Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / BIDAIAK 2001. BRETAINA HANDIA

BIDAIAK 2001. BRETAINA HANDIA

Jon Etxabe 2022/07/11 18:05
HEGO INGALATERRA. KENT KONTERRIA

“Ingalaterrako lorategia” deitzen diote konderriari lurraldeko propaganda eta iragarkiek.

 

Urrutitik nabarmendu dira Dover-eko labar zuriak, erabat argi ia distiratsu dager Portutik Mendebal alderako itsasertza. Deigarri. Bestalderakoak ere zuria behar du izan baino belarrak edo zerbaitek estaltzen du.

Moila luze batek aurrez-aurre trabeska luzatuz, alde bietatik bidea utziz, babesten du portuko barneko egituraketa; babesgarria ez ezik gotorlekua ere badirudi, babesgarria itsasoari eusteko, gotorlekua berriz etsaiei aurre egiteko. Portu zabala, ferryentzako ohiko antolamendu erraldoia.

Portuan bertan aurkitu dugu autoarentzako erregaia, azken tantekin baikenbiltzan, nola moldatuko kezkaz. Gasolindegi bat bera ez dugu aurkitu Frantzian azken 100 kilometrotan.

 

Eguerdi-eguerdian sartu gara ezkerretik gidatzen den errepideotan: ez zaigu inola ere zaila gertatu ezkerretik ibiltze hori. Doakoa da autobidea; xumea, albo eta erdiko dottoretasunik gabekoa. Norabide bakoitzeko nondikoa banatzeko marra zurietan gauez argiztatzeko xaflatxoak daude, segurtasun neurriak. Berrikuntza lan ugari dago bideotan. Hasi gara bertako norabide iragarpenetara ohitzen.

Mendi-muinoak, baso kaskoak, zelaiak, lur landuak... Ez zaigu inola ere deigarri edo ezberdin iruditu lurraldea, ez digu bizipen berezirik sortarazten konderriak.  Behi aldrak daude larrean. Ugariak dira artaldeak ere: ez dituzte nonbait denak hil eta erre, milaka salbatu dira.

 

Kanpina.  Erraz aurkitu dugu. Izei-hesi garai eta trinko berdez banaturiko berdegune zabalez osatua dago. Zati batera mugatzen gaituzte gauden gutxiok, plastikozko xafla luzez gordeak daude besteak, bustia dagoelako agian, gurpilek hondatu ez dezaten belarra. Txukuna eta zaindua. Zozo batek egin digu lehen bisita. Ozena da txori-kanta. Kukuak ere jo digu, baina entzuna dugu jadanik aurten Etxarriko basoan. Heltzen zaigu tren-hotsa ere: gasolio motorrez dabilena behar du izan, motor-hotsa baita heltzen zaiguna, ez argindarrez dabiltzanen errail-hotsa.

Komunak aitatu behar: komun-ontziak ez daude zoruan ezarriak gureetan lez, horman itsatsiak baizik; papera ere ez dago erroilu borobilean, tolestutako paper-txatalak dira. Guti dira zerbitzu ontziak, baina oso garbiak.

Langile pila dago kanpinean, gaur dauden bezero gehienak langileak dira, arratsean hasi dira agertzen, etxatoietan daude, kanpina dute nonbait bizitoki. Beraien artean ez dute ingelesez egiten, etorkinak dira nonbait. Nagusiak dira. Telebista piztuta dute denek gauez.

 

205 kilometro, Bretainia Handian utzi gaituztenak.

 

Etxean geratzea erabaki dugu alboko herrira gabe, arratsalde-pasa lasaian. Gure gorputzek merezi dute hainbeste.

 

“Lur bat haratago”. Joan Mari Irigoien.

* “Baina fabulatzeko duen ahal horregatik ez balitz...”. Bidaiariak beharrezkoa du fabulatzeko ahala, antzinako ondasunez gozatzeko datu zehatzez haratago.

* “Edo erran diezazuket ezen gertaki bakoitzari usain bat dariola, aroma bat, gure baitan errotzen den halako sentsazio berezi bat...”. Berdin gertatzen da bidaietan, aurkitutakoarekin, aroma hori berezitu eta berreskuratzeko  ahal edo gai ez denak bidaiako plazer aunitz galduko du.

* “Aineza nik ere haren trebezia, nahi dudana edo nahiko nukeena behar bezala adierazteko...”. Aineza nik ere bai..., baina ezin dut.

