Ipuin nanoak
URRIA
1
Dentistarengan egon ondoren:
- Musurik ere ez?.
- Bihotza pil-pilean dinat, baina ezpainak lo.
Bihotzak nagirik ez arren, ezustetik datoz askotan maitasunaren ajeak
2
Erratza eta bilgailua eskailera buruan:
- Ez ditun emeak gizon eskuak gure girtenetan.
- Geu ere noka ari gaitun!.
Argituko da eguna altzari-garbigarria gizonaren tresna izango dena
3
Bakarrik doa ibiltaria Urbasako zabalgunetan:
- Ze, bakarrik ala?.
- Konpainia hoberenean!.
Norberarekin adiskide dagoenak eta barne-aberats denak soilik du atsegin bakardadea
4
Oinez baino arrastaka gehiago doa bere ehun oinetan errepidea zeharkatuz beldar beltza:
- Ze abenturak ote darama beldarra galipotezko desertu zabalean?.
- Helduko ote bestaldera?.
Bidaiako plazerak berak behar du izan helburu, ondoren zer izango ote zain egon gabe. Bidaiaz gozatzen dakiena, zorionaren mugara heldu da.
5
Kalekantoian:
- Afaria dinagu gauean.
- Soinekoa estreinatuko diat!.
Ilusioa, itxaropenaren ezin banatuzko bizkia
6
Enbor gainetan tinkatuta daude aizkorak apustua noiz haziko:
- Euskalduna?. Ni australiarra.
- Tronkoak, gaur, Sakanakoak.
- Aizkolariak nongoak ote.
Izan zen garaia aizkolaritza euskalduna zela uste genuenekoa
7
Dendan:
- Porru hauek horituta daude.
- Mojari emango dizkiot.
Izan zen garaia, noiz ospitaletako aiton-amonek, ganoraz jateko itxaropena ere galdu zuten
8
Burdinazko ziriak eta mailua enbor zatien alboan:
- Soinu goxoa duk buruan jotzen hauteneko dinkada ozen bizia.
- Baita enborraren grakada ere nire aho aurrean irekitzerakoan.
Tresneriak aroa aldatzen du, aroak bizitza, bizitzak gizartea. Gizakia bera aldatzen ote?
9
Ospitalean:
- Telebista-gelan ikusiko gaitun.
- Betiko besaulkian itxaroko haut!.
Itxaropenak ez du adinik
10
Paperontzian:
- Bizkaiko pinudikoa?. Ni Australiatik ekarri ninditean. Afrikarra ere ezagutu nian apalean.
- Poema baten orrialde egin naitek, baina birziklatu aurretik ogia bildu nian okindegian.
- Aurpegi ezaguna zaramaat inprimatuta, nire baso-kide batek ipurdia garbitu zion berarena.
Harro da gizakia askatasunaz zein aukeramenaz, baina ez du bere etorkizuna erabakitzen
11
Dendako kaxa aurrean ordaintzeko zai:
- Ama?. Ongi!. Jaikitzen da, apetitua ere ona du, badabil.
- Bururik ez al du galdu, ez dizute arropak eta bazterrak nahasten?.
- Hori bei.
- Kutxamutilak: jan eta edan egiten den bitartean ...
Burua, gorputzeko atalik ahaztuena: kanpotik apaindua, barrutik biluzia
12
Semetxoarekin doa bikotea Kontxako ibiltokian Pilarikak aparta argitu duen eguerdian:
- Goazen Ondarretaraino paseoan, gurasoek.
- A ze nolako txorrada!: haraino joan, ondoren bueltatzeko, txikiak.
Oraindik joanean bizi denaren bizitzari buruzko ikuspuntua
13
Plastikozko milaka edalontzi zapalduk zabortegi itxura damaie Etxarriko kaleei:
- Libratu ninduan igandean Kilometroak-en baina gaur erabili nautek Oinez-en.
- Nik Araba Euskaraz eta Ibilialdiara arte irautea espero ninan.
Euskaradunek euskaradunekin euskaraz soilik egitea erabakitzen dutenean, Euskaldunen eta Euskararen bilkurak ez dira dirua biltzeko izango.
14
Eskopeta hotsak saihestuz doaz usoak hego-haizeari branka jarriz:
- Ez al zegonan berde beheko baso horia azken hegaldi luze hartan.
- Iparralderakoan huen, orain beherantz goazan.
Udazkena okrearen sinfonia, udaberria aldiz berdearena
15
S. Donatoko muturra, haize zurrumurruen gordailu eta entzule:
- Basamortuko haize horia, mairu doinu eztia eta erritmo beltza zakartzaat nire baitan.
- Hotz pizgarriz bilduta zarabiltzaat hire epelaren amets diren gorputzak.
- Itsas zabal bareko euri oparoa daroakiet nekazariei.
Hegoak eroak ere eroago, mendebalak zelai berdeak berdeago, iparrak beroki goxoak goxoago
16
Ezin dela atera erantzun diot "etxekoandrea?" galdezka atea jo duen neskatoari:
- Orduan banoa.
- Ezin al dizut ba nik erantzun?
- Minusbaliatuen aldeko aire-hozgailuen salmenta batekin ari naiz.
Gure matxismo harroputzak arazo arruntetarako ezdeus bihurtu gaitu gizonok
17
Ur tanta gelditu da txorrotaren ahoan:
- Jarioa darit eten gabe, zerbait konta diezadaten astirik gabe, baina hi gelditu egin haiz.
- Lainoetan, zelaietan, mendi sabelean, tutuetan ibilia nauk, badiat zer konta.
- Bota ba.
