Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar

Poeten uharan

Jon Etxabe 2017/01/13 09:59
Gu gara txoria

GU GARA TXORIA

 

 

SASOIA

 

Leku bila

Ez-lekuetan,

lekuz kanpo,

ez-lekutua,

leku bila,

jubilatua.

 

 

Bizipoz

Jubilatu koadrila

errepideko ibili luzean

bozgorailuko abesti aspaldikoak

nostalgiaren zirrituetan

Mediterraneora doaz hezurrak berotzera

bizipozaren epelean

 

Zenbat ilusio ahanzturan

kontaezin bidezidor maitasun bihurgunetan

bide berdeetako oroitzapenak

kantuotan kulunkatuta

oroitzapenetan bidaiatuz Mediterraneorantz

lekuz aldatuz leku bila

 

Ez-lekututako aitona-amonak

jada inongo ez bailira aurrekontuentzat

baina oraindik nonbaiteko bizipozean

 

 

I(ra)kaslea

Egunero gurutzatzen gara

bizitza-entziklopedia da

bizipen kontaezinen bilduma

 

Adinekoa

 

Bizilegez aberastuko ninduke

jakituria oparituko lidake

pausoa bermatuko bidea argituko

 

Egunero gurutzatzen gara

 

Ai baneki galdetzen

nork zekikeen berari entzuten

 

 

El-kart(e)tan

Egoitza jarri ziguten,

mahai-jolas-jokoak

bidaiak, bazkariarekin noski,

solas-toki ere badira.

 

Baina tabua da arazoez mintzoa,

batez ere politikaz.

 

Kideek hala erabakita.

 

Iritzi-trukaketa kultura

adinean ere gabezia.

 

“Hemen ez da jartzen propagandarik”

 

 

A E I O U

Adinekoa

Ehizaki bihurtu dute

Interes político eta ekonomikoek

Ordenu-demokraziak sortu berri honetan

Urteak, ezindutako urteak, probetxugarri baitzaizke

 

 

Ehiztaria ehizaki

Hegalari zolia aitona

oihandar adoretsua amona,

bizitzari so zabalekoak biak,

bidezidor kiribilduetan ikasiak.

 

Kristalezko erpeen ehizaki dira orain,

eremu inarrosi honetako

abiadura handiko harbideetan.

 

 

Bizipozak

Bideak asko dira

adinaren hondarrean ere

ibiltzeko adorerik bada

 

Bide-ertzak dituzte gogoko

urratsen nekeaz ezgaiturik

ibili nahi ez dutenek

 

Ez dakitena da

bide ertzotan daudela

ehortzita bizipozak.

 

 

Amets egin dut

Orritsa berdea naiz

bidaiarien gerizpe

udazken horailean

 

Goizeko izar dirdaitsua naiz

ibiltarien norabide

arrats beranduan.

 

Ertzeko ikusle ordez

tropelean nekaezin noa

herrikideen maratoi udaberrituan.

 

Hori egin dut amets

egun-argia itzaltzean

 

 

Esperantza

Asto makilatuak izan ginen

makilatutako astoak gara;

hauteskunde-paper izateraino,

horraino ez-gauzatu gaituzte.

 

Ilobak, txakurra, bidaiak,

solas aspertuak edo baratza,

egoitza, elkartea bera,

hori dena oraina da.

 

Eta oraina ez da esperantza.

 

Geure geroak ez du gerorik

besteen geroa zaigu esperantza.

 

 

Argia

Milioika urteko egunsentia,

epe laburreko ñir-ñir urduria,

betiereko iluna gausentian.

 

Bizitza

 

 

Inoiz ez da berandu

Hondar neguan

goiz oro da arrats

goiz dena da berandu

 

Ez-lekutu, ez-gai, ez-gauz

ezeren lore

 

Aldi berean

adar berrien enbor

kimu berrien adar

lore berrien kimu

 

Bizitza erabaki duenari

inoiz ez zaio berandu

 

 

Sasoia

Hegada laburrean

baina hegan.

Adin bakoitzak du

dagokion sasoia.

 

 

Libre

“Libre!!!”

egin zuen oihu

jubilatzerakoan

ohartu gabe

demokrazia honetan

inoiz inon inor

ez dela libre.

 

 

Memoria

Idazle fabrikak

eraiki behar ditugu

lan-esparruen memoria

ahaztu ez dadin.

 

 

Ehizaki

Humanoagotu dituzte

egoitzak,

hornituago daude

elkarteak,

aukera zabala du

Insersok.

 

Ehiza-leku darraite,

bozak ehizaki

 

 

Ahaztuak

Ez gara errentagarriak

krisialdia da gure adina

kapital antzua gara

 

beherapenetan jarri gaitu

gizarte merkantilistak

 

hurrengo hauteskundeak arte.

 

 

Edelweis

Loreontzi

nahi gaituzte

 

berantiar

baina lore gara

 

adineko  ere

 

 

Arratsa gorri

Urteak urtzear

begi nekatuek

“betira arte” diote

 

 

Soak

Gibelerantz

adinekoaren soa,

ereinaren esperantza.

 

Aitzinerantz

gaztearena,

ereingoaren bizipoza

 

 

Gausentia

Geroa argitu ez duenari,

antzu ilunpetuko zaio

 

 

Kuku bila

Maitasuna

txorakeriarik ederrena

 

Xera pribatuenak

leku publiko bihurtu zaizkie

gazte maiteminduei

 

 

Krisia

Beti izan da txerpolari

gizaki pobrea,

alanbre gainean beti,

sarea kendu zioten lehenik,

kablea ukatzen diote orain.

 

 

Ez-lekuan inor ez

Jendartera jo zuen

lagun bila,

bihotz-zurtz itzuli zen

bere baitara.

 

 

Gazte-urtaroak

15 udaberri,

ninietan irri

 

18 uda,

bihotzen uzta

 

21 udazken,

ihar okrerik ez

 

25 negu,

Adin-ertza urrun

 

 

Boga I

Hondartzan baratzen ditu

ontzi herdoilduak mareak,

branka jartzen die uhinei

etorkizuneko arraunlariak.

 

 

Etxola

Etorkizuna eraikitzen dute

gaztaroko ametsek,

eskuz esku bidea zabalduz

udaberri elurtuetan.

 

Ametsa eraikitzen da

gazte ibiliko zirimolan

udaberria gauzatuz

etorkizuneko etxolan

 

 

Boga II

Itsasoa bezain zabala da

gazte esperantzen zeruertza

 

 

Boga III

0 urte

bularra, ama!

 

5 urte

kaixo, lagun

 

10  urte

jada jopu

 

15 urte

gustuko zaitut

 

20 urte

Boga!!!.

 

 

Argazkiak

Argazkigile da

gaztea,

zaharra,

albuma

 

 

Txalaparta

Hitzik esateko astirik gabe

eramaten dute hainbat gazte,

saihetsak txalaparta ohol,

mezu interesatuak musikarazteko

 

 

Jeloskor

Jeloskorrak dira gazteak,

bizitzaz jeloskor,

zorion ortzadarra

kolorgetuko diegun beldur.

 

 

Bizitza bikoitza

Bi uzta erausten ditu Heriok

zuhaizka gaztea inaustean,

udaberri joria da bata,

gero amestua bestea

 

 

Adina

Oasia dira gazteak

zaharron desertuan,

memoria adinekook

beraien loraldian

 

 

Orainalditik kanpo

Oraina bizi du gazteak

berenez datorkion ametsa

zaio urruneko geroa.

 

Iragana bizi du zaharrak,

ezarian bezain temati doazkion

amets zitalki  kadukatuak.

 

 

Definizioak

Gaztea:

bizitzeko ausardia.

Zaharra:

erabakitzeko presarik eza.

 

 

Bi kapitain

Erruta hasi berri,

portu amestuak helburu,

oraintsu txo zen kapitaina.

 

Arribadetan zaildua,

estatxa non lotuko dator

marinel zaharra azken portura.

 

 

Behatokia

Etorkizunari behatokia da

gaztaroa,

iraganaren nostalgia

zahartzaroa

 

 

Denbora

Denboraz alda dezagun

zahartzaroa,

denborari neurria hartu diezaion

bizia bor-bor duen

gaztaroak

 

Denboraz alda dezagun

gaztaroa,

denboraz kanpo ez dadin geratu

bizia apalduz doakion

zahartzaroa

 

 

Ehoz

Goiz-albak lausotzen ditu

gauez eman lausenguak

ilunabarrak irensten

eguneko promesak

 

hitzen errota da bizitza

 

 

Adiok ez du adinik

Adio soila zein betirakoa,

beti da samina

agurra

banaketa denean.

 

“Gero arte” bat denean

poza ere bada

agurra

biltze gozoaren esperantzan.

 

Nostalgia da

agurra

oroitzapenen ataria.

 

 

Lekuan lekuko

Pentsamendu oro da amets

ametsa da bizipoz oro

ez da errealitaterik

ametsetik  kanpo

 

 

Demagun

Utopia:

gauzatuko ez den

ametsa,

esperantza

bihurtzen duguna,

ez-lekuetako

zoriona

 

 

Sagardoa eta taloak  

Badu herri onek

plegu akiezin batetan

utopien errotaren bat

nora bideratzen zaizkion

geroaren esperantzak.

 

Badu herri honek

egarri aseezina

eragiten duen dolarea,

non zukutzen dituen

gaurko bizi-minak.

 

Urak errota

errotak irina,

sagarrak dolarera

dolareak sagardoa

gurea da geroa

 

 

Napartxo I

Jada ez da umerik  

beheko suaren karelean,

tximiniak ez darama utopiara

garretan kulunkatutako ametsik

 

Jada ez da ele kiribildurik

hausnartze adinduko supazterretan,

bizipenen altxor hauskorrak

sutauts azpian dirau ilinti.

.

 

Jada ez da beheko surik

euskal sukaldeetan,

feecbook  taberna elkarteak

horiek dira egun hitz-toki.

 

 

Napartxo III

Zenbat biziraun enbor erre dugu

negu samineko supazter izoztuetan,

altzairu zaharrak sutara ditugu orain

eguteran eraikitzeko erabakian.

 

 

Napartxo III

Uste zuten

erre genituela

trokota guztiak

utopiaren garretan,

baina oraindik

errautsen azpian

udaberritzeko

bada berorik.

 

 

Napartxo IV

Nire herrian bada

egur loteen tradizioa

hotzak baitira han neguak

eta su-minez gartsua bizinahia.

 

Udaberriak gehienetan motz

neguak erabat gordinak beti

lote franko erabili dugu

Aitaren Etxearen bizigarri.

 

Sua itzaltzen saiatu zaizkigu

ilinti gainean oinuts ibilaraziz

oinazpi erreen minetan

eginen ez genuelakoan.

 

Zuhaitz berriak landatu ditugu

zaharrak, berriz, lote bihurtu

sanjuansu itzalezin batek

eramangarri bihur dezan oro negu.

 

 

Napartxo V

Beheko-sua dugu gure etxean

lama xuxurlari koloretsuak dantzan,

urre goritua egonaren  gozagarri

bagarela dio tximiniako ke-gandorrak

su baxua dugu gure etxean

 

 

Napartxo VI

Beheko sua

hitza bizitza

bihurtzen zuen

arbasoen alkimia

 

 

Napartxo VII

Denboran atzera-jauzia gauzatzen denean

beheko-suen karelak izanen dira

euskal unibertsitatearen katedra  berriak,

bertan bizi izan baitziren

sorgin iratxo ipotxen istorioak

amonen lapiko arteko sukaldaritza

gorroto sarri hilgarri eta amodio eztienak

herria larrutu zuten gerrak eta eguneroko nekeak

euskal kulturaren haztapen oinarriak 

antzinako arrats luzeetan 

gauetako bilgunea izan zelako

apaingarria bihurtu zaigun

su baxua

 

 

Napartxo VIII

Noraezean dabiltza

sorgin eta iratxo gaurtarrak

kedarrik ez delako tutu borobiletan,

urduri dabil Arzak

amona non eltzeen artean

itaun zorrotzetan Baroja eta Joxe Migel

erantzun bila biak

buruari aska Mitxelena

ele zaharrok zer ote,

su-baxua inguratuz denak

altxorraren bila

beheko sua delako

euskaldun Tutankamonen gordailua

 

 

Urtaroak

Ze udaberri nahi dugu

galdegin genuen negu gorrian,

loratzen dugun uztak

umotuko du azken trenpua.

 

 

Nauk

“Zer haiz” ispilukoari

“ezereztxo bat” ispilutik,

“beraz, nauk”

irribarrea alde bietan

 

 

Talaia

Antzinakoa?

Ez-aspaldikoa.

talaia non

ikuspegia halako

 

 

Utopia

Ezin haiz heldu

esan zioten

halaz ere

boga egin zuen

 

 

Pausoka

“Noizko”

 esan zuen

“Nora?”

 erantzun genion

“Zorion-marrara!”

entzun zen

“espejismoa duk”

 oihartzunak.

 

“Zenbat denbora”

galdetu zuen,

“Norako”

erantzun genion,

“Askatasunera”

entzun zen,

“Pausoaren arabera”

oihartzunak

 

 

Pour la patrie

Lehen okupazioarekin hasi zen

Euskal Herriaren erresistentzia

 

“allez enfantes de la patrie” Frantziakoak,

“bon cop de falc” Kataluniakoak,

ez du letrarik Espainiako ereserkiak

baina gorri dator odolez armaz.

 

“Eusko gudariak gara …”

 

 

Totem

“Abuelo donde está dios”

denok dugu elizatxoren  bat

bakoitzaren desertu ezkutuan

 

 

Trabuko

“Goizuetan bada gizon bat,

deitzen zaio Trabuko”

bidelapurrak laket bidegurutzea.

 

Lurra lapurtu zioten lehenik,

pausoz pauso, eskubideak ondoren,

hizkuntzarekin sartu ziren azkenik,

bizipoza da orain ehizaki.

 

Bidegurutzean da beti Euskal  Herria

 

 

Oinordekoak

“Aitaren etxea defendituko dut”

 

harri bolkanikoa ari gara egosten

bihotzen sutegian

trikuharriek beste iraun dezan

oinordekoentzat etxeak

 

karobia piztu dugu

gizarte karstikoan

kare biziz babesteko

asabengandiko lurra

 

 

Utopia

Utopia ez da esperantza faltsua,

inola ere ez amets antzua,

are gutxiago ahalegin zaputza.

 

Eskubideen definizioa da utopia,

aldi berean idealen aldarrikapena,

gabezien eta ukapenen salaketa,

zerbait hobeagoaren bilaketa zintzoa.

 

Biziberritzeko akuilua

behar du izan utopiak,

lorpen oparoz zolatutako

helburu ezinezkora bidea.

 

 

Arrokak harro

Harkaitz biziko zuhaitzak gara,

lurrari beharrean harriari lotuta,

haizeari aurre eginez ekaitz gaiztoenean,

okertuz baina zut gora begira,

altzairu gogorrena kamusten duen zura,

lehorteetan goizeko ihintzetik edanez,

ezkutatu gabe, harro erpin biluzian,

hazia lautada berdean noiz zabaldu ahalko,

arrokak erditutako zuhaitzak gara.

 

 

Groelandia

Kubo forma hartu zuen izebergak

hozkailua asmatu zenean.

 

Ez galdetu non den Ternua,

arrandegitik dator-eta bakailao freskoa.

 

Groenlandia, euskal arrantzaleen

landa izoztu urrutikoa.

 

Euskal arrantzaleen nostalgiaz datoz 

Kantauriko hondartzetan hiltzera baleak.