 

 

Maiatzaren 4a.   Ostirala.  3.a-I:2.a

 

“Puskak biziz” Juanjo Olasagarre:

* “Ezkondu eta amnesia pilulen zale egin / borragoma itzelaren kontu harekin”. Urteak dira borragoma eta amnesia pilula hor dauzkadala. Bidaiok, sakonean, ezabaketaren aurkako ahalegina besterik ez dira.

- “Kurba normalaren erdi-erdian gaudek, azkenik”. Gu berriz azkenean, halabeharrez. Baina, bagabiltzak, kurba anormalki luze bukatuko zaigun itxaropenez.

 

Lanbroa. Hala behar zuen lurralde honetan.

Joan dira auzokideak. Autoz pasatzen ikusten ditugu. Lanera seguru aski. Bada komunera oinez doan bakarren bat ere, baina bakardadea dario inguruari. Etxatoiok ez dute ataririk ez apaindurarik, etxatoi biluzi soilak dira, paso-pasokoen bizitokiak, bizilagunok ez dira hemengoak, ez dute hemen luzatzeko asmorik bertan bizi behar badira ere, agian luzaroan. Beste nonbaiten eta beste era batetara nahi lukete bizi seguru asko nola ez..

 

Londres dugu helburu. Trenez goaz. Erosoagoa izango zaigulakoan. Hotz ikaragarria egiten du trenerakoan, hezurretaraino sartu zait hotz-dardara, erabat deseroso sentitu naiz. Kosta zaigu baina ikasi dugu autoa non utzi, nire ingelesa eskastxo dabil lehen harremanotarako.

Aspaldiko partez gabiltza trenez, baina uxatu zaizkigu hurrengoan trena hartzeko gogoak. Ze nolako zaplastada: 9 mila pezeta kosta zaigu joan-etorriko txartela. Bidaia goxoa izan da, lasaia, barea, inguruari ardurarik gabe begiratzeko patxadan, ia zirkinik ere ez baitu egiten eserlekuak.

 

Lurralde lau berdea, zuhaitz bakan ugariek eteten duten lautada. Sastraka zaindu berdeek  banatzen dituzte sail ezberdinak: koltza, galsoroak, fruta-arboladiak, lur iluneko sail landu berriak, baina batez ere belar sailak; ugariak dira artaldeak, bada artalde bat kanpineko sailetan ere, asteburuko bezeroak datozenerako belarra mozten. Zaldi-jauzietarako zelai bat ere bazen ibilbidean.

Etxe txikiak dira, bai nekazal etxeak bai herritxoetakoak, teilatu pikoko etxe ilunak, leiho zurien kontrastez ilunagoak; lehen solairua dute soilik, eta denek dute berdegunea atari. Denak dira itxurosoak, inguru narrasik bada ere. Nekazal etxeak edo nekazal girokoak nolanahi. Adreiluzko tximinia karratuak dituzte, gailur erdi-erdian kokatuta; tximinia sendoak dira zeramikazko tutu gorriak dituztela azken arnasbide. Aparkaleku zabalak dituzte ia herri orotan. Ez da kanpandorrerik herrietan, ezohizkoa gertatzen zaigu.

Bada eraikin deigarririk: hainbat nekazal etxek gehigarri edo luzapen zilindrikoa du, bat, bi edo lau kantoietan, teilatu koniko bat zaiela teilatu, eta konoaren muturrean halako txano zurixkara: zilo edo antzerako biltokia behar du izan. Ugariak dira luzapen konikook.

 

Oso beltz guti dabil trenean, azal zuriak dira bidaiari gehienak... orrazkera, janzkera, adin eta jite ezberdin orotariko bidaiariak goaz, bakarren bat lo, bada une batez zorronka egin duenik, burua  bular gainean erdi lo, irakurtzen, kalkulagailuarekin lanean...

Hondatuxea dago tren-bagoia, aspaldikoa izaki, zikin planta du gainera; norbaitek  gozoki-zorrotxoa bota du bai lurrera bai eserlekura. Jarleku ilara bakoitzak bere atea du, gure txikitan Debara udaran ateratzen zituzten bagoi aspaldikoen antzera, baina bagoi honek pasabide edo pasilloa du erdian.

Londresera hurbilduz mendi koskorrak agertu dira, baita 3 tunel ere. Londresko aldirietan hasi dira eliza-dorreak, ugariak, puntazorrotzak denak. Leihoetako kristalak bi zatitan banatuta edo erdibituta daude, zati txikia berdin dago goian zein behean, badu aireztatzearekin zerikusia, etxea ahalik epelen gordez aireberritzeko modu bat.

