Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Ipuin nanoak

Ipuin nanoak

Jon Etxabe 2017/04/14 09:35
Azaroa

AZAROA

 

1

Hildakoak loratzen diren Domu Santu egunez badira hilerria jolastoki duten umeak:

- Zenbat lora hilobi horiek eta bat ere ez beste haiek.

- Ken ditzagun dutenei  eta ez dutenak apaindu

Hilerria, bizion isla

 

2

Dentistanean:

- Gruyer gazta zirudik hagin honek.

- Daratuluz zulatu, zuloak bete, zubiak jarri, garbitu, ....

Dentista: ahoko ingeniari, arkitekto, eraikitzaile, artisau, … eta kontratista

 

3

Hasi dira loreak zimurtzen hilerrian:

- Ze bakarrik gelditzen diren hilak.

- Ze bakarrik uzten gaituzten hildakoek!.

Ahazteko ahalmena, iraupenaren oinarria

 

4

Bi zorri elkartu ziren zakur baten bizkarrean:

- Hau bizileku lasaia, beti bere atzamarren ihesean bizi ondoren tximino batetan.

- Nire elefantean ostera txori mokoak hituen arrisku.

- Intsektizida duk izurritea.

Bizitokia, gehienon arazoa

 

5

Justizia, giza bizitzarako oinarri behar zuena.

- "Pakea eta demokrazia" oihukatu zuen ozenki plazan elkartutako herriak.

- "Eta injustizia aukeratzen dugu bozketan", ahalke, bazter batetan, ahots herabeak.

Hitzek bere zentzu jatorra galtzen dutenean ezinezkoa egiten da elkarrizketa

 

6

Lagunarteko egun-pasa umeekin:

- Futbolean noiz?.

- Beste heladu bat nahi dut!.

- Goazen etxera!.        

Maitasun lokarriak: kanpotik begiratuz lotura, barrutik  zoriona

 

7

Okindegiko apalategian lurrin usaintsua zerien ogi erre berriei:

- Trinkoa haiz, arto horaila!.

- Zuek berriz harroak, opil zuri nahiz beltz.

- Denok gozoak.

- Makinatxo bat gose asetzekoak.

Bada ogia amets duen herri gosetirik, baita ogiak ase ezin dezaken goserik ere

 

8

Keinu mezulariak dagite, argi kliskak luzatuz, aurrez datozkigun autoek:

- Zerbait gaizki zaroanagu!.

- Bai zera!. Hara han kontrola!

Txakur jagoleengandik babesteko gidarien solidaritateak badirau, etorkizunak badu esperantza

 

 

9

Eguerdian etorri, arratsaldez muntaia, iluntzean saioa, gauez jaso, goizean alde:

- Gaur behintzat ikusleak eta sosak!.

- Animaliak, akrobatak, pailazoak ... ume eta helduen lilura.

Bizi beharrak eta zaletasunak soilik ahalbideratzen du zirkoaren iraupena

 

10

Igerilekuko aldagelan:

- Joan al haiz Mezatara?.

- Ez.

- Egun batekoagatik!.

Ezohizko elkarrizketa ezohizkoagoa bilakatzen da ezohizko paradan

 

11

9´30etan sartu eta 12etan kalera, 2 ordu eta erdi bihotz azterketa soil baterako:                   

- Erradiografia eta elektroa egin dizkizugu, itxoin ezazu.

- Ongi duzu bihotza, zure txostenaren fotokopia atera behar dugu.

- Ordu-erdi luze ondoren: Erizaina, baina noiz joan ahal izango naiz?.

Ze gizaki desbabestua Osasun Etxe batetan sartzen dena                

 

12

Anbulategian:

- Atean zain aspertuxe, denen prakabarrenak usainduz paseatu da zakurtxo beltza Osasunbideko barne esparru zabalean, ugazaba ataurre batetan aurkitu eta honek atera duen arte.

- "Txakurra, kanpora", egunero bi orduz bezeroei aurrez aurre eta telefonoz eten gabe ari den harrerako neskari hiru astetan entzun dizkiodan lehen euskarazko hitzak.

Izan zen "lehen hitza euskaraz" kanpaina                

                       

13

Taberna batetako apaletan:

- "Mahatsetik sortua eta zurezko bukoietan ondutako ardoa, brandya, beti osasungarria".

- "Garagarra naturala denez, gora garagarretik sortutako pattarra".

Alkohol-zaleak kupelik haina kanil 

 

14

Aldageletan elkartu dira bi taldeak gaztetxoen fulbito partida ondoren:

- "Host, urduri jarri gaituk; madar, orduz aurretik jo dik amaiera; put; nola baina!; mek; ..."; bakarren bat nigarrez. Galtzaileen zurrunbilo ozena.

- Ertz batetan, irabazleak, isil, apal, baina begiak pozez nir-nir: "behingoz irabazi diagu".

Bereak ditu desoreka, desberdintasuna eta sufrimendua, lehian eta norgehiagokan oinarritutako gizarteak, poz urrien truke

 

15

Lantxurdak zuritu ditu Andia eta Urbasako baso zoztuak; lapatxak, Aralarko gainak:

- Heldu zaizue amaiera intsektuoi, baina udaberriko eguzkiak ernalaraziko dik utzitako hazia.

- Txindurria gorde duk aspaldi, sartu hakit zulora hi ere azkonarra!.

- Ilerik edo narru sendorik ez duzuenok, ama lurraren epela zaizue babes.

Lurrazala hozkailu den neguan, laba pizgarria bilakatzen da lurraren altzo epela

 

16

Ez da bertan beherakoa Santutegia; Monasterioa eta bere ingurua ere zoragarriak. Fraide lagunarekin egin dugu topo:

- Zer moduz?.

