BRETAINIA HANDIA
“Puskak bizi”. Juanjo Olasagarre:
* “Neke barearen arteko joan-etorriek, / ez diote oroimenari pilatzen uzten”: Londresi bisitaren ondorengo gihar minduek eta gorputz nekatuak ere ez idazteko asmoa patxadaz betetzen.
* “Eseri parkean, Animalia otzan etzana dirudi ...”. Londreseko Hyde parkera goaz gaur. Animalia bustia, hotzez kikildua, izanen zaigu.
* “Ez, ongi asko baitakit menderatzeak / eta imitatzeak ez dutela izaera ematen”. Zenbat menderatu itxurako gabiltzan, edonora goazela, izaera duinaren itxura pean ere nabari.
Erabateko bake eta isiltasunak biltzen du ingurua. Dena dago isil, bare. Txoritxoen txorrotxioa beste soinurik ez dugu. Eta berogailuarena, hotzak baitira goiz eta egunok. Zozo-kanturik ez da, baina hemen dabilzkigu belartzan mokoka, kanturako astirik gabe.
Kukua entzun dut garbitokira bidean; bi kuku izan dira, biak batera, biak urrun, biak ozen, eskuin aldera bata ezkerrerantz bestea. Dirurik gabe harrapatu naute gaur, baina diruarekin nintzen lehenengoz entzun nuenean kukua Etxarrin.
Aurkitu izan ditut hemengoen osagai eta garbitasunik ez zuten dutxak, baina bere apaltasunean ur-parrastada oparoa zuten: nahiago nik xume haiek, ur-parrastada baita batez ere dutxa.
Egun bustia, egun hitsa.
Londres dugu helburu gaur ere. Trenez joango gatzaio. Bidaia garestia zaigun arren merezi du ostera bat gehiago.
Ardia bere bildotsarekin gurutzatu zaigu herri-bidean, artaldetik eta zelaitik alde egin da, abentura urduria zen berea.
Kingnorth herrian dago kanpina, herritxo petoa, herritxoon ohizko osagaiekin, txikitxoa da, xarma dario taberna edo ostatuari. Herritxo ondo-bizia, txukunak, zainduak eta bizimaila onekoenak dirudite landetxeok.
Landetxe askok du zurezko txabola edo biltegi den eraikina, harrizko horma edo oinarriaren gainean jasoa sarri, kolore beltz edo ilunekoa, etxe kontra ohi duten arren, zelai erdian ere aurkitzen dira tarteka.
Entretenigarria da bidaia trenez. Gaur beste aldetik eseri gara inguru ezberdina ikusi asmoz. Gaurko tren-bagoia berriagoa da, gaur egun ohi direnetakoa. Ur askoko lurraldea da: beteta doaz drainadura erretenak, zabalak dira, zelai zabalak zeharkatzen dute erditik errekastoa baino gehiago, baina ibaia ere ez diren ur-korronte zabalak; zelai erdi batean izan da halako harrizko zubitxo erakargarri bat ere; lur-sailen arteko mugak eurak ere erretenak dira, urak estaltzen dituela zuhaizka eta sastraka ipurdi-gerriak.
Zuhaitz asko dago, basorik ez baina, urrutikako perspektibak baso itxuraren iruzurra sortzen du; izan bada tarteka zuhaitz multzotxoa baita zuhaitz bakartia zelai erdian ere.
Graffitiz josiak daude Londres hurbileko trenbide ertzeko hormak.
Abiadura oso geldian zihoalarik, trenetik bertatik aurrez aurre eta hurbil geureago izan ditugu Londresko Dorrea eta Zubia. Etxe-orratzak digante nabarmentzen dira trenetik.
Segurtasun neurri asko dago Ingalaterran: geltokietako nasan segurtasun marra horia aurkituko duzu, oinezkoen pasabideak hesiz babestuta daude, ez dago kalearen batetik bestera ekinaldi batetan egiterik...