 

Estropadak

zenaren izana

izanaren izena.

 

 

Argimutil

Ez dugu inongo ez inoren

itsasargi izan nahi

baina bai izan nahi dugu

aitaren etxeko argimutil

 

 

Bortzegiak

Abarkak demodé

abarketak urratuta

zapatak garestiegi

zapatilak bigunegi

oinutsik eta odoletan

egin dugu aldiotan bidea

bortzegiak egiten ari gara orain

ibilbidea bukatzea

baitugu erabaki

 

 

Igeri ikasi genuen

Uharteetan isolatu zituzten

zubiak eraitsiz, batelak hondoratuz,

bakardadeak hautsi zitzan,

baina igeri ikasi genuen

ez genituen abandonatu

presoak

 

Ortzadarra

Ortzadar

bihurtu genuen

azken ekaitza

 

Poeten uharan

Jon Etxabe 2017/01/09 09:05
Gorrimin

GORRIMIN

 

 

HEZUR MUIN

 

Orduen emagina

Odolustuz bailego

eguzkia erditu zuen

laino gorritan borobil

goiz-alban zeru-marrak

 

“egun ederra izanen diagu”

 

orduen zurrunbiloak

irentsi zuen gizakia

arduretan biluz

zartailuen ingude

 

“erretzea ere debekatu zigutek”

 

sutan bailego borobil gorri

etzan da eguzkia mendi ostean,

larritasun osinean darrai

biluz gorriago gizakiak

 

“bihar ere argituko dik”.

 

 

Esperantza

Elkartuz Iraultza ez zela amets

zioten mitin, kartel eta esku-orrietan.

 

“zutik lurrean kondenatu...”

 

Altxamenduek erditu dute askatasuna

hala zioten teorilariek, 

 

“bon cop de falc...

 

“Eusko gudariak” abestu zuten

eskuineko abertzaleek ere.

 

“irrintzi bat  entzun da ...

 

“Dugunarekin konformatu beharko” esanaz

eseri zen herria kafetegiko beladorean.

 

“zutik, zutik, zutik”.

 

 

Geroari branka

Zenbat bataila ez dugu galdu

esperantzaren ibilietan. 

 

Ametsen hariztian,

bide zidorren bila,

arraunik gabeko bateletan,

inongo portura bogan,

notarik gabeko pentagrametan,

doinu asma ahaleginean,

letrarik gabeko liburuetan,

biharko historia irakurtzen.

 

Eskuz esku diraugu,

kateatuta baino aske,

bagarela jakinez.

 

Geroa bizi dugu

 

 

Sortzearen abentura

Iraultza kulunkatu zitzaigun esperantzan,

udaberri baten emagin izanen ginen.

 

“zergatik askatu?”,

galdera mingotsa,

“kate ezarriak zaizkigulako”,

ez genuen beste erantzunik.

 

Kukuak jo zigun habian,

beratu zitzaigun uzta,

zimurtu ziguten itxaropena.

 

“zergatik aldatu?”

ondo-bizien galdera,

“jopu ez garelako”

ez genuen beste erantzunik.

 

Artizarra ez da itzali egunsentian,

ernamuin gara negu gorrian.

 

“zertarako iraultza?”

galdera dilindan,

“aske izan nahi dugulako”

beste erantzunik ez dugu.

 

 

Eredugarriak

Lehen bikotea,

sagar debekatua jan zuen,

ausart!

 

Espartako:

jopuen indarra,

ausart!

 

Indioak:

geziak versus errifleak,

ausart!

 

Santa Maria de Iquique,

zapalduen garrasia,

ausart!

 

Maiatzaren 1a,

Internazionala,

ausart!

 

Bolbora:

meatzarien eztanda,

ausart!

 

Martxoaren 8a,

zutik emakumea,

ausart!

 

68ko Maiatza,

gazteen bizinahia,

ausart!

 

Boby Sand,

presoen errebolta,

ausart!

 

Burgosko epaiketa,

herriaren erabakimena,

ausart!

 

2011ko negua:

Tunisia, Argelia, Libia, Egipto, ...

ausart!

 

duin, irmo, eskuz esku

abian!.

 

 

Ez itxaroan

Hermitage: obertura izan zitekeen,

Auroraren kanoikada: lehen nota,

Lenin: partituraren aita,

Internazionala: ametsen sona.

 

Entsegu da oraindik emanaldia,

orkestra noiz bilduko zain,

behin betirako partitura nork idatziko,

zuzendari nor sortuko.

 

 Kantari darraite lurreko pariek,

entsegu etengabeetan tinko,

ez itxaroan, itxaropenean baizik.

 

 

Antitesia

Aberastasuna sortzen omen,

baina jantxakurrak dira,

kapitalaren dialektika,

kontraesan hilgarria.

 

 

Mailukadak ingudean

Iparrean gosetiak:

“memoria eskuratu diagu”,

Hegoan zapalduak:

“ez gaituk kateko zakurrak”,

Mendebaldean esplotatuak:

“duintasuna zor zaiguk”,

Ekian menpekoak:

“ez gehiago esklabo”,

 

Manupekoen ausardiak 

zirimolatu zuen egonezina

barealdi itxurosoa astinduz.

 

Ingude gotorrean mailu astunez

hautsi ohi dira erdiminez kateak.

 

 

Erne

Politikarien itxurakeriak:

ongizatea, bozen amarrua,

indarkeria ez da eragingarria;

mila katramila dituzte

herria loarazteko.

 

Lozorroa esklabotasuna dela:

zapalduen dialektika.

 

 

Nemo primus

Lenin, Mao, Ho Chi Min, ...

utopien lorazainak.

 

bakoitza ezberdina!.

 

Kuba,  Hego Afrika, Irlanda, ...

amets eder lausotuak.

 

hobetu beharko!.

 

Geroa ereiten ari gara

loraldi baten segurtasunean.

 

zaila arren!.

 

 

Lau lelo

Behargina,

definizioz salgai.

Nekazaria,

harraparien ehiza-gai.

Arrantzalea,

lehorreko sareetan arrantzaki.

 

Bide luzea diagu,

lagun,

ikasiko ote elkartzen

 

 

Gu geu

Oinpean: gehienak,

gosetiak: edonongo ogia,

borrokak: uneoro nonbaiten,

hildakoak: milioika,

banderak: kontaezinak,

torturatuak: borreroez harago,

presoak: herrialde bakoitzean,

justizia: denean itsu,

errepresioa: herri ororen zauri.

 

 

Utopia

Utopia:

egunsentia.

 

 

Euskara

Euskara:

euskaldunon

munduko erditzeei

ekarpen aberasgarriena

 

 

Ginen, gara, guran

Hogeita batgarren mendean

eta

gizakiak jopu dirau.

 

Utopiez honago

esperantza

kulunkan

 

 

 

TRIKUA HARRIJASOTZAILE?

 

Lo

              Egin lo barraskilo,

nolatan lo?

              lot betazalok eta ixo

logalerik ez dot!,

hago lozorro,

gogo gabe non?

ohea lotarako dok

orain lolo?

ez izan lotsor, mozolo.

 

 

Meteo

Egunsenti, goiza ihintz,

arrasti, gaua izartegi

 

Goizerdiko euria

umeen zorion,

txipli txapla

eskolatik eguerdiz

etxera oinutsik.

 

 

Nortasun agiria

Kalean nindoan, besterik ez

 

Gelarazi ninduten

gaizkile lez

 

Txapel berdedun txarol txapelokerrak

 

Bazekiten nor nintzen

baina nor nintzen

galdetu zidaten

 

Beraiek direla legea zioten

 

Isuna jarri zidaten

zergatirik gabe

abertzale nintzaien

 

Kalean nindoan besterik gabe

 

 

Baserritarra hirian

- Zer da behia?

- Tetabric kaxa!.

 

 

Hiritarra baserrian  

- Zer da tetabric-a?.

- Kartoizko behia

 

 

Kale-kantoian

Uhalez gatibu txakurrak:

- ezin diat matrikularik usaindu

              -  esparrurik markatu ere ez

- jada txakurren feriarik ez duk

- baina morroia diagu kakak jasotzeko.

 

Zakurraren biboteak!!!.

 

 

Laino guztien azpitik 

Azeri-oin hotsa

bozen ehizan

 

- nor lapurrago!

 

Gaurko Patakonen zaldiek

ez dute jada

atzekoz aurrera

eskalaproinak jarrri beharrik!

 

 

Zuretzako da

Ez dut esanekoa izan nahi,

karakolan entzuten dudan

askatasun harrabotsa

mundutzak entzutea nahi dut

 

 

Pozoituen galderak

Nor nintzen galdetzen zidaten

nintzenik ere jakinezin

uzten ninduten arte

    

 ukabilitsu

           ulustel

                  bortxagin

 

“hilgai bezain ezindua”,

nor zer nintzen banekien

 

 

Harrerakoan

Etorri al haiz, etorri al haiz

etorri al haiz, etorri,

etorri al haiz, etorri al haiz,

etorri al haiz, etorri,

Etorri al haiz, etorri al haiz,

etorri al haiz, etorri,

etorri al haiz, etorri al haiz

etorri al haiz, etorri.

 

Etorria nauk, etorria nauk,

etorria nauk, etorri,

etorria naun, etorria naun,

etorria naun etorri. 

Hemen nauzue, hemen nauzue,

hemen nauzue ni hemen,

hemen nauzue, hemen nauzue

hemen nauzue ni hemen.

 

Kide berria kartzelan

sartzen zutenekoa

 

 

Galderen galda

Ama, zer da zuloa?

(Kontxo!) Azpilanetarako armairua

 

Zer da ba azpilana?

(Ene!) Iheslarien isilpekoak

 

Eta iheslaria?

(Arraioa!) Norbait atzetik duen klandestinoa

 

Nor da klandestinoa?

(Fale!) Kaleko edonor

 

Aitatxo ere bai?

(Ufa!) Agian

 

 

Ñir-ñir

Gabezien gauetik

hiri-izartegiaren irrikan

kale artean argitu zen.

 

Amets dirdaitsuak baina,

giza-orban bilakatu ziren.

 

Ezin  ilunen zuloan

etorkizuneko ortzian

giza-min ernatu zitzaion

esperantza

 

 

Lili bat ikusi dut

Mitxoleta, galsoroko tapiz gorri

kukupraka, iratxoen behatoki

pasio-lore, udaberria Aste Santu

hortentsia, buruhandi koloretsu 

krabelina, paparra lorontzi

lirioa, jantxakurren ikur

kala, buruzuri kankailu

igebelar, korroken sinfoniaz blai

arrosa, genetikaren eztanda

tulipana, herbeheretar etorkin

paradisuko lorea, kanariar oparia

bioleta, iratxo urdin

pentsamendua, lorazainen komodin

margarita, bazterren irri

edelweiss, goietako ermitau

 

baso-liliak, naturaren bizipoza

 

 

Ziegatik auzitegira

Eskuak ukabil, listina zartailu, argindarra elektrodo,

baineran itolarri, txanopean itsu, poltsan itobehar,

galderak ulu, hitzak mehatxu, behakoak gorroto,

 

odolbatu eraman zuten  epailearengana

 

gor-itsua zen epailea

 

 

Talka

“Independentzia”

egin zuen garrasi,

eta terroristatzat

kondenatu zuten

 

 

Hitzak esplikatzen

Polizia deitzen zioten,

baina txakurra zen,

polizia-txakurra

txakur-polizia

 

 

“arma tiro pum”

Arma orok

hil egiten du

arma

euskaldunak ere

euskalduna ere

 

 

Asabena

Gure etxea

harrizkoa da

 

eraso dute

okupatu ere

defendatu dugu

biziarekin ere

 

itxuraldatu da

baina oraindik dirau

 

harrizkoa baita

gure etxea

 

 

Kaka esplikatzen

Gizaki

maitale

kide

solidario

borroka-lagun

 

nola  izan

 

hori ez dizu

eskolak

irakatsiko

 

 

 

GEZA GAZITZEN

 

Orwel

haurtzaroa

guztien zaintzapean

 

gaztaroa

gehienetan hegamotz

 

helduaroa

bizitzaren jopu

 

zahartzaroa

bizibeharrez iraun

 

Gizakia

kate motzeko

izakia

 

 

Gela alai

Mantangorri nanoek

bizipoz ortzadarra

marraztu zioten

andereño tximeletari

 

 

Hitzen errota

Buztanik haina isats,

isats oro ote buztan?

 

Bururik gabeko buztanik ez,

buztanik gabeko bururik bai?

 

Burua zein buztan, beti ertz,

baina goiera berean ez

 

 

Diosala

Edonor zela zetorrena,

ezaguna nahiz arrotz,

oles keinua zor zitzaion,

hori zen asaben gizalegea,

utziko ez dugun ondarea.

 

 

Bizi bedi

“Bizi naizen bitartean

ez da euskara galduko”,

adinak memoria

lapurtzen ez badio

 

Bizitza ote

memoriarik gabekoa?

 

 

Errauts

Gorputza ia osoki ura

erraustuz hauts

itsaso-hondar izanen

maria-beheran oinen tapiz

izanaren iraun

 

 

Joanak joan

Burua galtzen doakit

halaber buztana,

denbora joan zait

jada naiz iragana

 

 

Tximinia

Tximinia:

Tantai -  potosi ohi

Ketan - iparrorratz

eraikin  gandor-  biziaren lorratz,

gabeko etxea - nomada, etxola,

ataka itxiak - itolarria,

sutan erpina - gasolina

 

 

Katua V gizakia

Katuak

marramiuka haserrean hartu

isil sekretuan ugaritu.

 

Gizakiak,

plazer gordean haurdun

minezko aieneka erditu

 

Sexuaren misterioak

 

 

Armarria

Gurasoen seme alaba,

anaia-arreben arreba anaia,

bikotearen senar emaztea,

seme-alaben guraso,

sendiko aldaska;

lagunen laguna:

leinurik ohoragarriena,

zertarako zuhaitz genealogikoa!

 

 

Betean

ameslarien garai sorgindua

otsoen ulu ordua

norbaiten lorik ezina

ilea mozteko abagunea

ereite landatze sasoia

 

ilargi betea

 

poema borobilik ezaren

zigilu borobila niretzat

 

 

Xapi

Katuak zazpi

bakarra nik

ehizaki aurki

ez oraindik noski

bizia igitariz ebaki?

ez agirika ez apalik

hil-zapiak nigandik xapi

 

 

Abarketak

Sekula santan

ez omen zitzaion

              abarketarik zulatu

 

Lepotik zintzilik eraman ohi zituen

 

 

Zapateatuak

Batzoki-buru, ikurrina jarri zuen

herriko batzokiaren sorreran.

 

Abesti espainiar nazionalistak

mahai gaineko orpo-dantzak

errito urterokoak  ziren Gabon afalostean.

 

Afrikako gerra garaiko

soldaduskaren arrastoak

 

 

Ilargi betea

Puru potolo bat oparitu zioten,

sekula ikusi gabeko handia,

sukaldeko argiak itzali zituzten

txingar borobila gau ilargia

 

 

Izan ez izan

Ez ginen pedaletara heltzen,

koadro azpitik eragiten genien.

Bizikleta eduki edo ez,

hori zen gakoa eta arazoa.

 

 

Kalabazan

Ipuinetako “behin batean” horietan

oraina sartzen dugu kalabazan.

