BIDAIAK 2001. BRETAINIA HANDIA
Maiatzaren 11a. Ostirala. 10.a – I:9.a
“Puskak biziz”. Juanjo Olasagarre. “Amodioa merkatuaren legeei dagokie / sinetsi nahi ez badugu ere: objetu bakarra hautatze hori / iraun bitartekoa da”. Halakoa da bidaia ere: hautatzen duzu, gauzatu, eta oroitzapenak eta bizipenak besterik ez zaizu gelditzen, baina “zauriak itxi, eta puskak josi” beharrik ez du, alderantziz bizipenez gozatzea uzten dizu.
Eguraldiaz gozatzera datoz gure auzoak aurreko estalki eta guzti. Gu berriz inguruaz gozatzera eta lurraldea ezagutzera.
Bederatziak eta erdietan atera gara, eguzkipean.
Faisaia harrapatu du ia ia auto batek errepidean, gidaria izan da estutu den bakarra, faisaiak lasai jarraitu du errepidea zeharkatzen bere pausoan.
Haize-errota bat dugu kanpin inguruan, beso zuriko gorriz pintatutako xaflaz gorpuztutako karratua; atzo ikusi genuenekoaren erabat ezberdina.
Gorrizka da lurra orokorrean, simaurtuagatik beltza aitatu izan badut ere.
Txerri-granja erraldoia; atzo ere izan genuen bat, lur zabalean banatutako txabola kurboek iragartzen digute urrutitik zer diren. Nekazal etxe baten aurrean zeramikazko txerrama zuri-beltz bi jarri dituzte etxaurreko berdegunea dotoretzen, agian txerrira jarrita daudela iragartzen.
Izugarri trinkoa da zirkulazioa, auto uholdean goaz edo gatoz, elkarri lekua eskatuz denok, abiada handian... Azken egunean autobidera nondik sartu ikasten egin dugu saio bat. Gero bigarren mailako errepideetan sartu gara, trinkoa da hortik ere zirkulazioa, baina nolanahi ere lasaiagoa, mantsoago joan behar dugulako denok, ez dakit mantso ibiltzeko kulturagatik ala iragarritako argazki-makinei beldurrez; presente baitago argazki-makinaren marrazkia errepide ertzetan. Herri bideetan oraindik lasaiago gabiltza, herriak gutxiago dira, bidegurutzeetan lasaiago joan ahal dugu norabideak hausnartu eta erabakiak hartzeko.
Ikaragarria da trafikoaren presioa, bat-batean hartu behar da erabakia sarri, ez dugu astirik, zentzuak instant batean esaten digunaz egiten dugu aurrera. Ez dago lasaitzeko non gelditu ere errepide ertzean, buruak argitzeko, estua baita errepidea eta ez du artzenik ezta harra bete baino ertz zabalagorik ere. Tarteka zabaltzen da errepidea geldiunea taxutuz, eta horrelako batetan gelditu behar izan dugu gure norabidea argitzeko. Askotan bigarren bira ematen diogu borobilari, norakoa ziurtatu arte, bira emateko aukera dugunean, ez baita beti erraza. Une latzak izan ohi dira, urduritasuna gainezka, barruan zerbait lehertzen zait: zahartzaroko ajeak.
Normalean kontu handiz gidatzen da, segurtasun tarteak gordez eta abiadura motelduz, herri-bideetan zein autobidean. Herritxoetan orduko 30 miliako abiaduraz joan behar da, baina denok goaz arinago, nahiz mantso. Segurtasuna ematen dizu atzekoa urrutitxo ikustea, berdin aurrekoa ere bere neurrira uzten duzunean. Hemen ere bada noski ipurterrerik.
Potxoloak eta erakargarriak izaten jarraitzen dute herritxo eta etxeek. Etxetxo apartak sortzen dira tarteka, ezberdinak, deigarriak, besteek ez duten ukitua dutenak: hainbat holako izan dugu ibili osoan. Lastozko edo kanaberazko teilatuak ere badira han-hemenka sarrian, banaka ugari, gaurko bidaia osoan. Kanabera ugari izanen zen istinga-lurrak zirenean, kanaberaz baliatu ziren hemen ere Hungarian bezala. Lehengaiaren ugaritasunak gauzatzen eta mugatzen du kultura. Gaur egun ere.
