Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Ipuin nanoak

Ipuin nanoak

Jon Etxabe 2017/03/31 09:49
Uztaila

UZTAILA

 

01

- "Ze lore polita" esan zuen ahotsak.

- "Alditxorako edertasuna soilik" murmurikatu zuen distiraz loreak.

- "Alboko lorean utziko dut zure polena eta eder jaioko zara berriro hurrengo udaberrian" limurtu zuen erleak, eztenaz loreztia atereaz ordainetan.

Edertasuna ez da sekula hilko

 

02

Tximeleta eta sorgin-orratza udaberriko belartzan:

- Mito gaitun biok, pinpilinpauxa.

- Biok ederrak garelako, zalditxo hegalari.

Ederra, apala bada, maitagarria.

 

03

Bareak eta barraskiloak topo egin dute gaueko freskurara ateraldian:

- Da, prestakuntzetan?

- Atalantan ikusiko gaituk!.

- Zertan ariko haiz?.

- 100 metroetan.

- Ni maratoian!.

Irakurri berri dut badela animaliatxo bat bere bizitza osoko ibilia  zentimetrora mugatzen dena.

Ez da ezer gaindiezinik.

 

04

Udaberria:

- Zozoak: hire azken borondatea.

- Zizareak: astinketarik gabe irenstea, bat-batean.

Lorategia, askoren urkamendi.

 

05

Auskalo ze janariren usainera igotako txindurriak auskalo ze txoriren lumajetik eroritako arkakusoa topatu zuen lainoetaraino jotzen duten komunikabide dorre-orratz horietako batean.

Beherantz so:

- Hara hor behean erraldoiak.

- Hemendik begiratuta ia nanoak.

Ez da norbaitentzat nano ez den erraldoirik

 

06

Lastategian:

- Izan gintuan ba gu berde, heze eta malgu;  orain, ordez, hori, lehor eta zurrun gaituk.

- Garitzan ere buruak gailen: ogi, gozoki edo talo. Gu berriz kortako azpi, edo auskalo.

- Orratza bilatu diat!!!. Ibili huen bikoteren bat jolasean!.

- Gozamenaren ohatze, lastoarena ez duk dena atsekabe.

Sabai betea, okindegia lanean.

 

07

Lixiba kulunkan eguzkitan:

- Kotoia nindunan, mastra berdean zuri, orain zapi koloretsua ikusten banaun ere.

- Ni ostera isurkari beltza hi hengonan soro azpian, orain elurra ziruditen arren.

Biharkoa, beti kilikagarri.

 

08

Umetako ipuin bat:

Euskaldunari eman diote bazkal-mahaian bisigua banatzeko ohorea:

"Aleman, pati el buztan. Frantses pati el kabes. Euskaldun tonto, erdi-erdiko trontzo."

Gutxiagotasun-konplexua  dugu euskaldunok, mozorrotzen badugu ere.

 

09

Duela milioika urte, lur borobil honen egunsentian:

- "distirant ederra" zioen hauts-izpiak beste hauts-izpi bati, biak elkartuz.

Milioika urtetan milioika hautsen arteko liparra, hondartzak sortuz.

Maitasunak ez du kolore finkorik, hondartzak ere: urre-koloreko, beltz edo zuri izan daitezke biak.

 

10

Globulu zuriak eta gorriak topo egin dute txirrindulariaren bihotzean:

- Sarri ikusten gaituk egunotan.

- Gora eta behera, gogorra duk oxigeno-garraiolari lana.

- Bernen abiaduraren moldean beti gurea.

- Noiz helduko ote Parisera.

Mailot horia, askoren arnas eria.

 

11

Zaparradan datoz euri tantoak lurrera.

- Arabiako maraja baten hareneko bainuontzian nengoan iaz.

- Alpeetatik egin nian nik azken ibilaldia Alemanian zehar Ipar Itsasoraino.

- Arrosa batetan hasi eta bere oinetan bukatu huen ba nire bidaia.

- Auskalo non ote gure gaurko lurrartzea.!