Londres. Beste patxada bat du gaur, igandez. Trafikoa urria da, kaleetan ez da zaratarik. Jendea berriz astegunean bezain erruz dabil, agian ugariago. Turista pila, denok gara gaur kanpotarrak Londresen, atzerrikoak zein hiriburura egun-pasa etorritakoak.
Piccadilly. Eraikin harrizko zurixka dotoreek inguratzen dute plaza. Kilometro eta erdi baino luzeagoa da izen bereko kalea. Oinez egin dugu: komertzio dotore eta eraikin apartekoez gozatuz. Ibilbide jendetsua, bertan baikabiltza bisitari pila, halaz ere atsegina.
Piccadilly kalearen bukaeran bada Parke Berdea deritzana, Buckingham erret jauregiaren lorategia izana, berdegune zabala, pobreen eta langileen izerdiz berdetu eta loratua. Eraikin apartak ditu kale-gune horrek parkearen bestaldean. Saltokia da luzera osoan parkearen burdinazko hesia, koadro bitxi eta bitxikerien saltokia: xarma eta grazia ematen dio kale-tarteari.
Hyde Park Coner. Parkearen ertza. Gerrari monumentua da erabat, gerraren gorapena, gerrari goratzarrea, oroimen itxuraz estalia bada ere. Bakezaleak gerraren alde, demokrata gerrariak.
Hyde Park. Ederra, zabala, berdegune aparta, zuhaitz eder eta lorategi txukunez osatua. Aurreiritzi ustela gertatu zaigu baso antzerako leku bakarti isila amestu genuena. Etxeak, etxe erraldoiak, ageri dira edonondik inguru osoan, alboko autoteriaren burrunbaren oihartzuna nahiko ozen heltzen da denera. Erruz dabilkio jendea, goiz-pasako lasaia edo gu bezala une neurtu baterako bisitari begiluzea. Batzuk futbolean, txirrinduz besteak, oinez gehiengoa, presati edo lasai... Bada aintziratxo bat ere, kafetegi eta txalupatxoz osatua. Ez dago patxadarik, ez dago lasaitasunik, ez dago isiltasunik, ez dago bakerik. Ezin uka, baina, erakargarria denik, mirari bat hiri erraldoiaren bihotzean. Ez da joan eta ordu usteletan bertan galtzeko tokia, ezin zaio gehiago eskatu ere, ez baita basoa, parkea besterik ez baita, ez egun-pasa, goiz-pasa edo ordu-pasa etortzeko aproposa. Guk basoa espero genuen, baina hori ez da .
Lasai dabiltza katamixarrak; hegaztioz erabat inguraturik zegoen atso baten ogi apurrak lehiatzen zieten usoei, baina hauek bortizki uxatzen zituzten katamixarrak, apurron partaidetza ukatuz.
Mokadu batez indarberritu gara Piccadilly kalean itzuleran, museora egin aurretik. Museo pila dago Londresen, denak dira ospetsuak. Bada museoak ikusteagatik soilik Londresek bisita merezi duela dioenik. Guk bakar bat aukeratu dugu. Nahikoa dugu batekin. Artea ere neurrian.
