Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Ipuin nanoak

Ipuin nanoak

Jon Etxabe 2017/04/17 08:50
Abendua

ABENDUA

 

1

Omenaldia Marinen apaizari eta osagileari:

- Hotz jeuan elizan!.

- Ondo emon jeskuek jaten!.

Herriaren zenbait errito bere-bereak dira, beste zenbaitzuk, ezarriak

 

2

Leon eta Maurizia gogoan:

- Arratiarrek egun osoko omenaldia eskaini zioten atzo.

- Omenezko eskultura ederra jarri zieten Aretako udaletxe atzean.

Omenaldi eta oroitzarrik antolatzaileen gabezien ondorioa dira gehienetan

 

3

Igerilekuko aldageletan zoru argi eta garbia zeharkatuz doa luzanga zizare gizena:

- Zer galdu ote zaio hemen edo zerk ekarri ote du hona.

- Hustubideetako tutu hezeetatik atera da agian.               

- Euri-urez blai dago barren kanpoko ingurua!.

Auskalo ze burubide ezkutu eta ezohizkok eraman ohi gaituen gizakiok egoera eta toki aldrebesenetara

 

4

"Egia ez da beti iraultzailea" pelikulako azken gogoeta:

- "Egiak askatuko zaituzte" Bibliak.

- "Egia iraultzailea da", Karl Marxek.

Komenentzia eta iraun beharrak erdibidera ekarri ohi ditu ideia borobilenak eta jarrera tinkoenak

 

5

"Lehen hitza Euskaraz", "zuk zergatik ez", EHE, ..........., .........,. 

- Milioika sosa doaz Euskararentzat Irakaskuntzan.

- Telebista, argitaletxeak, hiztegiak, ROM euskaraz, ....

- Euskara Elkarte eta euskarazko astekariak.

Makro baliabideak utzi gabe, baina berriren berri jo beharko genuke hastapenetara, ahaztu zaizkigun sustapen xume baina liluragile, funtsezko eta eragileetara, Euskara, batez ere, herriaren arazoa baita

 

6

Sakana elurtua, errepideko marra beltzak urratzen du lautada zuria, Lizarragatikako ikuspegi aparta:

- Txakur txiza horia elur zurian, leretara lotutako txakurren intziriak.

- Oinezko jendetza, skyzaleak, txakurrak, elur sakon nekosoa, elur zidorretik ibili ezina.

Grakada oinpean entzutea edo elurraren birjintasuna urratzea gozagarria bada ere, alditxo bat ezkero etxeko edo autoko kristal ostetik gozatzeko gozoagoa da elurra

 

7

Loa ez datorren gauetan, pixa-larria nagusi:

- Kafea hartu ote du.

- Kezkarena seguruenik.

Oilarrik ozenena, iratzargailua

 

8

Bukaezina litzake kulturaren izenean eta aitzakiaz eginiko lapurreten zerrenda:

- Munduko onena omen Turingo Museo Egiptoarra.

- Erromako plazetan topatzen dira hieroglifikodun obeliskorik ederrenak.

- Zein hobea lehiatzen da Turingoarekin Berlingo Museoa.

Gizaki eta erakunde ospetsuak dira gehienetan kultura-lapurretekin eskuak zikindu dituztenak

 

9

Adeitsua baina berbatsua da mostradore atzeko zerbitzaria autobideko restopean:

- "Sugandila eta emakumea, parekoak".

- ????

- Ez dakite non jarri!. Beti eguzkitan, beti mugikor.

- Sugandila arrik ez ote eguzkitan mugikor?.

- !!!!

Emakumearekiko uste ezkor eta gutxiesgarriaren mikrobioak gizakiaren hondoenetan aurkitzen du erruteko hezetasuna

 

10

Jostailu saltokian:

- Ikusi, aita!.

- Utzi!, bihar etorriko gara-eta bila.

Aita bai, baina umea  ez da ahaztuko esan edo agindu diotenez. Goiz hasten gara helduok umeen guganako sinesgarritasuna galtzen.

 

11

Eliza bat bisitatzen:

- Valencia Erresumako 400dik gora apaizetatik 64 soilik geratu ziren bizirik gerra zibilaren denboran.