 

Londres.

Etxe eta kale artean doa trenbidea, garai, kale-etxeok mende hartuz; ez da giro egongo etxeotan tren-hotsarekin, seguruenik ez dira aberatsen etxebizitzak. Trenetik, beraz, izan dugu hiriarekin lehen harremana. Zubitik ikusi dugu Parlamentu famatua: oso inpresio kaskarra egin digu, arrunt, ilun eta tristearena: gure aurre-irudia bestelakoa zen, agian urrutiegi geunden. Lehen hiriari buruzko lehen iritzia ez da oso lilurakorra izan. Ingeles ikasketetatik ezaguna zaidan Charing Cross geltokian izan du bukaera treneko abenturak, nahiko abentura gerta baitzaigu trena hartzea autoa uztea lortu dugun arte. Ohizko geltokia, ohizko osagaiekin, uste nuen baino askoz txikiagoa eta arruntagoa.

 

Etorri eta ikusi egin behar da Londres. Ez zaio damutuko etorri izana datorrenari. Gure bizipenak aitatuko ditut nik, baina mila liburu dago zehazki zertzelada oro argitzen dituztenak. Kale-artean ibili eta ingurura begiratu, hori da egin duguna, gida-liburuari zehaztasunetan larregi lotu gabe, bisita-leku zein lokal konkretuetan sartu gabe. Azaleko begirada bizkorra, baina ahal genuen zoliena.

Kale-artera egin dugun lehen unetik izan dugu sentipen baikorra, lehen unetik egin zaigu erakargarria, osagai fisikoengatik, baita giroagatik ere: geltoki atariko zutabe bikaina eta eraikuntza beraren behaleiho xarmantak girotu gaituzte kaleko lehen urratsetik.

 

Trafalgar plaza. Zutabe ikaragarri garaia, bi ur-putzu zabal, zaldi gaineko brontzezko zaldunak, zutikako brontzezko morroskoa, Nelsonen zutabearen lau kantoietako lehoi erraldoi brontzezkoak... eta hegazkadan denak batera airea belzten duen uso-banda izugarria... Dena da erraldoia plaza erraldoian, den neurriz kanpokoa, bai osagaien tamainaz bai osagaion  ugaritasunez: Horma batean jarriak daude neurri ereduak ere, oina, oin-doblea, eta yarda. Bada niri ezer esan ez didan eskultura bat. Ur-tutuek ez zuten ur-zurrustarik, ezta urik ere azpiko askek.

 

White Hall kalea: harrizko handiak dira eraikuntzak, ederrak gainera; bertan dago ejertzitoaren agintaritzaren egoitza, non bi soldadu zaldizko diren turisten ikuskizun  eta jolas nagusi bere jantzi bizi eta estatua bailira zurruntasunez. Egoitzaren barne plazak erraldoitasuna du erakargarri, bertan egiten baitira parada militarrak. Lehen ministroaren kale eta etxe famatua ere bertan daude, herriarengandik bakartu eta isolatuta, ez du ezer esaten, politikoak herritik urrun bizi direla ez bada.

 

Parlamentua: sekulakoa da bertatik ikusita, inola ere ez treneko urrunetik ikusi duguna. Harri landua da horma oro, harri zizelatu aparta, artelan erakusketa horma-sail bakoitza, banan-banan  eta zehatz begiratzekoak lore, apaingarri, armarri, gizairudi bakoitza, denak baitira artelan bikaina; neurriak neurri, dorreko erloju borobil erraldoia hain goian egonik ere neurrigabe handia da behekoontzat ere, kanpaiaren eguerdiko 12 kanpai-hotsak  ozen entzun behar inguru zabaletik 13 tona ditu eta.

 

Westminster abadia: dirua ez ezik, ilara luzeko itxaronaldia ordaindu behar duzu barrura sartzeko: ez duela merezi erabaki dugu. Beste baten izanen da, gainera baditugu antzerako altxorrak zain bidaian zehar. Kanpotik ere ikusgarria da: ederra da alboko atari edo fatxada, ezberdina, errosetoi erraldoi bat zaiola deigarrien; sarrena nagusia landua eta ederra, irudi zizelatu ederrez edertua. Joan eta begiratu.

