “Where are you”. “Basque country”. Luze joan zaio Euskal Herriaren kokagunea aurkitzea kaskezurreko mapan: “Spain”. “No, basque”. Zalantza unea izan du, barretxoa atera zaio ezpain zein begietara, astindu erabakigarria eman dio besoari eta esan du, “Yes, basque” Hurrengorako badu zerbaiten susmoa.

Merkatarien etxea. Zurezko egitura sendo aparta. Merezi du bisitak: zurateria ikusgarria da barrunbe osoa, bai sabaia, baita zola eta estai biak ere. Guildhall, gremioen bilgunea, harrizkoa da, itxita aurkitu dugu. Cliffor dorrea, keep-a: ezustea gertatu zaigu, tontor artifizial baten gainean dago, berdegune garai borobilaren errematea da, bera ere harri argiko gotorleku gotiko borobila: ikuskizun ezohizkoa. Han-hemenka agertzen zaizkigu harresiak ere: apaindura diren itxura gehiago dute, babes-horma edo hesi gotorra baino.

Mila bitxikeria eta zer begiratu xarmant izan dute gure begiek. Baziren kale-musikariak ere, baita zirkinik egin gabe egon ohi diren estatua-biziak ere, baziren mimogileak, nola ez. Kalez kale zeraman tiraka pianoa batek gurpiltxoen gainean bere kontzertu gunera, izan da musikari xelebre, bat bi txakur zaunkaz edo uluka biltzen zitzaizkionak bere joaldiko zenbait unetan joaldiaren osagai lez, beste une batek, piano-joleak, sorginduak zituen inguruko kaleak bere piano soinuz, kanpai-hotsak ere izan dira eta une batez katedraleko elizkizunak bete du koru eta herri-abesti hotsez aurreko plaza zabala.

Izugarri garestia dago ardoa, ardo nafarra edo Errioxakoa ere.

Hirira sarrera inguruko trenbidea langa eta semaforoz babestua dago.

Hiritik kanpo, TESCO saltegi erraldoia ere zabalik dago, eroslea erruz bertan.

 

Eguerdi beranduan, edo arratsalde sartuan alde egin dugu: jendea erruz zetorren hirira, autoz zein autobusez. Gainezka zegoen goizean erdi hutsik aurkitu dugun aparkalekua. Hiria da igande-pasako gunea askorentzat.

 

28 kilometro, hirira joan-etorrikoak, nahastu gabe.

 

Badoaz igandezaleak, argitu zaigu ingurua, berriro ere espazio luzea dute begiek. Jan, edan eta egonera dator igandezalea, garagardo kaxekin ikusi ditut asko, garagardo botila eskuan dabil beste hainbat, barbakoa zainduaz ere oin luzeko kopa eskuan duela dabil erretzailea. Jai giroa.

Ka-ka-ka zeharkatu dute zerua hiru ahatek, lakutxoan zen gero ahate bikotea igerian, txori-kantuz bilduta egin dut  basotik ibilia, arrain jauziak sentitu ditut plaustaka finean, untxiak lagun izan ditut basoan, usoen urruma etengabekoa da... erdi-zoologikoa zaigu kanpina berriro bakeak eta isiltasunak bildu duenean.

Elkar zelatuz, elkarrengandik oso gertu, aritu dira zozoa eta birigarroa zizare bila biak. Zozoa zela nagusi iruditu zait, birigarroa kontuzago zebilela

 

“Lur bat haratago”. Joan Mari Irigoien.

* “Eta halaxe jakin nuen, halaber, ezen zeru bakoitzak bere infernua duela”. Bidaietan ere. Baina infernu bakoitzak bere zerua du ere.

*“Zorioneko zorion ezin zoriontsuagoa bai hura, ditxazko ditxa eta felizitatea”. Bidaiak eman ohi ditu halako zorion, ditxa eta felizitateak.

 

 

Maiatzaren 21a.  Astelehena.  20.a – I:19.a

 

“Puskak biziz”. Juajo Olasagarre.

* Gaur dira, soilik / iraganaren hausterre / nire kristalezko erraietan”. Iraganean geratzen zaizkit bidaiok, ez dira hausterre.

* “Joan eginen naiz desorduko bidaian gisa”. Bestelako bidaiak ere badira bidaiotan, bertatik bertarako bideak, ibili motzak baina batez ere barne-ibiliak, hitzez azaltzeko gai ez naizenak; barnean egiten ditudanak, horiek bai hausterre geratzen zaizkidanak.

* “Eta lorautsa bezala / pausatuko da altzarien gainean isiltasuna”. Belartza eta zuhaitzen gainean pausatzen zen atso arratsean isiltasuna. Goiz honetan oraindik dirauen isiltasuna. Txori kantek ozenagoa eta sakonagoa egiten duten isiltasun absolutua. Barnea bera ere isilarazten duen isiltasuna. Emozioz eta harriduraz biltzen zaituen isiltasuna.

 

Katamixarra izan da berdegunearen jaun eta jabe, bere buztan ponpoxo eta bere jauziekin azken agurra eman nahi izan digu zoologiko honetako biztanle guztien izenean. Birigarroa ere leiho aurrean izan dugu zizare-safarian, fier eta harro, lehoinabar paparra erakutsiz, zozoa baino tenteago, burua zut eta pauso jaikiaz,  beraz ahaztu ez gaitezen edo. Agian bikotearekiko maitasun keinuak besterik ez dira. Bere presentziarekin eman digu azken agurra, zozoekin, zozo nabarrekin nahastu ez dezadan erregutuz edo.

 

Aldaketa eguna dugu gaurkoa, Eskoziako mugetara doa gaurko hegazkada. Bideak ikasiak ditugunean, bagoaz abentura berri bila, berriro leku ezezagunetara. Abenturazko eguna beraz gaurkoa, ezer guti baitakigu kanpin berriari buruz, ez baita kanpina dagoen herria bera agertu ere egiten mapan.

 

Egun lainotsua. Ingelesek izan zuten bere alde  gerrateko alemanen bonbardaketetan, gehienetan zerua lainotua egonen zen, hegazkinen aireratzea oztopatuz edo jo-puntuak ikusezin bihurtuz. Behe-lainoa da errepidearen jabe, urrutiko ikuskizuna lausotuz, begiak errepidera mugaraziz, monotonia sortaraziz.

Trafiko izugarria jasan behar izan dugu lehen zatian, Yorkera bidean. Bi txakurren gorpuak bidegurutze berean, bata bestearen alboan: maitasunak ala bakardadeak bildu ote zituen bizitza galtze tragikoan.

Errepideen zenbakiekin bideratu behar zara, izenez hurrengoa herria besterik ez baita agertzen bide-sare nahasi honetan. Arreta mehetzen duzunerako okerreko bidean zara!. Hain da trinkoa bide-sarea autobidean bertan ere.

Haize-errotaren gorputz konikoa, harrizko iluna, buru-beso bako hitsa, negozio egarriz norbaitek berritzeko zain.

Ugariak dira sakelako telefono antenak, denak berdinak, monopolioren baten adierazle.

Gerra hegazkinak egin digu erakustaldia gure aurretxoan, lasterrera kuartel izugarri zabala  izan dugu Richmon-en, militar autoa izan dugu lagun beranduago, kanpinera azken herri-bide estu galduan txapeldun soldadu nagusia gidari zuen jeep militarra gurutzatu zaigu... itogarria da ejertzitoaren presentzia Ingalaterran.

 

Funtains Abbey. Autobidean dago iragarrita, bagenuen ikusteko irrika, Zizter ordenako monasterioen artean goreneko eredutzat jotzen du-eta gidaliburuak, baina nekatuegi geunden, ez dugu sartu nahi izan bila hasteko arriskuan ere.

Kamioi asko, errepidez egiten da nonbait Ingalaterran ere garraio lan nagusia.

Hara non holandar etxatoia, ez dugu askorik ikusi Ingalaterran.

Richmon inguruan hasi dira larre-zelaiak, baina batez ere artaldeak.

 

Kanpin lekuetan ez digute ez pasaporterik ez inolako dokumenturik eskatzen, izen abizenak soilik. Irlara sarreran fitxatu gintuenez, ez dute kontrolik gabe alde egingo dugun arriskurik.

Ilezuri asko da ingeles nagusien artean.

 

 

NORTHUN BERLAN – NORTHUMBRIA

 

Kanpin gidaliburuak deitzen dio horrela lurralde honi. Ez dakit Berlan hitzak zer esan nahi duen, Umbria berriz ezaguna da, erromatarren mailegua, iparralde hau lurralde ospela dela erakusten digun hitza.

Gaztelu eta gotorleku ugari ageri da, ingeles, bikingo, eta eskoziarren arteko borroken hondarrak: herriak bere askatasuna gordetzeko borrokatu  egin behar duela gogarazten digu, baita interes ekonomikoak zalantzan edo galbidean direnean armaz defendatzen direla ere.

 

 

DURHAN KONDERRIA

 

Hala deitzen dio bertako mapa batek. Printze-Gotzainen lurraldea, edo Gotzain-Printzeena. “Durhan” hitzak mendiartea edo abelbidea esan nahi du.

 

Erabat aldatu da paisaia fisikoa, baita giza paisaia ere, herri paisaia. Bata bestearen ostean datoz  mendi-muinoak, leunak izanik orain artekoen baino garaiagoak, ondorioz sakonagoak dira zuloguneak, erreka eta ibaiak doaz muinoak elkartzen diren zulogunetatik, bada belar-sail zabalik, ugariagoak dira baso-kaskoak, etengabeko gora eta behera nahiko pikoa egiten du errepideak, goietatik izugarri erakargarria da ikuspegia mendi-muino-lurralde uhindua zabaltzen baita behean gora-behera berde leunean, harrizkoak dira orain lursailen mugak, harri zapalez jasotako horma luzeak, marra ilunez marraztuz berdeguneak; tarteka bi hormaren erdian doa errepidea bera ere, kolore ilunagoa hartu du lurrak, artaldeak sarriak dira, ugariagoak zaldiak, jauzi-gune edo jauzi-langa zuriak ikus daitezke belartzetan, behi aldraren bat ere bada... Pelikuletako ingeles paisaia petoa, ikusgarri ederra. Basoak eta berdeguneak etengabeko nahasi jarraian, hori da goialde  bakoitzeko ikuspegi aparta. Ugaria da pinua, Mediterraneoko pinuen antzerako enborduna, gure insignisarekin nahastua dirudena..

 

Herriak ere aldatu egin dira. Ugariagoak dira, mapan ez da herririk ageri, baina banaka-banaka ugariak dira,  apainduriarik gabeko oso herri austeroak, pobre plantakoak, teilatu zorrotzekoak, errepide ertzean daude edo errepideak zeharkatzen ditu. Ez da etxe solterik, elkarri lotuta daude etxeok, hutsunerik gabeko etxe jarraikiaz osatzen da kalea; bao-gunez: ate eta leihoz, osatutako bi horma luzez osatzen da kalea, fatxadetan ez da ez irtenik ez beha-leihorik, berriak ezik harrizkoak eta tristeagoak dira etxeok, nahiz tarteka baden etxaurreko lorategi edo berdegunedunik ere. Alde zaharra eta alde berria nabarmentzen eta bereizten dira zenbait herritan: alde berria adreiluzko zapala, gorri iluna da, dotoretasunik gabea, langileen etxebizitzak irudi, batez ere herri handiaren inguruko industrigune aldean. Herritar gehiago dager kaleetan. Herri batean gerra aldian hildakoen omenezko oroitarria zen plazan, Frantziakoen plantakoa.

 

Ikusgarria izanik ere, ez da aurrekoak bezain loratua ez hain bizia lurralde hau. Kanpina ia non urduri goazen arren, izugarri gozatzen dugu lurraldeko ikuskizunaz. Ez da ezer apetatsu, liluragarria, bitxi, ezta xarmantik ere, agian ederrik ere ez, baina bai erabat erakargarria.

Wea ibaia oso dotore doa, nahiko zabal, berdegune aldatsuak elkartzen diren  zulo-gunei zabaltasuna emanez.

Une batez granja handi bat, larre zabalez inguratuta, zaindua, txukuna, baina erabat hila. Bada erre berri den zerbaiten  errauts pila ikaragarria, berdin izan daiteke belar edo lasto zahar errea, baina baita agian ardiak izan dira erreak: hezurretarainoko tristura sartzen du.

Bela bat errepidean gurpilek zapaldutako animaliari mokoka ahalaka. Horrek ere bazka erraza maite du alferkeriaz edo nondik heldu handirik ez duen lurraldea delako.

 

Kanpina.  Azkenez agertu da espero genuen iragarkia eta erraz joan zaigu azken bideratzea. Kosta zaigu kokagunea aukeratzea, laprast egiten baitzuten gurpilek gustuko genuen berdegune hezean. Zelai zabal-zabala de kanpina, guretzat oso-osorik, ez baitago beste inor, edo daudenak baso barruko gordegunean daude zuhaitzez inguratuta, ez baleude lez. Inguruko baserriko oilarraren kukurruku sarria edo txalen marrua gehitzen zaio txori-kantuaren kontzertuari, ez da, aldiz, inolako txoririk belartzan, bazka errazagoa dute nonbait soro edo granja inguruan. Ikuspegi zabala, isiltasuna, eta berdegunearen erdian gu.

Gizon nagusi batek egin digu harrera, Torreviejan egona da oporretan.

Kanpin xumea da, oso eroso aurkitzen gara bertan.

 

Durham. Tontor luze baten  gainean dago hiri zaharra, ibai zabalak inguratzen duela ia osoki. Hiri osoa da gotorleku. Harrizko hiria. Gotzain-Printzeen hiria. Jauntxoen hiria, ez herriaren herria. Eraikuntza klasikoak nagusitzen dira, eliza jitea duten etxe gotikoak. Ez nau inondik ere asebete, kaleek ez dute erakargarritasunik, iluna eta tristea da hiria, bazter erakargarriak baditu ere, ukitu fin eta xarmantak aurki badaitezke ere. Baina gustura ibili gara. Inguratzen duen ibaia nahiko integratuta dago hirian, ibilbide atseginak ditu ertzetan, txalupa piloa daude ibili lasai bat egiteko edo bikoteen egonleku ibaiaren erdian maitasun kontuak esan edo elkar musukatzeko, txalupetan dabiltza gurasoak umeekin bateltxoan kulunkatuz batez ere turista garraio-ontzia datorrenean katedrala ikuspegi eder batetatik begiratzeko ibilalditik.

Brontzezko zaldizko morroskoa dago plazan, kondea omen zena, ez dakit inork erreparatzen dion baina gazte jendearen egon leku estimatua bilakatu da bere oinetako mailadia.

Zubia egin zaigu erakargarri: zabala, hain zabala ze zubia denik ere ez zaio igartzen, jendea erruz dator-doa bertatik bera baita ibaiaren bestaldeko auzoetarako lotura.

Katedraleko plazaren alboan Gaztelua, gorenean, tontorrean gailen, borobil lerden, gotiko ederra, jauregia gehiago gotorlekua baino.

Plazan bertan unibertsitatea, eraikin bikaina patio ederrekin.

Kale-musikari bat izan zaigu erakargarri, musikaria bera baino bere gaita: ez du ahoz edo putzez betetzen hauspoa, besapearekin eraginez baizik.

Oin biluziak, hanka hutsak, leihoan kanporantz luzatuta zegoen norbait etxe barruan, ze nolako ikuskizun polita sortzen zuten oinazpiak leiho ertzean, txotxongiloa ziruditela mugitzen zirenean, edo koadro surrealista bat geldi zeudenean.

Katedrala. Izugarrizko eraikintzarra dager hirira sarreratik, erdia jainkoaren etxe, erdia eskoziarrengandik babesteko gaztelu, sekulako gotorlekua dirudi ibai ertzetik, gehiago du gaztelutik elizatik baino, eliza gotortua dirudi. Zirrara sortarazi digu, batez ere barrutik utzi gaitu txundituta: gotiko normandoa da, marra geometrikoz zizelatua du arkuteria osoa, arkuek hagin sakon eta zorrotzeko zerra-ahoa dirudite, marra sakon tailatutakoz dotoretuak daude zutabe borobil tzarrak ... Txundigarria. Koroak bitan banatzen du eliza hau ere, ohi denez sekulakoa da korura sarrerako arku tailatua. Marmolezko kristoren pulpitua. Hilobi pila: sekulakoak batzuk, aspaldikoak, pintatuak... ; estatua pila: herriaren memorian marmol bihurtuta iraun nahi izan zuten gotzain-jauntxoenak, marmolak zirauen bitartean hilezkor; errosetoi apartak, beirate sekulako ederrak, ordularia handia bezain ezberdina bai tamainaz, bai osagaiz, bai egituraz baita kolorez ere; koruko aulkiteriak orratz-sail tailatuko bikaina du, irudirik ez ordea; oso erakargarria da organo pintatua; gotzainen kapera sekulakoak; hainbat burutxo tailatu absideko arkuterian; banderak ugari eliza orotan lez, Ingalaterran ohi denez; Liburu Sainduak irakurtzeko metalezko atrila sekulako artelana da, gurutzadurako gangak bukaera borobil ezberdina du, sekulakoa gerta zaigu ere ia sabairaino heltzen den bataiarriaren zurezko estalki tailatu gotikoa. Badu zer begiratu eta zertaz gozatu.

Katedralak badu beste erdi ikusgarri bat, dorrearen azpi inguruan eta atzealdean: kapera izugarri handi aparta, ertz zorrotzeko harrizko arkuteria tailatua zerra-ahoa edo harrizko farfaila bailitzan, zurezko sabaia, triptiko aparta aldarean... Klaustroa, erabat austeroa, serioa, zurezko sabaiarekin eta juntura bakoitzak armarri pintatua bitxiki erakusten dutela. Monjeen logela: luzea eta zabala, zuraje izugarri berezia da sabaia, atzo York-en ikusitakoaren inbidiarik ez duena; erabat zabala, habe edo haga sendo luze-luzeek zeharkatzen dutela  zabalera osoa zutaberik gabe. Erakusketa areto bihurtuta dago, non erakusgai dauden harrizko zutabe saxoiak, harri landu antzinakoak, zuraje zati berezi eta bitxiak, elizako tresneria eta batez ere antzinako liburutegia, liburu asko ez ezik liburu zaharrak ere gordez.

Burumotzak dira katedraleko dorreak, bukatu gabeak diruditenak, agian horrelakoa zelako normandoen estiloa, agian oraindik ikasi gabe zutelako  gotikoaren dorre luze zorrotzak jasotzeko teknika.

 

Adreiluteria zapala besterik ez da zenbait herri, zapal-zapala, iluna, graziarik gabe, orban ilun zatarra berdegunean; hemen ez dituzte leihoak kolore argiz pintatzen.

 

Crook. Berdegune zabal ederra da plaza, gerran hildakoak gogoratuzko monolitoarekin.

 

Arkume piloa du edonongo artalde orok.

Bada nonbaiten antzinako auto deskapotagarri muturluzeen rallyren bat, zeren banaka asko ikusten ditugu egunotan errepidean, baita kanpinean bertan ere.

 

225 kilometro, kanpinez ez ezik paisaiaz ere aldatuz.

 

Errekatxo dotorea doa kanpin barrenean zuhaitz artean; ur-xuxurlaz gozatzen egon natzaio; garbi itxura du urak, harriak aldiz bel-beltzak daude, badu edo izan du kutsaduraren bat. Nolanahi gozagarria da begi zein belarrientzat.

Arrats gorria nabari da pinu-tantai gerri biluzien tartetik han ostean, arrats gorritasunez goria, gaueko 10etan. Txinta entzun dut, izan da ere une batez ezagutzen ez dudan txori-kanta bat ere, erabat ezberdina. Berreskuratu dut garbitokietara gaueko bidaia bakartia, isiltasunean bildua, inguruaz erabat gozatuz. Hasia da ihintza belartzan.

 

“Lur bat haratago”. Joan Mari Irigoien. “Baina, beldurrak gehienetan gibelat bihurtzen bagaitu ere, ez beti...”. Bidaia orok du bere baitan, hasi aurretik, hasieran, eta bidaia bertan, kezka, beldurra edo zer izanen ote zalantza ukitua. Izan ohi ditugu kinka kezkagarriak ere. Kezkok akuilu izan ohi zaizkigu, ez gibelera bide.

 

 

Maiatzaren 22a.   Asteartea.  21.a – I:20.a

 

“Puskak biziz”. Juango Olasagarre:

* “Karriken artean oinaze lorratzak utziz / aintzina doa bizitza inor sekula hil ez bailitzen”.  Begiluzearenak, nekatuarenak, jakin-minarenak, elkartasunarenak, herriminarenak... dira gure lorratzak bidaiotako karriketan, jendartean murgildurik, biziaren itxaropenez,  bizitza aurrera doakigun seinale.

* “Hiltzea oroimenean gordetzea da, eta desagertu etorkizunarekin bakeak eginez”. Katedraletako hilobi, harrian tailatutako gizairudi, oroitarri... kontaezinak, oroimenean iraun  eta etorkizunarekin bakeak egin beharra besterik ez da. Nolabait, baina, iraun. Idazlanen atzean ere ez ote horrelako zerbait?.

* “eta halere, bizitzak tema eskatzen du, / hiltzea, ordea, abandonatzea da. ... Eta hala ere, gaixotasuna hiltzeko modua baino ez da”. Gure bidaiak bizinahiaren oihua besterik ez dira. Etxean gordetzen garenean, gaixo izanen gara. Hiltzear.

 

Etsipena eta zalantza darie Juanjoren poemei. Atzo Durhanen, joan den astean Yorken, eta aurreko hiri guztietan bizipoza kaleratu zaigu, naturan lehertzear dago bizia.  Agian neguan idatzi zituen poemok Juanjok.

 

Oilar kukurrukuaz esnatu gara, haurtzaroan Mispillibarren edo gaztaroan Marinen bezala. Alboko granjako belartzan dabiltza oiloak, oilarra kaporal.

Kanpinean  Kixoteren haserako deskribapena bera ere motel uzten duen ingurua eta giroak biltzen gaitu, hain da deskriba ezina eta zoragarria txori-kanta, kontrastez bi belabeltz handi soilik ikus daiteke  belartzan, belardi ertzean babesetik gertu untxi arrea.

Kanpineko arduradunak, gizon nagusia, bere Espainiako bizipenak, Torreviejan egon zenekoak, kontatzen dizkigu. Gizajoak ez dirudi munduan ibiltzeko aukera soberarik izan duenik, irtenaldi bakarra du nonbait Toreviejakoa, barnean sakon itsatsita. Pobreon patua.

 

Adrianoren harresia dugu helburu nagusi gaur.

Egun aparta esnatu zaigu, eguzkia joan den asteko zirimiriaren ordez.

 

Castleside. Kanpina kokatuta dagoen herria. Atzo urduri eduki gintuen noiz agertuko, eta ez zitzaigun agertu. Gaur agertu zaigu, kanpinetik hurrunago: harrizko herritxo gris dottorea.

 

% 13-14ko gora-beherako aldapetan goaz, mendi-muinoz mendi-muino, atzo aurkitu genuen fisonomia bertsuko lurraldean, paisaia ederraz gozatuz goietatik, nahiko bakarti errepidean.

Bai etxeek bai granjek zuriz pintatuak dituzte leihoak, baina ez die aurpegirik argitzen fatxadei. Errepide ertzeko ostatu eta jatetxeak dira eraikuntzarik jantzi eta dotoretuenak, jite berezikoak, oso apainduak, zintzilikario argi koloretsu zein hizki distiratsu edo etxaurreko apaindurekin deigarri. Jatetxe batek bertako bi gurdi zituen apaingarri etxaurrean, gorri eta berde pintatuak biak, xumeak baina deigarriak. Granjak ere aitatu behar ditugu: harrizko eraikin mordoxkak osatzen dute granja, osotasunean ikusiz multzo bera bailitzan, batasun bat lortuz eta herritxo baten itxura emanez, harrizko landetxe sekulakoak antzo. Kolore guztietako behiak larrean, makalak eta bestelakoak. Pikeak dira teilatuak, ugariak tximiniak eta harrizkoak hormak: gogorrak behar du izan hemen neguak. Ugariak dira berezko laku edo ur-biltegiak, putzu zabalak mendi-muino arteko zulogunetan.

 

Adrianoren harresia.  Wall. Estutu egiten da irla Newcastle eta Carlisle artean. Hortaz baliatu zen Adriano erromatar enperadorea Iparretik, Eskoziatik zetorkion eraso eta arriskutik babesteko: Atlantikotik Ipar Itsasorainoko hormatzar bat egin zuen, irlaren alderik alde, sekulako lana. Hor dago, zutik eta osorik iraun dute zati luzeek eta gotorlekuek. Ezin izan dugu ia ezer ikusi urrutitik ez bada, behi eta ardien izurritea dela eta debekatua baitako errepidetik ateratzea. Errepidetik berrehun metrotara ikusi ahal da belartza berde joriaren erdian  hormatzarra, gorrizka ez oso zabala, ez oso garaia gaur egun, baina oraindik hor dirauena. Aurrerago bada beste sail bat mendi magal batean, gotor-gunea gordetzen duena. Tarteka hesia goietatik doa, hegi eta malkar gainetatik, naturaz ere baliatuz. Ba omen da erromatarren harbide bat, baina ezin izan dugu ikusterik izan. Inguruko eraikinentzako harrobi oparoa izan da nonbait gizaldietan harresia, bertatik eraman dituzte eraikian jasotzeko harriak. Ez dugu gehiagorik ikusi ahal izan, eta hori bera urrutitik. Hondar ugari dago baina sukar izurriteak debekatzen digu sarrera. Egonleku, aparkaleku zein ibilbide oro dago zigiluz babestuta, debekua dugu denean. Bada zabalik dirauen museo edo informazio guneren bat baina kutsaduraz garbitzeko gunetatik zeharkatu behar da, oinetakoak zein gurpilak garbituz. Beraz ezer guti eskaini digu harresi famatuak

 

Haltwhistle. Kartel marroi batek bultzatuta, debekurik gabeko harresietara zirritu baten bila, topo egin dugu herri honekin. Bretainia Handiko erdigunea omen da, hala dio plazako iragarki eta kartel handi batek, bertan agertzen dira lau haizetara irlaren ertzerainoko tarterik luzeenak. Herriak berak ez du ezer berririk, oraindaino esandakoei gehitzeko. Bizi-bizi dago herria, erosketetan batzuk, pasearen bestetzuk, egonean daude jubilatuak. Gero eta jantzi arin eta motzagoarekin dabil jendea, gero eta gehiago da ageriko azalera.

 

Ibaiak.  Ibai asko ikusi dugu gaur, ibai axalak, urlasterrak gehien bat. Ugariak izan dira zubiak ere, euretatik bat aitatu behar: mendi handi bateko lautadan, bakardade erabatekoan, biderik ere ageri ez den zabalgunean, kurba bizia eginez erabat gora, pospolin eta xarmant: ze domontre egiten du zubiak han, bidaia arintzen digun bitxikeria izateaz gain. Ibai-erreketako harriak ilunak, ia beltzak, dira: kutsadura ez da sukarrarena soilik lurralde honetan.

Otadiak. Ugariak eta zabalak dira otadiak: erle-lekua behar du izan, eztia izanen da, erla-ontzirik ikusi ez dugun arren.

Harresiak: lur-jabetza banatzeko jarriak dauden harresiak dira hemen nagusi, harrizko hormek zatitu eta sailkatzen dute nabarmen berdegune osoa, lurralde osoa, marra-ilara ilunez. Errepidea bera ere horma erdian doa, hormez hesitua.

Auto gutxi dabil, lasaia da gidaritza, atsegina bidaia.

Gerra hegazkina: bi aldiz izan ditugu gaur gerra-txoriok, ejertzitoa dela munduaren jabe iragarriz. Bestelakoak dira gaur egungo harresiak, baina Adrianorena bezain erabakigarri eta eraginkorrak.

 

Sukar izurritea. Sekulakoa de bere presentzia, zirraragarria. Zigiluz hertsiak daude larre-sail osoak, animaliarik gabe larre-sail ikaragarri ugari eta zabalak,  zigiluz hertsiak hainbat eta hainbat granjako kortak, zigiluz  hertsiak oinezkoen ibilbide guztiak.  Desertu bihurtu da lurraldea, Berdea baina hutsa. Debekua ageri da denean autoarentzat, debekua oinezkoarentzat. Takian potian geldotu egin behar duzu errepidean zure abiadura eta desinfekzio gunea zeharkatu behar duzu. Tarteka artaldea dager errepidetik alde batera, bestaldean ostera belarra besterik ez da ageri, harresi baten albo batera ez da haziendarik, bai ordea bestaldean,  behaketan daudela oharra ageri da langetan. Une batez ez zen abere bakar bat ageri lurralde zabalean, zenbait zelaitan ordea harrotutako lur-ilara zabal eta luzeak ageri dira: erre edo/eta lurperatu dituzten animalien hilobiak behar dute izan. Hilak daude granja handiak, pilatuta eta baztertuta tresneria, geldi, gaixo eurak ere. Paisaia eder eta erakargarri honetan, tragedia neurtezina bizi dute nekazariek, gaurko ibilbide osoko lurralde izugarri zabalean behintzat bai. Edertasuna eta tragedia bat egiten dira hemen.

 

Milton. Herri nekazaria, izurrite lurraldean.

 

Erabat aldatu zaigu paisaia gaur, bukatu zaizkigu atzodanik orain arteko lautadak. Menditzarrak agertu zaizkigu gaur: Adrianoren harresiak jarraitzen duen mendizerra pikea izan da lehenengo, ondoren koskortu egin dira-eta menditzar luze zabal garaiak, era berean leun bihurtuz. Mendi-gain bateko zabaldi eta ordeketan genbiltzan bizipena izan dugu, orain ordekan, orain gorantz, orain beherantz, beti menditzar leun berde garaiak aurrean genituela. Zuhaitz gutxi dago, baina gailur luze leun horietako batean luzaro eta deigarri izan dugu txapel zapaleko adartza duen zuhaitz multzoa, urrutiraino luzatuz.

Une batez tente eta adi untxi bat ikusi ahal izan dugu ardi artean.

Ugariak dira lur-jauzi antzerako pendizak, ur-lekua da. Ez da pagadirik baina bai pago eder banakrik, orri berde gazte guriak lehertzen zaizkiela.

Paraje idilikoa, mendi eta errekatxoz deigarria. Debekuagatik ez balitz agian ez ginen jabetuko: ibilbide izugarri pila dago lurralde osoan, oinezkoentzako bide eta bidexkak, zurezko zutabe eta oholezko gezi puntazorrotzez adierazita: jendetza dator hona ibiltzera, udalekua behar du izan, igandezaleek maite duten ingurua.

Mendian galdutako harrizko herrien tankera dute herriek. Pobre itxura erakusten dute, izan ere errepide nagusietatik urrun, lurraldean sakabanatuta, herri-bide sarean galduta, daude egon. Lan asko egin beharko duten baserritarren lurraldea dirudi, bizimoduak izerdia franko eskatu eta irabazia urri eskaintzen duen herri motak dirudite. Badira magaletan zabal barreiatuta dauden nekazal etxeak, gure baserriak antzo, ez dute baina basorik inguruan, ezta ere lur-zati zabalik.

Galdua dagoen trenbidea, zubiak eta tren-ibilbidea geratzen zaizkio oraindik: izan zuen garai oparoagoa lurraldeak.

Aspaldikoak dira herrietara norabide iragarkiak ere, burdinazko zuri-beltz haietarikoak, burdinazko zutabe sendoetan ezarriak, erliebezko hizki beltzekin.

Elur-tokia ere bada: hesola luzeek erakusten dute ertza errepideak gora egiten duenean, baina ez dute aldatsen zenbateko altuerarik erakusten aldapara gainetan.

Gerra hegazkina ibili zaigu gaur ere. Militarrena, hori bai izurrite hilgarria.