 

 

Hitzontzei

Berritsu aspergarria zelako

isolatu egin zuten

hiztegi soilaren konpainian

 

 

Kontrakoa alde

Mutilek zakila,

alua neskatilek,

errefus erakarri

aurkariak osagarri

 

 

Meteo

Mendebal gorriak

eki dirdaitsua

iragarri zuen

baina ostertz bustia

esnatu zitzaigun

 

 

Erdigunea

Nire herria: geografia

Gure bizitza: historia

 

Bakoitzaren herrigunea

 

 

Branka

Eskuratu badugu iparrorratza

ez digute aldatuko norantza

 

 

 

LASTER GURE HERRIA

ZUENA BEZALAKOA IZANEN DA

 

E.H.

Jai izanen da

burujabe ametsak

loratzen den eguna

 

 

Iratitik hegan

Arranoak zituen hegaldatu

Nafarroako basoak,

Euskal Herria osoa

hegadaren babesean elkartu.

 

 

Itzulera

Zenbat herri dudan bisitatu

benaz edo birtualki,

baina beti neure herrira

itzuli naiz

neure herrira beti

 

 

Amandrea

Ilbete nahiz ilberri,

gure herria

eguzkia irudi

gorantz edo mehetuz

aberria beti

 

 

Ernamuin

Erauzitako petalo odolduak

gero berriaren bizigarri

 

 

Urratuak

Galdera lasaiak asmatuz bizi izan gara,

gezur orraztu oker erretzez erantzun digute,

ibili zaildu urratuan jarrai gaitezen.

 

 

Non

Armen harrabotsa,

Gaztela,

non duk lotsa?

 

 

Anitz tolet

Estropada berean traineruz traineru,

ziaboga berera goaz eskubideak amets,

kale ezberdinetan olatuei branka helburu.

 

Mugarantz ontzi berean arraunez arraun

helburu berera boga bakarrean goaz

popatik ametsak ditugula olatu.

 

 

Gatibuak

Herriak

kateak hautsi zituen,

presoak

kalera atera ziren

 

 

Ama lur

Lurrak ez du jabegorik behar,

baino garenok lurra behar dugu,

aberria deitzen diogun hori.

 

 

Burujabe

Ez garela sekula izan

esaten digute

patria/e dutenek

 

eztabaida horiez harago

burujabe izan nahi dugu

nahi dugu, eta kito

 

 

Bidea

Ez gara bidea,

bidean gaude,

norabidea dugu,

bidelana, ez lanbidea,

bidelagunak lankide,

eskubideak burubide

 

 

Etorkin

Fobien fardela sama,

bide luzea dugu,

etorkinengana etorkin

 

 

Utopia

“Nik ez dut ikusiko”,

ezkorraren lelo etsia

 

 

Baietz

Jasanak jasanda,

iraun ondoren,

lortuko ez?,

noski baietz

 

 

Poeten uharan

Jon Etxabe 2017/01/06 09:47
FESTA GIROAN

FESTA GIROAN

 

 

UTOPIEN FESTA

 

Indartsu doa izozkia,

urlasterrari aurre,

kiribil koloretsuan galtzeko

 

 

Maite zaitut

Egoismo mozorrotua,

besterik ez da,

maitasuna

 

 

Ume aurpegi hura

Ibaia da gaur egun jaiotetxeko orubea

autobia, aldiz, orduko ibaia,

gutxi batzuen negozio, gizartearentzat omen, 

azpiegitura erraldoia.

 

Poza damait haurtzaroak, mina hurbileko negarrak,

argazkiko  ume-aurpegi hura maite dut,

gerrako orbanak gozatzen dizkit,

txikitako jolasen oroitzapenek zahartzaroa leuntzen,

gerra ez baita bukatzen, orbainek hor diraute.

 

 

Beteko ez diren ametsak

Beti izan naiz “haurtzaro batekoa”,

edonork edozein iruzurrez engainatzen nau,

bizitza bera baita tranpa bat,

galdu nahi ez ditugun utopiez ehundua.

 

Utopiei esker bizi da gizakia,

ikasien utopiei esker, bakoitzaren utopiei esker.

 

Tranpa bat besterik ez dira utopiok

amets egiten jarraitzeko tranpa.

 

Beteko ez diren ametsak baitira.

 

 

Kometa opari

Takar edo leun, haize-egunek bilduta,

bizipozaren mezulari, begien poz,

kometa baten bila dabil ametza,

etsipen eta itxaropen egunotan.

 

Gogor eutsi behar zaio sokari

herra eta gorroto erauntsiek 

bizi-arnasa amildu ez dezaten.

 

Kometa koloretsuak oparituko ditugu

malkoak ortzadar bihurtzeko.

 

Kometa bilakatuko gara, utopia egia izateraino

 

 

Ohelagunak

Ohe-kidea daramat  oheratze bakoitzean

udaberri loratzea bailitzan edozein urtaro.

 

Fantasiak dira, baina.

 

Utopiak

 

 

Nor berarekin

Bakardadea,

jakituria;

lagunartea,

gizalegea.

 

 

Izar loka

Dir-dir agertu zen izar zegoen egunsentian,

farfaila distiratsu urratu zuen zohardia,

ez da gautu geroztik irribarrea.

 

Bakarrik nintzen,

agertu zinen.

Bata bizi den artean

bestea ez da hilko.

 

 

Bixamona

Bezperako utopia zaputz gertatuak

egiten du mingots biharamuna

 

 

Basatia

Utopia bilakatu zen

demokrazia amestua

bortxa erabiltzean.

 

Gorroto ditu galderak,

gorroto azalpenak,

otso erpeetatik gero.

 

Basatzan bere buruaz beste egiten du

Estatu torturatzaileak.

 

 

Torturatzailea

Duintasuna lapurtu nahi zion

baina berea galdu zuen

 

 

Banendi

Ez naiz utopia

naizena naizelako,

utopia izan nintekeen

ez naizena bihur banintz.

 

Nor nintzen galdetu badizuke,

oharkabean pasa zen irribarre  murritza,

izena ozta gorde  duzun letrazale lotsatia,

noizbehinka desagertzen zen eragile xumea ,

argazkiko lagun hori nintzela erantzun iezaiozu.

 

 

Autoak

Autoa!,

utopien

paradigma

 

 

Paradisua

Haizezko utopiak dira nor garen erantzunak,

urtarorik ez duen atzerria omen gurea,

poemez gozatu nahi dizkigute zauriak,

marrazkiz estali bizipozaren arrakalak.

 

Kea salduz pertza oparotik bizi direnei

etxea eraiki nahi dugula erantzungo diegu,

udazken okreko orbelez  bazkatuko bagara ere.

 

Kimu berrien udaberria dugu sinesmen,

ez gara inora itzuliko gaudenera garamatzalako itzulbideak.

 

Planeta usaia duen hau zaigu paradisu. 

 

 

Utopia

Ametsen eremua erraietara murriztean,

atarian jartzen diogu zeru-marra infinituari,

arrotz bihurtzen gara esperantzen aberrian. 

 

Jopu bihurtzen gaituen askatasunaren eremuan,

bizipozaren hazia, nahiei ataka,

ahuleziatik frustraziora doan ortzadarra,

gabezien eta ezinen fruitu pozoitua,

balizko biharamuna da utopia

 

 

Bihar itxaropen bihar

Biharamuna ez da duda-muda,

esperantza baizik.

Oraina ez da halabeharra,

errealitatea soilik.

 

UTOPIA eta utopiak,

biharamun eta itxaropen

 

 

 

ZURE BEGIAK NIRE, NIREAK ZURE

 

Eguratsa egurats, udaberria da maitasuna:

ondoren datozkio uda, udazkena eta negua

 

 

Argia zulo beltz

Maitasuna tranpa bat dela

entzun nion bati,

sexu mozorrotua omen.

 

Ugaltze lakioa litzateke sexua,

maitasuna deritzonez edertua.

 

 

Esperantza zapuztuak

Mozkorti zen ezkondu aurretik

emaztegaiak bazekien,

mozkortiago ondoren

emaztearen sufrikario bihurtu zen.

 

Maitasunak zirrikitu asko ditu

 

 

Bikotea

Lagunarte bihurtu zen

maitasuna zeritzotena,

uztarri diraute orain

elkarren babes eta itzal

 

 

Noiz

Ez kiloka ez metroka ezta zenbakiz,

ekintzez bakarrik neurtu ahal da

harreman urraketen soluzioa.

Zenbatu zein ezabatzeko

baldintza bakarra,

borondatea

 

 

Arima arrakaladuna

Zilindroak ezin ditu

sentimendu zolduak lisatu.

 

 

Markak

Edonon dagoela ere

hurbil sentitzen duzuna,

maitale edo lagun,

ze inporta zer,

kuttun eta arnas bazaizu

 

 

Aterpe

Nahiz ezer gutxi delakoan,

zaren dena ematen baduzu

ordainik eskatu gabe,

eskaintzen zaizunak  asetzen bazaitu,

kitatu behar gabe,

baduzu non aterpetu.

 

 

Hesien gaindi

Esan beharrekoak isildu,

hortik dator elkar hartu ezina;

isiltzekoak aipatzetik, aldiz,

harremanen zitalak zoltzeak.

 

Atzerrian herrimin,

herrian herriminago,

herriminak behar luke

herriartekoaren legamia.

 

Iraganari iheslari,

etorkizunean errari.

 

 

Nor zer

Marketina, ez besterik dira

edertasun kanonak.

Atzo erakargarri zeritzona

arrunt deritzozu gaur.

Kimikan datza edertasun gakoa,

norberak egiten du bestea eder.

 

 

Joaki

Nora joan ez duelako

geratzen denaren ausentzia da

bakardaderik urratuena.

 

 

Zidorretan

Maleta konpartituak behar dira

giza basoko norabideetan;

ibilaldi solidarioa

bakarreko joanean ere.

 

Atxiki behar zaion erritmoa du naturak. 

 

Ze axola gure gorpu minduak,

ze axola ze bide bazterretan aurkituko,

ze axola non lurperatuko,

ze axola inoren gupidak,

elkarbidea bazen korritutakoa.

 

 

Gure begiak

Bestearen irudian dakusagu

norberaren nolakoa,

urteak bidelagun,

elkarren ispilu bihur baikara.

 

Bakardadean ere bidaia-kide,

biharkoa amets,

gizartean igeri biok,

nire begiak bereak dira,

bereak nire.

 

 

Ez dakit

Irabaziak ditut poesia sariak,

baina ez dakit poemarik idatzi dudan.

 

Maitatu dudalakoan nago,

baina ez dakit maitasunik den.

 

 

Egia

Egia zer den ez dakit,

gezurra zer den ere ez,

baina pauso bateratua behar dela bai,

armairuan ezer gorde gabe,

galdera orori erantzunez,

bidean galtzea nahi ez badugu.

 

 

Aitzakiak

Gezurrak ohi dira aitzakiak,

egiaren estalki zurigarriak.

 

Bizitza osoa da aitzakia.

 

Ukazioz, koldarkeriaz, ahuleziaz, isiltzez,

toles-gunez, ezinez, eta abar luzez

ehunduta dago bizitza oro,

bikoteen elkarbizitza

nahiz talde baten jarduera.

 

 

 

TXIMELETA

 

Zer diren, direnik ere, ez dakidan

osagai ezberdinen koktela da bizitza

 

 

Tximeleta

Ez dut izan nahi krisalida non izan zen ahaztu zaion tximeleta,

sastraka arantzatsua bazen ere.

 

Zenbait nini alegeratu zituen hautsa besterik ez ziren hegal koloretsuak.

 

Haize bolada batek barreiatuko ditu hautsok.

 

 

Joaki II

Bikotea,

bakardade konpartitua.

 

Ixo zotinak, belarri oro da gor.

 

Errepidearen bestaldean norbaiten esperantzak

eragiten digu aurrera.

 

Geldian ustez,

joaki gara.

 

 

Nanotasuna

Zirrara eragiten dit  nora zehatz batera errepidea zeharkatuz zomorrotxoak. Zirrara, galduta baino aitzindari, bainugelan agertzen den inurri bakartiak. Zirrara haizetakoan lehertzen den han gertatu zelako intsektuak.

 

Ez mikroskopio atomikoak, ez sunda urrutirenekoak ere, ez ninduke  unibertsoan lokalizatuko,  helburu eta bide ezin murritzagoan dabilen ezereztxoa naiz, baina unibertso horretako errege naizela irakatsi zidaten.

 

Harroa da gizakia, eta horrek hondatu du

 

 

Urkaegia

Egia esan,

eta urkatu egin zuten.

Egia ukatu,

eta urkatu egin zen.

 

Egia esan,

eta urkatu egin zen.

Egia ukatu,

eta urkatu egin zuten. 

 

Egia

Zer da

Zertarako

 

 

Maindireak

Bikotearen maindire arteko jolasa

plazer pertsonala bihurtzean dator

harremanen gainbehera mingotsa.

 

Laburra da maindire arteko plazera,

egunerokoaz gozatzean datza  zoriona.

 

 

Robotak

Edozein dela eguna zein egunaldea,

robota da gaur egungo gizakia,

irakaskuntzan, etxean, elizan, komunikabideetan, ...

ezartzen zaizkio behar diren osagaiak.

Ordenu-mando ikusezinek erabilitako 

automatak gara gizakiok.

 

 

Gezur estaliak

Gezur estalietan gabiltza

egi bila,

labirintuari

irteera asmatu nahian

 

 

Irakurtzea

Jende gehienak ez du irakurtzen.

Ez da beharrezkoa irakurtzea.

Baina irakurtzen ez duenak,

mundu berri bat galtzen du

 

 

Ameslari

Lorik ezak

ameslari

egin ninduen

 

 

Banintz

Nor litzaken eguzkia,

argi eta bero emari.

 

Ai ilargia banintza,

misterio eta amets kabi.

 

 

Iratxoen lagun

Urpekaria nahi nuen izan,

mundu berri bat asmatzeko,

eskalatzailea aldi berean,

izarretan ametsak eskegitzeko.

 

Baina oihanean nabil

iratxoak lagun.

 

 

Arorik ez

Lurra nintzake zuretzat,

edo hazia agian.

Baina zokor dago lurra,

haizeak darabil hazia.

 

Ez da arorik oraindik.

 

 

Perspektiba

Gogoko dut hegazkinetik ikuspegia,

naizenaren neurria ematen dit

 

 

Jantokian

Berbots burrunbatsua jantokian,

lepo mahaiteria jai giroan,

ama-semetxo bikote bakartia,

begirada hitsa dario amari,

haurrak lepotik helduz kontsola nahi du.

 

Samina, bakardadea, samurtasuna

 

 

Joanak joan

Bizitzako inbentarioa egin dut,

zutabe bikoitzetan lerrotu ditut:

Ahalak... Ezinak ...

Lorpenak... Porrotak...

Bertuteak...  Akatsak...

Txaloak...  Gaitzespenak...

Pozak... Penak...  

 

Balantzea egin nahi izan dut

baina ez naiz gai balorapena egiteko 

tarteko interesatua bainaiz

 

 

 

BIHAR ITXAROPEN, BIHAR

 

Adinduaren garundegiak, txepetx habiak antzo, ihes-ataka zabalik

 

Errefrakzioa

Autobiografia,

auto-estimuaren isla.

 

 

Aitzinat

Utopia gara

balizkoen eta eskubideen fronteran. 

 

Amets igorle,

maitasunak orpoz orpo gorrotoa arren.

 

Duintasuna eragile,

ez gara ezikusizko itsu.

 

Paradisurik ez dago,

gero bat, bai.

 

 

Beti da orain

Gaur zen atzo, atzo da gaur,

gaur da bihar, bihar gaur,

bezpera zen biharamuna, biharamuna bezpera,

herenegun etzidamu, etzidamu herenegun,

ez da orain soilik.