Uharriekin jasotako etxeak izan dira gaurko berritasuna, herri-paisaiaren osagai ezberdina; etxe xumeek ez ezik etxe dotoreak ere horrela eginak daude, aurpegi bera erakusten dute nortasunezko etxeek ere. Ez dakigu zarpeatu asmoz jasotako hormak diren eta gaur egun bistaratu dituzten uharriok lurraldeko ezaugarritzat hartuz, ala beti izan ziren horrelakoak. Seguru aski pobreen etxeak izan ziren horrelako aurpegi biluzia zutenak, zarpeatzeko ahalmenik gabe. Bereziak eta deigarriak suertatzen dira gure begientzat gaur egun. Cambridgen ikusi genituen kantoitxo eta koskadun adreiluzko tximinia dotoreak agertzen zaizkigu han-hemenka, beti etxe ederretan: daukanak ahal du. Zurezko etxe edo eraikinak ere agertu zaizkigu: bakarrak izan dira, agian biltegi edo tresneria gordeleku dira soilik. Zurezko aterpetxoa du zenbaitek sarrerako ate gainean, lorratzak garbitzen aspertu zen etxekoandreren baten asmakizuna.
Atzokoen antzerako eliza dorreak daude hemen ere, karratu motzak, moztuak edo bukatu gabeak, agian horrela behar dutenak; behatokiak dirudite, ez dute kanpairik; izan da bat zabaltza erdian orratz luzea zuena, zabaltza bera baino askoz estuagoa oina. Herriko etxeengandik erabat ezberdinak dira elizak eta eliza-dorreak, egituraz zein eraikin-gaiez: harrizko ilun sendoak dira elizak, adreiluzko argi xumeak etxeak; inguruko edo hiriburuko eliza nagusiren bat imitatu nahi ote dute elizatxook, herritarra harritu nahi ote dute harria erabiliz, jainkoa indarrez eta poterez bildu indartsu ageri dadin herriaren aurrean, jaun ahalguztidunaren irudia azalduz, eliza herria baino aberatsagoa dela erakutsi nahi ote… nagusitasuna adierazten du nolanahi. “Guk daukagunok” aldarrikatzen du elizak, baina daukana herria da, dela lan-indarra edo irabazitako sosa apurrak, bakoitzak gutxi baina denen artean diru pila. Apurka horietaz aberastu da eliza, horiei esker azal dezake elizak bere handi-manditasuna. Herriak jasotako elizak dira, herriak berak behar zuen dirua eskainiz.
Ez da alper-harriarekin zapaldu eta leundutako lurraldea, baina laua dela esan daiteke
Ardoa ere eskaintzen dute nekazal etxe baten aurrean, ez da baina mahastirik ageri. Garitzak eta koltza sailak dira nagusi lurraldean, larrerik ere ez dago. Hesi berdeak dira gaur berriro sail ezberdinen banatzaile.
Ugaria da golf-zelaia inguru hauetan ere: jubilatuak dabiltza, gizonezko nagusiak, makilez zamatutako gurditxoei tiraka, ez da itxurakeriako jendea, ez janzkeran ez ibileran, agian zaletasuna dago eta ariketa fisiko hori aukeratu dute nagusiek, atzoko andrek petanka erraldoia bezala.
Letrero marroiz iragartzen dituzte herri historiko, nekazal etxe edo bestelako ikusgai tentagarriak. Ezin gara denak ikustera gelditu tentatzen bagaitu ere. Gerora jabetzen gara zitekeena zela bertara bideratu eta aurrerago errepide nagusira itzuli.
Kamioi bat eraman dugu aurrean luzaro: berari esker joan ahal izan dugu lasai, bazterrei so, atzekoez arduratu gabe, ez baitzegoen aurreratzerik errepide estuotan.
ESSET KONDERRIA
Paisaia eta osagai berberek diraute. Lastozko teilatu bitxi paregabeak suertatu zaizkigu deigarri.
Gasolindegi batean ez dute autoentzako gasoliorik, hurrengoan berriz ez darabilte diru-txartelik: herritxoetan hemen ere bakoitzak ahal duena egiten du. Indiar edo pakistandarra zen gasolindegiko zerbitzaria.
Colchester. Muino bat osatuz eta estaliz dager goien etxeteriaa, bertan gailen eliza-dorre garaia eta estalpe itxurako dorre zabala zutabe gainean. Norabide-zoramenean murgildu gara bertaratzean, autoz inguraturik. Baina aurkitu ahal izan dugu aparkalekua. 28 graduko hozberoa genuen.
Hiri atsegina, gaileneneko bizpahiru kalera mugatzen da erdigune jendetsua. Lorontzi zintzilikatuz edertua dago hiri osoa. Antzinako etxe apartak, zurezko etxe xume pospolinak, eraikin gozagarriak, saltegi moderno bihurtutako plaza moderno erakargarria... atsegina, baina ez da izan herri xarmanta: agian ez du merezi egin dugun ibili luzea, baina joanez gero pare bat orduko ibili erabat atsegina eskaini digu, izozki gozoaz osatuz eguerdian; joanez gero ez zara damutzen joanaz.
Jendez gainezka dago hiria eguerdian, udaberriak erabat biziberritu du hiria, giro bizi-biziak biltzen ditu kaleok; gazteak dira ugarienak gaur ere, arropaz arin dabil herritar oro. Kale musikariek jartzen diote ukitu erromantikoa. Ez da ixten dendarik eguerdian, bulegariak kalera ateratzen dira eguerdiko mokadu bat jatera parkean, eliza urreko horman... izugarria da ogi-bitarteko eskaintza.