- Frankoren aldekoak, herriko jauntxoen lagunak izaki, apaizok.

- Bota egin zituzten erretaula eta alboko aldareak.

- Herriaren izerdiarekin jauntxoek jasotako eraikina.

Pribilegioak ez dira beti berme ziurrak

 

12

Eliza gehienak itxita daude:

- Bihurkinarekin etortzen dira XV. gizaldiko azulejoak ostera.

- Santu-irudiak ere desagertuz joan dira.

Izan zen lapur eta gaizkileak babesteko elizako ateak gau eta egun zabalik zeuden garaia, gaur egun itxi egin behar dira elizok beraiengandik babesteko.

 

13

Atzerritar laukotea eseri zaigu auzo errepide alboko jatetxean.

- "muuu" eta "beee" daukagu, dio zerbitzariak.

- Eskua altxatuz bakoitzak eskatu du berea, "muuu" edo "beee" ozen eginez bakoitzak.

- (Eskua paparrean jarriz) "muuu", (eskuaz besteak izendatuz) "beee", dio buru egiten duenak.

- Beraz (behatzak jarriz) 3 "muuu" eta "beee" 1, zerbitzariak.

Mintzapraktika eta komunikazioa.

 

14

Castellongo portuan atzerriko hondarra deskargatzen dute zama-ontziek, Euskal Herriko kamioi-frigorifikoak berriz Mediterraneoko arrainez zamatzen dira:

- Castellongo azulejogintza diganteak buztinezko oinak ditu.

- Euskal Herriko jatetxeetako eguneko arrai freskoek begi biziak omen.

Akiles orok du bere orpoa

 

15

Bere platera ia hasi gabe utzi duen ama eten gabe ari zaio jantokian umeari:

- Bukatu, seme, ...

- Beste mokadu bat, ...

Desoreka nabarmena sortarazi behar die seme-alabei gurasoen logikarik ezak, jokabide bikoitzak eta portaera kontraesankorrek

           

16

Madrilen, 4 milioi biztanleko eremuan:

- Jendea  dotore dabilen hiri zikina.

- Kultura egarria asetzen duen hiri ezjakina

- Gauez suzko-errobeda bihurtzen den hiri iluna

- Parke zoragarria auto-tutuek zabartzen duten hiri kutsatua

- Euskadiko hiriburu izan nahi duen hiria

Probintzianoa hiriburuan, inurritegian galdutako kakalardoa

 

17

Lan krisia eta langabezia bizi dugun garaia:

- Egun osokoa zen hasieran lan-orduketa; heriotzak jubilatzen zituen langileak.

- Gaur baino gutxiago ekoizten zen, ordea.

Ekoiztea ez da lan-arazoaren gakoa, ekoiztuaren banaketa baizik

 

18

Edozein hiriburu:

- Seguru-Etxeek etxe-orratz osoak hartu dituzte egoitzaz.

- Kale nagusi garestienetan gainera.

Chicagoko urte marduletan bailitzan, seguru-etxeak dira gizarte arriskutsu honetako mafia: "babesa behar duzu, beraz ordaindu"

 

19

Jakinduria, zientzia, artea da saltzen jakitea; baina saldu ahal izateko ere dirua behar da:

- Nazio aberatsek dituzte turismo-egoitzarik ederrenak.

- Pobreek berriz xumeenak.

- Nazio aberatsek egiten dute turismo eskaintzarik oparoena.

- Baina pobreek dute askotan altxor ederren eta ugariena.

Diruak itxuratu egiten du kolorgetua, urrekoloretu, buztina bera  ere

 

20

Erretiroko Parkean:

- Katamixarrak atzeko hanka gainean zut ibiltarien oinetan.

- Eskale, Madrilen, hauek ere.

Gosea, hesien hausle

 

21

Zaldizkoan ari dira neska-mutilak basoan,  lanbropeko belatza bustian garagarrak irabazten, alboko oinezkoetaz asko erreparatu gabe:          

- Atabala tenkatu zaidak.

- Tinko dinat nik ere makila.

- Jo dezagun beraz.

Tximistak zakila eta alua goritzean, ezinbestekoa elektrokuzioa

 

22

Renaultean zaldun zeharkatu dugu La Mancha lurraldea:

- Errotek ez dute garirik ehotzen, lurrak garia ematen duen arren.