 

Iraun luzeko gerra da bakea,

armen herdoilean kimatua.

 

 

Etxeratzea

Askatasuna da presoarentzat

etxeratze-agindua,

etxea presondegi bilakatzea herritarrentzat. 

 

Aho biko hitzekin egina dago gizartea,

gerra eta bakea, aurkari eragileen jokoa. 

 

Mundua mundu denetik,

kontraesanak garatu du gizartea.

 

 

Eraso festa

Oldarka darraite,

beraz diraugu.

 

Herrenka,

baina bagabiltza.

 

 

Puzzlea

Kendu, lapurtu, guk geuk galduak,

puzzlearen piezak lekutzen,

horretan gauzatzen da euskaldunen  bizitza,

festa garaietan ere,

minduraz bilduta,

poemak irakurtzeko aldarterik gabe.

 

 

Nork daki

Nor,

zer,

ai geuk bageneki.

 

Eta kimika soilik bagina?.

 

Eta herria?.

 

 

Nor eragile

Nor epaile

Askeak gara?

Zeren

zergatik

inor

errudun!

 

 

Xume bizia

Betiraun bihurtu nahi dugu

oinatzak porlanean bezala,

museo bihurtu dugu  herria

iraupen labirinto ibilgaitzean.

 

Gar eta txinpartak miretsiz,

txingarra eta ilintia ditugu ahaztu,

baina aurrekoen oinorde,

herri xume biziak behar du jarauntsi. 

 

 

Banaezinak

Etorkizuna eta esperantza

zapalduen anaia bikiak,

banazailak  baino, banaezinak

 

 

Lilalde

Arantzadian lorazain

ziztadez odolduta

oporrik gabeko ekinean zut.

 

Lore bat dakar

egunsentiak

 

 

Lantxurda

Lantxurdak ustez besatuak,

agonia kanpaiak joz,

beldur itsasoan ehortzi nahi gaituzte. 

 

Herria, baina, gu geu gara,

gu geu garen bezalakoa da herria.

 

Izotzei, elurteei, haizeteei, ekaitzei, galernei,

eutsi egin diegu mendez mende. 

 

 Lore bat dakar egunsentiak

 

 

Euskalstick

Bide luzea egin dugu,

eskua eskuari,

orpo odolduetako pausotan,

idatziz baino, eginez,

ilargi berri nahiz bete,

oinordekoz oinordeko,

bide zaila egin dugu,

ibilardatz genuela

euskaldun makila.

 

 

 

 

Nondik sartzen da kanpora?

 

Poeten uharan

Jon Etxabe 2017/01/02 09:59
Esna amets - Ezereza

 

 

ESNA AMETS - EZEREZA

 

 

 

ESNA AMETS

 

Gauez  lo egin behar dela uste zuen

Baina esna amets egiten ikasi zuen

Zazpigarren egunean goizeko zazpietan

Loak hartzen baitzuen

Egunez asma ezin zituen ipuinak

Zetozkion  beilaren kulunkan

Baina lehen argiak xurgatzen zizkiolako

Ezin zituen idatzi hurrengo goizean

 

 

 

EZEREZA

 

(Kontuz, gogoeta hauek zuloan zulatuak egon daitezke).

 

Itsu geratu zen

eta ikusten hasi zen

 

 

EKIA

 

I

 

Jaiotzen da

egunero

 

laino ostean arren

han dago

 

eguzkia

 

 

II

eguzkia badoa

gogoari atseden eman

eta badator

 

 

III

belzten nau 

 

argitzen du

 

 

IV

norabidea

argitzen du 

 

bideratzeko era bakarra.

 

 

V

bai

 

sua izatez

geriza utzi dezake.

 

 

VI

eguzkitan koloretsu

hegan datorren tximeleta

bizipoza

 

 

VII

Zentroa

mugimenduaren ardatz 

 

 ai edonon balego

 

 

VIII

sentitzen dut eguzkia

berak sendotzen dit barnea

 

sentitzen dut eguzkia

 

 neu naiz neure eguzkia.

 

 

IX

begiratzen dit

bizia ematen dit

 

 

X

argiak

berea du geriza

 

 horretan babesa

 

 

XI

badator eguzkia

 

gaurkoa

beste bat izango da

 

gaurkoa

berdina izango da 

 

biak batera 

 

badator eguzkia

 

 

XII

zure baitan

dago eguzkia

 

 

XIII

eguzkiaren bidetik

etorri nintzen

 

 

 

HARKAITZAK

 

II

mendia

harri biluzia 

 

humusez jantziz

gizatartu zuen

gizakia

 

 

III

geldi dagoelako da

bizitzaren habia

harkaitza 

 

isil eta geldi

denboraren lekuko

jakituriaren pausaleku 

 

harkaitz batzuk porotsuak dira

 

 

V

harriduraz malgu

beregana itzuli nintzen

 

harkaitzak han zirauen 

han dirauko geldi

hondeamakina basatiak

harri bihurtzen duen arte

 

 

VI

galdera egin diot harkaitzari 

 

harkaitza izan nahi dut

harkaitzarteko lorea,  sugandila,

letra oneko poeta akaso,

arrailetan hauts bihurtu arte

 

 

VII

harkaitz oro mugitzen da

gizakiak nahi badu

 

 

VIII

ez dago harkaitz bat mugitzerik

inguruak zirkinik egin gabe

 

harkaitzak solidarioak dira

 

 

IX

harkaitz gainean eserita

munduaren zati zara 

 

harkaitzean zut zelatan

mundukide 

 

harkaitzean etzanik

kosmosaren taupada

 

 

X

harkaitza, baretasuna,

harkaitza, hitzordua

 

harkaitza, bizipoza

harkaitza, zarenaren isla

 

 

XI

harkaitz goria omen munduaren erraiak

azalekoei begiratzen diet nik

 

bihar mendira igoko naiz

 

 

 

LILIAK

 

I

Nork ez du jaso lore bat

azken euskarri gisa

 

 

II

Loreek ere

zauriak dituzte.

 

 

III

Hurrengoa da

azkenaren esperantza

 

 

IV

Lorea fosil bihurtu zen

bizi-izpi baten ispilu

 

 

V

Usaintzen dut

 

barnean dut lilia

 

 

VI

Loreak eta gu

elkarri begira

arintzen dugu ibilia

bizitzaren errekan

 

 

 

GEISHA

I

 “ezer ez dakidala dakit”

esan zuen  norbaitek

 

II

zuria, kolore guztien bilduma da

beltza, argirik eza

 

 

III

ez da beti izan

auskalo beti izanen den 

 

 gizakia

 

 

IV

funtsean

dena da hutsa

 

 

V

bakardadea sentipen bat da 

gizakiaren aurretikoa

 

 

VI

argi ibili,

munduaz beste egin behar dugu

 

 

VII

galtzen zarenean soilik

aurki dezakezu bidea

 

 

VIII

zuhaitzetik jaitsi ginen,

zuhaitza  zen aberria

 

 

IX

pauso bakarra edozein bidean

norbera izan

 

 

X

bizitza maite

ez dut beste ezeren beharrik

 

 

XI

gizaki bat naiz,

ez dut beste esatekorik

 

 

 

LAINOAK

 

1

Lainoek markatzen dute denbora

laino-ezak lehortean

urdin-ezak euritean

 

2

Lainoa begien pausaleku pentsamenduen isla

izan lainoen lagun beraiei begira  amets egiteko

lainoak  zaparrada bota dezake edozein momentutan

 

3

Lainoa amorante bat bezala da

 

4

Lainoei begira etzan nintzen, eta irudi iheskor bilakatu nituen

lainoei soa zait atseden lainoa nire laguna da

 

5

Zeru urdinaren bestaldean izarrak irensten dituzte zulo beltzek

eta gu lainopeko hutsunean salbu

 

 

 

UHINAK

 

II

izaditik gatoz

olatuak itsasotik bezala

haitzuloan gorde ginen

olatuak haitzetan bezala

 

III

olatuak etenik gabe datoz

itsaso barean ere

 

IV

haitz olatuen arteko maitasuna

gizakien artekoaren parekoa da

 

V

olatuak

itsasora bidea darakust

 

VI

olatuei begira

aparra dakust

amets bat erne da

 

VII

olatu guztiak dira ia berdinak

 

VIII

olatuak itsasotik datoz

olatuak hondartzan hiltzen dira

 

IX

beti dago olatu bat zain

bere gandorrean bidaiatzeko

 

XI

olatuen gandor izanen naiz

itsasotik hondartzara

 

 

 

MENDI

I

lasaitu eta babestu

egiten zaitu mendiak

 

atseden eta gerizpe

 

 

II

eten gabe aldatzen da mendia

baina ez da mutantea

 

 

III

estuki biltzen gaitu mendiak

zeru-marrarainoko lautadan ere

 

 

IV

txoria kaiolan bezala

atxiki nahi dugu mendia

 

kaiola oro hilobi

 

 

V

 mendia nire anaia

eguzkitan zein ekaitzean

 

 

VI

mendiaren magalean gaude

nonahi eta beti

 

 

VII

mendi-lurruna gara

 

 

VIII

mendia hitza da

 

 

IX

gu geu gara mendia

 

 

 

HAIZEA

 

I

haizeak

biluzik uzten gaitu

 

 

II

haizea

ondorioetan ikusten dugu

 

 

III

haizean egiten dute indar hegoek

 

 

IV

haizearekin dantzatuz

biluzten da zuhaitza

 

naturaren harmonia

 

 

V

 haizea ebatu zuten errotek

 

 alea irin bihurtu zuen haizeak

 

eta haizea joan egin zen

 

 

VI

ontzia geldi dago

 

bela hiletan

haizea ametsa da

 

haizea ametsa da

bela hiletan

 

ontzia geldi dago

 

 

VII

Gatoz

zalaparta apur bat

eta bagoaz

 

haizea gara 

 

 

VIII

haizean

gelditzen dira

hitzak

 

 

IX

ez banengo bezala egon

ingurua egurastu  

 

haizea lakoa nahi nuke izan

 

 

X

haize zurrunbiloak

berritzen gaitu

 

 

 

HUTSIK

 

I

begiak itxita

ilunpean ikusi

 

ezjakinean

jakitun

 

hori da hutsik

 

 

II

barnea hustuz

sortzen da artea

 

 

III

hitzik gabeko hutsa

 

 

IV

hutsean topatu ahal da

bila ibili gabe

 

 

V

ezerezean

 

berdinak dira

kanpoa eta barrua

 

 

VI

beregan badu

edonondik edanen du poesia

 

 

VII

hutsik non

pausoa han

 

 

VIII

hutsik dagoenak

edonon du

dena

 

IX

nire hutsean zegoen guztia

 

 

X

 neu naiz ezereza

 

Poeten uharan

Jon Etxabe 2016/12/30 09:11
Erraietatik

ERRAIETATIK

 

            

poeta bat

basati kutsatuak politikoak,

zakur amorratuak kartzelariak

metastasia

sorreratik du muineraino hedatua

kartzelak

makinaria hilgarri okaztagarria

 

izanen da

seme zintzoen hilobi

kartzelako atean

lore-koroa aurkitu zuten

amen historia kontatuko duen

bukowski berri bat.

 

 

lurra eta hazia

polizia orori aurre eginen lieke

kaosa eragin, suzko barrikadak jaso

salaketa zorrotzeko pankartak eskegi

maluta idatziez  kale eta postontziak zuritu

bizia arriskatu ere eginen lukete

kartzela bidean daude beti 

 

baina hausnarketa iraunkor batean murgildu

lan diziplinatu bati lotu …

burdina-sare baten hesia

eskuburdinen lotura bezain gotorra zaigu

 

kea saltzen dugu irauten ez duen zirimolan

izar uxoak suzko erroberak dira gehienez

koloretsu  erakargarriak

gaua  antzu uzten dutenak

lur landuan soilik

ernetzen baita uzta

 

 

hil ala bizikoa

hiltzen uzten ez diegulako hil nahi gaituzte

gaztelatik dator euskaldunon potroetan ostikoa

gezur iraingarriekin kolpatzen gaituzte

arma bortitzenekin erasotzen

indarrez nagusi direla erakutsi nahi digute

 

mamutzarraren konpainia astindu

beste irtenbiderik ez digute uzten

zurrut oparo eta magikoa eginen dugun egunerantz

bihotza salbu gordetzen borrokatuko dugu

 

“nik banekien hobe zela borroka ttiki bat ihesa baino”

borroka txikiez zuritzen dugu sarri ihesa

bihotza salbu izango dugulakoan

 

 

garrasi

zakurrak atzetik fitxatuak

bakardadean baztertuak zokoratuak

nora ezean sarri parrandaz ihesean

iritzi gabekotzat edo basatitzat joak

txikle gogortu bezala tratatuak

inora gabeko labezomorroak baikinen

atseden hartzeko betarik gabe

herio orpoan

 

baina

 

aurrera jo genuen

aurrera jotzen dugu

aurrera joko dugu

noranzko bakarrean  doan

neurrigabetasunaren ibaian goazak

geure istorioa gauzatzen

 

“berezko bazka-saltsan gizendutako zerri sadikoen”

asmakizun beldurgarria zaigun

galdara horretatik janarazi nahi dute herria politikoek

 

“ez duk aski jakinduriari jakinduria eranstea”

politikoak

ezin du arrazoiez arrazoitu

interes politikoa delako bere  arrazoia nagusia

 

“inora gabeko labezomorro bat izatea bezala zuan”

hutsaren hurrengotzat hartzen gaituzte

baina bide bazterretan galduta dirudien kakalardoak ere

badaki nora eta zergatik doan

 

“erotzeak mututu egiten hauela nioan, oskol babesgarri bat bezala duk”,

mututasuna zer esan gutxi izatearen ezaugarria da gehienetan

gu garenaz eta geroaz garrasi egiten duen herria gara .

 

“ inora gabeko gelan ... askatu egin nian besteen heriotzaren aurrean”

inora gabeko herria ote garen sentipena helarazi nahi digute

antzutasun iritziaz itxaropenik gabeko aholkuez

kutsatu nahi gaituzte zenbait politikok

 baita lubakiaren alde honetako zenbaitek ere

etorkizunik ez dutela dakitenek ere

 

 

urdeak ote

gure fintasunean

gu geu ere

ez ote

urdeak

gure handikoitasunean

 

 

agian

oskol barruan

miseriak

kabitzen ez-eta

belartzara ateratzen den

barraskiloa gara

nonbaiteko beste muturrean

keinu bat izanen ote

gau on baten itxaropenez

 

geure miseriak aitortzean soilik

aurkituko dugu agian

gero lasaiago bat

eskainiko digun begirada

 

agian.

 

 

arrastoa

tabernak elkarteak  jatetxeak  txiringitoak, …

zentzatu gabeko alkoholikoen esparruak

borroka bera alkoholez finantzatuta dator

alkoholiko ezezagunen elkarteetako

alkoholiko  zenbatuak dira

alkoholiko ez diren bakarrak

erdizka gara batzuek alkoholiko

osoki zen bukowski

aitortu egiten zuen berak

guk ez.

 

“haien oinetakoek ez dute arrastorik uzten

han inor izan ez balitz bezala”

denok uzten dugu arrastoa

utzi nahi ez dugunean ere

arrastorik utzi nahi ez dugunaren

arrastoa

 

aurreko guztien arrastoz

arrasto anonimoez batez ere

osatuta dago uneko gizartea 

arrastorik gabeko arrastoz

etorkizunekoa ere

 

 

erotuxe

noizbait

denok

erotuxe

egin

beharko genuke

lo hobeto egin

eta herritarragoak

izango ginateke

 

 

bixamonean

larunbat goizeko

ezezagun gautxorien

gaupasetako

mozkorrondoek

ez ote

estralurtar zantzuak?