Museoa da ikusi dugun eliza: irudi zizelatuko fatxada du, garaia da dorrea... ez du besterik. Urrutitik ikusi dugun dorre antzerakoa berriz ur-biltegi arrunt itsusi erraldoia besterik ez da. Hiri barrenean ubide bat bada, itsasotik sartzen zaion adarra moilaz hesitua: txalupa, ontzi...; gehiago dirudi lantokia, ez du atsedenleku itxurarik.
Gaztelua da herriko altxorra, parke paregabe batez inguratua. Museo bihurtu dute gaur egun. Erabat gaztelu ezberdina: izatez eraikin gotor sendo garai zabal karratua da, eliza da gazteluaren alde bata bere abside, leihotxo, dorre-mota berezi eta ate erromanikoarekin. Uharriz eta adreiluz eraikia, ez dakigu zarpeatu orea erori zaiolako ala horrela utzi zutelako, baina halako itxura bitxia du, harritu egiten du. Harresiz bildutako gaztelu ingurua berdegune aparta ez ezik lorategia ere bada. Jende pila dago bertan, gazte eta eskolaume aldra izugarria, belartzan eserita kontu-kontari edo bazkari-pasada egiten, egunaz gozatuz, eguzkitan epelduz edo jolasean.
Ezin genuen telefonoz etxekoekin lotu. Kalean zetorren bati eskatu diogu laguntza. Hara non gaztelaniaz moldatzen zen. -. “De donde” -. “Vascos” -.”Donostia”. Opor batzuetan egon omen zen Donostian. Lortu digu hitz egin ahal izatea, hurrengoan nola egin ere ikasi dugu.
Errioxako Tempranillo ardoa ikusi dugu salgai denda batean
Hiri orok eskatzen du zerga gogorra, trafikoarena. Oso motel doa ibilia, luze, semaforoz semaforo, borobilgunez borobilgune. Benetan irteera korapilotsua gertatu zaigu. Horrez gain ez zaigu agertu behar edo nahi genuen herri-bidea, bertan behar zuena, etxerakoa laburtu asmoz. Baina azkenez bideratu gara. Barneko bide galduetatik egin dugu, etxerakoan ere, ibilbide atseginetik, tarteka nahastu bagara ere errepidez.
Berrikuntza edo eraikin lanetako hainbat kamioi aurkitzen dugu errepidea edo kale erdia betez, inolako segurtasun neurririk gabe, benetako arriskua sortuz, gidarion zuhurtziari eskerrak moldatzen gara onez. Ardura osoa eskatzen du errepideak inguru honetan, tarte guti uzten du alboetara so atseginerako.
Urduri eta nekatuegi gatoz, baina aldi berean gozatuz. Urdinez pintatutako zurezko etxetxoa izan da ezuste eta begientzako opari polita. Usain gozo sarkor gogorrak biltzen du errepidea pare bat aldiz: koltza sail erraldoien erditik goazenez koltza usaia behar du izan.
Badirudi estresik gabe, patxadan, bizi behar dela herriotan. Baina izanen da arazorik hemen ere. Jaka-praka-gona beltzak eta arraiadun gorbataz uniformatutako neska-mutil pila zihoan herri batean, beste herritxo batean berriz uniformerik gabekoak. Izanen dituzte arazoak, baita beraien gurasoek ere.
Tabernak eta ostatuak dira ikuskizun deigarrienak. Batek ostatuari izena ematen dion Endrike VIII. bizartsuaren koadroa zuten zintzilikatuta sarreran, gehienez urre kolorea darabilte izen eta apainduretarako, fatxadak argituz. Etxeko horma kanpotik doan tximinia asko aurkitu dugu gaur, behe solairutik teilaturainokoak: etxe berrietan batez ere, modan dago edo etxe barruan lekua irabazteko teknika da, antzinatean etxea berotzeko egiten zen tximinia etxe barrutik gora, gaur egun berriz beste era batetara berotzen da etxea.
Ehiza-hegazkin batek pasa gaitu ziztu bizian, burrunba hots gorgarrian bilduta, geroxeago zerua zeharkatu du gure aurretxoan: gora gerra, demokrata askoren negozioa.
Ez da herri askorik. Biztanle guti agertzen da herriotan,.
Badirudi inguru berdinean gabiltzala egunoro, egun osoan toki berdinean, hain antzerakoa baita paisaia geografikoa zein urbanoa.