 

Sta. Margarita eliza: altxor aparta gordetzen du, triptikoa, irudi naif zizelatu pila, beirategi ikusgarriak, hilobiak... badu zertan begiak ezari eta zerez barneak gozatu. Begi zoliz begiratu behar da, irudimenean gordetzeko, ez baitago zeluloidean gordetzerik.

 

Tamesis ibaiaren ertzetik egin dugu oinez Londreseko Dorre famaturainoko ibilbidea. Luzeegia gertatu zaigu azkenerako. Bizi bizia da ibaia, baina zikina; zubi asko ditu, ederrak asko, funtzionalak besteak; ontzi-jatetxeak, gabarrak, bidaiari-ontziak. Barnealdetik eraikin klasiko eder dotoreak daude jende dotorea eta ahalduna bizi zenaren ezaugarri, ibaia aberastasunaren iturri eta atrakaleku izan zela erakutsiz.

 

Londreseko Dorreak eta Zubiak: ez digute ezustekorik eman, espero genuen tokian daude eta espero genuenak dira, hain baitira ezagunak historia liburuetatik batez ere.

Barnealdera egin dugu, kale-artetik egin dugu erdigune klasikora itzulia, ezustez ezuste egin dugu bidea: kale-artean itota dagoen zutabea, eliza, etxe eta eraikin moderno izugarri eder deigarri ezberdin apartak: arkitektura modernoaren ikastaro leku ezinhobea. “Justizia etxea” aitatu beharra dago, benetan ederra. Antzinako merkatuarekin ere egin dugu topo: aparta, xarmanta, ez dio inbidiarik Istanbulekoari egituraz, haren giroa da falta zaiona. Trafalgar plaza inguruan, Galeriaren atzealdean, bada oinezkoen kale-arte erakargarri xarmanta.

 

S. Paulo neoklasiko erraldoiak ez digu ezer esan, seguru aski kripta izaniko azpialdea kafetegi, jatetxe eta saltoki bihurtuta ikusteak ezik.

 

Picadilly Circus plaza: ez du ezer, desilusionatu egin nau, ustel egin dit nuen irudia, sentimendu ukitua baitu niretzat: elkarrekin erdi mozkortu ginen gau batean kontatu zidan Xabier Azurmendi zenak nola inguratu zen plazara Londresen suertatu zen batean pattar botila eskuan zuela; hippyekin  harmailetan eserita konpartitu zuen bere eta besteen edaria; bakoitzak zekiena egiten zuenez, berak erdira atera eta “Markesaren alaba” bertso-sorta osoa kantatu zuen, 14 ahapaldi direlakoan nago; txalo zaparrada jaso omen zuen: 24 ordu barru Uberako aitorlekuan zegoen. Pertsonek egiten dute sarri  maitagarri leku bat, ez arkitekturak edo artelanek. Tamesis alboan bada noria erraldoi bat: astiro-astiro, geldi-geldi dabil, bertan doanari ikuskizuna luzatuz: zoragarria behar du ikuskizunak bertatik.

 

Ler eginda bukatu dugu 7 orduko ibilia, mokadutxoa ibai ertzean egiteko geldialdia ezik denak oinezko etengabeak. Azkenean gidaliburuari begiratzeko ere alferra sartzen zaizu, hainbeste baitago ikusteko, hainbeste ezustek egiten baitizu begietara.

Eromena da Londres, nahiz ederra; jendez eta trafikoz. Eraikin modernoak eta kaleko zarata izan zaizkit ezuste eta deigarri, topikoetatik at. Nekatu nekatzen zaitu, baina aspertu ez. Sentipen oso baikorra daramagu: mila bitxikeria du begiratzeko, mila ate, leiho, balkoi, ateburu, taberna xarmant gozatzeko, eraikin paregabeak edonon miresteko. Inperio baten buru izana, mundu osoko aberastasunez profitatu zen hiria, munduko pobre guztien izerdiek sortutako altxorren gordailu. Merezi du Londresek bisita, doana ez da damutuko.

 

* Hizki zuri handiz idatzita dago zoruan, semaforoetan eskuinera ala ezkerrera erreparatu behar duzun, agian kanpotar asko dabilelako eta ezkerretik dabiltzalako autoak.

* Turista pila dabil, banaka zein taldeka, adinekoak zein eskola-bidaian datozen ikasleak. Edonon duzu Londresen turista aldra.

* Indiar asko dago, beltzak ostera guti.  Ezaguna da India Ingalaterraren kolonia izan zela.

* Estatua pila, edonon, brontzezkoak, handiak gainera gehienak: ahalguztidun orok nahi izan du iraun. Bestelako eskulturak berriz guti dira: Tamesis inguruan bada piramide bat: lapurtua dudarik gabe.

