BIDAIAK 2001. BRETAINA HANDIA
Maiatzaren 19a. Larunbata 18.a – I:17.a
“Puskak biziz”. Juanjo Olasagarre.
* “Hiltzea, ze putada, ... hiltzea ... zaunk-zaunk”. Bizi osoan zaunk-zaunk duguna ezin izan putada, bestela akabo bizitza.
* “Bihotzak egiten digu zaunk / inongabeko errefuxiatu garelakoz”. Hala gara erbestean ere, bidaietan ere beti dugu tentsio puntua.
Oskarbi argitu zaigun eguna, lainotua genuen eguerdirako.
Eki Yorkshire dugu gaur helburu, itsasertza, Ipar Itsasoko itsasbazter eta itsaso-herriak.
Ingalaterra noiz utziko sentipena bizi dugu jadanik, dena baitzaigu berdina edo antzerakoa: lurralde berde laua edo mendi-muino leunetan harrotua, hesi berdez sailkatua, galsoro berdeak, koltza sail horiak edo larre berdeak, artaldeak, behiak, zenbait zaldi, eguneroko zerri-saldo.., batez ere adreiluzko herritxo gorriak zuhaitz artean zapal itsatsi ezkutatuak, herri hilak non badirudien bakoitzak etxe-bueltako hesi barrura mugatzen duela ibilia, etxe dotoreak, etxeetako beha-leihotxoak, etxe-bueltako txukuntasuna, granjetako txabolateria eta korta itsusiak, korton inguru zatarrak..., elizak ukitu ezberdina duten arren denak gotikoak, koruak banatzen ditu bitan koruak, denek dute taila eta zizel-lan apartak, hilobi pila, kaperak, erretaula, dorre karratuko eliza gotikoak, dorre punta-zorrot bat tarteka, haritza urkia edo pinua nagusi duten baso-kaskoak, zirimiria edo eguraldi iluna, ibaitxoak, ur bilduak, ejertzitoaren presentzia ia etengabea... Herri edo herritxoetan ez zaigu ezer galdu, kanpotar eta bakar sentitzen gara. Gurditxoak daude tarteka apaingarri, erakargarritasunik gabeko gurdi xumeak. Gortinak: landu dotoreak, gustu handiz jarrita; zenbaitzuk leiho erditik behera soilik estaltzen edo dotoretzen dute, argia goialdetik sartu ahal dadin nonbait, baina beti beheko erdigunean tartetxo dotorea uzten dute, kuxkuxerako seguru aski. Errepikakorra zaigu dena, baina aldi berean erakargarria eta ederra ere bai.
Egunero errepikatzen zaigun ikuspegia, leku oro eta ibilaldi orotan. Eskozia dugu bada amets orain paisaiak aldaketaren bat izanen duelakoan.
Ez da topikoa ingelesak Europatik ezberdinak direla ustea. Etxatoiei begiratzea besterik ez dago: ezberdina da autoekiko lotura-gailua, ezberdina gehienen aurre aldeko leihoa, hiru beira ezberdinetan zatituta baitute Europako gehiengoen beira bakarraren ordez, kanpoan dute komun-ontzia gurpildun eraman erraza gehienetan, kanpoan dute ur-deposito borobila hau ere tramankulu eraman erraza. Ezberdinak eta erabat praktikoak dira ingelesak.
Gaur ere militarrak izan ditugu errepidean. Gora heriotza!.
Behi iletsuak gerta zaizkigu gaur osagai berria, lur barruan bilatu ditugu lehenengo, itsasertzeko larretan gero; hiletsuak, manta handia dutela gainean, negu hotzerako prest beti, hemengo beroaren beldurrik gabe.
Nahiko ugari ikusten dira auto deskapotagarriak. Gaur aspaldiko modelo muturluzeak izan ditugu ikusgai kostaldeko errepideetan, harro doaz gidariak ere ezohizko autootan ikuskizun direla jakitun.
Izugarrizko trafikoa izan dugu.
Gaztelu, monasterio, jauregiak... ugari eskaintzen dituzte kartel marroietan gaurko ibiliko errepide ertzetan.
Hilerrietako elizatxo xarmantak, atzo bezala gaur ere, hilerriak inguraturiko herriko elizak ote diren zalantza uzten digutela gaur ere.
EKI YORKSHIRE
Malton. Bi eliza normando ikustera joan gatzaio. Merezi izan du bisitak: larunbateko merkatuak betetzen zuen plaza, pil-pilean zegoen herri osoa. Adreilu zuriko etxetxo ugari sarreran, ondo-bizienak diruditen etxe dotoreak herriko sarreran; herriko bertakoak, berriz, etxe arruntak dira, xumeak, plaza eta eliza bueltako zenbaitzuk ezik. Azoka txikiak ez digu ezer berezirik eskaini, berdina zitekeen Euskal Herriko edozein herritakoa, baita herritarren janzkera bera ere. Herri handia, zabala, harrokeriarik gabekoa herritarrak bezala: dena da xumea hemen. Ez gara kanpotar sentitu, ordubete goxoa egin dugu kaleetan. Auzo zaharrean ba dira bi etxe bitxi: ohol ilun zabalez estalita dute erditik gora fatxadako horma-buelta osoa: lehenengoz ikusten ditugun etxe motak, orain arte bakarrak; lastozko teilatudun etxe bat ere bada auzo berean, azken egunetan galduak genituenak; auzo berean beste bien antzerako hirugarren eliza bat.
Kale-kantari bat zen azokako izarra, irlandarra zirudien ilegorri prakamotza: aspaldiko soinu txikia jotzen zuen eta edonondik entzuten zitzaion ahots sarkor batez abesten. Ez zioten sos askorik botatzen.
Itxita aurkitu dugu elizetako bat, herriko ertz batean kokatua: arku motzeko antzinako gotikoa, dorre sendo gotor burumotzarekin. Bigarrena, herri erdian, zutabe borobil sendokoa, erabat austeroa, bitxikeriarik gabe normandoa behar duen bataiarria ezik. Elizako bitxikeria apaiza izan zaigu, emakume koadrilarekin kafea hartzen kontu-kontari eliza barrenean. Ohitura da nonbait, kafe-te ordua iragartzen dute sarreran, kafea hartzera sartzeko konbita eginez edonori. Eliza aurrean etxean eginiko lantxoak edo etxean hartutako loreak saltzen dituzte elizarako sos batzuk atera asmoz.
Aparkalekuan txartela jasotzeko diruaz gain matrikularen zenbakia sartu behar zaio makinari; ikasia dugu tranpa: bertan dagoen beste auto batena jarri eta kitto.
Errotarria agertu zaigu berriro zenbait etxaurre dotoretzen.
Harrizko eliza-dorre zorrotza, ezohizkoa, leihotxo gotiko dotoreekin.
Zuriz pintatutako harrizko etxe ederrak, jauntxo-etxe jitekoak.
Zergatik ote adreiluzkoak etxeak?. Agian ez dute harririk, eskurago eta baliagarriago dute buztin-lurra. Frantziatik eta Doveretik ekarri ohi zuten katedralak eraikitzeko harria.
Scarboroug. Egitura bitxia du herriak, ebakidura sakon baten bi aldetara eraikia dago nagusiki, bi zubi garai lerdenek lotzen dizkiola alde biak. Goialdean dago herria bera, kale-sarea, txukuna, bainu-herri edo udaleku ukitu nabarmenez bilduta, dottoretasun punttua erakutsiz; beha-leiho bakoitza ezberdin pintatuta, oholezkoa izanik bakoitza bera bere kolore propioarekin, arkupedun atariko etxeak...; sekulako hotelak ere baditu, itsasgainean eraikitako eraikintzar dotore sendoak. Bitxi dager pendiz gainean elkarren gainean jarritako kanpairik gabeko hiru kanpai-zulo dituen kanpai-hormak bitxia bihurtzen duen eliza gotikoa. Hila dago kaledia, aparkalekuak eurak ere itxita gehienak. Hondartzatik oso goian ikusten da hiria, eliza eder handia nabarmentze zaio etxartean, albo batetan berriz, itsasgainean eta tontorra inguratuz harresia, gotor eta luze. Hiriaren barrenean, hondartza, hor dago gaur herri-giroa. Erruz dabil jendea, bisitaria, herrietatik etorritako igandezalea, mota eta adin oroko herritarrak, herritar apalak, herri xumea: hondartzan, hondartza gaineko pasealekuan, dendaterian, makina txanponjale aretoetan, baina batez ere jaten, fish and chips famatuak gehien bat, edozein bazterretan eserita, nahiz zutik, eguneko bazkari-pasada nolabait eginez; bada hondartzan bazkaltzen duenik, koadrilan etxetik ekarritako otarra irekitik ari dena, harea gainean zapi zabala jarrita.
