Bidaiez
Bidaiatzearen ederra II
Ametsa
“… ermitauaren ametsa da. / Goiz argi batean etxetik ateratzea, / motxila bizkarrean, kantu bat bihotzean, / eta gehiago ez itzultzea”.
Amets loratuak
“Barnean gorri / bizi energian / urdin / kanpo alderako menturan”
* Gauzatzen doazen ametsak dira bidaiak, esnatzen joatea bezala da bidaiatzea, amestutako utopiak erreal bihurtzen joatea, uneoro esnatu, esnatuz ametsak eskuratu, gauzatutako ametsa da bidaia bakoitza, pausoz pauso gauzatzen den ametsa, bizitza bihurtzen den ametsa.
* Egunen batean amesten duzun ia ezinezko bidaia gauzatuko duzu.
* Eginen bidaia beti da egia ederra, amets gelditzen bada ere.
* Bizi osoan iraun ohi du bidaiatzeko ametsak, amets hori hausten denean, bizitza ere haustear dago. Bizitzak berak, bidaia luzeena, bukatzera doan ametsaren sentipena uzten du amaieran.
* Amets bat da bidaia, egi bihurtu den ametsa; ameslaria bidaztia, ametsak egi bigurtzen dituen ameslaria.
* Zorionez amesgaitz asko ametsak besterik ez dira, bidaiak, aldiz, gauzatutako amets ederrak dira.
* Gure bidaiak ametsak ziren duela ez urte asko, sinetsi egin genuen eta egi bihurtu ditugu, sinetsi genuelako.
* Amets gauzatua da bidaia oro; pertsona askok aitortzen dute bidaiatzeko irrika, baina zein gutxik asetzen.
* Ipuin bat iruditzen zaizkit bidaiak; txangoak, ipuintxoak, aldiz, ipuin nagusiaren atal bidaia nagusiaren baitan.
* Ametsak abian jartzea da bidaiatzea, joan-etorriko txartelarekin, egunerokotasunaren itogin eroari aringarri bat dakarkiolako.
* Bidaietan dena da ikusmin heldu artean, dena gozamena heldutakoan, dena oroitzapena itzuleran.
* Errekan behera joatea bezala da berenez bidaiatzea, ametsak mamitzea delako, ametsak mailaz-maila eskuratzea, oparotzea, zeu erreka bihurtzea.
* Ez da “ez duk ikusiko”rik bidaiariarentzat; lilurak ernarazten dion ametsa bete ohi duelako: bidaiariak bete egiten ditu ametsak, bidaiariak amets egiten du, ameskeriarik gabe.
* Zer axola nork non aurrea hartzen dion, bidaioro esnatzen da bidaiaria ametsak gauzatzen.
* Bidaiak, amets loratuak, poema batetan sartu ahal balitza Parnasoa litzake turismo-gune oro.
* Opari-paper koloretsu erakargarrian bilduz doa, atzerriko pausoz pauso, ibilian, aberriko bidaiariaren "nik egingo nuke" liluragarri hura.
* Baliabide oinarrizkoak nahikoa dira bidaia liluragarri bat loratzeko; sarri gauzatu gabeko bidaia amestu soilei ere lilura darie, nolabait barnean edo irudimenean loratu ditugun errealitateak direlako.
* Norberari eginiko promesa gauzatzen doan erromesa da bidaiaria.
* Gida-orriek, gida-liburuek, bidaia-liburuek eurek, edertu egiten dute errealitatea, baita bidaiarien egunkariek ere; errealitate oro aldatzen da hizkiz biltzerakoan; oso gutxitan dator bat errealitatea eta iragarritakoa edo idatzitakoa, oso gutxitan gainditzen du ikusten duzunak irudikatu edo amestu duzuna.
Amesgile
“Beharbada ez orain, / beharbada ez aurten, / behar bada zati batean ez, / baina bai: egunen batean ...”.
* Hurrengo bidaiariaren amets beti bidaiaria.
* Gauak altxor amestuak aurkitzen jarraitzeko norabidea argitzen du goizalbako lehen bristadan.
* Bidaiatzea da bidaiariaren ametsa, bere zerua, bideak eta bizipenek egiten dute handi edo txiki amets hori.
* Udaberriak bizipoza esnarazten digu, bidaiara aterarazten gaitu.
* Garaje barruko gordean, isil eta geldi, hurrengo joanaldiaren zain, etxatoia; bidaiaria, aldiz, barnea oroipenez blai, txango berrien amesgile.
* Amets zapuztu gelditzen dira bidaia amestu gehienak, baina nolako poz-irri, begi argi, eleketa bizi, bizi-gogo kutsakorra nabari zaien bisitari gehienei herrietako zirrikituetan; bidaia gauzatu batek mila amets zapuztu gainditzen ditu.
* Amets ustel gertatu ohi da zenbait bidaia.
* Luzea, inola ere ez mengela da bidaiariaren ilusioen kandela.
* Ahituezinak dira bidaiariaren ametsak; bidaia egunak dira ahitzen zaizkionak bidaiariari; eta sosak.
* Ametsak betetzea da bidaiariaren xedea, norberari eginiko promesa gauzatzen doan erromesa da bidaiaria.
* Ez da inor zerbaitez sinesten ez duenik, ez da sinesgaberik, denok dugu jainkotxoren bat bizitzan.; eskerrak!.
* Motxila bizkarrean hartu eta bidera ateratzea da bidaiariaren ametsa, baina itzultzeko asmoz; ihesa litzake gehiago ez itzultzeko ametsa.
* Ametsa besterik ez da zenbait bidaia bizitzan, amets hutsa edo bizitza bihurturiko ametsa, egi bihurtu den bidaia hori amestu bezala ateratzen ez bada ere beti.
* Zer axola nork non aurrea hartzen dion, gogoko duen ibilbidean kulunkatuz hartzen du loak bidaiaria gau oro.
* Edonora doala ere amets batek darama beti bidaiaria, ez da beti amets bera, baina beti da ametsa, ametsa eskuetara ekartzen dakiena baita bidaiaria.
* Zein ederra bidaia aurreko garaia, prestaketako lilura; mila kolore eta argitasun dute bidera aurreko egunek!.
* Ametsak ematen dio bidaiariari mundua korritzeko haina adore, amets berak aberriko egunak bizitzeko kemena ere.
* Bukatu da bidaia beste berri bat erne da ikusminean.
* “Ezer ez litzake biziko, ezer itxaroko ez balu”, ametsik gabe ez dago bidaiarik, bidaiak berea du lilura.
Lilura
“Ezer ez litzake biziko, ezer itxaroko ez balu”,
Edertasun izpiak
“Oraina egunero jaiotzen den promesa bat da./ … / Oraina umezurtz jaiotzen da egunero”.
* “Eta edertasun hura, ezin ederrago”, Eskoziako fiordoak!.
* Ederra da bidaiatzea, baldintza, osagai eta baliabide oroz gain bidaiariak berak bizipoza badu.
* Abentura berri baten ataka da bidaiako goiz bakoitza; oraina, bidaia abentura bilakatzen jakin behar den unea.
* Edertasunaren izpiak agertzean datza bidaiaren lilura, bidaiariak ez daki noiz, non eta nola agertuko zaizkion dir-dir beteriko une horiek, horregatik da nekaezina bidaiaria
* Ez notiziarik, ez eskutitzik, bakardade barean datza batzuetan bidaiaren lilura.
* Kezka eta irrikia, bidaia aurreko sentipen kilikagarriak, bidaiariaren akuilu.
* Oren sakratu eta sorgindua aurkitzean datza bidaiaren xarma.
* Bizitza argitzen duten zorion-zuzia dira bidaia-asmoak.
* Ametsik gabe ez dago bidaiarik, bidaiak berea du lilura.
* Irakurtzea, bidaietako liluretako bat.
* Ilargia, bidaietako gau geldoetako lagun maitagarria.
* Bizitzak kaka hutsa dirudi tarteka; agian, baina bidaiatzea simaurreko lore liluragarria da.
* Bedi espejismoa bidaia, gozagarria dirauen bitartean !.
* Izaten dira bidaian halako une hunkigarriak, barnea paralizatuta bezala geratzen zaizuna, edo bizipenez eta emozioz gainezka, zergatik ez dakizula.
* Kilika ari da beti ingurua bidaiariaren bihotzean, tximeletak ari zaizkio beti koloretsu inguruka, idiak aldaz gora bezain geldo dabilenean ere.
* Halako sentipen indartsuak harrapatzen du tarteka bidaiaria, natura, artelan, eraikin, hiri, herri, eta zenbait pertsona edo hiritarren aurrean; Dublineko kale batean herria uholdean futbolera joaten ikustea sekulakoa zen.
* Bidaia bakoitzak du bere usai propioa, ez da bi bidai usain berdinekorik, ez da bi egun berdinik ibiltariarentzat, egun bakoitza da berezia bidaian, une bakoitza da bakarra; horrek denak egiten du bidaia bakoitza nortasun propiokoa, errepika-ezina, gerora denboraren geruzak kolorgetuko baditu ere.
* Bidaia prestatzea edo bide ondorengo oroitzapenak badakite bidaia bera bezain ederrak izaten.
* Mila izar dakusa bidaiariak bere talaiatik, ipar-izar bat oparitu dio gauak galdu ez dadin.
* Nora zehatzean pasatu ohi du zenbait bidaiarik ibilbidea, baina bada egunero ibilbide berria bilatzen duenik, hirietan eta bidetan galtzen dakienik, nora ziurrak baztertuz; magia izan ohi dute ibili mota horiek eta aberatsagoak ere izan ohi dira, asegarriagoak behintzat; bide eta kale gurutzeetan galtzen jakitearen lilura!.
Ziztadak
“Guzti hark esperientziaren betetasuna sentiarazten zion, emozio sakratu bat bere bizitzako beste ezertxoren antzik ez zuena”
* Zein luzeak ibilbide motz batzuk, zein motzak beste luze batzuk.
* Ederra da bidaiatzea baldintza, osagai eta baliabide oroz gain bizipoza badu bidaiariak.
* “Zorioneko zorion ezin zoriontsuagoa bai hura, ditxazko ditxa eta felizitatea”: Bidaiak eman ohi ditu zorion, ditxa eta felizitateak.
* Badira estualdiak bidaietan, zeinetatik irtetzea bilakatzen den uneko premia eta zeregin bakarra.
* Bidaiatzen duzunean ez ez da akigarria bizitza, nekatzen bagara ere.
* Akabuan hain monotonoa omen guztia, bidaiak, aldiz ez du monotoniarik, bidaiako zenbait une monotonoa bada ere. Bidaiak badu nekea, monotoniarik ez. Akabuan ere oroitzapenak, argazkiak, egunkaria, filmaketak, lagunentzako kontakizunak,... geratzen zaizkizu. Ezuste batengatik akaba daiteke bidaia, monotoniagatik sekula ez.
* Ibilia beti doa egunak zenbatuz, labur utziz arratsalde oro.
* Toles-gune gordeenean betirako atxikita geratzen zaizkio bidaiariari ibiliko zenbait lipar errepika-ezin.
* Urte guztiak haina gozamen ekar dezake bidaia batek, pentsatu dut, ondoren baina, antzua eta tristea litzakeela horrelako urtea iritzi diot, bidaiak bezain oparoak behar dute izan urteko egun guztiak, bidaia deserturik handiena bezain zabala baina aldi beran lorategi ezin beteagoa izan dadin; urtea desertu zaion bidaiariari desertuaren luzapena izanen zaio bidaiatzea ere.
* Ederragoa egiten du bizitza bidaiatzeak, eta bidaiari sena duenak arina eramaten du maleta.
* Bizitza handia dela da bidaiariak sarri izaten duen sentipena.
* Baldintza gaizto, osagai eskas eta baliabide urriz gauzatu bada ere, eder da beti burututako bidaia oro.
* Misterio baten aurrean bezala anpolai begiak jartzen zaizkio bidaiariari herri berri batetan sartzean, monumentu baten aurrean, edo artelan bati so geratzen denean.
* Atseden kolorea da berdea ordeka mortuan, palmadiaren kolorea, bizitzaren kolorea, uraren miraria.
* Lurralde zapaletako tantaiak, altuak, baina ez marjinalak, lur zapala harrotuz paisaiako indar goranzkoak baizik.
* Bidaiaria bera ere nahiko estanpa harrigarri da sarri.
* Baldintza gaizto, osagai eskas eta baliabide urriz gauzatuta ere, eder da burututako bidaia oro.
* Bidaian ez dago, ez du egon behar, ziurtasunik, egun eta une bakoitzak eman behar du bere ezustekoa, une horiek dira bidaiaren txinpartak.
Barne kilima
“La arquitectura, solo por sí, puede hacer feliz a un hombre”
* Zenbait eraikin ikustearen plazera!.
* Pozkor doa bidaiaria txangora, nora doan jakinez, zer gertatuko ezjakitearen abenturara badoa ere.
* Ezusteko aurkikuntza xaloak dira bidaiako edertasunik xarmant kilikagarrienak, gidaliburuek aipatutako edertasun famatuen atzetik gabiltzanean ere.
* Erabatekoa da isiltasuna kanpalekuan gauez, ordularia bera ere musika-kaxa ozena bilakatzen zaigu.
* Udaberriko bidaiak bidaia berdeak dira, bidaia fotografikoak agian, baina ametsak sortarazten dituztenak, amets berde bizigarriak.
* Giro berezia dute bidaia batetako azken egunek, amaieraren giroa usnatzen duzunean, begirada batez igarotako egunak biltzen dituzunean, aurrera begira ibilbiderik erabaki beharrik ez duzunean; laburpen egunak, altxorra gordailuan sartzeko tenorea; egunak arin joan diren sentipena, heldu ez gatzaion txokoaren pena, herrimina ... kitto bidaia; aldi berean, baina, ernetzen hasten zaizkizu hurrengo bidaiaren kimuak, itxaropenen, ametsen egunak; liluragarriak dira bidaiako azken egunak, Mendebaleko ortzian doan arrats gorriagatik, Ekialdeko zeru-marran argitzen hasten den egunsentiagatik.