Adin handiko gizon bat korrika doa autobidean, beste bat berriz egunkaria irakurtzen ari da aulki batean eserita errepideko zabalgune batean gure tutuetako aire kutsatua arnasten. Eguzkia bizigarri, horiek ere. Guraso batek berriz bere semea darama atoian bizikletaz, tanden bitxia osatuz: burdinazko haga kurbo batez umearen bizikleta aurreko gurpileko ardatzetik lotua darama; umeak eragiten die pedalei, beraz laguntzen du ibilirako: asmakizun bitxia, bi bizikleta osoak dira, tandena egiten dute, baina nahi izanez bi bizikleta bihurtu daitezke.
Cambrigeko zirkulazioa izugarri trinkoa da arratsalde erdian. Kanal ertzetik egiten du dotore errepideak, inguru atseginean.
241 kilometro, espero genuena baino luzeago eta ugariagoak gaur ere.
Izartsu dago zerua, zuhaitzen ostean Cambridge hiriko argitasun urdinxka heltzen zaigu, autobideko hots leunak ez du urratzen arratseko isiltasuna, alboko etxatoietako berbaro isilak kilikatzen dizkigu belarriak... gaugiro aparta litzake dudan nekeagatik ez balitz: pertsonak, gorputzak, hartzen dio neurria errealitateari.
“Lur bat haratago”. Joan Mari Irigoien. “Mundu honetan, ordea, hitza bera ere hitzik gabe gelditzen duk, ezpataren aintzinean” Hauteskunde ondoren hitzaren defendatzaile omen lehendakariak ezpatarekin ez ote galdutuko hitza.
Maiatzaren 12a. Larunbata. 11.a – I:10.a
“Puskak biziz”. Juanjo Olasagarre
* “min tiranoari segika desolazio paisaia horren aurrean”. Katarroa zait egunotan “min tiranoa” eta bera izanen dut segika Coventry alemanek desolazio paisaia utzi zuten hirira.
* “Dena akabatzen da”. Egunak badoaz aurrera, duela guti hain han ikusten genuen Bretainia Handia da gaurko hemen.
* “.. The basque Country aipatu nizun gero, / behar bada Oteiza eta Axular / eta zenbait etnografiakeria, seguru, / euskaldunak, eta batez ere, ni / jende apartetzat har gintzazun”. Herri oro dago harro bere nortasunaz, eta hala izan behar du.
Coventry hiria dugu helburu: Gernikan frogatutako bonbardaketa teknika erabili zutelako alemanek hemen 1940an, hiria erabat suntsituz, baita badelako berreraikitako katedral eztabaidagarri bat ere.
Seguruenik ez dagoen irteera baten bila ibili gara gaur ere luzaz; aurkitu dugu azkenik bat eta uste dugu ez dela besterik.
Berotegi italiarrak, kristalezko txabolatxoak, sail zabal-zabala osatuz izan dugu gaurko osagai berria.
MAIDLAND, “erdiguneko lurrak”, hala deitzen diote lurralde honi. Konderri ezberdinek osatuta dago.
Huntingdon. Teilatuteria gorri iluna besterik ez da goitiagotik doakion autobidetik ikusita, adreilu eta teila zapaleko sail zabala, izugarria dager lauza zapal ilun bat bailitzan lurralde berdean zabalduz.
Puntazorrotza dira ia Rugbyrainoko eliza-dorre denak, ezohizkoak; urrutitik ikusten ditugu.
Izugarri trinkoa da errepide sarea, gureetan baino beste era bateara antolatu dituzte autobideekiko loturak. Borobilgunez bideratzen da beti errepide oroko lotura, gainera argi gorriak gehitzen dizkiote hiri handietako zenbat sarreretan. Gureetako autobideen logika ezberdina dute Ingalaterrako autobideek, Cambridge inguru honetan behintzat: sarrera-irteera ez du zertaz egon gaineko zubiaren alde bakoitzean: zubi batean aurkituko duzu sarrera eta irteera beste batean, beraz ez atera pentsatuz itzulbidea izango duzulakoz, auskalo nora joan beharko duzu eta. Doakoa da autobidea: hala beharko ere, hain dira ugariak norabide bakoitzean bi bideko errepideak ze ezinekoa litzateke txabolatxoz kontrolatzea: kobratuko dute auskalo ze zerga, eta kitto!.
Ikus daitezke lastozko teilatuak lurralde honetan ere, nahiz bakanak. Ezinezkoa da dorre, etxe, teilatu , zein edozein bitxikeriari argazkirik ateratzea: ez dago non gelditu, ezta herri-bideetan ere.
Kettering. Hemen ikusten dugu lehenengoz plastikozko fardel borobiletan bilduta belarra.
Dena adreilu eta teila multzoa den herri bat muinoa erabat hartuz, inongo graziarik gabeko masa gorria da.
Rugby. Herri honetan erabaki ziren izen bereko jokorako arauak. Larre-lurrengatik egin zaigu ezberdina: ia inguru guztia da larre, artaldeak konta ahala haina. Bada behi aldraren bat ere. Ondoren etorri dira berriro koltza eta garia.