 

 

argitaletxeak I

zenbat komedia

idazleek argitaletxeek

irakurle bat irabazteko

 

argitaletxearekiko morrontzak

eragiten ditu liburu salduenak

liburu onenak ez

 

 

nonbaiten bai

non da bukowski?

 

ezin diogu naturari

aldioro

miraririk eskatu

 

 

izan

aske!

albo-herrien

urtez urte gatibu

bortxaz eduki gaituztelako

lokarriak haustea erabaki dugu

onez ulertu ezin dutelako bortxaz agian

gutaz erabakitzeko eskubidea lortuz lehenengo

lotura guztienen gainetik independentzia izanez apika

izan ginelako izan garelako eta batez ere izan gura dugulako

 

 

charles

Gozoak ditut tragoxkak

 

charles

 

zurrut pizgarria behar dik

motelak

bizipoz akuilaria

biziraupenak 

 

izan hintzen hi ere

 

charles

 

oraindik haiz

 

bukowski

 

hire horretatik

edaten dudanean.

 

 

zernahi jaso

zenbat aldiz errotara

garia eraman uste izan dugun

eta zahia besterik ez dugun jaso

 

zenbaitzuetan 

urrezkoa ustez

letoizko koroa jaso dugun

 

hor jarraitzen dugu baina

errotara bidean

zernahi jaso ere

isildu ezinik

 

 

sendia

aterpe ziurra da niretzat

familia

lagunarte fidagarri atsegina

senitartea

 

tarteka elkartzen bagara ere 

 

zauri mingarria behar du izan

familia gorrotatuak

zerualde goibela

ostatu den bizitetxea.

 

 

argitaletxeak II

Ez dut mundu hori ezagutzen,

baina argitaletxeena

mafia bat delakoan nago.

 

 

dakit

ez dut ezer esan nahian idazten

zerbait esaten badut ere idaztean

 

ez dut inolako santurik bortxatu nahi

tarteka alfonbraren bat astintzen badut ere

 

ez dakit heldu naizen

ez nora ez zertarako

 

are gutxiago dakit

iraungo dudan

 

bizi naizela dakit

idaztea dudala gogoko

 

besterik ez dakit

 

horrekin dut nahiko

 

 

argazkikoa

neronen argazkia

begiratu beharko nuke sarriago

 

gorputz osoko argazkia

 

bizarra egin ondorengo aurpegiera

ez baita fidagarria

 

naizenaren ezagutza errealagoa

izanen nuke

neure konpainian jaio aurretik

 

ni neu natzait ezezagunena

 

norberarekiko itsuen eta errukiberen baita

 

gizakia.

 

 

bmw

Gure gizartean

lapurrek soilik

gidatzen dute bmw bat,

 

dirutza bat

edo

autoa bera

 

lapurtu dutenak

 

legea alde dutenak aurrenak

legea atzetik dutenak besteak

 

 

aberats

alderatzeak egiten gaitu

pobre edo aberats

 

albokoak edo apetak

 

pobreago egiten gaitu aberatsagoak

aberatsago pobreak

 

aberats nahiak

egiten gaitu pobre

 

aitak ez zuen igandea beste asteburu edo jairik

astebetekoa beste uda oporrik

 

ez dakit aberats izan nahi zuten gurasoek

aberats izango ez ziren pobreak zirela zekitela dakit

 

lanera errepideak hil zuen aita

baina geneukanarekin duinak izaten

erakutsi ziguten 

 

 

zahartzaroa

heriotzaz baino  gaixotasunez

hitz egiten dugu zaharrok

 

larrua jo baino

lardaskatu

 

biharamunak  burukominagoak

dituen  adina da

 

zahartzaroa.

 

 

labarren ertzean

eragile izanen zaion

zerbaiten ertzean

behar du izan

 

idazleak,

 

berdeguneko loreetatik gaindi

labar zorrotzen ziztadan

 

barne egonezinaren ispilu

behar du izan

txaloen oihartzuna baino

 

 

barre gutxi

bizitza ez da txiste bat

 

nahiz gutako bakoitza

 

bitxikeria garen

barregarria ere

 

hain ulergaitzak gehienetan

jokabidean zein hitzetan

 

 

nik badakit

nik badakit

nor den

nire jendea

 

nik badakit

nora doan

nire jendea

 

behar ditudan

zenbait aurpegi

zenbait unetan

aurkitzen ez baditut ere.

 

ezagutzen ditudan

aurpegiak

muinean txertatutako

aurpegiak.

 

 

idaztea ez dut ofizio

ez dut sekula uste izan

idazle naizenik

 

sekula ez zait izan

idaztea ogibide

 

bizirik jarraitzeko

modurik onena zait

idaztea

 

nahiz nire errautsak

hor jarraituko duten

eta nire idazkiok

tekla kolpe batez

ezabatuko diren.

 

 

bukowski

goizean eguna hastean

atseden pizgarriak dira

iluntzean nekaturik

atseden hartzen zuen

bukowski zaharraren

poemak.

 

Poeten uharan

Jon Etxabe 2016/12/26 09:05
Erraiak hozka

 

ERRAIAK HOZKA

 

 

1

“ bang / puto vasco / krak-krak”

Garai eta egun erabakigarriak hauek,

-hori uste dugu beti-,

euskaldunon historia

hil ala bizikoa izan da beti

euskaldunontzat

 

 

2

“Etsaiak asmatu burutapenen harian,”

Egun grisak bizi ditugunak,

etsaiak asmatu  amarruen amaraunetik

nola ihes egin,

izan beharrekoak urruti,

etorkizunera  irteera korapilatsua,

basatiak izan ginenekora

bultzatu nahi  gaituzte.

 

 

3

“ba al dago karreterarik orain / hiri honetatik kanpo?”.

Argiaren zirrikitua ikusi genuen,

bestaldean etorkizunera  norabidea aldatzeko kantoia

aurkitua uste genuen,

arnasa hartzen hasian ginen,

biderako ustez lagun berriak urreratu zitzaizkigun,

errepide berriak irekitzen  hasiak zirela  esaten ziguten,

baina lehengo hiri berean harresi berdinen barnean preso diraugu.

 

 

4

“Itzuliko  da zioen / ispilu ondoan eseritako agureak”

Itzuliko dira,

utopian zaildu gara

“egunak joan egunak etorri”,

mamuaren ziegetako  kateak hautsi itxaropenez,

baina, “agurea agureago”,

magiak ez du misteriorik apurtu

ezinaren sareetan ainguraturik diraugu.

 

 

5

“Abesti bat zegon hiretzat hor / goazeman goldatzera”

Ez dinagu etsi.

Ez etsiko ere.

 

 

6

“ Haruntzago sirenak daude / eta beltzak paseatzen …”.

Beltzak ibai ustelak dragoiak

etxe eta gose erraldoiak …

daude atzerrian ere

“hemen bezalaxe”,

edo hemen berdinean diraute 

jatorrian bezalaxe.

 

 

7

“… guztietan pobreziaren ihintza / kale gorria”.

Nabaria  da pobrezia hemen ere,

atzerritik eguzki gose etorri garenongan

bertako eskaleengan adina.

Pobreak hemen, pobrezia marratik urrun arren.

 

Zut daude beltzak,

zorua salgaien erakustoki,

putreak agertuz bat desagertzeko

lipar batean  jasotzeko eroso zabalduak,

Gizakiz lepo dagoen kale-arte basamortuan gorde dira,

putreak alde egitean berriro bizibideari ekiteko. 

 

 

8

“zarpailak zorionaren bila”

Holakoren zerbait otutzen zait garela

neure eta besteen taxuari begiratuz.

 

Garai honetan behintzat,

gaurko Rasputinen menpekoek

mila arrazoi ditugu Rasputin guztiak asasinatzeko.

Baina ez ditugu hiltzen.

Gizarte honetako misterioetako bat.

 

Denok gara harzack harzach harzac  edo harzak,

hemen gabiltzan atzerritarrak edo bertakoak,

gure odol gose nazka gorroto oroimen eta muga guztiekin,

munduko trenbide guztietan irristatuz.

 

Denok gaude preso,

eguneroko ihesean,

bizitzari ihes egin ez nahian,

esmeraldetan lilura bila,

amaiera dugun eternitateari muzin eginez.

 

Jadanik ezagutzen dugu patua:

herri osoa gara generazioz generazio

pauso beroz joan eta

ilara nekatuetan bueltatu garenak

lur hautsian hauts,

oraindik bizitzaren pauso zoriontsu baten amets.

 

 

9

“ez balego lekurik non nekea pausatu ahal?”

Ez litzake familiartekorik ez lagunik

kartzeletan bisitaz egonen

 

 

10

“Gaur ez zeukeagu sapairik non babestu”

Norbera babesleku ez duenak,

ez dik sekula santan

non babestu aurkituko.

 

 

11

“hire arrastoaren bila”

Arrasto bila beti,

antzarrak bezala,

Iparra edo Hegoa non aurkitzea

zaila den honetan.

 

 

12

“berriro ekarri zaituzte sorterrira”.

Etzi bueltatuko gara sorterrira,

loa arantzez landatzen diguten

mamu agerikoen artera,

oinak erreko dizkiguten

deserriko kilometroak egitera,

oinak zoli betiko etsaiei aurre egiteko prest,

ihesa baino indarberritzeko

pausaleku izan zaigun

neonez apaindutako hiri honetatik.

 

 

13

“Hitzetan bada ere / kontatzea zilegi”.

Ez dut helbururik idaztean,

ez dut hitzetan ezer  kontatzeko,

ez zilegitasunik errebindikatzen,

bidaietan idaztea ohitura bat dut,

tik bat bezala.

 

 

14

“erabat eroso bazegoen ezin zuela ondo idatzi”.

Patxada eta urduritasun puntuaren oreka

hori behar dut nik idazteko,

baina batez ere barne oreka.

 

 

15

“Bela-oihalak berriz, toles-toles eginda saldu bide zizkion dirutza baten truke Joyce deitura zuen dublindar bati”.

Irriñoz zimurtu  zaizkit ezpainak,

hemendik aurrera Etxarriko

lo aurreko irakurraldietako une goxoetan,

Ulisesekin hitzorduan,

belaontziaren bela-oihalean

kandela batez

kapitainaren istorioak irakurtzen dituen

eskifaia-kidea izango naiz.

 

 

16

“idazteari uzten dioten idazle horietako bat, eskubide guztiarekin”.

Ez naiz idazlea,

agian horregatik jarraitzen dut idazten,

eskubide guztiarekin. 

 

 

17

“Baina idaztea ariketa akuiferoa duzue, …”.

Nola interpretatu esaldia!

Idaztea hizkietan igeri egitea dela?

 

 

18

“literatura, gezurra esatea baino kaltegarriagoa”

Nire lehiaketetarako esperientzia xumean,

gauza asko kendu eta gordetzen ditut

lan txukun bat aurkeztu nahi badut.

 

 

19

“Garai tentela / … /  garai lehorra”

Baina, “nire ametsek nonbait kabi,

zenbait hortzetan hainbat lorategi”.

 

 

20

“Hiri ilunaren oroimena”

Itsasertz argiaren oroimena,

laba-harkaitz beltzak uhin apartsuetan zuri.

 

Hemen gabiltzanon oroitzapenak

lekua hartuko balute

itsasoa ez litzateke

denak hartzeko bezain zabala  izango.

 

 

21

“Satorrak ezkutatu egiten ditun / trumoia datorrenean”

Garai bateko satorrak

isilik zeuden gaur egun,

politikan lekurik gabe

egia garestia bihurtu den honetan,

isileko militantzia hartu behar izan dinate.

Garai zailak ditun hauek.

 

“Zer gertatuko ote da?” galdera buruan,

ezker abertzaleko  zintzo asko geratu dun

galeriako eguzki epelean erdi kikildurik 

etorkizunaren zain, agerira berriro atera edo ez.

 

 

22

“Non dago ilargia galdetu zenidan”

Ametsa izan da

ikusi uste genuen

argi zirrikitua.

 

 

23

“trebea izango haiz beti ezkutaketan”

Zerrenda mozorrotuetan ezkutatzera

behartu nahi gaitiztek milaka euskaldun

hurrengo hauteskundeetan.

 

 

24

“ibilian ibiliz errotu gintuan lanbroan”

Aznarren garai zitalenetan paretsu, 

kezkaz pizten diagu telebista

zein izango gaurko erasoa.

 

 

25

“Ihes egiterakoan  ez da jakiten nora jo ”

Iheslari gure herrian

bihurtu gaituzte

berriro ere.

 

 

26

“Gasolinaren mamuekin eztabaidan”

Zaila zait gaurko egoera politikoa ulertzea,

mila burutapen, hausnarketa, gogoeta egin ditzakegu

“noiz bazkaldu genian azkenekoz itxaropenarekin?”

galdera  da garbi dugun bakarra,

eta / edo

“gelditu ginenean orduan hasi huen ihesa”

 kontraesana.

 

 

27

“deserturik gabeko leiho honen tristuran”

Presoei idatziko diegu,

desertu garelako beraien ausentzian,

bakarrik gaudelako euren hutsunean,

sakabanaketaren mozkorraldian

ezin daitekeelako betirako izan;

arrotzak direlako  gatibutzan,

ekarriko ditugula

trukean bizia galtzen badugu ere, …

gure bihotzetan daudela esango diegu.

 

 

28

“hire begien kulunkan / segundu bat baino ez”

20 minutuko bisita,

ordubeteko patioa

eta egun osoko ziega:

presoen errealitate krudela.

 

 

29

“Gaua da / eta zurrunbiloa / jabetu da azkenik / gure gorputzez”.

Politikoen  eta presozainen mendeku,

gorrotoaren zurrunbiloak irentsita

daude preso politiko euskaldunen gauak.

 

 

30

“nola antzeman / ezezagun baten mehatxurik”

Ezezagunen biltegia da  Puerto,

ezezagunen esparrua dira

turistagune guztiak.

Mehatxurik ez da,

baina lagunik ere ez.

 

 

31

“Mundu aspergarri lauari erliebea ematea bezala”.

Horretan ari gara Puertora turista

etorri garen aldi baterako etorkin denok.

 

 

32

“Desorduetan eta deslekuetan, / halaxe ibiltzen dira maitaleak”.

Asteburuko irteerak eta bidaiak dira

elkarrekin egoteko maitaleen amarrua.

 

 

33

“Bueltatuko zara mugek nora ezean / berriro ekarri zaituzte sorterrira / …”.

Etzi bueltatuko gara sorterrira,

loa arantzez landatzen diguten mamu agerikoen artera,

oinak erreko dizkiguten deserriko kilometroak egitera,

oinak zoli betiko etsaiei aurre egiteko prest,

ihesa baino indarberritzeko pausaleku

izan zaigu neonez apaindutako hiri honetatik.

 

Poeten uharan

Jon Etxabe 2016/12/23 10:06
Egunsentiko izarra

EGUNSENTIKO IZARRA

 

 

Ezin objetiboak

Kontagaiez beteta dut barkua,

berbez nago, baina, urri,

eta ezin dut portu onera eraman.

 

 

Norentzat

Norentzat!

