Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Bidaiez

Bidaiez

Jon Etxabe 2017/04/24 09:15
Bidaiatzearen ederra - I

BIDAIATZEAREN EDERRA

 

“Urre-liliek guztiok gaituzte sorgindu”

 

I

 

Magia

“Benetako magia erosiko nuke balego”

 

 

Misterioa

“ Zer den ur garbien azpitik hain doilor hartzen gaituena”

 

*  Kezka, urduritasuna, sortzen digu hasi aurrean bidaiak, oraindik sortu ez den mundu berri bat baita.

* Esperantzaz beteriko kutxa da bidaiariaren egun bakoitza, bizipozez betea irekitzen duenoro.

* Mila izar dakusa bidaiariak  bere talaiatik, ipar-izar bat  oparitu dio gauak  galdu ez dadin.

* Beste momentuetan baino zorrotzago bizitzeko, bizirik sentiarazteko gaitasun hori du bidaiatzeak.

* Misterio bat da bidaia bakoitza, itsasoa bezalakoa, aldakorra, behin ere berdin ez dagoena. Misterio horretan urrearen distira eta lilien apaltasuna aurkitzen ikasi duena da ibilia magia bihurtzen duen bidaiaria.

* Oihartzun isilez jabetzean, misterioaren ura bilatzean,  bazter oro Atlantida bilakatzean,  bidaia amets goxo bihurtzean, guzti horretan datza bidaiatzearen magia.

* Bidaian ez dago, ez du egon behar, ziurtasunik, egun eta une bakoitzak eman behar du bere ezustekoa, une horiek dira bidaiaren txinpartak.

Skagerrat eta Kattegat, eskolan  izenak buruan sartzea hainbeste estura ekarri ziguten itsasertzetan egon lasaian ibiltzea mirakulua zaigu, Hungariako Balatonen Hegoamerikako banana jatea ere mirakulua da.

* Ur tanta izatearen xarma erakusten du bidaiatzeak.

Beti da zirraragarria herri baten arkanoan sartzea.

* Beti dago labirintu bat bidaietan, egun orok dakar zidor-sarean gordetako bitxia, zenbaitzuk ikusten ez duten altxorra, hainbat bidaiariren ezuste gozagarria.

*  Bizitzako karanbola eder bat da bidaiatzea.

 

 

Sorgin-giro

Egon behar du begiek ikusten ez duten zerbait, urak berarekin daramana / ... / Hala da, bada oraindik begiek neurtzen asmatzen ez duten itzalik”

 

* Udaberriko bidaiari kanpinzalea bazara, ez zaizu txorikanta sinfoniarik faltatuko, eta naturak pintatuko dizu mila kolorez oihal berdean koadrorik zoragarriena.

* Zorionekoa bidaia zorion iturri, bizipozaren txingar,  zaion bidaiaria.

* Ondo gogoan ditut gazte nintzeneko bidaiak; gaztetan, erritmo ezberdina du bidaiak, helduaroak pausoera mantsoagoa ematen die oinei, baina helduarokoak ez dio damurik gazte zenekoari; biak dira ederrak, bata oroitzapenetan, bestea egunerokoan.

* Gogoko ditu bidaiariak egunerokotasuna hausten dituen bailara, goilautada edo kalexka sareak, atzera jauziaren sentipena sortarazten duten guneak; hain zaila da gaur egun horrelakorik aurkitzea, urbanizazioek edo bisitari andanek inbaditu dutelako dena, xarma hautsiz; baina aurki daiteke oraindik horrelako ezusterik, batez ere bakarrik eta opor-egun ofizialak ez diren egunetan bazabiltza.

* Beti zerbaiten bezperan, aldaketaren begian  egon ohi da bidaiaria, bidaia aurretik datorrenaren irrikaz, bidaian bertan zer aurkituko gozatuz, bidaia ondoren ere hurrengo bidaia amestuz; espero horrek magia, bizitza, liluraren izpia  du, tarteka egonezinaren lazdura gozoa berarekin badakar ere.

* Bidaiariaren ninietan irudiak labaintzen joatean datza bidaiako sorginkerietako bat.

* Beti agertuko zaizu bidaian gnoren bat, asko sarritan; baliteke noizbait izoztuta uztea, baina gehienetan kaligrafia eder bat erakutsi ohi dio bidaiariari: euriaren kaligrafia erakutsi digu gaur, baina lakuarena eta elurrarena ere erakutsiko digu laster, baita itxaropenaren kaligrafia ere, gaur bertan, nahiz euripean.

* Trinkili trankala egunerokoaren etena da bidaiako trinkili trankala ibiltaria; bidaia txikiotako trinkili trankalen magiak eta sorpresak gozagarri edo gutxienez eramangarri egin dezan bidaia handiko trinkili trankala astuna.

 

 

Mirari

“Bizitza mirakulua da. – A vida e um milagre”

 

* Atabala bilakatzen da  etxatoi gaina, milioika ur tantek tarrapatatuta.

* Balizko errotako irinak ziruditen atlaseko herrialde eta bideak baleko ibilbide gauzatu dira, balizko irin haiek ogi harro bihurtuz; miraritxoa bat da bidaia bakoitza, balizkoa baleko bihurtzen du bidaiariaren senak bidaia oro.