National Gallery. Koadroak ikusiz paseatzera, koadro arteko ibilaldi geldoa egitera joan gatzaio. Gehiegizkoa baita egun batean xehetasunez hainbeste koadro ikusi nahi izatea, hausnar ezina da hainbesteko koadroteria, gorde ezina oroipenean hainbeste artelan, goza ezina hainbeste edertasun batera. Artelan gehiegi ikustaldi baterako. Gozamena gerta zaigu ibilia. Tiziano, Tintoreto, Verones ... hasieran; nahitaez ere, asmoa hori ez bazen ere, gelditu egiten gara hainbat koadroren aurrean. Paregabea da koadro bakoitza. Garbiegiak daude hainbat koadro, zaharberritu edo garbitu berriak nonbait, iruzurraren jitea dute, faltsuak bailira. Koadro bakoitzak egunak, hilabeteak agian urteak kendu zizkion egileari, denbora luzea iraun zuen sorketak, ikusle gehienok, aldiz, ia korrika batean pasatzen gatzaizkie aurretik, duten aberastasunaz jabetu ere egin gabe, begirada iheskor batez azaletik begiratuz. Koadro bakoitzaz banaka eta koadro bakoitzeko pintzelada bakoitzaz gozatzeko ahalmena eta patxada behar genuke; tolestura bakoitza, aurpegien esanahia, irudi nagusien inguruko aberastasuna eta esanahia, koloreen erabilpena, bolumen konposizioa, azpimarratzea, eta hainbat zertzeladaz gozatzeko gaitasuna behar genuke izan. Egunean sala bat ere gehiegi litzake. Ez gara jabetzen mila xehetasunez. Non eta zeri begiratu gehiegi dugulako museo bakoitzean, gehienetan. Koadro guti ikusi behar genuke bakoitzean, baina ikusitakoa zehatz azaldua, pintzelada bakoitzaren zergatia argituz, osagai bakoitzaren esanahia... koadroaz gozatzen irakatsi eta ikasi hori behar litzake izan museora bisita.
Aurkikuntzak egin ditugu: 1.- Cicolas Poussin-en koadroetan irudi eta osagai ezberdinek borobil bat osatzen dute pinturaren erdian, eta borobil horren inguruan dago koadroa osatu edo konposatuta. Sala osoa du beretzat, 15 koadro ditu bertan: horrela soilik, osotasunean ikusiz, jabetu zintezke horrelako zertzeladez. 2.- Pinturari argia albo batetik sartzen zaion koadroz osatua dago sail bat: nabarmena da. 3. Sala horren jarraian Rembrand-en sala dator, 15 koadro ditu, eta honen koadro denek ezkerretik dute argia; izugarria da artista honen argiaren erabilpena, pintura ilunak dira, baina azpimarratu nahi duena argiaren bidez bistaratzen du; zoragarria da emakume adulteriogilearen koadroa: han dago erdian emakumea, erabat argi ingurua iluntzen doakiolarik. 4.- Erdigunea une zuria duten koadroz osatua dago sala bat: olatuak, pare bat ume belaunetaraino uretan...
Garai ezberdinen, dataren, arabera daude sailkatuta beste hainbat sala,.
Aretoak eurak ere ederrak dira, jauregia behar zuen izan eraikuntza honek.
Eta horrela joan zaizkigu orduak, gozamenez gozamen, gorputzak “bapo, eh, nahikoa” esan digun arte. Ateratzea erabaki dugu une horretan. Kosta zaigu erabakia, luzatzen joan gara, penaz atera gara, geratzeko irrikaz gogoa, baina gorputzak nahiko zela aldarrikatzen zigula. Ikusi gabe geneuzkan sala piloaren erdi-erditik, ezker-eskuinera begiratuzko ibilian egin dugu kalera. Halaz ere egin diegu geldialdi laburra inpresionisten salei, lauzpabost sala dira: beraiek soilik merezi dute arratsalde osoa. Asaldatu, hunkitu egiten naute, halako zirrara berezia sortarazten. Picasso bati ere egin diogu kasu. Atera gara azkenez.
S.Martin eliza. Neoklasikoa da kanpotik. Barrutik barroko paregabea dela dioen arren gidaliburuak ez zaigu hala iruditu guri; loriatu zamarra du izan sabaia, bada apaindura zenbait, baina ez askorik Protestante elizaren egitura ohikoa du. Endrike VIII.aren garaian errege parrokia izateko eraikia: horrek ematen dio agian berezitasuna, horregatik da bitxia.
Manifa edo kontzentrazioa aurkitu dugu Trafalgar plazan. Beltzak ziren denak. Kartelekin, isilik. Ez dugu jakin ahal izan zertaz zen.