- Oraindik diraute Barataria Insularen bila dabiltzan Santxoak.

- Utopiak eta ilusioak liluratutako Kixoteak desagertu dira.

Barataria eta Dulzinea, herrien akuilu eta gatza

 

23

Fusilatuko zuen etxarriar errekete batek herriko gorrietako bat, honek ihes egin ez balu:

- Erreketearen alaba gorriaren semearekin ezkondu zen urteen buruan.

- Gurasoek ezkontza onartu eta ospatu zuten.

Romeo eta Julieta, Terueleko Maitaleak, herri gehienetan mamitzen den mito bera, nahiz bukaera aldakorrez

 

24

Erreteneko ur-geldian ikaraz bezala, zir-zir hasi diren marra belztxo bilakatu dira gelatinaz bilduriko zenbait arrautza beltz, zapaburu izatear, kardu hori eta basa bitxiloreen gerizan:

- Gabon aurreko solstizioa besterik ez eta jadanik jaio zarete?.

- Zuok sahatsok ere goiz esnatu zarete aurten.

- Berantiarrak ala goiztiarrak ote basa bitxilore hauek!.

Izakiok hiltzen gara, izadia ez, heriotzak eta jaiotzak bermatzen dio iraupena

 

25

Etengabeko hitz-jarioa zuen ile-apaintzaileak:

- Nola ebakitzea nahi duzu ilea?.

- Isillik!!!.

Hitza, askotan giza harremanak zitaltzen dituen dohaina

 

26

Luzaroan ilea erdi ebakita ile-moztaile berritsuak erosle batekin noiz bukatuko zain aspertuta zegoen bezeroa  txanda eskatu, alde egin eta itzuli da:

- Oraindik horrela?.

- Ba, ...           

- Moztutakoa hasi behar zaiok-eta beste erdia moztu orduko!.

Denbora altxorra bada, zenbat dirurik ez duen aberats den munduan!

 

27       

Sartu da bezero berria ilepaindegian:

- Luzarorako jaukat!.

- Bitxartian hartu erratza eta jaso lurreko hileak.

Bezeroa, txanda noiz helduko, ile-apaindegia garbitzen: herritxoetan oraindik gertatzen diren mirariak

 

28

Ileapindegian:

- Lurazorako?.

- Bitxartian botaik kinielia, txandia gordeko dixat eta.

Bezeroa errekadista, herritxoetako ekoizpen sarea

 

29

Erreketeak tiroka hil nahi izan zuen herrikide gorria baina honek alde egitea lortu zuen:

- Garbi daude tiroek egindako arrasto borobilak horman.

- Herritar gehienek ahaztu dute  arrastoon nondikakoa.

Ez litzake tokirik nahiko herri baten oroitzapenen oroitarrientzako

 

30

Gizon helduen elkarrizketa:

- Egixa dok gaurko gaztiak lanik ez daukela eta gure gaztetan danok gendukala lana.

- Hamalau urtekin hasten giñuazen, aprendiz izenakin nausixen lanak eitxen, ia eskolatu ere gabe.

- 47xan  22 pezeta irabazten jaitxuazen  lehen-ofizialak,  22 pezeta!, 19 bigarrernak eta 17´45 hirugarrenak; aprendizak ostera 5´45 besterik ez.

- Etzuan, ez, hobia guria; haura bai esplotazioa!.

Gazteak eraman izan dute beti euren bizkar-gainean, soldaduskaz gain, helduek maneiatutako gizartearen zama.

 

31

Edurra mara-mara .....:

- Errepiderako ezinbestekoak dira kateak.

- Ahalik gutxien jarri kateak, goma eta txapa hondatzen ditu eta

Joaneko edo itzuliko, kateak beti kate

 

 

Duela ia sei hilabete ekin nion, ilusioz, igerialdian ipuinak asmatu edo errealitatea ipuintzeari:

- Oilaskoa  egunero bada, betegarri.

- Gurpil berari biraka, irudimena agor eta borondatea nagi.

- Dagoena bego, naizena nadin!

- Udaberriaren zain, izoztu egin zen.

Zereginak, gozatzeko ez badira, uztea hobe.

etiketak: Ipuin nanoak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.