* Erruz dabil jendea kaleetan, turista nahiz bertakoa, kale orotan, dena da jendea, dena ibilia. Funtzionario edo bulegari tankerako jende asko ikusten da: trajez jantzita, uniformatutako uniformedun pertsonak. Trafikoa berriz zoratzekoa da: erabat nekagarria da alderdi horretatik Londres, hain da ugaria autoteria, hain gorgarria sortzen duten zarata.

* Taxiena ez da gezurra, denak dira, salbuespenik gabe, taxi topiko tipiko horiek.

* Behi eta ardien hilketen aurkako manifa batekin egin dugu topo erdigunean, Parlamentu inguruan, behi eta ardien mozorroak zeramatzatn askok, ez ziren asko baina oihu eta zarataz nabarmentzen zuten bere presentzia. Adin guztietako manifestariak, gizonezko zein emakumezko; baina ez zen umerik. “It is time to go veggie” dio manifestariek banatzen duten pegatina batek. Jantoki begetarianorik ez dugu aurkitu ba!.

* Londresko farolak, oso dottoreak dira.

* Kale komertzialetan ibili garen arren, ez diegu dendei erreparatu, ez zaizkigu nonbait deigarri gertatu ez salgaiez ez egituraz ez tentagarritasunez, agian nekatuegi geunden dendateria arteko ibilian.

* Turista-autobus pila dabil hiri osoan, estalki gabeko aulkiteria dute gainean, bisitariek erabilienak. Lineako autobusak ere bi solairukoak dira: iragana eta honi lotutako nortasuna gordetzen dituen hiria da Londres, identitatea galtzen ez duena. Erro asko eta luzeko hiria, zentzuduna.

 

Murriztu beharra ditugu Londresera bidaiak, trenezkoa oso garestia da, eta autoz etorriz ez dugu ikusi non aparkatu, eta kale-labirintoa eta bertako autoteria izugarria da. Museo Nazionala ikusi, Picadilly kalea zeharkatu, eta Hyde park ikustera joango gatzaio beste egun batez. Eta nahiko.

 

12 kilometro, geltokirainokoak.

 

Etxatoiz  eta dendaz bete zaigu kanpineko zelai nagusia, kanpamendu bailitzan bi erreskada luzetan erdigunean ibilbide zabala utziz. Bizi bizi dago giroa, ume-oihuek biltzen dute airea. Bizitasuna dario kanpinari atzoko tristuraren ordez.

Katamixarra ibili zaigu enbor batetan lehenengo, belartzan ondoren gutaz arduratu gabe: horrelako aukera guti eskaintzen du gar egun naturak, Madrileko El Retiro parkean ezik.

Beterantz doa ilargia, gizenduz, baina nekatuegia nago gaueko zerbitzugunera ibiliaz gozatzeko.

 

“Lur bat haratago”.

* Joan Mari Irigoien. “Amets batek uzten ez bahau, guztia arriskatu behar duk ametsaren alde”. Bidaiatzea da gure ametsa, ez gaitu uzten oraingoz, baina ez dugu ezer arriskatu behar amets honen alde.

* “Mutilak ez ahantzi ezen artelantxo horiei olagizonen izerdia dariela bazter orotatik, zere batzuek infernua bizi behar izaten baitute, besteek zerua goza dezaten”. Bion burutapen sarria bazterretako edertasun eta artelanak ikustean.

* “... eta infinitua ez zegoen nehola ere atzematerik”. Ez baita existitzen. Jainkoa asmatu zuenaren entelekia besterik ez da. Denak du neurria nahiz gizakiak oraindik neurtu eta mugatu ezin.

* “Galdua dagoena galdua zegok eta  denboraren kontra doana ere galdua zegok”. Bidaiotan denboraren kontra ote goazen otu izan zait aldizka.

* “Nor zen nor inguru haietan, jaunak beti jaun eta menekoak meneko”. Ibili garen lurralde orotan da horrela. Gizartearen berezkoa eta muina dirudi, ahaldunen asmakizun inposatua bada ere.

 

 

Maiatzaren 5a.   Larunbata. - 4.a – I:3.a

 

“Puskak biziz”. Juanjo Olasagarre: “Eta horretan gabiltzala auskalo zergatik / desitxuratu, maiki, elbarri, ezin, ...”. Baina bagabiltza. Ez da guti garai eta adin hauetan.

