Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Ipuin nanoak

Ipuin nanoak

Jon Etxabe 2017/03/27 08:43
Argipen gisa

IPUIN NANOAK

 

 

 

Argipen gisa

 

Inguruko ikuspegiez gozatzeaz harago, gorputza uretan bezala, gogaiera eta fantasian murgilduak zebiltzan gogoa eta irudimena aire zabaleko uda igerilekuan, joan-etorri errepikatuetan. Sistematizatze eta diziplina senak eraginda nonbait, joan-etorriak zenbatzeari utzi, eta bustialdi bakoitzeko ipuintxoa asmatzea otu zitzaidan behin, gizakiaren garunetan beti ideiaren bat kiribilduta dabilenez, igerialdiko gogoetak ordenatu asmoz.

 

Igeria bera bezain lasaigarria bilakatu zitzaidan ipuin asmaketa. Igerilekuan nenbilen bakoitzean, harat-honat uretan, ipuintxo bat asmatzen ahalegintzen nintzen, ikusi, entzun edo irudikatutako zerbaiti hitz idatzizko gorputza eskainiz. Luzapen astun bilakatzeko arriskua zuen ipuin asmatuok izkiriatzeak: lehen eguneko laburbiltzeak goldatu zidan gerorako ildoa:  bospasei lerrotan  trinkotu eta laburbilduko nuen ipuintxo bakoitza.

Jolasa ohitura bilakatu zen,  uda ondoren  aterpeko igerilekuan  eman nion jarraipena  asmakizun lanari. Azkenik, igerilekura ez nintzen aldietan ere lotu nintzaion eguneroko jolasari egun orok izan ohi duen oporralditxoari helduz.

 

Ardura eta denbora lapurtzen zidan, lana bilakatu zitzaidan azkenez, eta jolasa uzteko ordua zela erabaki nuen.

 

Ondorengo lerrook ditut oldozteon uzta.

 

 

Bizi printzak

Udaberria, Uda, Udazkena, Negua, gure Lur planetaren erritmoa osatzen duten arnasaldiak dira. Jaio, loratu, umotu eta lozorrotu, berriro berpizteko. Naturaren  prozesua. Garen guztiona. Bakoitzaren ñabardura eta ziklo propioekin. Zer da gure bizitza izadiaren arnasketaren arnasaldi bat baino. Itsasoko uhinak surflaria gandor apartsuan kiribilduta daraman antzo garamatza gizakiok izadiak lau urtaroen altzoan bizi printzez zipriztinduta.

 

Bizi printzotan murgiltzen dira hurrengo kontakizunok. Barnera soa, zurrumurru epel, ortzadarreko kolore, ispiluan bildutako argi-izpi, oskol barneko mami, puzzlearen osagai, munduko ikuskizunaren talaia,  natur sinfoniako doinu, giza koruko ahots, naturaren bristada, bakoitzaren bizi puska, bizipeneko liparra, … izan nahi dute ipuintxo labur bezain lotsatiok. Burmuinean hausnarketa xume baterako hazia, bihotza kulunkatzeko bultzadatxoa, ezpainetan marraztuko den irriñoa izan daitezken itxaropenez. Ipuintxoz txirikordatutako bizitzaren ipuina.

etiketak: Ipuin nanoak
Serafin
Serafin dio:
2017/03/27 18:22
Hitzaurre politta. Igarixan ipuinak asmatzeko igarilari ona izan bihar. Ipuin nanuok irakurtzeko desiatzen.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.