* Bere irudimena asetzeko gai den halako gaitasun berezi bat garatzen du bidaiariak, zenbait giza-portaera, bizimolde, kultura, paisaia, ikuskizun, bitxikeria eta artelanen aurrean emozioz blaitzeko.

* Balizko errotako irinak ziruditen atlaseko herrialde eta bideak baleko ibilbide gauzatu dira, balizko irin haiek ogi harro bihurtuz; miraritxoa bat da bidaia bakoitza, balizkoa baleko bihurtzen du bidaiariaren senak.

Magoa da bidaiaria, gozagarria bihurtzen du edozein ibilbide.

* Bizitzak bidaiatzeko aukera ematen du, eta bidaia inoiz ere, inola ere, ez da zerbait arrunta, naturaltasunez egiten badugu ere bidaiatzea, egunerokotasuna eraldatzen du bidaiatzeak.

* Bidaia-egun bakanek urte osoa argitzen dute.

* Mirari baten zain bizi ohi gara, baina bizitza bera da miraria; mirariaren izpietako bat, bidaiatzea.

* Egunero du bidaia justifikatzen duen xiribitaren bat bidaiariak, harribitxiez tematzen den bidaiariak galdua du ibilbideko magia, ibiliko eder nagusia, miraritxoa.

* Ortzadarraren kolore guztietako loreak aurkitzen ikastea da bidaiako  gako nagusia, aurkikuntzok dira bere “ogi goxo egosi berria”.

 

 

Mundu berri

“Bidaiari ona ez da helmugara lehenbailehen iristen dena, bidean amets egiten dakiena baizik”

 

* Gozoa da ibiltariarentzat etxatoi edo karabana aurreko egona arratsean eguneko ibilaldia hausnartzea.

* “Bizi naiz / bi aldiz / egunero”.  Bi aldiz bizi da bidaiaria bidai oro.

* Bidaiariak aldi baterako alde egiten du soilik, agian horregatik ez du arrastorik uzten, bidaiariak ez du inolako bonbillarik piztuko mapamundian, zentzumena zorrotz eta bihotza zabal dabilen gizaki bat besterik ez delako bidaiaria, bidaiak bai uzten du arrastoa bidaiariarengan, mila koloreko bonbillak pizten dizkio garunen sarean.

* Baldintza gaizto, osagai eskas eta baliabide urriz gauzatuta ere, eder da burututako bidaia oro.

* Guri begiratuz enamoratu eginen haiz, oihu egiten die bidaiariari zenbait zoko eta gizartek.

* Urki bat ernetzen da basamortuaren erdian, baina ez dakit gure egunotako Highlandeko sentipen eta bizipenez argi mintzatzen, gure “arimaren bitsa” lerroetan lehertzen, laino eskoziarrekin, “zilarrezko esnea edaten duten hodeiekin” negar egiten, baina badakit basamortu bat ernetzen dela urkiaren erdian.

* Halako gaitasun berezi bat garatzen du bidaiariak, zenbait giza portaera, bizimolde, kultura, paisaia, ikuskizun, bitxikeria eta artelanen aurrean emozioa bilatzeko.

 

 

Poesia

 

Soaren xarma

“Poesiaren sorgia / giza bizitzaren euskarri. / ... egian bizi, oinez eta hegan / mundu zabalean eta tokian toki. / ... bakoitza egiaren zatia izaki / poesia dira / poesia izaki egiaren zati”.

 

* Egunerokotik harago eramaten zaitu poesiak, mundu edo barnealde ezberdin bat eskaintzen dizu, irudimena zirikatzen: zerbait horrelako behar du izan bidaiatzeak.

* Naturaren eta gizartearen poema-liburu beti irekian irakurtzen dakiena da bidaiaria, bere baitan egoera ezberdin bakoitzari habia egiten dakiena, ikusten duena poesia bihurtzen dakiena -nahiz poema tragikoa sarri-, kanpoak ematen dionari barnean beste neurri bat ematen dakiena, errealitatetik maila garaiago batera jauzia egiten dakiena.

* Ilargia nuen bart argi, miraila eta itzal-jauzilari, zerbitzugunera bidean.

* Poeta nahi luke izan bidaiariak, bidaietako hainbat leku, giro eta bizipen oroitzapena flakatzen denean birbizitzeko bezala  izkiriatuta uzteko.

* Poetaren ikuspegia, bidaia koloretsuagoa egiteko dohaina.

* Jainkotxo ederrak bilatzean datza bidaiako jolasik ederrena, anonimo diren altxorrak, gida-paperetako jainkotxoez fida gabe; badakigu ze interesetik datozen gidetako jainko horiek,  horiek ez direlako objektiboenak ez ederrenak;  norberak jartzen dio edertasunaren neurria gauzei,  ikuspegi eta sentipen  pertsonalak ematen diote liluragarritasuna  altxor ederrenari ere.

* Goizero poema bat: lagundu egiten du poetaren ukituak ibiliko zirrikituetan, lagundu poemaz biltzen eguneko pausoak.