 

Ezpel-hesiak, artez moztuta goitik zein alboetatik, hormarena egiten dute, harresi garai berdeak bailira.

“Spanish” esan dio aita batek mutikoari gure autoari buruz. Une berean deliberatu dugu ahaztuta genuen EH eta ikurrina jarri behar dizkiogula autoari.

Argi zamarra jaio zaigu eguna, gutxienez ateri dugu, haizea berriz fina.

 

Bidegurutze borobila erabat bertaratu da Ingalaterran ere, frantses asmakizunak bideratzen du zirkulazioa bideak gurutzatzen diren edonon.

Auto asko dabil errepidean herri inguruetan, larunbata izaki. Jadanik ezaguna zaigun herri mota aurkitzen dugu, herritxo erakargarriak: horrelako herriak osatu dituen gizarteak ezberdina izan behar du, bai bizieran, bai pentsaeran, bai jokabidean... nolabait kultura osoan. Etxetxo atseginak dira herriotakook; bi zatiko leihoak dituzten eta luzeetara irekitzen dira, goialdea barrura eta behealdea kalera.

Berdina izaten jarraitzen du lurraldeak. Izugarri zabalak dira koltza sailak gaurko inguruetan, artaldeak berriz ez hain ugariak. Loratuta daude gereziondoak. Zuhaitz ilarak dira sail ezberdinetako muga. Berriak dira granjak, baina bertako erara jasoak, dottore plantakoak, direna diruditen dutenak.

Atzo aipatutako etxeen osagai zilindriko zenbaitzuk etxe-bizitza bihurtuta daude, leiho eta guzti; Punta edo tontor txortena zuria da, zurezkoa, goitik beheran erdibitutako konoa, ohol luze bat ateratzen zaio albo batetara non zaldi baten irudia ikusten den. Zaldiekin du beraz zerikusia gehigarri zilindrikoak eta teilatuko txorten zuriak arnasbidea behar du izan. Banaka ugari ikusi ditugu gaur, baina autotik soilik, ez dugu errepidean geratzerik hurretik ikusi ahal izateko. Eraikin berrietan karratuak dira gehigarri edo zaldi-kortok, bere arnasbidearekin.

Ezkerra zaindu beharrez, lotuegiak goaz oraindik errepidera, baina erabat ohitzen goaz, buruak agintzen digu oraindik errepidean, ez berezkoak.

 

Hanka-sartzea egin dugu bidegurutze batean, arrastoan ondo sartuta genbiltzala desagertu egin zaigu gure A20 errepidea Maidstonen, herritik harantz luzatzen bada ere mapan. Galdetuz ere ezin gara moldatu; argibideak argibide, eromena bihurtu zaigu norabidea, baina azkenik, ernegu batzuk ondoren, gure kabuz irten ahal izan dugu  labirintotik.

 

Maidstone herri handia da, ingeles petoa, lehen solairuko adreiluzko herri gorria, gure begientzat oso atsegina

Irrista-gailu zuri estuok heldu dira hona ere.

Rochester hiriaren bila ibili gara, errepidea nondik ote, eta hara non bertan ginen. Lasaitasuna darie herritxooi, nik ordea ernegatu egin dut Maidstoneko noraezean.

 

Rochester. Jakinda ere egun ezin aukeratuago batean joan gatzaio: Sweep, tximinia garbitzaileen jaietan daude, udaberriko jaiak seguru aski, eguraldi epela etortzean beheko suak itzali eta tximiniak hurrengo negurako garbitzen ziren garaiko ohituretako jaiak. Festarako aitzakia bilatu ohi du herriak.

Ibai zabal baten alboan dago kokatua, itsasotik gertu, ontzi asko dago ibai erdi-erdian nolabaiteko moila luze batean lotuta. Izugarri zabala da hiria, inguruko mendi-muinoetan zabaltzen zaio zuhaitz artean etxetxo baxu samarrenen teilateria iluna. Ikuspegi aparta erakusten dute aparkalekutik ibaiaren bestaldean hiri zaharreko gazteluko gotorleku karratu sendoak, katedralak eta ibai kontrako normandoen harresiak. Elkarren kontra, bat bakarra bailira, hiru zubitzarrek, trenbidea bata, burdinazko dotorea bestea, zementuzko arrunta hirugarrena, ahalbideratzen dute alderdi zaharrera pasabidea.

