Bidaiez
Bidaiatzearen ederra II
Ametsa
“… ermitauaren ametsa da. / Goiz argi batean etxetik ateratzea, / motxila bizkarrean, kantu bat bihotzean, / eta gehiago ez itzultzea”.
Amets loratuak
“Barnean gorri / bizi energian / urdin / kanpo alderako menturan”
* Gauzatzen doazen ametsak dira bidaiak, esnatzen joatea bezala da bidaiatzea, amestutako utopiak erreal bihurtzen joatea, uneoro esnatu, esnatuz ametsak eskuratu, gauzatutako ametsa da bidaia bakoitza, pausoz pauso gauzatzen den ametsa, bizitza bihurtzen den ametsa.
* Egunen batean amesten duzun ia ezinezko bidaia gauzatuko duzu.
* Eginen bidaia beti da egia ederra, amets gelditzen bada ere.
* Bizi osoan iraun ohi du bidaiatzeko ametsak, amets hori hausten denean, bizitza ere haustear dago. Bizitzak berak, bidaia luzeena, bukatzera doan ametsaren sentipena uzten du amaieran.
* Amets bat da bidaia, egi bihurtu den ametsa; ameslaria bidaztia, ametsak egi bigurtzen dituen ameslaria.
* Zorionez amesgaitz asko ametsak besterik ez dira, bidaiak, aldiz, gauzatutako amets ederrak dira.
* Gure bidaiak ametsak ziren duela ez urte asko, sinetsi egin genuen eta egi bihurtu ditugu, sinetsi genuelako.
* Amets gauzatua da bidaia oro; pertsona askok aitortzen dute bidaiatzeko irrika, baina zein gutxik asetzen.
* Ipuin bat iruditzen zaizkit bidaiak; txangoak, ipuintxoak, aldiz, ipuin nagusiaren atal bidaia nagusiaren baitan.
* Ametsak abian jartzea da bidaiatzea, joan-etorriko txartelarekin, egunerokotasunaren itogin eroari aringarri bat dakarkiolako.
* Bidaietan dena da ikusmin heldu artean, dena gozamena heldutakoan, dena oroitzapena itzuleran.
* Errekan behera joatea bezala da berenez bidaiatzea, ametsak mamitzea delako, ametsak mailaz-maila eskuratzea, oparotzea, zeu erreka bihurtzea.
* Ez da “ez duk ikusiko”rik bidaiariarentzat; lilurak ernarazten dion ametsa bete ohi duelako: bidaiariak bete egiten ditu ametsak, bidaiariak amets egiten du, ameskeriarik gabe.
* Zer axola nork non aurrea hartzen dion, bidaioro esnatzen da bidaiaria ametsak gauzatzen.
* Bidaiak, amets loratuak, poema batetan sartu ahal balitza Parnasoa litzake turismo-gune oro.
* Opari-paper koloretsu erakargarrian bilduz doa, atzerriko pausoz pauso, ibilian, aberriko bidaiariaren "nik egingo nuke" liluragarri hura.
* Baliabide oinarrizkoak nahikoa dira bidaia liluragarri bat loratzeko; sarri gauzatu gabeko bidaia amestu soilei ere lilura darie, nolabait barnean edo irudimenean loratu ditugun errealitateak direlako.
* Norberari eginiko promesa gauzatzen doan erromesa da bidaiaria.
* Gida-orriek, gida-liburuek, bidaia-liburuek eurek, edertu egiten dute errealitatea, baita bidaiarien egunkariek ere; errealitate oro aldatzen da hizkiz biltzerakoan; oso gutxitan dator bat errealitatea eta iragarritakoa edo idatzitakoa, oso gutxitan gainditzen du ikusten duzunak irudikatu edo amestu duzuna.
Amesgile
“Beharbada ez orain, / beharbada ez aurten, / behar bada zati batean ez, / baina bai: egunen batean ...”.
* Hurrengo bidaiariaren amets beti bidaiaria.
* Gauak altxor amestuak aurkitzen jarraitzeko norabidea argitzen du goizalbako lehen bristadan.
* Bidaiatzea da bidaiariaren ametsa, bere zerua, bideak eta bizipenek egiten dute handi edo txiki amets hori.