* Ura irristan erreka zabalean, uharren soinua txori-kantuarekin balada berean bilduz, umeen bizibehar deiadarrak, nagusien solas aspertua, eta ni errekan zehar oroitzapenei ataka irekiz: bidaiako une goxoak.
* Ametsak bizi, bizia amestu, ibiltari bidaiariaren gorputzean Ulises bizi da.
* Bidaia, bidaiatzea, zuek zarete bidaiariaren amoranteak.
* Abentura eta misterioa, bidaiaren xarma.
* Ezusteak dira unerik ederrenak bidaian, ezusteak ere trantzerik zailenak, bidaietan ez da inoiz jakiten eguna edo ibilia nola joanen den, are gutxiago nola bukatuko den, “auskalo zer” hori da bidaiaren piperra eta gatza.
* Udaberriak musika du nonahi, sinfonia dario Hungaria berdeari.
* Zeintzuk eta nolako ote hurrengo bazter eta monumentuak?, bidaiariaren uneoroko lilura.
* Hasi da txori-kantua, oilarraren kukurrukua, eguzkitsua dator eguna, udaberria atejoka datorkigu, udaberriaren atzerriko esnatzea sentipen goxoen iturria da bidaiariarentzat.
Zorion lipar
“Abian, aldiz oinez, gogoz gehienetan / asekaitz, nola ez / oroitzapenetik ametserat / askatasuna, osasuna, artearen lilura / sentitu eta bizitu nahiz”
Izarnia
“Nik barrua astintzen duen zoriona maite dut, / ez kezkak baretzen dituena. / Askatasunaren ondorioa den zoriona, alegia”.
* Zorionekoa bidaia zorion iturri, bizipozaren txingar, zaion bidaiaria.
* Zorionaz izena baino ez dakigula dioen filosofiaz harago, bidaiatzearena bada zorionaren izpi bat behintzat.
* Zoriontsu sentiarazten gaituzten ibiliak dira bidaiak.
* Barnea bor-bor, kezkak, erabaki beharra, dudak, … horiek dira bidaiaren ohiko osagaiak; bidaiak zorion izpia dakarkio bidaiariari.
* Une batez zozoak eta bidaia-kide biok izan gara kanpalekuko bezero bakarrak: baina hor da ihintza, hor txori-hotsa, hor kolore berde joria, hor zeruko lainoak, ... natura osoa bizi da, zozoak bezain tirtiri agertzen ez bada ere: bidaiako bizipen goxoak.
* Badira segundo edo minutuetan neur ez daitezkeen uneak, gune horiek dira bidaiaren legamia, azukrea, gatza eta piperra, anima, bidaiaria asetzen duen segundo edo minutua, bere barne-muinean lilura erein duen istant bat.
* Natura zein gizarte, inguruarekin elkartzen den bidaiariak biziko du zorionaren zatitxo bat.
* Oren sakratu eta sorgindua aurkitzean datza bidaiaren xarma.
* Zoriontsuak izan ohi gara bidaietan, zeruko zatitxo bati atxikiak bezala, paradisuko bidezidor galdu bat aurkitu baikenu.
* Denbora bat du bidaiak, baina denborarik ez balego lez gozatu behar du bidaiariak oren bakoitza.
* Denbora bat du bidaiak, baina denborarik ez balego lez gozatu behar du bidaiariak oren bakoitza.
* Denborarik gabeko denbora hoiek aurkitzen eta gauzatzean datza bidaiako gozamena, une hoiek ematen die bizigarritasuna bidaiari.
* Gertatzen zaio bidaiariari begi lausoegiak izatea aurrean duen edertasunerako, nekeak, bestelako ardurak, barne gaitasunik ezak, giza dotorezia ezak, hainbat gabeziak eraginda; zenbat gozamen aukerak ihes egiten digun bidaietan.
* Bidaiariak beti eta edonon aurkitu ahalko du maitatuko duen xehetasunen bat, hordituko duen edertasun izpiren bat.
* Bidaiariak beti du zerratzen ez den tabernaren bat, mapako edozein borobiltxo zaio itsasargi baten dir-dir deigarria, herri oro baita bidaiariaren maitale.
* Hainbat unetan izarniatzen zaizkio bidaiariari, kanporatzeko gai ez bada ere, sentipen zirraragarrien egunsenti sakratuak, bizitza osoan eragingo diotenak, oroimenean galdu ondoren ere.
* “Merezi izan dik bizitzeak une hau bizi eta ikusi ahal izateko” esaten du tarteka bidaiariak.
* Ilgora batetan kanpineko arboladian izarrik ikusi ezin ahal eta hondartzara egin nuen izarrak begiratzera, Iñaki gogoan: une hunkigarria izan zen.
* “Erregearen platerean etzan zen ilargia. / Doi doi lokartzen zihoalarik”, “itsasoaren urdina urre bihurtzen”, ilunabarrean, laba goria zen itsasoa.
* Bakardade sarkorra du kanpinak gauerdian zerbitzugunera bidean, ezer bizi denik ere ezin igarri, ilargiak lasaitasunez biltzen duela zuhaitz artetik.
* Ze une kitzikagarria den bidaiariarentzat, paisaia, artelan edo giza agerpen baten aurrean, denbora gelditu bailitzan, ingurutik ere at, ahozabal, lelotuta lez, mutu, geratzen zaren une hori.
* “Este simple mirar y ver, pararse y caminar, reflexionar y decir”, ibiltariaren zoriona.
Ostadar
“Bidaiari lotzen zara, beraz, bidaiari / nahi eta ezinaren jomugan”
* Bidaiaria haizea bezain libre litzake, nahiaz harago langarik ez balu.
* Bizipozaren lorategi behar du bidaiariak, bere barne kolorez argitzen jakin behar du aurkitu eta ikusten duena, bihotzean ehortzitako poz hoiek aurkitzen.
* Bizitzan bezala, badira ordu handiak bidaietan ere!
* Plazera behar du izan bidaiak, ez masokismoa; bizipoza ez dakarren edo bizipoza eragiten ez duen bidaia, ez da bidaia, ala behar dute abenturazko bidaiek ere.
* Bidaietako ordu ederrak mundu honetako egia argiak dira, nahiz ez bakarrak.
* Goizeko dutxan, zaparrada epelaren pean, zain duen eguneko ibilbidea altxor bilaketa gozagarria bilakatzen da bidaiarentzat, haur jolas bat bailekarkio urak, bilatu-aurkitutako altxorren oroitzapenez blai.
* Bidaiako une hunkigarrienak, doi eta gutxitan sortzen direnak, bidaiariak amesten dituenak, “Txilibitu hots ozena, / zorrotz, apala / bihotzean / negarra sorrarazten didana”, aingura lez bihotzean katigatzen diren sentipenak sortarazten dituzten uneak, “Bizitzari / askoz gehiago / ezin zaiola / eskatu / uste dut: / benetakoak diren / une / horiek”, negarra baino lilura sortarazten dituenak.
* Jai da kanpalekuan, belartza jolasleku, etxolak jendez beterik, oporretara ahal dugulako irribarreka, urteko hautsak astintzeko garaia.
* Udaberriko ibilaldia gozagarria izan dela esango dugu aurtengo udan ere.
* Maitasunez beteriko ordu txikiak usu ohi ditu bidaiariak, karriketan zein lur zabaletan.
* Isilpozez doa ibiltaria ibilbide berrira, beti jakin-min eta ikusmin, erantzunak gehienetan urriak badira ere.
* Oilarrak kukurruku egin du egunsentian: bidaiako plazer txikiak
* “Fabien eut desiré vivre ici longtemps, prendre sa part ici d´eternité, car les petites villes, ou il vivait une heure, , … lui senblaient eternels de durer en dehors de lui”. Bidaiariaren noizbehinkako sentipen lasaigarria.
* “Il errait parmi les etoiles accumulèes avec la densité d´un tresor”. Hala ibili ohi da bidaiaria liluratzen duten edertasunen artean, edertasun horiek ezagutzeko bizi izan delako zoriontsu.
* Ikuspegi bat, bitxikeria bat, sentipen bat, harridura bat, irudi bakar bat, harreman soil bat, ... istant bakar batek justifikatzen du sarri bidaia osoa, gau bakarrak bizialdi osoa balio dezake, bizitza osoa balio du zenbait bidaiak, bidaia bateko zenbait unek ere, "Ez elkarrizketa luzerik, baina usaiako bonjour! bonsoir idor horietatik haratago, comment ca va? eta holakoak, mundu hetsi eta hotz horretan, epeltasun pittat ekartzen dutenak", ibiliko zenbait une oso labur baina bereziak: ikuskizun bat, gertakizun bat, egun osoa, bidaia osoa ere, merezi dutenak.
* “Guzti hark esperientziaren betetasuna sentiarazten zion, emozio sakratu bat bere bizitzako beste ezertxoren antzik ez zuena”, barnea paralizatuta bezala geratzen zaizun halako une hunkigarriak, bizipenez eta emozioz gainezka, zergatik ez dakizula.
* Ikusi du arratsalde argia, hamaika aldiz ikusi du bidaiariak, hamaika herritan, hamaika bider alde egiten, hamaikagarrenez, berriro, alde egiten ikusiko duen lekutarantz.
* Egoera bereziak konta ahal ditu bidaiariak, ez du ezer asmatuko, ikusitakoak jaso besterik ez du egingo: ikustekoak zeuden gaur andre-gizonak etxatoi aurrean eguzkira begira eserita biak, emaztea hankaluze; buru-alboka lo, berriz, gizona auskalo non galduta begirada, eta bien erdian aulki gainean kaiola handi batetan loroa, totema bailitzan, hau ere eguzki epeletan gustura, eta isilik.
* “Trumoiaren zain”, S. Juan egunez Ingalaterrako nonbaiten irakurriko dut poema hau S.Juan sutxo sinbolikoaren aurrean.
* Gogoratzen ditu bidaiariak organo-jolearen saiakerak edo koru baten kontzertua katedral bati bisitan suertatuak, harri zizelatuek eurek, artelanek eurek, hitz egingo balute bezala, dimentsio berri batez argituz barrena; gogoratzen du tartekako kontzerturen bat herri batetan egunari bukaera bikainena eskainiz; edo gogoratzen ditu kale-arteko fanfarreak zenbait herritan, oin nekatuak arinduz; edo arrats hartako kontzertua parkean, inguruko kale-artea erabat giro sorginduan bilduz: musika-oroipenak, bidaia gozagarriago egin diotenak.
Bidaiez
BIDAIATZEAREN EDERRA
“Urre-liliek guztiok gaituzte sorgindu”
I
Magia
“Benetako magia erosiko nuke balego”
Misterioa
“ Zer den ur garbien azpitik hain doilor hartzen gaituena”
* Kezka, urduritasuna, sortzen digu hasi aurrean bidaiak, oraindik sortu ez den mundu berri bat baita.
* Esperantzaz beteriko kutxa da bidaiariaren egun bakoitza, bizipozez betea irekitzen duenoro.
* Mila izar dakusa bidaiariak bere talaiatik, ipar-izar bat oparitu dio gauak galdu ez dadin.
* Beste momentuetan baino zorrotzago bizitzeko, bizirik sentiarazteko gaitasun hori du bidaiatzeak.
* Misterio bat da bidaia bakoitza, itsasoa bezalakoa, aldakorra, behin ere berdin ez dagoena. Misterio horretan urrearen distira eta lilien apaltasuna aurkitzen ikasi duena da ibilia magia bihurtzen duen bidaiaria.
* Oihartzun isilez jabetzean, misterioaren ura bilatzean, bazter oro Atlantida bilakatzean, bidaia amets goxo bihurtzean, … guzti horretan datza bidaiatzearen magia.
* Bidaian ez dago, ez du egon behar, ziurtasunik, egun eta une bakoitzak eman behar du bere ezustekoa, une horiek dira bidaiaren txinpartak.
* Skagerrat eta Kattegat, eskolan izenak buruan sartzea hainbeste estura ekarri ziguten itsasertzetan egon lasaian ibiltzea mirakulua zaigu, Hungariako Balatonen Hegoamerikako banana jatea ere mirakulua da.
* Ur tanta izatearen xarma erakusten du bidaiatzeak.
* Beti da zirraragarria herri baten arkanoan sartzea.
* Beti dago labirintu bat bidaietan, egun orok dakar zidor-sarean gordetako bitxia, zenbaitzuk ikusten ez duten altxorra, hainbat bidaiariren ezuste gozagarria.
* Bizitzako karanbola eder bat da bidaiatzea.
Sorgin-giro
Egon behar du begiek ikusten ez duten zerbait, urak berarekin daramana / ... / Hala da, bada oraindik begiek neurtzen asmatzen ez duten itzalik”
* Udaberriko bidaiari kanpinzalea bazara, ez zaizu txorikanta sinfoniarik faltatuko, eta naturak pintatuko dizu mila kolorez oihal berdean koadrorik zoragarriena.
* Zorionekoa bidaia zorion iturri, bizipozaren txingar, zaion bidaiaria.
* Ondo gogoan ditut gazte nintzeneko bidaiak; gaztetan, erritmo ezberdina du bidaiak, helduaroak pausoera mantsoagoa ematen die oinei, baina helduarokoak ez dio damurik gazte zenekoari; biak dira ederrak, bata oroitzapenetan, bestea egunerokoan.
* Gogoko ditu bidaiariak egunerokotasuna hausten dituen bailara, goilautada edo kalexka sareak, atzera jauziaren sentipena sortarazten duten guneak; hain zaila da gaur egun horrelakorik aurkitzea, urbanizazioek edo bisitari andanek inbaditu dutelako dena, xarma hautsiz; baina aurki daiteke oraindik horrelako ezusterik, batez ere bakarrik eta opor-egun ofizialak ez diren egunetan bazabiltza.