Zientziak argituko du bizitza, baina ez die kenduko misterioei lilura

 

12

Haizeak harrotutako zirimolan elkartu ziren Jesus, Buda, Mahoma eta Konfutzioren errautsak:

- Ze nolako zurrunbiloa harrotu genian hor behean.

- Zuek jaio aurretiko esperientziadunak gaituk gu horretan.

- Zerbait behar dik gizakiak itxaropenari eusteko.

- Ez norbaiten interesik ez balego!.

Itxaropen beharra da fedearen eusgarria, dirua eta boterea erlijioarena.

 

13

Dirdir txirrindularien elastiko koloretsuak errepideko eguzkipean:

- Biraketa-eromena beheko gurpilena!.

- Alatsua izanen gurea ere garbigailuan.

Inork ez du oraindik asmatu bizitzako gora-beheren kontagailua

 

14

 Lur galdatan mahats-kordetako aleak belztu zain:

- Nongo kupelean bukatuko ote diagu.

- Agian beirazko botila batetan, agian garraio bidoietan.

- Dolare baten ordez ahoren bateko haginek birrintzen ez bagaituzte.

- Pixan bukatuko al diagu behintzat eta ez goizaldeko txahalen batetan.

Ez da inor bere azkenaz dakienik, bere buruaz beste egin nahi duena ezik

 

15

Atea krisketarekin eletan:

- Haizeari ez bada gizakiari pasoa oztopatzen gu beti, polizia lan zikinetan.

- Ezkorra halakoa!, bizitzako une goxoenak ere guk gordetzen dizkiagu eta.

Atea asmatu aurretik ere baziren isilpekoak.

 

16

 Aznar eta Pelipe Legebiltzarreko pasiloan:

- Zortzietan bildots txuletak!.

- Ez zagok bodegiya parekorik Moncloan.

Harreman xumeetan gizendu ohi dira erabaki gordinenak.

 

17

Txirrinduko balaztak pedalei:

- Zuek abiadura ezarriz, ni, aldiz, motelduz.

- Pinoiak eta platoak ere hor zebiltzak ba nola  koordinatu buruhaustez.

Orekarik ezak dakar zarrastelkeria.  

 

18

Non hasi eta non bukatzen ote, beti joanean eta beti bertan ikusten diren itsas barruko uhin altzozabalak.

- Harea horira noak aurretik gandor zurietan surflariren bat harrotuko dudan itxaropenez.

- Ez ote gaituk aparretan lehertuko itsaslabarren batetan.

- Urdinean bertan baretzea espero diat nik batelen bat kulunkatuz.

Bizitzako uhinen eraginera doa gure patua, noizbehinka branka jartzen ahalegintzen bagara ere.

 

19

Arkakusoen kongresoan:

- Lehenengo ia ito nindian putzuan txerramak, ondoren zuhaitz baten kontra lehertzen ahalegindu huen.

- Larriago ibili nauk ni tipoaren azkazal artean, barrabiletan hazka hasi denean.

- Elkarren kontra hertsatzen diren hatz lodien azkazalei zieat nik beldur.

- Elefantea dukek bukatzen ez den azalalde oparoa txorien mokoagatik ez balitz.

- Tximinoen elkarrekiko toileta baina arriskutsuagorik ez zegok ezer.

Arkakusoak berak ere bere parasitoa, ez da bizkarroi gabeko izakirik     

 

20

Bada imajinazioak  soilik detekta dezaken mezu ikusezin anitz, Bergaratik  Zumarragara tarteko Deskarga gainean jasotako hau lekuko:

- Muna: Ba omen aldats honen izen bereko herriren bat Albacete aldean.

- Clio: Baina hark laguna dik, bereizezina: Descargamaria dik izena.

- Muna: Hoanean esaiok deskarga dezala "maria" hori, sinonimoak ezinez, gutxienez homonimoak izan gaitezen, "c" edo "k" bat gorabehera.

- Clio:   Berak hiretzat "maria"ren bat bilatzeko eskatu zitian!.

Uste baino kidetasun gehiago dute lurraldeek eta lurralde ezberdinetako biztanleek

 

21

Otsoa artaldeko denean, nori tiro?: 

- Makuluak: Indarkeria eta terrorismoa, arbuiatzen ditugu !!!.

