Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Mispillibar / Ipuin nanoak

Ipuin nanoak

Jon Etxabe 2017/04/07 08:43
Iraila

IRAILA

 

01

Igande goizean dendak zabaltzen zireneko garaian, denda itxi eta gero:

-  "Alejandro!", beti azken orduan datorren txatxaliak.

- "Ze bion?", ate zirrikitutik, erreta, Alejandrok.

-  "Komuneko papela biajuat".

-  "Eutzon", eta periodiko papera luzatzen dio ate bitartetik.    

Ipurlokak eta ipurterreak, biek ere burua arina

 

02

Igerilekuan:

Erori zaion giltza berdea jaso dio mutiko ilegorriak neskato ilehoriari.

Barretxoaz eskertu dio fintasuna neskato ilehoriak mutiko ilegorriari.

Irribarrea, ahotsik gabeko hitzik xamurrena

 

03

X izpien aretoan:

- Hezur barnekoenak ere ikusten dizkiat.

- Gogo azalekoenik ere ez ordea.

Zerk zeratzen zeraren zera?

 

04

Orrien aurretik erortzen dira ezkurrak:

- Landare erneko gaitun.

- Urdaiazpikoren bat gizenduko agian.

- Lurra onduko diagu gehienok.

Hazien gehiengoak berezkoa ez duen zeregina gauzatzen du

 

05

Ispilu aurrean dago gaztetxo zoriontsua:

- Begiek: niniak argitzean ertzak luzatzen dizkizuet ezpainoi.

- Ezpainek: hedatuz, matrailak edertzen dizkiat nik.

- Matrailek: aurpegiko azken giharrak ere dantzari, irribarrearekin.

Zoriona, aurpegiaren udaberria.

 

06

Debekatutako kontzentrazio ostean:

- "Ez dago zigorrik, ez baitute legerik hautsi" dio Auzitegiak.

- "Legea ez badugu alde, legea bera aldatuko dugu" dio Sailburuak.

Epailerik zuzenenak ere politikoak ezarri legea bete besterik ez du egiten, ez dago justizia itsurik

 

07

Harritzarrak jarri dizkiete oztopo autoei Urbasako larrean.

- Barrikada  egin zigutek auskalo ze iraultzaren gose.

- Ze iraultza ote amets Havana 7 zurrupari horiek.

Iraultza, edozein aroko gizarteak uneoro ezinbestekoa duen ekintza.        

 

08

"Hiru segundo ezetz, hamar palada baietz, baietz hirugarren, ...":

- Zergatik ez gaitiztek sakonago sartzen eta arinago dantzarazten.

- Ezin huen gehiago zabaldu ziabogan?.

- Ia trabeska hartzen dizkik olatuak ura sartu dakidan.

- Nor mantsoago lehia zirudik honek

Dirua tarteko, lehena ez da beti irabazlea, trabesa eta tongoa sarri baitira bikiak.

 

09

Irunen eta Hondarribian fusilak danbarradaka hizketan Alardean:

- Irainak eta golpeak jaso ditiztek emakumeek partaide izan nahiagatik.

- Politikoen intolerantziak eta agintekeriak zoko oro kutsatu dik.

Haserrea eta egonezina hain erraz pizten zaion gizarteak etorkizun iluna du.

 

10

Hegada geldian gorabeheraka dabil  lumaje hori-zuri-marroiargiko gabiraia zelai gainean, azpiko belatzean berriz suge  tripazpi koloretsua mistoari eraginez:

-  Suge horrekin egun osorako janaria neukakek.

-  Badiat bost ordurako digestioa lurra jotzen ari den sator horrekin.

Polizia dotoreena izan daiteke borrerorik ankerrena, gizakia kolpatzea baita sarri bere ogibidea

 

11

Erregai lurrinduan bilduta, dena plastiko-osagai den autoaren gurpilak galipotezko errepidean:

-  Lehen ere elkarrekin egonak gaituk.

-  Putzutik atera gintuzten arte.

Petrolioarena izan da 20. gizaldia

 

12

Hegazkina, laino gainetikako ibilgailua:

- Hemen beti ateri

- Gorago hodeirik ez bada.

Ez da  zaparradaren batek harrapatuko ez duen gizakirik

 

13

Haize-errota elbarrituak kixote atzerritarrak datozkion Ibizan:

- Hegorik gabe utzi gaitiztek, soroak garirik gabe.

- Goseak herriak erotzen dituen garaian hain zuzen.

Turistak ogia dakar besapean, jaioberriak ez bezala

 

14

Hondartzetan berreskuratzen da gorputz biluzien lilura:

- Gose gordina hire begiena.

- Nireganako disimuluzko soen truke.

Galdu egin dugu biluziaren xarma; ordez, baina, biluztearena irabazi

 

15

Nudista hondartzan:

- Aluak: Puritanoa diagu gizartea.

- Zakilak: fariseoa ere.

Exhibizionista den gizartean, larrugorria eguzkiari erakusteko ezkutatu egin behar

 

16

S. Antonio de Portimany:

- "Bar Pizzaurante": izenetan ere desmadrea Ibizan.