Berriz itzultzeko irrika utzi digu Londresek, ikusi duguna patxada gehiagoz ikusi eta bisitatzeko, ikusi ez ditugunak ezagutzeko. Mila zoko, eraikin, auzo, museo... Baina zoramena litzaiguke trafikoa autoz etortzeko, eta garestiegia aparkalekua ikusi dugunez: ordainsari larregia guretzako. Hain garestia ez balitz trena!.
Eman diogu azken begirada Parlamentuari trenetik, zubiei eta dorreari. Abian gara etxerantz.
Bailara zabala, lurralde laua zeharkatzen du trenak lurraldea erdibituz berarentzat eginiko muna garaitik.
Tombridge aurretik badira herri zabalak: teilateria iluna eta fatxadateria zuria erakusten dute zuhaitz artean, zuriz pintatuta baitaude fatxada gehienak eta adreilu ilunxkoetan ere leiho zuriek brist egiten baitute. Zerua urdindu denez, eguzkia agertu da: zirraragarriak daude herriok arratseko ilungune eta zuri-gune dirdiratsuen kontrasteak eraginda. Hara non eliza-orratz beltz luzea: ibilaldi bakoitzean aurkitzen dugu zertzelada berriren bat. Bi golf-zelai erraldoi ere hor daude.
Bagoi zaharra dugu berriro etxerakoan, jarleku ilara haina ate: ate astunak dira, kurrinkada bortitza ateratzen dute sartu-irten bakoitzean, indar handiz bultzatzen dute gainera, beharko bultza ere ireki nahi bada, ikasia dute bultzadaz ixten.
12 kilometro, geltokirainokoak.
Zeru urdina geratu zaigu.
Zozo-kantuak bildu gaitu kanpinean. Arratsa da zozoen kantu-ordua, adar arteko gaupasarako bikote bila edo.
Jai behar du izan bihar, ez baitu inork hegan egin kaiola berde honetatik. Agian Basko edo Mendekoste astelehena.
Harrapatu dut, komunetara noala gauez. Kanpoko iturrian bertan bada komuneko urik ez husteko dion iragarki handia, hustubide pare parean eta hizki handiz. Bertan hustu du etxatoiko komuneko ontzia tipoak, 10 metro gehiago eginda gelatxoa eta hustubide berezi txukuna dugu zeregin hortarako: baina ura jasotzen dugun iturrian bota behar zuen; gauez, beharko. Eta ez zen langile etorkin bat. Sendoera guztietako narrudun jentilajea dago Ingalaterran ere.
“Lur bat haratago”. Joan Mari Irigoien:
* “Hitzak haziak bezalakoak dira, harat eta honat zabal daitezkeenak eta bertzeen bihotzetan errotu, bertan bihi eta biribil daitezen”: ez bidaietako guk eta guri hitzak, ez baitugu ia tutik ere egiten inorekin.
* “zeren eta itsas portuak baitira, hain zuzen, munduan dauden tratuen eta negozioen bidegurutze”. Argi nabari da hala izan zela itsasertzeko hirietan. Bestelako lekuetan gurutzatzen dira gaur egun tratu eta negozio bideok. Ikus bestela Londres, garai bien adibide argia.
Maiatzaren 7a. Astelehena. 6.a – I:5.a
“Puskak biziz”. Juanjo Olasagarre:
* “Aise hauts daiteke kurba normalaren bakea”. Bidegurutze bateko okerbideak astintzen du sarri bidaiaren barea.
* “... haginka / dator gaua ...”. Baketsu eta bare bildu ohi gaitu gauak; eguneko kronika idatzi nahiaren urduritasunak egiten dit haginka, nekepean ere egunekoa idazteko erabakiak.