Zaharrean izan dugu jaien ezustea. Bor-bor daaude kale nagusia eta bere inguruak, txatarrez jantzitako dozenaka koadrilak, elkarri txanda eskatuz, bata bestearen ondoren folklore dantzetan, kale-kalean, dozena bat kokagune ezberdinetan. Tipo bakar berezirik ere bada, baina koadrilaka dabiltza, koadrila bakoitzak bere janzkera propioa du, ezberdina, baina denak txatarrez edo adabakiz eginiko jantziekin. Aurpegiak beltzez edo kolore ezberdinez koloreztatua. Zaharren, helduen, gazteen, umeen, zahar eta gazte nahastutakoen... koadrilak, kontaezinak, gora eta behera edo txanda zain. Koadrila bakoitzak du bere musika osagaia: soinu txikia, soinu handiak, eskusoinu txiki antzinakoak hauspoak bailira, txirula, biolinak, korneta... era guztietako musika-tresnak. Doinuak batzuk motelak, besteak bizi-biziak, trikitixaren antzerakoak... Makila-dantza, arku-dantza, zapi-dantza... doinu, erritmo eta koreografia ezberdinez antzeztuak. Txilintxoak daramatzate bernetan gizonezkoek gure espata-dantzariek bezala, zurezko zolak edo oinetakoak ere bai askok, musika eginez eta erritmoa markatuz. Makila-dantzan indarrez jotzen dituzte makilak eupada biziak botaz kolpatzerakoan. Dena da oso herrikoa, dena da xumea, handikeriarik gabe. Gozatzen ari dira denak. Oso jende nagusia ere, gizakume zein emakume, hor dabil dantzari edo soinujole. Denak alai eta harro, erabaki osoz  ateratzen ziren kale erdira dantzara. Nabari da oso errotutako jaiak direla, tradizioa handikoak. Hiru egun irauten dute. Ikusleena baino dantzari eta musikarien jaiak dira, ikusle eta bisitariena baino.

Bisitaria edo ikuslea ere erruz dator, bertako jendea, herritar-herritarra. Ugariak dira txosnak, non saltxitxak eta ogitartekoak eskaintzen diren. Garagardoa da edaten dena, erruz edan ere, batez ere dantzari eta musikariek, metal zuriko edalontzi handietatik. Jendea gora eta behera dabil, talde ezberdinei begira, hemen geratu eta beste hartara joan, txaloa jo eta garagardoa edan. Izozki gozoa aurkitu dugu guk.

Pare bat ordu izugarri atseginak egin ditugu hirian. Alde egitean han gelditu dira dantzan, edo dantzatzeko zain, edo koadrilak kalean gora eta behera umorez.

 

Harro geunden espata-dantza eta enparauak geure-geureak zirelakoan. Eta dira. Baina baita besteenak ere, ez dira gure esklusiboak. Nondik ote datoz batzuk zein besteak.

 

Katedrala. Erromanikoa. Bitxia eta ezberdina egin zaigu: normandoa dela irakurri dugu. (Ez dugu aurrez irakurtzen ikustera goazenaren zertzeladarik, ikusten duguna besterik gabe ikusi nahi dugu, interferentziarik gabe, ikusten dugun heinean irakurtzen ditugu zertzeladok argibide eta osagai bezala). Ingalaterrako ederrena omen fatxada, baina atariko dantzariei begira ez diogu erreparatu, ze pena!!!, aurrez ez irakurtzearen ondorioa. Sarrerako ate gainean, arkuteria definigaitz ezberdin bitxia. Gotiko itxurako arkuak dira zoru gainekoak, goikoak dira, ordez, santu-irudi erromaniko petoak, baina zer den igartzen ez dugun zerbait ezberdina dute. Absidean tailatu ederren ilara erretaula lez, gainean organo erraldoiak estaltzen du alderik alde aldare ostea, bitxiki pintatua, bera bailitzan erretaula. Presbiterio ostean eliza bat dirudien kalonjeen korua, bertan erretaula paregabea, ate tailatu eder bat, gotzainaren zeremonia-aulki ederra, forma bitxiko gotzain-makulua, fresko handiak, eta hilobi pila non gainean gizakume tailatuak dauden deskantsuan, etzanda. Zutabe-basoa da kripta, xumea baina zabala: bada bertan organo txiki polita, tuteria pintatu batez bitxia. Hainbat harri landu.