- "Colonen arraultza", erraldoia: monumentua ala txiste zizelatua?.

Fraile dohatsuak ez du bizileku egokirik hiri honetan

 

17

Lepo autobusa:

- Atzeko atetik sartu!.

- Txartela?, ez dago barren non kobratu ere!.

- Kalera batzuk,  besteak atera ahal izateko!.

Europak lurralde mota asko ditu!

 

18

Punta Arabi, hippyen azoka:

- From Spain?

- Ez.

- De donde?.

- Vascos.

- Mi hijo se llama Andoni. Me gustan vascos.

"Gu euskaldunak gara, Euskal Herrikoak"

 

19

Itsasgainean zintzilikatuta daude jatetxeak Cala Taridan:

- Batzuek porrot, beste batzuek jendez pil-pil.

- Jatetxe aberatseko bezero bakarrek txosnako jendetzak adinako irabazia uzten dute.

Pobrearen lanak, etena; poltsak, zuloa

 

20

Hesola tantaiak euskarri, itzal trinkoa eginez zabaltzen dira pikondoen arramak borobilean.

- Beste zuhaitzik ez dugu Formenteran.

- Ezta txabolak egiteko premiarik ere.

Nekazarien asmamen-irudimena artea bilakatzen da arazoei irtenbidea ematean

 

21

Ezin genion igarri katalanez ala gazteleraz ari zen azokako amona zaltzailea:

- "No son guapas, pero son bonitas".

- Almendrak itxura onekoak ez baina onak direla, alegia.

Kutsatu gabeko herri hizkera, liluragarriaz gain, zehatza

 

22

"Ibizak bere piratei" dio portuko obeliskoak:

- “Piratei jasotako munduan bakarra".

- Euskaldunok ezin dugu ba etakiderik goratu.

Indarkeria: boterearen pribilejioa, zapalduen eskubidea

 

23

Hoteleko jantokia gainezka dago:

- Aizu, esnea ematen duen makina hondatu egin da.

- Behia ekarriko dugu bertara.

Umorea galtzen ez duen herriak iraungo du

 

24

Udazkena Ibizan:

- Belztu eta eroriz doaz olibak, heldu zaie uzta garaia olibondoei.

- Badatoz ertzera alga gorriak, itsasoaren baitako belar umatuak.

Itsasoaren altzoak ere lehorreko urtaro berdinak ditu

 

25

Bukatu zaizkigu Ibizan:

- Hondar gaineko ibilaldi oinutsak

- Eguzkitako ordu biluziak

- Bustialdi gaziak

Bukaera oro, zerbaiten hasera da

 

26

Hegazkinak gorde ditu gurpilak turbinen hegaltxoan:

- Gurpilik gabeko ibilgailua diagu hau.

- Haizea zulatzen duen daratulu borobilak eramana.

Borobila imajinatu ohi dugu lurraren 365 eguneko ibilia

 

27

Artelazki borobilak ohi dira igerilekuko salbamendugailuak:

- Ur-egarri gintuan artelatzak uda sapetan.

- Uretarako moldatu gaitiztek orain, baina lehor darraiagu gehienetan.

Urik ez duen iturriarena,  egarri biziena

 

28

Bost errobera jarraituzko patinak aldagelako bazter batetan:

- Hi izan haiz lehena helmugan, entrenamenduetan saiatuena ez arren.

- Hartu nauten bernak izan dituk erabakigarriak

- Edo bernak hegan jarri dituen dopina

- Asmatu eta egin nauen fabrikanteak irabazi dik lehia.

Coubertin Baroiaren "Garrantzitsuena, parte-hartzea", esaldi borobilak mito bihurtu zuen lehiaketaren iruzurra.

 

29

Txatartegian  pilatuta daude era guztietako gurpilak:

-  Bira gehiago behar nizkian hik egiten huen luzera bera egiteko.

-  Hi politagoa hintzen

-  Erritmoan ibiltzean zegok koska, ordularien erroberatxoak lez.

-  Gurpila gizonaren asmakizun garrantzitsuena.

Mundua ere borobila

 

30

Bi makal lerden errekondoan:

-  Luze eta mardul hazi gaituk urteetako bakardadean.

-  Laster agertuko zaiguk motozerra eta zatituko gaitik.

Zerria ez da gizendu ondoren hiltzen dugun izaki bakarra

etiketak: Ipuin nanoak
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna:
Aurkezpena

Jon Etxabe naiz. 1933an jaioa. Jubilatu nintzanean irakurtzea eta idaztea izan zen aukeratu nuen denbora-pasa nagusia. Mota ezberdineko hainbat material pilatu zait ordenagailuan. Haize bolada batek eramango nauen orri bat naizenez, material hori sarean jartzea pentsatu dut. Zatika eta sailka ateratzen joango naiz. Bideak erakutsiko dit zer eta erritmoa. Lotsa eta ridikulu sentipena sortarazten dit. Baina nahikoa zait bakar bati lan hau baliagarri bazaio.