Koventry. Ingelesen Gernika. Ikaragarri zabal dager errepidetik hurreratzean. Eliza-dorre pare bat, zorrotz luzeak, eta batez ere orainarte ikusi ez ditugun dorretxeak, hainbat gainera. Hiri berri-berria, lau kilometro egin ditugu erdiguneraino, etxetxo gorriz osatutako kaleetan; etxe arruntak dira, suntsipenaren ondoren zutenarekin eraikitako etxe xumeak; erdigunetik bertatik ateratzen dira norabide ezberdinetara zubiak, autoei irtenbide eman beharrez. Hemen ere Londreskoen jitekoak dira taxiak.
Katedrala. Azpian sarrera zuen dorre puntazorrotz garaia, absideko arkuteriak eta alboko hormak eutsi ziten bonbardaketari; harri gorri ilunekoa, edonori irekia, erakustokia ere bada, ezkontzak ere bertara doaz argazkiak ateratzera, oroitzapen eta oroitarri izateaz gain, ikuskizun bitxia baitira hondakinok: sutan belztutako bi hagekin egindako gurutzea, eskailera kiribilaren hasera erakusten duen zutabeen oinarriak, harri zurian zizelatutako Ecce Homo modernoa bitxi-bitxia, adiskidetzea irudikatuz besarkada estuan lotutako bi gizairudi, puskatu ez ziren beirateko kristal zatiak arkuetan... Zirrara sortarazten du.
Katedral berria dago alboan, arku batez zaharraren hondakinei lotuta. Erabat modernoa, nahiago dut nik berri hau lehengoaren bizki berreraiki bat baino: bonbardatutakoaren testigantza hor dago, beraren sinbologia ere bai: berritik ikusten baitira bestearen hondakinak sarrerako beirate zuri zoragarri landua den hormatik. Berriaren egitura erabat modernoa da, zerra-aho bat antzo horma, zutikako paralelogramo luzea bailitzan zati bakoitza; beirateak azpimarratuko nituzke, sekulakoak dira, horma bakoitza kolore, argi eta marazki ezberdinekoa giro bildu goxoa sortuz; sarrerako horma dena da beira zuria, bete betean sartzen utziz argia, suntsitutako eliza begi-bistan uzten duela; beirate bien argi kontraste berezia sortzen da; Kalonjeen korua, bertako gotzainaren aulki bitxia, organoaren kokagunea eta moldaketa, otoitzerako 3 kapera bitxiak eta ezberdinak hirurak ... ; erretaula plastikoarekin estalia dago, oso bitxia dager bera ere argazkietan.
Saltoki eremua: ikaragarri zabala, ezberdinki taxututa, hiri barruan hiri ezberdin bat, ohikoa ez den zerbait. Jendez gainezka dago eguerdiko beroan, herritar uholdea datorkio eguerdi-pasa.
Holy Trinity eliza. Zutik iraun zuen nonbait, lehengoa baitirudi. Zurezko sabai pintatua du, zutabe erraldoiaren gainean balkoi-korritu luzea den harrizko pulpitua, arku gotikoak, erretaula landua...; ezkontza bat gerta zaigu ikuskizun paregabea: neska beltza eta mutil zuria ziren ezkongaiak, parafernalia izugarriz hasi da zeremonia atarira sarreran apaiza autoraino heltzen zela, elizara bidean geldiuneak egin dituzte, eta barruko giroa ere bitxia izan da pelikuletatik ezagunak zaizkigun musika ozenez girotua: filmetako Alabamako beltzen eliza batean geundela zirudien.
Plaza, etxe modernoz inguratutako espazio zabala. Bertan kariloia da deigarria, baina aitatzekoa batez ere zaldizko emakumea, larru gorrian zaldi gainean; biluzik azaldu omen zen zaldi gainean bere senar kondearen zerga gehiegizkoez protesta egiteko.
Zura agerian duten etxetxoek iraun ahal izan zuten, guti dira, baina apartak. Diraute ere harrizko kaperatxo gorri ilun bakarren batzuk kale ertzetan.
Giro aparta erakusten du hiriak: Unibertsitate federalaren atariko belartzan gazte pila datza eguzki epelean etzanda.
Galderatxo bat aparkalekuan bertan eta nahiko onik atera gara kale gainetiko errepideetan zehar hiritik. Autoak hala moduz uzten dituzte herrietan. Arriskugarria da. Ez da nonbait herrizainik. Bi bideko kalea izanik ere, denok erdikoenekotik goaz, ezkerrekoa arriskutsua baita tarteka agertzen den auto aparkatuengatik.
Harrigarria da ibilbide osoan izan dugun autoteria, erabat trinkoa izan da zirkulazioa. Zorua sarri pikortua dago, baina abiadura, autobidean ohi denez, bizkorra. Ugariak dira kamioiak larunbatez ere.