* Beti zerbaiten bezperan, aldaketaren begian egon ohi da bidaiaria, bidaia aurretik datorrenaren irrikaz, bidaian bertan zer aurkituko gozatuz, bidaia ondoren ere hurrengo bidaia amestuz; espero horrek magia, bizitza, liluraren izpia du, tarteka egonezinaren lazdura gozoa berarekin badakar ere.
* Bidaiariaren ninietan irudiak labaintzen joatean datza bidaiako sorginkerietako bat.
* Beti agertuko zaizu bidaian gnoren bat, asko sarritan; baliteke noizbait izoztuta uztea, baina gehienetan kaligrafia eder bat erakutsi ohi dio bidaiariari: euriaren kaligrafia erakutsi digu gaur, baina lakuarena eta elurrarena ere erakutsiko digu laster, baita itxaropenaren kaligrafia ere, gaur bertan, nahiz euripean.
* Trinkili trankala egunerokoaren etena da bidaiako trinkili trankala ibiltaria; bidaia txikiotako trinkili trankalen magiak eta sorpresak gozagarri edo gutxienez eramangarri egin dezan bidaia handiko trinkili trankala astuna.
Mirari
“Bizitza mirakulua da. – A vida e um milagre”
* Atabala bilakatzen da etxatoi gaina, milioika ur tantek tarrapatatuta.
* Balizko errotako irinak ziruditen atlaseko herrialde eta bideak baleko ibilbide gauzatu dira, balizko irin haiek ogi harro bihurtuz; miraritxoa bat da bidaia bakoitza, balizkoa baleko bihurtzen du bidaiariaren senak bidaia oro.
* Bere irudimena asetzeko gai den halako gaitasun berezi bat garatzen du bidaiariak, zenbait giza-portaera, bizimolde, kultura, paisaia, ikuskizun, bitxikeria eta artelanen aurrean emozioz blaitzeko.
* Balizko errotako irinak ziruditen atlaseko herrialde eta bideak baleko ibilbide gauzatu dira, balizko irin haiek ogi harro bihurtuz; miraritxoa bat da bidaia bakoitza, balizkoa baleko bihurtzen du bidaiariaren senak.
* Magoa da bidaiaria, gozagarria bihurtzen du edozein ibilbide.
* Bizitzak bidaiatzeko aukera ematen du, eta bidaia inoiz ere, inola ere, ez da zerbait arrunta, naturaltasunez egiten badugu ere bidaiatzea, egunerokotasuna eraldatzen du bidaiatzeak.
* Bidaia-egun bakanek urte osoa argitzen dute.
* Mirari baten zain bizi ohi gara, baina bizitza bera da miraria; mirariaren izpietako bat, bidaiatzea.
* Egunero du bidaia justifikatzen duen xiribitaren bat bidaiariak, harribitxiez tematzen den bidaiariak galdua du ibilbideko magia, ibiliko eder nagusia, miraritxoa.
* Ortzadarraren kolore guztietako loreak aurkitzen ikastea da bidaiako gako nagusia, aurkikuntzok dira bere “ogi goxo egosi berria”.
Mundu berri
“Bidaiari ona ez da helmugara lehenbailehen iristen dena, bidean amets egiten dakiena baizik”
* Gozoa da ibiltariarentzat etxatoi edo karabana aurreko egona arratsean eguneko ibilaldia hausnartzea.
* “Bizi naiz / bi aldiz / egunero”. Bi aldiz bizi da bidaiaria bidai oro.
* Bidaiariak aldi baterako alde egiten du soilik, agian horregatik ez du arrastorik uzten, bidaiariak ez du inolako bonbillarik piztuko mapamundian, zentzumena zorrotz eta bihotza zabal dabilen gizaki bat besterik ez delako bidaiaria, bidaiak bai uzten du arrastoa bidaiariarengan, mila koloreko bonbillak pizten dizkio garunen sarean.
* Baldintza gaizto, osagai eskas eta baliabide urriz gauzatuta ere, eder da burututako bidaia oro.
* Guri begiratuz enamoratu eginen haiz, oihu egiten die bidaiariari zenbait zoko eta gizartek.
* Urki bat ernetzen da basamortuaren erdian, baina ez dakit gure egunotako Highlandeko sentipen eta bizipenez argi mintzatzen, gure “arimaren bitsa” lerroetan lehertzen, laino eskoziarrekin, “zilarrezko esnea edaten duten hodeiekin” negar egiten, baina badakit basamortu bat ernetzen dela urkiaren erdian.
* Halako gaitasun berezi bat garatzen du bidaiariak, zenbait giza portaera, bizimolde, kultura, paisaia, ikuskizun, bitxikeria eta artelanen aurrean emozioa bilatzeko.
Poesia
Soaren xarma
“Poesiaren sorgia / giza bizitzaren euskarri. / ... egian bizi, oinez eta hegan / mundu zabalean eta tokian toki. / ... bakoitza egiaren zatia izaki / poesia dira / poesia izaki egiaren zati”.
* Egunerokotik harago eramaten zaitu poesiak, mundu edo barnealde ezberdin bat eskaintzen dizu, irudimena zirikatzen: zerbait horrelako behar du izan bidaiatzeak.
* Naturaren eta gizartearen poema-liburu beti irekian irakurtzen dakiena da bidaiaria, bere baitan egoera ezberdin bakoitzari habia egiten dakiena, ikusten duena poesia bihurtzen dakiena -nahiz poema tragikoa sarri-, kanpoak ematen dionari barnean beste neurri bat ematen dakiena, errealitatetik maila garaiago batera jauzia egiten dakiena.
* Ilargia nuen bart argi, miraila eta itzal-jauzilari, zerbitzugunera bidean.
* Poeta nahi luke izan bidaiariak, bidaietako hainbat leku, giro eta bizipen oroitzapena flakatzen denean birbizitzeko bezala izkiriatuta uzteko.
* Poetaren ikuspegia, bidaia koloretsuagoa egiteko dohaina.
* Jainkotxo ederrak bilatzean datza bidaiako jolasik ederrena, anonimo diren altxorrak, gida-paperetako jainkotxoez fida gabe; badakigu ze interesetik datozen gidetako jainko horiek, horiek ez direlako objektiboenak ez ederrenak; norberak jartzen dio edertasunaren neurria gauzei, ikuspegi eta sentipen pertsonalak ematen diote liluragarritasuna altxor ederrenari ere.
* Goizero poema bat: lagundu egiten du poetaren ukituak ibiliko zirrikituetan, lagundu poemaz biltzen eguneko pausoak.
* Bidaiariak badu bere jakinduria umila, mila esperientzien fruitua, poema baten dotoreziarik ez badu ere, poesiaren hainbat ukitu duena.
* Bidaiako hainbat une goxo bezala; bidaiak poesia izan behar du: gizartea, natura, beste modu batera ikusteko aukera izan behar du poesiak.
* Beste ikuspegi batetik lurralde berriari begiratzeko sena, ingurua poesiaren itzalpean biltzeko magia behar du eduki bidaiariak.
* Bidaiariak beharrezkoa du amesteko ahala, gaurko gizarteaz eta antzinako ondasunez gozatzeko, datu zehatzen haratago.
* Poesiak ez ezik bidaiatzeak berak ere durduzatze ahalmena du, bidaiariak berak duen heinean.
* Poesiak ematen dio bidaiariari goizero eguneko joanari ekiteko bultzada, poesiak dio edertzen goizero begirada, olerkia, bidaia-egunari goizeko leihatila lurrintsua.
* Hala behar du poesiak, sentipen eta gogoeta ezberdinen iradokitzaile, hala da bidaia bakoitza, bidaiako egun bakoitza, mundu berri bati irekitako leiho magikoa, poeta izan behar du bidaiariak, poesia bihurtzen jakin behar du ibilbide bakoitza, poemarik idatziko ez badu ere.
*Bidaiako urratsetan poesia aurkitzean datza bidaiatzearen magia.
*Sarri sentitzen du poema bat barnean bidaiariak; dakusanak barnea astintzen dion bakoitzean, lagunarekin sentipenok trukatzen dituenean, poema bat izkiriatzen du, hizkiz paper batean jartzen ez baditu ere, kolore ezberdinez begiratu-ikustea baita poesia.
Kristal koloretsua
“Poesiak egiten duen bezala. / Zure leiho azpitik igarotzen da / eta zure begirada aurkitzen ez badu / betirako galtzen da”.
* Poesia: bizitzari so egiteko kristal koloretsua, agian barne egoera baikorra, bidaiari begiratzeko begi magikoa.
* Poesia-irakurketa izan behar du bidaiaren zati bat, poesia bilakatzeko bidaia, bidaiari ikuspegi berri bat eskaintzeko, ibilia so ezberdinez edertzeko, barneari arnas biziberritu bat emateko, bidaiaren egia osatzeko.
* Goizero behar du poema bat bidaiariak, abiatzeko, arraunka egiteko hurrengo pausalekuraino, alperraren aingurari tiratzeko.* Bizipen eta oroitzapenen lorategi bihurtzen da ibiliak pipildutako ikusmina.
* Loraileko bidaiaren ametsak margotzen du bidaiariaren irudimen negutiarra, eta epeltzen bihotz-taupada elurtuak.
* Itsaso urdinez, haran berdez, herri kolorez, abegikortasun bigunez tindatuz doa bidaiariaren existentzia.
* Eliza, katedrale, museo, jauregi, herriko plaza eta kaleak, herri ekimen, herri artearen mila ezaugarri, kontaezin xehetasun xume, … gozamen bihurtzen dira bidaiariak poeta ikutua duenean.
* Urteko ordu bareenak ohi dira bidaietakoak, baina paisaia idilikootan, herriotako jendarte lasaian, kanpalekuko isiltasun ia haustezinean, bakerik ba ote galdetzen du bidaiariak.
* Poesiak ematen dio bidaiariari goizero eguneko joanean etortzeko bultzada, poesiak dio edertzen goizero begirada.
* Ikuskizun arruntena, paisaia, kale ertz bat, gizaki baten portaera, ... bilakatzen da batzuetan bidaiariarentzat poesia hunkigarriena; gidaliburuak edo turismo paperek goraipatutako altxorrak, aldiz, hotz eta agor utziko dute beste zenbaitzuetan.
* Bidaia-goizetako ihintza zait poesia, baita eztena edo arantza ere. Bidaiak poema bat bezala izan behar du, arropetako lohidura eta goizeko ihintza.
* Elikatu eta salatuz gain, lilura geruzaz bildu behar luke ere egunerokoa bidaiariaren egunkariak.
* Ekintza eta monumentu handiak eta entzutetsuak ditugu gehienetan gogokoenak bidaietan, baina ahaztu egiten zaigu une txiki, isil eta magikoz aberastu behar dugula guk ere sentipenen eta bizipenen ondarea.
* Poesia errealitatea bestelakoz azaltzea da; bidaiariak errealitatea bere gordintasunean ezagutzen saiatu behar du, baina baita herrialdetako edertasunak begiratzeko poesiaren maila berezi horretatik begiratzen ere. Barne behatoki berezi bat eraikia izan behar du begien barnean.
* Bidaiak, amets loratuak, poema batetan sartu ahal balitza Parnasoa litzake turismo-gune oro.
BIDAIEZ
BIDAIEZ
ARGIBIDE GISA
Bidaiatzea, plazera da
Bidaiako atsedena, irakurtzea
Bidaiaz hausnartzea, birbidaiatzea
Bi hitz
Liburuak izan behar du bidaiako funtsezko osagaia eta lagun ahaztezina, irakurketak kontzientea izan behar du, aldi berean irakurketa kontzienteak oharrak eta burutapenak jasotzea eskatzen du.
Jubilatu ondorengo bidaietan izaniko irakurketetan jasotako oharrak dira hauek.
Bidaietan irakurketek sortarazitako uneko bizipen eta sentipenak azaldu besterik ez dute egiten lerrook. Soilik, besterik ez.
Bidaietan idatzitako egunkarietatik irakurketetako burutapen eta hausnarketak bildu eta eskema baten inguruan batu, sailkatu, jorratu, orraztu eta harilkatu ditut, korpus bat osatuz.
Eztabaidagarria da zenbait burutapenen kokapena, baita sailkapenerako erabilitako izenburuen egokitasuna, edo gaien banaketa. Irakurketa errazteko baliabide bat besterik ez da.
Bidegurutze batetan gertatu naiz, aukera egiterakoan, bidaietan antzo: zita gehienak ezabatu eta nire hausnarketak soilik ehundu, edo zita eta hausnarketak, biak bere horretan gorde. Lehenengo bidea aukeratu dut, zenbait testu edo zitek, -gehienek-, berenez ez baitute bidaiarekin loturarik; bidaian irakurriak direnez, bidaiari buruzko hausnarketa eragin zidaten.
Ez dut zitak eurak ere nondik jaso ditudan edo norenak diren jarri: norenak baino diotena uste baitut dela garrantzitsuena.
Iradoki besterik ez dute egiten gehienetan iruzkinok. Esaten ez dena da esandakoa bezain garrantzitsua sarri. Eta esaten denari irakurleak haria luzatuko diolakoan utzi ditut nire burutapenok bere labur horretan.
Ez dut helburu esaldi edo burutapen laburroz bidaiatzeri buruz saiakera edo antzerako zerbait egitea. Zeudenean gorde besterik ez dut egin, bidaiatzea atsegin zaionari hausnarketa propiorako iturri izanen zaiola esperantzaz,.
Zenbait hausnarketa edo iritzik errepikatuak dirudite, baina antzerakoak arren, denek dute ukitu, irizpide edo osagai propioren bat.
Errepikatuak daude zenbait sentipen eta burutapen, 15 urtetako ibilaldietan eginikoak dira, beraz ez da harritzekoa antzerako burutapenak bururatzea lurralde, bizipen eta denbora ezberdin horien arabera. Daudenean uztea erabaki dut.
Errepikatuak daude seguruenik literalki ere zenbait burutapen; nire erruz, esaldion zurrunbiloan zaila da bakoitza kontrolatzea: nolanahi burutapen baliagarriak izanen ahal, ona bi aldiz ona omen.