* “Arrats gorri, / Euria egin du eguerdian, / basoa ilun zegoen, ... / Negar egin dut gogotik ...”. Ez dugu oraindik arrats gorririk izan, ilunak doaz egunak, baina pozik gaude euririk egiten ez duelako, baikenekien ospela zela Ingalaterra.
* “Horroretik desertatu. / Ez zen leku egokiena, badakit, / baina Hitlerrek lortu ez zuena / ez zuen Francok lortuko”. Francok lortu ez zuena Aznarrek lortuko ote duen beldur gara. Latza da lehia. Bidaiatzerakoan desertatzen ote dugun otuak ziztatzen dit barrena.
Lehen argia da zozoen kanta-ordua, ni ordea beranduegi jaikitzen naiz, entzule berantegia natzaie. Badira beranduagora arte dirauten bakartiak, txio lasaia da bere oraingoa, ez da gaueko txistu zorrotz, luze, larria, txorrotxo-txio leunetan kiribiltzen den murmurioa baizik.
Jai eguna da gaur Ingalaterran
Canterbury dugu gaur helburu
Aldraka dabiltza errepidean motozaleak, ugariak dira aldrok.. Lurraldeak ez du aldaketarik ez osagai berri edo ezberdinik. Elizara bidea iragartzen da herritxoetan, elizarik aldiz ez dugu ikusten. Bi eliza ikusi ahal izan ditugu, txikitxoa bata, zabala bestea, baina harrokeriarik gabeko baxuak, dorretxo nano umilarekin: ezin ba elizarik begiz kokatu bertaratzen ez bazara. Hilerri bat ( ikusten dugun bigarrena) malda leun bateko zelaian, hesirik gabe, amerikarren pelikuletan antzo, harlauza zuri luzexkak belartzan zut tinkatuta dira hilobien kokalekuen ezaugarri.
Turisten zain, aurretxoko bidegurutzeko zeramika eta kinkila-dendek iragarri digute Kanterbury hiriaren hurbiltasuna. Turista ugari dabilen ezaugarria, baita pobre ugarik bizibidea asmatu behar duten seinale ere.
Canterbury. Hiri zabala, luzaro joan gara auzuneetako kale-artean. Xarma du: etxe bat bera ere ez da garaia, berdegunez inguraturiko lehen solairu soileko etxetxo bakanek osatzen dituzte kaleak. Zaharra berriz, hiri xarmanta xarmanten artean, batez ere lehen solairuko etxeak elkarren jarraian, bana-banan xarmantak, batzuk aukerakoak, zenbaitzuk zoragarriak, banan-banako erakargarriak, etxeak zein kaleak.
Banaka asko dira egiturako zura agerian duten etxeak. Sartu kale artean eta ibili ingurua begiratuz, batez ere kale nagusian zein katedral inguruko kalexketan. Katedrala. Ikusgarria, kanpotik zein barrutik. Joan, pauso lasaia hartu, begi zoliz begiratu eta gozatu. Gotiko ingelesaren maisulana omen da. Arku, arkutxo, taila eta zizel-lanek ez dute akaburik. Gida-orria jaso eta irakurri, mila xehetasun interesgarri ez galtzeko. Frantziatik, Caendik ekarri zuten harria. Ikaragarri handia, 155 metro ditu luzeran. Ikaragarria altueran ere: largabista eraman behar da nerbioen junturetako tailak ikus ahal izateko; kameraren objektiboarekin ikusi ahal izan ditut nik, naif tankerako pila, bitxiak, aurpegiak eta loreak dira batez ere.
Eliza-esparrura sarrera harritzekoa da, ederra bai atea bera, bai aurreko zutabe eta etxeak, zizel-lan apartak.
Kanpotik: erromanikoaren sinfonia da kanpotik, ez bukaerarik ez neurririk duen arku ilarak, sekulako dorreak, fatxada zizelatuak, ateak... joan, ibili eta ikusi, parke atsegina baita eliza-buelta osoa.