Lautada amaierarik gabea zabaldu zaigu une batez Northantonera bidean, lurralde berde jori-joria zen, hesi berdez laukietan banatua, ikuskizun aparta, ia-ia irreala. Larre zabalak dira baina ez da inolako animaliarik larrean, izurriteak pasa du nonbait sega. Ur askoko lurraldea da, ur geldikoa, halako laku zabala sortu dute urok.
Norabidea asmatuz goaz, ez da erraza, bere meritua du norabide zuzena asmatzeak, normalena, errazena, okerrerakoa hartzea edo ezin asma ibiltzea litzateke, mila bideko errepide labirintoa baita.
Etxe bat jasotzen ari dira: zurezkoa, oholtzarrekoa da teilatuko egitura, baina hormak zementuzko blokez eginak dira, ondoren adreiluz itxuratuak.
BEDFORD KONDERRIA
Bedford (?). Konderri mugan bertako herritxoa aproposa da, xarmanta. Herri honetan denek dirudite ahaldunak edo ondo-biziak, etxeei erreparatuz behintzat. Parke erakargarri zabala ere badu. Herri honek berak soilik merezi zuen bidaia.
Iragartzen dituzten iragarki-marrazkiak ez ezik, bideokamerak eurak ere ugariak dira errepideko azken zatian. Heziketaz, kulturaz, erantzukizunagatik ez dira zur gidariak, kameron beldurrak eragiten die nonbait zuhurtasuna errepidean.
Hara non eliza-dorre burumotz bat gaur ere.
Adreiluz eraikitako College bat, baxua, kolore gorriagatik ere osatzen duten etxetxo pilagatik deigarria.
Hainbat herri zeharkatzen ditu erdi-erditik errepideak.
Monumentuz aberatsa, Warwik hiria genuen gertu, baina nahiko dela esaten dit gorputzak, gripeak jota dabil, minduta eta indarge.
Bide jadanik ezagunean egin dugu gaurko errepideko hanka-sartzea etxera aurreko azken zatian. Bide ezaguna zelakoz lasaiegi hartu dugu bidea. Ernegua berriro ere nagusi. Ohi dugunez Cambidge erditik zeharkatuz bideratu gara etxera. Ondo ezagutu dugu oraingoz hiria.
310 kilometro, Ingalaterrako Gernika suntsitura. Luzea, baina, erneguak ernegu, ez zaigu damutu.
Futbol partida ikusten ari dira nonbait alboko etxatoian: ikusgarria, sekulakoa, liluragarria ere, heltzen zaigu ikusleen kantu-hotsa.
Sartu da igandezale berria astebururako, batzuk soilik, ez joan den asteburu luzean haina.
St. Albans bere eskaintza oparoarekin zen biharko gure Cambridge inguruko azken helburua, lehen normandiar garaiko katedrala zitzaigun akuilu, baina bertan behera uztea erabaki dugu bisita. Atseden bat behar dute gure gorputzek.
“Lur bat haratago”. Joan Mari Irigoien.
*”zeren maitasuna baita jakintasun ororen gaineko jakintasuna”. Zenbat eta gehiago jakin herri batetaz, zenbat eta hurragotik eta sakonago ezagutu, gehiago maite duzu.
* “Zeren izen hura ipini baitzion osaba Juanikotek jauregiaren goialdean zuen bere estudio edo kabinete hari, modu hantu eta hanpatu hartan: Zientziaren Gela”. Cambridgen bada Zientziaren Museoa ibai ertzean, eraikinak behintzat ez du itxura hantu eta hanpaturik.
Maiatzaren 13a. Igandea. 12.a – I:11.a
“Puskak biziz”. Juanjo Olasagarre. “Ni naiz, diote, direlakoan”. “Ni naiz” diogu denok, xumeenek ere, nahiz huskeria, zertxo bat behintzat garelakoan. Izan garelakoz.
Biharko aterabide egoki baten bila egin dugu errepidera. Hara non hementxe bertan genuen, egokiago ezin, autobidera sarrera, eta bost egunez ernegatu dugu bestaldeko bidegurutzeetan.
Biharko errekin potoa betetzea erabaki dugu, bide-batez, ez baita erosotasunik errepideetan. Eta hara non jabetzen garen motorrak jarioa duela, isurki berdexka bat, erradiadore ingurutik datorrela besterik ez dakigu. Garaje baten berri zehatza ere jaso dugu, badugu bihar lehen orduko zeregina.
Erabat jator portatu zaigu gasolindegiko gizontxoa. Ahalegindu da arazoa konpontzen bere kafe-ordua izanik ere. Ez du saririk hartu ere izan nahi. Gizakume nagusi, hile luze gorri txikitxoa: gizakiagan konfiantza berreskuratzen dut horrelakoetan. Kanpinean bertan ere erabateko adeitsua izan da tratua eta ahalegina matxura-konponketa bideak erraztu nahian.
Arropak garbitzeko aukeratu dugu gaurko egun lasai eta eguzkitsua.