 

Mehategi gunea.  Errepide ertzean meha ahoa, nondik atera eta sartzen diren bisitariak. Urak darabilen gurpil erraldoia astiro dabil biraka, ez dakigu hauspo edo mailuren bati eragiteko; bada labaren bat ere kea dario tximiniari eta. Urak darabilen bigarren gurpiltzarra, ez bestea adinakoa. Zenbait ume jolasten ari da, ikasiz, dinbidanbaka burdina landu nahian.

 

Ur-jauziak iragartzen dizkigute. Nekatuegiak gaude. Agian ez dugu joaterik ere delako izurrite debekuengatik.

Mendiarteko herri-bide galduetan aurreratu gaituzte  motordun poliziek. Ez gaude seguru inon.

Leiho-bueltak zabal eta zuri pintatuta dituen zenbait etxe: alaiagoak dirudite bai etxeek eurak bai herritxook.

 

Stanhope. Herri arrakastatsua dirudi, bizipoza du, beha-leihoak dituzte fatxadek eta lorategitxoak daude etxaurretan; ezberdina da herriko kultura bera ere seguruenik.

 

183 kilometro, sukar-izurritearen lurretan, Adrianoren harresiak ezagutu nahian eta paisaia harrigarri batez, paraje paregabeaz, gozatuz.

 

18 tiro-hots entzun ditugu alboko granjan arratsaldea aurrera zihoala. Gaur ikusi duguna ikusi ondoren ardiak tiroz hiltzen ari ote ziren galdetu diogu elkarri. Irudimena eta errealitatea ez dabiltza elkarrengandik urrun gai honetaz eta lurralde honetan.

 

“Lur bat haratago”. Joan Mari Irigoien: “Zeren eskribatzeak izugarri nekatzen bainau”. Zenbait lo-ordu kentzen dit nire egunero egunkari honek. Baina ez dut beste aukerarik memoriak huts egiten baitik eta bidaiok gogora ahal izateko idazten baitut.

 

 

Maiatzaren 23a.   Asteazkena.  22.a – I:21.a

 

“Puskak biziz”. Juanjo Olasagarre.: “Bizitzak soldadu egiten / baikaitu, eta ez jakintsu”.  Bakoitzaren herriarekiko ikuspegia orekatzen du bidaiak, ez gara onenak, baina ezta besteak baino gutxiago ere, harroak eta era berean apal izaten erakusten du bidaiatzeak.  Bizitza beste molde batez hartzen ere ikasten duzu bidaietan, ikasten duzu motxilan ezer gutxirekin bizi daitekeela jendartean edo herrietan. Beldurra galtzen diozu gizarteari. Gizateriaren zati sentitzen zara. Gizakiarengatik hurrago. Gizaki bezala trebatzen zaitu bidaiak, ez soldadu bezala.

 

Kukua entzun dut. Ez da lehenengoz, bai bigarrenez Ingalaterran. Kontinentean, Europan, aldiz eguneroko, kanpin oroko, laguna genuen kukua, txori-kantu guztien gainetik beti.

Gereziondo ilara dugu belartzaren goialdeko ertzean, oraindik loran. Kamioikada gerezi eta mailuki kaxa ari ziren husten hirian, Extremadurako Jerteko gereziak, Andaluziakoak mailukiak.

Harrigarria, ia sinestezina, izan da kantu-hotsen ugaritasun eta ozentasuna  garbitokira bidean, basoz inguratutako belartza zabalaren erditik. Kukuaz gain, usoek, oilarra, belabeltzek eurek ere kontzertu-kide izan nahi zuten.

Bi gazte etorri ziren bart arratsean kanpinera, bikotea. Ertz batean kokatu dute denda, ezereztxoa dira zelaitzarrean, baina mundua bete adinako bizipoza darie, elkarrekin egon nahiaren edo beharraren irrika, bakardadearen eta isiltasunaren konplizitatea.. Hala ginen gu ere. Harro naiz gazte izanaz, ez zait damu zahartzaroa eta adioaren hurbiltasuna. Ez diet inbidiarik gazteoi, baina laket ditut. Bizitzak merezi izan didala egiten didate biek garrasi. Emozioz begiratzen diot iraganari gazteok hur sentituz.Oparoa izan zait bizitza, gogorra ere bai, tarteka latza. Baina nuen eta nintzen dena eskaini diet bizitzari zein gizarteari, bizitza eta gizartea, gauza bera baitira biak.

Iragarrita ikusi genuen Asentsio eliza batean, baina ez omen da jai Ingalaterran.

 

Berdina dirau paisaiak, hirugarren egunez gabiltza bertan, baina ez gaitu aspertzen. Izurritearen aztarnek lausotzen dute berdetasunaren ederra. Natura-gunetarako iragarkia eta nondikakoa bera ere estalia dute, inor joan ez dadin. Orain jabetze gara lehenengo egunetan ikusi bai baina esanahiaz konturatu ez ginen paperen esanahi eta oharrak.  Kanpinera sarreran ere bada desinfekzio pasagunea.

Herriz herri egin dugu Newcastle-rera bidea. Esana: herri austeroak, xumeak, apaindura gutikoak, txukunak, inguruko industriguneetako langileen bizi-herriak.

 

Castleside. Atzo errepide nagusitik, gaur beste norabide batetik zeharkatu dugu herriaren luzapena: mapan ez da agertzen, baina herri oso koskortua da. Jauntxo-herri jitea du. Elkarri lotutako etxez osatutako kale luzeak, adreiluzko etxetxo banakoak lorategiz inguratuak, halako dotoretasun edo ondo-bizia erakusten dute. Izanen zen gazteluren bat garai batean, gaur egun ez da arrastorik herri-izenean ezik.

 

Consett. Gain batetan dago, gorria ikusten da, zabaltzaz bukatzen den eliza-dorre karratu harrizkoa nabarmentzen zaiola egitura eta garaieragatik.

 

Ortu-sail zabala herritxo batean, sailtxo pila txikietan banatuta: jubilatu bat ari zen lanean batean

 

Newcastle. Ganduan lausotuta agertu zaigu lehenengo, etxe-dorre orratzak ia ikusezin, izugarri zabal eta erraldoi, gorantz zein zabaleran. Gertuago, izugarria agertu zaigu hiria, etxe ilarak luze lerrokatuta mendi magalean, etxetzar pila, erreskadan, jarraian, baratz  edo soro batetako tomate-parrak bailira, adreiluzko etxetzar blokeak, zenbat gura etxe-orratz, errepide-sare nahasi trinkoa, auto-zirkulazio etengabeko ugaria.... izugarria gerta zaigu zurrunbilo horretan murgiltzea kanpineko eta herritxoetako baretasunetik etorrita.. Astindu egiten gaitu barne barnean hiriaren barne eragin-mugimendu neurrigabe bortitzak, baina erraz eta egoki kokatu gara hiriko oinezko ibiliari ekiteko: senak, mapak eta esperientziak erakutsi digu noiz eta non geratu.

Zubi gainetik, autotik, egin dugu Tyne ibaiarekin lehen harremana; marea beheran nonbait, lokatza beltza dira zementuzko hormaz hesitako ibai zabalaren alde biak, hiri industrializatuaren irudi petoa erakutsiz. Hiri erraldoia. Ez du ahozabalik uzteko bitxikeriarik baina nabari zaio jauntxoen hiria izan zela, aberats hiria, industrializatu aurretik ere erruz zebilela dirua hirian, negozio-hari asko korapilatu eta deslotzen zela hemen. Eraikinetan nabari zaio batez ere: eraikin neoklasiko ederrak, sendoak, dotoreak, harrizkoak, diruaren usaia darienak; halako etxe pila du, ia erdigune osoa da horrelakoa, kale osoak taxutzen dituzte adreiluzko zein zurezko etxeek. Hiri dotorea, ahaltsua, gaur egun ere, izana gaurko izanean iraunarazten jakin izan duena. Aldi berrira egokitzen jakin izan duen hiria. Ez metroa duelako soilik. Erdiguneko kale eta plaza oso bat bihurtu ditu saltegi erraldoi: plaza zabal-zabal osoa biltzen duen  eraikin erraldoia eta oinezkoen kale luzea osatzen duten eraikinak, dena da saltoki. Mota, jite eta prezio guztietako milaka eta milaka denda da saltegiotan. Europako saltegi handienetarikoa omen da horietako bat. Aldi berean saltegion kale erdian kale-saltzaileak ere daude, batek fruta eskaintzen du, besteak oihalak: guti dira baina beste ekonomia mota baten, agian beste aro bateko, aurpegia eta krisia erakutsiz. Oraindik arrain handiak irentsi ez dituen arrain txikiak. Bazen gurdi bitxi berezia zuen fruta-saltzailea, gurdiagatik soilik merezi du bezero izatea.

 

Erlikiak geratzen zaizkio, iraun duten antzinako hondarra, mirariak oraindik gertatzen direla erakutsiz: etxetxo bat saltegien artean, hain nano bera agian horregatik hain xarmant; antzinako beste etxe guti batzuk, itota, ia galduta; harresi sendo ederrak kale-kalean etxeen kontra; ate beltza, keep edo dorre-gotorra haize kutsatuak erabat belztua, garai bateko egiturako hondar adierazgarri, ibaitik bertan, ibaia kontrolatuz ibaia aberastasunaren garraiobide zenean.

Gaur egungo injinerutza lanetan  zubiak aitatu beharko, burdinazko zubiak, luzeran zein zabaleran erraldoiak, estaikoa bat,  trena goitik autoak behetik dihoazkiola, denak handiak, gotorrak, hiriaren gailentasun eta ahalaren ezaugarri.

Kutsatua doa ibaia, zikin, marroi, uher: hiriaren arnas, bihotz eta zaina izan zena ez dirudi gaur egun eraginik duenik, seguru aski jantokia den ontzi zuri bat dago ertzean lotuta, kontrastez bera zuriago eta ibaia ilunago bihurtuz.

Katedrala, begientzat zertzelada gehien eskaintzen duen eraikina: egituraz koruak erdibitzen du gurutzadura unean, ohi denez; barneratuz badu zeri begiratu: marmolean landutako pulpitua eta koruko kaperaren erretaula zizel-lan ederrak dira biak; absideko erretaula pintatuak triptiko kutsua du; arkuen barreneko junturetako burutxoek merezi dute begiradatxo bat; hainbat eta hainbat hilobi eta gizairudi marmol zurian tailatuta koruko jauntxoarena delarik deigarriena, koruko taila irudi eserleku eta arkua, bandera pila, gidaliburuak goraipatzen ez duen arren taila txukuna de bataio-harriko estalkia, sarrerako atea, XVI. gizaldiko letoizko atrila, zurezko ganga... badu bisita justifikatzeko haina artelan.

Laburtuz hiriak ez du gauza ikusgarririk, baina goiz-pasa atsegina eskaintzen du, batez ere dendak gustuko dituanari zerua eta gozamena gertatuko zaio saltokiz saltoki eta dendaz denda ibiltzea. Hiri hila iruditu zaigu, kaleak zein dendateria, erraldoia baina hila; eguerdirantz bizitu da  oinezkoen kale nagusia. Agian langile hiria delako eta lanorduan ginelako zegoen hain hila.

 

Aitatzeko zenbait puntu:

 Belzturak, mintz beltzak, estaltzen ditu hormak, garbitutako zatiek erakusten dute kontrastez  kutsadura erabatekoa dela, ez ibaiarena soilik, haizearena ere.

Bada ekologiaz kezkaturiko herritarrik ere: pare bat postu izan dira kale nagusian, animaliei tratu txarrak salatuz bata, nekazal etxeetako haziendaren alde bestea, “Nork ordaintzen du prezioa?” lemapean.

Lau soldadu kamuflajezko jantziekin kale nagusiko erdigunean, gurutzadura nagusian, ejertzitoaren presentzia eta indarra nabarmenduz.

Salbamen gudaloztea, Ejercito de Salvación.  Hiri orotako erakundea. Beraz Ingalaterraren Iparramerikara esportazioa izan zen.

Arabeen eta indiarren presentzia. Agerikoa da ez aurpegieragatik soilik, baita emakumeak batik bat bere buruko zapi eta shari jantziekin nabarmentzen direlako.

Herrizaina umeak eskolatik noiz irtengo zain STOP borobil handia eskuetan, kalea zeharkatzerakoan umeen segurtasuna bermatzeko.

 

El Pais egunkaria aurkitu dugu. Zorionez ez dugu inon aurkitzen, hain da etsigarria egunkariotan betikoa aurkitzea. Beste hilabete luzea dugu ez egunkari ez telebista ez irrati: hau lasaitasuna.

Segurtasun gainjantziekin dabil hainbat jende: ezin diegu igarri poliziak diren, edo errepideko langile zein herriko edozein langile arrunt.

 

Etxerakoa: Mendi-lepo garai luze leunetan egin dugu etxerakoa; urrutira zubi luze erraldoia izan dugu mendiaren ebakiduraren gainetik batetik bestera, zeru-marran bertan, ia lainoetan.

 

79 kilometro, tragedia bizi duen inguru ederretik hirirantz.

 

Txori-kanta isiltasunean, oin-hotsa belar bigunean, pentsamenduak kaskoan, sentipenak bihotzean... besterik ez ginen arratseko ibilian.

 

Bihar agur esanen diogu Ingalaterrari tarte batez. 3 mila kilometrotik gora egin ditugu bertan, herri pila bisitatu eta hainbat  katedral miretsi.

 

“Lur bat haratago”. Joan Mari Irigoien.

* “Zeren torturatua dena ez baita bere buruaren jabe ez bere denboraren”. Etorriko da eguna noiz kontatuko diren gaur egungo Inkisizioaren gehiegikeria eta sorgin-ehizak. Ordukoak guk ikusten ditugun bezain harriturik ikusiko dituzte gaurko torturak, laidoa jasoko dute gaurko inkisidoreek.

* “Izan ere desterrua ez duk lur bat, gugandik kanpoan dagoena, baina gure baitakoa. ... Zeren neure etxea izan baitut atzerri”. Bidaiek erakutsi didate nire baitan nuela aberria, ez naiz sekula atzerrian sentitu elkar ulertezin ernegura baten ezean, herri oro izan zait neure herri eta beti jakin dut Euskal Herria nuela nire aberri.

 

 

Inguruan ditugu CUMBRIA KONDERRIA, LANSKASHIRE, Lankastar, Liberpul Chester… Eskoziara hartuko dugu orain. Galesera bidean, itzuleran, izanen dugu bisitatzeko aukera.

BIDAIAK 2001. BRETAINIA HANDIA

Jon Etxabe 2022/08/03 16:35
IPAR- INGALATERRA. YORKSHIRE KONDERRIA. DONKASTER. IPAR YORKSHIRE. Thirsk, Ripon, York. Beberly

IPAR-EKI INGALATERRA

 

YORKSHIRE KONDERRIA

 

Zinetik, historiatik, zein literaturatik ezaguna, halako ukitu nostalgiko poetika erromantikoa du niretzat lurraldeak. Ez dit hutsik egin: lautada berde-berde erakargarria, agian erakargarriago gertatzen zaigu zabalera leun berdea  zuhaitz gutxiago duelako, hesi berdeek halako jite berezia ematen diolako. Argindarrarenak dira hemen tantai bakarrak.

 

DONCASTER

 

 Hornidura-hiria bezala iragartzen du kartel marroiak: izanen al du Eibarrek baino ganora gehiago bezero bisitariari giro atsegina eskaintzeko; hiri armagilea izanik, inguruko  komertzio hiria bilakatu nahi du Eibarrek, baina irudiz, egituraz eta inguru atsegin eskaintzaz aldatu gabe.

Erabat erakargarria gerta zaigu Doncaster lurraldea; Ingalaterrako peto-petoa, orain arteko inguru ororen antzekoa, lautada berde-berdeak hesi berde ilunagoz zeharkatuta. Inguruko lurrak urpetu ez ditzan munetan egoki hartutako ibai berde-berdeak zeharkatzen du lautada.

Golf-zelai izugarri zabala: kilometro pila egin behar ditu zulo guztietara jotzen duenak.

 

Leeds.

Bere aurretxoan lur-lurretik bertatik ateratzen diren ur-parrastada ez luze ez zabalez ureztatutako belar siku itxurako saila.

Fatxada zuriak sarriagoak dira inguru honetan.

Argindar zentrala, orain arte ikusi dudan erraldoiena: 8 tximinia erraldoi zabal baxuak, goian berriro zabaltzeko, ipurdi zabaletik leporantz estutzen doazen ohikoak; ketan daude zortziak; ikuskizun zirraragarria; errazegi pizten dugu argindarrezko tramankulu edozein  argindarraren ostean naturari eta gizakiari norainoko erasoa dagoen jabetu gabe. Tximinion ber-bertatik goaz. Kanal edo ibaia doakio albotik, laku edo ur-bilketaren bat era badu alboan. Agian zentral nuklearra da, agian itsasoarekin lotzen dute, ez baitago urruti itsasadarra, mapan behinik-behin.

Hemen inguruan ere bada gatzik gabeko zenbait hiri adreiluzko etxeteria arrunt, baita zoko zikin utziak dituenik ere: langile ezinduen ezinaren ondorioak.

Haize-errota tontor batean, harrizko leuna, besorik gabe: haize lekua da nonbait paraje hau.

 

York-era bidean  bi zaldi zuri izan ditugu lehenengoz begientzako opari, lasterrera zaldi aldra dotorea larrean. Baita behi holandar aldra ere.

Bide-gorria doa kilometro askotan errepidearen luzeran, alde bietatik. Trinkoa da trafikoa.

Sarrera dotore eta erosoa jarri nahi dio Yorkek bisitariari, edo herriari besterik gabe: bide-sare zabala osatzen ari dira hiri inguruan..

Errazena behar zuena zaildu egin zaigu azken zatian, baina ernegatu aurretik  senak eraman gaitu kanpinera.

Kanpina.

Amesten dugun atsedena hartuko dugulakoan gaude. Berdegune zabala da kanpina, kokagune bakoitza albokoari arnasa emanez eratua dago, sigi-saga bata bestearen parean ordez. Lasaia, erabateko isiltasunak bildua, ahatek ere ematen diote halako patxada ukitua, baita uso digante gizenek ere. Etxean sentitu gara.

 

305 kilometro, euripekoak gehienak.

 

 

“Lur bat haratago”. Joan Mari Irigoien. “Osabak fede izugarria zion zientziari”. Porrot egin digu gaur zientziak autoan, bestalde astrofisika edo antzerako zientzia-guneren bateko paraboliko erraldoiak ikusi ahal izan ditut arratseko ibilian. Nire medikuntza herrikoiak eman dit fruitua, indartuago bainago.

 

 

Maiatzaren 15a.   Asteartea.  14.a – I:13.a

 

“Puskak biziz”. Juanjo Olasagarre. “ “Egunak ezer egin gabe iragaitea nuke gustoko / zentzurik baduenentz batere kezkatu gabe”: Italiarren “dulce farniente” edo antzerakoa. Gorputzak baina ez dit onartzen hori, gaixorik ez bada. Horregatik gabiltza Ingalaterran aurten, makaltxo baina ibilian. Patua eta bizitza, nahasiak biak gehienetan, batak bestearengan ditu sustraiak, bata bestearengatik elikatzen da. Zentzurik duen egiten dugunak?, galdera hori ez da azken eragilea, galdera egiten duen bizitza edo patua baizik.

 

Euskalduna zela uste izan genuen zirimiria, baina hara non Yorkshirekoa ere den. Horregatik da lurralde hau ere hain berdea.

Autoak ere itogina du!!!. Antenaren zulogunetik nonbait.

Lora bete betean daude gereziondoak, zuri-zuri, dotore.

 

 

IPAR YORKSHIRE

 

Herri-bidez herri-bide izan da gaurkoa, lur landu eta artalde artean, bihurgunez bihurgune, joan geldoan.

Gari-sail berde ilunak, koltza-sail hori sarkorrak, hazi zain edo hazia erneko zain lur landu ilunak, larre berde joriak, artaldeak lur lauotan...: orain artekoan antzerako lurraldea da baina badu erakarpen puntua, agian egun bustiak ematen dion  melankolia puntuagatik, agian norberaren aurreiritziak ezartzen dion giroagatik. Oso atsegina izan zaigu eguerdi aldeko ibilaldia, gorputzak nahikoa aiene bazion ere.

Ez da herri asko, baina denak dira herritxo bikainak, ederrak, etxe bakoitzak du bere berdegunea, dena da txukuna, dena zaindua, denak du maitagarria egiten duen ukitua. Prepeziozko herritxoak. Ugariak dira zuriz pintatutako etxe eta landetxeak, baina adreiluzkoek diraute ugarienak izaten, harrizko etxeak ere ugariak dira. Dotoreak dira granjak eurak ere, ez dute landetxe itxurarik, ez dirudite nekazal etxeak, alboko eraikin edo teilapeak aldiz, biltegi edo lanabes-gordeleku,  txapazko zatarrak dira; bada tarteka oholezko biltegirik, baina ez daude inola ere zainduak. Zelai erdi batean hara non harizti sendoa, Etxarriko basoa antzo. Arbel harriz eginiko harrizko hesiak tarteka, jabetza handia bilduz, basoa bera ere askotan.

Txerri granja erraldoia, behi aldrak. Kontrastez bi faisai ere izan ditugu, bata errepide ertzean, bestea harrizko horma gainean, mela-mela euripean, kikilduta lez geldi-geldi, autoei jaramonik egin gabe.

 

Helmsley.

Mendi-muinoek osatzen dute ingurumaria. Gora eta behera doa errepidea, baso-kaskoak zeharkatuz. Lur bukolikoa da gure begientzat, kezkati eta urduri behar dute bizi, aldiz, nekazariak aftos sukarra eta behi eroen gaitza, animalien izurrite hilkorra, tarteko dutela mehatxari.

Sarriak dira harrizko zubitxoak ibaitxoen gainetik. Sarriak dira ere harrizko eliza eta adreiluzko herriak. Berdegunea norabide orotan banatzen dituzten hesi berdea lirateke inguruko ezaugarrienetariko bat. Zuhaitz asko dago oraindik berdetu gabe, ondorioz ez diegu antz handirik ematen ze zuhaitz mota diren, hurragotik eta geldik ikusteko geratzerik ere ez dugu errepidean; izan da pagadia uste izan dugu baso bat.

Nekazari herria: hemen ez da inon industrigunerik, ez bi solairuko etxerik, ezta erlategian lez jendea pilatutako herririk ere.

Ohitu egin gara lurraldera, normaltasunez dakusagu ingurua: dotorea da benetan.

 

Natura-gune bat, aparkaleku zabalak aukera emanez bisitariari bertan gelditzeko. Oinezkoentzako ibilbideak non ote ari ginela % 25eko aldats-behera eta bihurgune ia biribilak; aurrez- aurre Andiakoak zitezkeen labarrak, pendiz bertikalean, gaina, tontor garaikote konikoa zaiela, eta azpiko malda baso trinko zabala dutela: erabateko ezustea. Andia baino baxuagoa da mendia, gorrixkak dira haitzok, ez dira ohituta gauden kareharri argiak, ez du harrizko lepo luzerik, bai basoa magalean eta hegian. Bada pinurik ere. Berdegune lau jorian sartu gara aldats barrenean.

 

Errotarria jartzen dute herri askotan herri-sarreran herria iragarrizko kartelarekin batera. Errota asko da nonbait konderri honetan, baina ez da errota hondakinik ageri.

Herri txikia, nahiz handia, harrizko etxeak dira bertan nagusi, harri argiko etxeak. Jite propio bere berea dute ostatu eta tabernek, lehen begiradan badakizu ostatuak direla, bezeroak ez du iragarki edo letrero premiarik.

 

Thirsk. Ezustea eskaini digu, nekazari herri txikitxoa espero baikenuen. Eliza ikusi asmoz gelditu gatzaio eta herritxo atseginarekin egin dugu topo. Herri moinoinoa. Baita herri bizia ere, jendez pil-pil eguerdian. Ingeles jiteak biltzen duen kale-sare zabala du. Harrizko etxe asko, fatxada alemaniarra dute plazako hiruzpalau etxek, fatxada teilatuko gailurretik gora luzatzen  duten horietakoak, ugariak dira, etxe ederrak  izateaz gain. Plaza luze zabala, aparkaleku bihurtuta, plaza erdian zutabe karratu ez oso garaia bizi diren ordua eskainiz herritarrei. Uharri ia borobilez dago plazako zorua eta berdin errepidea ez den zoru oro, halako giro berezia ezarriz herriari. Kartel zintzilikari xarmantek iragartzen dute marrazki bikain, etxetxo eta etxe-kantoi xarmantak pintatuen bidez  taberna, denda edo bebarru bakoitzeko betekizuna eta eskaintza: legionarioen egoitza iragartzen du batek.  Katedrala du altxor nagusia, museo bihurtuta dago eta ez dugu gorputz erosorik bisitarako, bertaratu gabe begiratu diogu, bitxia, berezia bada izan, gutxienez, gotorlekuaren traza eskaintzen du: dorre moskote sendo-sendo karratua teilatutik ia gailentzen ez zaiona; ezberdina eta deigarria da hormetako arkuteria: gotiko perpendikularra omen, bi mailatan daude arkuok, goiko zein behekoek, gotiko jitea dute baina zabalkoteak dira eta leihoburuak ez dira inola ere punta-luzeak, obal tankerakoak baizik; beirate zabalak dira leihootakook.

Euria izan dugu lagun une oro: aterkia, kamara, anoraka…, ez da izan ibilaldi erosoa, egun ateri eta gorputzaldi onarekin ordu-pasa atsegina izanen zen.

 

Leuna, goxoa, biguna da Yorkshire, euripean ere, agian euripean da hain goxo, leun eta biguna. Osteko mendi-muinoak gandupean, sorgindua dirudi konderriak.

Zaldizko gaztea errepidean, bigarren zaldia uhalez lotuta zeramala, nola ez, zaldizkoaren kapela peto beltza buruan.

“Dog Santuary”, Zakurren Santutegia: zer ote. Ez gaitu gorputzak zirikatzen joateko, jakin-minak ziztatzen bagaitu ere.

“Farmacia” izenarekin agertzen dira noizbehinka, herritxoetan batez ere, aspaldiko etxetxo politak, bertako etxe peto txikiak: janari denda dirudite.

Harrizko eliza-dorre lerden garaia, estuagatik garaiagoa dirudiena,  luzatzen da beste ezer ageri ez den zuhaitz artean gora

Ibai axal  axala, estua: banaka ugari ikusi ditugu horrelakoak.

 

Ripon. Herri koskortu  atsegina. Ezagunak zaizkigun kale-sare, etxe-sail eta etxe-moldeak. Begientzako opari dira hainbat etxetxo eta fatxada xarmant, adreiluzkoak zein zura agerikoak. Plaza da herriko osagai aipagarria: erabat zabala, tamalez aparkaleku bilakatuta, zutabe luze-luzea du ikusgai, burdina-lan ezberdin bereziez bukatua; hirian aparkaleku pila dagoen arren plaza bera ere autoz gainezka dago, plazaren edertasuna eta nortasuna zeharo desitxuratuz. Katedrala, herriko altxorra hemen ere, erakusteko dute eta ikusteko dago, hirira hurreratzen den edozein begirentzat urrutitik agerian eta ikuskizun: sekulakoa du fatxada, sekulakoa ere barnea. Burumotzak dira dorre biak, gotorleku itxura hartuz, fatxada berriz arkuteria aparta da, irudirik gabeko arkuteria biluzia, leuna, baina tailatutako marrek bizitasuna ematen dio hormatzarrari. Barruan hainbat bitxikeria aurkitu daiteke: arkuteria aparta, erdiko nabearen zabalera zabala, eliza bitan banatzen duen koruko ate-horma: gizairudi zizelatu eta pintatuz oparo eta aparta, koruko zura mila orraztxo eta aingeru burutxo tailatuz edertua, bi bataiarri normando: gotiko perpendikularra bata, ze estilotakoa bereizten ez duguna bestea; koruko zein gainerako ganga zurezkoak, apaingarri tailatu ederreko nerbioetako giltzarriak, metalezko pulpitu aparta eta harri zizelatutako bigarren beste apartagoa bat, erretaula, koadro bat, brontzezko eskultura moderno ugari, hilauza eta oroitarri pila hormetan...; bukatzeko kriptak behar du aipamen berezia, hain baita bitxia: labirinto bateko pasabide estu-estuak, non gizaki bat ozta-ozta ibil ahal den, sigi-sagan, sare luzea, misterio kutsua dariela, galduko zaren bizipena sortuz: sarearen erdi-erdian kapera behar duen kuboa, hutsunea den kuboa, katedral azpian, txikia, bakardade absolutuan;  Ripongo gotzainaren batek Erromako katakonbatan ikusitako hilobia bikoiztu nahi izan omen zuen beretzat 8. mendean. Gasteizko plazan Txillidak zorutik behera duen hutsune-kuboen antza du.

 

Hegotik igo genuenetik trenbiderik ere ikusi gabe geundenez, are bitxiagoa suertatu zaigu bi bagoi horiko trentxoa lur zabalotan barena nano.

 

125 kilometro, lautada berdean ernegatu gabe.

 

Lakutxoa du kanpinak bere berdegune barruan, ur-bildu  luzexka, morokil kolorekoa, arreta eskatuzko iragarkiek diotenez lau metro sakonerakoa; arrantzan egiten dute hainbat kanpin-kidek, arraiek berriz jauzika ari zaizkie arrantzaleon aitzinean. Basoaren jarraian baso kaskoa bat, non kanpin-etxolak ari diren jartzen, untxiak dabiltza erruz gizakion beldurrik gabe, baina seguruki badutela beste etsairen bat, izanen da azeriren bat leku idiliko honetan ere.

 

“Lur bat haratago”. Joan Mari Irigoien:

* “Zeren libertatea neguan baitago, baina negu bakoitzak dik bere udaberria”. Udaberriaren zain, libertatearen amets, aro epelagoa izanen ote dugun esperantzan ari ohi gara lanean.

* “Batzuetan, uholdeari buru egiteko, uholdearen alde jarri beharra dagoela”. Bidaietan ere, “ur-lasterrei burugabeki buru egiten dion txalupa” bihurtzen gara, arazoak zitaltzen zaizkigunean.

* Nere hutsaren kontzientzia baitut, ...”. Bidaiari buruz idazten jartzen naizen bakoitzean dut nire hutsaren kontzientzia hori. Hain daude elkarrengandik urruti diodana eta bizi dudana, nire sentipenak eta sentipenaren letrazko isla, elkarlotzen ahalegintzen naizen arren; sentipenak izkiretan jartzeko ezin bizia..

 

 

Maiatzaren 16a.  Asteazkena. 15.a – I:14.a

 

“Puskak biziz”. Juanjo Olasagarra:

* “Eguzkiak errainu dagi baldosa gainean”. Lainoen gainetik gordetzen du egunotan ibilia eguzkiak. Bakterioentzako hezetasuna besterik ez da gaur baldosa gainean.

* “Ez dira hauek nire garaiak / ... Hau ote da zahartzea / ... Akatsetan tematzen ote zahartzea? /...Ez dira ez hauek nire garaiak”. Nire zahartzaro garaiak dira hauek, ez gaztaro garaiak. Egunotako ajeak lekuko. Bidaietan tematzea, zahartzeaz gain bizitzea ere bada.

 

Ohean datza M. Luisa, gorputz makurrak eraginda. Eguna hezea, bustia, iluna. Erabatekoa da isiltasuna. Beltzagoak dirudite zozoek, lausotuagoak txori-kantek.

Erosketak egitera joan naiz hirira, kanpineko baretik hiriko lasterrera.

Inguruko lur lauetatik ibilaldia egin dut arratsaldez, baso-kaskoen etzetik zehar. Haritz sendoak, orritzen ari diren zuhaitz joriak, artalde zabalak, ardion ikusmina sortaraziz gerturatzerakoan. Heldu naiz nekazal etxe bateara: etxekoandrea hurreratu zait, zuzen eta erabakigarri, etxaurreko lorezaintza utziz: ez dakit ni uxatzeko bidea izan den ala abegikor izan nahi zuen, etxetik beste aldera ibiltzeari ekin dio, ni ere itzuli egin naiz, dozena bat metro egin ditugu elkarrekin, lauzpabost esaldi bota ditugu bakoitzak, “lurralde berdea, ederra...” eta elkarri agur egin diogu, bera bere etxera ni nirera. Ondoren erabat belztu da zeru urdina eta zaparrada gordin batez blai utzi nau.