* Udaberriak bizipoza esnarazten digu, bidaiara aterarazten gaitu.
* Garaje barruko gordean, isil eta geldi, hurrengo joanaldiaren zain, etxatoia; bidaiaria, aldiz, barnea oroipenez blai, txango berrien amesgile.
* Amets zapuztu gelditzen dira bidaia amestu gehienak, baina nolako poz-irri, begi argi, eleketa bizi, bizi-gogo kutsakorra nabari zaien bisitari gehienei herrietako zirrikituetan; bidaia gauzatu batek mila amets zapuztu gainditzen ditu.
* Amets ustel gertatu ohi da zenbait bidaia.
* Luzea, inola ere ez mengela da bidaiariaren ilusioen kandela.
* Ahituezinak dira bidaiariaren ametsak; bidaia egunak dira ahitzen zaizkionak bidaiariari; eta sosak.
* Ametsak betetzea da bidaiariaren xedea, norberari eginiko promesa gauzatzen doan erromesa da bidaiaria.
* Ez da inor zerbaitez sinesten ez duenik, ez da sinesgaberik, denok dugu jainkotxoren bat bizitzan.; eskerrak!.
* Motxila bizkarrean hartu eta bidera ateratzea da bidaiariaren ametsa, baina itzultzeko asmoz; ihesa litzake gehiago ez itzultzeko ametsa.
* Ametsa besterik ez da zenbait bidaia bizitzan, amets hutsa edo bizitza bihurturiko ametsa, egi bihurtu den bidaia hori amestu bezala ateratzen ez bada ere beti.
* Zer axola nork non aurrea hartzen dion, gogoko duen ibilbidean kulunkatuz hartzen du loak bidaiaria gau oro.
* Edonora doala ere amets batek darama beti bidaiaria, ez da beti amets bera, baina beti da ametsa, ametsa eskuetara ekartzen dakiena baita bidaiaria.
* Zein ederra bidaia aurreko garaia, prestaketako lilura; mila kolore eta argitasun dute bidera aurreko egunek!.
* Ametsak ematen dio bidaiariari mundua korritzeko haina adore, amets berak aberriko egunak bizitzeko kemena ere.
* Bukatu da bidaia beste berri bat erne da ikusminean.
* “Ezer ez litzake biziko, ezer itxaroko ez balu”, ametsik gabe ez dago bidaiarik, bidaiak berea du lilura.
Lilura
“Ezer ez litzake biziko, ezer itxaroko ez balu”,
Edertasun izpiak
“Oraina egunero jaiotzen den promesa bat da./ … / Oraina umezurtz jaiotzen da egunero”.
* “Eta edertasun hura, ezin ederrago”, Eskoziako fiordoak!.
* Ederra da bidaiatzea, baldintza, osagai eta baliabide oroz gain bidaiariak berak bizipoza badu.
* Abentura berri baten ataka da bidaiako goiz bakoitza; oraina, bidaia abentura bilakatzen jakin behar den unea.
* Edertasunaren izpiak agertzean datza bidaiaren lilura, bidaiariak ez daki noiz, non eta nola agertuko zaizkion dir-dir beteriko une horiek, horregatik da nekaezina bidaiaria
* Ez notiziarik, ez eskutitzik, bakardade barean datza batzuetan bidaiaren lilura.
* Kezka eta irrikia, bidaia aurreko sentipen kilikagarriak, bidaiariaren akuilu.
* Oren sakratu eta sorgindua aurkitzean datza bidaiaren xarma.
* Bizitza argitzen duten zorion-zuzia dira bidaia-asmoak.
* Ametsik gabe ez dago bidaiarik, bidaiak berea du lilura.
* Irakurtzea, bidaietako liluretako bat.
* Ilargia, bidaietako gau geldoetako lagun maitagarria.
* Bizitzak kaka hutsa dirudi tarteka; agian, baina bidaiatzea simaurreko lore liluragarria da.
* Bedi espejismoa bidaia, gozagarria dirauen bitartean !.
* Izaten dira bidaian halako une hunkigarriak, barnea paralizatuta bezala geratzen zaizuna, edo bizipenez eta emozioz gainezka, zergatik ez dakizula.