Luzea eta zabala da hondartza, egun aparta arren ez da inor uretan, jende asko dabil oinezko ibilian, baina batez ere asto gainean: Mijasen herrian lez hemen hondartzan dabiltza astoak, umea dela batez ere asto gaineko, zazpi-zortziko asto-taldeak, hondartza dutela ibilbide.
Portua hondartza ertzean, bitan banatuta: belauntziak daude alde batean eta arrantzontziak bestean; txikiak dira belaontziak, arrantzuntziak berriz arrastuntziak. Ugariak dira ere jendea erabiltzeko ontziak, etengabe dabiltza portutik hondartza aurrean ibilalditxoa ematera datorren jendea garraiatuz: igandezaleak egunari zukua atera asmoz etorri dira, eta gustukoa dute nonbait ontziotan itsasoaz gozatzea.
Las Vegas dirudi hondar gaineko etxe ilarak, koloretsua, hizki handiko izenez dirdiratsu: behe solairu oro da joko-etxe edo txanponjale makinaria-gune: areto eta makina denak daude jokalariz, umeak eurak ere makinetan ari dira, dirua bota, biraderari eman eta segi jokatzen: izan da 6 bat urteko umea gurasoekin jo eta ke jokatzen. Kinkila-dendak ere etengabekoak dira, txosnateria ere zer esanik ez..., ugaria da itsasgaineko eskaintza. Giroa, bizi bizia. Itsas ertzeko giroa ezagutu nahi genuen eta aukera ezin hobea gertatu zaigu. Bizipoza nabaria da. Udaberrian herri eta herrialde oro da antzerakoa.
Herritxoz herritxo, itsasgain-itsasgain aldi batez, Ipar Itsasoa aurrez aurre, egin dugu joanaldia. Itsaslabar garaiak, gorrixkak une batez, zuriak gero, izan ditugu ikuskizun
Filey eta Bridlington herriek tentatu gaituzte gelditzera: giroa ezagutu eta eliza-dorreak ere bikaina zirudielako, baina etxerakoa hartu dugu, ikasia dugu lehen asteotan, kontuz ibili beharra dugula nekearekin. Ezin izan dugu argazkirik atera, ezineko da errepidean geratzea.
Bi aldiz gurutzatu zaigu trenbidea: ez du ez argi gorririk ez langarik.
Karenatutako motortxoa, 3 gurbileko ibilgailu bihurtuta: bi aurkitu ditugu, bada italiarren bat ere hemen.
Izugarrizko ordeka agertu zaigu errepideak gora egin duen mendi-muino batean, alderik alderako lautada lau norabidetan, berdegune eder aparta, urrutiko lausoak mugatuta, begientzako aparteko ikuskizuna. Lur landua da gaurkoa, ez da granjarik, hazienda gune bakarretan soilik.
Elorriondoak dira soroetako hesiak. Elorri-hesiak. Soilguneak ere kimu berriz betetzen dituzte, tradizioak dirau.
Haize-errota elbarritua, kono bat besterik ez da, bai burua bai besoak falta zaizkio: utzikeri itxura, irudi tristea eskaini diguna.
% 17ko goitik beherako pikoa izan da une batez errepidea.
Zaldi pila, 30etik gora, errepide ertz zabalean bazkatzen; lotuta daude. Ijitoak dira ugazabak, etxatoietan daude errepide bazterrean. Agian bada merkaturen bat eta tratura etorri dira zaldiokin, eta pentsu merkeaz baliatzen dira.
181 kilometro, bideetan nahastu gabekoak denak.
Oso guti erretzen dute ingelesek kalean, ia ez da inor ageri zigarroa ezpainetan.
Hainbat telebistaren esataria entzuten zen ozen gauez, hainbat mutikok jantzi du futbol-talderen baten kamiseta. Futbolak ez du atsedenik asteburuan, asteburua da izan futbolaren garaia, lasaitasun bila datorrenaren infernutxo edo zerutxoa.
“Lur bat haratago”. Joan Mari Irigoien.
* “Liburuak halere erosten dituk, batzuetan jakinaren gainean, eta bertzetan jakin gabe” Jakin gabeko horiek izaten dira ezuste goxoenak.
* “Zeren eta batzuetan, heriotzari ihes egitea heriotza handiago batean sartzea izan baitaiteke”. Bizirik irautearren natura bortxatzen denean, bai. Zuhurragoa da garaiz alde egitea bizirik hilda jarraitzea baino.
Maiatzaren 20a. Igandea. 19.a – I:18.a
“Puskak biziz”. Juanjo Olasagarre:
* “Gure arbasoak -diozu- benetan / bizi ziren urtaroen joan-etorrien altzora”. Bidaiek markatzen dizkigute guri urtaroak.
* “Soroek larre diraute”. Ingalaterran soro diraute, baita larre ere, baina abereen bazkaleku oparo.
* “Egunen zakarrontzira abiatzen dira / gure egunak / ez itzultzeko”. Gusturagokoa dut Egunkariaren edo Ordenagailuaren zakarrontzira abiatzea, nolabait edo zati batzuk behintzat berreskura ahal izateko.
* “”Eta ametsei dagokionez ... / nik bezalako batek / zein aukera zuen aberri galdu horretan?”. Ametsean darrai, ez ukatu besteei norberak galdutako itxaropena.
Afalondoren bertan egiten dute gehienetan harrikoa emakumeek, afaldu ere goiz egiten dute, horrela niretzat soilik ditut goizero harriak lehen orduan, goizez egiten baitut nik harrikoa.
Zalantzak izan ohi dituk sarri birigarroak ote diren zenbait motadun papar argiko zozoak. Birigarro-birigarroa, zalantzarik gabekoa, izan dut gaur luzaro leiho aurretxoan: zizare gizen bat zatitu egin du mokoka, erdi bat irentsi du, baina zozo bat hurreratu zaionean alde egin du beste erdiarekin, kaka-pirristada horixka utziz belarrean ongarri, beste zizare bati gizentzeko aukera emanez.
Eguzki betekoa ez baina tamaina politeko eguna esnatu zaigu gaur.
Hiriburua, York, aukeratu dugu gaur ibilgune.
York. Kaleetan galtzeko hiri paregabea, nonahi baitago zeri begiratu, begiluzeena ere aseko bailuke. Edonon duzu ezusteko edo bitxikeriaren bat, begiluze joan behar zaio, gutxien usten duzunean duzulako deabru gorriren bat habe beltzari eusten, edo habe landu bat teilatu ertz. Aukerako eguna suertatu zaigu hiria bisitatzeko. Erruz dabil jendea, bisitariz eta herritarrez gainezka daude kaleak erdigune zabal osoan, zaharrean alegia, denda gehienak zabalik, jai-giroa bizi-bizi, udaberria pil-pilean. Nabari da badela jaiegunez herrietatik hirira jotzeko tradizioa. Horregatik daude denda zein saltoki handiak denak zabalik. Bestalde lasaiak dira kaleok, ezbaitabil autorik, kaleak patxada lasaian daude, ibil-giro da. Ikasle taldeak dabiltza, han-hemenka, denean. Saltoki erraldoi baten aurrean jende pila, ia plaza betea, zegoen ate aurrean, asko ilaran, ateak noiz zabalduko goizeko 11etan. Bisitari asko, herritar xumeak denak, adin janzkera eta portaera oroko herritarra, ohi denez. Izan da pare bat gizaldi atzeragoko emakume bat, ez adinagatik soilik, janzkeragatik batez ere: benetako bitxikeria.