Nahasi samar ere badaude zenbait bizipen eta burutapen, zaila egin zait sarri non kokatu erabakitzea. Horrela sailkatu ditut, eta kitto.
Bidaiatzeaz ari naiz. Beste gauza bat da nonbaiten lasaitasunean oporrak egitea.
Agian ez ditut baloratzen lagunarteko bidaiak: agian ez ditudalako ezagutzen, baina uste dut bidaia konpartituak ere pertsona bakarrak bizi dituela.
Gai ezberdinen zerrenda jarri dut, balizko irakurleak izan dezan hasieratik nolabaiteko burutapenon ikuspegi orokor bat.
Aurkibide gisa
1.- Argibide gisa
2.- Bidaiatzearen ederra
Magia:
Misterioa
Sorgin-giroa
Miraria
Mundu berri bat
Poesia:
Soaren xarma
Kristal koloretsua
Ametsa:
Amets loratuak
Amesgilea
Lilura:
Edertasun izpiak
Ziztadak
Barne kilima
Zorion lipar:
Izarnia
Ortzadar
3.- Bidaiatzea
Zer den
Zigilua
Utopia gauzatua
Amorante hegalaria
Bizi-arnasa
Ez dena
Bizi-puska
Bizia
Puskak
Esperantza
Bizipoza
Bizia
Poza
Ezpalak
Barne giroa
Baldintzak
Euskarriak
Bidegurutzeetan
Bestelakoak
Denbora
Joanaren gurpilean
Denboraz kanpo
Bidaierak
Kontrabidetik
Zentzua
Itoa
Zertzeladak
4.- Bidaiaria
Nor bidaiari
Nora duena
Sasia eta txoria
Ezaugarriak
Sentikortasuna
Nortasuna
Sena
Ikusmina
Ameslari jitea
Joanekoa
Definizioz
Bizipenez
Pasoko txoria
Bizipenen ingudea
Bizitza ikastaroa
Nortasun taxutzea
Labirintoan
Plazer iturri
Sentipenen errota
Sentipenak bor-bor
Talaiatik ikuspegia
Pozarren
Durdurzati
Zertzeladak
Iski
Miski
Sasian
Ibilian
Amarruz
Begilauso
Harroputz
5.- Sena
Sortzez
Halabeharrez
Ezinbestean
Patua bailitz
Grina
Bestelakoak
6.- Erroak
Gaitasuna
Gozaberatasuna
Burujabetza
Paperaz gaindi
Jakin.mina
Kidetasuna
Apaltasuna
Patxada
Atsedena
Ilbetea
7.- Barne pleguetan
Barnera bidaia
Barne labirintuan
Distira
Bakardadea
Saria eta ordaina
Astuna eta arina
Barne ezagutza
8.- Herrietan barna
Tokian tokiko
Aberria
Abia-nasa
Arribadan estatxa
Atzerria
Erbestea
Deserria
Herrimina
Munduko herritar
9.- Herrien barna
Ezagutza
Jakin-min
Ikusmin
Galderak eta ezinak
Egia Vs ustea
Egia estaliak
Bahea
Herrien ezagutza
Ezagutza
Herriak
Herrien arima
Iturriak
Isilekoak
Bortizkeria
Ezpalak
Harremanak
Hitza
Komunikazioa
Komunikazioa isila
Ezpalak
10.- Gomuta zirrituetan
Oroitzapenak
Zer diren
Sentipen ainguratuak
Sentipen galkorrak
Sentipen iraunkorrak
Oroigarriak
Idatziz
Bidaia da kontakizun
Zergatik edo zertarako
Ezinak
Nolakoak
Egunkaria
Zer den
Zertarako edo zergatik
Euskarriak
11.- Eguraldiaz blai
12.- Adinaz gaindi
Adina Vs bidaiatzea
Adina Vs bizipoza
Adina Vs bizibeharra
Ezpalak
Ipuin nanoak
ABENDUA
1
Omenaldia Marinen apaizari eta osagileari:
- Hotz jeuan elizan!.
- Ondo emon jeskuek jaten!.
Herriaren zenbait errito bere-bereak dira, beste zenbaitzuk, ezarriak
2
Leon eta Maurizia gogoan:
- Arratiarrek egun osoko omenaldia eskaini zioten atzo.
- Omenezko eskultura ederra jarri zieten Aretako udaletxe atzean.
Omenaldi eta oroitzarrik antolatzaileen gabezien ondorioa dira gehienetan
3
Igerilekuko aldageletan zoru argi eta garbia zeharkatuz doa luzanga zizare gizena:
- Zer galdu ote zaio hemen edo zerk ekarri ote du hona.
- Hustubideetako tutu hezeetatik atera da agian.
- Euri-urez blai dago barren kanpoko ingurua!.
Auskalo ze burubide ezkutu eta ezohizkok eraman ohi gaituen gizakiok egoera eta toki aldrebesenetara
4
"Egia ez da beti iraultzailea" pelikulako azken gogoeta:
- "Egiak askatuko zaituzte" Bibliak.
- "Egia iraultzailea da", Karl Marxek.
Komenentzia eta iraun beharrak erdibidera ekarri ohi ditu ideia borobilenak eta jarrera tinkoenak
5
"Lehen hitza Euskaraz", "zuk zergatik ez", EHE, ..........., .........,.
- Milioika sosa doaz Euskararentzat Irakaskuntzan.
- Telebista, argitaletxeak, hiztegiak, ROM euskaraz, ....
- Euskara Elkarte eta euskarazko astekariak.
Makro baliabideak utzi gabe, baina berriren berri jo beharko genuke hastapenetara, ahaztu zaizkigun sustapen xume baina liluragile, funtsezko eta eragileetara, Euskara, batez ere, herriaren arazoa baita
6
Sakana elurtua, errepideko marra beltzak urratzen du lautada zuria, Lizarragatikako ikuspegi aparta:
- Txakur txiza horia elur zurian, leretara lotutako txakurren intziriak.
- Oinezko jendetza, skyzaleak, txakurrak, elur sakon nekosoa, elur zidorretik ibili ezina.
Grakada oinpean entzutea edo elurraren birjintasuna urratzea gozagarria bada ere, alditxo bat ezkero etxeko edo autoko kristal ostetik gozatzeko gozoagoa da elurra
7
Loa ez datorren gauetan, pixa-larria nagusi:
- Kafea hartu ote du.
- Kezkarena seguruenik.
Oilarrik ozenena, iratzargailua
8
Bukaezina litzake kulturaren izenean eta aitzakiaz eginiko lapurreten zerrenda:
- Munduko onena omen Turingo Museo Egiptoarra.
- Erromako plazetan topatzen dira hieroglifikodun obeliskorik ederrenak.
- Zein hobea lehiatzen da Turingoarekin Berlingo Museoa.
Gizaki eta erakunde ospetsuak dira gehienetan kultura-lapurretekin eskuak zikindu dituztenak
9
Adeitsua baina berbatsua da mostradore atzeko zerbitzaria autobideko restopean:
- "Sugandila eta emakumea, parekoak".
- ????
- Ez dakite non jarri!. Beti eguzkitan, beti mugikor.
- Sugandila arrik ez ote eguzkitan mugikor?.
- !!!!
Emakumearekiko uste ezkor eta gutxiesgarriaren mikrobioak gizakiaren hondoenetan aurkitzen du erruteko hezetasuna
10
Jostailu saltokian:
- Ikusi, aita!.
- Utzi!, bihar etorriko gara-eta bila.
Aita bai, baina umea ez da ahaztuko esan edo agindu diotenez. Goiz hasten gara helduok umeen guganako sinesgarritasuna galtzen.
11
Eliza bat bisitatzen:
- Valencia Erresumako 400dik gora apaizetatik 64 soilik geratu ziren bizirik gerra zibilaren denboran.
- Frankoren aldekoak, herriko jauntxoen lagunak izaki, apaizok.
- Bota egin zituzten erretaula eta alboko aldareak.
- Herriaren izerdiarekin jauntxoek jasotako eraikina.
Pribilegioak ez dira beti berme ziurrak
12
Eliza gehienak itxita daude:
- Bihurkinarekin etortzen dira XV. gizaldiko azulejoak ostera.
- Santu-irudiak ere desagertuz joan dira.
Izan zen lapur eta gaizkileak babesteko elizako ateak gau eta egun zabalik zeuden garaia, gaur egun itxi egin behar dira elizok beraiengandik babesteko.
13
Atzerritar laukotea eseri zaigu auzo errepide alboko jatetxean.
- "muuu" eta "beee" daukagu, dio zerbitzariak.
- Eskua altxatuz bakoitzak eskatu du berea, "muuu" edo "beee" ozen eginez bakoitzak.
- (Eskua paparrean jarriz) "muuu", (eskuaz besteak izendatuz) "beee", dio buru egiten duenak.
- Beraz (behatzak jarriz) 3 "muuu" eta "beee" 1, zerbitzariak.
Mintzapraktika eta komunikazioa.
14
Castellongo portuan atzerriko hondarra deskargatzen dute zama-ontziek, Euskal Herriko kamioi-frigorifikoak berriz Mediterraneoko arrainez zamatzen dira:
- Castellongo azulejogintza diganteak buztinezko oinak ditu.
- Euskal Herriko jatetxeetako eguneko arrai freskoek begi biziak omen.
Akiles orok du bere orpoa
15
Bere platera ia hasi gabe utzi duen ama eten gabe ari zaio jantokian umeari:
- Bukatu, seme, ...
- Beste mokadu bat, ...
Desoreka nabarmena sortarazi behar die seme-alabei gurasoen logikarik ezak, jokabide bikoitzak eta portaera kontraesankorrek
16
Madrilen, 4 milioi biztanleko eremuan:
- Jendea dotore dabilen hiri zikina.
- Kultura egarria asetzen duen hiri ezjakina
- Gauez suzko-errobeda bihurtzen den hiri iluna
- Parke zoragarria auto-tutuek zabartzen duten hiri kutsatua
- Euskadiko hiriburu izan nahi duen hiria
Probintzianoa hiriburuan, inurritegian galdutako kakalardoa
17
Lan krisia eta langabezia bizi dugun garaia:
- Egun osokoa zen hasieran lan-orduketa; heriotzak jubilatzen zituen langileak.
- Gaur baino gutxiago ekoizten zen, ordea.
Ekoiztea ez da lan-arazoaren gakoa, ekoiztuaren banaketa baizik
18
Edozein hiriburu:
- Seguru-Etxeek etxe-orratz osoak hartu dituzte egoitzaz.
- Kale nagusi garestienetan gainera.
Chicagoko urte marduletan bailitzan, seguru-etxeak dira gizarte arriskutsu honetako mafia: "babesa behar duzu, beraz ordaindu"
19
Jakinduria, zientzia, artea da saltzen jakitea; baina saldu ahal izateko ere dirua behar da:
- Nazio aberatsek dituzte turismo-egoitzarik ederrenak.
- Pobreek berriz xumeenak.
- Nazio aberatsek egiten dute turismo eskaintzarik oparoena.
- Baina pobreek dute askotan altxor ederren eta ugariena.
Diruak itxuratu egiten du kolorgetua, urrekoloretu, buztina bera ere
20
Erretiroko Parkean:
- Katamixarrak atzeko hanka gainean zut ibiltarien oinetan.
- Eskale, Madrilen, hauek ere.
Gosea, hesien hausle
21
Zaldizkoan ari dira neska-mutilak basoan, lanbropeko belatza bustian garagarrak irabazten, alboko oinezkoetaz asko erreparatu gabe:
- Atabala tenkatu zaidak.
- Tinko dinat nik ere makila.
- Jo dezagun beraz.
Tximistak zakila eta alua goritzean, ezinbestekoa elektrokuzioa
22
Renaultean zaldun zeharkatu dugu La Mancha lurraldea:
- Errotek ez dute garirik ehotzen, lurrak garia ematen duen arren.
- Oraindik diraute Barataria Insularen bila dabiltzan Santxoak.
- Utopiak eta ilusioak liluratutako Kixoteak desagertu dira.
Barataria eta Dulzinea, herrien akuilu eta gatza
23
Fusilatuko zuen etxarriar errekete batek herriko gorrietako bat, honek ihes egin ez balu:
- Erreketearen alaba gorriaren semearekin ezkondu zen urteen buruan.
- Gurasoek ezkontza onartu eta ospatu zuten.
Romeo eta Julieta, Terueleko Maitaleak, herri gehienetan mamitzen den mito bera, nahiz bukaera aldakorrez
24
Erreteneko ur-geldian ikaraz bezala, zir-zir hasi diren marra belztxo bilakatu dira gelatinaz bilduriko zenbait arrautza beltz, zapaburu izatear, kardu hori eta basa bitxiloreen gerizan:
- Gabon aurreko solstizioa besterik ez eta jadanik jaio zarete?.
- Zuok sahatsok ere goiz esnatu zarete aurten.
- Berantiarrak ala goiztiarrak ote basa bitxilore hauek!.
Izakiok hiltzen gara, izadia ez, heriotzak eta jaiotzak bermatzen dio iraupena
25
Etengabeko hitz-jarioa zuen ile-apaintzaileak:
- Nola ebakitzea nahi duzu ilea?.
- Isillik!!!.
Hitza, askotan giza harremanak zitaltzen dituen dohaina
26
Luzaroan ilea erdi ebakita ile-moztaile berritsuak erosle batekin noiz bukatuko zain aspertuta zegoen bezeroa txanda eskatu, alde egin eta itzuli da:
- Oraindik horrela?.
- Ba, ...
- Moztutakoa hasi behar zaiok-eta beste erdia moztu orduko!.
Denbora altxorra bada, zenbat dirurik ez duen aberats den munduan!
27
Sartu da bezero berria ilepaindegian:
- Luzarorako jaukat!.
- Bitxartian hartu erratza eta jaso lurreko hileak.