Barrutik: bi zati nabarmen ditu, sarrerako hiru nabeko erdia bata, horma biluzi austerokoa, non hilobi pila eta bataiategi xarmanta dauden. Bigarren zatia korua da, non gidaliburuak arkuteria normandoa deitutakoa aitatu behar den: ez dakigu oraindik arkuteria normandoa bereizten; harrizko zeremonia-aulki zizelatu paregabea, aulkiteria sendoa, tailatua, aparta: baina ez da sekulako horietakoa; hilobi apartak alboetan. Zati bien arteko atea, korurako sarrera alegia, zizel-lan aparta da, santu-irudi tailatu apartez dotoretua. Kaperak: azpimarratzekoak dira, hainbat dira ederrak, baina fresko ikusgarriak dituena nabarmentzen da denen gainetik. Kripta, ikaragarri zabala, sendoera ezberdineko zutabeteriari misterio kutsua dariola, erdian kapera gotiko aparta eta kapitel landuko zutabeak: berez biluzia da baina bitxikeria eder ugariren gordailu, fresko hondakinak eta aldare gotiko xarmantak tartean. Klaustroa: sabaira begiratu behar da, erabat apaindua, nerbio pila, nerbio txiki motzen sare trinkoa, non juntura bakoitza irudi tailatu bat den edo armarri pintatua, medailoien erakusketa sekulakoa. Kapitulu-gela: erdi utzia dagoen arren sabai ederra du. Beirateak: elizakoak, kapitulu-gelakoak, zein klaustrokoak, sekulakoak dira osoki iraun ez duten arren.
Herri oso bat da eliza-buelta: ikastetxe, College edo School bihurtuta dago abadia izandako eraikin-sail ederra, denen artean ederrena normandoa omen mailadi bat. Mila pasabide, arku eta sabai azpi, labirintua dirudi: joan eta ikusi, ibilbide atsegina da.
Ate bakarra geratzen zaio, gotorlekua dirudien harri argiko handia. Badira harresiak, ez dugu jakin lehenengoz hirikoak diren ala katedralaren babes-hesiak, gidaliburutik jakin dugu hiriarenak direla eta zati luzeek dirautela.
3 ordurako hartu dugu aparkalekua, baina damutu zaigu, nahiz berandu: katedralak soilik behar baititu ordu horiek eta gehiago gozatuz eta patxadan ikusi ahal izateko.
Egun-pasarako hiria da; katedrala edo eliza, zein ikusi, aukera zaila da denbora mugatuarekin joan ezkero. Guk nahikoa izan dugu katedralarekin, badiren arren beste eliza batzuk. Penaz alde egin diogu, gustura egingo genuen egonaldi luze bat jendez bildurik kale-artean. Giroa aparta zegoen, eguraldia paregabea, apartekoak kale-arteko ibilirako. Erdigunetik urrutitxo genuen autoaren orduketak mugatu digu eguerdi luze pasarako eguna.
* Bisitari pila dabil, bor-bor jarri da hiri osoa, kale-sarea zein katedrala eguerdirako. Ez da kanpotar turista askorik, bertako bisitaria, igandezale ingelesa, da kaleak betetzen dituena. Eguna ere aproposa gertatu da, eguzkitsu epela.
* Guti dira kale-musikariak, ez da kinkila dendarik, kale-saltzaile bakarren bat besterik ez. Dendak irekita daude, jaieguna arren: bisitariek dakarte salmenta. Ez dira denda dotore, garestiak: jende xumea dator. Taberna eta kafetegiak bizi-bizi daude, pilpilean: herriak maite du tragoa.
* Bada gidari pitojole urduririk.
* Auto matrikularen zenbakia da aparkalekuan txartela eskatzerakoan ezarri behar den kodea, bestela ez du dirurik hartzen ez txartelik ematen. Emakume batek askatu digu korapiloa eta bere autoaren zenbakia eskaini.