Zahartzaroak ez du

ametserako beste betarik

 

 

Greba

XXI. gizaldian, 2009. urtean,

eraikuntza jarri zen

greba ez zen lanuztean

krisiaren eraginpean.

 

 

Bi osagai

Hondartzan mendia dut amets

mendian hondartza

itsasoa eta basoa

nire bi osagai kutunak

 

 

Izaki korapilatsua

Izaki korapilatsua da gizakia!.

 

Egia aurkitu nahi duen gizon ergela

gezurrik esaten ez duen gizon itsua

urrats luzeko gizon motela

suak berotzen ez duen gizon epela

beltzaranak maite dituen zuria

barkamenik ez duen bihozbera

bertsotan ikasi nahi duen mutua

katerik onartzen ez duen lotua

 

Gizaki korapilatsua da gizakia

horregatik bere kontraesanak 

 

Estropezuka darama bizitza erdia

haritzak ez dio ematen gustuko ezkurrik

ez da eraman-erraza banderapean joateko

ez ditu beti aditzen aberriaren mezuak

libre nahiko luke Kuba Sabino Aranak bezala

arbola han dagoen arren ez da basorik Gernikan

musu bat emango dizu hartzen baduzu besotan

ez da sortu isildu dezaken alkaterik.

 

Izaki korapilatsua da gizakia

 

 

Behiak

Behiak ez du irririk,

triste ditu muturra eta begia

ez du buztanik mugitzen 

euliak uxatzeko ere.

 

Ez da jada behirik

larre jorietan ere

esne-haragi makina dira

nekazal industrigunetan preso.

 

 

 

Ur hila

Zelaiak kimikaz pozoituta,

lur landuak ongarriz gaixo,

lantegiak azidoz emankor,

hilak datoz urak

goietako errekan

sakanako ibaian

bokale  zabalean.

 

Harri arteko apar zurien sinfonia

joan bareko bakea

kresalaren lurruna

besterik ez dario jada 

nire ibaiari.

 

 

Kaleko apoa

Klin-klon, koorrok,…

bizitzako basatzan,

gizakia korroka

igela apoa bailitzan

zapata baten pean

noiz hilko beti.

 

 

Zoragarria

Aztalka edo tatarrez

baina bagabiltza,

zoragarria da.

 

 

Pleguak

Denok dugu portutxoren bat

barne plegu isilean

non gordetzen garen

zohardi bila

itsasoa takartzean

 

 

Adineko

Atzo da gaur,

iragana oraina,

adin batera ezkero

 

 

Ezezagun

Gizakiak dion higuinak

damaio apoari

benetako amorrua.

Ezagutza sakonagoak

demaioke gizakiari

apoarekiko maitasuna

 

 

Txorikanta

Kaiolan daude gaur egun

txori kantarienak,

harriengandik salbu,

arbolarik gabe.

 

 

Jakituria I

Ezer ez  dakiela dakienak

ez jakitearen jakituria du.

 

 

Ontziolan

Uharte batez egin genuen amets

non zoriontsu biziko ginen

baina ez zenez ontzirik bila etorri

ontziola eraikitzen darraigu

 

 

Iñazio

Iñasio,

ereserkitik kanpo

gure patroi

ez hain handia

 

 

Jakituria II

Geltoki egokian jaistea

jakinduriaren ardatza

 

 

Bardoa

Jaioko da egunen batean

euskal presoen balada

soinu batez kantako duena

Espainiak isil nahi zuena

 

 

Otosa

Ardi larruz jantzita

sartu zitzaigun otsoa

atzamar odolduz eginiko txabolan,

euskal bihotza jango zuelakoan.

 

 

Helduak

Eguneroko esperantza

ereindakoa noiz erneko

uneoroko kuraia

ernetakoa defendatzeko

“alde” dioskunei aurre

herri heldua garelako

 

 

Nongoak

Hangoek

hemengoak garela

aitor digutenean

finkatuko dugu

non gauden

nongoak garen

 

 

Usotara

Zenbait udazkenez

Marin auzoan,

goiz eman ohi nuen meza,

usotan ateratzeko

 

 

Inozoek sakbatuko

Nire antzeko inozoekin egin dut topo beti,

poetak, martiriak, maitaleak, bou zaharreko marinelak,

ez dakit ze poetek salbatuko duten Berlin

inozo horiek salbatuko gaituztela dakit.

 

 

Andoni

Andoni eraman zutenez gero

Alpeetako harkaitzek,

itzalik goxoena damaiote

Euskal Herriko zuhaitzek

 

 

Apoa

Ai ni banintza apoa,

eginen nuke korroka,

zapaldu nahi nauten denak

ezin gehiago gorrota.

 

 

Balea

Non dago Basques´ Harbour

galdetzen badut

balea datorkit gogora

 

 

Idatzi

Ez nuke idatzi behar,

nahiz neuretzat idatzi,

baina idatzi egiten dut.

 

 

Nork

Nork

elkartuko gaitu ikurrez ikur

lotsa ez gaitezen

elkar bildu dezagun askatzeraino

 

 

Merezi du kantua

Ez dakit non dagoen Eastbourne

baina dakit non dagoen Euskal Herria

agian burgesa izanen da

agian iraultzailea

baina hala ere kantu bat merezi du

nahi duelako izan independentea

 

 

Hegian

Ene soek

beti

samin berbera

jasaten dute

esperantzaren hegian

 

 

Fedea

Txapela buruan

Ramallah gogoan

Palestinak Euskadik

fedea geroan

 

 

Esperantza

Arbeleko re fa la notak

oporrekin dantza,

porrusalda horretan

dut nik esperantza.

 

 

Berdez

Euskal presoen ziegak

berdez pintatuta ditu

herriaren solidaritateak

 

 

Amets ernalduna

Nire euskaltasuna amets bat da

eta badu jada ernaltzerik

 

 

Mutu eta agor

Mutu eta agor ginateke

Euskararik gabe

 

 

Ataburuan lizarra

Ibai ertzean abaroa,

urak zemaion indarra,

ezpainetan irrifarra,

orriz berdetuz doa

orriz berdetuz doa,

lizar zaharra.

 

Ate gainean jartzen dut

Sanjuanez lizarra,

uxatu negarra,

oraindik ere hor dago zut

oraindik ere hor dago zut

etxe zaharra

 

 

Katu beltza

Katu beltz zakur handi

Madriletik mailegu

geu defendatu behar dugu

maitasun faltsuengandik

 

 

Bandera

Bandera,

handikien onuran,

bizia emateraino

zezenari trapua bezala

herritarroi jartzen diguten

kimera

 

 

Ontziola

Ontziolak jasotzen ari da

Lafayette altxatua

Gaztelara alde dezan

Hernan Cortes apatridak

 

 

Menpolitika

Kontzejal, alkate, sailburu,

lehendakari, jaungoiko edo deabru,

errautsetan jarri duzue

lepoan, balkoian, paparrean,

bihotzean edo kulunkan

behar zuen ikurrina.

 

 

Herri bakarra

Euskal Herria,

bi isurialde

baina herri bat.

 

 

Zenbat preso

Zenbat preso ditu

gaur Euskal Herriak,

aske behar lukete

balitu erdiak.

 

 

Nire oinak

Nire oinak

poliziei ihesi urratzeko

ala

aske paseatzeko

 

 

Helduta gozak

Masusta eta mailukiak

txikitatik dirauten

oroitzapen biziak, 

beltzak masustak

gorriak mailukiak

helduta gozoak biak

 

 

Artza

Zeregin hoberik ez duten

funtzionarioen jostailua

hori zen Camille artza.

 

 

Konfiantza

Eta ene konfiantza falta bazaizu

alferrik da zure haserrea

 

 

Txori kantaria

Ez naiz ez belea ez erroia

inondik ere erresiñola

baina bai naiz

kanta nahi duen txoria

 

 

Zertarako

Eta eskolara,

zertako joan nintzen?

 

 

Gatibu

Gatibu izan nahi dut,

maitasunaren gatibu

askatasunaren morroi

aske bizitzeko

 

 

Txirbil

Herria eraikitzen

denok ginen zurgin

sorgin-ehiza garaian

denok gara txirbil

 

 

Zure ametsetan

Zure ametsetan

egin nuen

habia

 

 

Bidegurutzean

Bihotzaren bidegurutzetan

bihotzaren bidegurutzetan bizipoza

bihotzaren bidegurutzetan bizipoza biharamun

 

 

Lagun zaharra

Jotzen didate atea

entzungo dieten baten bila

baina diotenari entzungor

entzuten ere dakiena da laguna

 

Poeten uharan

Jon Etxabe 2016/12/19 10:05
Diraut

Diraut

 

 

1

Ez dakit zer naizen,

izadiaren karanbola miragarri bat naizela dakit,

ez naizela naturaren gorpuzkin soil bat,

itxuraz hain hutsal eta zaharkitua arren,  

Naturaren mirari bat naizela dakit.

 

 

2

13 urterekin joan nintzen  etxetik

harrezkero denean eta inon ere ez bizi izan naiz

sustrairik botatzeko astirik gabe

denekoa naiz eta inongoa ere ez

erroak botatzen hazi eta alde egin behar izan dut

nengoen lurrean ere ez nuen astirik sustrairik botatzeko

azken herrian heriok kenduko dizkit aukerak guztiak

nire errautsak  izanen dira belarren baten ongarri

lurrarekin bilduz iraunkorrenak agian

 

 

3.

Asko ikusi dut, baina zer idatzi gutxi izan dut

orri asko bete baditut ere.

Ai etortzen ez zaidan etorria,

etortzen zaidan bezain arin joaten zaidan

etorri bedeinkatu edo malapartatu hori.

 

 

4

Falla-ninoten erreketan, petardoen burrunban,

bolboraren usainean, txosnetako mokaduetan,

txarangen kaleartekoetan, 

herriaren anima ikusezin eta antzemanezina dabil.

Egiaren zati bat.

Misterioaren zati bat.

Erakartzen naute,

baina arkanoaren kanpoan geratzen naiz,

jende uholdez, petardo hotsez eta bolbora usainez bildurik.

Herria, antzeman eta atzeman egia gaitza.

 

 

5

Gorrota diet tarteka, beldurra beti, hondeagailuei.

Ez doazelako egungo gizonaren egungo premien zerbitzutan,

egungo dirudunen interesen zerbitzutan baizik,

espekulazioaren harira gehienetan.

 

 

6

“erlojuaz ahaztuta

egon geldi geldotan

galduta!",  

amets zaidan egoera,

lortzen ez dudan zoriona.

 

 

7

Gizonak zakur dirau,

zakur dirauko ere

gizon izaten ikasten duen arte

inoiz ikasten badu

 

 

8

Denbora pasatuak orainean ere dirau,

iragan aldia egun dugunaren zatia da.

Bizitza denbora da,

baina ez joate soila,

iragana darama bere baitan gaurkoak,

eta geroa ere.

 

 

9

Herrien arteko mugetan

nabarmentzen da

legearen eta poliziaren tirania.

 

 

10

Atea gordetzen duen

zakur beldurtu da

arriskutsuena.

 

 

11

Marokoko mugan,

“nire etxearen truke karabana  hau”

aitortu digu

zakur miatzaile fierrak

zakur zakurtu zapaldua

 

 

12

Eguneroko nire idazte ahalegina,

bizipen eta burutapen zaluei

hitz xume batzuk jartzea

zer besterik da

idaztea

 

 

13

Bizi dugun unean eta gauden lekuan 

istant oro oraina bihurtzetik dator jakituria,

uneko unean geratzen jakitea da bizitzako oinarria,

istant bakoitza eternal egitean dago sekretua.

Denbora joan doa,

baina orain neurtezinez egina dago,

hor dago denboraren  misterioa,

mugimenduaren misterio bera,

istant geldiek osatzen dute mugimendua,

denborarik ezaz egiten da denbora.

Istant bat ez da mugimendua,

zerbait geldia baizik.

Istant atsegina gelditzen dakiena da zoriontsu.

 

 

14

Oraingo orainak

ez ditu ezabatzen

iragan orainak.

Zirelakoz gara,

garelakoz izanen dira,

izanen gara,

zigilua ezarri digu iraganak,

zizelatuz goaz geroa.

Aurrekoengandik gatoz,

hurrengoengan darraigu.

Eternalak gara,

unibertsoaren eta gizadiaren ttantta

daramagu bakoitzak.

 

 

15

Bizitza-mataza banoa

bizi ahala

bilduz.

Asegarriagoa zait biltzen dudanaz  pentsatzea,

gerorako uzten dudan matazaz arduratzea,

atzean utzi dudanaz hausnartzea baino,

nahiago dut geroaren arkanorako prestatzea,

geroa nola harildu asmatuz joatea,

argitutako sekretuei begiratzea

edo mataza izan ziren hariekin jostatzea baino.

 

 

16

Une hau da bizitza,

une honen plazera du bizitzak.

 

 

17

"Eta banoa / -nora badakit-, / (ba al dakit? / ba ote dakit nora?)".

Badakit

nora noan,

kosmosera noa,.

kosmosetik  nator

non jarraituko dudan

beste egoera ezberdinean

egoera kontzientean nago orain,

egoera inkontzientean jarraituko dut

kosmosaren indarraren zati kontzientziarik gabe.

 

18

Badakit nora noan.

Gaur Rabat ezagutzera noa.

Gauza handia da norakoa jakitea.

Galdera transzendentaletan galtzen dira,

baina ez dakite eguneko bidegurutzean nora hartu,

edo itsu-gorrarena egiten dute, intelektualen gaitz zabaldua.

 

 

19

Lotsa naiz idazten dudanez,

neure berri neure buruari emateko

beste asmorik gabe idazten badut ere.

 

 

20

Bagoaz,

baina ez betirako,

naturan zein gizartean

gizartean eta zibilizazioan

fisikoki diraugu izanaren eraginez.

 

 

21

Geroa ere gara

Gizartearen zati denok,

Humanitatearen solidario,

Geroaren eragile eta sortzaile,

Gure pausoen bultzada darama,

Hurreko eta hurrengoaren pausoak,

Geroaren oihartzuna dute gure oin-hotsek.

 

 

22

Gauza handia gara,

kosmos honetako zatitxoa,

atomoa bezain txikiak

baina mundu eder hau osatzen dugunak,

baldintza eta muga guztiekin,

hondar-ale kontzienteak.

 

 

23

Odol eta neke artean

Betidanik

Euskal Herria

 

 

24

Konfesategian umetxoei

aholkuak ematea zen

apaiz-lagun baten ekarpena.

Beraiekin  borrokatuz

pobreari errebelatzen irakatsi,

erreboltara lagundu,

hori ere bada konpromisoa.

 

 

25

Lasaigarri pozgarria ez bada

ez du merezi idaztea,

herren ibiliko da poeta

herren ere poesia

idaztea lana zaion bitartean 

 

 

26

Herri oro dago denaz harro,

herri pobreena ere.

Harrotasuna,

auto-estimuaren osagaia.

Herri harroak pobre darraiko,

harrotasunak, baina,

errebelatzen lagunduko dio,

kateak hausteko fier izaten.

 

 

27

Zapalduak ezin du

inoiz ez inola etsi.

Zapalkuntza eta pobretasuna

anaia biki banaezinak dira.

Etsi duena, hilik da,

edo hilzorian.

Errebelatuz soilik

izan daiteke libre.

Duin hil

ala menpeko iraun,

pobreen aukera bakarra.

Zer da,  non dago duintasuna?. 

Poeten uharan

Jon Etxabe 2016/12/16 09:02
Bizitzaren mekanika

BIZITZAREN MEKANIKA

 

 

I                                                                   

 

Gu geu

Gu geu gara mundua,

ekarri-etorri sentipenak

-erlijioak badu eraginik-,

konkistatzaile egin gaitu,

armonia, oreka, hautsiz.