Bezeroa, txanda noiz helduko, ile-apaindegia garbitzen: herritxoetan oraindik gertatzen diren mirariak
28
Ileapindegian:
- Lurazorako?.
- Bitxartian botaik kinielia, txandia gordeko dixat eta.
Bezeroa errekadista, herritxoetako ekoizpen sarea
29
Erreketeak tiroka hil nahi izan zuen herrikide gorria baina honek alde egitea lortu zuen:
- Garbi daude tiroek egindako arrasto borobilak horman.
- Herritar gehienek ahaztu dute arrastoon nondikakoa.
Ez litzake tokirik nahiko herri baten oroitzapenen oroitarrientzako
30
Gizon helduen elkarrizketa:
- Egixa dok gaurko gaztiak lanik ez daukela eta gure gaztetan danok gendukala lana.
- Hamalau urtekin hasten giñuazen, aprendiz izenakin nausixen lanak eitxen, ia eskolatu ere gabe.
- 47xan 22 pezeta irabazten jaitxuazen lehen-ofizialak, 22 pezeta!, 19 bigarrernak eta 17´45 hirugarrenak; aprendizak ostera 5´45 besterik ez.
- Etzuan, ez, hobia guria; haura bai esplotazioa!.
Gazteak eraman izan dute beti euren bizkar-gainean, soldaduskaz gain, helduek maneiatutako gizartearen zama.
31
Edurra mara-mara .....:
- Errepiderako ezinbestekoak dira kateak.
- Ahalik gutxien jarri kateak, goma eta txapa hondatzen ditu eta
Joaneko edo itzuliko, kateak beti kate
Duela ia sei hilabete ekin nion, ilusioz, igerialdian ipuinak asmatu edo errealitatea ipuintzeari:
- Oilaskoa egunero bada, betegarri.
- Gurpil berari biraka, irudimena agor eta borondatea nagi.
- Dagoena bego, naizena nadin!
- Udaberriaren zain, izoztu egin zen.
Zereginak, gozatzeko ez badira, uztea hobe.
Ipuin nanoak
AZAROA
1
Hildakoak loratzen diren Domu Santu egunez badira hilerria jolastoki duten umeak:
- Zenbat lora hilobi horiek eta bat ere ez beste haiek.
- Ken ditzagun dutenei eta ez dutenak apaindu
Hilerria, bizion isla
2
Dentistanean:
- Gruyer gazta zirudik hagin honek.
- Daratuluz zulatu, zuloak bete, zubiak jarri, garbitu, ....
Dentista: ahoko ingeniari, arkitekto, eraikitzaile, artisau, … eta kontratista
3
Hasi dira loreak zimurtzen hilerrian:
- Ze bakarrik gelditzen diren hilak.
- Ze bakarrik uzten gaituzten hildakoek!.
Ahazteko ahalmena, iraupenaren oinarria
4
Bi zorri elkartu ziren zakur baten bizkarrean:
- Hau bizileku lasaia, beti bere atzamarren ihesean bizi ondoren tximino batetan.
- Nire elefantean ostera txori mokoak hituen arrisku.
- Intsektizida duk izurritea.
Bizitokia, gehienon arazoa
5
Justizia, giza bizitzarako oinarri behar zuena.
- "Pakea eta demokrazia" oihukatu zuen ozenki plazan elkartutako herriak.
- "Eta injustizia aukeratzen dugu bozketan", ahalke, bazter batetan, ahots herabeak.
Hitzek bere zentzu jatorra galtzen dutenean ezinezkoa egiten da elkarrizketa
6
Lagunarteko egun-pasa umeekin:
- Futbolean noiz?.
- Beste heladu bat nahi dut!.
- Goazen etxera!.
Maitasun lokarriak: kanpotik begiratuz lotura, barrutik zoriona
7
Okindegiko apalategian lurrin usaintsua zerien ogi erre berriei:
- Trinkoa haiz, arto horaila!.
- Zuek berriz harroak, opil zuri nahiz beltz.
- Denok gozoak.
- Makinatxo bat gose asetzekoak.
Bada ogia amets duen herri gosetirik, baita ogiak ase ezin dezaken goserik ere
8
Keinu mezulariak dagite, argi kliskak luzatuz, aurrez datozkigun autoek:
- Zerbait gaizki zaroanagu!.
- Bai zera!. Hara han kontrola!
Txakur jagoleengandik babesteko gidarien solidaritateak badirau, etorkizunak badu esperantza
9
Eguerdian etorri, arratsaldez muntaia, iluntzean saioa, gauez jaso, goizean alde:
- Gaur behintzat ikusleak eta sosak!.
- Animaliak, akrobatak, pailazoak ... ume eta helduen lilura.
Bizi beharrak eta zaletasunak soilik ahalbideratzen du zirkoaren iraupena
10
Igerilekuko aldagelan:
- Joan al haiz Mezatara?.
- Ez.
- Egun batekoagatik!.
Ezohizko elkarrizketa ezohizkoagoa bilakatzen da ezohizko paradan
11
9´30etan sartu eta 12etan kalera, 2 ordu eta erdi bihotz azterketa soil baterako:
- Erradiografia eta elektroa egin dizkizugu, itxoin ezazu.
- Ongi duzu bihotza, zure txostenaren fotokopia atera behar dugu.
- Ordu-erdi luze ondoren: Erizaina, baina noiz joan ahal izango naiz?.
Ze gizaki desbabestua Osasun Etxe batetan sartzen dena
12
Anbulategian:
- Atean zain aspertuxe, denen prakabarrenak usainduz paseatu da zakurtxo beltza Osasunbideko barne esparru zabalean, ugazaba ataurre batetan aurkitu eta honek atera duen arte.
- "Txakurra, kanpora", egunero bi orduz bezeroei aurrez aurre eta telefonoz eten gabe ari den harrerako neskari hiru astetan entzun dizkiodan lehen euskarazko hitzak.
Izan zen "lehen hitza euskaraz" kanpaina
13
Taberna batetako apaletan:
- "Mahatsetik sortua eta zurezko bukoietan ondutako ardoa, brandya, beti osasungarria".
- "Garagarra naturala denez, gora garagarretik sortutako pattarra".
Alkohol-zaleak kupelik haina kanil
14
Aldageletan elkartu dira bi taldeak gaztetxoen fulbito partida ondoren:
- "Host, urduri jarri gaituk; madar, orduz aurretik jo dik amaiera; put; nola baina!; mek; ..."; bakarren bat nigarrez. Galtzaileen zurrunbilo ozena.
- Ertz batetan, irabazleak, isil, apal, baina begiak pozez nir-nir: "behingoz irabazi diagu".
Bereak ditu desoreka, desberdintasuna eta sufrimendua, lehian eta norgehiagokan oinarritutako gizarteak, poz urrien truke
15
Lantxurdak zuritu ditu Andia eta Urbasako baso zoztuak; lapatxak, Aralarko gainak:
- Heldu zaizue amaiera intsektuoi, baina udaberriko eguzkiak ernalaraziko dik utzitako hazia.
- Txindurria gorde duk aspaldi, sartu hakit zulora hi ere azkonarra!.
- Ilerik edo narru sendorik ez duzuenok, ama lurraren epela zaizue babes.
Lurrazala hozkailu den neguan, laba pizgarria bilakatzen da lurraren altzo epela
16
Ez da bertan beherakoa Santutegia; Monasterioa eta bere ingurua ere zoragarriak. Fraide lagunarekin egin dugu topo:
- Zer moduz?.
- Gero eta bizkorrago.
- !!! ???.
- Gutxiago izanik, bakoitzak lan gehiago.
Erkidegoa berritzen eta gaztetzen ez bada, gaixoa gaixoagoaren zaindari bihurtuko da, zaharra zaharragoaren makulu, berri zaharren mezulari herrikide oro
17
Atxilotua jipoitu duten polizia arduraduna aske gelditu da:
- "Justiziaren aurrean denok gara berdinak".
- "Tururú".
Justizia: teorikoki entelekia, praktikoki gailen izateko ahaldunen asmakizuna.
18
6´50ak erakusten ditu gau-mahaiko erlojuak:
- Seirak jota bost.
- Begi bakarra zabaldu don ala, andra.
Uste dugula dakigu soilik, badenik ez
19
Bi baserritar zentro ofizialeko aterpean:
- Mareatu egiten haute hainbeste karta eta paperez.
- Pinudi bat egur joaten zaiek paperetan.
- Dena biri lanpostua oparitzeko.
Burokrazia, kideen soldatak zuritzeko trikimailu ofiziala
20
Kontakatilu bihurtzen dira lagun biak igerilekuko urdin bustian murgiltzen direnean:
- Igeri gutxi egiten dinagu agian, baina beratu behintzat egiten gaitun.
- Baita gure hitzen lapikoa irakiten jarri ere.
Hitz-zaparradarena bezain estua gerta daiteke hitz eta keinu gabeko elkar-hartze isila
21
Osasunbideko itxarongelan:
- Gutxiago jaiotzen dun, gutxiago gaitun, txanda berriz gero eta luzeagoa.
Osasunbideak zaharron biltegia iduri
22
Zabaltzen ikusi nuen arrosa ebaki du heriok lehen zimurra baino lehen:
- Lehen hitzak urratzen hasi zeneko lotarako "a mimir" haren oihartzunak gozatzen dizkit belarriak.
- Ibili klandestino haietako batean nire auto aurrean errepidea gurutzatzen dakusat.
- Ume jolas haien oroimenak dirakit nire golkoan.
- Oraindik.
- Baina joana da jadanik.
- X X
Kutunaren agurra, toles mineneko urradura
23
Lizarrusti gainera heldu zen errepidea leherrarazi behar zuen bikotea, Txikia tarteko:
- Txakurrez josita zegok hau; aurrera jo behar diagu, bueltatu ezkero fitxatu egingo gaitiztek.
- Har dezagun basoerdina Isabel Bentan, txakur artean bada ere.
- Bilatuko diagu errepidea lehertzeko beste leku bat.
Txiskeroz eman zioten su lehergailuari handik gertu, Vuelta España gelaraziz: komando bereziaz eta erlojuzko ez dakit nolako lehergailuaz hitz egin zuen poliziak. Hala idazten da historia
24
Iraulka dabil orea atzamar artean:
- Harro gaudenean jango gaitizten gusturen.
- Trinkotzean berriz zerri galdarara botako.
Gizaki harroa: putza, desatsegina, saihestua
25
Umeak harro erakutsi die bere ama eskolaurreko lagun guztiei:
- "Amak eraman beharko luke beti haurra eskolara, tarte batez lana utzi behar badu ere."
- Erme, alargun bakartiak, harro egiten zuen paseoaldia kaleetan alaba-sui ordeekin familia bazuela adieraziz herritarrei.
- Izebek bisitatu egiten zuten iloba honek lanera alde egin zuenean "ezagunek familia badaukanala ikus dezaten".
Familia, gizakiaren babesa; hondamena askotan
26
Igerilekua bere bakardadean gelditu da, igeritako tresneria arinak zoruan barreiatuta:
- Mutilak, horiek ez dituk elkar joka jolasteko, igeri ikasteko baizik.
- Utz hitzak bertan, jaso ditzala atzetik datorrenak!.
Jolasean utzia eta axolagabea dena, eramangaitz eta kide kaskarra ohi da lagunarte eta gizartean
27
Auto berria erostean, zaharrak izan ohi du truke-saria:
- 3 milioiko autoa erosten baduzu, 900 mila pezeta zaharrarengatik.
- 2 milioikoa erostekotan?, 750 mila pezeta.
- 800 mila pezetan salduko nuke zure zaharra.
Amarrukeria zaharrez oratutako tratulariak dira tresneria modernoenak saltzen dituzten gaurko saltzaileak ere
28
Egutegiaren orriteria erabat mehetuz doa:
- Auto berria jaso dugu, errulotaren zain gaude.
- Astearen erdia gaindituta, hila bukatzear.
Zahartzea eta helburuak betetzea, bizi garen seinalea
29
Goizaldera arteko afalondoa Castroko lagunarte jatorrean:
- Garai batetan tabernetan abesten genituen bertako habanera hauek.
- Herriko jende ezaguna dira abesti hauetako pertsonaiak.
Ikasia, bertakoa ala moldatua, herriaren adierazpen-baliabide bizi eta oparoa da abestia
30
8etako albistegia, 50 mila pertsona presoen eskubideen alde Bilbon bildu ondoren:
- "Burgosen gazte talde batek lazo urdin bat osatu du bahituen alde"
- "Bakea Orain-ek bazkideak gehitzeko kanpaina hasi du."
- ????. !!!!.
- "Euskadi Irratia, esan eta izan".
Euskaraduna ezinbestez omen egiazalea
Ipuin nanoak
URRIA
1
Dentistarengan egon ondoren:
- Musurik ere ez?.
- Bihotza pil-pilean dinat, baina ezpainak lo.
Bihotzak nagirik ez arren, ezustetik datoz askotan maitasunaren ajeak
2
Erratza eta bilgailua eskailera buruan:
- Ez ditun emeak gizon eskuak gure girtenetan.
- Geu ere noka ari gaitun!.
Argituko da eguna altzari-garbigarria gizonaren tresna izango dena
3
Bakarrik doa ibiltaria Urbasako zabalgunetan:
- Ze, bakarrik ala?.
- Konpainia hoberenean!.
Norberarekin adiskide dagoenak eta barne-aberats denak soilik du atsegin bakardadea
4
Oinez baino arrastaka gehiago doa bere ehun oinetan errepidea zeharkatuz beldar beltza:
- Ze abenturak ote darama beldarra galipotezko desertu zabalean?.
- Helduko ote bestaldera?.
Bidaiako plazerak berak behar du izan helburu, ondoren zer izango ote zain egon gabe. Bidaiaz gozatzen dakiena, zorionaren mugara heldu da.
5
Kalekantoian:
- Afaria dinagu gauean.
- Soinekoa estreinatuko diat!.