Untxiok kanpineko zelaietan ez ezik larre eta galsoroetan ere usu eta ugari dabiltza.

Ejertzitoaren bi helikoptero erraldoi dabilzkigu arratsalde osoz gain-gainean jiraka: Vietnamgo gerra dirudi.

 

20 kilometro, erosketetarakoak

 

Lur bat haratago”. Luis Mari Irigoien.

* “usteari ustekabea darraio noizbait”.  Bidaietan, sarri.

* “Faun da eta alperrikako, anitz bitartekoren erabiltzea, guti batzuk aski direnean”. Zenbat alferrikako ahalegin eta indar galtzen dugun bidaietan, bertan eta erraz geneukanaren bila genbiltzana. Baina hori gero jakiten da, ez aurrez.

* “Eta burua zuritu zitzaidan eta neure burua zuritzen nabil ...”. Askok ez dugu “bertze biderik eta bertze ihesbiderik”, beraz nahiago ditugu bidegurutzetako hautaketa dudakor zailak erabakigarritasun absolutu suntsitzailea baino.

* “Zozoak udaberrian baino kakalarriago”. Hala dira, bai.

* “Ene zangoak eta zangoetako junturak ez daude bidaiatzen hasteko”. Bihotza ere ez, bizkarrezurra ere ez, ... Baina hemen gabiltza nahiz M. Luisak ohean egin behar izan duen eguna.

 

 

Maiatzaren 17a.    Osteguna     16.a - 15.a

 

“Puskaka biziz”. Juanjo Olasagarre:

* “Ailegatzean ireki eta hutsik zegoen motxila. / Galdu naiz, nire bizitza guztirako galdu naiz”. Motxila bete asmoz gabiltza, bide galduetan galduz sarri. Baina ez noraezean, ez norabiderik gabe. Herria dugu zain. Eta itzuliko garen ziurtasuna. Motxila betea dugu beti.

* “Bizi nadin, ni barik, bidenabar / bidaiari ateo baten gisa, / bizitza bera aski biltzen, / denborarik gabe, leku soil soilik”.  Zer da bidaiari ateoa?.  Bizitza aseptikorik  ez da.

 

Egosi egin behar ba urdaiazpikoa Yorken, ez baitago ontzeko ez eguzkirik ez girorik.

Txingorra egin du gaur.

Jubilatuak gara kanpineko bezeroak.

 

Granja asko dago Ipar Yorkshire honetan, inguru zatarra dute granjok, belarra ere ernetzeko zain, arteño usteldutako lasto eta belar zahar piloak, simaur piloak, hondakinak, teilapeteria itsusiak.., etxeak aldiz inguru zaindutako txukunak dira.  Granja handi batean zerbaiten pilo handi bat dago ketan egun osoan. Gure irudimenak esan du izurriteak hildako animaliak erretzen ari direla!.

 

York. Karratu galant, burumotz, zabaltza estalki, bukatugabeko itxurakoak, orratz luzeak falta zaizkien gotikoak…, horrela ikusi ditugu urrutitik dorreak: fabrika bat ixten denean lez ogibidea agortu zitzaion askori dorreak bukatzeko lanak bukatu zirenean.  Nola eta nondik ekarri ohi zuten eraikitzeko harria ikusi dugu gutxienez bi katedraletan, ehunka urteko lantegia milaka herritarrentzako, hargin, gurdizain, lepakari... Bertarago eta lerdenagoak dira dorreok, baina kale artera sartuaz bat galdu egin zaizkigu begi-bistatik, norabiderik gabe gelditu gara, beraiek baitziren gure itsasargi. Baina jo dugu erdigunera.

Hiri potxoloa, kale estuko sare erakargarria da zaharra, giro ingeles petoa dute kaleok.. Kale-artean sartu eta ibili, galtzeko arriskurik gabe, txikia baita. Zura ageriko, adreiluzko, zarpeatutako... begien gozamenerako etxe xarmanta ugari aurki daiteke edonon.  Dendateria dotorea eta oparoa, eskaintza bikaina, turistengandik bizi da. Erruz dabil jendea kaleetan, ingeles nagusiak dira bisitari gehienak,  giro ingelesa areagotuz.  Ia bost kilometro luzerako harresiak ditu, leun baxuak, gehiago dirudite ipuinetakoak edo jauregi erromantiko batekoak; hainbat ate ditu, ez ikusi ohi ditugun bere biluzian gotorrak. Pasabide asko da, eliza gotiko txiki asko, biluzi xamarrak. Otarte eta antzerako jangaien eskaintza bera ezberdina da hiri honetan, pastak eurak bertako peto gozoak, ez edonolako merkeak.

Berez, edozein norabide hartzen duela, joko du katedralalera oinezkoak. Ezin da ikusi gabe galdu, egunari eskainitako ordu merezitakoa izanen da bisita; doakoa edo borondatzko sarrerakoa gainera. Hiriko altxorra, Erdi Aroko handien eta Gotikoko maisulantzat jotzen du gidaliburuak. Agian jadanik hainbat katedral paregabe ikusi dugunez, ez digu Yorkeko honek zirrara berezirik sortarazi, baina ezin uka aparta denik. Nahiko landua du fatxada, baina ez du iruditeria aberatsik, sarrerako arkua berriz filigranazko iruditxoen sinfonia da, hain daude garbiak, hain osoak, eta hain xehetasunez dira apartak, ze badirudiela berrikuntza garaiotan egin berriak direla. Barrutik, luzea eta garaia, zaindu-zaindua, 3 gotiko mota ezberdin argi nabarmentzen zaizkio, nabarmenak dira hiru estiloak edozein begirentzat, bakoitzari izenik jartzen ez badaki ere, gu geu hasi gara estilo bakoitza berezitu eta ezagutzen: gurutzadurakoa da zaharrena, sarrerako nabea berriz gotiko dekoratua eta korutik aurrerakoa gotiko perpendikularra. Hemen ere koruak banatzen du bitan eliza, korura sarrerako horma zizel-lan ikusgarri aparta da, tamaina orotako sekulako irudi sail zizelatuz  apaindua, koruak berak ez du askorik balio, deigarria da bertan tuteria pintatutako organoa ez dakit ikusten dugun zenbatgarrena. Ondo jarria du izena gotiko dekoratuak, beheko aldean bertan ere horma arkuteria etenik gabea da hormaren biluztasuna erabat jantziz. Apartak dira beirateak ere, mota guztietakoak, beira zati txikiz eginak, eta eliza barrunbea maisuki girotuz. Jauntxo-irudi eta hilobi pila gurutzaduratik aurrerako hormaren luzera osoan alde bietatik: ponpoxo eta xelebreak asko, naif maitagarriak zenbaitzuk. Kaperetan erretaula ederrik ere aurkitu daiteke. Karriloi bitxi batek ere ekarrarazten du arreta: bi morroskok mailuz jotzen dituzte orduak, laurdenak eta erdiak.

Entseguan ari zen tipleen ahots finak nagusi zituen koru bat giro sorgindua ezarriz elizari eta bisitari, eseri eta artelanei begira, soinu ederrez bildurik, alde ez egiteko irrika sortarazten zitzaizun.

 

Autobus pila dabil hirian bisitariak garraiatuz, goiko zoru librean pilatzen dira begiluze denak. Erdigunetik at daude aparkalekuak, bada autobus zerbitzua duen aparkaleku herrikoia.

Gaztelaniaz ari den talde batekin egin dugu topo, denak kexati bostetan ixten dituztelako dendak, eta builatsu, ohi dutenez.

Txukun jantzitako gizon batek eraman gaitu erabat adeitsu bilatzea zaila zitzaigun garajera. Ia nongoak galdetu digu, “Basque Country”, pentsakor jarri da une batez Country hori kokatu nahian, eta hala dio azkenik. “Alaves”, hurrengo kanporaketa ingeles talde batekin du eduki ere babazorro ekipoak!!!.

Adreilu zurizkoa dira auzoetako kale osoak, non beha-leihoen sinfonia erakargarria bilakatzen den fatxada; behatoki bakoitzak ez du filigranarik, denak dira antzerakoak, baina bakoitza ezberdin deigarria da.

Etorriko gatzaio beste egun batean, merezi du bigarren bisita bat, goizez.

 

51 kilometro, 24 joan-etorrikoak, gainerakoak norabidea zuzenduzkoak.

 

Lur bat haratago”. Joan Mari Irigoien:  “... pintura zalea zela osaba Joanikot, ... nola Parisen hamaika koadro eder ikusteko parada izan zuen, ...” Bidaiek ematen dute museo, eliza eta arte-galerietan koadroak ikusteko parada. Aukeren gehiegia izan ohi da arazoa, ezinezkoa baita denak ikustea higuindu gabe azkenerako.  Horregatik aukeratzen dugu, museo bakar bat tarteka.

 

 

Maiatzaren 18a.   Ostirala.   17.a – I:16.a

 

“Puskak biziz”.  Juanjo Olasagarre.

* Bizitza bera konpartitzera / kondenaturiko bidaiari bi / egunerokoaren erdian”. Aukeratu egin dugu bizitza bera konpartitzea. Edo zorionez kondenaturik gaude bide berera. Bidaia ez baita Juanjok adierazitakoa bezain latza, hain bakartia.

* “Gizonak, beren usteko, zerbaiten errege, esporrez; / emakumeak, beren buruaren printzesa merke, zaraz”. Kalean daude bai horrelako tipoak, baina zorion puskak dira.

* “Zoriontasuna burges doilor heterosexualek / ezarritako diktadura demokratikoa dela”. Sortu dezagun ba bestelako zoriontasuna. Berez ez dator.

 

Euritsua, hezea, gaurko eguraldia ere. Argitu eta gozatuko ote du noizbait!.

Buztanikara eta katamixarra izan dira euriak etxatoia atabal bihurtu duen egun berriko kanpin-kide berriak.

Baina hara non Yorkshiren ez zirela uste genituen eguzkia eta zeru urdina, baina laster damutu zaie lainoei joan izana.

 

Gotikoaren ibilbidea bihurtu zaigu Ingalaterrara bisita, taxu berdinekoa izanen da gaurko ibilia ere.

“Eman bidea”, euskararen asmakizuna zirudiena hitzez hitz ingelesetik itzulpena da, “Give way”.

Zaldi-lasterketarako zelaia York-etik oso gertu, hipodromo zabal-zabala, belartza berde-berdea langadi zuriz gurutzatua. Adreiluzko jauregitzarra alboko gaintxoan.

Bidaian zehar, zaldiak larrean han-hemenka, egurrezko langaz bildutako larreetan.

Ibai zabalak zeharkatzen du lurraldea Yorketik bertan. Egunean zehar lakutxo eta ur-bilgunean ugariak izanen dira gaur ere, egunero ohi denez. Hiriko harresietako ate gehienen aurretik egin dugu joanaldi luze bat, gutxienez horretarako balio izan digu bide-sarean nahastu izanak.

 

Gaur ere nahastu gara bide-sarean, askatu-zaila egiten zait Ingalaterrako errepide-korapiloa, eta ez dut umorez hartzen, odola usteltzen zait. Erraxa behar zuen bidea erabat nahastu zaigu, guretzat berria zen ikur bat irakurtzen jakin ez dugulako, 10 kilometro behar zutenak 30 bilakatu zaizkigu. Ohi dugunez, gaur ere bideratu gara.

 

Hilerrietako kaperak aitatu behar ditugu gaur, agian herriko elizak dira, berdegunean zut dauden hilarriz inguratuta. Txikiak dira elizok, adreiluzko argiak, harrizko ilunak, dorre gotiko burumotzekoak, dorre zorrotzekoak... denak poxpolin eta maitagarriak, ipuinetako baselizak bailira.

Granja asko dago Yorkshire lurralde honetan ere, baina hemen ere inguru zatarra dute, nekazal etxe dotoreak korta eta enparau zatar ilunak ditu beti inguruan, zikin eta utzitako planta dute estalpe, txabola eta kortok.

Ingalaterrako landa zabala. Deigarria eta atsegina. Lasaibidea. Baina ez dugu non gelditu argazki bat atera edo begiei eta barrenari lasaialdi bat emateko. Ez da paisaiaz gozatzeko parajea, ez baitago paisaiari nondik begiratu, nondik gozatu, auto barreneko joanetik ez bada. Une batez mendi-muino leun zabalak azaldu zaizkigu, gariz berde eta koltzaz hori, distiratsu, noizbehinka baso-kasko batez gandortuta.

Nonbaiten irakurri dut “Yorkshireko basoak”: oraingoz baso-kaskoak besterik ez da izan gure bideetan, non urkia eta haritza den nagusi.

Ez dugu ia herririk ibilbidean, agertzen denean zapal, gorri-ilun, zuhaitzak baino apalago, ikusi ere ez dira egiten. Eliza-dorre orratza izan dugu zuhaitz artean zein soroen erdian zeruranzko bertikaltasun ia bakarra, zuhaitzek eurek ere multzoak osatzen baitituzte.

 

Ejertzitoko konboia, beranduago ejertzitoko jeep bat, arratsaldez ejertzitoko hiru gerra-hegazkin marrumaka buru gainean: itogarria da ejertzitoaren presentzia, ingeles demokrata bakezaleak gerrari porrokatuak izan dira historian eta hala dira gaur eguneko moldean ere.

Ez dabil auto zaharrik errepideetan, baina hara non gurutzatu zaigun “Austin” pospolo kaxa xarmanten raillya, auto txiki, mehe baxuak, txindurriak diruditen ezereztxoak, nanoetan nanoenak,  baina ze atseginak.

“College” iragartzen zuten herritxo batean: herritxo handikia suertatu da, aristokratikoa, banan-banako etxe, aukerako eraikin, egituraz, inguruz, dotoretasunez...; ondo-bizien edo aberaskumeen etxebizitzen jitekoak denak eta bakoitza, baita ingurumaria ere.

Itsasaldera hurreratuz zentralen bateko tximinia erraldoiak agertu zaizkigu urrutira, ketan, laino zuria bailitzan gandor ikaragarriz bilduta. Etxerakoan beste zortzi tximinia  zenbatu ditugu urrutira ke artean. Behiak ez dira erotuta daudenak, gizakiok baizik, guk gizakiok dugu sukarra, ez ardiek soilik.

 

Beverly. Ipar Itsasotik nahiko gertu, baina ez da itsas girorik bertan. Gustura ohi gara ingeles herriotan, Sarreratik bertatik liluratu gaitu Beverlyk: hiribildua zenekotik geratzen zaion ate bakarra, adreiluzkoa, bere aurrean 3 etxe aparta, egituraz ederrak izanik ere bere zutabe eta langa beltz landuak dira deigarriak, baita gizairudi tailatu pintatua eta teilatu bateko deabru-irudi gorria auskalo ze umore puntuz jarria. Etxeei begira ibili behar da kaleetan; bada plazan zutabe borobil baten gainean teilape bat, tenpletea, izatez arrunta, baina kokagune hartan aurkitzea da bitxikeria. Herria inguratuz hainbat aparkaleku bada ere, aparkaleku erraldoi bihurtuta dago plaza: nahiago dugu herriko muineraino autoz egin herria arnasbidea izan baino. Badu gutxienez oinezkoen kale bat, harri sendoko zoruak sendotasuna ematen diela etxetxo pospolinen ilarei.

Bi eliza ditu, biak gotiko apartak. St. Mary. Ertzak orratzez apaindutako zabaltzako dorre karratu sendoa du, burumotza beraz. Apala izanik, buru estrainioak ditu zizelatuta sarrerako ateak. Barrutik arku barreneko burutxo tailatuek ematen diote ukitu ezberdina orokorrean, ezkerreko azken zutabeko kapitelean berriz koadrila zizelatu pintatua dager bitxiki, koru alboko kapera batean bizi-bizi pintatutako irudi tailatuak nabarmentzen dira gangetan; koruan, miserikordiak deitutako kalonjeen aulkietako ertzak, zutikako egonaldi luzeetan ipurdia jartzeko koskan, taila-lan nano apartak dira miresgarriak: tailagile bikainak bildu zituen eliza honek, altxor bitxi ezberdinak pilatuz; zurezkoak dira gangak, deigarriak koru gainekoan pintatutako errege irudiak; marmol zizelatu aparta pulpitua;  beirate bikainak; hortaz gain hainbat eta hainbat zizel eta taila lan bikain, eta ohizko bitxikeria erakargarriak. Ez da damutuko bisitan doakiona.

Minster edo katedrala. Irudi zizelatuen sinfonia barrutik zein kanpotik, bestalde hiru gotiko mota ezberdinen adierazgarri garbia. Hemen ere gurutzadura da aspaldikoena, koru aldekoa ondorengoa, dekoratua, eta gotiko perpendikularra fatxada. Benetan ikusgarria. Zutabeetako marmol beltza da deigarria gertatzen dena, horrez gain iruditeria zizelatua, banan-banan begiratzekoak,  oso behean baitaude: atabalaria, gaita-jolea, pandero-jolea... han dago banda eta orkestra osoa, erreskadan, bakoitza bere instrumentuarekin zailduz. Aparta da atzeko hormako harrizko iruditeria ere. Arkuteria bitxiak. Arkutxo artean kapitulu-gelara zihoan mailadi berezia. Koruko iruditeri tailatu zoragarria. Bataiarri normandoa. Aulki normandoa. Beirate apartak... Ez du bitxikeriarik, sendoa izatea ez bada, hori da eliza bortxa ezinaren ezaugarria.  Joan, ibili, gozatu. Merezi du eta. Ez dabil jendeketarik, gabiltzanok jende nagusia gara, oso bisita lasaia izan da, doakoa gainera.

 

Gaurko bigarren hipodromoa: mailadi zabala du, Yorkekoa bezala erabat berdea eta zabala, langa zuriek ematen diotela lasterketa egitura.

 

Humber Bridge. Arku bakarreko zubirik luzeena omen munduan. Hor dago erraldoi 1400 metroko luzeran bi zutabe digante eta kable pilo batez zintzilikatuta Humber estuario edo itsasadarra zeharkatuz. Luze-zabala da estuarioa, zikina, gorrizka, industrialdeko kutsaduraren erabateko itxuraz desitxuratuta.

 

Hull. Zubi alboan. Ingalaterrako elizarik handiena omen du. Ingalaterran dena da “.....ena”, handiena ez bada luzeena, ederrena ez bada bitxiena... Egia esan “...ena” guztiak dira apartak.

 

Gotikoaren sinfonia ari zaigu gertatzen Ingalaterran ezustekoena.

 

Selby. Eliza apartan genuen zain, Bretainia Handiko monasterio-arkitekturaren ezaugarri ederra hau ere.

 

Nekatuegi geunden, bide-sareaz arduratuegi ere, eta errepideak berak ekarri gaitu bide motzenetik etxera.

Berotegi italiarrak, etxe itxurako kristalezkoak, zabalak oso, izan ditugu gaur, pare bat.

Jauregi itxurako jabego zabalak ere ugariak dira, zuhaitz ederreko parkean kokatutako etxebizitza ederrak.

Ez dago txakur askorik Ingalaterran, dabiltzanak lotuta daramatzate, salbuespenak salbuespen.

 

164 kilometro, galduta batzuk, erneguaren eraginpean asko, baina ederrak.

 

Erabat betetzen joan da kanpina arratsalde erditik aurrera. Kokaguneak taxuz eta sigi-sagan antzo, nasai, daudenez banatuta, ez gaude bata bestearen hain hur edo gainean, ez da pilaketa itogarria asko garen arren, baina galdu dugu egunotako lasaitasuna, bakardadea eta isiltasuna; ordainez bizitasuna irabazi dugu, ugariak baitira umeak bere jolas eta oihuekin ingurua osatuz. Gu biok gara atzerritar bakarrak kanpinean.

 

Ostarte argiak ageri dira oraindik gaueko hamarrak eta erdietan. Ilunduko ote digu Eskozian?. Hain goietan eta hain udaberri goienean, auskalo!.

 

“Lur bat haratago”. Joan Mari Irigoien.

* “biderik luzeena dugula biderik laburren”. Zenbat aldiz luzatu zaizkigu ibiliak kale-arteetan bide laburraren bila.

* Florentziak liluratu ninduen, ez ordea Veneziak, ezta ere Miguel Angelek Vatikanoko Sixtinan, Pisan berriz Bataiategia eta katedrala izan zitzaizkidan dorrea baino liluragarriago.

BIDAIAK 2001. BRETAINIA HANDIA

Jon Etxabe 2022/07/25 10:10
ESSET KONDERRIA. Colchester, MAILAND. Koventry. BEDFORD KONDERRIA.

Maiatzaren 11a.   Ostirala.  10.a – I:9.a

 

“Puskak biziz”. Juanjo Olasagarre. “Amodioa merkatuaren legeei dagokie / sinetsi nahi ez badugu ere: objetu bakarra hautatze hori / iraun bitartekoa da”. Halakoa da bidaia ere: hautatzen duzu, gauzatu, eta oroitzapenak eta bizipenak besterik ez zaizu gelditzen, baina “zauriak itxi, eta puskak josi” beharrik ez du, alderantziz bizipenez gozatzea uzten dizu.

 

Eguraldiaz gozatzera datoz gure auzoak aurreko estalki eta guzti. Gu berriz inguruaz gozatzera eta lurraldea ezagutzera.

 

Bederatziak  eta erdietan atera gara, eguzkipean.

Faisaia harrapatu du ia ia auto batek errepidean, gidaria izan da estutu den bakarra, faisaiak lasai jarraitu du errepidea zeharkatzen bere pausoan.

Haize-errota bat dugu kanpin inguruan, beso zuriko gorriz pintatutako xaflaz gorpuztutako karratua; atzo ikusi genuenekoaren  erabat ezberdina.

Gorrizka da lurra orokorrean, simaurtuagatik beltza aitatu izan badut ere.

Txerri-granja erraldoia; atzo ere izan genuen bat, lur zabalean banatutako txabola kurboek iragartzen digute urrutitik zer diren.  Nekazal etxe baten aurrean zeramikazko txerrama zuri-beltz bi jarri dituzte etxaurreko berdegunea dotoretzen, agian txerrira jarrita daudela iragartzen.

 

Izugarri trinkoa da zirkulazioa, auto uholdean goaz edo gatoz, elkarri lekua eskatuz denok, abiada handian... Azken egunean autobidera nondik sartu ikasten egin dugu saio bat. Gero bigarren mailako errepideetan sartu gara, trinkoa da hortik ere zirkulazioa, baina nolanahi ere lasaiagoa, mantsoago joan behar dugulako denok, ez dakit mantso ibiltzeko kulturagatik ala iragarritako argazki-makinei beldurrez; presente baitago argazki-makinaren marrazkia errepide ertzetan. Herri bideetan oraindik lasaiago gabiltza, herriak gutxiago dira, bidegurutzeetan lasaiago joan ahal dugu norabideak hausnartu eta erabakiak hartzeko.

Ikaragarria da trafikoaren presioa, bat-batean hartu behar da erabakia sarri, ez dugu astirik, zentzuak instant batean esaten digunaz egiten dugu aurrera. Ez dago lasaitzeko non gelditu ere errepide ertzean, buruak argitzeko, estua baita errepidea eta ez du artzenik ezta harra bete baino ertz zabalagorik ere. Tarteka zabaltzen da errepidea geldiunea taxutuz, eta horrelako batetan gelditu behar izan dugu gure norabidea argitzeko. Askotan bigarren bira ematen diogu borobilari, norakoa ziurtatu arte, bira emateko aukera dugunean, ez baita beti erraza. Une latzak izan ohi dira, urduritasuna gainezka, barruan zerbait lehertzen zait: zahartzaroko ajeak.

Normalean kontu handiz gidatzen da, segurtasun tarteak gordez eta abiadura motelduz, herri-bideetan zein autobidean. Herritxoetan orduko 30 miliako abiaduraz joan behar da, baina denok goaz arinago, nahiz mantso. Segurtasuna ematen dizu atzekoa urrutitxo ikustea, berdin aurrekoa ere bere neurrira uzten duzunean. Hemen ere bada noski ipurterrerik.

 

Potxoloak eta erakargarriak izaten jarraitzen dute herritxo eta etxeek. Etxetxo apartak sortzen dira tarteka, ezberdinak, deigarriak, besteek ez duten ukitua dutenak: hainbat holako izan dugu ibili osoan. Lastozko edo kanaberazko teilatuak ere badira han-hemenka sarrian, banaka ugari, gaurko bidaia osoan. Kanabera ugari izanen zen istinga-lurrak zirenean, kanaberaz baliatu ziren hemen ere Hungarian bezala. Lehengaiaren ugaritasunak gauzatzen eta mugatzen du kultura. Gaur egun ere.

Uharriekin jasotako etxeak izan dira gaurko berritasuna, herri-paisaiaren osagai ezberdina; etxe xumeek ez ezik etxe dotoreak ere horrela eginak daude, aurpegi bera erakusten dute nortasunezko etxeek ere. Ez dakigu zarpeatu asmoz jasotako hormak diren eta gaur egun bistaratu dituzten uharriok lurraldeko ezaugarritzat hartuz, ala beti izan ziren horrelakoak. Seguru aski pobreen etxeak izan ziren  horrelako aurpegi biluzia zutenak, zarpeatzeko ahalmenik gabe. Bereziak eta deigarriak suertatzen dira gure begientzat gaur egun. Cambridgen ikusi genituen kantoitxo eta koskadun adreiluzko tximinia dotoreak agertzen zaizkigu han-hemenka, beti etxe ederretan: daukanak ahal du. Zurezko etxe edo eraikinak ere agertu zaizkigu: bakarrak izan dira, agian biltegi edo tresneria gordeleku dira soilik. Zurezko aterpetxoa du zenbaitek sarrerako ate gainean, lorratzak garbitzen aspertu zen etxekoandreren baten asmakizuna.

 

 Atzokoen antzerako eliza dorreak daude hemen ere, karratu motzak, moztuak edo bukatu gabeak, agian horrela behar dutenak; behatokiak dirudite, ez dute kanpairik; izan da bat zabaltza erdian orratz luzea zuena, zabaltza bera baino askoz estuagoa oina. Herriko etxeengandik erabat ezberdinak dira elizak eta eliza-dorreak, egituraz zein eraikin-gaiez: harrizko ilun sendoak dira elizak, adreiluzko argi xumeak etxeak; inguruko edo hiriburuko eliza nagusiren bat imitatu nahi ote dute elizatxook, herritarra harritu nahi ote dute harria erabiliz, jainkoa indarrez eta poterez bildu indartsu ageri dadin herriaren aurrean, jaun ahalguztidunaren irudia azalduz, eliza herria baino aberatsagoa dela erakutsi nahi ote…  nagusitasuna adierazten du nolanahi. “Guk daukagunok” aldarrikatzen du elizak, baina daukana herria da, dela lan-indarra edo irabazitako sosa apurrak, bakoitzak gutxi baina denen artean diru pila. Apurka horietaz aberastu da eliza, horiei esker azal dezake elizak bere handi-manditasuna. Herriak jasotako elizak dira, herriak berak behar zuen dirua eskainiz.

 

Ez da alper-harriarekin zapaldu eta leundutako lurraldea, baina laua dela esan daiteke

Ardoa ere eskaintzen dute nekazal etxe baten aurrean, ez da baina mahastirik ageri. Garitzak eta koltza sailak dira nagusi lurraldean, larrerik ere ez dago. Hesi berdeak dira gaur berriro sail ezberdinen banatzaile.  

Ugaria da golf-zelaia inguru hauetan ere: jubilatuak dabiltza, gizonezko nagusiak, makilez zamatutako gurditxoei tiraka, ez da itxurakeriako jendea, ez janzkeran ez ibileran, agian zaletasuna dago eta ariketa fisiko hori aukeratu dute nagusiek, atzoko andrek petanka erraldoia bezala.

Letrero marroiz iragartzen dituzte herri historiko, nekazal etxe edo bestelako ikusgai tentagarriak. Ezin gara denak ikustera gelditu tentatzen bagaitu ere. Gerora jabetzen gara zitekeena zela bertara bideratu eta aurrerago errepide nagusira itzuli.

Kamioi bat eraman dugu aurrean luzaro: berari esker joan ahal izan dugu lasai, bazterrei so, atzekoez arduratu gabe, ez baitzegoen aurreratzerik errepide estuotan.

 

ESSET KONDERRIA

 

Paisaia eta osagai berberek diraute. Lastozko teilatu bitxi paregabeak suertatu zaizkigu deigarri.

Gasolindegi batean ez dute autoentzako gasoliorik, hurrengoan berriz ez darabilte diru-txartelik: herritxoetan hemen ere bakoitzak ahal duena egiten du. Indiar edo pakistandarra zen gasolindegiko zerbitzaria.

 

Colchester. Muino bat osatuz eta estaliz dager goien etxeteriaa, bertan gailen eliza-dorre garaia eta estalpe itxurako dorre zabala zutabe gainean. Norabide-zoramenean  murgildu gara bertaratzean, autoz inguraturik. Baina aurkitu ahal izan dugu aparkalekua. 28 graduko hozberoa genuen.

Hiri atsegina, gaileneneko bizpahiru kalera mugatzen da erdigune jendetsua. Lorontzi zintzilikatuz edertua dago hiri osoa. Antzinako etxe apartak, zurezko etxe xume pospolinak, eraikin gozagarriak, saltegi moderno bihurtutako plaza moderno erakargarria... atsegina, baina ez da izan herri xarmanta: agian ez du merezi egin dugun ibili luzea, baina joanez gero pare bat orduko ibili erabat atsegina eskaini digu, izozki gozoaz osatuz eguerdian; joanez gero ez zara damutzen joanaz.

Jendez gainezka dago hiria eguerdian, udaberriak erabat biziberritu du hiria, giro bizi-biziak biltzen ditu kaleok; gazteak dira ugarienak gaur ere, arropaz arin dabil herritar oro. Kale musikariek jartzen diote ukitu erromantikoa. Ez da ixten dendarik eguerdian,  bulegariak kalera ateratzen dira eguerdiko mokadu bat jatera parkean, eliza urreko horman... izugarria da ogi-bitarteko eskaintza.

Museoa da ikusi dugun eliza: irudi zizelatuko fatxada du, garaia da dorrea... ez du besterik. Urrutitik ikusi dugun dorre antzerakoa berriz ur-biltegi arrunt itsusi erraldoia besterik ez da. Hiri barrenean ubide  bat bada, itsasotik sartzen zaion adarra moilaz hesitua: txalupa, ontzi...; gehiago dirudi lantokia, ez du atsedenleku itxurarik.

Gaztelua da herriko altxorra, parke paregabe batez inguratua. Museo bihurtu dute gaur egun. Erabat gaztelu ezberdina: izatez eraikin gotor sendo garai zabal karratua da, eliza da gazteluaren alde bata bere abside, leihotxo, dorre-mota berezi eta ate erromanikoarekin. Uharriz eta adreiluz eraikia, ez dakigu zarpeatu orea erori zaiolako ala horrela utzi zutelako, baina halako itxura bitxia du, harritu egiten du. Harresiz bildutako gaztelu ingurua berdegune aparta ez ezik lorategia ere bada. Jende pila dago bertan, gazte eta eskolaume aldra izugarria, belartzan eserita kontu-kontari edo bazkari-pasada egiten, egunaz gozatuz, eguzkitan epelduz edo jolasean.

 

Ezin  genuen telefonoz etxekoekin lotu. Kalean zetorren bati eskatu diogu laguntza. Hara non gaztelaniaz moldatzen zen. -. “De donde” -. “Vascos” -.”Donostia”. Opor batzuetan egon omen zen Donostian. Lortu digu hitz egin ahal izatea, hurrengoan nola egin ere ikasi dugu.