Barau egin dut, gorputzak bere onera etorri eta indarberritzen bildu ditzan indarrak, digestio lanetan indarrik xahutu ez dezan. Arratsaldez ibili labur bateara atera eta ordubetez luzatu naiz ibilaldi bakarti, baketsu, paregabean Ingalaterrako landa berdetik, kanpina eta ingurua ezagutuz.
Ikaragarri zabala da kanpina, granjako lur zabalak ibilgune gozagarriak inguratzen du: tamalez ez dut eraman argazki ez bideo kamerarik, aukera paregabea galdu dut errepidetik atera ezin ditudan lurralde berde zabalok argazki batean finkatzeko oroimenerako.
Hesi garaiaren bestaldean, kanpineko muturrean, adinekoen etxatoi railly-kideak daude. Izugarrizko algara eta builetan bildurik petankan ari ziren, batzuk eserita begira, zutik jokatzen besteak. Bizipoza!!!.
Bakardade erabatekoan gelditu da kanpina, barne-muinetaraino sartzen da isiltasuna, lasaitasuna da nagusi.
30 kilometro, norabide eta gasolindegi bila, matxurarekin etxeratu arte.
Erabat nahastua egon naiz kanpin honetan, egun eguzkitsuak arren Iparra, Hegoa, kokatu ezinik, Cambridge eta autobidea lehen egunetik geratu zitzaizkidan nire eskema edo buruko mapatik kanpo bide txikietako gurutzadura eta sare nahasian.
“Lur bat haratago”. Joan Mari Irigoien. “Zenbat mementu on iragan nituen gela hartan, eta zein doatsu eta zein zoriontsu izan nintzen haietan”. Tarteka joaten gatzaio Zientzia Museoren bati. Egia da ordu goxo eta aberasgarriak izan ohi direla. Egunotan ez dugu Museoetara joateko giro-gogo-indarrik.
Maiatzaren 14a. Astelehena. 13.a – I:12.a
“Puskak biziz”. Juanjo Olasagarre: “Baina bizitza mozorro da beti”. “Neronen patua nahi nuke, bizitza ez”. “Bizitzak zikindu egiten du, patuak ez”. Zer da bidaiatzea?. Patua ala bizitza?. Mozorro bat?. Agian bai. Patuak ere zikindu egin dezake.
Goizeko zazpiak eta erdietarako garajean ginen. 6 ordu luze egin behar izan ditugu matxura konpondu zain inguruko saltegi erraldoi bateko epelean. Erradiadorea dugu zulatua, mila durotik gorako zuloa da bidaiako aurrekontuari egin diguna. Auto biguna atera zaigu: bidaia luze orotan zulatu eta zuloren bat.
Hara non saltoki modernoan Turkiako irudi bera: goitik beheraino zapi beltzez estalitako emakume itxuraz gaztea, begiak soilik zituela agirian.
Hurreratu gara bidaia-liburuen sailera: Euskal Herria agertzen den liburu bakarra “Norte de España” izeneko bat da, non Nafarroa Errioxarekin lotua doan eta Basque Country Euskadi Komunitatea soilik garen. Eta gu zerbait ginelakoan!. Andalucia, Baleares... han daude bakoitza liburu pilarekin. Eguzkia da agintzen duena herrien ezagupenean eta ez gu hainbeste harrotzen gaituzten kultura, hizkuntza...
Nolako astelehena garajeko bulegari koadrilak: hogei bat litroko plastikozko ur-ontzia agortu dute eguerdirako.
Izan dugu poz-gune bat: pepe eta psoetarrek izugarrizko jipoia jaso dute Baskongadetako hauteskundeetan. Poz txikia, baina zoriona: zoriona, nahiz txikia, beti zorion. Kontrapisua: Ezker Abertzaleak ere jipoia hartu du. Atsekabea, beti atsekabe.
Cambridjeko inguru berri batzuk ere ikusi ahal izan ditugu ibilalditxoan: Zientzia Museoa, kanala, parkea...
Auzo hurren duguna hurreratu zaigu ia nongoak galdetuz. “Euskaldunak”. “Españoles” erantzun digu irri alai batez. “Ezetz, euskaldunak”. “Fine-fine”, eta irribarretsu joan da.
Konderri eta kanpin aldaketa eguna dugu gaur.
Ordu biak jo berri atera gara errepidera. Egun lainotsua hasieran, lasterrera ekin dio euriak eta ez gaitu utzi kanpin berrira arte.
Lurraldearen fisonomia ez da aldatu, berdina edo antzerakoa dirau. Ur geldiko lurrak dira hauek ere, hainbat laku daude. Baba-beltz sail ikaragarri zabalak daude, pentsurakoak nonbait. Teilatu hegi dotore landutako txabola antzerako etxetxo nanoa begiak bidaiarioi alegeratuz. Kamioi alemaniar bi, bata bestearen jarraian. Peterborrough-etik gora bi harrizko etxe apal dotore teilatu luze pikokoak.