Bere eginak zituen bizpahiru kalexka familiarteko jaialdiak: umeentzako jolasak, sos batzuk ateratzeko denda eta txosnak... bizitasuna zen nagusi. Izan da dirua ateratzeko asmakizun bitxia: koadrilako mutikoa jartzen zen zutikako zepo batean buru eta eskuak zuloetan harrapaturik, beste batek ureztatutako esponja jaurtitzen zion aurpegian jo asmoz; tormentu tramankulua zabala zenez ez zen burutik at ezer bustitzeko arriskurik.
Perretxikoak bezala ateratzen zaizkizu elizak edozein kale edo kale-kantoian. Katedraleko Mezan erdi betea zegoen erdiko nabea elizkizun unean, jende asko, handia baita katedrala. Eliztarren eta koruaren abestiekin kontzertu aretoa zirudien katedralak eta kontzertu emanaldia elizkizun-abestiek. Katedrala bera lehenengoz ikusi genuenean bezain ederra iruditu zaigu bigarrenezkoan ere. St. Wilfrid eliza: sartu egin gara eskura izan dugu eta: irudi tailatu pila ditu, ez dute graziarik ez harri motagatik ezta tailakeragatik ere, baina asko dira batez ere buru eta burutxoak; zurezko sabaia eta normandoa behar duen bataiarriak merezi dute begiradatxoa. S.Michel: elizkizuna bukatu berria, tertulia bizian zeuden eliztarrak eliza barruan, kontu-kontari taldetxoka, berbatsu denak, bizi-bizi: hori ere bada elizaren betebeharra, asteburuan eliztarren harremanak erraztu eta bideratzea. Holly Trinityren bila ibili gara, inguruan harat-honat, begira eta galdezka, baina ezin izan dugu bertara jo: bere-berea du nonbait herriaren aulkiteria, antzinakoa, ilara bakoitza oholtza propioan gordeta, ilara oro bakoitza bera.
Bi apaizek agurtzen zituzten eliztarrak kalera irten ahala S.Michel elizan: “Where are you”. “Basque country”. Luze joan zaio Euskal Herriaren kokagunea aurkitzea kaskezurreko mapan: “Spain”. “No, basque”. Zalantza unea izan du, barretxoa atera zaio ezpain zein begietara, astindu erabakigarria eman dio besoari eta esan du, “Yes, basque” Hurrengorako badu zerbaiten susmoa.
Merkatarien etxea. Zurezko egitura sendo aparta. Merezi du bisitak: zurateria ikusgarria da barrunbe osoa, bai sabaia, baita zola eta estai biak ere. Guildhall, gremioen bilgunea, harrizkoa da, itxita aurkitu dugu. Cliffor dorrea, keep-a: ezustea gertatu zaigu, tontor artifizial baten gainean dago, berdegune garai borobilaren errematea da, bera ere harri argiko gotorleku gotiko borobila: ikuskizun ezohizkoa. Han-hemenka agertzen zaizkigu harresiak ere: apaindura diren itxura gehiago dute, babes-horma edo hesi gotorra baino.
Mila bitxikeria eta zer begiratu xarmant izan dute gure begiek. Baziren kale-musikariak ere, baita zirkinik egin gabe egon ohi diren estatua-biziak ere, baziren mimogileak, nola ez. Kalez kale zeraman tiraka pianoa batek gurpiltxoen gainean bere kontzertu gunera, izan da musikari xelebre, bat bi txakur zaunkaz edo uluka biltzen zitzaizkionak bere joaldiko zenbait unetan joaldiaren osagai lez, beste une batek, piano-joleak, sorginduak zituen inguruko kaleak bere piano soinuz, kanpai-hotsak ere izan dira eta une batez katedraleko elizkizunak bete du koru eta herri-abesti hotsez aurreko plaza zabala.
Izugarri garestia dago ardoa, ardo nafarra edo Errioxakoa ere.
Hirira sarrera inguruko trenbidea langa eta semaforoz babestua dago.
Hiritik kanpo, TESCO saltegi erraldoia ere zabalik dago, eroslea erruz bertan.
Eguerdi beranduan, edo arratsalde sartuan alde egin dugu: jendea erruz zetorren hirira, autoz zein autobusez. Gainezka zegoen goizean erdi hutsik aurkitu dugun aparkalekua. Hiria da igande-pasako gunea askorentzat.
28 kilometro, hirira joan-etorrikoak, nahastu gabe.
Badoaz igandezaleak, argitu zaigu ingurua, berriro ere espazio luzea dute begiek. Jan, edan eta egonera dator igandezalea, garagardo kaxekin ikusi ditut asko, garagardo botila eskuan dabil beste hainbat, barbakoa zainduaz ere oin luzeko kopa eskuan duela dabil erretzailea. Jai giroa.
Ka-ka-ka zeharkatu dute zerua hiru ahatek, lakutxoan zen gero ahate bikotea igerian, txori-kantuz bilduta egin dut basotik ibilia, arrain jauziak sentitu ditut plaustaka finean, untxiak lagun izan ditut basoan, usoen urruma etengabekoa da... erdi-zoologikoa zaigu kanpina berriro bakeak eta isiltasunak bildu duenean.
Elkar zelatuz, elkarrengandik oso gertu, aritu dira zozoa eta birigarroa zizare bila biak. Zozoa zela nagusi iruditu zait, birigarroa kontuzago zebilela
“Lur bat haratago”. Joan Mari Irigoien.
* “Eta halaxe jakin nuen, halaber, ezen zeru bakoitzak bere infernua duela”. Bidaietan ere. Baina infernu bakoitzak bere zerua du ere.
*“Zorioneko zorion ezin zoriontsuagoa bai hura, ditxazko ditxa eta felizitatea”. Bidaiak eman ohi ditu halako zorion, ditxa eta felizitateak.
Maiatzaren 21a. Astelehena. 20.a – I:19.a
“Puskak biziz”. Juajo Olasagarre.
* Gaur dira, soilik / iraganaren hausterre / nire kristalezko erraietan”. Iraganean geratzen zaizkit bidaiok, ez dira hausterre.
* “Joan eginen naiz desorduko bidaian gisa”. Bestelako bidaiak ere badira bidaiotan, bertatik bertarako bideak, ibili motzak baina batez ere barne-ibiliak, hitzez azaltzeko gai ez naizenak; barnean egiten ditudanak, horiek bai hausterre geratzen zaizkidanak.
* “Eta lorautsa bezala / pausatuko da altzarien gainean isiltasuna”. Belartza eta zuhaitzen gainean pausatzen zen atso arratsean isiltasuna. Goiz honetan oraindik dirauen isiltasuna. Txori kantek ozenagoa eta sakonagoa egiten duten isiltasun absolutua. Barnea bera ere isilarazten duen isiltasuna. Emozioz eta harriduraz biltzen zaituen isiltasuna.
Katamixarra izan da berdegunearen jaun eta jabe, bere buztan ponpoxo eta bere jauziekin azken agurra eman nahi izan digu zoologiko honetako biztanle guztien izenean. Birigarroa ere leiho aurrean izan dugu zizare-safarian, fier eta harro, lehoinabar paparra erakutsiz, zozoa baino tenteago, burua zut eta pauso jaikiaz, beraz ahaztu ez gaitezen edo. Agian bikotearekiko maitasun keinuak besterik ez dira. Bere presentziarekin eman digu azken agurra, zozoekin, zozo nabarrekin nahastu ez dezadan erregutuz edo.
Aldaketa eguna dugu gaurkoa, Eskoziako mugetara doa gaurko hegazkada. Bideak ikasiak ditugunean, bagoaz abentura berri bila, berriro leku ezezagunetara. Abenturazko eguna beraz gaurkoa, ezer guti baitakigu kanpin berriari buruz, ez baita kanpina dagoen herria bera agertu ere egiten mapan.
Egun lainotsua. Ingelesek izan zuten bere alde gerrateko alemanen bonbardaketetan, gehienetan zerua lainotua egonen zen, hegazkinen aireratzea oztopatuz edo jo-puntuak ikusezin bihurtuz. Behe-lainoa da errepidearen jabe, urrutiko ikuskizuna lausotuz, begiak errepidera mugaraziz, monotonia sortaraziz.