Errioxako Tempranillo ardoa ikusi dugu salgai denda batean

 

Hiri orok eskatzen du zerga gogorra, trafikoarena. Oso motel doa ibilia, luze, semaforoz semaforo, borobilgunez  borobilgune. Benetan irteera korapilotsua gertatu zaigu. Horrez gain ez zaigu agertu behar edo nahi genuen herri-bidea, bertan behar zuena, etxerakoa laburtu asmoz. Baina azkenez bideratu gara. Barneko bide galduetatik egin dugu, etxerakoan ere, ibilbide atseginetik, tarteka nahastu bagara ere errepidez.

Berrikuntza edo eraikin lanetako hainbat kamioi aurkitzen dugu errepidea edo kale erdia betez, inolako segurtasun neurririk gabe, benetako arriskua sortuz, gidarion zuhurtziari eskerrak moldatzen gara onez. Ardura osoa eskatzen du errepideak inguru honetan, tarte guti uzten du alboetara so atseginerako.

Urduri eta nekatuegi gatoz, baina aldi berean gozatuz. Urdinez pintatutako zurezko etxetxoa izan da ezuste eta begientzako opari polita. Usain gozo sarkor gogorrak biltzen du errepidea pare bat aldiz: koltza sail erraldoien erditik goazenez koltza usaia behar du izan.

Badirudi estresik gabe, patxadan, bizi behar dela herriotan. Baina izanen da arazorik hemen ere. Jaka-praka-gona beltzak eta arraiadun gorbataz uniformatutako neska-mutil pila zihoan herri batean, beste herritxo batean berriz uniformerik gabekoak. Izanen dituzte arazoak, baita beraien gurasoek ere.

 

Tabernak eta ostatuak dira ikuskizun deigarrienak. Batek ostatuari izena ematen dion Endrike VIII. bizartsuaren  koadroa zuten zintzilikatuta sarreran, gehienez urre kolorea darabilte izen eta apainduretarako, fatxadak argituz. Etxeko horma kanpotik doan tximinia asko aurkitu dugu gaur, behe solairutik teilaturainokoak: etxe berrietan batez ere, modan dago edo etxe barruan lekua irabazteko teknika da, antzinatean etxea berotzeko egiten zen tximinia etxe barrutik gora, gaur egun berriz beste era batetara berotzen da etxea.

Ehiza-hegazkin batek pasa gaitu ziztu bizian, burrunba hots gorgarrian bilduta, geroxeago zerua zeharkatu du gure aurretxoan: gora gerra, demokrata askoren negozioa.

Ez da herri askorik. Biztanle guti agertzen da herriotan,.

Badirudi inguru berdinean gabiltzala egunoro, egun osoan toki berdinean, hain antzerakoa baita paisaia geografikoa zein urbanoa.

 

Adin handiko gizon bat korrika doa autobidean, beste bat berriz egunkaria irakurtzen ari da aulki batean eserita errepideko zabalgune batean gure tutuetako aire kutsatua arnasten. Eguzkia bizigarri, horiek ere. Guraso batek berriz bere semea darama atoian bizikletaz, tanden bitxia osatuz: burdinazko haga kurbo batez umearen bizikleta aurreko gurpileko ardatzetik lotua darama; umeak eragiten die pedalei, beraz laguntzen du ibilirako: asmakizun bitxia, bi bizikleta osoak dira, tandena egiten dute, baina nahi izanez bi bizikleta bihurtu daitezke.

 

Cambrigeko zirkulazioa izugarri trinkoa da arratsalde erdian. Kanal ertzetik egiten du dotore errepideak, inguru atseginean.

 

241 kilometro, espero genuena baino luzeago eta ugariagoak gaur ere.

 

Izartsu dago zerua, zuhaitzen ostean Cambridge hiriko argitasun urdinxka heltzen zaigu, autobideko hots leunak ez du urratzen arratseko  isiltasuna, alboko etxatoietako berbaro isilak kilikatzen dizkigu belarriak... gaugiro aparta litzake dudan nekeagatik ez balitz: pertsonak, gorputzak, hartzen dio neurria errealitateari.

 

“Lur bat haratago”. Joan Mari Irigoien. “Mundu honetan, ordea, hitza bera ere hitzik gabe gelditzen duk, ezpataren aintzinean” Hauteskunde ondoren hitzaren defendatzaile omen lehendakariak ezpatarekin ez ote galdutuko hitza.

 

 

Maiatzaren 12a.   Larunbata.  11.a – I:10.a

 

“Puskak biziz”. Juanjo Olasagarre

* “min tiranoari segika desolazio paisaia horren aurrean”. Katarroa zait egunotan “min tiranoa” eta bera izanen dut segika Coventry alemanek desolazio paisaia utzi zuten hirira.

* “Dena akabatzen da”. Egunak badoaz aurrera, duela guti hain han ikusten genuen Bretainia Handia da gaurko hemen.

* “.. The basque Country aipatu nizun gero, / behar bada Oteiza eta Axular / eta zenbait etnografiakeria, seguru, / euskaldunak, eta batez ere, ni / jende apartetzat har gintzazun”. Herri oro dago harro bere nortasunaz, eta hala izan behar du.

 

Coventry hiria dugu helburu: Gernikan frogatutako bonbardaketa teknika erabili zutelako alemanek hemen 1940an, hiria erabat suntsituz, baita badelako berreraikitako katedral eztabaidagarri bat ere.

Seguruenik ez dagoen irteera baten bila ibili gara gaur ere luzaz; aurkitu dugu azkenik bat eta uste dugu ez dela besterik.

Berotegi italiarrak, kristalezko txabolatxoak, sail zabal-zabala osatuz izan dugu gaurko osagai berria.

 

MAIDLAND, “erdiguneko lurrak”, hala deitzen diote lurralde honi. Konderri ezberdinek osatuta dago.

 

Huntingdon. Teilatuteria gorri iluna besterik ez da goitiagotik doakion autobidetik ikusita, adreilu eta teila zapaleko sail zabala, izugarria dager lauza zapal ilun bat bailitzan lurralde berdean zabalduz.

 

Puntazorrotza dira ia Rugbyrainoko eliza-dorre denak, ezohizkoak; urrutitik ikusten ditugu.

Izugarri trinkoa da errepide sarea, gureetan baino beste era bateara antolatu dituzte autobideekiko loturak. Borobilgunez bideratzen da beti errepide oroko lotura, gainera argi gorriak gehitzen dizkiote hiri handietako zenbat sarreretan. Gureetako autobideen logika ezberdina dute Ingalaterrako autobideek, Cambridge inguru honetan behintzat: sarrera-irteera ez du zertaz egon gaineko zubiaren alde bakoitzean: zubi batean aurkituko duzu sarrera eta irteera beste batean, beraz ez atera pentsatuz itzulbidea izango duzulakoz, auskalo nora joan beharko duzu eta. Doakoa da autobidea: hala beharko ere, hain dira ugariak norabide bakoitzean bi bideko errepideak ze ezinekoa litzateke txabolatxoz kontrolatzea: kobratuko dute auskalo ze zerga, eta kitto!.

Ikus daitezke lastozko teilatuak lurralde honetan ere, nahiz bakanak. Ezinezkoa da dorre, etxe, teilatu , zein edozein bitxikeriari argazkirik ateratzea: ez dago non gelditu, ezta herri-bideetan ere.

 

Kettering. Hemen ikusten dugu lehenengoz plastikozko fardel borobiletan bilduta belarra.

Dena adreilu eta teila multzoa den herri bat muinoa erabat hartuz, inongo graziarik gabeko masa gorria da.

 

Rugby. Herri honetan erabaki ziren  izen bereko jokorako arauak. Larre-lurrengatik egin zaigu ezberdina: ia inguru guztia da larre, artaldeak konta ahala haina. Bada behi aldraren bat ere. Ondoren etorri dira berriro koltza eta garia.

 

Koventry.  Ingelesen Gernika. Ikaragarri zabal dager errepidetik hurreratzean. Eliza-dorre pare bat, zorrotz luzeak, eta batez ere orainarte ikusi ez ditugun dorretxeak, hainbat gainera. Hiri berri-berria, lau kilometro egin ditugu erdiguneraino, etxetxo gorriz osatutako kaleetan; etxe arruntak dira, suntsipenaren ondoren zutenarekin eraikitako etxe xumeak; erdigunetik bertatik ateratzen dira norabide ezberdinetara zubiak, autoei irtenbide eman beharrez. Hemen ere Londreskoen jitekoak dira taxiak.

Katedrala. Azpian sarrera zuen dorre puntazorrotz garaia, absideko arkuteriak eta alboko hormak eutsi ziten bonbardaketari; harri gorri ilunekoa, edonori irekia, erakustokia ere bada, ezkontzak ere bertara doaz argazkiak ateratzera, oroitzapen eta oroitarri izateaz gain, ikuskizun bitxia baitira hondakinok: sutan belztutako bi hagekin egindako gurutzea, eskailera kiribilaren hasera erakusten duen zutabeen oinarriak, harri zurian zizelatutako Ecce Homo modernoa bitxi-bitxia, adiskidetzea irudikatuz besarkada estuan lotutako bi gizairudi, puskatu ez ziren beirateko kristal zatiak arkuetan...  Zirrara sortarazten du.

Katedral berria dago alboan, arku batez zaharraren hondakinei lotuta. Erabat modernoa, nahiago dut nik berri hau lehengoaren  bizki berreraiki bat baino: bonbardatutakoaren testigantza hor dago, beraren sinbologia ere bai: berritik ikusten baitira bestearen hondakinak sarrerako beirate zuri zoragarri landua den hormatik. Berriaren egitura erabat modernoa da, zerra-aho bat antzo horma, zutikako paralelogramo luzea bailitzan zati bakoitza; beirateak azpimarratuko nituzke, sekulakoak dira, horma bakoitza kolore, argi eta marazki ezberdinekoa giro bildu goxoa sortuz; sarrerako horma dena da beira zuria,  bete betean sartzen utziz argia, suntsitutako eliza begi-bistan uzten duela; beirate bien argi kontraste berezia sortzen da; Kalonjeen korua, bertako gotzainaren aulki bitxia, organoaren kokagunea eta moldaketa, otoitzerako 3 kapera bitxiak eta ezberdinak hirurak ... ; erretaula plastikoarekin estalia dago, oso bitxia dager bera ere argazkietan.

Saltoki eremua: ikaragarri zabala, ezberdinki taxututa, hiri barruan hiri ezberdin bat, ohikoa ez den zerbait. Jendez gainezka dago eguerdiko beroan, herritar uholdea datorkio eguerdi-pasa.

Holy Trinity eliza. Zutik iraun zuen nonbait, lehengoa baitirudi. Zurezko sabai pintatua du, zutabe erraldoiaren gainean balkoi-korritu luzea den harrizko pulpitua, arku gotikoak, erretaula landua...; ezkontza bat gerta zaigu ikuskizun paregabea: neska beltza eta mutil zuria ziren ezkongaiak, parafernalia izugarriz hasi da zeremonia atarira sarreran apaiza autoraino heltzen zela, elizara bidean geldiuneak egin dituzte, eta barruko giroa ere bitxia izan da pelikuletatik ezagunak zaizkigun musika ozenez girotua: filmetako Alabamako beltzen eliza batean geundela zirudien.

Plaza, etxe modernoz inguratutako espazio zabala. Bertan kariloia da deigarria, baina aitatzekoa batez ere zaldizko emakumea, larru gorrian zaldi gainean; biluzik azaldu omen zen zaldi gainean bere senar kondearen zerga gehiegizkoez protesta egiteko.

Zura agerian duten  etxetxoek iraun ahal izan zuten, guti dira, baina apartak. Diraute ere harrizko kaperatxo gorri ilun bakarren batzuk kale ertzetan.

Giro aparta erakusten du hiriak: Unibertsitate federalaren atariko belartzan gazte pila datza eguzki epelean etzanda.

 

Galderatxo bat aparkalekuan bertan eta nahiko onik atera gara kale gainetiko errepideetan zehar hiritik. Autoak hala moduz uzten dituzte herrietan. Arriskugarria da. Ez da nonbait herrizainik. Bi bideko kalea izanik ere, denok erdikoenekotik goaz, ezkerrekoa arriskutsua baita tarteka agertzen den auto aparkatuengatik.

Harrigarria da ibilbide osoan izan dugun autoteria, erabat trinkoa izan da zirkulazioa. Zorua sarri pikortua dago, baina abiadura, autobidean ohi denez, bizkorra. Ugariak dira kamioiak larunbatez ere.

Lautada amaierarik gabea zabaldu zaigu une batez Northantonera bidean, lurralde berde jori-joria zen, hesi berdez laukietan banatua, ikuskizun aparta, ia-ia irreala. Larre zabalak dira baina ez da inolako animaliarik larrean, izurriteak pasa du nonbait sega. Ur askoko lurraldea da, ur geldikoa, halako laku zabala sortu dute urok.

Norabidea asmatuz goaz, ez da erraza, bere meritua du norabide zuzena asmatzeak, normalena, errazena, okerrerakoa hartzea edo ezin asma ibiltzea litzateke, mila bideko errepide labirintoa baita.

Etxe bat jasotzen ari dira: zurezkoa, oholtzarrekoa  da teilatuko egitura, baina hormak zementuzko blokez eginak dira, ondoren adreiluz itxuratuak.

 

 

BEDFORD KONDERRIA

 

Bedford (?). Konderri mugan bertako herritxoa aproposa da, xarmanta. Herri honetan denek dirudite ahaldunak edo ondo-biziak, etxeei erreparatuz behintzat. Parke erakargarri zabala ere badu. Herri honek berak soilik merezi zuen bidaia.

 

Iragartzen dituzten iragarki-marrazkiak ez ezik, bideokamerak eurak ere ugariak dira errepideko azken zatian. Heziketaz, kulturaz, erantzukizunagatik ez dira zur gidariak, kameron beldurrak eragiten die nonbait zuhurtasuna errepidean.

Hara non eliza-dorre burumotz bat gaur ere.

Adreiluz eraikitako College  bat, baxua, kolore gorriagatik ere osatzen duten etxetxo pilagatik deigarria.

Hainbat herri zeharkatzen ditu erdi-erditik errepideak.

 

Monumentuz aberatsa, Warwik hiria genuen gertu, baina nahiko dela esaten dit gorputzak, gripeak jota dabil, minduta eta indarge.

 

Bide jadanik ezagunean egin dugu gaurko errepideko hanka-sartzea etxera aurreko azken zatian. Bide ezaguna zelakoz lasaiegi hartu dugu bidea. Ernegua berriro ere nagusi. Ohi dugunez Cambidge erditik zeharkatuz bideratu gara etxera. Ondo ezagutu dugu oraingoz hiria.

 

310 kilometro, Ingalaterrako Gernika suntsitura. Luzea, baina, erneguak ernegu, ez zaigu damutu.

 

Futbol partida ikusten ari dira nonbait alboko etxatoian: ikusgarria, sekulakoa, liluragarria ere, heltzen zaigu ikusleen kantu-hotsa.

Sartu da igandezale berria astebururako, batzuk soilik, ez joan den asteburu luzean haina.

 

St. Albans bere eskaintza oparoarekin zen biharko gure Cambridge inguruko azken helburua, lehen normandiar garaiko katedrala zitzaigun akuilu, baina bertan behera uztea erabaki dugu bisita. Atseden bat behar dute gure gorputzek.

 

“Lur bat haratago”. Joan Mari Irigoien.

*”zeren maitasuna baita jakintasun ororen gaineko jakintasuna”. Zenbat eta gehiago jakin herri batetaz, zenbat eta hurragotik eta sakonago ezagutu, gehiago maite duzu.

* “Zeren izen hura ipini baitzion osaba Juanikotek jauregiaren goialdean zuen bere estudio edo kabinete hari, modu hantu eta hanpatu hartan: Zientziaren Gela”.  Cambridgen bada Zientziaren Museoa ibai ertzean, eraikinak behintzat ez du itxura hantu eta hanpaturik.

 

 

Maiatzaren 13a.   Igandea.  12.a – I:11.a

 

“Puskak biziz”. Juanjo Olasagarre. “Ni naiz, diote, direlakoan”. “Ni naiz” diogu denok, xumeenek ere, nahiz huskeria, zertxo bat behintzat garelakoan. Izan garelakoz.

 

Biharko aterabide egoki baten bila egin dugu errepidera. Hara non hementxe bertan genuen, egokiago ezin, autobidera sarrera, eta bost egunez ernegatu dugu bestaldeko bidegurutzeetan.

Biharko errekin potoa betetzea erabaki dugu, bide-batez, ez baita erosotasunik errepideetan. Eta hara non jabetzen garen motorrak jarioa duela, isurki berdexka bat, erradiadore ingurutik datorrela besterik ez dakigu. Garaje baten berri zehatza ere jaso dugu, badugu bihar lehen orduko zeregina.

Erabat jator portatu zaigu gasolindegiko gizontxoa. Ahalegindu da arazoa konpontzen bere kafe-ordua izanik ere. Ez du saririk hartu ere izan nahi. Gizakume nagusi, hile luze gorri txikitxoa: gizakiagan konfiantza berreskuratzen dut horrelakoetan. Kanpinean bertan ere erabateko adeitsua izan da tratua eta ahalegina matxura-konponketa bideak erraztu nahian.

 

Arropak garbitzeko aukeratu dugu gaurko egun lasai eta eguzkitsua.

Barau egin dut, gorputzak bere onera etorri eta indarberritzen bildu ditzan indarrak, digestio lanetan indarrik xahutu ez dezan. Arratsaldez ibili labur bateara atera eta ordubetez luzatu naiz ibilaldi bakarti, baketsu, paregabean Ingalaterrako landa  berdetik, kanpina eta ingurua ezagutuz.

Ikaragarri zabala da kanpina, granjako lur zabalak ibilgune gozagarriak inguratzen du: tamalez ez dut eraman argazki ez bideo kamerarik, aukera paregabea galdu dut errepidetik atera ezin ditudan lurralde berde zabalok argazki batean finkatzeko oroimenerako.

Hesi garaiaren bestaldean, kanpineko muturrean, adinekoen etxatoi railly-kideak daude. Izugarrizko algara eta builetan bildurik petankan ari ziren, batzuk eserita begira, zutik jokatzen besteak. Bizipoza!!!.

Bakardade erabatekoan gelditu da kanpina, barne-muinetaraino sartzen da isiltasuna, lasaitasuna da nagusi.

 

30 kilometro, norabide eta gasolindegi bila, matxurarekin etxeratu arte.

 

Erabat nahastua egon naiz kanpin honetan, egun eguzkitsuak arren Iparra, Hegoa, kokatu ezinik, Cambridge eta autobidea lehen egunetik geratu zitzaizkidan nire eskema edo buruko mapatik kanpo bide txikietako gurutzadura eta sare nahasian.

 

“Lur bat haratago”. Joan Mari Irigoien. “Zenbat mementu on iragan nituen gela hartan, eta zein doatsu eta zein zoriontsu izan nintzen haietan”. Tarteka joaten gatzaio Zientzia Museoren bati. Egia da ordu goxo eta aberasgarriak izan ohi direla. Egunotan ez dugu Museoetara joateko giro-gogo-indarrik.

 

 

Maiatzaren 14a.   Astelehena.  13.a – I:12.a

 

“Puskak biziz”. Juanjo Olasagarre: “Baina bizitza mozorro da beti”. “Neronen patua nahi nuke, bizitza ez”. “Bizitzak zikindu egiten du, patuak ez”. Zer da bidaiatzea?. Patua ala bizitza?. Mozorro bat?. Agian bai. Patuak ere zikindu egin dezake.

 

Goizeko zazpiak eta erdietarako garajean ginen. 6 ordu luze egin behar izan ditugu matxura konpondu zain inguruko saltegi erraldoi bateko epelean. Erradiadorea dugu zulatua, mila durotik gorako zuloa da bidaiako aurrekontuari egin diguna. Auto biguna atera zaigu: bidaia luze orotan zulatu eta zuloren bat.

Hara non saltoki modernoan Turkiako irudi bera: goitik beheraino zapi beltzez estalitako emakume itxuraz gaztea, begiak soilik zituela agirian.

Hurreratu gara bidaia-liburuen sailera: Euskal Herria agertzen den liburu bakarra “Norte de España” izeneko bat da, non Nafarroa Errioxarekin lotua doan eta Basque Country Euskadi Komunitatea soilik garen. Eta gu zerbait ginelakoan!. Andalucia, Baleares... han daude bakoitza liburu pilarekin. Eguzkia da agintzen duena herrien ezagupenean eta ez  gu hainbeste harrotzen gaituzten kultura, hizkuntza...

Nolako astelehena  garajeko bulegari koadrilak: hogei bat litroko plastikozko ur-ontzia agortu dute eguerdirako.

Izan dugu poz-gune bat: pepe eta psoetarrek izugarrizko jipoia jaso dute Baskongadetako hauteskundeetan. Poz txikia, baina zoriona: zoriona,  nahiz txikia, beti zorion. Kontrapisua: Ezker Abertzaleak ere jipoia hartu du. Atsekabea, beti atsekabe.

Cambridjeko inguru berri batzuk ere ikusi ahal izan ditugu ibilalditxoan: Zientzia Museoa, kanala, parkea...

 

Auzo hurren duguna hurreratu zaigu ia nongoak galdetuz. “Euskaldunak”. “Españoles” erantzun digu irri alai batez. “Ezetz, euskaldunak”. “Fine-fine”, eta irribarretsu joan da.

 

Konderri eta kanpin aldaketa eguna dugu gaur.

Ordu biak jo berri atera gara errepidera. Egun lainotsua hasieran, lasterrera ekin dio euriak eta ez gaitu utzi kanpin berrira arte.

Lurraldearen fisonomia ez da aldatu, berdina edo antzerakoa dirau. Ur geldiko lurrak dira hauek ere, hainbat laku daude. Baba-beltz sail ikaragarri zabalak daude, pentsurakoak nonbait. Teilatu hegi dotore landutako txabola antzerako etxetxo nanoa begiak bidaiarioi alegeratuz. Kamioi alemaniar bi, bata bestearen jarraian. Peterborrough-etik gora bi harrizko etxe apal dotore teilatu luze pikokoak.

 

Stamfor. RAF, Ingalaterrako aire armadaren kuartela: jauziak egiten ikusi ditugu lehenengo, gero ehiza-hegazkin batek harro erakusten du errepide alboan kuartela non dagoen; medar-medarra da pilotuaren kabina, pospolo kaxa, hilkutxa: gora gerra!.

 

Aspaldiko Mini haietarikoa, itxuraz ere zaharkitua, baina orduko 100 kilometrotik gorako abiaduran doa, gu atzean utziz.

Urrutiko herri edo hirietara distantziarik ez dute jartzen errepidean, hurrengora artekora soilik, beraz beste era bateara jolasten dugu bidaiari asperdura arintzeko: hurrengo herrira kilometroei egiten diegu kenketa. Nolanahi, euria eta zirkulazio trinkoa dela eta, errepideak xurgatzen digu ardura osoa, inguruaz gozatzeko aukerak murriztuz.

 

Granthan. Hiri historiko artelanez aberatsa iragartzen dute, bidaia-liburuak ez badu hainbestekorik aipatzen ere. Dorre garai bat erakusten du, eliza gotiko perpendikularrean.

 

Boston. Bretainia Handiko elizetan handienetariko bat omen, gotiko egiturako maisulana.

 

Lincoln. Katedrala du honek ere, Ingalaterrako ederrena agian, gidaliburuaren iritziz, normando eta

gotiko estilokoa.

 

Nekatuta daude gure gorputzak, ez da kanpinik ageri kanpin-gidan, hainbat katedral ikusi ditugu jadanik, zein baino zein ederragoak, beraz aurrera egitea erabaki dugu, York-era joateko erabakiari eusten diogu, errepidean bertan kanpin bat iragarrita ikusi dugun arren: ez dugu bide galduetan kanpin bila ernegatzeko umorerik. Atseden bila goaz.

 

Newark. Merkatal hiri historikotzat iragarrita dago letrero marroietan. Hiri zabal zapala dager, katedrala erraldoitzen zaiola dorre zorrotz garai lerdenarekin. Kanpina iragartzen dute hemen ere. Gidaliburuak lerro erdi eskaintzen dio soilik.

 

Errepide soil bihurtzen da tarteka autobidea; hurrengo autobidean bertan zirkulazioa zuzentzeko borobilgunerik ere bada: frantziarrek eurek ere ez diote hurrik ere ematen Ingalaterrako errepideei borobilguneon ugaritasunean, ia errepide-gurutze oro baita borobilgune.

Lasto-fardoz eginiko gaztelua: belar zaharra da. Ikusten ditugun lehen belar-fardoak dira, gaur egun ez da belartzarik inguruan, ezta larrerik ere.

Dorre karratu, zabaltzan bukatutako burumotzak izan ditugu ez etxerik ez teilaturik ikusi ezin dizkiegun herrietan. Badira kantoiak orratzez dotoretutako dorreko zabaltzak, baita leiho gotikodun dorrerik ere. Teilatu pikeko elizatxoak dorre txaparro zabala zuen luzapen lez osotasun bitxia eginez ur geldiko une batetan.

Zerritegi ikaragarria errepide ertzean, dozenaka zerri, ehunka agian, txabolatxo kurboek lur eremu zabala betetzen dutela, lur erabat harrotuan  kolore berdinekoa lurra eta zerriak, zikin zikinak zerriok.

Herenegun  Coventryra bidean ikusi genituen eliza-dorreen bikia etorri zaigu bakarti eta bakar gaur.

Argindar tantai erraldoiek zeharkatzen dute etengabe lurraldea, agian argindar zentralen bat dugu inguruan..

Autobide egiturako errepidean ez borobil ez inolako segurtasun neurririk gabeko bidegurutze pare bat, besterik gabe lotuta daude alde biak, gidariaren zuhurtasunak agintzen du bertan.

Iruzurra sartu digute gaur ere: urrutitik uhintxo mugikordun lakuak uste genituenak plastikoz estalitako lursailak dira bertatik.

 

Robin Jud mitikoaren basamortuan sartu gara Doncaster baino hamabi bat kilometro lehenago. Gaur egun ez da baso edo gordeleku zabalegia, baso kasko ugari gelditzen zaizkio soilik garai batean nonbait baso bakarra zenari, autobideak eta lur landuek soildu ez ezik desegin eta erabat desagerrarazi dute basoa. Artalde erraldoiak biltzen dituen larre izugarri luzeak dira gaur egun baso haiek.

 

Bkyth. Gaztetako abizen bereko zine aktoresa bat gogarazi digu herri-izenak eta eliza-dorrearen zabaltza dotoretua eskaini.

Ez dute kanpairik eliza-dorreok. Protestanteek beste era batera deitzen dute nonbait elizkizunetara.

Bretainia Handia

Jon Etxabe 2022/07/21 10:35
EKI INGALATERRA. CAMBRIGE KONDERRIA. Camerige, Ely, Peterborouh. NORFOLK KONDERRIA. Norwich, Great Yarmouth.

EKI INGALATERRA

 

CAMBRIGE KONDERRIA – CAMBRIGESHIRE

 

Autobide zenbakiak zenbaki handiz daude iragarrita, herri izenak baino bi aldiz handiagoko zenbakiz. Zenbakiez baliatzen dira nonbait ingelesak gu izenez bezala.

Ez da atzerritar matrikula bat ikuste errepidean, ez autoetxatoirik ez etxatoirik, ez dabil ez alemaniarrik ez holandarrik ere!.

 

Lastozko bi teilatu ikusgarri kanpinera hurreratuz gaudela, batek apain ebakita ditu ertzak, erabat dotoretuak gailur inguruak, halakoak ziren nonbait etxe estalkiok teila asmatu zen arte. Ugaria behar ziren izan istingak ere. Burdina-hariz finkatuta daude lastozko estalkiok. Erabat estutzen dute errepidea herrietan, gidaria oso geldi joanaraziz, Holandan antzo.

 

Kanpina. Landetxe batean dago, altzifre-hesiz banatutako izugarrizko belartzek osatzen dute. Berde-berdeaz gain garbia eta txukuna. Zozoen festibala: arratsean kantu egingo digute, heldu garenean belartzan dabiltza bazka oparoan mokoka. Guti gara bezeroak, erabat atsegina zaigu egontoki berria. Prest izan ditugu bi kanpin-kide etxatoia egoki kokatzen laguntzeko.

 

Cambrige hiria. Hiri moinonoa, bere antzinakotasunean dirauen antzinakoa. Erakargarria, merezi du bisita, kaleetan lasai ibiliaz, bizikleta artean, gazte giroan, etxeez gozatuz eta collegeak miretsiz. Kultura ezberdina dute Ingalaterrako hirigileok. Ugariak dira etxe xarmantak, baina batez ere Ikastetxe edo College-ak dira ugariak, nortasuna eta berezitasuna ematen diotenak hiriari. Kalean bertan daude ikastetxeok, kalera dituzte sarrerak, baina ikaragarri zabalak dira barrualdera; patio zabal ederretara  sarrera apartak dituzten eraikin bikainak denak. Auzoetan ere ugariak dira collegeok. Trinity college ikustera sartu gara, bat behintzat ikusi beharko genuela eta, ze nolako iruzurra: planoetan ikusgai iragartzen duteneko laurdenik ere ez digute utzi ikusten: Areto nagusiak, patioa, filosofo, zientzialari eta jakintsu zenbaiten irudiak dituen areto bat eta kito.

Hirian bada plaza eder bat: merkatua zegoen bertan, oparotasuna dario batez ere ortuarietan. Kanaltxoa ere bada, hagaz bultzatutako txaneltxoak dabiltza, ez dakit turistentzako amu ala ikasleentzako lasaigarri. Tokatzen zaionez, liburu-dendak, liburuen self-service zuten batean. Tximinia dotore luze bereziak, orain artekoetan erabat ezberdinak, izan zaizkigu deigarri. Elizak ere hainbat dira.

Holly Sepulchre bisitatu dugu: ikusgarria da, arkuteria eta zutabe sendoko erdigunea du, buru zizelatu bikainez dotoretua. Izan da beste eliza eder bat zurezko gizairudi bikainak zituena sabaiko zuraren eusgarri.

Gazte pila dabil kaleetan, ikaslez mukuru daude bazterrak, askok darabilte bizikleta.

Onddo-kapelua buruan eta uniformez jantzita dabiltza ikastetxeotako bedel eta morroi enparauak, tipo xelebreak.

Aparkalekuak aipatu behar: Lau aparkaleku erraldoi daude, hiriko lau ertzetako bakoitzean bat. Bertatik hirira arteko autobusa dabil hamar minutu oro. Erruz darabil jendeak aparkaleku hori. Gureetan ere ikasiko balekie!.

 

Pila bat erosi dugu: dendariari eman diogu pila zaharra, baina hara non zakarrontzira bota duen: ez da nonbait birziklapenik.

 “El Pais” saltzen da, baina salduak zituen eguneko denak.

Gizon gazte edo gazte heldu batek gomazko ur-poltsa erosi du: hotz egiten du nonbait gauetan.

 

191 kilometro, autobide saretik kokagune berrira.

 

Bisita-leku eskaintza pila dago inguruan, aukera mordo baten iragarpenak jaso ditugu turismo-bulegoan, baina guk geure asmoei eutsiko diegu, gure plangintza beteko dugu.

Erabat nekatuta gabiltza biok, lehen eguneko auto-ibilaldiaren ondoren ez genion eman atsedenik gorputzari.

 

“Lur bat haratago”. Joan Mari irigoien: “... eta orain erranen diat ezen gure familian beti izan dela protestanteren bat belaunez belaun”: Ingalaterran ia denak gizaldiz gizaldi.

 

 

Maiatzaren 9a.   Asteazkena.   8.a – I:7.a

 

“Puskak biziz”. Juanjo Olasagarre:

* “Egunak mailegutan letozke”. Datoz

* “Apurrak baino ez esperatu, / ia banderarik gabe bizi, / ez esan, ez egin, ez sinetsi / eta isiltasunaren beharrei men egin / Heriotza aria delizios bihur dadin”.  Aspaldi idatzi zuen Miltonek “Paradisu galdua”.

