Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / e-gorblog

e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)

Basauri Komik jaio da

e-gor 2013/03/17 22:40
Lehiaketak, erakusketak, azokak eta abar antolatzeko asmoarekin

Basaurin hainbat urtetan zehar komikiaren inguruko ekitaldiak bultzatzen ibili ondoren, ofizialki jaio Basauri Komik ekimena. Bere jarduna honelako ekintzen inguruan zentratu nahi du:

  • Ganorabako komiki-lehiaketa
  • Bigarren eskuko, okasiozko, bildumagai eta autoeditatuen azoka bat
  • Erakusketak
  • Hitzaldiak
  • Irakurle klubak

Eta 2013ko udaberri honetarako programa zehatz hau aurkeztu dute:

  • Ganorakako 2013 lehiaketa. Martxoaren 31ra arte dago irekita epea.
  • Rober Garayren Del comic al arte bruto hitzaldia, Infame & Co.-k moderatua. Arizko dorretxean, martxoaren 6an 19:00tan.
  • Bigarren eskuko, okasiozko, bildumagai eta autoeditatuen Basauri Komik azoka. Arizko dorretxean, apirilaren 28an 11:00etatik 14:30etara arte eta 17:00etatik 20:00etara arte.
  • Ganorabako lehiaketaren irabazleen erakusketa. Pozokoetxe Kultur Etxean, maiatzaren 2tik 30era.
  • Astiberriko editore Fernando Tarancon-en Astiberri, pasado y futuro de la editorial hitzaldia, Infame & Co.-k moderatua. Arizko dorretxean, maiatzaren 8an 19:00tan.

Ongi etorria bedi ekimen berri hau! Ea euskarazko ekitaldiak ere antolatzen dituzten!

Xabiroi 28 kalean da!

e-gor 2013/03/12 20:05
"Basque Culinary" Patxi Gallegoren komikirako itzulerarekin, Ikastolen Elkarteko "Re-Creating History" lehiaketaren istorio irabazle komikituarekin eta Egoitz Lasa eta Loperen "Zonbiñe" sail berriarekin
Xabiroi 28 kalean da!

Irudia: Guillermo Gonzalez

Ikastolen Elkarteak Xabiroi komiki-aldizkariaren 28. zenbakia, 2013ko otsailari dagokiona, atera du, ondoko edukiekin:

  • Guillermo Gonzalezen azala
  • Nik neuk egiten dudan Albisteen txokoa
  • Adur Larrearen Xabiroienea umorezko zinta
  • Sanviren Auzomorro umorezko orri bikoitza
  • Haur besoetakoa sailaren 6 orri, Unai Iturriagaren gidoia eta Sanviren irudiekin
  • Ikastolen Elkarteko "Re-Creating History" lehiaketaren istorio irabazlea, Garazi Balbasen Charlesen egunkaria, Alex Orbek 5 orriko komiki egina

Patxi Xabiroi
Irudia: Patxi Gallego / Lope

On egin!

Jantzita eramateko informatika

e-gor 2013/03/01 08:20
Informatika aldean daramagula badira jada urte batzuk. Izan ere, gaur egun edonora gurekin eramaten ditugun smartphoneak, tabletak, e-book irakurgailuak, argazki kamera digitalak eta bestelako gailu elektronikoak benetako ordenagailuak dira. Datozen urteetan, baina, urrats bat harago egingo du honek: informatika aldean eramatetik jantzita eramatera pasatuko gara, "wearable computing" deritzon joeraren bidez.
Jantzita eramateko informatika

Irudia: Google

(Elhuyar aldizkariko 2012ko abenduko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

Wearable computing terminoak, jantzita edo soinean eramateko informatika esan nahi du. Ordenagailu berriok arropan bertan edo janzteko osagarri gisa (betaurrekoak, erlojuak...) eramango ditugu. Honezkero hasi dira erakusten horrelakoen prototipo eta iragarkiak, eta gailuren bat edo beste jada merkatuan ere badago.