Ilusioa, itxaropenaren ezin banatuzko bizkia
6
Enbor gainetan tinkatuta daude aizkorak apustua noiz haziko:
- Euskalduna?. Ni australiarra.
- Tronkoak, gaur, Sakanakoak.
- Aizkolariak nongoak ote.
Izan zen garaia aizkolaritza euskalduna zela uste genuenekoa
7
Dendan:
- Porru hauek horituta daude.
- Mojari emango dizkiot.
Izan zen garaia, noiz ospitaletako aiton-amonek, ganoraz jateko itxaropena ere galdu zuten
8
Burdinazko ziriak eta mailua enbor zatien alboan:
- Soinu goxoa duk buruan jotzen hauteneko dinkada ozen bizia.
- Baita enborraren grakada ere nire aho aurrean irekitzerakoan.
Tresneriak aroa aldatzen du, aroak bizitza, bizitzak gizartea. Gizakia bera aldatzen ote?
9
Ospitalean:
- Telebista-gelan ikusiko gaitun.
- Betiko besaulkian itxaroko haut!.
Itxaropenak ez du adinik
10
Paperontzian:
- Bizkaiko pinudikoa?. Ni Australiatik ekarri ninditean. Afrikarra ere ezagutu nian apalean.
- Poema baten orrialde egin naitek, baina birziklatu aurretik ogia bildu nian okindegian.
- Aurpegi ezaguna zaramaat inprimatuta, nire baso-kide batek ipurdia garbitu zion berarena.
Harro da gizakia askatasunaz zein aukeramenaz, baina ez du bere etorkizuna erabakitzen
11
Dendako kaxa aurrean ordaintzeko zai:
- Ama?. Ongi!. Jaikitzen da, apetitua ere ona du, badabil.
- Bururik ez al du galdu, ez dizute arropak eta bazterrak nahasten?.
- Hori bei.
- Kutxamutilak: jan eta edan egiten den bitartean ...
Burua, gorputzeko atalik ahaztuena: kanpotik apaindua, barrutik biluzia
12
Semetxoarekin doa bikotea Kontxako ibiltokian Pilarikak aparta argitu duen eguerdian:
- Goazen Ondarretaraino paseoan, gurasoek.
- A ze nolako txorrada!: haraino joan, ondoren bueltatzeko, txikiak.
Oraindik joanean bizi denaren bizitzari buruzko ikuspuntua
13
Plastikozko milaka edalontzi zapalduk zabortegi itxura damaie Etxarriko kaleei:
- Libratu ninduan igandean Kilometroak-en baina gaur erabili nautek Oinez-en.
- Nik Araba Euskaraz eta Ibilialdiara arte irautea espero ninan.
Euskaradunek euskaradunekin euskaraz soilik egitea erabakitzen dutenean, Euskaldunen eta Euskararen bilkurak ez dira dirua biltzeko izango.
14
Eskopeta hotsak saihestuz doaz usoak hego-haizeari branka jarriz:
- Ez al zegonan berde beheko baso horia azken hegaldi luze hartan.
- Iparralderakoan huen, orain beherantz goazan.
Udazkena okrearen sinfonia, udaberria aldiz berdearena
15
S. Donatoko muturra, haize zurrumurruen gordailu eta entzule:
- Basamortuko haize horia, mairu doinu eztia eta erritmo beltza zakartzaat nire baitan.
- Hotz pizgarriz bilduta zarabiltzaat hire epelaren amets diren gorputzak.
- Itsas zabal bareko euri oparoa daroakiet nekazariei.
Hegoak eroak ere eroago, mendebalak zelai berdeak berdeago, iparrak beroki goxoak goxoago
16
Ezin dela atera erantzun diot "etxekoandrea?" galdezka atea jo duen neskatoari:
- Orduan banoa.
- Ezin al dizut ba nik erantzun?
- Minusbaliatuen aldeko aire-hozgailuen salmenta batekin ari naiz.
Gure matxismo harroputzak arazo arruntetarako ezdeus bihurtu gaitu gizonok
17
Ur tanta gelditu da txorrotaren ahoan:
- Jarioa darit eten gabe, zerbait konta diezadaten astirik gabe, baina hi gelditu egin haiz.
- Lainoetan, zelaietan, mendi sabelean, tutuetan ibilia nauk, badiat zer konta.
- Bota ba.
- Bultzaka diat beste tanto bat, agur, banoak erretenera, ondoren ibaira, itsasora azkenez eta berriz lainoa izanen nauk.
- Ia txorrota itxita aurkitzen duan hurrengoan eta solaserako astirik dugun.
Gehienetan kontalariek ez dute entzulerik, entzuleei ostera kontularia falta zaie: nor bera.
18
Sutegiko hautsa bezain zuri dager iraganaren hautsez errementeriako tresneria:
- Hire baitan goritu ondoren, nire gainean burdina gorpuzteko danbadena huen hemengo musika.
- Sutegia, ingudea, mailua, gehienez museo-gai errementaririk gabe.
Errementariarenak egin duen garaian ere, kolpeka gauzatzen da askatasuna Euskal Herri gorituan
19
Eguzki epeletan dagoen sugandilari hurreratu zaio umea:
- Zer esan nahi dute “sugandila buztana” naizela diotenean.
- Txingarra daukakela oinpean. Gu berriz bizitza gorde behar dugulako gaituk tirtiriak.
Haurtzaroko nostalgia edo mono inkontzientea erakusten du adinekoon umeen egonezinarekiko erreminak
20
Gimnastei begira:
- Zenbat aldiz errepikatu behar ote ditek ariketa bera, ondo ateratzen zaien arte.
- Ondo egiten duelako errepikatu behar dik langileak gauza bera bizitza osoan.
Errepikamena, beti aspergarria
21
Etenak egin dituzte zaunkaz bordako hiru ardi-txakurrek inguratu garenean:
- Adi, bazatozak, erasoa diagu, diganteak dituk.
- Makila zekartek. Gureak egin dik.
- Guau, guau, guau, guau, ....
- Bazoazak, beldurtu dizkiagu, garaipena!!!.
Bakoitzak soilik daki ze ahuldade eta beldurrez egosita dagoen balentria
22
Goizeko behe-laino trinkoan autoak garbi utzi du errepidean gardantziloa:
- Horren hegoalderako bidaiak egin dik.
- Baita bizitzakoak ere.
Gizakia: egoera batetik egoera berri batetara materiaren aldaketa kontzientea
23
Amuarraina eta bisigua jatetxeko hozgailuan:
- Ur labain gezetan nenbilenan atzo esku leunak haizpe lasaian harrapatu nindinan arte.
- Ur handi gaziak nitizkenan bizileku nik, amu mozorrotuak liluratu ez bazinan nire aho gosebera.
- Gaur ur izoztua dinagu gordintasunaren iraupen.
- Bihar, berriz, mahaikideen jaki izanen.
Izakia, harrapari
24
Behesuak oraindik epel dirau:
- Txingarrak: Garrik gabeko sua, hilzorikoa.
- Errautsak: Estaliko haut putzen batek harrotu arte.
Itxaropena, bizitzeko nahitaezko hauspoa
25
Harridura eta irria zerien begiradei Antonio jubilatuen biltokira heltzean:
- Jakia atzekoz aurrera jantzita hator eta!.
- Izan ere ba, aspaldi honetan etxakixat natorren ala nixen!.
Iraganari begira hasten garenean, ekin dio gainbeherari bizitzak
26
Zaharren egoitzako eskegitokian kulero, bularretako eta galtzontziloak daude eguzkitan kulunkaz:
- Nahiz zirkinik ere ez sarri etxean, gogortzen zaiok noizbehinka oraindik kalera ateratzean.
- Gogortu, titi puntak hotsagatik gogortzen zaizkiok gehienetan gureari, busti berriz, azken pixa tantoren bat ez bada, ezer gutxi.
Zakilek eta aluek hil-kanpaira arte jotzen dute berea
Urriaren 27a. Igandea
Osasun zerbitzuetako itxoin gelak, herriko kontakatiluen paradisu:
- xxxxxxxxx
- ??????????
- !!!!!!!!!!!!!!
Jende batek, zer esanik ez badu ere, hitz egin behar du
28
Artzainek markatu egiten dituzte ardiak:
- Hi markatuta hago, horregatik egiten diate beti eta edonork euskaraz.
- Geure herrian ere euskarak markatuak izan beharrera heldu gaituk!.
Bakoitzaren automarkatzeko erabaki librean datza gaur egun Euskararen etorkizuna
29
Simaurrari piloko egonean utzi behar zaio luzez ongarri bihur dadin:
- Entzun duk Urliaren azkena?
- Okerragoa duk Sandiarena.
- Berendiarena kontatuko dizuet.
Isilpeko maiseaketari zelaian zentrifugatutako simaur zirinduraen kiratsa dario
30
Harrerako langileekin eta itxaronaldiko kideekin izan ohi du askok kontsulta eta aitorpena:
- Katarroa izan nuen eta orain mukiak dabilzkit buru guztian.
- Pastillak hartuko dituzu baina?.
- Nola ez!. Goiz eta arratsaldez!.
- Nire ohera eraman ordez solairu ezberdineko beste ohe batetan sartu ninduten operatu ondoren.
Itxarongeletan ordu batzuk anonimatuan botatzea nahitaezko asignatura behar litzaieke mediku- ikasleei
31
Badira lainopean argitzen diren egunak:
- Okerreko barazkia erosi dut eta behar ez zen lekalea egosi; ondorioz bota egin behar izan dut lapikokada.
- Bizarra egitea ahaztu zait.
- Oharrak hartzeko arkatza etxean gelditu da.
- 20 minututik gora luzatu du erosketa txanda aurreko atso berritsuak.
- Argiak piztuta uzteagatik bateriarik gabe dago autoa.
- Dena ordu eta erdiren buruan!..
Zorionez, egun gurutzatu orok du bere atseden gaua
Ipuin nanoak
IRAILA
01
Igande goizean dendak zabaltzen zireneko garaian, denda itxi eta gero:
- "Alejandro!", beti azken orduan datorren txatxaliak.
- "Ze bion?", ate zirrikitutik, erreta, Alejandrok.
- "Komuneko papela biajuat".
- "Eutzon", eta periodiko papera luzatzen dio ate bitartetik.
Ipurlokak eta ipurterreak, biek ere burua arina
02
Igerilekuan:
Erori zaion giltza berdea jaso dio mutiko ilegorriak neskato ilehoriari.
Barretxoaz eskertu dio fintasuna neskato ilehoriak mutiko ilegorriari.
Irribarrea, ahotsik gabeko hitzik xamurrena
03
X izpien aretoan:
- Hezur barnekoenak ere ikusten dizkiat.
- Gogo azalekoenik ere ez ordea.
Zerk zeratzen zeraren zera?
04
Orrien aurretik erortzen dira ezkurrak:
- Landare erneko gaitun.
- Urdaiazpikoren bat gizenduko agian.
- Lurra onduko diagu gehienok.
Hazien gehiengoak berezkoa ez duen zeregina gauzatzen du
05
Ispilu aurrean dago gaztetxo zoriontsua:
- Begiek: niniak argitzean ertzak luzatzen dizkizuet ezpainoi.
- Ezpainek: hedatuz, matrailak edertzen dizkiat nik.
- Matrailek: aurpegiko azken giharrak ere dantzari, irribarrearekin.
Zoriona, aurpegiaren udaberria.
06
Debekatutako kontzentrazio ostean:
- "Ez dago zigorrik, ez baitute legerik hautsi" dio Auzitegiak.
- "Legea ez badugu alde, legea bera aldatuko dugu" dio Sailburuak.
Epailerik zuzenenak ere politikoak ezarri legea bete besterik ez du egiten, ez dago justizia itsurik
07
Harritzarrak jarri dizkiete oztopo autoei Urbasako larrean.
- Barrikada egin zigutek auskalo ze iraultzaren gose.
- Ze iraultza ote amets Havana 7 zurrupari horiek.
Iraultza, edozein aroko gizarteak uneoro ezinbestekoa duen ekintza.
08
"Hiru segundo ezetz, hamar palada baietz, baietz hirugarren, ...":
- Zergatik ez gaitiztek sakonago sartzen eta arinago dantzarazten.
- Ezin huen gehiago zabaldu ziabogan?.
- Ia trabeska hartzen dizkik olatuak ura sartu dakidan.
- Nor mantsoago lehia zirudik honek
Dirua tarteko, lehena ez da beti irabazlea, trabesa eta tongoa sarri baitira bikiak.
09
Irunen eta Hondarribian fusilak danbarradaka hizketan Alardean:
- Irainak eta golpeak jaso ditiztek emakumeek partaide izan nahiagatik.
- Politikoen intolerantziak eta agintekeriak zoko oro kutsatu dik.
Haserrea eta egonezina hain erraz pizten zaion gizarteak etorkizun iluna du.
10
Hegada geldian gorabeheraka dabil lumaje hori-zuri-marroiargiko gabiraia zelai gainean, azpiko belatzean berriz suge tripazpi koloretsua mistoari eraginez:
- Suge horrekin egun osorako janaria neukakek.
- Badiat bost ordurako digestioa lurra jotzen ari den sator horrekin.
Polizia dotoreena izan daiteke borrerorik ankerrena, gizakia kolpatzea baita sarri bere ogibidea
11
Erregai lurrinduan bilduta, dena plastiko-osagai den autoaren gurpilak galipotezko errepidean:
- Lehen ere elkarrekin egonak gaituk.
- Putzutik atera gintuzten arte.
Petrolioarena izan da 20. gizaldia
12
Hegazkina, laino gainetikako ibilgailua:
- Hemen beti ateri
- Gorago hodeirik ez bada.
Ez da zaparradaren batek harrapatuko ez duen gizakirik
13
Haize-errota elbarrituak kixote atzerritarrak datozkion Ibizan:
- Hegorik gabe utzi gaitiztek, soroak garirik gabe.
- Goseak herriak erotzen dituen garaian hain zuzen.