Trafiko izugarria jasan behar izan dugu lehen zatian, Yorkera bidean. Bi txakurren gorpuak bidegurutze berean, bata bestearen alboan: maitasunak ala bakardadeak bildu ote zituen bizitza galtze tragikoan.
Errepideen zenbakiekin bideratu behar zara, izenez hurrengoa herria besterik ez baita agertzen bide-sare nahasi honetan. Arreta mehetzen duzunerako okerreko bidean zara!. Hain da trinkoa bide-sarea autobidean bertan ere.
Haize-errotaren gorputz konikoa, harrizko iluna, buru-beso bako hitsa, negozio egarriz norbaitek berritzeko zain.
Ugariak dira sakelako telefono antenak, denak berdinak, monopolioren baten adierazle.
Gerra hegazkinak egin digu erakustaldia gure aurretxoan, lasterrera kuartel izugarri zabala izan dugu Richmon-en, militar autoa izan dugu lagun beranduago, kanpinera azken herri-bide estu galduan txapeldun soldadu nagusia gidari zuen jeep militarra gurutzatu zaigu... itogarria da ejertzitoaren presentzia Ingalaterran.
Funtains Abbey. Autobidean dago iragarrita, bagenuen ikusteko irrika, Zizter ordenako monasterioen artean goreneko eredutzat jotzen du-eta gidaliburuak, baina nekatuegi geunden, ez dugu sartu nahi izan bila hasteko arriskuan ere.
Kamioi asko, errepidez egiten da nonbait Ingalaterran ere garraio lan nagusia.
Hara non holandar etxatoia, ez dugu askorik ikusi Ingalaterran.
Richmon inguruan hasi dira larre-zelaiak, baina batez ere artaldeak.
Kanpin lekuetan ez digute ez pasaporterik ez inolako dokumenturik eskatzen, izen abizenak soilik. Irlara sarreran fitxatu gintuenez, ez dute kontrolik gabe alde egingo dugun arriskurik.
Ilezuri asko da ingeles nagusien artean.
NORTHUN BERLAN – NORTHUMBRIA
Kanpin gidaliburuak deitzen dio horrela lurralde honi. Ez dakit Berlan hitzak zer esan nahi duen, Umbria berriz ezaguna da, erromatarren mailegua, iparralde hau lurralde ospela dela erakusten digun hitza.
Gaztelu eta gotorleku ugari ageri da, ingeles, bikingo, eta eskoziarren arteko borroken hondarrak: herriak bere askatasuna gordetzeko borrokatu egin behar duela gogarazten digu, baita interes ekonomikoak zalantzan edo galbidean direnean armaz defendatzen direla ere.
DURHAN KONDERRIA
Hala deitzen dio bertako mapa batek. Printze-Gotzainen lurraldea, edo Gotzain-Printzeena. “Durhan” hitzak mendiartea edo abelbidea esan nahi du.
Erabat aldatu da paisaia fisikoa, baita giza paisaia ere, herri paisaia. Bata bestearen ostean datoz mendi-muinoak, leunak izanik orain artekoen baino garaiagoak, ondorioz sakonagoak dira zuloguneak, erreka eta ibaiak doaz muinoak elkartzen diren zulogunetatik, bada belar-sail zabalik, ugariagoak dira baso-kaskoak, etengabeko gora eta behera nahiko pikoa egiten du errepideak, goietatik izugarri erakargarria da ikuspegia mendi-muino-lurralde uhindua zabaltzen baita behean gora-behera berde leunean, harrizkoak dira orain lursailen mugak, harri zapalez jasotako horma luzeak, marra ilunez marraztuz berdeguneak; tarteka bi hormaren erdian doa errepidea bera ere, kolore ilunagoa hartu du lurrak, artaldeak sarriak dira, ugariagoak zaldiak, jauzi-gune edo jauzi-langa zuriak ikus daitezke belartzetan, behi aldraren bat ere bada... Pelikuletako ingeles paisaia petoa, ikusgarri ederra. Basoak eta berdeguneak etengabeko nahasi jarraian, hori da goialde bakoitzeko ikuspegi aparta. Ugaria da pinua, Mediterraneoko pinuen antzerako enborduna, gure insignisarekin nahastua dirudena..
Herriak ere aldatu egin dira. Ugariagoak dira, mapan ez da herririk ageri, baina banaka-banaka ugariak dira, apainduriarik gabeko oso herri austeroak, pobre plantakoak, teilatu zorrotzekoak, errepide ertzean daude edo errepideak zeharkatzen ditu. Ez da etxe solterik, elkarri lotuta daude etxeok, hutsunerik gabeko etxe jarraikiaz osatzen da kalea; bao-gunez: ate eta leihoz, osatutako bi horma luzez osatzen da kalea, fatxadetan ez da ez irtenik ez beha-leihorik, berriak ezik harrizkoak eta tristeagoak dira etxeok, nahiz tarteka baden etxaurreko lorategi edo berdegunedunik ere. Alde zaharra eta alde berria nabarmentzen eta bereizten dira zenbait herritan: alde berria adreiluzko zapala, gorri iluna da, dotoretasunik gabea, langileen etxebizitzak irudi, batez ere herri handiaren inguruko industrigune aldean. Herritar gehiago dager kaleetan. Herri batean gerra aldian hildakoen omenezko oroitarria zen plazan, Frantziakoen plantakoa.
Ikusgarria izanik ere, ez da aurrekoak bezain loratua ez hain bizia lurralde hau. Kanpina ia non urduri goazen arren, izugarri gozatzen dugu lurraldeko ikuskizunaz. Ez da ezer apetatsu, liluragarria, bitxi, ezta xarmantik ere, agian ederrik ere ez, baina bai erabat erakargarria.
Wea ibaia oso dotore doa, nahiko zabal, berdegune aldatsuak elkartzen diren zulo-gunei zabaltasuna emanez.
Une batez granja handi bat, larre zabalez inguratuta, zaindua, txukuna, baina erabat hila. Bada erre berri den zerbaiten errauts pila ikaragarria, berdin izan daiteke belar edo lasto zahar errea, baina baita agian ardiak izan dira erreak: hezurretarainoko tristura sartzen du.
Bela bat errepidean gurpilek zapaldutako animaliari mokoka ahalaka. Horrek ere bazka erraza maite du alferkeriaz edo nondik heldu handirik ez duen lurraldea delako.
Kanpina. Azkenez agertu da espero genuen iragarkia eta erraz joan zaigu azken bideratzea. Kosta zaigu kokagunea aukeratzea, laprast egiten baitzuten gurpilek gustuko genuen berdegune hezean. Zelai zabal-zabala de kanpina, guretzat oso-osorik, ez baitago beste inor, edo daudenak baso barruko gordegunean daude zuhaitzez inguratuta, ez baleude lez. Inguruko baserriko oilarraren kukurruku sarria edo txalen marrua gehitzen zaio txori-kantuaren kontzertuari, ez da, aldiz, inolako txoririk belartzan, bazka errazagoa dute nonbait soro edo granja inguruan. Ikuspegi zabala, isiltasuna, eta berdegunearen erdian gu.
Gizon nagusi batek egin digu harrera, Torreviejan egona da oporretan.
Kanpin xumea da, oso eroso aurkitzen gara bertan.
Durham. Tontor luze baten gainean dago hiri zaharra, ibai zabalak inguratzen duela ia osoki. Hiri osoa da gotorleku. Harrizko hiria. Gotzain-Printzeen hiria. Jauntxoen hiria, ez herriaren herria. Eraikuntza klasikoak nagusitzen dira, eliza jitea duten etxe gotikoak. Ez nau inondik ere asebete, kaleek ez dute erakargarritasunik, iluna eta tristea da hiria, bazter erakargarriak baditu ere, ukitu fin eta xarmantak aurki badaitezke ere. Baina gustura ibili gara. Inguratzen duen ibaia nahiko integratuta dago hirian, ibilbide atseginak ditu ertzetan, txalupa piloa daude ibili lasai bat egiteko edo bikoteen egonleku ibaiaren erdian maitasun kontuak esan edo elkar musukatzeko, txalupetan dabiltza gurasoak umeekin bateltxoan kulunkatuz batez ere turista garraio-ontzia datorrenean katedrala ikuspegi eder batetatik begiratzeko ibilalditik.