* Krudelegia ere bazela bizitza”. Nolako lana hartzen duten zozoek eguneroko bazka lortzeko. Eremu berde goxo bat besterik ez da gure begientzat zelai eremu zabala, galdetu baina mokoka dabiltzan zozoei ze mundu oparoa dagoen orriarte horretan, galdetu irentsitako intsektu eta zomorroei ze krudela den bizitza.

 

Mahuka hutsean genbiltzan atzo Cambridgeko hirian, lainotsu eta hotz esnatu zaigu gaur eguna.

 

Mendi-muinoz mendi-muino  inguru gorabeheratsua daramagu, baina oso lurralde leuna da izan. Lurralde berdea, jori-joria, langak dira sailetako hesiak. Zingira lurraldea izana nonbait, lakutxo ugariak izanen ditugu egun osoan, ugariak dira ere ubideak, urez mukuru gaur egunotako eurien ondoren drainatutako urez. Atsegina zaigu lurraldea, atseginak herriak. Ez dugu ia inor ikusten herriotan. Basorik ez dago, haize-errota, eliza-dorre puntazorrotza, ... horiek izan dira lehen ibilian azpimarratzeko zer bakarrak.

 

Urrutitik nabarmentzen da, karratu berdea, Elyko katedralaren dorrea, aurrean dugu uneoro ageriko eta ikuskizun, zilueta iluna lehenengo, gertuago eta lerdenago, aparta aparkalekutik.

 

Ely. Herritxo xarmanta, zura agerian duten etxetxoak, adreiluzko etxetxoak, beha-leiho politeko etxetxoak... lehen solairuko etxez osatua, herriotan ohi denez, ez da garai samar etxe bakar bat bera. Ez du bere txikitasunean non ibili handirik baina begiek badute zer potxolorik begiratzeko. Etxeon artean Oliver Cromwell-ena aitatzeko: bitxikeria ugari ditu, tartean leihotxo gotikoak, eta nor datorren edo nork deitzen duen jakitea ahalbideratzen duen ateko zulotxoa.Tximinia ezberdinak ere aipagai ditugu, apaindurengatik. Katedralaren inguruan dira eraikin ezberdin ederrak: gotzain, elizgizon eta katedralari lotuak, arku gotiko ederrak, parkeak, gargola-buruak... erabat higatuak erakutsiz.

Katedrala. Hiriko altxorra, sekulakoa, aparta. Hiru estilo ezberdin nabarmentzen zaizkio: normandoa, antzinako gotikoa eta gotiko elkarzut edo perpendikularra. Zaila zaigu oraingoz hiru estilook argi bereiztea, edo zein zein den jakitea, taxu ezberdineko gotikoak direla besterik ez. Nolanahi dena da gotiko ikusgarria. Etorri eta ikusi, ez baitira bukatzen barneko zein kanpoko artelan eta bitxikeriak; zirraragarria, patxada hartu eta harritzera zein gozatzera joan. Arkuen sinfonia da katedral osoa, kanpotik zein barrutik. Ingalaterrako luzeenetarikoa omen bere 156 metrorekin; hiru nabekoa, tunel luzea dirudite ertzeko nabeek, hain luzea dager sabai gotikoko arkuekin. Garaiko jatorrizko  ganga pintatua zati normandoan, kupula harrigarria: munduan dirauen zurezko bakarra, 200 tona egur ditu, nerbioei eusten dieten habeek 19 metro dute luzeran, sekulako tailak ditu koruko aulkiteriak, gotzain mordo baten hilobiak: harrian tailatutako sekulako artelanak denak, beirate hondar ederrak, kaperak ... arte sinfonia da katedral osoa. Gehiegikeriak menderatzen zaitu azkenerako, hainbeste artelan zeureganatzeko gai ez zarela uzten zaitu. Elizatik ateratzerakoan begirada bat botatzen diozu berriro, eta harrituta ateratzen zara; kanpora egin ondoren begiratzen diezuz dorreei eta harrituta jarraitzen duzu.

 

Zehaztasunez ikusi nahi duenak baditu barruan gida-orriak, hainbat hizkuntzatan, gazteleraz ezik.

Jubilatu ugari dabil txangoetan, katedraletan ikusten ditugu batez ere. Hor egon da talde bat gidaren matraka entzuten asper aurpegiekin, otoitzean ere jarri baititu.

 

Lautada zabalak ditugu orain, zeru-marrarainoko ordeka. Berdearen sinfoniaz gozatzeko aukera eskaintzen zaigu. Ipuinetako herri xarmantak, liluragarriagoak egiten dituzte gereziondo loratu zuriek. Bada alderik etxetik etxera, zaintzan zein txukuntasunean, baina denak dira xarmantak. Eliza-dorre puntazorrotzak tarteka, ia herririk ikusten ez den zuhaitz artean, eliza-dorre gotiko edo erromaniko zaharturen bat ondoren ... Landetxe bakanak lautadan barreiatuak, errepide inguruan kokatuak, txukunak; bakoitzak latorrizko teilatudun eraikin ugari du inguruan, ilunak, zatarrak sarri, korta edo biltegiak dira.

 

Erdi galduta ibili gara, ernegatu ere egin dugu, azkenik bideratu gara nonbaitetik, baina galdu dugunaren damurik ez du ikusi dugunak. Dena da berria guretzat eta atsegina izan zaigu tokatu zaiguna ikustea. Herri-bideetan gabiltza, ia geu besterik ez. Bihurgune asko ditugu, baina bihurgune leunak, arriskutsuak izan daitezkeenak bizkor joanez gero peralterik ez dutelako. Argazki makina bat dago marraztuta errepideko karteltxoetan: auto batek argi pirrintak bota dizkigu, argazkia atera digun polizia zen agian, bizkorregi gindoazelako gure ustez  abiadura lasaian gindoazen baina.

Ibili atsegina, erabat atsegina bidegurutzeetan ernegatuko ez banu.

Ez da hesirik lurrotan, etxe-bueltetan ezik. Lurra oso iluna da, asko simaurtua gizaldietan, edo arbel-lurra delako.

 

Sutton. Eliza-dorre karratu dotorea, koroi bikoitzez bukatua bezala, bata bestearen gainean.

 

Chateris. Inguruan laku edo putzu zabal ugari ageri da, geroago ere joango zaizkigu agertzen antzerakoak, istingatsua izan zeneko hondakinak, lurraldearen draina guneak seguru aski, agian gune  draina ezinak, edo ekologia kontutan hartuz bertan utziak, hegaztien gordeleku.

 

Herri gorriak, zapal-zapalak, inguruko zuhaitzak hasi samarrak badira ez dira ikusi ere egiten.

 

Doddington. Lastozko, kanaberaz ?, tailatudun etxetxo xarmant dotorea, zerbait ofizialaren itxura du. Lasterbide bila sartu gara herrian, ez dugu lasterbiderik aurkitu baina norabait sarrera den adreiluzko dorretxo polit  atsegin deigarria ikusi ahal izan dugu. Herriotan sartuz beti duzu zerbait xarmanta, baina inoren etxean sartzen garen  sentipena dugu, inoren etxean bezala sentitzen gara herritxootan; horrez gain ia ezinezkoa da herritxo orotan gelditzea, ez luke bukaerarik bidaiak.

Hiri nagusira heltzean jabetu gara bazirela egon, herritxoz herritxo, ibilia laburtzeko herri-bideak, baina bertakoa izan behar da horretarako, eromena litzake maparekin sareotan barrentzea.

Ez dago zelairik ez dago ganadurik, lur-landua da dena, galsoro eta koltza sailak. Errepide zoruak badu lisatu beharra.

Presente dago ejertzitoa, bide galdu batean aurkitu ditugu jeepak.

 

Peterborough. Hiri ororen egitura bera du auzoetan. Barnegunea du ezberdina: ibaiak biltzen du Hegotik, jatetxe egokituta daude bertan ontziak, parke ederrak ibai alboan, zisneak uretan... Erdigunean plazaren antza duen  kale zabala, non aurkitzen den udaletxe jauntxoa, hainbesteraino heltzen ez bada ere hiriko dorrea deitzen dioten eraikina, zeinaren barrua dotorea ez baina mailadi zabal bikoitzak hanpatua egiten duen. Katedral aurrean bada plaza ez handia, plaza erdian, bakarti, horregatik agian ederragoa, gremioen biltokia izan zen eraikin dotorea zutabe gainean, azpia argia eta fatxada pintura eta irudiz edertua.

Katedrala. Hiriko altxorra da hau ere. Normandiar artearen maisulana omen. Ederra bada behintzat, eta handia. Sekulako arkuteria du fatxadan. 27 metroko altuerako fatxada, santu-irudi zizelatuz edertua; elizpea du ezberdina, zutabe-oinarri bitxi batekin: normandoa dela diote. 140 metro ditu luzeran barneak, eta erabat luzea ikusten da ikusi ere, ez baita inolako korurik begi-bista oztopatzeko. Luzea ez ezik garaia ere bada, oso austeroa, biluzia delarik  garaiagoa eta luzeagoa egiten du biluzitasunak. Ez du harridurarik sortzen, handitasunarena ez bada, baina osagai apartak ditu: koruko aulkiteriko atzealdea taila-lan paregabe zoragarria da, hilobi pila daude elizan zehar barreiatuta, beraien artean Aragoiko Katalina egon zenaren tokia, zeini Aznarrek nonbait egunero lora freskoak jarrarazten duen, planta ederreko beirate hondarrak, 780 urte inguru dituen harri tailatu bitxia daniarrek hildako monjeen oroitarria omen dena: bi gotzain omen dira eta dituztn txanoak frixioak diruditela diote. Erdiko nabeak normandiarren garaiko sabaia du, bikain pintatua, zurezkoa: ez omen Ingalaterran sabai osoa zurezkoa duen beste elizarik; abside osteko  sabaia ere sekulakoa da, tailatutako harriz egina, abaniko forma hartzen du; bi tapiz eder korutik barnerago sabai ederra duen erdigune batean.

Zehaztasun gehiago gidaliburuan edo gida-paperean aurkitu beharko. Joan eta ikusi, eta ordaindu, merezi du eta. Gozamena. Ibilaldi artistikoa historian zehar, atzera jauzi izugarria.

 Hemen bazen gaztelerazko gida-orritxoa, doan!.

 Ez dute sarrerarik kobratzen baina 3 liberako borondatea aholkatzen dute. Bideo-kamara erabiltze bai ordaindu behar da, 3 libera.

 

 

Bada eraikin ederrik katedral bueltan, gotzainen aberastasun eta ondo-biziaren ezaugarri. Eliza pobrea!, bada mila zehaztasun emanezko erakusketa bat, bada harria ibaiz nola ekartzen zuten marrazki erakusketa, bada erloju zaharraren makineria zaharra bezain bitxia.

 

Zubi triangeluarra dagoen herritxo bat aurkitu nahian ibili gara, Ingalaterrako bakarra hau ere, baina ez dugu aurkitu, mapan zenbakirik ere ez duen bide-herritxoa baita, lur zabalean galdua.

Nahastu egiten gara tarteka errepidean, nahasten ez garenean ere urduri goaz nahastuko ote. Gaur erabat nahastu gara zirkulazio trinkoaren  zurrunbiloan; letreroei adi, trafikoaz baino norabideaz arduratuago, eskua utzi gabe sartu naiz bi borobiletan eskumakoei turuta-hotsa sortaraziz. Biok urduri jartzea izan ohi da arriskutsua, eta hala gertatu zaigu gaur. Nahastuta ez ezik haserre ere bukatu dugu. Ez dugu zubi ezberdin horren herritxoa aurkitu, baina ziba batek baina bira gehiago eman ondoren  jo dugu etxerantz, nahi genuen baino beranduago eta nekatuago. Infernutxoa bilakatzen zaigu hiritik alde egitea.

 

207 kilometro, bi katedral paregaberen ikuskizuna,  ernegaldiz bilduak.

Adineko koadrila handi bat dago kanpineko beste berdegune batean, oso nagusiak dira gehienak, beretzat da belartza osoa.

Gerra hegazkinen erakustaldia izan zen inguruko hiriren batean, horregatik ikusi ditugu egunotan airean hainbeste hegazkin antzinako. Kolore biziz dago delako erakustaldia iragarrita kanpineko iragarki-taulan, umeek doan zuten ikuskizuna: gora gerra eta gerrazale demokratak.

 

Ez dut gozatu gaueko bakardadeko ibilitxoan zelaiko isiltasunean. Goibel nago, ez zait barnea bere onera etorri;  ez dut gainditu Peterborough-eko zurrunbiloko barne astindua.

 

“Lur bat haratago”. Joan Mari Irigoien: “... hiru mende gibela egin diagu Nafarroan. Zeren antzina baitzegoen libertate apur bat, eta gaur deus ez ...”. Bidaietan ere ezin ahaztu gure herria, ez egunkari ez irrati, sekulako lasaitasuna bizi badugu ere.

 

 

Maitzaren 10a.   Osteguna.  9.a – I:8.a

 

Puskak biziz”. Juanjo Olasagarre.” Errealitatea ukatzea da / defentsa mekanismo abila”. Alferrikakoa, gizarte honetan bizi nahi bada; hor dugu zain trafiko zurrunbiloa eta bide-sare nahasia, egunotako errealitate ukaezina.

 

Ogi maskala dute ingelesek, bigun-biguna. Ez da gureetan ohi den ogi aukerarik; ezta gozo gauzetan ere orain arte ikusi dugunaren arabera, ez dirudi gozogintza batera fina.

 

Trumoiak jo du gauez, luze jo ere, tximistek argitzen zuten etxatoi barrua; izan da euri ahalegintxoa ere. Goizez baina, 7ak aurretik etxea berotzen zigun bete-betean eguzkiak.

 

Cambrige zeharkatzean jabetu gara hiriak baduela ibaia ere, inguru zabal erakargarria, parke, zubitxo eta bide-gorriekin.

 

Orografia eta lurraren erabilpen aldetik ez digu ezer berezirik eskaini lurraldeak, zaldi zelaiak, zalditeriak, zurezko langaz banatutako zaldi-esparruak... nabarmendu zaizkigu. Horrez gain putzuak, lakutxoak, drainadurarako erreten zabalak, eta urez oparo ibai nanoak zelaiak dotore zeharkatuz.

 

NORFOLK KONDERRIA

 

Tetford.

 

Badirudi baso erditik doala errepidea, baina baso kaskoak besterik ez dira, 100 metro zabalerako arbolateria errepidearen luzeran, besterik ez gehienetan. Pinua ere agertu da, arboladien ertzetan ilaran edo baso erdian, Mediterraneokoaren tankerakoa, baina baita bestelakoa ere, insignisaren jitekoa. Urkia ere ugaria da.

Ureztatze masiboak, gurpil gainean biratzen diren tramankulu luze horietakoen bidez. Asko izan dira plastikoz estalitako sailak: itsasoa ziruditen, eguzkira brist, uhintxo eta guzti.

 

Norwich. Badirudi sarrerako etorbide luzean bizi dela hiriko aberaskume oro: etxetxoz jositako parke digante bat dirudi inguruak bere zuhaitz lerdenekin: etxe bakoitzak du beretzat parkearen zati bat, jauregi bat da etxe bakoitza. Erdiguneko lehen kaletik eragin digu iritzi baikorra hiriak: etxetxo gorriko kale gorri kuriosoa. Gaztelua du erdi-erdian, tontortxo batean, ez goregi baina hiria mendean duela; gaztelu karratu erraldoia, kubo digante argi-argia, garbitu berriagatik harlanduzko ia zuria; lau arku estaiek dotoretzen dute, etenik ez duen arkuteria bikainak, arku erromaniko baten altueran; ez da borroka-oroitzapenak esnarazten dituen gaztelu gotorra, jauntxoen bizimolde erraz baterako jauregia baizik: museoa da gar egun. Plaza, zabala, gaur egun guretzat erakargarria merkatu bihurtuta baitago, deigarria estalkien zein loren kolore aniztasunagatik. Plazan dago kokatua hemen ere Guildhall edo gremioen biltokia, bera bakan eta bakar plazako ertz batean; harri ilunekoa izanik tartekako harri zuriek alegeratzen dute; ohizko ordularia eta armarria ditu, azpia aldiz, hormez bildua eta estalia. Kaledia: bertan murgildu eta gozatu, kale potxoloak, moinonoak, erabat atseginak, antzinako bere hartan iraun dutenak, non aurkituko dituzun ertz irtenak eta zureria agerian dituzten etxe apartak, adreiluzko etxe bikainak, eta bestelako etxe ugari. Elmhill kalea aitatu beharko genuke baina erdiguneko edonon aurkitu daiteke potxolokeriaren bat; berdindu gabeko uharri leuneko zoruak berak ematen dio giro bestelakoa. Giroa: begiratu eta ikusiz gain kaleetako giroan murgildu behar da hiri honetan, bizi-bizi daude, nabari da udaberria, bizipoza azaleratzen zaio jendeari, eguzkitan dabil, gaztedia batez ere, betiko kaleko gaztedia kalean ibili lasaian eta ikasle gaztedia, beltzez uniformatuta ikastetxe batekoak, urdinez beste batekoak, katedralaren inguruko berdegunea zabaletan etzanda. Nagusiak ere atera gara kalera, udaberriak denok pizten gaitu. Ikasle koadrila poltsa erraldoiekin zamatuta doaz norabait kriketean jokatzera. Gorantz doan herria eta aurrera begiratzen duena.

700 eliza ditu hiriak, bada hiriko plano bat eliza bakoitzeko motatxoa duena: borobiltxo beltzez estalia dago erabat. Ez gatzaizkie bila joan, ezta edertzat jotzen dituztenengana ere, ezinezkoa baita aukeraketa bera egitea ere. Museo bihurtuta daude zenbait. S. Andres eliza bidean egokitu zaigu, sartu-irten atsegina eskaini digu bere barren argiak: zurezko ganga, ohiko jauntxoen tailak non senar-emazteak agertzen diren belauniko seme-alaba piloarekin, hil-lauza kontaezinak zoruan zein kanpoan, bataiategi landu ederra... Katedrala,  bila joan gatzaio; ez da azken egunotakoen parera heltzen baina ederra da berau ere, harresi batek babesten du, eta harresi barruan berdegune zabal batek inguratzen. Ez da liluratzen eta harritzen zaituen horietarikoa, gidaliburuak besterik badio ere, baina leku aproposa da, borondatea ordaindu eta ibilaldi atsegina emateko aukera, hainbat artelan miretsiz, gozatuz beti, tarteka harrituz ere. Xehetasun gehiago nahi duenak bada bertan gida-orria, gaztelaniaz ere. Ez dute bideo-kamara erabiltzeagatik kobratzen: hain katedral famatua ez denaren froga.  3 nabekoa, 130 metro luze eta giltzarri zizelatuak ikus ahal izateko largabista behar izaterainoko garaia. Gidaliburuaren iritziz Ingalaterrako handienetarikoa eta handikienetarikoa. Gotikoa, hiru arku maila edo solairu ditu, arkutzar handiak zutabe izugarri sendoen gainean. Oso argia, garbitu berriegia. Koruak mozten du erditik erdiko nabea. Korura sarrera harrizko oso xumea da, landu gabekoa; koruko aulkiteria tailatuta dago baina ez du irudirik, gotzainaren tronua eta pulpitua dira maisuki tailatuta daudenak. Austeroa izanik bitxikeria eta artelanik ez zaio falta, zer esanik ez badituela kapera eta hilobi apartak, baita kaperetan triptiko taxuko koadro ederrak ere. Hormak leunak dira, baina gurutzaduran arkuteria bitxi ederrak aurki daitezke, ez dakit ze estilokoak. Bazen, ez dakit non, harrizko sabai landu ikusgarria. Klaustroan sabaiko nerbioen giltzarri oro dago tailatuta, taila-lan polikromatu apartak, izugarri zarratu, pila dira, harritzekoa, halako ikuskizun berezia sortaraziz.

Katedral guztietan emakume nagusiak, tarteko gizonezko bakarren bat, arduratzen dira kobrantza eta salmenta lanez, beti eta denak irribarretsu. Beti dago apaiz bat ere, aguazil lanetan edo.

Katedral aurreko kalean nazien aurkako borrokalariei laguntzeagatik alemaniarrek hildako emakume baten oroitarria dago: kartzelan daude euskaldun pila antzerako delituagatik, oroitarria egingo zaie egunen batetan.

Bost solairuko saltegi erraldoia, aparkalekua ere dena. Bada bestelako saltegi dotorerik, arkupe argi berdexka erakargarriekin, Anberes eta beste zenbait antzerako gogaraziz.

Zuhaitzek gordea eta bildua dago hiria erdigunetik at. Turista bulegoan dena kobratzen dute, baita plano xumeena ere.

Merezi du bisita hiriak, 3 ordu eder pasa ditugu bertan, gozoa izan da izozkia bera ere.

“Nongoak”, galdetu digu gurditxo ostean izozki artisauak eskaintzen dituen kaleko saltzaile adinekoak. “Bask country”. “Ah, Baiona”. Kokatzen gaitu beraz.

 

Hanka-sartze huskeriaren bat egin dugun arren, erraz moldatu gara hiritik ateratzeko. Herritxoz herritxo, bare doa zirkulazioa.

Ezer berririk aipatzekotan, Great Yarmouth aurreko larre-sail izugarri zabalak, erreten zabalez drainatuak, bertan arraza eta kolore guztietako behi aldra pila, baita hiru asto gizen ere muna gainean. Inguru berean dozenaka haize-errota, mugarik gabeko zabaldian barreaiatuta: adreiluzko borobilak, birek soilik dituzte besoak: haize-lekua da nonbait, itsasoa ere bertan dago.

 

Great Yarmouth. Itsasertzeko hiria, hondartza zabalarekin, udalekua eta igandezaleen helmuga. Pelikuletako Las Vegas dirudi hondartza inguruak: hango letreroak, argiak, musika, koloreak, muntaia... dena da handia, dena deigarria; irentsiko zaituen sentipena sortarazten dizu. Harea fin eta horikoa da hondartza. Itsasotik urrun daude etxeak, ilaran, kalea osatuz; itsasora bitartean berdegune zabalak. Berdegune batean emakume nagusi-nagusi talde handia petankan jokatzen, uniformatuak, tanto-kontagailu eta guzti: handiak dira bolak baina arinak behar dute izan, zeren 100 bat metrotara botatzen baitituzte bola txikiaren bila, erraz bota ere,  bolak biltzeko ere halako tramankulu xelebrea, baina egokia, asmatu dute: Ingalaterrako aldagaiak. Itsas kontraraino sartzen da korridore antzerakoa zutabeteria baten gainean: kinkila-denda da hau dena.

Oso luze dager itsasertza, birfindegi eta antzerako lantegiak erraldoitzen zaizkio hiritik gertu. Kanal eta itsasadar bihurtuta azken zatian, luze sartzen da hiri barrura ibaia, lantegi eta zamaketa zereginetarako eraikinak zein ibilbide atseginak ere eskainiz. Batelak, arrantzuntzi txikiak, petroliontziak... denetik dago moilara lotuta. Hortik gora lur barrura sartzen diren kanalak edo itsasoratzen diren ibaiak, ertzetako hesietan bapore eta antzerakoak lotzen zaizkiela.

Hiria bera txukuna da, adreiluzko gorria ohi denez, erakargarria, plaza zabal batek arnasa ematen diola.

 

Eliza banaka asko dago herrietan, karratu sendo ederrak, harrizkoak, ortogonalik ere bada, luzamendu zorrotzik gabeko dorrez gailenduak, dorre lau eta planoekin gotorleku baten behatokia bailira, zenbait dorre txikitxoz apainduak. Nahiko beherainoko herrietaraino ikusi izan ditugu halako dorreak.

Zirkulazio ikaragarria dago, inurritegia da errepidea.

 

Hanka-sartze gordina egin dugu etxerakoan; laburbide autobidea hartu dugu autobide nagusira bidea moztu asmoz, baina ez dugu asmatu  aterabidea aukeratzen eta beheraino, ia Londreseraino jaitsi gara. Kilometro pila, nekea, ernegua, beranduago etxera:  bederatzi ordukoa bilakatu zaigu gaur motxa uste genuen irtenaldia.

 

Bazen ere bisitatu nahi genuen herritxoa bat, Lowestof, baina nekatuegi geunden.

 

Bury St.Edmund, beste hanka-sartze batek bertara eraman gaituen herria: ohiko osagaiko dotorea.

 

Izugarri presionatzen zaitu zirkulazioak borobiletan, presaka begiratu behar duzu, inguruaz jabetu eta erabaki, inguru eta izendegi erabat ezberdinetan, eta kontra-eskutik gidatuz: ez da erraza beti asmatzea.

Oinezkoek ere ezkerretik gurutzatzen dira espaloian, errepidean baino zailagoa egiten zait sarri espaloitik oinez ibiltzea, topo egiten dut maiz.

Nagusiak dira ingeles jite petoa dutenak, gazteak edozein naziotakoak izan daitezke, janzkeran zein portaeran.

 

Ordu eta bizipen atseginak bizi izan ditugu gaur baina egun aldrebesa atera zaigu. Atzo zuzen eginiko bide berean nahastu egin gara gaur, Canbrige zeharkatu behar izan dugu premiarik gabe, sartu behar ez genuen 3 herritan sartu gara, eta bukatzeko uste ez genuen bidetik egin dugu etxerakoa oso behera desbideratuz.. Horrez gain izugarrizko atsekabea jaso dut autoko giltza galdu egin dudala uste izan baitut beroarengatik zamarra bizkarretik zintzilik eraman dudanean. Pilak ahitu zaizkio eta grabagailuan ere ez dut ezer jaso, beraz buruz egin behar izan dut gauean eguneko kronika. Hanka-sartzeak ere izan ditugu norabideetan. Ordu eta bizipen gozoak, atsekabea franko ere: kontraste handiko eguna beraz.

 

350 kilometro, hanka-sartzeek gizenduta.

 

23 graduko hozberoa. Mahuka-hutsik gabiltza.

 

“Lur bat haratago”. Joan Mari Irigoien.  “... baina ohartasunak ez gaitu bertzeei min egitetik libratzen, kulpatik libra bagaitzake ere, zeren ohartasuna zein oharkabetasuna, biak ere berdintsu eta orobetsu izan baitaitezke, bertzeei eragin  minaren eta kaltearen kausa”. Errepideko bidegurutzetako nondik joko  kinkan, urduritasunean, tentu handia behar dugu elkar ez mintzeko.

BRETAINIA HANDIA

Jon Etxabe 2022/07/15 09:45
LONDRES. KANTERBURY

“Puskak bizi”. Juanjo Olasagarre:

* “Neke barearen arteko joan-etorriek, / ez diote oroimenari pilatzen uzten”: Londresi bisitaren ondorengo gihar minduek eta gorputz nekatuak ere ez idazteko asmoa patxadaz betetzen.

* “Eseri parkean, Animalia otzan etzana dirudi ...”. Londreseko Hyde parkera goaz gaur. Animalia bustia, hotzez kikildua, izanen zaigu.

* “Ez, ongi asko baitakit menderatzeak / eta imitatzeak ez dutela izaera ematen”. Zenbat menderatu itxurako gabiltzan, edonora goazela, izaera duinaren itxura pean ere nabari.

 

Erabateko bake eta isiltasunak biltzen du ingurua. Dena dago isil, bare. Txoritxoen txorrotxioa beste soinurik ez dugu. Eta berogailuarena, hotzak baitira goiz eta egunok. Zozo-kanturik ez da, baina hemen dabilzkigu belartzan mokoka, kanturako astirik gabe.

Kukua entzun dut garbitokira bidean; bi kuku izan dira, biak batera, biak urrun, biak ozen, eskuin aldera bata ezkerrerantz bestea. Dirurik gabe harrapatu naute gaur, baina diruarekin nintzen lehenengoz entzun nuenean kukua Etxarrin.

 

Aurkitu izan ditut hemengoen osagai eta garbitasunik ez zuten dutxak, baina bere apaltasunean ur-parrastada oparoa zuten: nahiago nik xume haiek, ur-parrastada baita batez ere dutxa.

 

Egun bustia, egun hitsa.

Londres dugu helburu gaur ere. Trenez joango gatzaio. Bidaia garestia zaigun arren merezi du ostera bat gehiago.

Ardia bere bildotsarekin gurutzatu zaigu herri-bidean, artaldetik eta zelaitik alde egin da, abentura urduria zen berea.

 

Kingnorth herrian dago kanpina, herritxo petoa, herritxoon ohizko osagaiekin, txikitxoa da, xarma dario taberna edo ostatuari. Herritxo ondo-bizia, txukunak, zainduak eta bizimaila onekoenak dirudite landetxeok.

 

Landetxe askok du zurezko txabola edo biltegi den eraikina, harrizko horma edo oinarriaren gainean jasoa sarri, kolore beltz edo ilunekoa, etxe kontra ohi duten arren, zelai erdian ere aurkitzen dira tarteka.

Entretenigarria da bidaia trenez. Gaur beste aldetik eseri gara inguru ezberdina ikusi asmoz. Gaurko tren-bagoia berriagoa da, gaur egun ohi direnetakoa. Ur askoko lurraldea da: beteta doaz drainadura erretenak, zabalak dira, zelai zabalak zeharkatzen dute erditik errekastoa baino gehiago, baina ibaia ere ez diren ur-korronte zabalak; zelai erdi batean izan da halako harrizko zubitxo erakargarri bat ere; lur-sailen arteko mugak eurak ere erretenak dira, urak estaltzen dituela zuhaizka eta sastraka ipurdi-gerriak.

Zuhaitz asko dago, basorik ez baina, urrutikako perspektibak baso itxuraren iruzurra sortzen du; izan bada tarteka zuhaitz multzotxoa baita zuhaitz bakartia zelai erdian ere.

Graffitiz josiak daude Londres hurbileko trenbide ertzeko hormak.

Abiadura oso geldian zihoalarik, trenetik bertatik aurrez aurre eta hurbil geureago izan ditugu Londresko Dorrea eta Zubia. Etxe-orratzak digante nabarmentzen dira trenetik.

 

Segurtasun neurri asko dago Ingalaterran: geltokietako nasan segurtasun marra horia aurkituko duzu, oinezkoen pasabideak hesiz babestuta daude, ez dago kalearen batetik bestera ekinaldi batetan egiterik...

 

Londres. Beste patxada bat du gaur, igandez. Trafikoa urria da, kaleetan ez da zaratarik. Jendea berriz astegunean bezain erruz dabil, agian ugariago. Turista pila, denok gara gaur kanpotarrak Londresen, atzerrikoak zein hiriburura egun-pasa etorritakoak.

Piccadilly. Eraikin harrizko zurixka dotoreek inguratzen dute plaza. Kilometro eta erdi baino luzeagoa da izen bereko kalea. Oinez egin dugu: komertzio dotore eta eraikin apartekoez gozatuz. Ibilbide jendetsua, bertan baikabiltza bisitari pila, halaz ere atsegina.

Piccadilly kalearen bukaeran bada Parke Berdea deritzana, Buckingham erret jauregiaren lorategia izana, berdegune zabala, pobreen eta langileen izerdiz berdetu eta loratua. Eraikin apartak ditu kale-gune horrek parkearen bestaldean. Saltokia da luzera osoan parkearen burdinazko hesia, koadro bitxi eta bitxikerien saltokia: xarma eta grazia ematen dio kale-tarteari.

Hyde Park Coner. Parkearen ertza. Gerrari monumentua da erabat, gerraren gorapena, gerrari goratzarrea, oroimen itxuraz estalia bada ere. Bakezaleak gerraren alde, demokrata gerrariak.