* Kilika ari da beti ingurua bidaiariaren bihotzean, tximeletak ari zaizkio beti koloretsu inguruka, idiak aldaz gora bezain geldo dabilenean ere.
* Halako sentipen indartsuak harrapatzen du tarteka bidaiaria, natura, artelan, eraikin, hiri, herri, eta zenbait pertsona edo hiritarren aurrean; Dublineko kale batean herria uholdean futbolera joaten ikustea sekulakoa zen.
* Bidaia bakoitzak du bere usai propioa, ez da bi bidai usain berdinekorik, ez da bi egun berdinik ibiltariarentzat, egun bakoitza da berezia bidaian, une bakoitza da bakarra; horrek denak egiten du bidaia bakoitza nortasun propiokoa, errepika-ezina, gerora denboraren geruzak kolorgetuko baditu ere.
* Bidaia prestatzea edo bide ondorengo oroitzapenak badakite bidaia bera bezain ederrak izaten.
* Mila izar dakusa bidaiariak bere talaiatik, ipar-izar bat oparitu dio gauak galdu ez dadin.
* Nora zehatzean pasatu ohi du zenbait bidaiarik ibilbidea, baina bada egunero ibilbide berria bilatzen duenik, hirietan eta bidetan galtzen dakienik, nora ziurrak baztertuz; magia izan ohi dute ibili mota horiek eta aberatsagoak ere izan ohi dira, asegarriagoak behintzat; bide eta kale gurutzeetan galtzen jakitearen lilura!.
Ziztadak
“Guzti hark esperientziaren betetasuna sentiarazten zion, emozio sakratu bat bere bizitzako beste ezertxoren antzik ez zuena”
* Zein luzeak ibilbide motz batzuk, zein motzak beste luze batzuk.
* Ederra da bidaiatzea baldintza, osagai eta baliabide oroz gain bizipoza badu bidaiariak.
* “Zorioneko zorion ezin zoriontsuagoa bai hura, ditxazko ditxa eta felizitatea”: Bidaiak eman ohi ditu zorion, ditxa eta felizitateak.
* Badira estualdiak bidaietan, zeinetatik irtetzea bilakatzen den uneko premia eta zeregin bakarra.
* Bidaiatzen duzunean ez ez da akigarria bizitza, nekatzen bagara ere.
* Akabuan hain monotonoa omen guztia, bidaiak, aldiz ez du monotoniarik, bidaiako zenbait une monotonoa bada ere. Bidaiak badu nekea, monotoniarik ez. Akabuan ere oroitzapenak, argazkiak, egunkaria, filmaketak, lagunentzako kontakizunak,... geratzen zaizkizu. Ezuste batengatik akaba daiteke bidaia, monotoniagatik sekula ez.
* Ibilia beti doa egunak zenbatuz, labur utziz arratsalde oro.
* Toles-gune gordeenean betirako atxikita geratzen zaizkio bidaiariari ibiliko zenbait lipar errepika-ezin.
* Urte guztiak haina gozamen ekar dezake bidaia batek, pentsatu dut, ondoren baina, antzua eta tristea litzakeela horrelako urtea iritzi diot, bidaiak bezain oparoak behar dute izan urteko egun guztiak, bidaia deserturik handiena bezain zabala baina aldi beran lorategi ezin beteagoa izan dadin; urtea desertu zaion bidaiariari desertuaren luzapena izanen zaio bidaiatzea ere.
* Ederragoa egiten du bizitza bidaiatzeak, eta bidaiari sena duenak arina eramaten du maleta.
* Bizitza handia dela da bidaiariak sarri izaten duen sentipena.
* Baldintza gaizto, osagai eskas eta baliabide urriz gauzatu bada ere, eder da beti burututako bidaia oro.
* Misterio baten aurrean bezala anpolai begiak jartzen zaizkio bidaiariari herri berri batetan sartzean, monumentu baten aurrean, edo artelan bati so geratzen denean.
* Atseden kolorea da berdea ordeka mortuan, palmadiaren kolorea, bizitzaren kolorea, uraren miraria.
* Lurralde zapaletako tantaiak, altuak, baina ez marjinalak, lur zapala harrotuz paisaiako indar goranzkoak baizik.