Brontzezko zaldizko morroskoa dago plazan, kondea omen zena, ez dakit inork erreparatzen dion baina gazte jendearen egon leku estimatua bilakatu da bere oinetako mailadia.
Zubia egin zaigu erakargarri: zabala, hain zabala ze zubia denik ere ez zaio igartzen, jendea erruz dator-doa bertatik bera baita ibaiaren bestaldeko auzoetarako lotura.
Katedraleko plazaren alboan Gaztelua, gorenean, tontorrean gailen, borobil lerden, gotiko ederra, jauregia gehiago gotorlekua baino.
Plazan bertan unibertsitatea, eraikin bikaina patio ederrekin.
Kale-musikari bat izan zaigu erakargarri, musikaria bera baino bere gaita: ez du ahoz edo putzez betetzen hauspoa, besapearekin eraginez baizik.
Oin biluziak, hanka hutsak, leihoan kanporantz luzatuta zegoen norbait etxe barruan, ze nolako ikuskizun polita sortzen zuten oinazpiak leiho ertzean, txotxongiloa ziruditela mugitzen zirenean, edo koadro surrealista bat geldi zeudenean.
Katedrala. Izugarrizko eraikintzarra dager hirira sarreratik, erdia jainkoaren etxe, erdia eskoziarrengandik babesteko gaztelu, sekulako gotorlekua dirudi ibai ertzetik, gehiago du gaztelutik elizatik baino, eliza gotortua dirudi. Zirrara sortarazi digu, batez ere barrutik utzi gaitu txundituta: gotiko normandoa da, marra geometrikoz zizelatua du arkuteria osoa, arkuek hagin sakon eta zorrotzeko zerra-ahoa dirudite, marra sakon tailatutakoz dotoretuak daude zutabe borobil tzarrak ... Txundigarria. Koroak bitan banatzen du eliza hau ere, ohi denez sekulakoa da korura sarrerako arku tailatua. Marmolezko kristoren pulpitua. Hilobi pila: sekulakoak batzuk, aspaldikoak, pintatuak... ; estatua pila: herriaren memorian marmol bihurtuta iraun nahi izan zuten gotzain-jauntxoenak, marmolak zirauen bitartean hilezkor; errosetoi apartak, beirate sekulako ederrak, ordularia handia bezain ezberdina bai tamainaz, bai osagaiz, bai egituraz baita kolorez ere; koruko aulkiteriak orratz-sail tailatuko bikaina du, irudirik ez ordea; oso erakargarria da organo pintatua; gotzainen kapera sekulakoak; hainbat burutxo tailatu absideko arkuterian; banderak ugari eliza orotan lez, Ingalaterran ohi denez; Liburu Sainduak irakurtzeko metalezko atrila sekulako artelana da, gurutzadurako gangak bukaera borobil ezberdina du, sekulakoa gerta zaigu ere ia sabairaino heltzen den bataiarriaren zurezko estalki tailatu gotikoa. Badu zer begiratu eta zertaz gozatu.
Katedralak badu beste erdi ikusgarri bat, dorrearen azpi inguruan eta atzealdean: kapera izugarri handi aparta, ertz zorrotzeko harrizko arkuteria tailatua zerra-ahoa edo harrizko farfaila bailitzan, zurezko sabaia, triptiko aparta aldarean... Klaustroa, erabat austeroa, serioa, zurezko sabaiarekin eta juntura bakoitzak armarri pintatua bitxiki erakusten dutela. Monjeen logela: luzea eta zabala, zuraje izugarri berezia da sabaia, atzo York-en ikusitakoaren inbidiarik ez duena; erabat zabala, habe edo haga sendo luze-luzeek zeharkatzen dutela zabalera osoa zutaberik gabe. Erakusketa areto bihurtuta dago, non erakusgai dauden harrizko zutabe saxoiak, harri landu antzinakoak, zuraje zati berezi eta bitxiak, elizako tresneria eta batez ere antzinako liburutegia, liburu asko ez ezik liburu zaharrak ere gordez.
Burumotzak dira katedraleko dorreak, bukatu gabeak diruditenak, agian horrelakoa zelako normandoen estiloa, agian oraindik ikasi gabe zutelako gotikoaren dorre luze zorrotzak jasotzeko teknika.
Adreiluteria zapala besterik ez da zenbait herri, zapal-zapala, iluna, graziarik gabe, orban ilun zatarra berdegunean; hemen ez dituzte leihoak kolore argiz pintatzen.
Crook. Berdegune zabal ederra da plaza, gerran hildakoak gogoratuzko monolitoarekin.
Arkume piloa du edonongo artalde orok.
Bada nonbaiten antzinako auto deskapotagarri muturluzeen rallyren bat, zeren banaka asko ikusten ditugu egunotan errepidean, baita kanpinean bertan ere.
225 kilometro, kanpinez ez ezik paisaiaz ere aldatuz.
Errekatxo dotorea doa kanpin barrenean zuhaitz artean; ur-xuxurlaz gozatzen egon natzaio; garbi itxura du urak, harriak aldiz bel-beltzak daude, badu edo izan du kutsaduraren bat. Nolanahi gozagarria da begi zein belarrientzat.
Arrats gorria nabari da pinu-tantai gerri biluzien tartetik han ostean, arrats gorritasunez goria, gaueko 10etan. Txinta entzun dut, izan da ere une batez ezagutzen ez dudan txori-kanta bat ere, erabat ezberdina. Berreskuratu dut garbitokietara gaueko bidaia bakartia, isiltasunean bildua, inguruaz erabat gozatuz. Hasia da ihintza belartzan.
“Lur bat haratago”. Joan Mari Irigoien. “Baina, beldurrak gehienetan gibelat bihurtzen bagaitu ere, ez beti...”. Bidaia orok du bere baitan, hasi aurretik, hasieran, eta bidaia bertan, kezka, beldurra edo zer izanen ote zalantza ukitua. Izan ohi ditugu kinka kezkagarriak ere. Kezkok akuilu izan ohi zaizkigu, ez gibelera bide.
Maiatzaren 22a. Asteartea. 21.a – I:20.a
“Puskak biziz”. Juango Olasagarre:
* “Karriken artean oinaze lorratzak utziz / aintzina doa bizitza inor sekula hil ez bailitzen”. Begiluzearenak, nekatuarenak, jakin-minarenak, elkartasunarenak, herriminarenak... dira gure lorratzak bidaiotako karriketan, jendartean murgildurik, biziaren itxaropenez, bizitza aurrera doakigun seinale.
* “Hiltzea oroimenean gordetzea da, eta desagertu etorkizunarekin bakeak eginez”. Katedraletako hilobi, harrian tailatutako gizairudi, oroitarri... kontaezinak, oroimenean iraun eta etorkizunarekin bakeak egin beharra besterik ez da. Nolabait, baina, iraun. Idazlanen atzean ere ez ote horrelako zerbait?.
* “eta halere, bizitzak tema eskatzen du, / hiltzea, ordea, abandonatzea da. ... Eta hala ere, gaixotasuna hiltzeko modua baino ez da”. Gure bidaiak bizinahiaren oihua besterik ez dira. Etxean gordetzen garenean, gaixo izanen gara. Hiltzear.
Etsipena eta zalantza darie Juanjoren poemei. Atzo Durhanen, joan den astean Yorken, eta aurreko hiri guztietan bizipoza kaleratu zaigu, naturan lehertzear dago bizia. Agian neguan idatzi zituen poemok Juanjok.
Oilar kukurrukuaz esnatu gara, haurtzaroan Mispillibarren edo gaztaroan Marinen bezala. Alboko granjako belartzan dabiltza oiloak, oilarra kaporal.
Kanpinean Kixoteren haserako deskribapena bera ere motel uzten duen ingurua eta giroak biltzen gaitu, hain da deskriba ezina eta zoragarria txori-kanta, kontrastez bi belabeltz handi soilik ikus daiteke belartzan, belardi ertzean babesetik gertu untxi arrea.