Hyde Park. Ederra, zabala, berdegune aparta, zuhaitz eder eta lorategi txukunez osatua. Aurreiritzi ustela gertatu zaigu baso antzerako leku bakarti isila amestu genuena. Etxeak, etxe erraldoiak, ageri dira edonondik inguru osoan, alboko autoteriaren burrunbaren oihartzuna nahiko ozen heltzen da denera. Erruz dabilkio jendea, goiz-pasako lasaia edo gu bezala une neurtu baterako bisitari begiluzea. Batzuk futbolean, txirrinduz besteak, oinez gehiengoa, presati edo lasai... Bada aintziratxo bat ere, kafetegi eta txalupatxoz osatua. Ez dago patxadarik, ez dago lasaitasunik, ez dago isiltasunik, ez dago bakerik. Ezin uka, baina, erakargarria denik, mirari bat hiri erraldoiaren bihotzean. Ez da joan eta ordu usteletan bertan galtzeko tokia, ezin zaio gehiago eskatu ere, ez baita basoa, parkea besterik ez baita, ez egun-pasa, goiz-pasa edo ordu-pasa etortzeko aproposa. Guk basoa espero genuen, baina hori ez da .

Lasai dabiltza katamixarrak; hegaztioz erabat inguraturik zegoen atso baten ogi apurrak lehiatzen zieten usoei, baina hauek bortizki uxatzen zituzten katamixarrak, apurron partaidetza ukatuz.

 

Mokadu batez indarberritu gara Piccadilly kalean itzuleran, museora egin aurretik. Museo pila dago Londresen, denak dira ospetsuak. Bada museoak ikusteagatik soilik Londresek bisita merezi duela dioenik. Guk bakar bat aukeratu dugu. Nahikoa dugu batekin. Artea ere neurrian.

National Gallery. Koadroak ikusiz paseatzera, koadro arteko ibilaldi geldoa egitera joan gatzaio. Gehiegizkoa baita egun batean xehetasunez hainbeste koadro ikusi nahi izatea, hausnar ezina da hainbesteko koadroteria, gorde ezina oroipenean hainbeste artelan, goza ezina hainbeste edertasun batera. Artelan gehiegi ikustaldi baterako. Gozamena gerta zaigu ibilia. Tiziano, Tintoreto, Verones ... hasieran; nahitaez  ere, asmoa hori ez bazen ere, gelditu egiten gara hainbat koadroren aurrean. Paregabea da koadro bakoitza. Garbiegiak daude hainbat koadro, zaharberritu edo garbitu berriak nonbait, iruzurraren jitea dute, faltsuak bailira. Koadro bakoitzak egunak, hilabeteak agian urteak kendu zizkion egileari, denbora luzea iraun zuen sorketak, ikusle gehienok, aldiz, ia korrika batean pasatzen gatzaizkie aurretik, duten aberastasunaz jabetu ere egin gabe, begirada iheskor batez azaletik begiratuz. Koadro bakoitzaz banaka eta koadro bakoitzeko pintzelada bakoitzaz gozatzeko ahalmena eta patxada behar genuke; tolestura bakoitza, aurpegien esanahia, irudi nagusien inguruko aberastasuna eta esanahia, koloreen erabilpena, bolumen konposizioa, azpimarratzea,  eta hainbat zertzeladaz gozatzeko gaitasuna behar genuke izan. Egunean sala bat ere gehiegi litzake. Ez gara jabetzen mila xehetasunez. Non eta zeri begiratu gehiegi dugulako museo bakoitzean, gehienetan. Koadro guti ikusi behar genuke bakoitzean, baina ikusitakoa zehatz  azaldua, pintzelada bakoitzaren zergatia argituz, osagai bakoitzaren esanahia... koadroaz gozatzen irakatsi eta ikasi hori behar litzake izan museora bisita.

Aurkikuntzak egin ditugu: 1.- Cicolas Poussin-en koadroetan irudi eta osagai ezberdinek borobil bat osatzen dute pinturaren erdian, eta borobil horren inguruan dago koadroa osatu edo konposatuta. Sala osoa du beretzat, 15 koadro ditu bertan: horrela soilik, osotasunean ikusiz, jabetu zintezke horrelako zertzeladez. 2.- Pinturari argia albo batetik sartzen zaion koadroz osatua dago  sail bat: nabarmena da. 3. Sala horren jarraian Rembrand-en sala dator, 15 koadro ditu, eta honen koadro denek ezkerretik dute argia; izugarria da artista honen argiaren erabilpena, pintura ilunak dira, baina azpimarratu nahi duena argiaren bidez bistaratzen du; zoragarria da emakume adulteriogilearen koadroa: han dago erdian emakumea, erabat argi ingurua iluntzen doakiolarik. 4.- Erdigunea une zuria duten koadroz osatua dago sala bat: olatuak, pare bat ume belaunetaraino uretan...

Garai ezberdinen, dataren, arabera daude sailkatuta beste hainbat sala,.

Aretoak eurak ere ederrak dira, jauregia behar zuen izan eraikuntza honek.

Eta horrela joan zaizkigu orduak, gozamenez gozamen, gorputzak “bapo, eh, nahikoa” esan digun arte. Ateratzea erabaki dugu une horretan. Kosta zaigu erabakia, luzatzen joan gara, penaz atera gara, geratzeko irrikaz gogoa, baina gorputzak nahiko zela aldarrikatzen zigula. Ikusi gabe geneuzkan sala piloaren erdi-erditik, ezker-eskuinera begiratuzko ibilian egin dugu kalera. Halaz ere egin diegu geldialdi laburra inpresionisten salei, lauzpabost sala dira: beraiek soilik merezi dute arratsalde osoa. Asaldatu, hunkitu egiten naute, halako zirrara berezia sortarazten. Picasso bati ere egin diogu kasu. Atera gara azkenez.

 

S.Martin eliza. Neoklasikoa da kanpotik. Barrutik barroko paregabea dela dioen arren gidaliburuak ez zaigu hala iruditu guri; loriatu zamarra du izan sabaia, bada apaindura zenbait, baina ez askorik Protestante elizaren egitura ohikoa du. Endrike VIII.aren garaian errege parrokia izateko eraikia: horrek ematen dio agian berezitasuna, horregatik da bitxia.

 

Manifa edo kontzentrazioa aurkitu dugu Trafalgar plazan. Beltzak ziren denak. Kartelekin, isilik. Ez dugu jakin ahal izan zertaz zen.

 

Berriz itzultzeko irrika utzi digu Londresek, ikusi duguna patxada gehiagoz ikusi eta bisitatzeko, ikusi ez ditugunak ezagutzeko. Mila zoko, eraikin, auzo, museo... Baina zoramena litzaiguke trafikoa autoz etortzeko, eta garestiegia aparkalekua ikusi dugunez: ordainsari larregia guretzako. Hain garestia ez balitz trena!.

Eman diogu azken begirada Parlamentuari trenetik, zubiei eta dorreari. Abian gara etxerantz.

 

Bailara zabala, lurralde laua zeharkatzen du trenak lurraldea erdibituz berarentzat eginiko muna garaitik.

Tombridge aurretik badira herri zabalak: teilateria iluna eta fatxadateria zuria erakusten dute zuhaitz artean, zuriz pintatuta baitaude fatxada gehienak eta  adreilu ilunxkoetan ere leiho zuriek brist egiten baitute. Zerua urdindu denez, eguzkia agertu da: zirraragarriak daude herriok arratseko ilungune eta zuri-gune dirdiratsuen kontrasteak eraginda. Hara non eliza-orratz beltz luzea: ibilaldi bakoitzean aurkitzen dugu zertzelada berriren bat. Bi golf-zelai erraldoi ere hor daude.

Bagoi zaharra dugu berriro etxerakoan, jarleku ilara haina ate: ate astunak dira, kurrinkada bortitza ateratzen dute sartu-irten bakoitzean, indar handiz bultzatzen dute gainera, beharko bultza ere ireki nahi bada, ikasia dute bultzadaz ixten.

 

12 kilometro, geltokirainokoak.

 

Zeru urdina geratu zaigu.

Zozo-kantuak bildu gaitu kanpinean. Arratsa da zozoen kantu-ordua, adar arteko gaupasarako bikote bila edo.

Jai behar du izan bihar, ez baitu inork hegan egin kaiola berde honetatik. Agian Basko edo Mendekoste astelehena.

 

Harrapatu dut, komunetara noala gauez. Kanpoko iturrian bertan bada komuneko urik ez husteko dion iragarki handia, hustubide pare parean eta hizki handiz. Bertan hustu du etxatoiko komuneko ontzia tipoak, 10 metro gehiago eginda gelatxoa eta hustubide berezi txukuna dugu zeregin hortarako: baina ura jasotzen dugun iturrian bota behar zuen; gauez, beharko. Eta ez zen langile etorkin bat. Sendoera guztietako narrudun jentilajea dago Ingalaterran ere.

 

“Lur bat haratago”. Joan Mari Irigoien:

* “Hitzak haziak bezalakoak dira, harat eta honat zabal daitezkeenak eta bertzeen bihotzetan errotu, bertan bihi eta biribil daitezen”: ez bidaietako guk eta guri hitzak, ez baitugu ia tutik ere egiten inorekin.

* “zeren eta itsas portuak baitira, hain zuzen, munduan dauden tratuen eta negozioen bidegurutze”.  Argi nabari da hala izan zela itsasertzeko hirietan. Bestelako lekuetan gurutzatzen dira gaur egun tratu eta negozio bideok. Ikus bestela Londres, garai bien adibide argia.

 

 

Maiatzaren 7a.   Astelehena.  6.a – I:5.a

 

“Puskak biziz”. Juanjo Olasagarre:

* “Aise hauts daiteke kurba normalaren bakea”. Bidegurutze bateko okerbideak astintzen du sarri bidaiaren barea.

* “... haginka / dator gaua ...”.  Baketsu eta bare bildu ohi gaitu gauak; eguneko kronika idatzi nahiaren urduritasunak egiten dit haginka, nekepean ere egunekoa idazteko erabakiak.

* “Arrats gorri, / Euria egin du eguerdian, / basoa ilun zegoen, ... / Negar egin dut gogotik ...”. Ez dugu oraindik arrats gorririk izan, ilunak doaz egunak, baina pozik gaude euririk egiten ez duelako, baikenekien ospela zela Ingalaterra.

* “Horroretik desertatu. / Ez zen leku egokiena, badakit, / baina Hitlerrek lortu ez zuena / ez zuen Francok lortuko”. Francok lortu ez zuena Aznarrek lortuko ote duen beldur gara. Latza da lehia. Bidaiatzerakoan desertatzen ote dugun otuak ziztatzen dit barrena.

 

Lehen argia da zozoen kanta-ordua, ni ordea beranduegi jaikitzen naiz, entzule berantegia natzaie. Badira beranduagora arte dirauten bakartiak, txio lasaia da bere oraingoa, ez da gaueko txistu zorrotz, luze, larria, txorrotxo-txio leunetan kiribiltzen den murmurioa baizik.

 

Jai eguna da gaur Ingalaterran

Canterbury dugu gaur helburu

Aldraka dabiltza errepidean motozaleak, ugariak dira aldrok.. Lurraldeak ez du aldaketarik ez osagai berri edo ezberdinik. Elizara bidea iragartzen da herritxoetan, elizarik aldiz ez dugu ikusten. Bi eliza ikusi ahal izan ditugu, txikitxoa bata, zabala bestea, baina harrokeriarik gabeko baxuak, dorretxo nano umilarekin: ezin ba elizarik begiz kokatu bertaratzen ez bazara. Hilerri bat ( ikusten dugun bigarrena) malda leun bateko zelaian, hesirik gabe, amerikarren pelikuletan antzo, harlauza zuri luzexkak belartzan zut tinkatuta dira hilobien kokalekuen ezaugarri.

 

Turisten zain, aurretxoko bidegurutzeko zeramika eta kinkila-dendek iragarri digute Kanterbury hiriaren hurbiltasuna. Turista ugari dabilen ezaugarria, baita pobre ugarik bizibidea asmatu behar duten seinale ere.

 

Canterbury. Hiri zabala, luzaro joan gara auzuneetako kale-artean. Xarma du: etxe bat bera ere ez da garaia, berdegunez inguraturiko lehen solairu soileko etxetxo bakanek osatzen dituzte kaleak. Zaharra berriz, hiri xarmanta xarmanten artean, batez ere lehen solairuko etxeak elkarren jarraian, bana-banan xarmantak, batzuk aukerakoak, zenbaitzuk zoragarriak, banan-banako erakargarriak, etxeak zein kaleak.

Banaka asko dira egiturako zura agerian duten etxeak.  Sartu kale artean eta ibili ingurua  begiratuz, batez ere kale nagusian zein katedral inguruko kalexketan. Katedrala. Ikusgarria, kanpotik zein barrutik. Joan, pauso lasaia hartu, begi zoliz begiratu  eta gozatu. Gotiko ingelesaren maisulana omen da. Arku, arkutxo, taila eta zizel-lanek ez dute akaburik. Gida-orria jaso eta irakurri, mila xehetasun interesgarri ez galtzeko. Frantziatik, Caendik ekarri zuten harria. Ikaragarri handia, 155 metro ditu luzeran. Ikaragarria altueran ere: largabista eraman behar da nerbioen junturetako tailak ikus ahal izateko; kameraren objektiboarekin ikusi ahal izan ditut nik, naif tankerako pila, bitxiak, aurpegiak eta loreak dira batez ere.

Eliza-esparrura sarrera harritzekoa da, ederra bai atea bera, bai aurreko zutabe eta etxeak, zizel-lan apartak.

Kanpotik: erromanikoaren sinfonia da kanpotik, ez bukaerarik ez neurririk duen arku ilarak, sekulako dorreak, fatxada zizelatuak, ateak... joan, ibili eta ikusi, parke atsegina baita eliza-buelta osoa.

Barrutik: bi zati nabarmen ditu, sarrerako hiru nabeko erdia bata, horma biluzi austerokoa, non hilobi pila eta bataiategi xarmanta dauden. Bigarren zatia korua da, non gidaliburuak arkuteria normandoa deitutakoa aitatu behar den: ez dakigu oraindik arkuteria normandoa bereizten; harrizko zeremonia-aulki zizelatu paregabea, aulkiteria sendoa, tailatua, aparta: baina ez da sekulako horietakoa; hilobi apartak alboetan. Zati bien arteko atea, korurako sarrera  alegia, zizel-lan aparta da, santu-irudi tailatu apartez dotoretua. Kaperak: azpimarratzekoak dira, hainbat dira ederrak, baina fresko ikusgarriak dituena nabarmentzen da denen gainetik. Kripta, ikaragarri zabala, sendoera ezberdineko zutabeteriari misterio kutsua dariola, erdian kapera gotiko aparta eta kapitel landuko zutabeak: berez biluzia da baina bitxikeria eder ugariren gordailu, fresko hondakinak eta aldare gotiko xarmantak tartean. Klaustroa: sabaira begiratu behar da, erabat apaindua, nerbio pila, nerbio txiki motzen sare trinkoa, non juntura bakoitza irudi tailatu bat den edo armarri pintatua, medailoien erakusketa sekulakoa. Kapitulu-gela: erdi utzia dagoen arren sabai ederra du. Beirateak: elizakoak, kapitulu-gelakoak, zein klaustrokoak, sekulakoak dira osoki iraun ez duten arren.

Herri oso bat da eliza-buelta: ikastetxe, College edo School bihurtuta dago abadia izandako eraikin-sail ederra, denen artean   ederrena normandoa omen mailadi bat. Mila pasabide, arku eta sabai azpi, labirintua dirudi: joan eta ikusi, ibilbide atsegina da.

Ate bakarra geratzen zaio, gotorlekua dirudien harri argiko handia. Badira harresiak, ez dugu jakin lehenengoz hirikoak diren ala katedralaren babes-hesiak, gidaliburutik jakin dugu hiriarenak direla eta zati luzeek dirautela.

 

3 ordurako hartu dugu aparkalekua, baina damutu zaigu, nahiz berandu: katedralak soilik behar baititu ordu horiek eta gehiago gozatuz eta patxadan ikusi ahal izateko.

Egun-pasarako hiria da; katedrala edo eliza, zein ikusi, aukera zaila da denbora mugatuarekin joan ezkero. Guk nahikoa izan dugu katedralarekin, badiren arren beste eliza batzuk. Penaz alde egin diogu, gustura egingo genuen egonaldi luze bat jendez bildurik kale-artean. Giroa aparta zegoen, eguraldia paregabea, apartekoak kale-arteko ibilirako. Erdigunetik urrutitxo genuen autoaren orduketak mugatu digu eguerdi luze pasarako eguna.

 

* Bisitari pila dabil, bor-bor jarri da hiri osoa, kale-sarea zein katedrala eguerdirako. Ez da kanpotar turista askorik, bertako bisitaria, igandezale ingelesa, da kaleak betetzen dituena. Eguna ere aproposa gertatu da, eguzkitsu epela.

* Guti dira kale-musikariak, ez da kinkila dendarik, kale-saltzaile bakarren bat besterik ez. Dendak irekita daude, jaieguna arren: bisitariek dakarte salmenta. Ez dira denda dotore, garestiak: jende xumea dator. Taberna eta kafetegiak bizi-bizi daude, pilpilean: herriak maite du tragoa.

* Bada gidari pitojole urduririk.

* Auto matrikularen zenbakia da aparkalekuan txartela eskatzerakoan ezarri behar den kodea, bestela ez du dirurik hartzen ez txartelik ematen. Emakume batek askatu digu korapiloa eta  bere autoaren zenbakia eskaini.

* Ogia erostera sartu garen okindegiko gaztea aljeriar petoa zen.”nongoak?” galdetu digu, “euskaldunak”, “ni Baionakoa”, “Euskaraz?”, “nik ez, nire emaztearen gurasoek bai”. Baionakoa esanaz apaletan zuen likore botila erakutsi digu ikurrin batekin estalia muturra. Frantsesez egin ahal izan dugu ogi erosketa.

* Ikasle pila dabil katedral alboko school-bizitoki inguruan, neska eta mutil, bakoitza bere eraikinean banaturik, denak jantzi bereko. Etxe aberatseko seme-alabak behar horrelako tokirako, baina ibilera, jokabide eta berba-era arruntak zituzten. Aberatsa izaten ikasten ari den gaztedia. Gazte laukote batek frantsesez egiten zuen beraien artean, frantsesez ikasten ari dira, agian frantses eskola da. Hurrean baitaukate Frantzia.

* Eskolaume piloa, ingelesak zein frantsesak, zebilen katedralean. Ezin zen eliza lasaitasunez ikusi. Egiaz, zintzo bere gaia fin lantzen ari ziren taldeak izan dira, baina nahi eta ez zalapartatsu, zirrikitu oro betetzen zuten, argazkia ateratzea bera ostopatuz.

 

Herri-bideetatik egin dugu etxera. Bide estuak dira. Ez da herririk, dena da lurralde landua, mendi-muinoek osatua zati handi batez, zenbaiten gainetik ordeka zabal berde joria agertzen zaigula ikuskizun. Izan da  %10eko gainbeherako aldatsa. Zaldi lasterketarako zelai ikaragarri zabal erraldoia, jauzi-hesi erraldoiekin.

 

Ashford: hiri zabala da, herri ororen taxukoa, eliza karratua nabarmentzen zaio, lau kantoiak dorretxo banakarekin dotoretuta.

 

Saltegi erraldoi horietako batean egin ditugu asterako erosketak. Berdinak dira denean saltegiok, erosoak atzerritarrontzat. “Zazpi egunez hogeita lau orduz zabalik”. Jai eguna arren, agian horregatik, jendetza zebilen erosketetan.

 

76 kilometro, hiri ikusgarri xarmant batera.

Kanterburyn izan ez dugun lasaitasuna gozatu dugu etxean. Isiltasuna jabetu baita kanpinaz. Txori-kantak betetzen du giroa, zozoen biribilketak batik bat, ez zen besterik arratsean. Hegan eginak ziren umeen zalapartak zein gaueko nagusien algarak. Gaueko zerbitzugunerakoan dena zen bare, zerua izarratu zegoen eta ilargia ia bere borobil osora gorantz. Mundua, nire baitakoa batez ere, eskuratu eta atzemana izan dut, une batez.

 

“Lur bat haratago”. Joan Mari Irigoien.

* “Hitzen bidez nahi baikenuke mundua, -kanpokoa zein barrengoa- eskuetaratu, eta atzeman, ...”. Zerbait horrelako errepikatzen digute aspaldion politikoek, “hitzen bidez”, baina azken herriotako testigantza eta adierazgarri denek, eskulturan, arkitekturan, herrien egituran, elizetan, literaturan bertan... Kanterbury lekuko, hitzaren aurretik beti armak dantzatu izan direla erakusten digute.

* “Eta orduan ikasten dugu ezer etxea desterru ere bihur daitekeela, amorioa desamorio”. Bada halako zerbait, baina azkenik etxerako desioz bukatzen ditugu bidaiok, etxeko desterruaren egarriz, atera gineneko desamorioaren amorioz.

* Zeren, nola denboraren seme-alabak garen, eta hitzak, orobat, gure seme-alabak diren, hala, denboraren bilobak dira haiek, ... eta denboraren menekoak, beraz, gu bezalaxe... Eta jaten du harrak, azkenean, hitza”. Jaten du, bai.

BIDAIAK 2001. BRETAINA HANDIA

Jon Etxabe 2022/07/11 18:05
HEGO INGALATERRA. KENT KONTERRIA

“Ingalaterrako lorategia” deitzen diote konderriari lurraldeko propaganda eta iragarkiek.

 

Urrutitik nabarmendu dira Dover-eko labar zuriak, erabat argi ia distiratsu dager Portutik Mendebal alderako itsasertza. Deigarri. Bestalderakoak ere zuria behar du izan baino belarrak edo zerbaitek estaltzen du.

Moila luze batek aurrez-aurre trabeska luzatuz, alde bietatik bidea utziz, babesten du portuko barneko egituraketa; babesgarria ez ezik gotorlekua ere badirudi, babesgarria itsasoari eusteko, gotorlekua berriz etsaiei aurre egiteko. Portu zabala, ferryentzako ohiko antolamendu erraldoia.

Portuan bertan aurkitu dugu autoarentzako erregaia, azken tantekin baikenbiltzan, nola moldatuko kezkaz. Gasolindegi bat bera ez dugu aurkitu Frantzian azken 100 kilometrotan.

 

Eguerdi-eguerdian sartu gara ezkerretik gidatzen den errepideotan: ez zaigu inola ere zaila gertatu ezkerretik ibiltze hori. Doakoa da autobidea; xumea, albo eta erdiko dottoretasunik gabekoa. Norabide bakoitzeko nondikoa banatzeko marra zurietan gauez argiztatzeko xaflatxoak daude, segurtasun neurriak. Berrikuntza lan ugari dago bideotan. Hasi gara bertako norabide iragarpenetara ohitzen.

Mendi-muinoak, baso kaskoak, zelaiak, lur landuak... Ez zaigu inola ere deigarri edo ezberdin iruditu lurraldea, ez digu bizipen berezirik sortarazten konderriak.  Behi aldrak daude larrean. Ugariak dira artaldeak ere: ez dituzte nonbait denak hil eta erre, milaka salbatu dira.

 

Kanpina.  Erraz aurkitu dugu. Izei-hesi garai eta trinko berdez banaturiko berdegune zabalez osatua dago. Zati batera mugatzen gaituzte gauden gutxiok, plastikozko xafla luzez gordeak daude besteak, bustia dagoelako agian, gurpilek hondatu ez dezaten belarra. Txukuna eta zaindua. Zozo batek egin digu lehen bisita. Ozena da txori-kanta. Kukuak ere jo digu, baina entzuna dugu jadanik aurten Etxarriko basoan. Heltzen zaigu tren-hotsa ere: gasolio motorrez dabilena behar du izan, motor-hotsa baita heltzen zaiguna, ez argindarrez dabiltzanen errail-hotsa.

Komunak aitatu behar: komun-ontziak ez daude zoruan ezarriak gureetan lez, horman itsatsiak baizik; papera ere ez dago erroilu borobilean, tolestutako paper-txatalak dira. Guti dira zerbitzu ontziak, baina oso garbiak.

Langile pila dago kanpinean, gaur dauden bezero gehienak langileak dira, arratsean hasi dira agertzen, etxatoietan daude, kanpina dute nonbait bizitoki. Beraien artean ez dute ingelesez egiten, etorkinak dira nonbait. Nagusiak dira. Telebista piztuta dute denek gauez.

 

205 kilometro, Bretainia Handian utzi gaituztenak.

 

Etxean geratzea erabaki dugu alboko herrira gabe, arratsalde-pasa lasaian. Gure gorputzek merezi dute hainbeste.

 

“Lur bat haratago”. Joan Mari Irigoien.

* “Baina fabulatzeko duen ahal horregatik ez balitz...”. Bidaiariak beharrezkoa du fabulatzeko ahala, antzinako ondasunez gozatzeko datu zehatzez haratago.

* “Edo erran diezazuket ezen gertaki bakoitzari usain bat dariola, aroma bat, gure baitan errotzen den halako sentsazio berezi bat...”. Berdin gertatzen da bidaietan, aurkitutakoarekin, aroma hori berezitu eta berreskuratzeko  ahal edo gai ez denak bidaiako plazer aunitz galduko du.

* “Aineza nik ere haren trebezia, nahi dudana edo nahiko nukeena behar bezala adierazteko...”. Aineza nik ere bai..., baina ezin dut.

 

 

Maiatzaren 4a.   Ostirala.  3.a-I:2.a

 

“Puskak biziz” Juanjo Olasagarre:

* “Ezkondu eta amnesia pilulen zale egin / borragoma itzelaren kontu harekin”. Urteak dira borragoma eta amnesia pilula hor dauzkadala. Bidaiok, sakonean, ezabaketaren aurkako ahalegina besterik ez dira.

- “Kurba normalaren erdi-erdian gaudek, azkenik”. Gu berriz azkenean, halabeharrez. Baina, bagabiltzak, kurba anormalki luze bukatuko zaigun itxaropenez.

 

Lanbroa. Hala behar zuen lurralde honetan.

Joan dira auzokideak. Autoz pasatzen ikusten ditugu. Lanera seguru aski. Bada komunera oinez doan bakarren bat ere, baina bakardadea dario inguruari. Etxatoiok ez dute ataririk ez apaindurarik, etxatoi biluzi soilak dira, paso-pasokoen bizitokiak, bizilagunok ez dira hemengoak, ez dute hemen luzatzeko asmorik bertan bizi behar badira ere, agian luzaroan. Beste nonbaiten eta beste era batetara nahi lukete bizi seguru asko nola ez..

 

Londres dugu helburu. Trenez goaz. Erosoagoa izango zaigulakoan. Hotz ikaragarria egiten du trenerakoan, hezurretaraino sartu zait hotz-dardara, erabat deseroso sentitu naiz. Kosta zaigu baina ikasi dugu autoa non utzi, nire ingelesa eskastxo dabil lehen harremanotarako.

Aspaldiko partez gabiltza trenez, baina uxatu zaizkigu hurrengoan trena hartzeko gogoak. Ze nolako zaplastada: 9 mila pezeta kosta zaigu joan-etorriko txartela. Bidaia goxoa izan da, lasaia, barea, inguruari ardurarik gabe begiratzeko patxadan, ia zirkinik ere ez baitu egiten eserlekuak.

 

Lurralde lau berdea, zuhaitz bakan ugariek eteten duten lautada. Sastraka zaindu berdeek  banatzen dituzte sail ezberdinak: koltza, galsoroak, fruta-arboladiak, lur iluneko sail landu berriak, baina batez ere belar sailak; ugariak dira artaldeak, bada artalde bat kanpineko sailetan ere, asteburuko bezeroak datozenerako belarra mozten. Zaldi-jauzietarako zelai bat ere bazen ibilbidean.

Etxe txikiak dira, bai nekazal etxeak bai herritxoetakoak, teilatu pikoko etxe ilunak, leiho zurien kontrastez ilunagoak; lehen solairua dute soilik, eta denek dute berdegunea atari. Denak dira itxurosoak, inguru narrasik bada ere. Nekazal etxeak edo nekazal girokoak nolanahi. Adreiluzko tximinia karratuak dituzte, gailur erdi-erdian kokatuta; tximinia sendoak dira zeramikazko tutu gorriak dituztela azken arnasbide. Aparkaleku zabalak dituzte ia herri orotan. Ez da kanpandorrerik herrietan, ezohizkoa gertatzen zaigu.

Bada eraikin deigarririk: hainbat nekazal etxek gehigarri edo luzapen zilindrikoa du, bat, bi edo lau kantoietan, teilatu koniko bat zaiela teilatu, eta konoaren muturrean halako txano zurixkara: zilo edo antzerako biltokia behar du izan. Ugariak dira luzapen konikook.

 

Oso beltz guti dabil trenean, azal zuriak dira bidaiari gehienak... orrazkera, janzkera, adin eta jite ezberdin orotariko bidaiariak goaz, bakarren bat lo, bada une batez zorronka egin duenik, burua  bular gainean erdi lo, irakurtzen, kalkulagailuarekin lanean...

Hondatuxea dago tren-bagoia, aspaldikoa izaki, zikin planta du gainera; norbaitek  gozoki-zorrotxoa bota du bai lurrera bai eserlekura. Jarleku ilara bakoitzak bere atea du, gure txikitan Debara udaran ateratzen zituzten bagoi aspaldikoen antzera, baina bagoi honek pasabide edo pasilloa du erdian.

Londresera hurbilduz mendi koskorrak agertu dira, baita 3 tunel ere. Londresko aldirietan hasi dira eliza-dorreak, ugariak, puntazorrotzak denak. Leihoetako kristalak bi zatitan banatuta edo erdibituta daude, zati txikia berdin dago goian zein behean, badu aireztatzearekin zerikusia, etxea ahalik epelen gordez aireberritzeko modu bat.

 

Londres.

Etxe eta kale artean doa trenbidea, garai, kale-etxeok mende hartuz; ez da giro egongo etxeotan tren-hotsarekin, seguruenik ez dira aberatsen etxebizitzak. Trenetik, beraz, izan dugu hiriarekin lehen harremana. Zubitik ikusi dugu Parlamentu famatua: oso inpresio kaskarra egin digu, arrunt, ilun eta tristearena: gure aurre-irudia bestelakoa zen, agian urrutiegi geunden. Lehen hiriari buruzko lehen iritzia ez da oso lilurakorra izan. Ingeles ikasketetatik ezaguna zaidan Charing Cross geltokian izan du bukaera treneko abenturak, nahiko abentura gerta baitzaigu trena hartzea autoa uztea lortu dugun arte. Ohizko geltokia, ohizko osagaiekin, uste nuen baino askoz txikiagoa eta arruntagoa.

 

Etorri eta ikusi egin behar da Londres. Ez zaio damutuko etorri izana datorrenari. Gure bizipenak aitatuko ditut nik, baina mila liburu dago zehazki zertzelada oro argitzen dituztenak. Kale-artean ibili eta ingurura begiratu, hori da egin duguna, gida-liburuari zehaztasunetan larregi lotu gabe, bisita-leku zein lokal konkretuetan sartu gabe. Azaleko begirada bizkorra, baina ahal genuen zoliena.

Kale-artera egin dugun lehen unetik izan dugu sentipen baikorra, lehen unetik egin zaigu erakargarria, osagai fisikoengatik, baita giroagatik ere: geltoki atariko zutabe bikaina eta eraikuntza beraren behaleiho xarmantak girotu gaituzte kaleko lehen urratsetik.

 

Trafalgar plaza. Zutabe ikaragarri garaia, bi ur-putzu zabal, zaldi gaineko brontzezko zaldunak, zutikako brontzezko morroskoa, Nelsonen zutabearen lau kantoietako lehoi erraldoi brontzezkoak... eta hegazkadan denak batera airea belzten duen uso-banda izugarria... Dena da erraldoia plaza erraldoian, den neurriz kanpokoa, bai osagaien tamainaz bai osagaion  ugaritasunez: Horma batean jarriak daude neurri ereduak ere, oina, oin-doblea, eta yarda. Bada niri ezer esan ez didan eskultura bat. Ur-tutuek ez zuten ur-zurrustarik, ezta urik ere azpiko askek.