Turistak ogia dakar besapean, jaioberriak ez bezala
14
Hondartzetan berreskuratzen da gorputz biluzien lilura:
- Gose gordina hire begiena.
- Nireganako disimuluzko soen truke.
Galdu egin dugu biluziaren xarma; ordez, baina, biluztearena irabazi
15
Nudista hondartzan:
- Aluak: Puritanoa diagu gizartea.
- Zakilak: fariseoa ere.
Exhibizionista den gizartean, larrugorria eguzkiari erakusteko ezkutatu egin behar
16
S. Antonio de Portimany:
- "Bar Pizzaurante": izenetan ere desmadrea Ibizan.
- "Colonen arraultza", erraldoia: monumentua ala txiste zizelatua?.
Fraile dohatsuak ez du bizileku egokirik hiri honetan
17
Lepo autobusa:
- Atzeko atetik sartu!.
- Txartela?, ez dago barren non kobratu ere!.
- Kalera batzuk, besteak atera ahal izateko!.
Europak lurralde mota asko ditu!
18
Punta Arabi, hippyen azoka:
- From Spain?
- Ez.
- De donde?.
- Vascos.
- Mi hijo se llama Andoni. Me gustan vascos.
"Gu euskaldunak gara, Euskal Herrikoak"
19
Itsasgainean zintzilikatuta daude jatetxeak Cala Taridan:
- Batzuek porrot, beste batzuek jendez pil-pil.
- Jatetxe aberatseko bezero bakarrek txosnako jendetzak adinako irabazia uzten dute.
Pobrearen lanak, etena; poltsak, zuloa
20
Hesola tantaiak euskarri, itzal trinkoa eginez zabaltzen dira pikondoen arramak borobilean.
- Beste zuhaitzik ez dugu Formenteran.
- Ezta txabolak egiteko premiarik ere.
Nekazarien asmamen-irudimena artea bilakatzen da arazoei irtenbidea ematean
21
Ezin genion igarri katalanez ala gazteleraz ari zen azokako amona zaltzailea:
- "No son guapas, pero son bonitas".
- Almendrak itxura onekoak ez baina onak direla, alegia.
Kutsatu gabeko herri hizkera, liluragarriaz gain, zehatza
22
"Ibizak bere piratei" dio portuko obeliskoak:
- “Piratei jasotako munduan bakarra".
- Euskaldunok ezin dugu ba etakiderik goratu.
Indarkeria: boterearen pribilejioa, zapalduen eskubidea
23
Hoteleko jantokia gainezka dago:
- Aizu, esnea ematen duen makina hondatu egin da.
- Behia ekarriko dugu bertara.
Umorea galtzen ez duen herriak iraungo du
24
Udazkena Ibizan:
- Belztu eta eroriz doaz olibak, heldu zaie uzta garaia olibondoei.
- Badatoz ertzera alga gorriak, itsasoaren baitako belar umatuak.
Itsasoaren altzoak ere lehorreko urtaro berdinak ditu
25
Bukatu zaizkigu Ibizan:
- Hondar gaineko ibilaldi oinutsak
- Eguzkitako ordu biluziak
- Bustialdi gaziak
Bukaera oro, zerbaiten hasera da
26
Hegazkinak gorde ditu gurpilak turbinen hegaltxoan:
- Gurpilik gabeko ibilgailua diagu hau.
- Haizea zulatzen duen daratulu borobilak eramana.
Borobila imajinatu ohi dugu lurraren 365 eguneko ibilia
27
Artelazki borobilak ohi dira igerilekuko salbamendugailuak:
- Ur-egarri gintuan artelatzak uda sapetan.
- Uretarako moldatu gaitiztek orain, baina lehor darraiagu gehienetan.
Urik ez duen iturriarena, egarri biziena
28
Bost errobera jarraituzko patinak aldagelako bazter batetan:
- Hi izan haiz lehena helmugan, entrenamenduetan saiatuena ez arren.
- Hartu nauten bernak izan dituk erabakigarriak
- Edo bernak hegan jarri dituen dopina
- Asmatu eta egin nauen fabrikanteak irabazi dik lehia.
Coubertin Baroiaren "Garrantzitsuena, parte-hartzea", esaldi borobilak mito bihurtu zuen lehiaketaren iruzurra.
29
Txatartegian pilatuta daude era guztietako gurpilak:
- Bira gehiago behar nizkian hik egiten huen luzera bera egiteko.
- Hi politagoa hintzen
- Erritmoan ibiltzean zegok koska, ordularien erroberatxoak lez.
- Gurpila gizonaren asmakizun garrantzitsuena.
Mundua ere borobila
30
Bi makal lerden errekondoan:
- Luze eta mardul hazi gaituk urteetako bakardadean.
- Laster agertuko zaiguk motozerra eta zatituko gaitik.
Zerria ez da gizendu ondoren hiltzen dugun izaki bakarra
Ipuin nanoak
ABUZTUA
01
Onkologikoan pastillatxoa eta tramankuloa:
- Behinola sutan erretzen zizkiaten akelarreko sorginak eta herejeak gizartea sendatzeko.
- Kuriosoagoak gaituk gu gizakiak sendatzen, barrutik erretzen ditiagu.
Erradioterapia eta kimioterapia, biak erreterapia.
02
Kirolari baten lixiba balkoian lehortzen:
- Nor litzaken zapatilotako oina.
- Nor kulerootan lehiakide.
- Eta kantzotziloetan!
Bada homologatu gabeko lehiaketa eta kirolik!
03
Txapliguak jaietan brist eta pun:
- Gu gabe jairik ez.
- Gauean ortzadar eta egunez sinfonia.
Bolbora bizipoz bihurtu zuen filosofiak salbatuko du gizartea
04
Aizkolari proba noiz haziko:
- Pagoak: zorrotza behar haut, arrasto berean beti, sakon eta leun, maspildurarik gabe.
- Aizkorak: halakoa izango natzaik, biguna, hezea eta begirik gabea bahatzait.
Gogorra eta biguna, bustia eta lehorra, zurruna eta malgua, zuria eta beltza, kontrajarriak baina ezkonterrazak
05
Kale-kantoiak jaietarako pixa-leku kabinari:
- Hi hemen jarriz ni neu bihurtu nauk pixa-leku.
Gizakiak berezko errazera jo ohi du ezohizko egoeran
06
Zabortegi dira jaietan kaleak:
- Kale-zoruak: Hau duk ekaitza!.
- Mangerak: Jaiaren hire biharamuna!.
Gizakiak ez du berezkoa garbitasuna
07
Txistua, dultzaina, tronpeta eta atabala beti jaikide:
- Ni nauk irrintzia.
- Ni algara.
- Ni dantzarako deia.
- Ni jaiko taupada.
Ez dago jaietako irudi tristeagorik, kalejiran saltariz zurtz doan txistulari, dultzainero edo txaranga baino
08
Txosnako esparrua gaupasaren auspo:
- Zenbat maitasun xuxurla, ahopeko, belarrira.
- Goizaldeko inspiratuen legebiltzarra.
- Albistegi-esatarien komunikabide.
- Mezu guztien pankartaleku.
- Iraultza eta utopien foroa.
Agintariei ez zaie atsegin kontrolatzen ez duten herri arnasarik.
09
Jaien biharamuneko arnasa orekatuz doa herri erritmoa:
- Hara postaria aterik ate zama horia arinduz.
- Pedrok atera dizkik baba-lekak kaleko eguzkitara.
- Erramun atera duk zuhaizpeko bankura hamaiketarako.
- Luisitoren dendako pertsianak zabalik dira bederatzietan.
- Umeen txirringak eta ortuzaleen traktoreak berriro gurpilarin.
- Txakurtxo muturbeltxa pixaz berrituz doa bere esparruko mugak.
- ..... ..... ..... ..... ..... ..... ..... .....
Herri bakoitzak taupada-kadentzia propioa du, pertsonek lez.
10
Mandeuliek haritza dute bizitoki:
- Azal bigunpean harrapatu zioat zaina.
- Nire zaldiak ostera narrua sendo eta buztana luze.
- Plastateko batek baldratuta natorrek ni.
- Igerilekuan itota geratu duk bat.
Biziraupena, beti latza
11
Mandeulia eta eltxoa hariztian:
- Hire eztena banu.
- Hi bezain txikia banintz.
Fida zaitez zutaz, besteen laguntzaz baino
12
Erlea eta erlaminoa:
- Gizakiarentzat etsai.
- Lorearentzat amets.
Norberarekiko ustean datza bakoitzaren indarra.
13
Eulia eta eltxoa:
- Intsektizidaren beldur beti.
- Ni berriz putz baten mende.
Gizakiaren eztula, eltxoarentzat ekaitz
14
Errenka doa ibiltaria bidexiorretik:
- Harri koskortxoa ere oinazpian harritzar.
- Belar lehorra, arantza.
Zorria lehoia baino arazo larriagoa da elefantearentzat
15
Torto batetako jarduna:
- Bitxilorea: Usaiak egiten gaitin ezberdin.
- Kamamila: Baita kirtenak eta iraupenak ere.
- Txindurria: Bata begien atsegin, bestea urdailaren atseden.
- Erleak: horregatik jartzen zaituzte lehortzen bata, lorontzian bestea.
Izadia, puzzle miresgarria
16
Eguzkia eta lainoa:
- Nor gailenduko, hemen goian beti biok.
- Behean ostera biok beharrezko.
Gari horia, berde izana
17
Betaurrekoa eta begia:
- Nik gabe ezin duk ikusi.
- Nire lausotasunagatik haiz hi haizena.
Domino fitxateria da izadia
18
Aterkia, gabardina eta praka-barrena:
- Aterpe zabala nauk
- Ni gorputz osokoa
- Baina ni beti blai
Harrokeria beti ustela
19
Zakila eta alua:
- Ametsa eta egarria.
- Pasioa eta lilura.
- Astindua eta baretasuna.
- Aseberria arren beti gose.
Lorea eta erlea, nahiz ezberdinak, elkarren osagai
20
Sugandila eta muskerra Etxarriko kale batetan:
- Basoa utzi eta hiritartu asmoz?.
- Galdu egin nauk.
- Aspaldi galdu gintuan gu zementuzko zulootan.
- Goxoa duk espaloiaren epela tripazpian.
Asko dira kalezuloak liluratutakoak
21
Sugandila eta muskerra:
- Ni txiki eta hi handi.
- Ni koloretsu eta hi ilun.
- Bestela, antzeratsu.
Gizakiak, bi ere ez berdinak
22
Zorria eta arkakusoa:
- Zurixka nahiz gorrizka, biok parasito.
- Bion bezeroak beti hazkura.
Aberatsa, pobrearen parasito
23
Sugandilak espaloi epeleko txatxaran Etxarrin:
- Baldratu ditek kantoi bazterrean basotik herrira aldatu zen muskerra.
- Gizakia zutitzen hasi zenean indartsuenek zapaltzen zuten bezala.
Izadia, milioika urteko borrokaren emaitza
24
Aizkora kirtena eta mendi-mutilaren eskua:
- Leuna ba haiz izan, baina azala mintzen didak.
- Ia ba txistukatzen hauten.
Baba gozoenak, platerekoak
25
Txilardiko loretan erleak burrunbatsu:
- Ezti iraungo duzue.
- Erratza izatea dun nire iraupena.
Iraupena, gizakiaren ametsa eta kezka
26
Antoniok erretura piztu du zopizartu berriko baratzean:
- Suak: Argia eta beroa izateko aukera ematen didak.
- Belarrak: Txingar gori ondoren hauts bizigarri egingo nauk.
Gizakia, kate-begia besterik ez.
27
Mendebala, ekia, hegoa eta iparra nahastu dira Hirumugeta tontorrean:
- Ez Sakana, ez Ataun, postontxitxo zuri teilatugorria duk ikuskizun bakarra pagoarte honetan.
- Mugarritzar ilun sendoak ere ez ziguk asko laguntzen nora jo Y horrekin.
- Hemen Ardantza ibili duk, bere Y bidesareari propaganda egiten, edo Atutxa talde Yrekin aztoratuta.
- 1777koa ala 12-7-75koa duk?, bailara hauetako harginak euskaldunak zituan, baina alkateak ez nonbait.
Mugarriak, jabetzak kezkatzen dituen arazoa.
28
Ardiak larrean dabiltza abuztuaren hondar hezean:
- Berde gorde haute aurten euriek.
- Zuek berriz zuri.
Abuztuko euriek, larrea guri eta ardiak garbi
29
Bada metalezko ahuntz zuri-beltz saldoa Sakanako autobide ertzean:
- Hauek ez dizute belar askorik jango.
- Pintura ordea bai.
Ez dago ezer zerbaitetaz elikatzen ez denik
30
Ortzadarra, errekatik errekarako igarkizuna:
- Langileen bandera, Txe Gevararen izarra.
- D bitaminaren ikurra.
- Sorollaren hondartzak.
- Txapelokerren uniformea.
- Izurdeek zeharkatzen duten itsasoa.
- Garai bateko letxada nahiz lixibaren eranskina.
- Feministen ezaugarria.
Goiko Mari Trinik bata argia eta bestea iluna ditu begiak
31
Bi begirada gurutzatu dira kalean:
- Atsegin dizkiat oliba irribarretsu horiek.
- Gustuko natzaiek anpolai ezti horiei.
Begiak bihotzaren ezpain, begiaren irria bihotzaren poza
Ipuin nanoak
UZTAILA
01
- "Ze lore polita" esan zuen ahotsak.
- "Alditxorako edertasuna soilik" murmurikatu zuen distiraz loreak.
- "Alboko lorean utziko dut zure polena eta eder jaioko zara berriro hurrengo udaberrian" limurtu zuen erleak, eztenaz loreztia atereaz ordainetan.
Edertasuna ez da sekula hilko
02
Tximeleta eta sorgin-orratza udaberriko belartzan:
- Mito gaitun biok, pinpilinpauxa.
- Biok ederrak garelako, zalditxo hegalari.
Ederra, apala bada, maitagarria.