Kanpineko arduradunak, gizon nagusia, bere Espainiako bizipenak, Torreviejan egon zenekoak, kontatzen dizkigu. Gizajoak ez dirudi munduan ibiltzeko aukera soberarik izan duenik, irtenaldi bakarra du nonbait Toreviejakoa, barnean sakon itsatsita. Pobreon patua.
Adrianoren harresia dugu helburu nagusi gaur.
Egun aparta esnatu zaigu, eguzkia joan den asteko zirimiriaren ordez.
Castleside. Kanpina kokatuta dagoen herria. Atzo urduri eduki gintuen noiz agertuko, eta ez zitzaigun agertu. Gaur agertu zaigu, kanpinetik hurrunago: harrizko herritxo gris dottorea.
% 13-14ko gora-beherako aldapetan goaz, mendi-muinoz mendi-muino, atzo aurkitu genuen fisonomia bertsuko lurraldean, paisaia ederraz gozatuz goietatik, nahiko bakarti errepidean.
Bai etxeek bai granjek zuriz pintatuak dituzte leihoak, baina ez die aurpegirik argitzen fatxadei. Errepide ertzeko ostatu eta jatetxeak dira eraikuntzarik jantzi eta dotoretuenak, jite berezikoak, oso apainduak, zintzilikario argi koloretsu zein hizki distiratsu edo etxaurreko apaindurekin deigarri. Jatetxe batek bertako bi gurdi zituen apaingarri etxaurrean, gorri eta berde pintatuak biak, xumeak baina deigarriak. Granjak ere aitatu behar ditugu: harrizko eraikin mordoxkak osatzen dute granja, osotasunean ikusiz multzo bera bailitzan, batasun bat lortuz eta herritxo baten itxura emanez, harrizko landetxe sekulakoak antzo. Kolore guztietako behiak larrean, makalak eta bestelakoak. Pikeak dira teilatuak, ugariak tximiniak eta harrizkoak hormak: gogorrak behar du izan hemen neguak. Ugariak dira berezko laku edo ur-biltegiak, putzu zabalak mendi-muino arteko zulogunetan.
Adrianoren harresia. Wall. Estutu egiten da irla Newcastle eta Carlisle artean. Hortaz baliatu zen Adriano erromatar enperadorea Iparretik, Eskoziatik zetorkion eraso eta arriskutik babesteko: Atlantikotik Ipar Itsasorainoko hormatzar bat egin zuen, irlaren alderik alde, sekulako lana. Hor dago, zutik eta osorik iraun dute zati luzeek eta gotorlekuek. Ezin izan dugu ia ezer ikusi urrutitik ez bada, behi eta ardien izurritea dela eta debekatua baitako errepidetik ateratzea. Errepidetik berrehun metrotara ikusi ahal da belartza berde joriaren erdian hormatzarra, gorrizka ez oso zabala, ez oso garaia gaur egun, baina oraindik hor dirauena. Aurrerago bada beste sail bat mendi magal batean, gotor-gunea gordetzen duena. Tarteka hesia goietatik doa, hegi eta malkar gainetatik, naturaz ere baliatuz. Ba omen da erromatarren harbide bat, baina ezin izan dugu ikusterik izan. Inguruko eraikinentzako harrobi oparoa izan da nonbait gizaldietan harresia, bertatik eraman dituzte eraikian jasotzeko harriak. Ez dugu gehiagorik ikusi ahal izan, eta hori bera urrutitik. Hondar ugari dago baina sukar izurriteak debekatzen digu sarrera. Egonleku, aparkaleku zein ibilbide oro dago zigiluz babestuta, debekua dugu denean. Bada zabalik dirauen museo edo informazio guneren bat baina kutsaduraz garbitzeko gunetatik zeharkatu behar da, oinetakoak zein gurpilak garbituz. Beraz ezer guti eskaini digu harresi famatuak
Haltwhistle. Kartel marroi batek bultzatuta, debekurik gabeko harresietara zirritu baten bila, topo egin dugu herri honekin. Bretainia Handiko erdigunea omen da, hala dio plazako iragarki eta kartel handi batek, bertan agertzen dira lau haizetara irlaren ertzerainoko tarterik luzeenak. Herriak berak ez du ezer berririk, oraindaino esandakoei gehitzeko. Bizi-bizi dago herria, erosketetan batzuk, pasearen bestetzuk, egonean daude jubilatuak. Gero eta jantzi arin eta motzagoarekin dabil jendea, gero eta gehiago da ageriko azalera.
Ibaiak. Ibai asko ikusi dugu gaur, ibai axalak, urlasterrak gehien bat. Ugariak izan dira zubiak ere, euretatik bat aitatu behar: mendi handi bateko lautadan, bakardade erabatekoan, biderik ere ageri ez den zabalgunean, kurba bizia eginez erabat gora, pospolin eta xarmant: ze domontre egiten du zubiak han, bidaia arintzen digun bitxikeria izateaz gain. Ibai-erreketako harriak ilunak, ia beltzak, dira: kutsadura ez da sukarrarena soilik lurralde honetan.
Otadiak. Ugariak eta zabalak dira otadiak: erle-lekua behar du izan, eztia izanen da, erla-ontzirik ikusi ez dugun arren.
Harresiak: lur-jabetza banatzeko jarriak dauden harresiak dira hemen nagusi, harrizko hormek zatitu eta sailkatzen dute nabarmen berdegune osoa, lurralde osoa, marra-ilara ilunez. Errepidea bera ere horma erdian doa, hormez hesitua.
Auto gutxi dabil, lasaia da gidaritza, atsegina bidaia.
Gerra hegazkina: bi aldiz izan ditugu gaur gerra-txoriok, ejertzitoa dela munduaren jabe iragarriz. Bestelakoak dira gaur egungo harresiak, baina Adrianorena bezain erabakigarri eta eraginkorrak.
Sukar izurritea. Sekulakoa de bere presentzia, zirraragarria. Zigiluz hertsiak daude larre-sail osoak, animaliarik gabe larre-sail ikaragarri ugari eta zabalak, zigiluz hertsiak hainbat eta hainbat granjako kortak, zigiluz hertsiak oinezkoen ibilbide guztiak. Desertu bihurtu da lurraldea, Berdea baina hutsa. Debekua ageri da denean autoarentzat, debekua oinezkoarentzat. Takian potian geldotu egin behar duzu errepidean zure abiadura eta desinfekzio gunea zeharkatu behar duzu. Tarteka artaldea dager errepidetik alde batera, bestaldean ostera belarra besterik ez da ageri, harresi baten albo batera ez da haziendarik, bai ordea bestaldean, behaketan daudela oharra ageri da langetan. Une batez ez zen abere bakar bat ageri lurralde zabalean, zenbait zelaitan ordea harrotutako lur-ilara zabal eta luzeak ageri dira: erre edo/eta lurperatu dituzten animalien hilobiak behar dute izan. Hilak daude granja handiak, pilatuta eta baztertuta tresneria, geldi, gaixo eurak ere. Paisaia eder eta erakargarri honetan, tragedia neurtezina bizi dute nekazariek, gaurko ibilbide osoko lurralde izugarri zabalean behintzat bai. Edertasuna eta tragedia bat egiten dira hemen.
Milton. Herri nekazaria, izurrite lurraldean.
Erabat aldatu zaigu paisaia gaur, bukatu zaizkigu atzodanik orain arteko lautadak. Menditzarrak agertu zaizkigu gaur: Adrianoren harresiak jarraitzen duen mendizerra pikea izan da lehenengo, ondoren koskortu egin dira-eta menditzar luze zabal garaiak, era berean leun bihurtuz. Mendi-gain bateko zabaldi eta ordeketan genbiltzan bizipena izan dugu, orain ordekan, orain gorantz, orain beherantz, beti menditzar leun berde garaiak aurrean genituela. Zuhaitz gutxi dago, baina gailur luze leun horietako batean luzaro eta deigarri izan dugu txapel zapaleko adartza duen zuhaitz multzoa, urrutiraino luzatuz.
Une batez tente eta adi untxi bat ikusi ahal izan dugu ardi artean.