- Gero eta bizkorrago.

- !!! ???.

- Gutxiago izanik, bakoitzak lan gehiago.

Erkidegoa berritzen eta gaztetzen ez bada, gaixoa gaixoagoaren zaindari bihurtuko da,  zaharra zaharragoaren makulu, berri zaharren mezulari herrikide oro

 

17

Atxilotua jipoitu duten polizia arduraduna aske gelditu da:

- "Justiziaren aurrean denok gara berdinak".

- "Tururú".

Justizia: teorikoki entelekia, praktikoki gailen izateko ahaldunen asmakizuna.

 

18

6´50ak erakusten ditu gau-mahaiko erlojuak:

- Seirak jota bost.

- Begi bakarra zabaldu don ala, andra.

Uste dugula dakigu soilik, badenik ez

 

19

Bi baserritar zentro ofizialeko aterpean:

- Mareatu egiten haute hainbeste karta eta paperez.

- Pinudi bat egur joaten zaiek paperetan.

- Dena biri lanpostua oparitzeko.

Burokrazia, kideen soldatak zuritzeko trikimailu ofiziala

 

20

Kontakatilu bihurtzen dira lagun biak igerilekuko urdin bustian murgiltzen direnean:

- Igeri gutxi egiten dinagu agian, baina beratu behintzat egiten gaitun.

- Baita gure hitzen lapikoa irakiten jarri ere.

Hitz-zaparradarena bezain estua gerta daiteke hitz eta keinu gabeko elkar-hartze isila

 

21

Osasunbideko itxarongelan:

- Gutxiago jaiotzen dun, gutxiago gaitun, txanda berriz  gero eta luzeagoa.

Osasunbideak zaharron biltegia iduri

 

22

Zabaltzen ikusi nuen arrosa ebaki du heriok lehen zimurra baino lehen:

- Lehen hitzak urratzen hasi zeneko lotarako "a  mimir" haren oihartzunak gozatzen dizkit belarriak.

- Ibili klandestino haietako batean nire auto aurrean errepidea gurutzatzen dakusat.

- Ume jolas haien oroimenak dirakit nire golkoan.

- Oraindik.

- Baina joana da jadanik.

- X X

Kutunaren agurra, toles mineneko urradura

 

23

Lizarrusti gainera heldu zen errepidea leherrarazi behar zuen bikotea, Txikia tarteko:

- Txakurrez josita zegok hau; aurrera jo behar diagu, bueltatu ezkero fitxatu egingo gaitiztek.

- Har dezagun basoerdina Isabel Bentan, txakur artean bada ere.

- Bilatuko diagu errepidea lehertzeko beste leku bat.

Txiskeroz eman zioten su lehergailuari handik gertu, Vuelta España gelaraziz: komando bereziaz eta erlojuzko ez dakit nolako lehergailuaz hitz egin zuen poliziak. Hala idazten da historia

 

 24

Iraulka dabil orea atzamar artean:

-  Harro gaudenean jango gaitizten gusturen.

-  Trinkotzean berriz zerri galdarara botako.

Gizaki harroa: putza, desatsegina, saihestua 

 

25

Umeak harro erakutsi die bere ama eskolaurreko lagun guztiei:

- "Amak eraman beharko luke beti haurra eskolara, tarte batez lana utzi behar badu ere."

- Erme, alargun bakartiak, harro egiten zuen paseoaldia kaleetan alaba-sui ordeekin familia bazuela adieraziz herritarrei.

- Izebek bisitatu egiten zuten iloba honek lanera alde egin zuenean "ezagunek familia badaukanala ikus dezaten".

Familia, gizakiaren babesa; hondamena askotan

 

26

Igerilekua bere bakardadean gelditu da, igeritako tresneria arinak zoruan barreiatuta:

- Mutilak, horiek ez dituk elkar joka jolasteko, igeri ikasteko baizik.

- Utz hitzak bertan, jaso ditzala atzetik datorrenak!.

Jolasean utzia eta axolagabea dena, eramangaitz eta kide kaskarra ohi da lagunarte eta gizartean

 

27

Auto berria erostean, zaharrak izan ohi du truke-saria:

- 3 milioiko autoa erosten baduzu, 900 mila pezeta zaharrarengatik.

- 2 milioikoa erostekotan?, 750 mila pezeta.

- 800 mila pezetan salduko nuke zure zaharra.

Amarrukeria zaharrez  oratutako tratulariak dira tresneria modernoenak saltzen dituzten gaurko saltzaileak ere

 

28

Egutegiaren orriteria erabat mehetuz doa:

- Auto berria jaso dugu, errulotaren zain gaude.

- Astearen erdia gaindituta, hila bukatzear.

Zahartzea eta helburuak betetzea,  bizi garen seinalea

 

29

Goizaldera arteko afalondoa Castroko lagunarte jatorrean:

- Garai batetan tabernetan abesten genituen bertako habanera hauek.

- Herriko jende ezaguna dira abesti hauetako pertsonaiak.

Ikasia, bertakoa ala moldatua, herriaren adierazpen-baliabide bizi eta oparoa  da abestia                 

 

30

8etako albistegia, 50 mila pertsona presoen eskubideen alde Bilbon bildu ondoren:

- "Burgosen gazte talde batek lazo urdin bat osatu du bahituen alde"

- "Bakea Orain-ek bazkideak gehitzeko kanpaina hasi du."

- ????. !!!!.

- "Euskadi Irratia, esan eta izan".

Euskaraduna ezinbestez omen egiazalea

etiketak: Ipuin nanoak
Serafin
Serafin dio:
2017/04/14 11:49
Gosaritan irakurri jittuat hire azaroko ipuin nanoak. Oso dittut polittak. Eskerrik asko.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.