* Bidaiaria bera ere nahiko estanpa harrigarri da sarri.
* Baldintza gaizto, osagai eskas eta baliabide urriz gauzatuta ere, eder da burututako bidaia oro.
* Bidaian ez dago, ez du egon behar, ziurtasunik, egun eta une bakoitzak eman behar du bere ezustekoa, une horiek dira bidaiaren txinpartak.
Barne kilima
“La arquitectura, solo por sí, puede hacer feliz a un hombre”
* Zenbait eraikin ikustearen plazera!.
* Pozkor doa bidaiaria txangora, nora doan jakinez, zer gertatuko ezjakitearen abenturara badoa ere.
* Ezusteko aurkikuntza xaloak dira bidaiako edertasunik xarmant kilikagarrienak, gidaliburuek aipatutako edertasun famatuen atzetik gabiltzanean ere.
* Erabatekoa da isiltasuna kanpalekuan gauez, ordularia bera ere musika-kaxa ozena bilakatzen zaigu.
* Udaberriko bidaiak bidaia berdeak dira, bidaia fotografikoak agian, baina ametsak sortarazten dituztenak, amets berde bizigarriak.
* Giro berezia dute bidaia batetako azken egunek, amaieraren giroa usnatzen duzunean, begirada batez igarotako egunak biltzen dituzunean, aurrera begira ibilbiderik erabaki beharrik ez duzunean; laburpen egunak, altxorra gordailuan sartzeko tenorea; egunak arin joan diren sentipena, heldu ez gatzaion txokoaren pena, herrimina ... kitto bidaia; aldi berean, baina, ernetzen hasten zaizkizu hurrengo bidaiaren kimuak, itxaropenen, ametsen egunak; liluragarriak dira bidaiako azken egunak, Mendebaleko ortzian doan arrats gorriagatik, Ekialdeko zeru-marran argitzen hasten den egunsentiagatik.
* Ura irristan erreka zabalean, uharren soinua txori-kantuarekin balada berean bilduz, umeen bizibehar deiadarrak, nagusien solas aspertua, eta ni errekan zehar oroitzapenei ataka irekiz: bidaiako une goxoak.
* Ametsak bizi, bizia amestu, ibiltari bidaiariaren gorputzean Ulises bizi da.
* Bidaia, bidaiatzea, zuek zarete bidaiariaren amoranteak.
* Abentura eta misterioa, bidaiaren xarma.
* Ezusteak dira unerik ederrenak bidaian, ezusteak ere trantzerik zailenak, bidaietan ez da inoiz jakiten eguna edo ibilia nola joanen den, are gutxiago nola bukatuko den, “auskalo zer” hori da bidaiaren piperra eta gatza.
* Udaberriak musika du nonahi, sinfonia dario Hungaria berdeari.
* Zeintzuk eta nolako ote hurrengo bazter eta monumentuak?, bidaiariaren uneoroko lilura.
* Hasi da txori-kantua, oilarraren kukurrukua, eguzkitsua dator eguna, udaberria atejoka datorkigu, udaberriaren atzerriko esnatzea sentipen goxoen iturria da bidaiariarentzat.
Zorion lipar
“Abian, aldiz oinez, gogoz gehienetan / asekaitz, nola ez / oroitzapenetik ametserat / askatasuna, osasuna, artearen lilura / sentitu eta bizitu nahiz”
Izarnia
“Nik barrua astintzen duen zoriona maite dut, / ez kezkak baretzen dituena. / Askatasunaren ondorioa den zoriona, alegia”.
* Zorionekoa bidaia zorion iturri, bizipozaren txingar, zaion bidaiaria.
* Zorionaz izena baino ez dakigula dioen filosofiaz harago, bidaiatzearena bada zorionaren izpi bat behintzat.
* Zoriontsu sentiarazten gaituzten ibiliak dira bidaiak.
* Barnea bor-bor, kezkak, erabaki beharra, dudak, … horiek dira bidaiaren ohiko osagaiak; bidaiak zorion izpia dakarkio bidaiariari.