- Eraztunak: Torturak, frogatu egin behar dira.

- Mitrak: Erreibindikapenak, beti neurriz.

Gotzainen hizkuntza, bikoitza ez denean, multikoitza

 

22

Xiringak zizt egin dio zainari:

- Dakark ala daramak?.

- Kargatuta ere, senda asmoz etorri ohi nauk.

- Mingarri hi beti!.

- Odolaz zamatuta noak gaurkoan, osasuntsu hagoen esperantzan.

Sarraila onak lapur gutxi, argitan tupustik ez, prebenitu hobe sendatu baino

 

23

Tximeleta koloretsua sekulabelar-zelaiko berde mardulean:

- Lorategiko lore ederretan behar huen ez zelaian.

- Han ia inor ez litzatekek nitaz jabetuko.

Eder artean, ederrena soilik miresgarri; ilargia ere, gauez soilik eder

 

24

Traumatologiako itxarongelan:

- Deskantsuan harabilte hi trabilan, ni berriz hemen nabilek herrenka.

- Nirekin zakuan zegoen gehienak igeltseroaren masan bukatu dik ba.

- Nire errealdikoak berriz amabirgina dituk mila errezo eta kandela artean.

Harroena ere destinoaren menpe

 

25

Santiago zaindari-eguna duen edozein herriko eliza-erretaulan:

- Nork jarri ote hau nire oinpean larruazal beltzeko?.

- Zaldi gainean ezpatadun jarri hauen berak.

Santixo, Espainiak hiltzaile bihurtu zuen apostolua

 

26

Uda-festa lainoetan:

- Jo atabala

- Piztu suziria

- Bota isuri pizgarria.

Trumoia ortzian, perretxikoak basoan

 

27

Atlantako stadiumean huts eta hits daude, bolbora usaiez bildurik, berdegunea eta harmailak:

- Jokoei ere bere Akilesen orpazurda aurkitu zietek.

- Buztinezko oinak zizkian bai Atlantako digante olinpikoak.

- Dabiden habailak Goliaten begitartea jo dik berriro.

Indarrean oinarritzen denak ez du etsai txikirik

 

28

Disko, mailu, pisu, xabalina,... brist stadiumeko berdegunean:

- Meategi-kideok berriz ere auzo!.

- Ikusi haut hegan, luze eta zorrotz, zurez buztandutako gezia baihintzen.

- Hik heuk ere kometa dirudik.

- Aho zorrotzez haizea ebakitzen duen plater hegalaria bihurtu naitek.

- Erretxinez latz, haizearen fereka leuna duk bola astunaren hegada.

Giza besoa jaurtigailu denean, jaurtigai oro kirol-gai.

 

29

Dentistaren kontsultategia:

-  "oinaze-zaldia" nauk, hain erosoa naizela ere!.

-  Ziztada batez mina kentzea duk nirea.

-  Tirakada on bat hobe ukabilkada baino haginak ateratzeko.

-  Harrobian laztabinak bezain erraz zulatzen dizkiat haginak.

Ateratako haginak, betirako bakerik ez.

 

30

Biltzen duen axuleiuz urdinxka, jauzi-oholari begira datza ur barea:

-  A ze nolako plastatekoa beltzaranak.

-  Zipriztinik gabeko ziztadan barneratuko zaiguk begihurratua.

-  Baietz blaust ilehoriak.

-  Aparretan harrotuko gaitik beltzak.

-  Sabelaldea hilea baino gorriago atera behar dik hor datorren horrek.

Bizitzako tranpolinean, era guztietara harrotu ohi ditugu  urak

 

31

 Hiru patroi autonomoak, laino zuria behatoki, ortzi garaian:

- "...armetan jarria,...txispaz armaturik,.."  atutxamayorrek etakidetzat

hartuko haute.

-  "de Vizcaya floron ...", hi ostera bizkaitar ordez bilbotartzat.

-  "...prez y gloria al inclito patron",  hi ere ba!.

Ereserkiak, herrien ezaugarri

etiketak: Ipuin nanoak
Serafin
Serafin dio:
2017/03/31 10:50
Oso polittak dituk Jon. Ikaragarri gustau jatazak.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.