Betaurreko adimendunak

Beharbada ezagunena Googleren Project Glass da. Oraindik garapenean dauden betaurreko hauek mundu teknologikoaren arreta erakarri zuten apirilean kontzeptu gisa aurkeztu zituztenean. Egin nahi duten gailuak kristalean une bakoitzean baliagarri izan dakigukeen informazioa proiektatuko luke (gure agenda, joan behar dugun tokira iristeko argibideak, egingo duen eguraldia eta abar), horretarako hainbat informazio-iturri erabilita: adibidez, gure posizioa, orientazioa, Interneteko konexioa edo irudien ezagutza. Horrez gain, ahots bidez emandako aginduak ezagutu eta horien araberako ekintzak gauzatzeko ahalmena izango luke: e-mailak bidali, Interneten informazioa bilatu edo erosketak egin...

Kontzeptu horren bideoa ikusgarria da benetan, baina bertan erakusten dena ez da zientzia-fikzioa. Izan ere, edozein smartphonek egin ditzake gauza horiek. Denek dute errealitate areagotua erakusteko ahalmena (kamerak hartzen duen irudiari informazioa gehitzea da hau, duela hiru urte kontatzen genizuenez), GPSa, iparrorratza eta Interneterako konexioa baitute. Eta aurtengo urtarrileko zenbakian esaten genizuen bezala, ahots-ezagutza ere badute. Ziur aski erronka handiena teknologia hori guztia betaurreko batzuetan sartzea izango da, bateria batez ere; Ruperrenak txiki utziko dituzten pastadun betaurrekoak ikusiko dira berriz ere!

Googlek jada badu bere betaurrekoen prototipo bat, eta urte bat edo bitan kaleratuko dituztela esaten da. Eta Microsoftek ere berriki eskuratu du errealitate areagotudun betaurreko batzuen patentea. Bestalde, egun erabilera eta jarduera konkretuetarako badaude antzerako gailuak, behintzat horietako gauza batzuk egiten dituztenak. Adibidez, snowboardingaren profesionalek erabiltzen dituzte horrelako betaurreko batzuk, ahots-ezagutzarik ez dutenak baina beste gauza asko bai: posizioa, abiadura, jauzien altuera eta horrelakoak neurtzen dituzte, eta betaurrekoetan proiektatu eta beste gailu batzuetara bidal ditzakete.

Erlojuak, botoiak...

Erlojuak ere ordenagailu txikiak izateko bidean doaz. Aspaldi erabiltzen dira hainbat kirol-jardueratan erlojuak distantzia, abiadura eta bestelako estatistikak neurtu, gorde eta ordenagailura pasatzeko gaitasuna dutenak. Baina gero eta sentsore, funtzio eta ahalmen gehiago dituzte, eta smartwatch izena eman zaie, hau da, erloju adimendunak. Oraintsu erabilera ohikorako Android sistema eragiledun erlojuak ere atera dira, Sony Smartwatch edo WIMM One adibidez. Hauek hainbat aplikazio instalatuta dakartzate eta berriak instalatzen ahal zaizkie. Bestalde, berriki Googlek errealitate areagotudun erloju baten ideia patentatu du, zeinari kristala altxatzen zaion eta bertan ikusten dugunaren inguruko informazio gehigarria proiektatzen duen.

Botoi baten antzeko tamaina duten eta botoi baten gisan arropan erantsita (klip baten bidez edo) eraman daitezkeen gailu gero eta ahaltsuagoak ere badaude. Appleren iPod Shuffle musika-entzungailu ezaguna da horien aitzindari. Eta laster aterako dute Memoto, paparrean jartzen den gailu oso txiki bat, automatikoki 30 segundotik behin argazki bat atera eta geolokalizatuta gure ordenagailura edo web zerbitzu batera bidaltzen dituena; lifelogging deritzona egiteko balio du, hau da, gure bizitza osoaren erregistroa gordetzen joateko eta gero egun edo toki jakin baten egin genuena kontsultatu ahal izateko.