- Bultzaka diat beste tanto bat, agur, banoak erretenera, ondoren ibaira, itsasora azkenez eta berriz lainoa izanen nauk.
- Ia txorrota itxita aurkitzen duan hurrengoan eta solaserako astirik dugun.
Gehienetan kontalariek ez dute entzulerik, entzuleei ostera kontularia falta zaie: nor bera.
18
Sutegiko hautsa bezain zuri dager iraganaren hautsez errementeriako tresneria:
- Hire baitan goritu ondoren, nire gainean burdina gorpuzteko danbadena huen hemengo musika.
- Sutegia, ingudea, mailua, gehienez museo-gai errementaririk gabe.
Errementariarenak egin duen garaian ere, kolpeka gauzatzen da askatasuna Euskal Herri gorituan
19
Eguzki epeletan dagoen sugandilari hurreratu zaio umea:
- Zer esan nahi dute “sugandila buztana” naizela diotenean.
- Txingarra daukakela oinpean. Gu berriz bizitza gorde behar dugulako gaituk tirtiriak.
Haurtzaroko nostalgia edo mono inkontzientea erakusten du adinekoon umeen egonezinarekiko erreminak
20
Gimnastei begira:
- Zenbat aldiz errepikatu behar ote ditek ariketa bera, ondo ateratzen zaien arte.
- Ondo egiten duelako errepikatu behar dik langileak gauza bera bizitza osoan.
Errepikamena, beti aspergarria
21
Etenak egin dituzte zaunkaz bordako hiru ardi-txakurrek inguratu garenean:
- Adi, bazatozak, erasoa diagu, diganteak dituk.
- Makila zekartek. Gureak egin dik.
- Guau, guau, guau, guau, ....
- Bazoazak, beldurtu dizkiagu, garaipena!!!.
Bakoitzak soilik daki ze ahuldade eta beldurrez egosita dagoen balentria
22
Goizeko behe-laino trinkoan autoak garbi utzi du errepidean gardantziloa:
- Horren hegoalderako bidaiak egin dik.
- Baita bizitzakoak ere.
Gizakia: egoera batetik egoera berri batetara materiaren aldaketa kontzientea
23
Amuarraina eta bisigua jatetxeko hozgailuan:
- Ur labain gezetan nenbilenan atzo esku leunak haizpe lasaian harrapatu nindinan arte.
- Ur handi gaziak nitizkenan bizileku nik, amu mozorrotuak liluratu ez bazinan nire aho gosebera.
- Gaur ur izoztua dinagu gordintasunaren iraupen.
- Bihar, berriz, mahaikideen jaki izanen.
Izakia, harrapari
24
Behesuak oraindik epel dirau:
- Txingarrak: Garrik gabeko sua, hilzorikoa.
- Errautsak: Estaliko haut putzen batek harrotu arte.
Itxaropena, bizitzeko nahitaezko hauspoa
25
Harridura eta irria zerien begiradei Antonio jubilatuen biltokira heltzean:
- Jakia atzekoz aurrera jantzita hator eta!.
- Izan ere ba, aspaldi honetan etxakixat natorren ala nixen!.
Iraganari begira hasten garenean, ekin dio gainbeherari bizitzak
26
Zaharren egoitzako eskegitokian kulero, bularretako eta galtzontziloak daude eguzkitan kulunkaz:
- Nahiz zirkinik ere ez sarri etxean, gogortzen zaiok noizbehinka oraindik kalera ateratzean.
- Gogortu, titi puntak hotsagatik gogortzen zaizkiok gehienetan gureari, busti berriz, azken pixa tantoren bat ez bada, ezer gutxi.
Zakilek eta aluek hil-kanpaira arte jotzen dute berea
Urriaren 27a. Igandea
Osasun zerbitzuetako itxoin gelak, herriko kontakatiluen paradisu:
- xxxxxxxxx
- ??????????
- !!!!!!!!!!!!!!
Jende batek, zer esanik ez badu ere, hitz egin behar du
28
Artzainek markatu egiten dituzte ardiak:
- Hi markatuta hago, horregatik egiten diate beti eta edonork euskaraz.
- Geure herrian ere euskarak markatuak izan beharrera heldu gaituk!.
Bakoitzaren automarkatzeko erabaki librean datza gaur egun Euskararen etorkizuna
29
Simaurrari piloko egonean utzi behar zaio luzez ongarri bihur dadin:
- Entzun duk Urliaren azkena?
- Okerragoa duk Sandiarena.
- Berendiarena kontatuko dizuet.
Isilpeko maiseaketari zelaian zentrifugatutako simaur zirinduraen kiratsa dario
30
Harrerako langileekin eta itxaronaldiko kideekin izan ohi du askok kontsulta eta aitorpena:
- Katarroa izan nuen eta orain mukiak dabilzkit buru guztian.
- Pastillak hartuko dituzu baina?.
- Nola ez!. Goiz eta arratsaldez!.
- Nire ohera eraman ordez solairu ezberdineko beste ohe batetan sartu ninduten operatu ondoren.
Itxarongeletan ordu batzuk anonimatuan botatzea nahitaezko asignatura behar litzaieke mediku- ikasleei
31
Badira lainopean argitzen diren egunak:
- Okerreko barazkia erosi dut eta behar ez zen lekalea egosi; ondorioz bota egin behar izan dut lapikokada.
- Bizarra egitea ahaztu zait.
- Oharrak hartzeko arkatza etxean gelditu da.
- 20 minututik gora luzatu du erosketa txanda aurreko atso berritsuak.
- Argiak piztuta uzteagatik bateriarik gabe dago autoa.
- Dena ordu eta erdiren buruan!..
Zorionez, egun gurutzatu orok du bere atseden gaua