03
Bareak eta barraskiloak topo egin dute gaueko freskurara ateraldian:
- Da, prestakuntzetan?
- Atalantan ikusiko gaituk!.
- Zertan ariko haiz?.
- 100 metroetan.
- Ni maratoian!.
Irakurri berri dut badela animaliatxo bat bere bizitza osoko ibilia zentimetrora mugatzen dena.
Ez da ezer gaindiezinik.
04
Udaberria:
- Zozoak: hire azken borondatea.
- Zizareak: astinketarik gabe irenstea, bat-batean.
Lorategia, askoren urkamendi.
05
Auskalo ze janariren usainera igotako txindurriak auskalo ze txoriren lumajetik eroritako arkakusoa topatu zuen lainoetaraino jotzen duten komunikabide dorre-orratz horietako batean.
Beherantz so:
- Hara hor behean erraldoiak.
- Hemendik begiratuta ia nanoak.
Ez da norbaitentzat nano ez den erraldoirik
06
Lastategian:
- Izan gintuan ba gu berde, heze eta malgu; orain, ordez, hori, lehor eta zurrun gaituk.
- Garitzan ere buruak gailen: ogi, gozoki edo talo. Gu berriz kortako azpi, edo auskalo.
- Orratza bilatu diat!!!. Ibili huen bikoteren bat jolasean!.
- Gozamenaren ohatze, lastoarena ez duk dena atsekabe.
Sabai betea, okindegia lanean.
07
Lixiba kulunkan eguzkitan:
- Kotoia nindunan, mastra berdean zuri, orain zapi koloretsua ikusten banaun ere.
- Ni ostera isurkari beltza hi hengonan soro azpian, orain elurra ziruditen arren.
Biharkoa, beti kilikagarri.
08
Umetako ipuin bat:
Euskaldunari eman diote bazkal-mahaian bisigua banatzeko ohorea:
"Aleman, pati el buztan. Frantses pati el kabes. Euskaldun tonto, erdi-erdiko trontzo."
Gutxiagotasun-konplexua dugu euskaldunok, mozorrotzen badugu ere.
09
Duela milioika urte, lur borobil honen egunsentian:
- "distirant ederra" zioen hauts-izpiak beste hauts-izpi bati, biak elkartuz.
Milioika urtetan milioika hautsen arteko liparra, hondartzak sortuz.
Maitasunak ez du kolore finkorik, hondartzak ere: urre-koloreko, beltz edo zuri izan daitezke biak.
10
Globulu zuriak eta gorriak topo egin dute txirrindulariaren bihotzean:
- Sarri ikusten gaituk egunotan.
- Gora eta behera, gogorra duk oxigeno-garraiolari lana.
- Bernen abiaduraren moldean beti gurea.
- Noiz helduko ote Parisera.
Mailot horia, askoren arnas eria.
11
Zaparradan datoz euri tantoak lurrera.
- Arabiako maraja baten hareneko bainuontzian nengoan iaz.
- Alpeetatik egin nian nik azken ibilaldia Alemanian zehar Ipar Itsasoraino.
- Arrosa batetan hasi eta bere oinetan bukatu huen ba nire bidaia.
- Auskalo non ote gure gaurko lurrartzea.!
Zientziak argituko du bizitza, baina ez die kenduko misterioei lilura
12
Haizeak harrotutako zirimolan elkartu ziren Jesus, Buda, Mahoma eta Konfutzioren errautsak:
- Ze nolako zurrunbiloa harrotu genian hor behean.
- Zuek jaio aurretiko esperientziadunak gaituk gu horretan.
- Zerbait behar dik gizakiak itxaropenari eusteko.
- Ez norbaiten interesik ez balego!.
Itxaropen beharra da fedearen eusgarria, dirua eta boterea erlijioarena.
13
Dirdir txirrindularien elastiko koloretsuak errepideko eguzkipean:
- Biraketa-eromena beheko gurpilena!.
- Alatsua izanen gurea ere garbigailuan.
Inork ez du oraindik asmatu bizitzako gora-beheren kontagailua
14
Lur galdatan mahats-kordetako aleak belztu zain:
- Nongo kupelean bukatuko ote diagu.
- Agian beirazko botila batetan, agian garraio bidoietan.
- Dolare baten ordez ahoren bateko haginek birrintzen ez bagaituzte.
- Pixan bukatuko al diagu behintzat eta ez goizaldeko txahalen batetan.
Ez da inor bere azkenaz dakienik, bere buruaz beste egin nahi duena ezik
15
Atea krisketarekin eletan:
- Haizeari ez bada gizakiari pasoa oztopatzen gu beti, polizia lan zikinetan.
- Ezkorra halakoa!, bizitzako une goxoenak ere guk gordetzen dizkiagu eta.
Atea asmatu aurretik ere baziren isilpekoak.
16
Aznar eta Pelipe Legebiltzarreko pasiloan:
- Zortzietan bildots txuletak!.
- Ez zagok bodegiya parekorik Moncloan.
Harreman xumeetan gizendu ohi dira erabaki gordinenak.
17
Txirrinduko balaztak pedalei:
- Zuek abiadura ezarriz, ni, aldiz, motelduz.
- Pinoiak eta platoak ere hor zebiltzak ba nola koordinatu buruhaustez.
Orekarik ezak dakar zarrastelkeria.
18
Non hasi eta non bukatzen ote, beti joanean eta beti bertan ikusten diren itsas barruko uhin altzozabalak.
- Harea horira noak aurretik gandor zurietan surflariren bat harrotuko dudan itxaropenez.
- Ez ote gaituk aparretan lehertuko itsaslabarren batetan.
- Urdinean bertan baretzea espero diat nik batelen bat kulunkatuz.
Bizitzako uhinen eraginera doa gure patua, noizbehinka branka jartzen ahalegintzen bagara ere.
19
Arkakusoen kongresoan:
- Lehenengo ia ito nindian putzuan txerramak, ondoren zuhaitz baten kontra lehertzen ahalegindu huen.
- Larriago ibili nauk ni tipoaren azkazal artean, barrabiletan hazka hasi denean.
- Elkarren kontra hertsatzen diren hatz lodien azkazalei zieat nik beldur.
- Elefantea dukek bukatzen ez den azalalde oparoa txorien mokoagatik ez balitz.
- Tximinoen elkarrekiko toileta baina arriskutsuagorik ez zegok ezer.
Arkakusoak berak ere bere parasitoa, ez da bizkarroi gabeko izakirik
20
Bada imajinazioak soilik detekta dezaken mezu ikusezin anitz, Bergaratik Zumarragara tarteko Deskarga gainean jasotako hau lekuko:
- Muna: Ba omen aldats honen izen bereko herriren bat Albacete aldean.
- Clio: Baina hark laguna dik, bereizezina: Descargamaria dik izena.
- Muna: Hoanean esaiok deskarga dezala "maria" hori, sinonimoak ezinez, gutxienez homonimoak izan gaitezen, "c" edo "k" bat gorabehera.
- Clio: Berak hiretzat "maria"ren bat bilatzeko eskatu zitian!.
Uste baino kidetasun gehiago dute lurraldeek eta lurralde ezberdinetako biztanleek
21
Otsoa artaldeko denean, nori tiro?:
- Makuluak: Indarkeria eta terrorismoa, arbuiatzen ditugu !!!.
- Eraztunak: Torturak, frogatu egin behar dira.
- Mitrak: Erreibindikapenak, beti neurriz.
Gotzainen hizkuntza, bikoitza ez denean, multikoitza
22
Xiringak zizt egin dio zainari:
- Dakark ala daramak?.
- Kargatuta ere, senda asmoz etorri ohi nauk.
- Mingarri hi beti!.
- Odolaz zamatuta noak gaurkoan, osasuntsu hagoen esperantzan.
Sarraila onak lapur gutxi, argitan tupustik ez, prebenitu hobe sendatu baino
23
Tximeleta koloretsua sekulabelar-zelaiko berde mardulean:
- Lorategiko lore ederretan behar huen ez zelaian.
- Han ia inor ez litzatekek nitaz jabetuko.
Eder artean, ederrena soilik miresgarri; ilargia ere, gauez soilik eder
24
Traumatologiako itxarongelan:
- Deskantsuan harabilte hi trabilan, ni berriz hemen nabilek herrenka.
- Nirekin zakuan zegoen gehienak igeltseroaren masan bukatu dik ba.
- Nire errealdikoak berriz amabirgina dituk mila errezo eta kandela artean.
Harroena ere destinoaren menpe
25
Santiago zaindari-eguna duen edozein herriko eliza-erretaulan:
- Nork jarri ote hau nire oinpean larruazal beltzeko?.
- Zaldi gainean ezpatadun jarri hauen berak.
Santixo, Espainiak hiltzaile bihurtu zuen apostolua
26
Uda-festa lainoetan:
- Jo atabala
- Piztu suziria
- Bota isuri pizgarria.
Trumoia ortzian, perretxikoak basoan
27
Atlantako stadiumean huts eta hits daude, bolbora usaiez bildurik, berdegunea eta harmailak:
- Jokoei ere bere Akilesen orpazurda aurkitu zietek.
- Buztinezko oinak zizkian bai Atlantako digante olinpikoak.
- Dabiden habailak Goliaten begitartea jo dik berriro.
Indarrean oinarritzen denak ez du etsai txikirik
28
Disko, mailu, pisu, xabalina,... brist stadiumeko berdegunean:
- Meategi-kideok berriz ere auzo!.
- Ikusi haut hegan, luze eta zorrotz, zurez buztandutako gezia baihintzen.
- Hik heuk ere kometa dirudik.
- Aho zorrotzez haizea ebakitzen duen plater hegalaria bihurtu naitek.
- Erretxinez latz, haizearen fereka leuna duk bola astunaren hegada.
Giza besoa jaurtigailu denean, jaurtigai oro kirol-gai.
29
Dentistaren kontsultategia:
- "oinaze-zaldia" nauk, hain erosoa naizela ere!.
- Ziztada batez mina kentzea duk nirea.
- Tirakada on bat hobe ukabilkada baino haginak ateratzeko.
- Harrobian laztabinak bezain erraz zulatzen dizkiat haginak.
Ateratako haginak, betirako bakerik ez.
30
Biltzen duen axuleiuz urdinxka, jauzi-oholari begira datza ur barea:
- A ze nolako plastatekoa beltzaranak.
- Zipriztinik gabeko ziztadan barneratuko zaiguk begihurratua.
- Baietz blaust ilehoriak.
- Aparretan harrotuko gaitik beltzak.
- Sabelaldea hilea baino gorriago atera behar dik hor datorren horrek.
Bizitzako tranpolinean, era guztietara harrotu ohi ditugu urak
31
Hiru patroi autonomoak, laino zuria behatoki, ortzi garaian:
- "...armetan jarria,...txispaz armaturik,.." atutxamayorrek etakidetzat
hartuko haute.
- "de Vizcaya floron ...", hi ostera bizkaitar ordez bilbotartzat.
- "...prez y gloria al inclito patron", hi ere ba!.
Ereserkiak, herrien ezaugarri
Ipuin nanoak
IPUIN NANOAK
Argipen gisa
Inguruko ikuspegiez gozatzeaz harago, gorputza uretan bezala, gogaiera eta fantasian murgilduak zebiltzan gogoa eta irudimena aire zabaleko uda igerilekuan, joan-etorri errepikatuetan. Sistematizatze eta diziplina senak eraginda nonbait, joan-etorriak zenbatzeari utzi, eta bustialdi bakoitzeko ipuintxoa asmatzea otu zitzaidan behin, gizakiaren garunetan beti ideiaren bat kiribilduta dabilenez, igerialdiko gogoetak ordenatu asmoz.
Igeria bera bezain lasaigarria bilakatu zitzaidan ipuin asmaketa. Igerilekuan nenbilen bakoitzean, harat-honat uretan, ipuintxo bat asmatzen ahalegintzen nintzen, ikusi, entzun edo irudikatutako zerbaiti hitz idatzizko gorputza eskainiz. Luzapen astun bilakatzeko arriskua zuen ipuin asmatuok izkiriatzeak: lehen eguneko laburbiltzeak goldatu zidan gerorako ildoa: bospasei lerrotan trinkotu eta laburbilduko nuen ipuintxo bakoitza.
Jolasa ohitura bilakatu zen, uda ondoren aterpeko igerilekuan eman nion jarraipena asmakizun lanari. Azkenik, igerilekura ez nintzen aldietan ere lotu nintzaion eguneroko jolasari egun orok izan ohi duen oporralditxoari helduz.
Ardura eta denbora lapurtzen zidan, lana bilakatu zitzaidan azkenez, eta jolasa uzteko ordua zela erabaki nuen.
Ondorengo lerrook ditut oldozteon uzta.
Bizi printzak
Udaberria, Uda, Udazkena, Negua, gure Lur planetaren erritmoa osatzen duten arnasaldiak dira. Jaio, loratu, umotu eta lozorrotu, berriro berpizteko. Naturaren prozesua. Garen guztiona. Bakoitzaren ñabardura eta ziklo propioekin. Zer da gure bizitza izadiaren arnasketaren arnasaldi bat baino. Itsasoko uhinak surflaria gandor apartsuan kiribilduta daraman antzo garamatza gizakiok izadiak lau urtaroen altzoan bizi printzez zipriztinduta.
Bizi printzotan murgiltzen dira hurrengo kontakizunok. Barnera soa, zurrumurru epel, ortzadarreko kolore, ispiluan bildutako argi-izpi, oskol barneko mami, puzzlearen osagai, munduko ikuskizunaren talaia, natur sinfoniako doinu, giza koruko ahots, naturaren bristada, bakoitzaren bizi puska, bizipeneko liparra, … izan nahi dute ipuintxo labur bezain lotsatiok. Burmuinean hausnarketa xume baterako hazia, bihotza kulunkatzeko bultzadatxoa, ezpainetan marraztuko den irriñoa izan daitezken itxaropenez. Ipuintxoz txirikordatutako bizitzaren ipuina.