Ugariak dira lur-jauzi antzerako pendizak, ur-lekua da. Ez da pagadirik baina bai pago eder banakrik, orri berde gazte guriak lehertzen zaizkiela.
Paraje idilikoa, mendi eta errekatxoz deigarria. Debekuagatik ez balitz agian ez ginen jabetuko: ibilbide izugarri pila dago lurralde osoan, oinezkoentzako bide eta bidexkak, zurezko zutabe eta oholezko gezi puntazorrotzez adierazita: jendetza dator hona ibiltzera, udalekua behar du izan, igandezaleek maite duten ingurua.
Mendian galdutako harrizko herrien tankera dute herriek. Pobre itxura erakusten dute, izan ere errepide nagusietatik urrun, lurraldean sakabanatuta, herri-bide sarean galduta, daude egon. Lan asko egin beharko duten baserritarren lurraldea dirudi, bizimoduak izerdia franko eskatu eta irabazia urri eskaintzen duen herri motak dirudite. Badira magaletan zabal barreiatuta dauden nekazal etxeak, gure baserriak antzo, ez dute baina basorik inguruan, ezta ere lur-zati zabalik.
Galdua dagoen trenbidea, zubiak eta tren-ibilbidea geratzen zaizkio oraindik: izan zuen garai oparoagoa lurraldeak.
Aspaldikoak dira herrietara norabide iragarkiak ere, burdinazko zuri-beltz haietarikoak, burdinazko zutabe sendoetan ezarriak, erliebezko hizki beltzekin.
Elur-tokia ere bada: hesola luzeek erakusten dute ertza errepideak gora egiten duenean, baina ez dute aldatsen zenbateko altuerarik erakusten aldapara gainetan.
Gerra hegazkina ibili zaigu gaur ere. Militarrena, hori bai izurrite hilgarria.
Mehategi gunea. Errepide ertzean meha ahoa, nondik atera eta sartzen diren bisitariak. Urak darabilen gurpil erraldoia astiro dabil biraka, ez dakigu hauspo edo mailuren bati eragiteko; bada labaren bat ere kea dario tximiniari eta. Urak darabilen bigarren gurpiltzarra, ez bestea adinakoa. Zenbait ume jolasten ari da, ikasiz, dinbidanbaka burdina landu nahian.
Ur-jauziak iragartzen dizkigute. Nekatuegiak gaude. Agian ez dugu joaterik ere delako izurrite debekuengatik.
Mendiarteko herri-bide galduetan aurreratu gaituzte motordun poliziek. Ez gaude seguru inon.
Leiho-bueltak zabal eta zuri pintatuta dituen zenbait etxe: alaiagoak dirudite bai etxeek eurak bai herritxook.
Stanhope. Herri arrakastatsua dirudi, bizipoza du, beha-leihoak dituzte fatxadek eta lorategitxoak daude etxaurretan; ezberdina da herriko kultura bera ere seguruenik.
183 kilometro, sukar-izurritearen lurretan, Adrianoren harresiak ezagutu nahian eta paisaia harrigarri batez, paraje paregabeaz, gozatuz.
18 tiro-hots entzun ditugu alboko granjan arratsaldea aurrera zihoala. Gaur ikusi duguna ikusi ondoren ardiak tiroz hiltzen ari ote ziren galdetu diogu elkarri. Irudimena eta errealitatea ez dabiltza elkarrengandik urrun gai honetaz eta lurralde honetan.
“Lur bat haratago”. Joan Mari Irigoien: “Zeren eskribatzeak izugarri nekatzen bainau”. Zenbait lo-ordu kentzen dit nire egunero egunkari honek. Baina ez dut beste aukerarik memoriak huts egiten baitik eta bidaiok gogora ahal izateko idazten baitut.
Maiatzaren 23a. Asteazkena. 22.a – I:21.a
“Puskak biziz”. Juanjo Olasagarre.: “Bizitzak soldadu egiten / baikaitu, eta ez jakintsu”. Bakoitzaren herriarekiko ikuspegia orekatzen du bidaiak, ez gara onenak, baina ezta besteak baino gutxiago ere, harroak eta era berean apal izaten erakusten du bidaiatzeak. Bizitza beste molde batez hartzen ere ikasten duzu bidaietan, ikasten duzu motxilan ezer gutxirekin bizi daitekeela jendartean edo herrietan. Beldurra galtzen diozu gizarteari. Gizateriaren zati sentitzen zara. Gizakiarengatik hurrago. Gizaki bezala trebatzen zaitu bidaiak, ez soldadu bezala.
Kukua entzun dut. Ez da lehenengoz, bai bigarrenez Ingalaterran. Kontinentean, Europan, aldiz eguneroko, kanpin oroko, laguna genuen kukua, txori-kantu guztien gainetik beti.
Gereziondo ilara dugu belartzaren goialdeko ertzean, oraindik loran. Kamioikada gerezi eta mailuki kaxa ari ziren husten hirian, Extremadurako Jerteko gereziak, Andaluziakoak mailukiak.
Harrigarria, ia sinestezina, izan da kantu-hotsen ugaritasun eta ozentasuna garbitokira bidean, basoz inguratutako belartza zabalaren erditik. Kukuaz gain, usoek, oilarra, belabeltzek eurek ere kontzertu-kide izan nahi zuten.
Bi gazte etorri ziren bart arratsean kanpinera, bikotea. Ertz batean kokatu dute denda, ezereztxoa dira zelaitzarrean, baina mundua bete adinako bizipoza darie, elkarrekin egon nahiaren edo beharraren irrika, bakardadearen eta isiltasunaren konplizitatea.. Hala ginen gu ere. Harro naiz gazte izanaz, ez zait damu zahartzaroa eta adioaren hurbiltasuna. Ez diet inbidiarik gazteoi, baina laket ditut. Bizitzak merezi izan didala egiten didate biek garrasi. Emozioz begiratzen diot iraganari gazteok hur sentituz.Oparoa izan zait bizitza, gogorra ere bai, tarteka latza. Baina nuen eta nintzen dena eskaini diet bizitzari zein gizarteari, bizitza eta gizartea, gauza bera baitira biak.
Iragarrita ikusi genuen Asentsio eliza batean, baina ez omen da jai Ingalaterran.
Berdina dirau paisaiak, hirugarren egunez gabiltza bertan, baina ez gaitu aspertzen. Izurritearen aztarnek lausotzen dute berdetasunaren ederra. Natura-gunetarako iragarkia eta nondikakoa bera ere estalia dute, inor joan ez dadin. Orain jabetze gara lehenengo egunetan ikusi bai baina esanahiaz konturatu ez ginen paperen esanahi eta oharrak. Kanpinera sarreran ere bada desinfekzio pasagunea.
Herriz herri egin dugu Newcastle-rera bidea. Esana: herri austeroak, xumeak, apaindura gutikoak, txukunak, inguruko industriguneetako langileen bizi-herriak.
Castleside. Atzo errepide nagusitik, gaur beste norabide batetik zeharkatu dugu herriaren luzapena: mapan ez da agertzen, baina herri oso koskortua da. Jauntxo-herri jitea du. Elkarri lotutako etxez osatutako kale luzeak, adreiluzko etxetxo banakoak lorategiz inguratuak, halako dotoretasun edo ondo-bizia erakusten dute. Izanen zen gazteluren bat garai batean, gaur egun ez da arrastorik herri-izenean ezik.
Consett. Gain batetan dago, gorria ikusten da, zabaltzaz bukatzen den eliza-dorre karratu harrizkoa nabarmentzen zaiola egitura eta garaieragatik.
Ortu-sail zabala herritxo batean, sailtxo pila txikietan banatuta: jubilatu bat ari zen lanean batean
Newcastle. Ganduan lausotuta agertu zaigu lehenengo, etxe-dorre orratzak ia ikusezin, izugarri zabal eta erraldoi, gorantz zein zabaleran. Gertuago, izugarria agertu zaigu hiria, etxe ilarak luze lerrokatuta mendi magalean, etxetzar pila, erreskadan, jarraian, baratz edo soro batetako tomate-parrak bailira, adreiluzko etxetzar blokeak, zenbat gura etxe-orratz, errepide-sare nahasi trinkoa, auto-zirkulazio etengabeko ugaria.... izugarria gerta zaigu zurrunbilo horretan murgiltzea kanpineko eta herritxoetako baretasunetik etorrita.. Astindu egiten gaitu barne barnean hiriaren barne eragin-mugimendu neurrigabe bortitzak, baina erraz eta egoki kokatu gara hiriko oinezko ibiliari ekiteko: senak, mapak eta esperientziak erakutsi digu noiz eta non geratu.