* Ogia erostera sartu garen okindegiko gaztea aljeriar petoa zen.”nongoak?” galdetu digu, “euskaldunak”, “ni Baionakoa”, “Euskaraz?”, “nik ez, nire emaztearen gurasoek bai”. Baionakoa esanaz apaletan zuen likore botila erakutsi digu ikurrin batekin estalia muturra. Frantsesez egin ahal izan dugu ogi erosketa.
* Ikasle pila dabil katedral alboko school-bizitoki inguruan, neska eta mutil, bakoitza bere eraikinean banaturik, denak jantzi bereko. Etxe aberatseko seme-alabak behar horrelako tokirako, baina ibilera, jokabide eta berba-era arruntak zituzten. Aberatsa izaten ikasten ari den gaztedia. Gazte laukote batek frantsesez egiten zuen beraien artean, frantsesez ikasten ari dira, agian frantses eskola da. Hurrean baitaukate Frantzia.
* Eskolaume piloa, ingelesak zein frantsesak, zebilen katedralean. Ezin zen eliza lasaitasunez ikusi. Egiaz, zintzo bere gaia fin lantzen ari ziren taldeak izan dira, baina nahi eta ez zalapartatsu, zirrikitu oro betetzen zuten, argazkia ateratzea bera ostopatuz.
Herri-bideetatik egin dugu etxera. Bide estuak dira. Ez da herririk, dena da lurralde landua, mendi-muinoek osatua zati handi batez, zenbaiten gainetik ordeka zabal berde joria agertzen zaigula ikuskizun. Izan da %10eko gainbeherako aldatsa. Zaldi lasterketarako zelai ikaragarri zabal erraldoia, jauzi-hesi erraldoiekin.
Ashford: hiri zabala da, herri ororen taxukoa, eliza karratua nabarmentzen zaio, lau kantoiak dorretxo banakarekin dotoretuta.
Saltegi erraldoi horietako batean egin ditugu asterako erosketak. Berdinak dira denean saltegiok, erosoak atzerritarrontzat. “Zazpi egunez hogeita lau orduz zabalik”. Jai eguna arren, agian horregatik, jendetza zebilen erosketetan.
76 kilometro, hiri ikusgarri xarmant batera.
Kanterburyn izan ez dugun lasaitasuna gozatu dugu etxean. Isiltasuna jabetu baita kanpinaz. Txori-kantak betetzen du giroa, zozoen biribilketak batik bat, ez zen besterik arratsean. Hegan eginak ziren umeen zalapartak zein gaueko nagusien algarak. Gaueko zerbitzugunerakoan dena zen bare, zerua izarratu zegoen eta ilargia ia bere borobil osora gorantz. Mundua, nire baitakoa batez ere, eskuratu eta atzemana izan dut, une batez.
“Lur bat haratago”. Joan Mari Irigoien.
* “Hitzen bidez nahi baikenuke mundua, -kanpokoa zein barrengoa- eskuetaratu, eta atzeman, ...”. Zerbait horrelako errepikatzen digute aspaldion politikoek, “hitzen bidez”, baina azken herriotako testigantza eta adierazgarri denek, eskulturan, arkitekturan, herrien egituran, elizetan, literaturan bertan... Kanterbury lekuko, hitzaren aurretik beti armak dantzatu izan direla erakusten digute.
* “Eta orduan ikasten dugu ezer etxea desterru ere bihur daitekeela, amorioa desamorio”. Bada halako zerbait, baina azkenik etxerako desioz bukatzen ditugu bidaiok, etxeko desterruaren egarriz, atera gineneko desamorioaren amorioz.
* Zeren, nola denboraren seme-alabak garen, eta hitzak, orobat, gure seme-alabak diren, hala, denboraren bilobak dira haiek, ... eta denboraren menekoak, beraz, gu bezalaxe... Eta jaten du harrak, azkenean, hitza”. Jaten du, bai.