 

White Hall kalea: harrizko handiak dira eraikuntzak, ederrak gainera; bertan dago ejertzitoaren agintaritzaren egoitza, non bi soldadu zaldizko diren turisten ikuskizun  eta jolas nagusi bere jantzi bizi eta estatua bailira zurruntasunez. Egoitzaren barne plazak erraldoitasuna du erakargarri, bertan egiten baitira parada militarrak. Lehen ministroaren kale eta etxe famatua ere bertan daude, herriarengandik bakartu eta isolatuta, ez du ezer esaten, politikoak herritik urrun bizi direla ez bada.

 

Parlamentua: sekulakoa da bertatik ikusita, inola ere ez treneko urrunetik ikusi duguna. Harri landua da horma oro, harri zizelatu aparta, artelan erakusketa horma-sail bakoitza, banan-banan  eta zehatz begiratzekoak lore, apaingarri, armarri, gizairudi bakoitza, denak baitira artelan bikaina; neurriak neurri, dorreko erloju borobil erraldoia hain goian egonik ere neurrigabe handia da behekoontzat ere, kanpaiaren eguerdiko 12 kanpai-hotsak  ozen entzun behar inguru zabaletik 13 tona ditu eta.

 

Westminster abadia: dirua ez ezik, ilara luzeko itxaronaldia ordaindu behar duzu barrura sartzeko: ez duela merezi erabaki dugu. Beste baten izanen da, gainera baditugu antzerako altxorrak zain bidaian zehar. Kanpotik ere ikusgarria da: ederra da alboko atari edo fatxada, ezberdina, errosetoi erraldoi bat zaiola deigarrien; sarrena nagusia landua eta ederra, irudi zizelatu ederrez edertua. Joan eta begiratu.

 

Sta. Margarita eliza: altxor aparta gordetzen du, triptikoa, irudi naif zizelatu pila, beirategi ikusgarriak, hilobiak... badu zertan begiak ezari eta zerez barneak gozatu. Begi zoliz begiratu behar da, irudimenean gordetzeko, ez baitago zeluloidean gordetzerik.

 

Tamesis ibaiaren ertzetik egin dugu oinez Londreseko Dorre famaturainoko ibilbidea. Luzeegia gertatu zaigu azkenerako. Bizi bizia da ibaia, baina zikina; zubi asko ditu, ederrak asko, funtzionalak besteak; ontzi-jatetxeak, gabarrak, bidaiari-ontziak. Barnealdetik eraikin klasiko eder dotoreak daude jende dotorea eta ahalduna bizi zenaren ezaugarri, ibaia aberastasunaren iturri eta atrakaleku izan zela erakutsiz.

 

Londreseko Dorreak eta Zubiak: ez digute ezustekorik eman, espero genuen tokian daude eta espero genuenak dira, hain baitira ezagunak historia liburuetatik batez ere.

Barnealdera egin dugu, kale-artetik egin dugu erdigune klasikora itzulia, ezustez ezuste egin dugu bidea: kale-artean itota dagoen zutabea, eliza, etxe eta eraikin moderno izugarri eder deigarri ezberdin apartak: arkitektura modernoaren ikastaro leku ezinhobea. “Justizia etxea” aitatu beharra dago, benetan ederra. Antzinako merkatuarekin ere egin dugu topo: aparta, xarmanta, ez dio inbidiarik Istanbulekoari egituraz, haren giroa da falta zaiona. Trafalgar plaza inguruan, Galeriaren atzealdean, bada oinezkoen kale-arte erakargarri xarmanta.

 

S. Paulo neoklasiko erraldoiak ez digu ezer esan, seguru aski kripta izaniko azpialdea kafetegi, jatetxe eta saltoki bihurtuta ikusteak ezik.

 

Picadilly Circus plaza: ez du ezer, desilusionatu egin nau, ustel egin dit nuen irudia, sentimendu ukitua baitu niretzat: elkarrekin erdi mozkortu ginen gau batean kontatu zidan Xabier Azurmendi zenak nola inguratu zen plazara Londresen suertatu zen batean pattar botila eskuan zuela; hippyekin  harmailetan eserita konpartitu zuen bere eta besteen edaria; bakoitzak zekiena egiten zuenez, berak erdira atera eta “Markesaren alaba” bertso-sorta osoa kantatu zuen, 14 ahapaldi direlakoan nago; txalo zaparrada jaso omen zuen: 24 ordu barru Uberako aitorlekuan zegoen. Pertsonek egiten dute sarri  maitagarri leku bat, ez arkitekturak edo artelanek. Tamesis alboan bada noria erraldoi bat: astiro-astiro, geldi-geldi dabil, bertan doanari ikuskizuna luzatuz: zoragarria behar du ikuskizunak bertatik.

 

Ler eginda bukatu dugu 7 orduko ibilia, mokadutxoa ibai ertzean egiteko geldialdia ezik denak oinezko etengabeak. Azkenean gidaliburuari begiratzeko ere alferra sartzen zaizu, hainbeste baitago ikusteko, hainbeste ezustek egiten baitizu begietara.

Eromena da Londres, nahiz ederra; jendez eta trafikoz. Eraikin modernoak eta kaleko zarata izan zaizkit ezuste eta deigarri, topikoetatik at. Nekatu nekatzen zaitu, baina aspertu ez. Sentipen oso baikorra daramagu: mila bitxikeria du begiratzeko, mila ate, leiho, balkoi, ateburu, taberna xarmant gozatzeko, eraikin paregabeak edonon miresteko. Inperio baten buru izana, mundu osoko aberastasunez profitatu zen hiria, munduko pobre guztien izerdiek sortutako altxorren gordailu. Merezi du Londresek bisita, doana ez da damutuko.

 

* Hizki zuri handiz idatzita dago zoruan, semaforoetan eskuinera ala ezkerrera erreparatu behar duzun, agian kanpotar asko dabilelako eta ezkerretik dabiltzalako autoak.

* Turista pila dabil, banaka zein taldeka, adinekoak zein eskola-bidaian datozen ikasleak. Edonon duzu Londresen turista aldra.

* Indiar asko dago, beltzak ostera guti.  Ezaguna da India Ingalaterraren kolonia izan zela.

* Estatua pila, edonon, brontzezkoak, handiak gainera gehienak: ahalguztidun orok nahi izan du iraun. Bestelako eskulturak berriz guti dira: Tamesis inguruan bada piramide bat: lapurtua dudarik gabe.

* Erruz dabil jendea kaleetan, turista nahiz bertakoa, kale orotan, dena da jendea, dena ibilia. Funtzionario edo bulegari tankerako jende asko ikusten da: trajez jantzita, uniformatutako uniformedun pertsonak. Trafikoa berriz zoratzekoa da: erabat nekagarria da alderdi horretatik Londres, hain da ugaria autoteria, hain gorgarria sortzen duten zarata.

* Taxiena ez da gezurra, denak dira, salbuespenik gabe, taxi topiko tipiko horiek.

* Behi eta ardien hilketen aurkako manifa batekin egin dugu topo erdigunean, Parlamentu inguruan, behi eta ardien mozorroak zeramatzatn askok, ez ziren asko baina oihu eta zarataz nabarmentzen zuten bere presentzia. Adin guztietako manifestariak, gizonezko zein emakumezko; baina ez zen umerik. “It is time to go veggie” dio manifestariek banatzen duten pegatina batek. Jantoki begetarianorik ez dugu aurkitu ba!.

* Londresko farolak, oso dottoreak dira.

* Kale komertzialetan ibili garen arren, ez diegu dendei erreparatu, ez zaizkigu nonbait deigarri gertatu ez salgaiez ez egituraz ez tentagarritasunez, agian nekatuegi geunden dendateria arteko ibilian.

* Turista-autobus pila dabil hiri osoan, estalki gabeko aulkiteria dute gainean, bisitariek erabilienak. Lineako autobusak ere bi solairukoak dira: iragana eta honi lotutako nortasuna gordetzen dituen hiria da Londres, identitatea galtzen ez duena. Erro asko eta luzeko hiria, zentzuduna.

 

Murriztu beharra ditugu Londresera bidaiak, trenezkoa oso garestia da, eta autoz etorriz ez dugu ikusi non aparkatu, eta kale-labirintoa eta bertako autoteria izugarria da. Museo Nazionala ikusi, Picadilly kalea zeharkatu, eta Hyde park ikustera joango gatzaio beste egun batez. Eta nahiko.

 

12 kilometro, geltokirainokoak.

 

Etxatoiz  eta dendaz bete zaigu kanpineko zelai nagusia, kanpamendu bailitzan bi erreskada luzetan erdigunean ibilbide zabala utziz. Bizi bizi dago giroa, ume-oihuek biltzen dute airea. Bizitasuna dario kanpinari atzoko tristuraren ordez.

Katamixarra ibili zaigu enbor batetan lehenengo, belartzan ondoren gutaz arduratu gabe: horrelako aukera guti eskaintzen du gar egun naturak, Madrileko El Retiro parkean ezik.

Beterantz doa ilargia, gizenduz, baina nekatuegia nago gaueko zerbitzugunera ibiliaz gozatzeko.

 

“Lur bat haratago”.

* Joan Mari Irigoien. “Amets batek uzten ez bahau, guztia arriskatu behar duk ametsaren alde”. Bidaiatzea da gure ametsa, ez gaitu uzten oraingoz, baina ez dugu ezer arriskatu behar amets honen alde.

* “Mutilak ez ahantzi ezen artelantxo horiei olagizonen izerdia dariela bazter orotatik, zere batzuek infernua bizi behar izaten baitute, besteek zerua goza dezaten”. Bion burutapen sarria bazterretako edertasun eta artelanak ikustean.

* “... eta infinitua ez zegoen nehola ere atzematerik”. Ez baita existitzen. Jainkoa asmatu zuenaren entelekia besterik ez da. Denak du neurria nahiz gizakiak oraindik neurtu eta mugatu ezin.

* “Galdua dagoena galdua zegok eta  denboraren kontra doana ere galdua zegok”. Bidaiotan denboraren kontra ote goazen otu izan zait aldizka.

* “Nor zen nor inguru haietan, jaunak beti jaun eta menekoak meneko”. Ibili garen lurralde orotan da horrela. Gizartearen berezkoa eta muina dirudi, ahaldunen asmakizun inposatua bada ere.

 

 

Maiatzaren 5a.   Larunbata. - 4.a – I:3.a

 

“Puskak biziz”. Juanjo Olasagarre: “Eta horretan gabiltzala auskalo zergatik / desitxuratu, maiki, elbarri, ezin, ...”. Baina bagabiltza. Ez da guti garai eta adin hauetan.

 

Ezpel-hesiak, artez moztuta goitik zein alboetatik, hormarena egiten dute, harresi garai berdeak bailira.

“Spanish” esan dio aita batek mutikoari gure autoari buruz. Une berean deliberatu dugu ahaztuta genuen EH eta ikurrina jarri behar dizkiogula autoari.

Argi zamarra jaio zaigu eguna, gutxienez ateri dugu, haizea berriz fina.

 

Bidegurutze borobila erabat bertaratu da Ingalaterran ere, frantses asmakizunak bideratzen du zirkulazioa bideak gurutzatzen diren edonon.

Auto asko dabil errepidean herri inguruetan, larunbata izaki. Jadanik ezaguna zaigun herri mota aurkitzen dugu, herritxo erakargarriak: horrelako herriak osatu dituen gizarteak ezberdina izan behar du, bai bizieran, bai pentsaeran, bai jokabidean... nolabait kultura osoan. Etxetxo atseginak dira herriotakook; bi zatiko leihoak dituzten eta luzeetara irekitzen dira, goialdea barrura eta behealdea kalera.

Berdina izaten jarraitzen du lurraldeak. Izugarri zabalak dira koltza sailak gaurko inguruetan, artaldeak berriz ez hain ugariak. Loratuta daude gereziondoak. Zuhaitz ilarak dira sail ezberdinetako muga. Berriak dira granjak, baina bertako erara jasoak, dottore plantakoak, direna diruditen dutenak.

Atzo aipatutako etxeen osagai zilindriko zenbaitzuk etxe-bizitza bihurtuta daude, leiho eta guzti; Punta edo tontor txortena zuria da, zurezkoa, goitik beheran erdibitutako konoa, ohol luze bat ateratzen zaio albo batetara non zaldi baten irudia ikusten den. Zaldiekin du beraz zerikusia gehigarri zilindrikoak eta teilatuko txorten zuriak arnasbidea behar du izan. Banaka ugari ikusi ditugu gaur, baina autotik soilik, ez dugu errepidean geratzerik hurretik ikusi ahal izateko. Eraikin berrietan karratuak dira gehigarri edo zaldi-kortok, bere arnasbidearekin.

Ezkerra zaindu beharrez, lotuegiak goaz oraindik errepidera, baina erabat ohitzen goaz, buruak agintzen digu oraindik errepidean, ez berezkoak.

 

Hanka-sartzea egin dugu bidegurutze batean, arrastoan ondo sartuta genbiltzala desagertu egin zaigu gure A20 errepidea Maidstonen, herritik harantz luzatzen bada ere mapan. Galdetuz ere ezin gara moldatu; argibideak argibide, eromena bihurtu zaigu norabidea, baina azkenik, ernegu batzuk ondoren, gure kabuz irten ahal izan dugu  labirintotik.

 

Maidstone herri handia da, ingeles petoa, lehen solairuko adreiluzko herri gorria, gure begientzat oso atsegina

Irrista-gailu zuri estuok heldu dira hona ere.

Rochester hiriaren bila ibili gara, errepidea nondik ote, eta hara non bertan ginen. Lasaitasuna darie herritxooi, nik ordea ernegatu egin dut Maidstoneko noraezean.

 

Rochester. Jakinda ere egun ezin aukeratuago batean joan gatzaio: Sweep, tximinia garbitzaileen jaietan daude, udaberriko jaiak seguru aski, eguraldi epela etortzean beheko suak itzali eta tximiniak hurrengo negurako garbitzen ziren garaiko ohituretako jaiak. Festarako aitzakia bilatu ohi du herriak.

Ibai zabal baten alboan dago kokatua, itsasotik gertu, ontzi asko dago ibai erdi-erdian nolabaiteko moila luze batean lotuta. Izugarri zabala da hiria, inguruko mendi-muinoetan zabaltzen zaio zuhaitz artean etxetxo baxu samarrenen teilateria iluna. Ikuspegi aparta erakusten dute aparkalekutik ibaiaren bestaldean hiri zaharreko gazteluko gotorleku karratu sendoak, katedralak eta ibai kontrako normandoen harresiak. Elkarren kontra, bat bakarra bailira, hiru zubitzarrek, trenbidea bata, burdinazko dotorea bestea, zementuzko arrunta hirugarrena, ahalbideratzen dute alderdi zaharrera pasabidea.

Zaharrean izan dugu jaien ezustea. Bor-bor daaude kale nagusia eta bere inguruak, txatarrez jantzitako dozenaka koadrilak, elkarri txanda eskatuz, bata bestearen ondoren folklore dantzetan, kale-kalean, dozena bat kokagune ezberdinetan. Tipo bakar berezirik ere bada, baina koadrilaka dabiltza, koadrila bakoitzak bere janzkera propioa du, ezberdina, baina denak txatarrez edo adabakiz eginiko jantziekin. Aurpegiak beltzez edo kolore ezberdinez koloreztatua. Zaharren, helduen, gazteen, umeen, zahar eta gazte nahastutakoen... koadrilak, kontaezinak, gora eta behera edo txanda zain. Koadrila bakoitzak du bere musika osagaia: soinu txikia, soinu handiak, eskusoinu txiki antzinakoak hauspoak bailira, txirula, biolinak, korneta... era guztietako musika-tresnak. Doinuak batzuk motelak, besteak bizi-biziak, trikitixaren antzerakoak... Makila-dantza, arku-dantza, zapi-dantza... doinu, erritmo eta koreografia ezberdinez antzeztuak. Txilintxoak daramatzate bernetan gizonezkoek gure espata-dantzariek bezala, zurezko zolak edo oinetakoak ere bai askok, musika eginez eta erritmoa markatuz. Makila-dantzan indarrez jotzen dituzte makilak eupada biziak botaz kolpatzerakoan. Dena da oso herrikoa, dena da xumea, handikeriarik gabe. Gozatzen ari dira denak. Oso jende nagusia ere, gizakume zein emakume, hor dabil dantzari edo soinujole. Denak alai eta harro, erabaki osoz  ateratzen ziren kale erdira dantzara. Nabari da oso errotutako jaiak direla, tradizioa handikoak. Hiru egun irauten dute. Ikusleena baino dantzari eta musikarien jaiak dira, ikusle eta bisitariena baino.

Bisitaria edo ikuslea ere erruz dator, bertako jendea, herritar-herritarra. Ugariak dira txosnak, non saltxitxak eta ogitartekoak eskaintzen diren. Garagardoa da edaten dena, erruz edan ere, batez ere dantzari eta musikariek, metal zuriko edalontzi handietatik. Jendea gora eta behera dabil, talde ezberdinei begira, hemen geratu eta beste hartara joan, txaloa jo eta garagardoa edan. Izozki gozoa aurkitu dugu guk.

Pare bat ordu izugarri atseginak egin ditugu hirian. Alde egitean han gelditu dira dantzan, edo dantzatzeko zain, edo koadrilak kalean gora eta behera umorez.

 

Harro geunden espata-dantza eta enparauak geure-geureak zirelakoan. Eta dira. Baina baita besteenak ere, ez dira gure esklusiboak. Nondik ote datoz batzuk zein besteak.

 

Katedrala. Erromanikoa. Bitxia eta ezberdina egin zaigu: normandoa dela irakurri dugu. (Ez dugu aurrez irakurtzen ikustera goazenaren zertzeladarik, ikusten duguna besterik gabe ikusi nahi dugu, interferentziarik gabe, ikusten dugun heinean irakurtzen ditugu zertzeladok argibide eta osagai bezala). Ingalaterrako ederrena omen fatxada, baina atariko dantzariei begira ez diogu erreparatu, ze pena!!!, aurrez ez irakurtzearen ondorioa. Sarrerako ate gainean, arkuteria definigaitz ezberdin bitxia. Gotiko itxurako arkuak dira zoru gainekoak, goikoak dira, ordez, santu-irudi erromaniko petoak, baina zer den igartzen ez dugun zerbait ezberdina dute. Absidean tailatu ederren ilara erretaula lez, gainean organo erraldoiak estaltzen du alderik alde aldare ostea, bitxiki pintatua, bera bailitzan erretaula. Presbiterio ostean eliza bat dirudien kalonjeen korua, bertan erretaula paregabea, ate tailatu eder bat, gotzainaren zeremonia-aulki ederra, forma bitxiko gotzain-makulua, fresko handiak, eta hilobi pila non gainean gizakume tailatuak dauden deskantsuan, etzanda. Zutabe-basoa da kripta, xumea baina zabala: bada bertan organo txiki polita, tuteria pintatu batez bitxia. Hainbat harri landu.

Gotorlekua eta harresiak, han daude, hilotz eta biluzik. Keep deitzen dieten dorre horietakoa da, normandoen gotorlekua. Hemengoa omen da osoen iraun duena, Ingalaterrako dorreon adibiderik finena eta garaienetakoa. Klaustroa, berdegune atsegin bat besterik ez da,  arkuteria ezberdina du albo batean horman bitxiki itsatsia. Etxe eder bertako ugari kalean, begien gozamen.

 

Erretenik ez dute errepideek alboan, baina erabat garbi daude ertzok. Errepidearen zenbakia zoruan bertan idatzita dago sarri, honek asko laguntzen dio atzerritar gidariari.

Herritxoz herritxo luzatu dugu etxerakoa, oso geldo autoteria eta argi gorriak medio, honek herriei erreparatzeko aukera eskaintzen zigun. Argi-gorri eta borobil pila dago, horregatik doa bare zirkulazioa. Erakargarriak zaizkigu herritxook. Izugarri atsegina izan da itzulera: pospolinak dira etxeen beha-leihoak, benetan xarmantak; antigoaleko tabernek ere xarma dute, sartu eta garagardo ontzikada bat edateko gogoa ematen dute.

 

Rainhan. Herri xarmant-xarmanta, herrion osagai guztiekin, etxetxo bakoitza da bertako peto-petoa, baina bakoitza ezberdina. Elizatxo pospolina du, gotorlekua dirudi dorreak.

 

Bi kriket partida aurkitu ditugu: han zebiltzan zuriz jantzita pilotari kolpe eta korrika. Aldagela zuen zelaietako batek, hesiz bilduta zegoen, zelai ofiziala nonbait. Zelai soil bat zen bestea, han ziharduten ikuslerik gabe.

Kriket zelaiaren alboko zelaian artaldea, zuri jantzita hauek ere.

Sittingbourne. Eliza-dorrea du bitxia honek ere, harri argiko zorrotza, aspaldiko jitekoa.

 

Oso guti nabarmentzen dira bai elizak bai eliza-dorreak herri apalak diren arren.

 

Berrikuntza eta konponketa lan asko dago herri zein errepideetan. Gaur bertan mila unleightun izan ditugu: Europako diruak ote dabiltza hemen ere?. Aberatsek jaso ohi dute gehienetan pobreentzako diru-partidak. Aberatsek aberatsei laguntzen die batez ere, edo gehien, hitz politez desitxuratu arren faborezko tratu hori.

Espaloi gainean aparkatuta daude autoak herrietan, beste zenbaitzuk kalean bertan errepideari lekua janez,  ibilbidea estutuz eta ibilia zailduz.

Ardatz batean jiratuz STOP alde batera eta GO bestera duen xafla borobil handiez ematen edo mozten du bidea bidezain batek, asmakizun egokia kirtendun letreroekin ibili gabe. Beste herri batean iturri polit bat, arbelezko txaplatekin eginiko teilatu punta luze zorrotzarekin, gotikoa bailitzan. Gotorlekua dirudien eliza-dorrea, ez baitzaio kanpairik ageri.

Belar sail izugarri zabalak, sastraka-hesi berdindutakoz banatuak. Tarteka tximinia ezberdin politak, gailurra gainditzeko luze-luzeak, baina graziaz eginak.

 

Ashford. Etxeteria polita du errepide alboetan, luze, herritik kanpo, herri-luzapen gisa. Errepidea bera ere kale edo etorbide dotorea bihurtu dute. Badu ruby zelaia ere.

 

126 kilometro, herritxoz herritxo, gozatuz, nahasketengatik ernegatzen ez dugunean.

 

Zozo-kantuak betetzen du arratsa. Birigarroak ziruditen mota berdedun lau txori ibili zaizkigu zelaian, abiada bizian eta mokoka biziagoan, mauka zitzaien nonbait belartza ebaki berria.

Gaugiro paregabea litzake haize fin hotzagatik ez balitz. Multzoka estaltzen du lainoak zerua, baten ostean geruzak estalita lez ageri da ilargia bere borobil osoan,  bestaldekoak berriz gorriz tindatzen dituzte Asfordeko argiek.

Gautxori bihurtzen dira ingelesak ere asteburuan, berandu arte iraun dute hitzek eta algarek hesiaren bestaldeko etxatoian.

 

“Lur bat haratago”. Joan Mari Irigoien: “Zer da bizitza honetan jakintsu izatea, edo jakintasunaren jabe izatea?,”. Ezer guti dakigula ikasi dugu bidaietan, baina bada atzerrira nor handiago eta harroputz joaten denik, batez ere ondasun material gutiko herrietara doanean.

BIDAIAK 01. BRETAINIA HANDIA

Jon Etxabe 2022/06/27 09:05
INGALATERRA I HERRIALDEAK ETA HERRIAK FRANTZIA: LANDAK, Poitiers, Orleans, Paris, PICARDIA. S. Kintin, Vallé de l´Aa, Calais. KENT KONDERRIA. Londres, Maidstone, Rochester, Rainhan, Sittingbourne, Ashford, Kingnorth, Kantterbury. EKI INGALATERRA. CAMBRIGE KONDERRIA. Camerige, Ely, Sutton, Caheteris, Doddington, Peterborouh. NORFOLK KONDERRIA. Tetford, Norwich, Great Yarmouth, Lowestof, Bury St.Edmund. ESSET KONDERRIA. Colchester, MAILAND. Huntingdon, Ketering, Ruby, Koventry. BEDFORD KONDERRIA. Warwik. Satnfor, Gran Than, Boston, Lincoln, Newark, Bkyth. IPAR-EKI INGALATERRA. YORKSHIRE KONDERRIA. DONKASTER. Leeds, IPAR YORKSHIRE. Helmsley, Thirsk, Ripon, York, Beberly, Hull, Selby, EKI YORKSHIRS. Malton, Scarboroug, Filley, Bridlington. NORTUN BERLAN-NORTHUMBRIA. DURHAN KONDERRIA. Durhan, Crook, Castleside, Milton, Stanhope, Consett, Newcastle, Oterburg, Berwic upo Tweed. CUMBRIA KONDERRIA. LANKASHIRE. Lancaster, Liverpool Chester

FRANTZIA: LANDAK, Poitiers, Orleans, Paris, PICARDIA. S. Kintin, Vallé de l´Aa, Calais.

 

Maiatzaren 2a.  Asteazkena.  1.a-F:1.a

 

7,30etan atera gara, etxea atoi daramagula, Bretainia Handira.

Behe-lainoa, ezin diegu azken agurrik egin azken begiradaz ez Urbasa, ez Andia, ez Aralar gainei. Oraindik piztuta ditu argiak Lizarragak, goiz-albako irudi misteriotsua eskainiz. S.Donatoren hormak izugarri handiak, labar erraldoi, labar ilun gotorrak dager.

Eguraldi bustia, berdeagoa eginez ingurua. Berdetasuna, izanen dugun Sakanerriko azken irudia, basoak eurak ere berdetu baitira.

Aralarko geruzak zein haitz tolesdura sarri bihurri edo kurboak, argiago eta miresgarriago nabarmentzen dituzte zuhaitz berde ilarek, forma,  marra eta irudiak bitxiagoak bilakatuz. Bi Aizpe zintzurretik harago Mailoak harkaitzek laino-maluta artean egiten digute kuku, Txindoki ostera erabat gordea geratzen zaigu: irudi paregabea Leitzarango balkonadatik dakusaguna, Bretainia Handian antzerakorik aurkituko ote elkarri galdearaziz. Ederragoak edo ez, beti da aberasgarria lurralde ezberdinen ezagupena; aldi bat herri-zulotik edo etxezulotik at, biziberritzeko hazia da. Behe-lainoak maindire zuri batez hartua dauka Tolosaldea, ohi den goitikako irudi erakargarria.

 

Txapelokerren konboitxoa Donostia aurrean: bi metrailadore handi kamioi banatan, Intxaurrondoko kuartela gotortu asmoz edo, ez baitiegu ukatuko beldurra izateko eskubidea.

 

Biriatuko muga. Frantziako poliziek soilik zaintzen dute, ez da gelditu beharrik, baina hainbat estugune eta bihurgune jarri dituzte, mantso joan beharra duzu, txabolateria eta egitura osoak darrai bertan. Mugak darrai zatitzaile eta banatzaile, Europa Batuan ere, Euskadik Nazio bakarrean batu nahi duelakoz; Ipar eta Hego Euskadirik ez balitz, desagertuta leudeke oztopook Italia, Austria, Alemania... artean bezala. Euskadi zatituak banatzen ditu oraindik Espainiako eta Frantziako Estatuak mugetako parafernaliez.

Baiona. Erakargarria dakusagu ibai inguruan, baina era berean, astuna, erraldoia, arrunta, bere etxe-bloke handien eraginez, zuriak diren arren.

 

Dax-en mututu zaigu Euskadi Irratia tirri-tarra hotsetan, emisore berri bat hartu dugu, ez du izenik bota, euskaraz ari da herri musikariei buruz.

Dax-en hondatu zaigu etxatoiaren gurpiltxoa, laugarrenez azken urteotan, tramankulu osoa jarri diogun arren berria: ez da lotura arazoa, pisuak esekidura erabat beheratzen duela baizik.

Landak. Basoan ez ezik errepidean ere ugaria da pinua, kamioetan tolestuta enborrak harat-honat.

Asperdura luzea da Landak-eko ibilia, pinu eta kamioi artean.

Eguzki ederraren epeltasunak bilduta ginen eguerdi aurretik Bordelen. Mahastiak bilakatu zaizkigu ikuskizun autobideko hesiek garbiguneren bat erakusten duenean. Errepideko gaintxoetatik ere ikus ahal ditugu mahastiak, muna eta zuhaitz arteko ibilbide edo pasagune itsua besterik ez baita autobidea, aspergarriagatik arriskutsuagoa. Mantso, geldo doa bidaia, berrikuntza lanen ondorioz.

 

Bidaia luzeetan behin ere ez daramazu buruan azken helmuga, epe laburragoak jartzen dizkiozu ibiliari, aldian aldikoak, helmuga bakoitzera heltzean hurrengoa, ibilbidea zure buruko eskeman zatikatuz, ibilbide osoa helburu partzial horietara mugatuz, mailakatze honek arindu eta erraztu egiten du psikologikoki bidaia, norberak jarritako tranpatxoak besterik ez dira. Baiona, Bordele, Poitier, Tours, Orleans, Paris eta lotara gunea, horiek dira guk jartzen ditugun tarte psikologikoak, erregaia hartzeko soilik geratzen bagara ere. Bide-sail bakoitzari 100 kilometrotik behera geratzen zaionean, helburu hurrena hurbil dugula iruditzen zaigu, heltzen garenean “bukatu da” esaten dugu eta helburu berriari ekiten.

 

Militar konboia. Militarren presentzia unibertsala. Ez dakit jainko ala sasijainko egin dugun armada, nonnahikoak badira, ikusezinak ez. Agian zenbait erabaki politikoei erreparatuz, bai. 

Lursail hori-horiak, bizi-biziak, eguzkitan bristago, horiek dira lurraldeak eskaintzen digun deigarritasun azpimarragarriena. Oso gune zabalak dira, lurralde berdean horiago: koltza-sailak direlakoan gaude.

 

Lurra izanik bizitzarako oinarri nagusia, industria bilakatu dugu ekonomiaren ardatz, nekazaritza bera ere industrializatuz; industrigunetan pilatu dugu biztanleria, nekazal guneak hustuz. Lehen mailako premiak bigarren mailara jaitsi ditugu, lagungarri behar ziren tresnak premiazko bihurtuz. “Homo faber” egin zuten nekazaria. Horregatik dabil galduta, lekuz kanpo. Hankaz gora dago gizartea. Atera egin dute gizakia bere inguru mendez mende berezkotik, ohizkotik,. Dirudunak eta politikoak dira eroso eta bere zukuan garagarrak irabazten ari diren gizaki bakarrak.

 

 Gaztela ez ezik, erabat laua da Nior-Poitiers ingurua, erabat laua, lurralde axala. Ez da ageri goranzko ezer, argindar tantairik ere. Ezta herririk ere. Lurrak,  berarekin errepideak, gorantz egiten duen unetan sakelako telefonoentzako antenak dira, mezu-bide moderno, goranzko orratz bakarrak.

 

Frantsesek ez dute oliba olioa goratzen, aipatzen edo famatzen, olio arinak dituzte gogoko, ekilore edo koltza olioa ere bai segurki. Ez baitute olibondorik. Gurina erabiltzen dute patatak frijitzeko, edo gantza zein txerri-koipea. Bakoitza daukanarekin moldatzen da, hori dela uste du onena. Gehien ekoizten duena  izan ohi baita merkeena ere herri bakoitzarentzat. Herri kultura.

 

Poitierstik gora hasi gara herritxoak ikusten; errepideak ez du hesi garairik, ez zuhaitz lerrorik. Eramangarriagoa egiten du horrek bidaia.  Herri txikitxoak dira, harrizko ilunak, teilatu pikokoak, Ipar Europako herrien antza dute. Etxe mota berdinak darrai Tours aldean; teila zapaleko teilatuak, ilunak edo arbelezko beltzak, txabolenak batez ere; bada uralitazko gris ilunik. Harrotuz doa lurra, gorantz leunetan, mendi-muino izena hartu ahal izateko baino apalago.