 

Ihesa

Geroa asmatze jolasa,

orainari ihesa.

 

Harria ari du

“Nirea” bizipena izan zen lehen harria,

hirea gurea zuena norena inorena …,

niretzat hiretzat guretzat, norentzat …

etorri ziren ondoren.

Harrez gero harria ari du gizartearen zeruan,

likinduz doa gizakia,                                           

bidezidorretan lorratzak utziz,

maitasun hitzezko poesia mintzez

babestu nahi badu ere harri zaparradatik.

 

Jin-joan

Bizitza erdia joanean,

beste erdia itzuleran,

berdinak ez diren bi erdi,

-agian joanekoak biak-.

Lauso autobuseko kristalak,

gorgarria motor hotsa,

labirintoa da gizakiaren barnea.

Bidaia ulergaitza gizakiarena,

bizitza hamar minutuz luzatuta ere.

 

Idaztea I

Idaztea ez dut amets,

idaztea ez dut ezinbesteko,

idaztea ez dut bizibide,  

ez dut inorentzat idazten,

ez dut jende aurrera azaldu nahi,

ez dut ezer erein behar.

Baina idatzi egiten dut,

bizipoz zait noizbehinka,

ezinbestekoa tarteka,

arnasbide aldizka.

Bizitzaren taupada bat delako,

bizirik segitzea inolaz ere ergelkeria ez delako.

 

Idaztea II

Ahozko hitzak airean galtzen dira,

hitz idatziak, aldiz, orrian irauten.

Orrietako zirriborroak,

bizipenen luzapen,

oroitzapenen euskarri,

lagunen gordeleku.

 

Eraiki

Geroa dugu erantzukizun,

oraina esperantza.

Inork ez du eginen

nik egiten ez dudana.

Hori da egia.

Gaurko nire ausentzia,

geroari ukoa da.

Bakoitzaren gaurko erantzukizuna

herriaren geroa da,

geroa dugu erantzukizuna,

oraina esperantza.

Gezur guztien gaindi,

egia eraiki,

gaurkoa eta geroa.

 

Geroa

Ez dira berriak jaioko,

erditzen ez baditugu.

gu gara  herria,

gu gara geroa.

 

Zertarako

Zertarako kartazala nori bidali ez baduzu,

zertarako jauregia bertan bezero bazara,

zertarako jabetza zer egin ez badakizu,

zertarako ordularia unea bizitzeko ezik.

Izan zaitez zu zeu,

nor zaren jakin ezazu,

non nola bizi izanen duzu.

 

Hitzordua

Ordu txiki bakartietan

lorik gabeko izarrarteetan

basoko ibili lasaian

liburu baten konpainian

gogoeta bezatu horiek

ze bihurri batzuetan

ze barnerabide bertsutan,

salatari zein lasaigarri

norberarekin hitzordua beti

 

Garena

Taldean edo bakarrik

ardi galduak gara beti,

zerurainoko  dorrean

igogailu matxuratuan zintzilik

auskalo ze solairutan.

 

Eraikinez

Herri bat eraiki, Geroa on ahaleginean,

egurtuak arren,

behin eta berriro ekinez.

Proiektua, hipotesia, utopia.

 

 

II

 

Poema bezain

Bizitza

poema bezain ulerzaila 

poema baino bizierrazagoa

poema baino ulerterrazagoa

poema bezain gaitza

 

Giroa

Norbanakoa da giroa

Norbera da giroa

Beste dena aldagaiak da

 

Geroa

Gu geu gara geroa

 

Nire burutapenak

Niri otu zaidana

beste norbaitek esana du,

argiago, txukunago, dotoreago.

Horregatik hain ezerez dira

nik esan idatzitakoak,

horregatik gelditzen dira esan idatzi gabe

nire burutapen gehienak.

 

Haurtzaroa

Galdu behar zen eta galdu nuen

haurtzaroa.

Oroimenaz atzera egiten dut

zahartzaroan.

Aro motel honetan berreskuratu dut

bizitzako pintzelada koloretsu hura.

 

Maitaleak

Ez dut bilatu beharrik

hor daude presente beti.

Ez dut  hartzen kartazalik

ez dietela idatziko baitakit,

ez da eldarnio, irrits bizia baizik,

etxabean hor daude bizirik

maitale izanak oraindik.

 

Nahia

Ni neu izan nahi dut nik,

zaharra eta eroria,

nire bihotz nekatuarekin

nire ahots saltzailearekin,

-beti dut zerbait salgai

edo saldu beharreko-,

nire azalak bildurik,

nire hezurrek eutsia,

nire ekintzez babesturik,

gizon eta emakumez bildurik,

nire lurra denekin konpartituz,

horrelakoa izan nahi dut nik.

 

Bidean

Turista naiz “Turista”poeman,

edo agente frakasatua,

agian iraultzaile erratua.

Ez ditut  lerroen arteko

ez droite ez gauche riveak bereizten,

inbasore sentitzen naiz

bertan seinaleak ikasi nahian.

Ez dakit bisitari belaxka naizen

ala esku zuri beldurtia.

Baina ez dut desertatuko

eta ubide errimetik

beste poema batera naiz pasako.

 

Kailuen mintzoa

Bizitza osorako kailu mingarria dudala

hori esaten didate niri zapatek

edonon nagoela, edonora noala.

 

Egunkaria

Badut errari ez izateko konpainia,

ez diot beldurrik gauari,

badut bandera bat bihotzean,

etorkizun ametsek biltzen dute nire loa.

pauso sendoz noa bidean

inoren epaile izan gabe,

txingarra dut barnean,

itsasargia garunean.

Beldurra diet egunkariei,

konpainia setatia, lagun banatzailea,

etsaien bandera, ametsen idorlea,

zangotraba, epaile bihozgogor

eguneroko pozoi dosia izan daitezkeelako.

antidoto eraginkorrik ez badaramazu,

aurrez immunizatu ez bazara.

Halaz egunero jartzen dut egunkaria eskuetan.

 

Udaberri etsia

Negu gorriaz mehatxatzen gaitu

udaberri etsiak,

baina itzultzeko asmoz partitu ginenez

aurrera eginen dugu

 

Ordu aldaketa

Ordua aldatzeko unea

heldu zela uste genuen,

baina lokatu egi dira engranajeak,

orratzak ezpata bihurtu,

eta oporretan da esfera

hurrengo tenporak arte,

ordurik gabeko herria gara geroztik. 

 

Iraultza.

Garai txarrak hauek

inoiz baino beharrezkoagoa den

iraultzarentzat.

Langabezia egoerak behar luke

aro erosoena sator lanerako,

dena galduta duenak du

baldintza eragileena

itxaropenerako.

Iraultza ez du justiziak ekarriko,

iraultzak ekarriko du justizia,

baina iraultza krudela izanen da

poetak kantatuko duen arren.

 

Musikaz

Musika jarriko dugu

eta musika hori entzunez

branka jarriko diogu enbatari

eta askatasunaren portura helduko.

 

 

Nahi dut

Espero ez genuen eguzkia,

zabaldu da gaur ere egun berria,

              gauez arrain hezurrak ziztatu arren eztarria

 

Nagoen hemen nahi dut jarrai,

herri honetako izaten iraun,

paradisu batetan erbesteko baino,

neure herritarrekin lan egin,

beraiekin nire betebeharrak gauzatu.

 

Errotarria nahi dut izan

bizipoza ehotzeko,

goroldiorik gabeko harri leuna nahi dut izan

urari bidea emateko.

 

Minorizatua naiz,

hamarretik zortzik ulertzen ez duen hizkuntza

mintzatzen duen hamarreko bi hori naizelako harro

 

 

 

III

 

Pizti zaurituak

Epaiak, isunak, mehatxuak,

presoak,  istripuak, erailketak,

debekuak, makilakadak, beldurra,

kolore guztietako polizia …

pizti larriki zaurituak gara

soldataren zauri arinez harago.

 

Atakan

Borreroaren aulkira lotutako

herri mindua gara,

odol tantoz mugatzen dugu

ibilbide samindua.

Bakarti egin gaitu agian

nahigabe atseden gabeak,

itxi egin bai dizkigute

gizalegezko pasabideak.

 

Geroa

Asmaezina

bihurtu zaigu

etorkizuna

 

Errotik

Norbere hagin denak

lehen bai lehen atera

eta ordezkoak jarri:

errepikatzen zuen

kide erradikalak

 

Doan

Ez dut uste

ezer egiten dugunik,

egin dezakegunik ere,

musutruk

 

Mozprroa

Kanpoeder

garesti ordaintzen dugu

itxurakeria

 

Adina

Sasoian sasoikoa,

joanaren nostalgia da

zaharron aje nagusia,

adin bakoitzak berea.

 

Poltronak

Itxaropena lapurtzen ahalegindu ziren

orain atsedenerako aulkia  dute harrapakin,

politiko zipaioen  laguntzarekin

 

Zaurgarri

Agian zahartu naizelako,

dut iragan-min haurtzaroa.

Pozgarria eta mingarria

zaurgarria nintzen aroa

ume nintzanekoa,

baina aldi kutuna,

nire baitan maitekiro gordea,

fereka goxoa deragidana,

Mutatu nau adinak,

umeen mamu izateko baino

desitxuratuago jada,

ni neu ume bihurtzeraino.

 

Norberekoi

Inork gutxik daki entzuten,

gurea soilik entzuten dugu,

geure galbahetik bahetzen dugu besteen dena.

Norberekoi izateak egiten gaitu

gertakari  tamalgarrien eragile,

besteek ordaintzen dute gure lasaitasuna.

Besteei hildakoei bezala hitz eginez,

gu geu goaz hiltzen. 

 

Inor garaile

Irabazle-galtzaile kulturan,

irabazleak ere galtzaile,

txapelduna bera ere.

 

 

 

IV

 

Amets

Tximeleta bihur zintezke

mundu amestura hegan,

ez zaren hori bihurtu,

atzera jauzi egin,

izan zena gaurkotu,

ezinak ahaldu.

Irudimena, oroimena,

mirarirako aukera.

Irreala, pasakorra dela,

baina zer da erreala,

zer iraunkorra,

ustez materiazko

mundu honetan.

 

Negua

Hozkirri gozoa etxetik ateratzean,

kristal osteko epeltasuna,

tontor zurituen bristada,

elurretan oinen grakada,

neguko jantzien xarma,

arnasa lurrindua,

neguaren arnasa.

 

Galdez

Perbertsio intelektuala da gauzen zergatia galdetzea,

jakintsuagoak eginen gaituelakoan erantzun bila horrek.

Bizi dezagun oparo datorkiguna, eskuartekoa,

horrek egiten gaitu lurrari atxikiok jakintsu.

Baina agian galderak eginbeharra dago

              galdegile narrastiok ortzi-mugan ez galtzeko.

 

Autoan ibiltari

Hausnarketarako bakardadea izan daiteke autoa,

baina joaneko bihurtzen gaitu,

irristatuz joan errorik inon bota gabe,

errekako harrian goroldioa izateko ere astirik gabe,

pasokoa edonon, hurrengo ortzi-mugaren amets,

oinezkoan, hausnarketa konpartituan,

hor dago herri izatea.

 

Hegoa

Iparra, Mendebala, Ekia, …

inposaketen ondoren

Hegoa izanen dugu

kirats oro uxatuz

arnasbide amestua,

ez da gehiago

gaitzetsi beharreko

indarkeriarik izango.

 

Bizirik

Idatzi, idazten dut

baina nireak ez dira idatziak

are gutxiago merkaturako salgaiak

nire lerrook ez dira ezeren tranpa

ez naiz ezeren beldur

bizi naizela sentitu nahi dut

naizen taupadak sentitu

 

Egunsentian

Ordu nahasi ilunetan

idatzitako poemak

irakurriko ditugu

bihar egunsentian

 

Norbaitekoak

 “Gu euskaldunak gara, Euskal Herrikoak”,

norbaitekoa izan nahi dugu, 

nonbaitekoak baino harago,

harro gara gaur,

inola ere ez lotsaz,

asteburu-pasa klandestinoan,

norbaiteko izan hori hausnartuz,

Etxarriri herria izatea zor diogulako,

etorkizun koloretsua landatu nahi dugulako.

 

Militantziaren droga

13 gazte eta agure bat,

pinu arteko oasi gordean,

ernai iraun nahiz,

militantziaren  droga bilatzen,

gizarte zauritua loak harrapa ez dezan.

 

Bat bi hiru

Zahar dakusat nire burua,

agure, ilobarik gabeko aitona,

baina behatoki lasaia zait

adin-gailur hau.

Buruz dakit telefono zenbakia,

gogoan dut segapotearena ere,

diru-txartela neronez ateratzen dut,

beraz,

hemen nago oraindik,

ez da c`est finirik oraindik,

bat bi hiru konta ahal dut.

 

Gara  dira

Hil zirelako bizi gara,

hilko garelako biziko dira.  

Zirenen gogorapenak,

hildakoei omenak,

joandakoen akordua,

hutsune erru zor baten

oihartzunak ohi dira.

 

Aberriaz

Ni neu naiz,

hemen bertan

orain,

nire inguruarekin

nire aberri ahaztezina 

 

Lore berrien baratz

Ez dut udaberririk ikusi,

esklabo bizi izan naiz,

usteak baldintzapean,

nire baitan ere esklabo

ametsak soilik aske

atzerriko aberrian,

jaiki ginen ispiluen printzak

izanen ahal lore berrien baratz.

 

Erlojuez

Denok gara erlojugile herri honetan,

denok ere erloju apurtzaile,  

bere erlojua egiten du bakoitzak,

bestearena txikitzen,

erlojurik gabe,

denborarik gabeko herria gara,

erloju hautsien hondakinekin

biharko denbora emango digun erlojua

elkartasunean muntatzen dugunean

izanen gara denbora duen herria.

 

Poeten uharan

Jon Etxabe 2016/12/12 09:12
BIZIMIN

BIZIMIN

 

 

I

 

Alanbrean

Berenez da ekilibrista gizakia

alanbre gainean beti oreka noiz galduko

sarea du azpian batzuetan

zoru gogorra gehienetan

alanbrera berriro igo beharra

hori du patu saihestezina

hori bere unibertsitatea

 

 

Oraindik

Kolorgetua ikusi dut

nire irudia ispiluan

gero eta hutsalagoa

borrokaren zauriak agerian

ordena krak eginda

saihetsak hautsita

baina hor nengoen oraindik

 

 

Egun itoak

Eguna urratzeaz bat

usoak zabaldu ziren zeruan

panterak etorbidean

Eguna urratzeaz bat

ospitaleak kutsatzen zerraien

otsoek jaioberriak jaten zituzten

 

Ezpainak erreak ikusi ditugu

pozoiak lehertutako begiak

paralisiak eragindako tragikomediak

ezpatak moztutako meniak

 

Eguna urratu bezain pronto

ahaleginean jarri gara

burdinazko argiak

oilarrak ito ez ditzan

 

 

Tximeletak

Bizipozaren ahuleziak, bizibeharraren presioak,

politikoen hotsek, medioen hurbiltasunak,

dirudunen bisturiak, ahaldunen kolpeek,

zomorro bihurtu gaituzte gizarte pitzatuan.

