Ipuin nanoak
ABUZTUA
01
Onkologikoan pastillatxoa eta tramankuloa:
- Behinola sutan erretzen zizkiaten akelarreko sorginak eta herejeak gizartea sendatzeko.
- Kuriosoagoak gaituk gu gizakiak sendatzen, barrutik erretzen ditiagu.
Erradioterapia eta kimioterapia, biak erreterapia.
02
Kirolari baten lixiba balkoian lehortzen:
- Nor litzaken zapatilotako oina.
- Nor kulerootan lehiakide.
- Eta kantzotziloetan!
Bada homologatu gabeko lehiaketa eta kirolik!
03
Txapliguak jaietan brist eta pun:
- Gu gabe jairik ez.
- Gauean ortzadar eta egunez sinfonia.
Bolbora bizipoz bihurtu zuen filosofiak salbatuko du gizartea
04
Aizkolari proba noiz haziko:
- Pagoak: zorrotza behar haut, arrasto berean beti, sakon eta leun, maspildurarik gabe.
- Aizkorak: halakoa izango natzaik, biguna, hezea eta begirik gabea bahatzait.
Gogorra eta biguna, bustia eta lehorra, zurruna eta malgua, zuria eta beltza, kontrajarriak baina ezkonterrazak
05
Kale-kantoiak jaietarako pixa-leku kabinari:
- Hi hemen jarriz ni neu bihurtu nauk pixa-leku.
Gizakiak berezko errazera jo ohi du ezohizko egoeran
06
Zabortegi dira jaietan kaleak:
- Kale-zoruak: Hau duk ekaitza!.
- Mangerak: Jaiaren hire biharamuna!.
Gizakiak ez du berezkoa garbitasuna
07
Txistua, dultzaina, tronpeta eta atabala beti jaikide:
- Ni nauk irrintzia.
- Ni algara.
- Ni dantzarako deia.
- Ni jaiko taupada.
Ez dago jaietako irudi tristeagorik, kalejiran saltariz zurtz doan txistulari, dultzainero edo txaranga baino
08
Txosnako esparrua gaupasaren auspo:
- Zenbat maitasun xuxurla, ahopeko, belarrira.
- Goizaldeko inspiratuen legebiltzarra.
- Albistegi-esatarien komunikabide.
- Mezu guztien pankartaleku.
- Iraultza eta utopien foroa.
Agintariei ez zaie atsegin kontrolatzen ez duten herri arnasarik.
09
Jaien biharamuneko arnasa orekatuz doa herri erritmoa:
- Hara postaria aterik ate zama horia arinduz.
- Pedrok atera dizkik baba-lekak kaleko eguzkitara.
- Erramun atera duk zuhaizpeko bankura hamaiketarako.
- Luisitoren dendako pertsianak zabalik dira bederatzietan.
- Umeen txirringak eta ortuzaleen traktoreak berriro gurpilarin.
- Txakurtxo muturbeltxa pixaz berrituz doa bere esparruko mugak.
- ..... ..... ..... ..... ..... ..... ..... .....
Herri bakoitzak taupada-kadentzia propioa du, pertsonek lez.
10
Mandeuliek haritza dute bizitoki:
- Azal bigunpean harrapatu zioat zaina.
- Nire zaldiak ostera narrua sendo eta buztana luze.
- Plastateko batek baldratuta natorrek ni.
- Igerilekuan itota geratu duk bat.
Biziraupena, beti latza
11
Mandeulia eta eltxoa hariztian:
- Hire eztena banu.
- Hi bezain txikia banintz.
Fida zaitez zutaz, besteen laguntzaz baino
12
Erlea eta erlaminoa:
- Gizakiarentzat etsai.
- Lorearentzat amets.
Norberarekiko ustean datza bakoitzaren indarra.
13
Eulia eta eltxoa:
- Intsektizidaren beldur beti.
- Ni berriz putz baten mende.
Gizakiaren eztula, eltxoarentzat ekaitz
14
Errenka doa ibiltaria bidexiorretik:
- Harri koskortxoa ere oinazpian harritzar.
- Belar lehorra, arantza.
Zorria lehoia baino arazo larriagoa da elefantearentzat
15
Torto batetako jarduna:
- Bitxilorea: Usaiak egiten gaitin ezberdin.
- Kamamila: Baita kirtenak eta iraupenak ere.
- Txindurria: Bata begien atsegin, bestea urdailaren atseden.