 

 

Militarren presentzia dugu berriro Tours inguruan, airean oraingoan: helikoptero parea, kolore kakiak salatzen dio  militartasuna; hirugarren militar konboia dugu gaur, txapelokerrena kontutan hartuz. Beraien mehatxupean gaudela erakusten digute militarrek, zaindaritza lanetarako daudela badiote ere. Armetan du indarra demokrazia “bakezaleak”, politiko demokratak dira armetan trebatuenak: armak egin edo erosi egiten dituzte lehenengo, armotan trebatu gero, ondoren ia norekin gerra egin asmatu, norekin gerra egin  bilatu edo etsai daiteken bat probokatu, armon baliagarritasuna frogatu azkenik. Eta azkenik armok saldu. Beti dagoelako kate horretan erosleren bat.

 

Orleans aurretxoan  argindar-zentral baten bi tximinia sendo erraldoi, egitura ezaguneko biribil gizenak biak, ke-gandor ikaragarriarekin. Nuklearra edo ez, ona ez den kutsadura dakarte inguruari. Argindar tantaiteria erraldoia banatzen da bertatik haizealde orotara, zilborreste erraldoia, gizakiak bizi behar badu etenezina diotena: beste argindar aukera garbi eta onuragarriak baztertuz, etekinen murriztasunean edo oparotasunean baitago gaur egun ze bitarteko edo baliabideei  bultzada eman edo baztertu.

Ia begiak mintzerainokoa da eguzkiak bete betean jotzen duen koltza sailen horitasuna.

Artaburuak gordetzeko burdina-harizko biltegi luze mehar garaiak ageri dira, iazko artaburu ilunez beteta darrai oraindik batek: agian ezin izan dute saldu edo erotu egin zitzaien hazienda..

 

Orleans. Ziztu bizian zeharkatu du zerua gure gain-gaintxoan gerra ehiza-hegazkinak, gezi puntazorrotza muturrean. Deigarria izan da ikuskizuna, ederra ere. Baina tramankulu hilgarria da, suntsitzailea, bai desegiten dituen bizitza eta ondasunengatik, bai zurrupatzen dituen aberastasunengatik ere.  Herriaren izerdiz eginak dira, herriaren ezina areagotzen dutenak. Beti gerrarako prest militarrak.

Zilueta dotoreak dira katedraleko bi dorreak, kanpai-horma diruditen biki ilunak, herriaren ezinak eta izerdiak eraikiak hauek ere. Milaka lagunen ogibidea, eraikitze urteetan.

 

Bitxikeria, haize-errota bat lautada erdi-erdian, bere lau beso biluziak zeru kontra orratzi erraldoiak irudi, gizarte honek ukatu dion abiaduraren zain lainoak noiz orraztuko.

 

Paris. Lau bide ditu errepideak norabide bakoitzean, kilometro asko hirira aurretik. Hiri erraldoiek erakarri haina bota egiten dute gizakia, barrukoek alde egiten diote patxada egarri, kanpokoa datorkio bizitasun bila. Kontaezinak dira sakelako telefonoen bideratze-tantaiak: bakardadea eten edo bete nahi du gizakiak, bakar batzuk sakelak berotuz. Negozio edo diru-iturri bilakatzen du beti gutxiengo batek gizakiaren edozein premia.

Mendixkatsua da Paris ingurua;  mendi-kasko oro, berriz, baso. Aspaldiko etxe, eliza... ukitu atsegin asko du errepidetik ikuspegiak.

 

Usai gozo sarkorrak biltzen du ingurua kilometrotan, otadi eta bestelako lora zuriko sastrakek ematen duten ezti usaia.

“Katedral gezia”, eskultura, xafla zuri distiratsuz eginiko arantza punta luzea, orratz luzeko torto distiratsua. “Katedral gotikoen gezia” esan behar luke, munduan bai baitago luzexka ez den katedral erromaniko harrigarririk. Edo “Paris eta inguruko katedral-gezia”.  Chartres ere hor ageri da errepideko norabide gezietan.

Etxez bete zaizkigu Paris sarrerako mendixkak, zementuzko zuhaitzez.

Parisek ez du askatu errepide-korapiloa. Izugarrizko sare nahasia eta trinkoa da bide-sarea, ez du akaburik bidegurutze eta autoteriak. Sare osoan “Buchon” iragarpen bakarra izan dugu panel elektronikoetan: kontsolamendu giza, aurrez gertatzen dute bidaiaria, non eta zenbat kilometrotako egonaldia eta ilara duzun zain iragarriz..

Arratsaldeko seietan ginen sarean harrapatuta, baina atera izan ahal dugu noizbait, ez gaitu irentsi, ez dugu umorerik galdu, ez dugu ernegatu, onik atera gara Parisko zoramenetik.

Eraikin moderno asko dago Paris bueltan: kristalezko eraikin distiratsu ugari, bristadan deigarriagoak forma ausartietan baino. Buruz beherako piramidea, ezberdinetako bakarrenetarikoa. “Asterisen parkea”: baso handi batean dago.

 

AHT Euskadin, AVE Espainian, TGV Frantzian: hainbat pasa dira errepidearen parez-pare doan trenbidean. Denok goaz ahal dugun bizkorren urrutira goazenean.

 

12 ordu eta erdi egin ditugu errepidean, 12 ordu gidatuz. Hori ere astakeria da, baina hala egin ohi dut bidaia luzeetan, ez dudalako nekerik nabaritzen, tolestu jarlekoan bolanteari helduta, hor irauten dut.

Bagenuen jan, hankak luzatu eta gorputza ohean lasaitzeko premia.

 

1.031 kilometro, gero eta etxetik urrutirago.

 

Zortziak jota gorde zaigu lautadako azken marran eguzkia, ez baitago lehenago bilduko duen mendirik; baina bederatziak eta erdietan bazen argia oraindik. Egun luzea. Europa osoko kamioi artean egin dugu lo; bazuen korta edo baserri inguruaren jitea, ze, behiz lepo zegoen kaioi bat, behiak tolestuta, baten burua bestearen atzealdearen kontra lekua irabazi asmoz, bakoitza albokoaren norabide ezberdinean, denak eten-gabeko marruan, izututa koitaduak, antz emanez urkamendira daramatzatela: horien odol gaiztotu hori jaten dugu haragi gorria jatean. Nola izango ba ona haragia.

 

 

Maiatzaren 3a.   Osteguna.  2.a-Ig:1.a

 

7etan atera gara, azken argiarekin oheratu ginen, lehenengoarekin jaiki. Behe-lainoak ditu harrapatuta Picardiako lur lauak. Erabat itsu dago dena, antasmak dirudite makalek.

 

S.Kintin. Le Somme bataila gogoratzen dute frantsesek, baina espainolek Frantziako erregea menperatu eta harrapatu zutenekoa erakutsi zigun Francok guri eskolan: bakoitzak bere garaipenak ditu gogoan.

Abiadura handian doa abiadura handiko trena, arratsaldez bezain sarri goizez ere.

 

Istripua:  kilometro bat aurretik murriztu dute bide batera errepidea. Segurtasun neurri biziak hartzen dituzte Frantzian errepidean.

 

Argelian eginiko tortura eta sarraskien kontuak hartzen ari dira Frantziako irratietan, liburu bat dela medio. Egunen batean Felipe, Aznar, Oreja eta borrero orori eskatuko zaio erantzukizuna. Frantziako jeneralari bezala 83 urte beteta dutenean bada ere.

 

Lur uhindua. Herriak eta etxeak lurrari itsatsiak, lurraren azal gogorra bailitzan: makalak eta eliza dorreak dira gorantz egiten duten bakarrak. Uhin-gain bakoitza baso-kaskoa da, erdiko lauguneak, berriz, lur landuak.

 

Valleé de l´Aa. Bizkaian EA dugu. Izen ezin laburragokoak. Bada O Amabirjina Madrilen, oraindik izen motxagoa. Gaztelaniazko txiste batek dio badela motxagoa bat: Casio, motxago bat: Nicasio.

Teilatu gorri-gorriak berdeguneari pega-pega eginda. Etxe baxu, luzexka, estuak, Iparrekoen jitekoak.

 

Bi eliza-dorre, bitxiak biak, azaltzen dira portuko eraikinen ostetik: erabat bitxiak ikusten dira kameraren objektiboaz bertaratuta: Calais herrikoak nonbait.

 

Calais portua: Muntaia ikaragarria: moila, zubi, aparkaleku, bulego... itsasoa da ikusi ere ezin daitekeena ontzira igo arte.

 

Ontziaren barrenak irentsi gaitu ehunka pertsona, auto, kamioi, etxatoi... munstroa bailitzan, bestaldera eramango gaitu, bertan oka eginen.

Ferry bateko ohizko ibilia, eta barne giroa. Gogoko ditut ferriko bidaiak, baino ez dut askorik gozatu, haize hotz eta zakarrak erabat deserosoa egiten zuen kanpoan egotea, lausotuak zeuden kristalak, lainoak ere lausotu egiten du itsas ingurua. Calais-ko itsasertzaren aurrez-aurre egin dugun arren joanalditxoa, ez du izan erakargarritasunik. Geroago, nahiko astindua dago ura itsasartean, zanbuluka egiten du tarteka ontzitzarrak. Ez da ontzi askorik kanalean, izan da bat edukiontziz erraldoiki zamatua, ontzia bera  haina zen gaineko karga; beste bat, aldiz, ez zen ia uretatik azaleratzen hain zama astunez zanpatua nonbait, bazen ontzitxo nanoa ere auskalo ze zereginetan. Gure bide bera eginez gurutzatu zaizkigu bidaiari-ontzi batzuk. Ez dut izan ikuskizun askoz gehiago.

Kamioi gidariak, hiru autobuseko ikasleak, turista ez den jende arrunta, turista itxurako bakarren batzuk... gara bidaiari. Kafetegiak, txanpon-makinak, dendak... ahal dugun bezala ematen dugu denbora. Zenbaitzuk lo egiten dute ertz bakartietako besaulki luzeetan.

BURUTAPENAK 7

Jon Etxabe 2022/06/20 09:50

“ZE GARRANTZITSUA DEN TRENA GALTZEN JAKITEA”

A

Antzuak dira ideia unibertsalak mamitzen ez diren bitartean.

* Zein da eskola gutxikoa?, eskola eta heziketa mota anitz baitaude: bakoitzak du bere unibertsitate propioa, lortutako graduan dago gakoa.

* Erlijioak bezala, zientziak berak ere ez ote du fede kutsua.

* Egia mota bat dela pentsatzen dugun oro: hala da.

* Mingotsa da egia, horregatik saihesten dugu.

* Oso arriskutsua da itxaropenaren eta errealitatearen muga, hain estua baita.

* Hitz askokoa edo eztabaidetan zorrotza izateak ez du esan nahi buruz argia zarenik edo gaiaz jantzia zaudenik.

* Ekonomia nagusitzen den aro honetan zaila da jakitea ideiek duten eragina gauzatzen ari garen historian.

* “Bizitzaren konponbidea ez da esaldi batean sartuko”: baina arazoak azaleratzeak konponbidea bideratzen laguntzen du .

* Erantzunik ez emateko trikimailuak dira galdera asko.

* Googlek galdera gehienei erantzuna ahalbideratzeak ezjakinagoak bihurtzen gaitu, galdetzaile soil.

* “Goiko jakintza eta beheko zuhurtzia”: tesi eta antitesi, zera eta bere…

* Jakituria eta jakinduria, ze ezberdintasun ote bien artean: filosofo eta filologoaren ikuspegiak bereizten ditu?. Auskalo.

* Aditua izateko ez dagoela ezer probatu beharrik: hori erakutsi du kobit pandemiak.

* Leiho ireki bat bezalakoa omen esperientzia, ate ireki bat ere: hor diraute leiho eta ateak itxita daudenean ere.

* Jartzen diogun jarreran dago agian gertaera bat ona edo txarra izan koska.

 

B

Hitzek sentipenak izendatzen laguntzen dute, norberaren egoera kokatzen.

* “Erdi lo dauden jeinuak dira liburuak, aldatu egin zaitzake liburu batek!: lagun paregabeak badira behintzat.

* Fikzioak hunkitu dezake, irudimena behar omen da jendea ulertzeko ere.

* Mundu berri bat berreskuratzeko aukera eskaintzen du literaturak.

* Errealitatea baino egiazkoagoak direla hitzak: sarri bai.

* Idazleak buruan dituen esanahiei bizitza ematea da idaztea, paperean,  ordenagailuan, edo garunen errotan.

* Sherezadezen abilezia nahi luke idazleak irakurleak lepo egin ez dezan irakurgaiarekin. 

* “Hamburgesatzea” idazlearen arriskua izan daitekeela: agian patua.

* Den guztia idatzi behar da ala ontzat eta baliagarritzat jotzen dena soilik: betiko dilema idazterakoan.

* Esperientzia edo bizipen bat idatziz jartzea ihes egingo ez dien bezala jartzea da.

* Etorkizunean oraina ikusteko aukera ematen du idazteak.

* Planteamenduak paperean idaztean zentzu bat ematen zaie idei.

* Hitzaren langilea dela idazlea: hala  behar du izan, zerbait ganorazkoa eskaini nahi badu.

* Aurrera ihes egitea izan daitekeela idaztea: gogoeta kitzikagarria.

* “Poesia ez da informazioa”: informazioak dakarrenari begirada ezberdin batez begiratzea da poesia.

* Poesia eta jakintza, zein bestearen kausa, zein ondorio.

* Itzultzailearen ofizioa, originala bezain graziaz betea izateaz gain, argia eta dotorea izatean omen bere balioa.

* Lan sortzailea ala lan mekanikoa da itzultzailearena: sortzailea ere izan behar du, hala ez bada literatura lan ederrenak ere asko galduko du itzultzailea jatorrizko lanari egokitzen ez bada egituran ere.

* Ingurukoengandik bakartzeko amarrua izan daiteke irakurtzea, bi aurpegiko txanpona izan daiteke, hor dago arriskua.

* Esploratzaile bat izan behar du irakurleak, aurkikuntzak egin behar ditu ideiak, dotorezia, sintaxia,  hitz-jokoak, hitzen aukera eta abarren jakin-min, aldi berean paisaia baten aurrean bezala gozatuz.

* Irakurtzen dakiena errealitatera ere egokitzen da.

 

D.

Begirada aldatzea da artea

* Zatarra zatarragoa bihurtzen dela ederren artean: beste dohainik ez badu bai.

* “errealitatea oinarri harturik norberak haren gainean duen ikuspegia” dela pintura: hala izan behar du, ez pintorearengan soilik, ikuslearen aldetik ere.

* Berezko gaitasunik ez duenak ez du artelanik burutuko, talentua behar da, ahaleginak eta saiatzeak lan txukun bat besterik ez dute lortzen.

* Erretratuak bizitza osoko ezaugarri direla: argazkilari gutxik lortzen dute emaitza hori, baina bizitza osoan gogarazten dute iragana.

* Iraganari lapurtutako une bat dela argazkia: irudi polita.

 

E

Zirriborro bat omen etorkizuna: hala da.

* Ertzak leuntzen ditu distantziak, koloreak lausotzen.

* Kokaezina da batzuetan denbora, oraina bezala bizi duzu iragana, ustezko geroa bera ere.

* Bera baino bizkorrago doala denbora dio idazleak: ez da hobea denborari aurrea hartuta geroan bizitzea, orainaz ez gozatzea litzake bi bizipen horien ondorioa.

* Geroari abentura misteriotsu bat bezala begiratzen dionak gozamen du jada oraina.

* Ez dago iragana hiltzerik, ahal den neurrian ahaztea gehienez.

* Urtaroak ere egutegian soilik dira puntualak: atzeratu edo aurreratu egiten dira.

* Tristea dela geldirik dagoen ordularia: hala da.

 

F

Herritarrak, bozketatik kanpo, ez existitzera kondenatuak dira politikoentzat.

* Kontu handiagoz hitz egin eta jokatu behar dute burutsuek, boteretsuek, jakintsuek, ospetsuek… herritar apalenak baino ondorio arriskutsuagoak direlako beraien erabakiak eta hitzak.

* Legebiltzar, parlamentu  eta alderdi politikoen egoitzetako jarduerak saloiko politikaren antza du, herriak bizi dugunarengatik paralelo.

* Egungo demokrazia ez doa arau eta formalitateetatik askoz harago.

* “Politika, jardun sektarioa”: definizio zuzen eta erreala.

* “nik emana zuek egin”, politikoan printzipio nagusia.

* Berezia, bakarra eta ezberdina izateak ez du onena izatea edo lidergoa ahalbideratzen.

* Aurpegi jakinik gabeko gobernu batek agintzen digu, aurpegi ezagunen gainetik edo ostetik, demokraziaren mozorroarekin.

* “Gizarte bakoitzak merezi dituen gaizkileak ditu”: politika eta  politikoak ere.

 

G

Bakearen  eta bake-garaiaren esanahia erabat desitxuratu ditugu, edukiz gabetu.

* Eskandalu bikoitza dira gehiengoaren oharkabean, ia-ia anonimatuan,  gertatzen ari diren  gerra horiek: eskandalua gerra egileengatik, eskandalua besteon pasibotasunagatik.

* Etsai bilakatzen gaituela gerrak: edozein dela gerra mota, edo edonongoa, ez baita posible neutral izaterik gerra batean, are gutxiago gizarte honetan.

* “Gerra guztiak diren gerra bat”: gerra ez da kontzeptu unibertsal bat, ez da ideia abstraktu bat, gerra bat bera baitira gerra guztiak, gerra bera dira denak, osagai soilak baitira bakoitzaren zirkunstantziak, beldurgarriagoak edo arinagoak arren, gerra bakoitzak gaiztakeria bera du eta interes berdinek eragindakoak dira sakonean.

* Ergelkeria hutsa da irabazleen bandoko denek irabazten dutela gerra esatea, “denon garaipena izan da”, ergelkeria da hori dioten gerra eragileei sinestea; pairatu egiten du herri xeheak gerra edozein bandokoa dela ere.

BURUTAPENAK 7

Jon Etxabe 2022/06/13 09:15

“ETA BESTE BEHIN EGIA ETA GEZURRA NAHASI ZIREN NIGAN”

A

Teorizatzea errealitateari eta erantzukizunari ihes egitea da sarritan.

* Zer da lehenago, sentitzea ala jakitea: ez dakit.

* Zein da “normala” kontzeptua?,  hor dago ezberdintasunen gakoa.

* Erabat markatzen du gizakia eta gizartea garaiak.

* Behin ere ez dugu jakingo egia bat, ezberdina delako ekimen bakoitza, bakoitzaren ikuspuntuak kutsatua, nahi ezta ere, beti interesatua.

* Uste duguna ikusten omen dugu.

* Munduari begiratzeko erak taxutzen du gure egunerokoa.

* Latza da geroa ez jakitea, aldi berean ez dago ezer kilikagarriagorik ere, horrek egiten baitu amets-iturri etorkizuna.

* Ateo oro da sinestun.

*Teologia, jainkoari buruzko elkartu ezin daitezkeen tesela multzoa.

* Elizkizunetako Bibliako irakurketak eta errezo kolektiboak konbentzimendu gabeko errito eta erretolikak dirudite, eszenaratze hutsak.

 

 B

“Zuk zeuk zeure buruaren barruan zeurekin daramazun zera hori da bizitza”

* Probaleku ikaragarri zorrotz baten antzerakoa dela bizitza: hala da izan.

* “Bizitza gertakari iragankor bat da”: definizio zuzena.

* Aukerak egitean datza bizitzaren legea: aukeraketa-kate etengabea da bizitza, zer aukeratzen den, hor dago gakoa.

* Irudimenak ematen dio xarma bizitzari.

* Fruituek ematen diote bizitza gizakiari: lehorteetan ere.

* Jostailuzkoa dela bizitza, moduluka muntatu desmuntatu egiten dela: baina bizitza ez da jolasa, gehiago litzake kolage bat, txaplata edo adabakiz osatua.

* Zalantza da bizitza osoa, hautaketa oro delako zalantza, aldi berean etenik ez duen hautaketa delako bizitza: baina ez du zergatik inola ere izan trauma edo nekagarria, gozagarria ere baizik.

* Hutsala da kezkarik gabe bizitzea.

* “Jantzi asko daude gorputza estaltzeko baino erakusteko balio dutenak”: amarru horiek egiten dute bizitza eramangarriagoa.

* Zein nekagarria den uneoro norbere gain egotea: astuna da kontzientzia.

* Errutina da irentsi zaitzakeen mamu arriskutsuena.

* Merezimendu gutxi du inguruak zipriztintzen ez duen bizitzak.

* Zuloa betetzeko ahaleginean zuloa bera handitzea da bizitzaren tragedietako bat.

* Asko arintzen du bizitza fikzioa eguneroko errealitatean erabiltzeak.

* Autoengainuarekin egiten dugu bizitza eramankorragoa.

* Batzuk horizontalean bizi direla, bertikalean besteak: geometria gizarteari aplikatuta.

 

D

“Maitasunaren tristezia”. erantzunik ez duenean da tristea maitemintzea, bizipoz emailea behar du izan berez.

* Zailak izan ohi dira, gogorrak ere, bihotzarentzat, maitasunaren aro eta esparru gehienak.

* Askatasuna eta alaitasuna kentzen duela ezkontzak: bizitza baldintzatzen eta mugatzen duen heinean bai.

* Garunen zirrikituetan galtzen diren kiribil bihurriak dira maitasun istorio gehienak

* Sufrimenduarekin txirikordatzen dela beti amodioa: sarri bai, baina ez beti.

* Maitaleek jakin behar dute tarteka elkarren ondoan edo hurbil isil egoten.

* Badirudi nahasita daudela maitasuna eta bortizkeria zenbait bortxakeria edo gehiegikeriatan, bereizi zailak direla, elkarrekin biziko balira lez: misterio izugarri bat dirudi.

* Genean bezala daramagu arrek gizaldietako emeen gailen izatea, gizarte hau irauliko den ondoren ere urteak, agian gizaldiak, beharko dira berdintasun erreal batera iristeko.

 

E

 “Txarra da zahartzea, okerragoa erremedioa”

* Haurtzarotik helduarora gelditu etengabean joan-etorrian zabiltzan adina omen nerabezaroa: norbere pausoa aurkitu artekoa.

* “Gizartearen bazterrean jartzen zaituen zahartzaro bat du”: hori da ekidin beharreko zahartzaroa.

* Dementziak, zeuk aukeratutako bakardadeak, bizitzak bere korrontetik baztertzeak, edo gaurkotasunari egokitu ezinak, jarri ahal zaitu bizitzaren bazterrean.

* Badira zahartasuna ezagutu gabe hiltzen direnak: burua argi dutelarik hiltzen direnak, edo burua goiz galdu dutenak.

* Adina gorantz, komunikatzeko gaitasunak beherantz egiten du poliki-poliki

* Pazientzia gutxi izan ohi da zaharrei entzuteko.

* Gazte izan ginela zahartzaroan jabetzea da gizakiaren tragedia.

 

F

* Heriotza  ez da merezimendu kontua, lege bati ezinbesteko zorra baizik.

* Lasterketa baten muga izanik, berezia, ia misteriotsua, egiten du heriotzaren muga non dagoen ez jakiteak.

* Egia da hildako ahaztuak bi bider hildakoak direla, zenbait hildakoen omenaldik, aldiz,  bigarrenez hil nahi ditugula dirudi.

* Heriotzak, bizia duen edozeinen edo edozerenak, bidegarritasuna ematen dio bizitzari.

* Errespetua sortarazten dute hildakoek, tanatorio eta hilerrietako ahapeko jarduna horren adierazle.

* Heriotzatik hurbil egotea baino mingarriagoa eta tristeagoa da hildakoen hurbilaz kutsatuta bizitzea

* Bi zahar mota omen: buruz ondo dabilenarena, heriotzaren zain, eta buruz ondo ez-eta egonean soilik daudenak.

 * Harrizko bihotza eta oroimen galdua omen zahartzen joatearen abantaila: oroimena galtzea baino larriagoa da sentiberatasuna galtzea.

* “Goseak ez du pertsona hiltzen,  minak ere ez”, gosez eta minez hilko ez direnen iritzia.

BURUTAPENAK 7

Jon Etxabe 2022/06/06 10:15

“HISTORIAK EGINEN DU JUSTIZIA”

 

A

Gizaki orok du santa santorum bat, zenbait sekretuen gordailuren bat, itsasargi zaiona.

* Gure ekintza asko ez ote dira ondo sentitzeko baino zenbait sentipen et ezinegon ahaztu edo alboratzeko.

* Ai egurrezkoak balira zubi batzuk, nahi denean erretzeko;  herdoiltzen ez diren altzairuzkoak dira ordea.

* Krudelkeriak biktima ez ezik gaizkilea bera ere kaltetzen duela: gaiztotuak daude egon damurik erakusten ez duten torturatzaile eta enparauak.

* “Ardurak gorputza luzatzen du”: izaera osatu ere.

* Ateo oro da sinestun.

* Itsasora egokitu behar da nabigatzeko; desertura, aldiz, egokitu sarri lur barrukoak, marinelak itsasoan lez, ez galtzeko.

* Gezurra edo azerikeria, bizitzako osagai ohikoenak.

* Gezurra egia ezkutatzeko protesia omen.

* Banitateak eragindakoak dira zenbait  karitate ekintza.

* Gure mundu eta gizarte hau osatzeko piezak dira egiten dugun guztia, ez da ezer alferrikakorik.

 

B

Errealitatean du iturria ametsak, zerbaiti  ihesi edo zerbaiten bila.

* Nolabaiteko helduleku bat behar du bakoitzak eginbehar orotan konfiantza izateko.

* Errealitatetik ateratzen zaitu fikzioak, utopiak, aldiz, errealitatean sakontzen laguntzen du.

* Koloretsu bilakatzen zaizkizun harribitxiak dira ametsak: ez diegu sarri antz ematen kolore ezberdinoi, bristadarik gabe geratzen baitzaizkigu.

* Errealak dira amets batzuk, erreal bezala gogoratzen ditugu behintzat.

* Biluz uzten gaituzte sarri ametsek.

* Gabeziaren osagarriak dira esnako ametsak, lotakoak, aldiz, esnakoen osagarriak.

* Ezkutuko guraria omen ametsa, bizitzako osagarri zirikagarria bai behintzat.

* Gauzatzen ez diren ametsak lurrundu egiten dira edo hutsean sustraituta jarraitzen.

* Bi gauza ezberdin dira ametsa eta desioa, errealitateari ihes egitea da biak nahastea.

* Ilunak eta ulerzailak  ohi dira amets ederrenak ere.

 

D

Ardi joalduna garela amestuz, joaldunaren atzetik gabiltzan ardi-aldra gara.

* Badirudi gure barnean gorde eta egoteko eskubidea ukatzen digula  gaur egungo gizarte eta zibilizazioak.

* Gizarte honetan herritarrek ez dute eskubiderik, betebeharrak soilik.

* “Justiziak ez du hemen lan egiten”: non egiten du ba?, ahaldunen mesede eta onerako egin eta interpretatzen baitira legeak

* “Paris zilarrezko edo urrezko paperean bildutako kaka piloa da”: herri oro da gaur egun kaka pilo bat, beti izan da agian, bere baitan kaka piloa duena behintzat, kakok ze motako paperaz bilduta dauden  litzake herriok desberdintzen dituena.

* “Mundua putakumez beteta dago oraindik”:  gure gizarte hau ere, puska luzerako dirudienez.

* “Komertzioan lan egiteko oso inportantea da bihotza txikia izatea”: hala dirudi negozio handietan, baita etekin oparoa atera nahi denean ere.

* Oinez ikasi aurretik presotzen ditugu umeak barra lodiko kartzelan, etxekoen lasaitasuna bermatzeko; bestelakoak dira barrak oinez ikasi eta gero; kartzelak, baina, dirau.

* Beldurrak eta harridurak bero-beroan eragindako bortxakeria da arinena, planifikatu eta legeztatutakoak dira anker eta jasanezinenak.

* Nazio handiarena da beti nazionalismo denetan handiena.

* Esparru txiki batean bizi garen sentipena dugu, baina gizarte osoa da gure habitat, mundu osoa da gure bizi-eremua, lotura ikusezinek lotzen gaitu munduki guztiak, besterik uste badugu ere.

* Zaindu egin behar omen dira  ohiturak;  tradizioak, aldiz, gorde.

* “Miseria ezeren askotasuna”: hitz-joko bat baino harago doan esaldia.

* Mundua egiazkoa egiten duen gaia omen dirua, aldi berean zerbait ustela eta kitzikagarria: txanponaren ifrentzuak.

* Sosak ahalbideratzen du bizimaila, baina bizimailak ez du erakusten sosen zenbaterainokoa, are gutxiago sosen erabiltzailearen izaera.

* “Ongi esan beharko” erantzunak zerbait ongi ez doala ezkutatzen du.

* Pasabide bat besterik ez dira turismo guneak.

* “Kutuna” arbasoen erritoa, aurreko gizaldiaren erdialdean oraindik zirauena, bizi izan genuena: poltsatxoa jartzen zitzaion troxan umeari, belar eta bestelako sinesmenekin zerikusia zuten gaien ordez kristautasunarekin loturako zerbait jartzen zitzaion, umea gaitzetik aska ustez.

* Epailea eta epaitua, biak gizakiak, baina batak bere esku du bestea.

 

E

 “Batera egotera kondenatutako distantzia”: pandemia garairako baina harago doan esaldia.

* “Norbaiti izenez deitzeak hurbiltasuna erakusten du”: hala da

* Inoiz ezin daiteke besteengandik guztiz independente izan, horrek egin behako gintuzke zuhurragoak eta hurkoagoak.

* “Bakardadeak, ertzak ditu, baina konpainia konkaboa da”: ditu – da.

* Begiekin hitz eginda ez direla hitzak erortzen: hitz egiten dute batzuetan begiek, bestetan ahozko hitzak azpimarratzen dituzte, sarriegi baina, erori egiten dira.

* Sekretuak, harremanen galga: sekretu gehiegi oi da gizartean.

* Nola leporatu norbaiti gu ez ulertzea gu geu beste hori ulertzeko gai ez bagara.

* Ertz asko ditu harreman orok, ertz biziak asko, beraz mingarriak; egia da guztiok ematen omen dugula nolabait min.

* Itxia eta hertsia lagun txarrak omen harremanetarako: dira

* Jendeak norbait ezaguni buruz zerbaiten ezjakin denean ezinikusia hartzen du edo distantzia jartzen.

*  Intentzioa bilatzeak mikazten ditu harremanak.

* Errazagoa omen konpainian ibiltzea nor bere kasa baino: uko asko eta eramankizun handia eskatzen du nolanahi elkarbizitzak.

* Beti da ongarria besteari, lagun soila bada ere, maitasuna, hurbiltasuna eta atxikimendua hitzez ere aitortzea, baina kosta egiten da.

* Ez dago ezer hutsalagorik keinu bat besterik ez den besarkada bat baino.

* Pertsona horrekin etxean bezala sentitzen zaren bitartean, sendo iraungo du bikoteak.

* Oso azaletik bizi ohi ditugu inoren sentimenduak.

* Galdua dago ametsak partekatzen ez dituen bikotea.

* Harremanek, ez gurasotasunak, sortarazten  dute seme-alaben gurasoenganako sentimendu lotura.

* Gertukoa urrutiko bihurtzean dator familiako edo lagunarteko krisia.

* Txikiteoko basoerdia besterik ez dira batzuetan lagunak.

* Koadrilan beti dago kideen arteko nolabaiteko sailketa, bakoitzak du bere rola, elkarbizitzak berak kasting bat egin balu bezala

* Jakinak edo jakintzak emandakoak dira gehienetan koadrilan edo lagun arteko elkarrizketa gaiak.

* Solasaldi aspergarriak lirateke  gizartearen ezaugarri nagusietariko bat: eguneroko zertzeladatxoa eta jakin-min gaizkorrak dira tertulietako piperra.

Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.