Soineko interfazeak

Bestalde, beren-beregi ordenagailuak izan gabe, haiekiko interfaze izateko funtzioa duten soinean eramateko gailuak ere ari dira ateratzen. Halakoak erabilita, beti soinean ditugunez, gailu mugikor bat (smartphone , tableta edo dena delakoa) erabil dezakegu sakelatik edo poltsatik atera beharrik gabe. Adibidez, badaude eskularru batzuk hatz txikian mikrofonoa eta erpuruan bozgorailua dutenak, eta Bluetooth bidez mugikorrarekin konektatzen direnak; hala, telefonoz hitz egitea adierazteko erabiltzen den zeinua imitatuz benetan hitz egingo genuke. Edo gailuak gogoarekin maneiatu ahal izateko diadema ere ateratzekotan dira.

Informatika gure eguneroko bizitzan sartzen joan zaigu etengabe azken urteotan; laster, gure janzkera eta gorputzen parte izango da. Agian, modaren munduan ere gailu informatikoek markatuko dituzte tendentziak, eta Google eta Appleren azken nobedadeak izango dira irrika bizienez itxaroten direnak, ez teknologiaren munduan soilik, baita Cibeles pasarelan ere!

"Arima lapurrak", euskarazko komiki berri bat

e-gor 2013/02/24 18:05
NetCom2 Kataluniako argitaletxearen eskutik
"Arima lapurrak", euskarazko komiki berri bat

Irudia: José Luis Povo

Mikel Begoñaren Komikeri blogean (komikeri.wordpress.com) izan nuen 2012ko ondarrean argitaratutako euskarazko komiki honen berri.

Arima lapurrak du izenburua Pablo Herranzen gidoia eta José Luis Povoren irudiak dituen komiki honek, NetCom2 Kataluniako argitaletxeak gaztelaniaz eta katalanez gain euskaraz ere atera duena. Miquel Mena pertsonaiaren abenturetan lehen albuma da.

Hala ere, eta komiki bat euskaraz ateratzea eskertzekoa bada ere, esan beharra dago itzulpena oso-oso txarra dela. Ez naiz ari diskurtsoaz, komikietan erabili beharreko hizkuntzaz, Euskaltzaindiaren azken arau gutxi batzuen hausteaz... ez, euskara benetan negargarria da, euskararen zuzentasun oinarrizkoena betetzen ez duten esaldiz beteta dago komiki guztia. Pena bat. Hurrengoan (espero dezagun hurrengorik egotea) konpondu beharreko akatsa.

Abian dauden komiki-lehiaketak

e-gor 2013/02/20 22:10
Portugalete Uri Urena sariketa eta Ganorabako lehiaketa

Portugaleteko Udalak Portugalete Uri Urena Komiki Lehiaketaren XXVII. edizioa antolatu du. Bi kategoria daude, komikia eta komiki-banda, sari apartekin: komiki kategorian, 2000, 1450 eta 900 euro lehen hiru sailkatuentzat, 325 euroko akzesitak euskarazko eta Portugaleteko egile onenei eta 250 euroko akzesita 16 urtetik beherakoen lan onenari; komiki-banda kategorian, 325 euro irabazleari eta 110 euroko akzesita 18 urte baino gutxiagoen arteko irabazlearentzat; eta gainera 325 euro daude gidoirik onenarentzat. Aurkezteko epea martxoaren 8an amaitzen da. Arauak hemen irakur ditzakezue.

Horrez gain, abian da urtero legez Basauriko Kultur Etxeak antolatutako Ganorabako 2013 komiki-lehiaketa, sari ugari eta onekin hau ere: 900, 450 eta 300 euro hurrenez hurren lehen hiru sarituentzat eta 300 euroko akzesit bana euskarazko lanik onenarentzat eta Basauriko lanik onenarentzat. Lanak martxoaren 31 baino lehenago bidali behar dira. Eta arauak, esteka honetan: http://www.euskalnet.net/pozokoetxe/oinarri.htm.

Animatu eta bidali zuen lanak lehenbailehen!

Markok "Les Godillots" saileko 2. albuma atera du

e-gor 2013/02/10 21:15
"L'oreille coupée" du izenburua
Markok "Les Godillots" saileko 2. albuma atera du

Irudia: Marko

Duela urte eta erdi kontatu genizuen Xabiroi aldizkariko kolaboratzaile Marko Armspachek album sail berri bat hasi zuela Frantziako merkatuan, Les Godillots, Bamboo argitaletxearekin eta Olier gidoilariarekin.