* Une batez zozoak eta bidaia-kide biok izan gara kanpalekuko bezero bakarrak: baina hor da ihintza, hor txori-hotsa, hor kolore berde joria, hor zeruko lainoak, ... natura osoa bizi da, zozoak bezain tirtiri agertzen ez bada ere: bidaiako bizipen goxoak.
* Badira segundo edo minutuetan neur ez daitezkeen uneak, gune horiek dira bidaiaren legamia, azukrea, gatza eta piperra, anima, bidaiaria asetzen duen segundo edo minutua, bere barne-muinean lilura erein duen istant bat.
* Natura zein gizarte, inguruarekin elkartzen den bidaiariak biziko du zorionaren zatitxo bat.
* Oren sakratu eta sorgindua aurkitzean datza bidaiaren xarma.
* Zoriontsuak izan ohi gara bidaietan, zeruko zatitxo bati atxikiak bezala, paradisuko bidezidor galdu bat aurkitu baikenu.
* Denbora bat du bidaiak, baina denborarik ez balego lez gozatu behar du bidaiariak oren bakoitza.
* Denbora bat du bidaiak, baina denborarik ez balego lez gozatu behar du bidaiariak oren bakoitza.
* Denborarik gabeko denbora hoiek aurkitzen eta gauzatzean datza bidaiako gozamena, une hoiek ematen die bizigarritasuna bidaiari.
* Gertatzen zaio bidaiariari begi lausoegiak izatea aurrean duen edertasunerako, nekeak, bestelako ardurak, barne gaitasunik ezak, giza dotorezia ezak, hainbat gabeziak eraginda; zenbat gozamen aukerak ihes egiten digun bidaietan.
* Bidaiariak beti eta edonon aurkitu ahalko du maitatuko duen xehetasunen bat, hordituko duen edertasun izpiren bat.
* Bidaiariak beti du zerratzen ez den tabernaren bat, mapako edozein borobiltxo zaio itsasargi baten dir-dir deigarria, herri oro baita bidaiariaren maitale.
* Hainbat unetan izarniatzen zaizkio bidaiariari, kanporatzeko gai ez bada ere, sentipen zirraragarrien egunsenti sakratuak, bizitza osoan eragingo diotenak, oroimenean galdu ondoren ere.
* “Merezi izan dik bizitzeak une hau bizi eta ikusi ahal izateko” esaten du tarteka bidaiariak.
* Ilgora batetan kanpineko arboladian izarrik ikusi ezin ahal eta hondartzara egin nuen izarrak begiratzera, Iñaki gogoan: une hunkigarria izan zen.
* “Erregearen platerean etzan zen ilargia. / Doi doi lokartzen zihoalarik”, “itsasoaren urdina urre bihurtzen”, ilunabarrean, laba goria zen itsasoa.
* Bakardade sarkorra du kanpinak gauerdian zerbitzugunera bidean, ezer bizi denik ere ezin igarri, ilargiak lasaitasunez biltzen duela zuhaitz artetik.
* Ze une kitzikagarria den bidaiariarentzat, paisaia, artelan edo giza agerpen baten aurrean, denbora gelditu bailitzan, ingurutik ere at, ahozabal, lelotuta lez, mutu, geratzen zaren une hori.
* “Este simple mirar y ver, pararse y caminar, reflexionar y decir”, ibiltariaren zoriona.
Ostadar
“Bidaiari lotzen zara, beraz, bidaiari / nahi eta ezinaren jomugan”
* Bidaiaria haizea bezain libre litzake, nahiaz harago langarik ez balu.
* Bizipozaren lorategi behar du bidaiariak, bere barne kolorez argitzen jakin behar du aurkitu eta ikusten duena, bihotzean ehortzitako poz hoiek aurkitzen.
* Bizitzan bezala, badira ordu handiak bidaietan ere!
* Plazera behar du izan bidaiak, ez masokismoa; bizipoza ez dakarren edo bizipoza eragiten ez duen bidaia, ez da bidaia, ala behar dute abenturazko bidaiek ere.
* Bidaietako ordu ederrak mundu honetako egia argiak dira, nahiz ez bakarrak.
* Goizeko dutxan, zaparrada epelaren pean, zain duen eguneko ibilbidea altxor bilaketa gozagarria bilakatzen da bidaiarentzat, haur jolas bat bailekarkio urak, bilatu-aurkitutako altxorren oroitzapenez blai.