 

Eta krisia agertzean

pitzaduraren labar ertzean

eten egin da zomorroaren inertzia

irudimenezko esperantza da

eklipsea bukatzea

 

 

Poxtiña eta besteak

Ziega krudeleko bakardade  ilunera

          etxemina daramaio Magik

aitaren begietako txinparta dakar

          Intzararen itzulerako begiradak

bilduko diren egunsentiko esperantza

          eskaini dio senarrari Jonek

herrimin pizgarria izan da opari

          Juani amaginarrebaren udaberri izpia

 

Bizi-mina piztu behar dugu sakabanaketa ankerrean

          gerra ez da bukatu oraino

          ilargi beteko gaua imajinatzeko garaia da

 

 

Egunsentia

Ziegako atea itxi didatenean

bihotza argitu dit iluntasunak

biriketako leihoak ireki, bizi-mina udaberritu.

 

Bizi gara

 

Herri abestia kantatzen ari da

ezkutuko ahots bat. Egunsentia

iragartzen duen birigarro banda sumatzen dut.

 

 

Hozka

Ilusio bat besterik ez da gizakia

suzko errobera besterik ez izadia

zer dago sentsazio ororen atzean

kimika baino ez da bizipen ederrena.

Heriotzaren geroan zer ote bizi gara

eta ez dakigu zer den sentsazio sinpleena

 

Norabait goazelakoan

zentzumenei lotutako

doberman domatuak gara

tarteka lagunei haginka

 

 

Bertolt

Agitaziorako esaldi profetikoak

izan zen lehenengoz

idatzi erreboltariak

miretsi  nituen gero

antzerki asaldagarria

txalotu nuen behin

argazki  batean aurkitzean

mitoa humanoa egin zen

Bertolt Brecht

 

 

Brecht

Bertolt Brecht

bedi beretzat

begirune beroena

bekio begirada

berebiziko bermea

 

 

Udazkena

Ahalmen berritzailea da gomuta

adina zaio gaitz korrosiboa

Kolorgetzen doan heinean  hasten da

maskaraz mozorrotzen maitasuna

Goiz datorkio bizitzari udazkena

 

Argazki zaharrak salatzen digu

zimurrik ez genuen gaztaroa

Higaduren lausoan, arrakalen lubakian,

hurkoaren lausenguak nahikoa dira

eguneroko komediari aurre egiteko.

 

Maskor polikromatuak gara ametsen apalean

 

 

Zozokanta

Gozoa da zorionaren itzala

zorionekoa zergatietan zapuzten ez dena

Negu gorriak ere baditu 

landa elurtuko lore maitagarriak

 

Helmuga du barraskiloaren joan geldoak

abiatzen ez dena da inora hurbiltzen ez dena

Desesperantzaren hatsak eragiten du

abiadura alferren noraeza

 

Zorioneko egin izan nau

egunsentiko zozo-kantu kiribilduak

 

 

Isil laidotua

Beldurra diogu isiltasunari

     loa, berbak, hurkoa,

edozein ekintza zaigu baliagarri

     isiltasuna laidotzeko

 

 

Barne tolesa

Bere baitara bidaiatzen duenak

alferrik ditu mapa eta bidaia agentziak

bidaia osagarri soilak izanen zaizkio

muturretako demonioak zein alfonbra koipetuak

berak  idatzitako poemak irakurriko ditu

berak eraikitako monumentuak bisitatuko

bere baitan bidaiatzen dakienak

 

 

Inor goian

Atsoak ostikatzen dituzten kankailuei

guk geuk moztu behar dizkiegu hankak

urrutiegi baitago gure arazoetatik zerua

 

 

Jean Cocteau

Itsas hondoko kontuei lotutako

Jean Cocteau argal sudur-luzea

Juanraren poemako bera agian

ezagutu nuen aspaldi telebistan

barealdi urdina eskaintzen zien

kartzela egun gori asaldagarriei

 

 

Betileak jagole

Malko-kutxa sentibera

amets gordailu agian

leun estaltzen dute

betazal obalatuek

begien zirkunferentzia

 

 

Habia

Kartzela bihurtu zaigu

goxoa behar zuen habia

kalera lagunartera

tabernara norabait

ihes egiten dugu orain

ustez askatasunera

 

 

Satorlanak

Bi kopia egiten ditut

     okerrik  bada ere bata

           ezkutatu asmoz bestea

Ez dakit badaezpada hau

     frankismoan ikasia den

          ala demokraziak ezarria

 

 

Ezinak

Bizitza mikaztuz osasunaren birus

tresneria digital berriak

kurloia asfaltoan botata lez utzi ditu

aurrerapen ortopedikoak

metabolizatu ezin dituzten zahar zurrunak

 

 

Ahala

Erresistentzia zela uste genuen

panikoaren aurkako parapetoa.

Hau eta hura idatziko dute

lepoan pausatutako zozoek

edo ostatua eman diegun bakteriek

baina erasoa dela ikasi dugu

existentzia dakarren paradoxa.

 

Esan beharrekoak esanez

ikusiezinak ikusgarri bihurtuz

distantziak laburtuz parapetoen gaindi

egia dugula ezkutu esango dugu

promesa ustelak galera direla idatziko.

Hori da estrategia

Oreka, aizu!.

 

 

INSHA-ALLAH

Abestiko Insh-allah estribilloa

“hil zala” klandestino bihurtuta

ziegaz ziega leihoz leiho hedatu zen

Diktadorearen heriotza aldarrikatuz.

 

Elurretan loreak bilatzen diraugu

basatzan udaberria landatzen

 

Ez gara hil. Insh-allah

 

 

Poema irakurriz

Korapilatuegia doa poema, aireanegi

pintura abstraktua bezala nahasian

koloretsu baina ertz jakinik gabe

marratsu baina elkar joka lez.

 

Hitzak irakurri ahal ditut

baina ezin lerroak elkarlotu

ulermen librez ez bada

 

Hitzak hitz

 

Azkenean frakasoaren zeremoniarekin

deritzodan ifrentzuak idazten ditut

 

 

In memoriam

“In memoriam”

jarri zioten  hilobian

eta ez zuen inork gogoratu

 

“In memoriam”

egin zioten oroitarria

baina inork ez daki nor zen

 

 

Errauts

Zelaian basoan baratzean

zabaldu bitzate nire errautsak

marrubi bila datozenek

gorri eta ezti goza nazaten

 

 

Zorra

Tiranoa hiltzeko prest dagoena

oraindik bizirik da

zorrak kitatzeko dira

 

II

DENBORAZ

Galdu ez dudan denbora,

hori da nire adina

 

Denbora

Egin asmo duzuna

     hori da denbora

egin zenuena

     jada ez da denbora

denbora bi horien artean dago

     grabitatea zabuka

 

 

Ausentzia

Aingeru abandonatu baten antzera

     haizeak ekarritako hostoen artean

     memorian hildako hitzen ausentzian

Alejandraren bila ausartzen naiz

     zertako eta noranzkoen  ikasmin

 

 

Gidak

Museo zifratua bihurtu dugu

bizi garen mundua

 

Giden esku dago orain

zer egia zer gezurra

 

Beraien esku baitago

guztiaren kodigoa

 

 

Zut

Hirurogeita hamasei eraztun ditut

     adinaren enborrean

kontaezin aizkorakada

     ariman zein gorputzean

zut diraut,

    ez naute oraindik eraitsi

 

 

DNI

Polizia-mota guztien kontrolak

errepide baso kale bazter orotan

 

 

Houdiniei

Houdini  iaioek truku maltzurrez

desolazio izena jarri diote esperantzari

herrimina desagerraraziko dutelakoan

baina paradisua dugu oraindik amets

eta tristeziak noiz detonatuko zain

beharko dute jarrai Houdini guzti horiek

 

 

Zurrunbiloan

Agerpen txikietan

egiten digu eztanda

bizitzaren delirioak

 

Ez da gauza gutxi

uneko zurrunbiloan

bizipozari eustea

 

 

Dirdizka

Txingar gorri argitzen da

argindar txinpartez

Peñìscola tontor arrea

eguzkia itzaltzean

 

 

Bihurkin

Helizeak darama hegazkina

helizeak ere itsasontzia

haizea zulatuz batak ura besteak

daratulua egurrean bezala

aurrera darraigu bizitzan 

uneko helizeak xehatzen gaituela

 

 

Bizi

Bizitza eta musuak

heriotzaren hatsa biak

biak gozagarriak

dirauen arteino

emadazu musu bat

bizitzaren zigilu

 

 

Nor heroi

Heroia eta poema

anonimo isilak biak

gizaki hitzen anabasan

norbaitek egun batez

gorapen  edo errimaz

kreatu zituen arte

 

 

Izan

Ginelako gara

garelako izanen

oraina eta geroa

itzulerarik gabeko

gurpil geldiezina

 

 

Emozioen albuma

Nork ez du emozioen bilduma bat

argazki album bat bezala

barne plegu batean gordeta

itsaso gora itolarrian

salbatuko gaituen esperantzaz

 

 

Mailuka

Nire etxean nago

jaioterria da

 

Katez lotu naute

kanpotar bortitzek

 

Mailua hartu dut

burdinak hausteko

 

Odolez gorri daude

beso zein kateak

 

Orain zabalik ditut

esperantzaren leihoak

 

Jaioterrian nago

nire etxea da

 

 

Iraunahia

Egunsentirik gabeko ilunabarrean

autobiografia idaztera eseri ginen

 

 

Poeta

Zorrotzak behar dute

     poetaren aiztoek

estetika apaingarria baino

     bizitza dela jo-puntua

jainkoa  bera ere

     dianan jarrita

 

 

Desolatio

Disney Worlden suzko erroberek

argitu zuten une batez koloretsu zerua

baina herrietako kale lerro ilunek

zurbil diraute betiko desolazioan

 

 

Joanak dirau

Txirrindola, pikondoa, pikoletoak,

Isabel, amona, Mispillibar,

Gerardo, eraztuna, trena,

Brujas, Beraseta, pagadia, ...

Zamora, lana, borroka

apur askoren gomutek

osatzen dute nire iragana

 

Nire memoria da

nire iragana

 

Ametsak ere

nire iragana dira:

berdintasuna, askatasuna, bakea,

arnas garbia, justizia, sasia,

eliza pobrea, mutina, herri-politika, ...

utopia abar luzea.

 

Jada geldiezin

gandu opakoan

geldo galduz doa

nire iragana

 

 

Erantzun bila

Zientziak damait zenbait erantzun

heldulekua besterik ez zen erlijioa

 

 

Arpoidunak

Bale bila nabil

itsaso zabalean

baina jada ez da

arpoitu gabeko

balerik uhinetan

 

 

Bizitza

Bizitza,

gozatzen dudan

         harridura

 

Bizitza,

kosmoseko zati naizen

         bizipena

 

Bizitza,

miresten dudan

        karanbola

 

Bizitza,

eskertzen dudan

        segada

 

 

Kupela

Kanpokoa sagarra

dolarea bertakoa

sagardo mestizoa?

 

 

Tiradera

Ez dut tiraderarik zabaltzen

          hautsa eta iragana

          besterik ez nuke aurkituko

 

Itxita darrai tiraderak

          fosila da joana

          ez du jada arimarik

 

Zertarako zabaldu tiradera?

          hobe dut hondar indarrak

          azken txanparako gorde

 

 

Itoginak

Adinekoarentzat

aterki oro gutxi

 

 

Garmendi

Plaka tektoniko

mugikorren gainean

bizi da betidanik

Euskal Herria

 

 

 

III

 

LIMOIEN AROA

 

Bihotz idorrekoak

ez du barnea limurtuko

bular beroenean

burua gordeta ere

 

 

Bizitza

Ikusezin sarri

askaezin beti

unean uneko

kontaezin harik

ehundutako sarea

zaigu bizitza

tarteka atrapa egiten gaitu

arrainak baikina

bestetan beraz biltzen gara

ehun leuna bailitzan

 

 

Geroa

Zabaldu ditugu leihoak

zabaldu ere ateak

udaberria ekarri nahi dugu

bizipoza berreskuratu

gure etxean etzipenak

jada ez du lekurik

 

 

Garun herdoilduak

Hutsaren iturria da

burua hutsik duena

erlerik gabeko erlauntza

ezti eta denboraz harago

 

 

Haurtzaroa

Inaziok mozten zigun hilea

beheko suko sukaldean

ez zuen labanarik erabiltzen

makinaren tirakadei genien izu

ezer errazik ez zen haurtzaroan

 

 

Zahartzaroa

Ezinen soka da

zahartzaroa

apurka estutzen zaitu

gomutak urkatzeraino

 

 

Biraka

Sateliteak gara gizakiok

mundu amestuen egarri

orbita ezarrietan biraka

 

 

Eman dezagun

Eman dezagun mundu hau guztiona dela

eta gutxi batzuen esku dagoela

 

Eman dezagun gizakion zorion eskubidea

eta irribarrea lapurtu digutela

 

Eman dezagun hartu dugula erabakia

eta abian jartzera goazela

 

 

Hor zegoen

Ehun mila harriren artean

lili bat aurkitu dut

nigandik oso gertu

 

 

Zinkurin

Tximeletaren krisalida

saldo bateko txori

maluta kulunkaz

ardo pizgarri

ke usaintsu

bizitzaren zinkurina da

gizakia

distantzian zein ausentzian

 

 

Usteak

Bada herri herrena garela

uste duenik

Bada abian gaudela itsu denik

soraio ebidentziari

 

 

Sagar erdibitua

Ezinezkoa omen bat egitea

sagar erdibitua

 

Erdibitu gaituztenez

jan dezagun sagarra

 

 

Lurrikara

Zu eta ni

hura zen lurrikara

errepikapenetan

dirauena

 

 

Ahalak

Ahalmen baten jabe

haiek

Herritar ahal gabe

gu

Sakrifikatu egiten gaituzte

 

 

Zahar

Oroitzapena omen gizakia

dementzia beraz zahartzaroa

 

 

Diraunea

Iraupena

errealitate

erlatiboena

 

 

Naramate

Hanka haiek

bizkorrak ziren

gaurko hauek

zurrun daude

baina ez ditut

moztuko

 

 

Kromosoma anonimoa

Desorduko gaixo eta jopu

ur handietan itotako besomotza

damuz zamatutako kromosoma anonimoa

egia inposibleko ezgauza gara

hausnartzeko baina zaurituago

 

 

Apirila

Apirilak busti ez duena

urtaro orotan lehor

 

 

Abiadura

Zer da banaketa oro

abiadura ezberdina baino

 

 

Oskarbi

Kontraesanak kontraesan

gabeziak gabezi

tesia edo antitesia

irribarre egiteko gai denarentzat

ez dago zeru grisik

 

 

Delitu

Norberarenak zein besteenak

akatsak onartzen ez dituenari

deliturik gabeko errugabetzat

bere burua duenari

bizitza bihurtuko zaio

delitu eta akats

 

 

Hustasunak

Ezerezez beteta daude

hustasun gehienak

 

 

Arratsean

Kolesterola

odolbilduak

lodia

ahula

odol minduaren antzerakoak gara

bizitzaren arratsean

 

 

Lausoa

Bizitza

transparentzia

lausoa

 

 

Adio

Ispilu opakoa, marrazo arpoitua,

artxipelago desitxuratutako lur harritsua

anpulurik gabeko soinua

jainko besarkadarik ez duen eremua

espaziorik gabeko leihoa

genealogiako azkenaren desanparoan

bakardadearen tristezian isil

zer egin behar duzu zahartzaro horrekin

 

Zoriona

Ez korapilatzean datza

zoriona

eta korapiloak askatzean

 

 

 

 

Poemarik gabe

ahal da bizi

poesiarik gabe

ez

 

 

Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.