* Bidaiariak badu bere jakinduria umila, mila esperientzien fruitua, poema baten  dotoreziarik ez badu ere, poesiaren hainbat ukitu duena.

* Bidaiako hainbat une goxo bezala; bidaiak poesia izan behar du: gizartea, natura, beste modu batera ikusteko aukera izan behar du poesiak.

* Beste ikuspegi batetik lurralde berriari begiratzeko sena, ingurua poesiaren itzalpean biltzeko magia behar du eduki bidaiariak.

* Bidaiariak beharrezkoa du amesteko ahala, gaurko gizarteaz eta antzinako ondasunez gozatzeko, datu zehatzen haratago.

* Poesiak ez ezik bidaiatzeak berak ere durduzatze ahalmena du, bidaiariak berak  duen heinean.

* Poesiak ematen dio bidaiariari goizero eguneko joanari ekiteko bultzada, poesiak dio edertzen goizero begirada,  olerkia, bidaia-egunari goizeko leihatila lurrintsua.

* Hala behar du poesiak, sentipen eta gogoeta ezberdinen iradokitzaile, hala da bidaia bakoitza, bidaiako egun bakoitza, mundu berri bati irekitako leiho magikoa, poeta izan behar du bidaiariak, poesia bihurtzen jakin behar du ibilbide bakoitza,  poemarik idatziko ez badu ere.  

*Bidaiako urratsetan poesia aurkitzean datza bidaiatzearen magia.

*Sarri sentitzen du poema bat barnean bidaiariak; dakusanak barnea astintzen dion bakoitzean,  lagunarekin sentipenok trukatzen dituenean, poema bat  izkiriatzen du, hizkiz paper batean jartzen ez baditu ere, kolore ezberdinez begiratu-ikustea baita poesia.

 

 

Kristal koloretsua

“Poesiak egiten duen bezala. / Zure leiho azpitik igarotzen da / eta zure begirada aurkitzen ez badu / betirako galtzen da”.

 

* Poesia: bizitzari so egiteko kristal koloretsua, agian barne egoera baikorra, bidaiari begiratzeko begi magikoa.

* Poesia-irakurketa izan behar du bidaiaren zati bat, poesia bilakatzeko bidaia, bidaiari ikuspegi berri bat eskaintzeko, ibilia so ezberdinez edertzeko, barneari arnas biziberritu bat  emateko, bidaiaren egia osatzeko.

* Goizero behar du poema bat bidaiariak,  abiatzeko, arraunka egiteko hurrengo pausalekuraino, alperraren aingurari tiratzeko.* Bizipen eta oroitzapenen lorategi bihurtzen da ibiliak pipildutako ikusmina.

* Loraileko bidaiaren ametsak margotzen du bidaiariaren irudimen negutiarra,  eta  epeltzen  bihotz-taupada elurtuak.

* Itsaso urdinez, haran berdez, herri kolorez, abegikortasun bigunez tindatuz doa bidaiariaren existentzia.

* Eliza, katedrale, museo, jauregi, herriko plaza eta kaleak, herri ekimen, herri artearen mila ezaugarri, kontaezin  xehetasun xume, … gozamen bihurtzen dira bidaiariak poeta  ikutua duenean.

* Urteko ordu bareenak ohi dira bidaietakoak, baina paisaia idilikootan, herriotako jendarte lasaian, kanpalekuko isiltasun ia haustezinean, bakerik ba ote galdetzen du bidaiariak.

* Poesiak ematen dio bidaiariari goizero eguneko joanean etortzeko bultzada, poesiak dio edertzen goizero begirada.

* Ikuskizun arruntena, paisaia, kale ertz bat, gizaki baten portaera,  ... bilakatzen da batzuetan bidaiariarentzat poesia hunkigarriena; gidaliburuak edo turismo paperek goraipatutako altxorrak, aldiz, hotz eta agor utziko dute beste zenbaitzuetan.

Bidaia-goizetako ihintza zait poesia, baita eztena edo arantza ere. Bidaiak poema bat bezala izan behar du, arropetako lohidura eta goizeko ihintza.

* Elikatu eta salatuz gain, lilura geruzaz bildu behar luke ere egunerokoa bidaiariaren egunkariak.

* Ekintza eta monumentu handiak eta entzutetsuak ditugu gehienetan gogokoenak bidaietan, baina ahaztu egiten zaigu une txiki, isil eta magikoz aberastu behar dugula guk ere sentipenen eta bizipenen ondarea.

* Poesia errealitatea bestelakoz azaltzea da; bidaiariak errealitatea bere gordintasunean ezagutzen saiatu behar du, baina baita herrialdetako edertasunak begiratzeko poesiaren maila berezi horretatik begiratzen ere. Barne behatoki berezi bat eraikia izan behar du begien barnean.

* Bidaiak, amets loratuak, poema batetan sartu ahal balitza Parnasoa litzake turismo-gune oro.

etiketak: Bidaiez
Serafin
Serafin dio:
2017/04/24 11:28
"Bidaiatzearen ederra" poesiaz blai. Ikaragarri gustau jatak-
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.