- Erleak: horregatik jartzen zaituzte lehortzen bata, lorontzian bestea.
Izadia, puzzle miresgarria
16
Eguzkia eta lainoa:
- Nor gailenduko, hemen goian beti biok.
- Behean ostera biok beharrezko.
Gari horia, berde izana
17
Betaurrekoa eta begia:
- Nik gabe ezin duk ikusi.
- Nire lausotasunagatik haiz hi haizena.
Domino fitxateria da izadia
18
Aterkia, gabardina eta praka-barrena:
- Aterpe zabala nauk
- Ni gorputz osokoa
- Baina ni beti blai
Harrokeria beti ustela
19
Zakila eta alua:
- Ametsa eta egarria.
- Pasioa eta lilura.
- Astindua eta baretasuna.
- Aseberria arren beti gose.
Lorea eta erlea, nahiz ezberdinak, elkarren osagai
20
Sugandila eta muskerra Etxarriko kale batetan:
- Basoa utzi eta hiritartu asmoz?.
- Galdu egin nauk.
- Aspaldi galdu gintuan gu zementuzko zulootan.
- Goxoa duk espaloiaren epela tripazpian.
Asko dira kalezuloak liluratutakoak
21
Sugandila eta muskerra:
- Ni txiki eta hi handi.
- Ni koloretsu eta hi ilun.
- Bestela, antzeratsu.
Gizakiak, bi ere ez berdinak
22
Zorria eta arkakusoa:
- Zurixka nahiz gorrizka, biok parasito.
- Bion bezeroak beti hazkura.
Aberatsa, pobrearen parasito
23
Sugandilak espaloi epeleko txatxaran Etxarrin:
- Baldratu ditek kantoi bazterrean basotik herrira aldatu zen muskerra.
- Gizakia zutitzen hasi zenean indartsuenek zapaltzen zuten bezala.
Izadia, milioika urteko borrokaren emaitza
24
Aizkora kirtena eta mendi-mutilaren eskua:
- Leuna ba haiz izan, baina azala mintzen didak.
- Ia ba txistukatzen hauten.
Baba gozoenak, platerekoak
25
Txilardiko loretan erleak burrunbatsu:
- Ezti iraungo duzue.
- Erratza izatea dun nire iraupena.
Iraupena, gizakiaren ametsa eta kezka
26
Antoniok erretura piztu du zopizartu berriko baratzean:
- Suak: Argia eta beroa izateko aukera ematen didak.
- Belarrak: Txingar gori ondoren hauts bizigarri egingo nauk.
Gizakia, kate-begia besterik ez.
27
Mendebala, ekia, hegoa eta iparra nahastu dira Hirumugeta tontorrean:
- Ez Sakana, ez Ataun, postontxitxo zuri teilatugorria duk ikuskizun bakarra pagoarte honetan.
- Mugarritzar ilun sendoak ere ez ziguk asko laguntzen nora jo Y horrekin.
- Hemen Ardantza ibili duk, bere Y bidesareari propaganda egiten, edo Atutxa talde Yrekin aztoratuta.
- 1777koa ala 12-7-75koa duk?, bailara hauetako harginak euskaldunak zituan, baina alkateak ez nonbait.
Mugarriak, jabetzak kezkatzen dituen arazoa.
28
Ardiak larrean dabiltza abuztuaren hondar hezean:
- Berde gorde haute aurten euriek.
- Zuek berriz zuri.
Abuztuko euriek, larrea guri eta ardiak garbi
29
Bada metalezko ahuntz zuri-beltz saldoa Sakanako autobide ertzean:
- Hauek ez dizute belar askorik jango.
- Pintura ordea bai.
Ez dago ezer zerbaitetaz elikatzen ez denik
30
Ortzadarra, errekatik errekarako igarkizuna:
- Langileen bandera, Txe Gevararen izarra.
- D bitaminaren ikurra.
- Sorollaren hondartzak.
- Txapelokerren uniformea.
- Izurdeek zeharkatzen duten itsasoa.
- Garai bateko letxada nahiz lixibaren eranskina.
- Feministen ezaugarria.
Goiko Mari Trinik bata argia eta bestea iluna ditu begiak
31
Bi begirada gurutzatu dira kalean:
- Atsegin dizkiat oliba irribarretsu horiek.
- Gustuko natzaiek anpolai ezti horiei.
Begiak bihotzaren ezpain, begiaren irria bihotzaren poza