Gotorlekua eta harresiak, han daude, hilotz eta biluzik. Keep deitzen dieten dorre horietakoa da, normandoen gotorlekua. Hemengoa omen da osoen iraun duena, Ingalaterrako dorreon adibiderik finena eta garaienetakoa. Klaustroa, berdegune atsegin bat besterik ez da,  arkuteria ezberdina du albo batean horman bitxiki itsatsia. Etxe eder bertako ugari kalean, begien gozamen.

 

Erretenik ez dute errepideek alboan, baina erabat garbi daude ertzok. Errepidearen zenbakia zoruan bertan idatzita dago sarri, honek asko laguntzen dio atzerritar gidariari.

Herritxoz herritxo luzatu dugu etxerakoa, oso geldo autoteria eta argi gorriak medio, honek herriei erreparatzeko aukera eskaintzen zigun. Argi-gorri eta borobil pila dago, horregatik doa bare zirkulazioa. Erakargarriak zaizkigu herritxook. Izugarri atsegina izan da itzulera: pospolinak dira etxeen beha-leihoak, benetan xarmantak; antigoaleko tabernek ere xarma dute, sartu eta garagardo ontzikada bat edateko gogoa ematen dute.

 

Rainhan. Herri xarmant-xarmanta, herrion osagai guztiekin, etxetxo bakoitza da bertako peto-petoa, baina bakoitza ezberdina. Elizatxo pospolina du, gotorlekua dirudi dorreak.

 

Bi kriket partida aurkitu ditugu: han zebiltzan zuriz jantzita pilotari kolpe eta korrika. Aldagela zuen zelaietako batek, hesiz bilduta zegoen, zelai ofiziala nonbait. Zelai soil bat zen bestea, han ziharduten ikuslerik gabe.

Kriket zelaiaren alboko zelaian artaldea, zuri jantzita hauek ere.

Sittingbourne. Eliza-dorrea du bitxia honek ere, harri argiko zorrotza, aspaldiko jitekoa.

 

Oso guti nabarmentzen dira bai elizak bai eliza-dorreak herri apalak diren arren.

 

Berrikuntza eta konponketa lan asko dago herri zein errepideetan. Gaur bertan mila unleightun izan ditugu: Europako diruak ote dabiltza hemen ere?. Aberatsek jaso ohi dute gehienetan pobreentzako diru-partidak. Aberatsek aberatsei laguntzen die batez ere, edo gehien, hitz politez desitxuratu arren faborezko tratu hori.

Espaloi gainean aparkatuta daude autoak herrietan, beste zenbaitzuk kalean bertan errepideari lekua janez,  ibilbidea estutuz eta ibilia zailduz.

Ardatz batean jiratuz STOP alde batera eta GO bestera duen xafla borobil handiez ematen edo mozten du bidea bidezain batek, asmakizun egokia kirtendun letreroekin ibili gabe. Beste herri batean iturri polit bat, arbelezko txaplatekin eginiko teilatu punta luze zorrotzarekin, gotikoa bailitzan. Gotorlekua dirudien eliza-dorrea, ez baitzaio kanpairik ageri.

Belar sail izugarri zabalak, sastraka-hesi berdindutakoz banatuak. Tarteka tximinia ezberdin politak, gailurra gainditzeko luze-luzeak, baina graziaz eginak.

 

Ashford. Etxeteria polita du errepide alboetan, luze, herritik kanpo, herri-luzapen gisa. Errepidea bera ere kale edo etorbide dotorea bihurtu dute. Badu ruby zelaia ere.

 

126 kilometro, herritxoz herritxo, gozatuz, nahasketengatik ernegatzen ez dugunean.

 

Zozo-kantuak betetzen du arratsa. Birigarroak ziruditen mota berdedun lau txori ibili zaizkigu zelaian, abiada bizian eta mokoka biziagoan, mauka zitzaien nonbait belartza ebaki berria.

Gaugiro paregabea litzake haize fin hotzagatik ez balitz. Multzoka estaltzen du lainoak zerua, baten ostean geruzak estalita lez ageri da ilargia bere borobil osoan,  bestaldekoak berriz gorriz tindatzen dituzte Asfordeko argiek.

Gautxori bihurtzen dira ingelesak ere asteburuan, berandu arte iraun dute hitzek eta algarek hesiaren bestaldeko etxatoian.

 

“Lur bat haratago”. Joan Mari Irigoien: “Zer da bizitza honetan jakintsu izatea, edo jakintasunaren jabe izatea?,”. Ezer guti dakigula ikasi dugu bidaietan, baina bada atzerrira nor handiago eta harroputz joaten denik, batez ere ondasun material gutiko herrietara doanean.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.