Stamfor. RAF, Ingalaterrako aire armadaren kuartela: jauziak egiten ikusi ditugu lehenengo, gero ehiza-hegazkin batek harro erakusten du errepide alboan kuartela non dagoen; medar-medarra da pilotuaren kabina, pospolo kaxa, hilkutxa: gora gerra!.
Aspaldiko Mini haietarikoa, itxuraz ere zaharkitua, baina orduko 100 kilometrotik gorako abiaduran doa, gu atzean utziz.
Urrutiko herri edo hirietara distantziarik ez dute jartzen errepidean, hurrengora artekora soilik, beraz beste era bateara jolasten dugu bidaiari asperdura arintzeko: hurrengo herrira kilometroei egiten diegu kenketa. Nolanahi, euria eta zirkulazio trinkoa dela eta, errepideak xurgatzen digu ardura osoa, inguruaz gozatzeko aukerak murriztuz.
Granthan. Hiri historiko artelanez aberatsa iragartzen dute, bidaia-liburuak ez badu hainbestekorik aipatzen ere. Dorre garai bat erakusten du, eliza gotiko perpendikularrean.
Boston. Bretainia Handiko elizetan handienetariko bat omen, gotiko egiturako maisulana.
Lincoln. Katedrala du honek ere, Ingalaterrako ederrena agian, gidaliburuaren iritziz, normando eta
gotiko estilokoa.
Nekatuta daude gure gorputzak, ez da kanpinik ageri kanpin-gidan, hainbat katedral ikusi ditugu jadanik, zein baino zein ederragoak, beraz aurrera egitea erabaki dugu, York-era joateko erabakiari eusten diogu, errepidean bertan kanpin bat iragarrita ikusi dugun arren: ez dugu bide galduetan kanpin bila ernegatzeko umorerik. Atseden bila goaz.
Newark. Merkatal hiri historikotzat iragarrita dago letrero marroietan. Hiri zabal zapala dager, katedrala erraldoitzen zaiola dorre zorrotz garai lerdenarekin. Kanpina iragartzen dute hemen ere. Gidaliburuak lerro erdi eskaintzen dio soilik.
Errepide soil bihurtzen da tarteka autobidea; hurrengo autobidean bertan zirkulazioa zuzentzeko borobilgunerik ere bada: frantziarrek eurek ere ez diote hurrik ere ematen Ingalaterrako errepideei borobilguneon ugaritasunean, ia errepide-gurutze oro baita borobilgune.
Lasto-fardoz eginiko gaztelua: belar zaharra da. Ikusten ditugun lehen belar-fardoak dira, gaur egun ez da belartzarik inguruan, ezta larrerik ere.
Dorre karratu, zabaltzan bukatutako burumotzak izan ditugu ez etxerik ez teilaturik ikusi ezin dizkiegun herrietan. Badira kantoiak orratzez dotoretutako dorreko zabaltzak, baita leiho gotikodun dorrerik ere. Teilatu pikeko elizatxoak dorre txaparro zabala zuen luzapen lez osotasun bitxia eginez ur geldiko une batetan.
Zerritegi ikaragarria errepide ertzean, dozenaka zerri, ehunka agian, txabolatxo kurboek lur eremu zabala betetzen dutela, lur erabat harrotuan kolore berdinekoa lurra eta zerriak, zikin zikinak zerriok.
Herenegun Coventryra bidean ikusi genituen eliza-dorreen bikia etorri zaigu bakarti eta bakar gaur.
Argindar tantai erraldoiek zeharkatzen dute etengabe lurraldea, agian argindar zentralen bat dugu inguruan..
Autobide egiturako errepidean ez borobil ez inolako segurtasun neurririk gabeko bidegurutze pare bat, besterik gabe lotuta daude alde biak, gidariaren zuhurtasunak agintzen du bertan.
Iruzurra sartu digute gaur ere: urrutitik uhintxo mugikordun lakuak uste genituenak plastikoz estalitako lursailak dira bertatik.
Robin Jud mitikoaren basamortuan sartu gara Doncaster baino hamabi bat kilometro lehenago. Gaur egun ez da baso edo gordeleku zabalegia, baso kasko ugari gelditzen zaizkio soilik garai batean nonbait baso bakarra zenari, autobideak eta lur landuek soildu ez ezik desegin eta erabat desagerrarazi dute basoa. Artalde erraldoiak biltzen dituen larre izugarri luzeak dira gaur egun baso haiek.
Bkyth. Gaztetako abizen bereko zine aktoresa bat gogarazi digu herri-izenak eta eliza-dorrearen zabaltza dotoretua eskaini.
Ez dute kanpairik eliza-dorreok. Protestanteek beste era batera deitzen dute nonbait elizkizunetara.