* Bidaiako une hunkigarrienak, doi eta gutxitan sortzen direnak, bidaiariak amesten dituenak, “Txilibitu hots ozena, / zorrotz, apala / bihotzean / negarra sorrarazten didana”, aingura lez bihotzean katigatzen diren sentipenak sortarazten dituzten uneak, “Bizitzari / askoz gehiago / ezin zaiola / eskatu / uste dut: / benetakoak diren / une / horiek”, negarra baino lilura sortarazten dituenak.
* Jai da kanpalekuan, belartza jolasleku, etxolak jendez beterik, oporretara ahal dugulako irribarreka, urteko hautsak astintzeko garaia.
* Udaberriko ibilaldia gozagarria izan dela esango dugu aurtengo udan ere.
* Maitasunez beteriko ordu txikiak usu ohi ditu bidaiariak, karriketan zein lur zabaletan.
* Isilpozez doa ibiltaria ibilbide berrira, beti jakin-min eta ikusmin, erantzunak gehienetan urriak badira ere.
* Oilarrak kukurruku egin du egunsentian: bidaiako plazer txikiak
* “Fabien eut desiré vivre ici longtemps, prendre sa part ici d´eternité, car les petites villes, ou il vivait une heure, , … lui senblaient eternels de durer en dehors de lui”. Bidaiariaren noizbehinkako sentipen lasaigarria.
* “Il errait parmi les etoiles accumulèes avec la densité d´un tresor”. Hala ibili ohi da bidaiaria liluratzen duten edertasunen artean, edertasun horiek ezagutzeko bizi izan delako zoriontsu.
* Ikuspegi bat, bitxikeria bat, sentipen bat, harridura bat, irudi bakar bat, harreman soil bat, ... istant bakar batek justifikatzen du sarri bidaia osoa, gau bakarrak bizialdi osoa balio dezake, bizitza osoa balio du zenbait bidaiak, bidaia bateko zenbait unek ere, "Ez elkarrizketa luzerik, baina usaiako bonjour! bonsoir idor horietatik haratago, comment ca va? eta holakoak, mundu hetsi eta hotz horretan, epeltasun pittat ekartzen dutenak", ibiliko zenbait une oso labur baina bereziak: ikuskizun bat, gertakizun bat, egun osoa, bidaia osoa ere, merezi dutenak.
* “Guzti hark esperientziaren betetasuna sentiarazten zion, emozio sakratu bat bere bizitzako beste ezertxoren antzik ez zuena”, barnea paralizatuta bezala geratzen zaizun halako une hunkigarriak, bizipenez eta emozioz gainezka, zergatik ez dakizula.
* Ikusi du arratsalde argia, hamaika aldiz ikusi du bidaiariak, hamaika herritan, hamaika bider alde egiten, hamaikagarrenez, berriro, alde egiten ikusiko duen lekutarantz.
* Egoera bereziak konta ahal ditu bidaiariak, ez du ezer asmatuko, ikusitakoak jaso besterik ez du egingo: ikustekoak zeuden gaur andre-gizonak etxatoi aurrean eguzkira begira eserita biak, emaztea hankaluze; buru-alboka lo, berriz, gizona auskalo non galduta begirada, eta bien erdian aulki gainean kaiola handi batetan loroa, totema bailitzan, hau ere eguzki epeletan gustura, eta isilik.
* “Trumoiaren zain”, S. Juan egunez Ingalaterrako nonbaiten irakurriko dut poema hau S.Juan sutxo sinbolikoaren aurrean.
* Gogoratzen ditu bidaiariak organo-jolearen saiakerak edo koru baten kontzertua katedral bati bisitan suertatuak, harri zizelatuek eurek, artelanek eurek, hitz egingo balute bezala, dimentsio berri batez argituz barrena; gogoratzen du tartekako kontzerturen bat herri batetan egunari bukaera bikainena eskainiz; edo gogoratzen ditu kale-arteko fanfarreak zenbait herritan, oin nekatuak arinduz; edo arrats hartako kontzertua parkean, inguruko kale-artea erabat giro sorginduan bilduz: musika-oroipenak, bidaia gozagarriago egin diotenak.