Zubi gainetik, autotik, egin dugu Tyne ibaiarekin lehen harremana; marea beheran nonbait, lokatza beltza dira zementuzko hormaz hesitako ibai zabalaren alde biak, hiri industrializatuaren irudi petoa erakutsiz. Hiri erraldoia. Ez du ahozabalik uzteko bitxikeriarik baina nabari zaio jauntxoen hiria izan zela, aberats hiria, industrializatu aurretik ere erruz zebilela dirua hirian, negozio-hari asko korapilatu eta deslotzen zela hemen. Eraikinetan nabari zaio batez ere: eraikin neoklasiko ederrak, sendoak, dotoreak, harrizkoak, diruaren usaia darienak; halako etxe pila du, ia erdigune osoa da horrelakoa, kale osoak taxutzen dituzte adreiluzko zein zurezko etxeek. Hiri dotorea, ahaltsua, gaur egun ere, izana gaurko izanean iraunarazten jakin izan duena. Aldi berrira egokitzen jakin izan duen hiria. Ez metroa duelako soilik. Erdiguneko kale eta plaza oso bat bihurtu ditu saltegi erraldoi: plaza zabal-zabal osoa biltzen duen eraikin erraldoia eta oinezkoen kale luzea osatzen duten eraikinak, dena da saltoki. Mota, jite eta prezio guztietako milaka eta milaka denda da saltegiotan. Europako saltegi handienetarikoa omen da horietako bat. Aldi berean saltegion kale erdian kale-saltzaileak ere daude, batek fruta eskaintzen du, besteak oihalak: guti dira baina beste ekonomia mota baten, agian beste aro bateko, aurpegia eta krisia erakutsiz. Oraindik arrain handiak irentsi ez dituen arrain txikiak. Bazen gurdi bitxi berezia zuen fruta-saltzailea, gurdiagatik soilik merezi du bezero izatea.
Erlikiak geratzen zaizkio, iraun duten antzinako hondarra, mirariak oraindik gertatzen direla erakutsiz: etxetxo bat saltegien artean, hain nano bera agian horregatik hain xarmant; antzinako beste etxe guti batzuk, itota, ia galduta; harresi sendo ederrak kale-kalean etxeen kontra; ate beltza, keep edo dorre-gotorra haize kutsatuak erabat belztua, garai bateko egiturako hondar adierazgarri, ibaitik bertan, ibaia kontrolatuz ibaia aberastasunaren garraiobide zenean.
Gaur egungo injinerutza lanetan zubiak aitatu beharko, burdinazko zubiak, luzeran zein zabaleran erraldoiak, estaikoa bat, trena goitik autoak behetik dihoazkiola, denak handiak, gotorrak, hiriaren gailentasun eta ahalaren ezaugarri.
Kutsatua doa ibaia, zikin, marroi, uher: hiriaren arnas, bihotz eta zaina izan zena ez dirudi gaur egun eraginik duenik, seguru aski jantokia den ontzi zuri bat dago ertzean lotuta, kontrastez bera zuriago eta ibaia ilunago bihurtuz.
Katedrala, begientzat zertzelada gehien eskaintzen duen eraikina: egituraz koruak erdibitzen du gurutzadura unean, ohi denez; barneratuz badu zeri begiratu: marmolean landutako pulpitua eta koruko kaperaren erretaula zizel-lan ederrak dira biak; absideko erretaula pintatuak triptiko kutsua du; arkuen barreneko junturetako burutxoek merezi dute begiradatxo bat; hainbat eta hainbat hilobi eta gizairudi marmol zurian tailatuta koruko jauntxoarena delarik deigarriena, koruko taila irudi eserleku eta arkua, bandera pila, gidaliburuak goraipatzen ez duen arren taila txukuna de bataio-harriko estalkia, sarrerako atea, XVI. gizaldiko letoizko atrila, zurezko ganga... badu bisita justifikatzeko haina artelan.
Laburtuz hiriak ez du gauza ikusgarririk, baina goiz-pasa atsegina eskaintzen du, batez ere dendak gustuko dituanari zerua eta gozamena gertatuko zaio saltokiz saltoki eta dendaz denda ibiltzea. Hiri hila iruditu zaigu, kaleak zein dendateria, erraldoia baina hila; eguerdirantz bizitu da oinezkoen kale nagusia. Agian langile hiria delako eta lanorduan ginelako zegoen hain hila.
Aitatzeko zenbait puntu:
Belzturak, mintz beltzak, estaltzen ditu hormak, garbitutako zatiek erakusten dute kontrastez kutsadura erabatekoa dela, ez ibaiarena soilik, haizearena ere.
Bada ekologiaz kezkaturiko herritarrik ere: pare bat postu izan dira kale nagusian, animaliei tratu txarrak salatuz bata, nekazal etxeetako haziendaren alde bestea, “Nork ordaintzen du prezioa?” lemapean.
Lau soldadu kamuflajezko jantziekin kale nagusiko erdigunean, gurutzadura nagusian, ejertzitoaren presentzia eta indarra nabarmenduz.
Salbamen gudaloztea, Ejercito de Salvación. Hiri orotako erakundea. Beraz Ingalaterraren Iparramerikara esportazioa izan zen.
Arabeen eta indiarren presentzia. Agerikoa da ez aurpegieragatik soilik, baita emakumeak batik bat bere buruko zapi eta shari jantziekin nabarmentzen direlako.
Herrizaina umeak eskolatik noiz irtengo zain STOP borobil handia eskuetan, kalea zeharkatzerakoan umeen segurtasuna bermatzeko.
El Pais egunkaria aurkitu dugu. Zorionez ez dugu inon aurkitzen, hain da etsigarria egunkariotan betikoa aurkitzea. Beste hilabete luzea dugu ez egunkari ez telebista ez irrati: hau lasaitasuna.
Segurtasun gainjantziekin dabil hainbat jende: ezin diegu igarri poliziak diren, edo errepideko langile zein herriko edozein langile arrunt.
Etxerakoa: Mendi-lepo garai luze leunetan egin dugu etxerakoa; urrutira zubi luze erraldoia izan dugu mendiaren ebakiduraren gainetik batetik bestera, zeru-marran bertan, ia lainoetan.
79 kilometro, tragedia bizi duen inguru ederretik hirirantz.
Txori-kanta isiltasunean, oin-hotsa belar bigunean, pentsamenduak kaskoan, sentipenak bihotzean... besterik ez ginen arratseko ibilian.
Bihar agur esanen diogu Ingalaterrari tarte batez. 3 mila kilometrotik gora egin ditugu bertan, herri pila bisitatu eta hainbat katedral miretsi.
“Lur bat haratago”. Joan Mari Irigoien.
* “Zeren torturatua dena ez baita bere buruaren jabe ez bere denboraren”. Etorriko da eguna noiz kontatuko diren gaur egungo Inkisizioaren gehiegikeria eta sorgin-ehizak. Ordukoak guk ikusten ditugun bezain harriturik ikusiko dituzte gaurko torturak, laidoa jasoko dute gaurko inkisidoreek.
* “Izan ere desterrua ez duk lur bat, gugandik kanpoan dagoena, baina gure baitakoa. ... Zeren neure etxea izan baitut atzerri”. Bidaiek erakutsi didate nire baitan nuela aberria, ez naiz sekula atzerrian sentitu elkar ulertezin ernegura baten ezean, herri oro izan zait neure herri eta beti jakin dut Euskal Herria nuela nire aberri.
Inguruan ditugu CUMBRIA KONDERRIA, LANSKASHIRE, Lankastar, Liberpul Chester… Eskoziara hartuko dugu orain. Galesera bidean, itzuleran, izanen dugu bisitatzeko aukera.