Lehen album hark Le Plateau du Croquemitaine zuen izenburua. Orain bigarrena atera da eta L'oreille coupée deitzen da. Marko promozio betean dago orain, harat-honat sinatzen eta dedikatzen. Zorte on albumarekin, Marko!

Digitalizazioaren ajeak

e-gor 2013/01/22 21:11
Ordenagailuak eta bestelako gailu elektronikoak eguneroko eta nonahiko bihurtzeaz batera, mota guztietako edukiaren digitalizazioaren lekuko izan gara azken pare bat hamarkadatan. Edukia formatu digitalean izatea oso erosoa da ikuspegi askotatik: toki gutxiago okupatzen du, ez da degradatzen... Dena da abantaila, ezta? Tira, ba ez. Digitalizazioak ere baditu bere alde ilunak.
(Elhuyar aldizkariko 2012ko azaroko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

Digitalizazioak ekarri duen aldaketa ia oharkabean pasatu zaigu, gutxika gertatu delako, baina azken hogei urteetan edukia erosi, gorde eta kontsumitzeko modua erabat aldatu da. Lehen gure dokumentuak, argazkiak, audioak eta bideoak paperean edo zintetan izaten genituen, baina gaur egun digitalizatuta sortu eta gordetzen ditugu. Eta musika, filmak eta liburuak ere gero eta gehiago formatu digitalean erosi eta kontsumitzen ditugu.

Abantaila asko dituzte eduki digitalek, zalantzarik ez. Tokirik apenas okupatu eta oso gutxi pisatzen duen gailu batean asko sartzen da (disko gogor eramangarri batean gure eduki guztia eraman daiteke), online zuzenean kontsumitu dezakegu, erabilera edo denborarekin ez doa degradatzen, kopiak kalitate-galerarik gabe egitea oso erraza da... Baina guztia ez da hain polita ere.

Erositako edukien gaineko eskubide murrizketak

Irailaren hasieran komunikabide ugarik eman zuten albistea: Bruce Willis aktorea Apple enpresa auzitara eramatea pentsatzen ari zen, urteetan zehar iTunes-en erositako musika bilduma bere hiru alabei oinordetzan ezin zielako utzi. Izan ere, Appleren edukia erosten denean lizentziak argi dio erosten duen pertsonak soilik kontsumitzeko dela. Azkenean, berria faltsua suertatu zen; baina azpiko arazoa benetakoa da.

Ez da Apple soilik horrelako praktikak aurrera eramaten dituena. Eduki digitalak online erosi eta kontsumitzea ahalbidetzen duten enpresa eta webgune ia guztiek egiten dute: Amazonek eta e-bookak saltzen dituzten argitaletxeek, film eta serieak ikusteko webguneek... Abesti, liburu edo film bat erostean, gure gailura jaisten dugu fitxategia, baina DRM edo kopien aurkako babesarekin egoten da, gailu horretan (edo gureak direla egiaztatu dugun gutxi batzuetan) soilik funtzionatzen du eta ezin diogu beste norbaiti utzi.

Eszenatoki digital berrian, enpresa handiek beren baldintzak inposatu nahi dizkigute, baina eskubide-murrizketa onartezinak dira. Paperezko liburuekin edo audio- edo bideo-zintekin askatasuna dugu gauza ugari egiteko: lagunei utzi, saldu, liburutegi batean alokatu... Baina eduki digitalekin, ez ditugu erosten eta jabetza eta eskubideak eskuratzen; softwarearen erabilera-lizentzien antzera, entzuteko, ikusteko edo irakurtzeko lizentzia pertsonal bat da ematen digutena. Oso panorama kezkagarria da, (ikusi horren inguruan 2009ko irailean eta 2010eko martxoan idatzitakoak).

Bada dioenik kezka horrek ez duela zentzurik izango etorkizun hurbilean. Izan ere, gero eta arrakasta handiagoa dute musika eta filmak tarifa lauarekin online kontsumitzea ahalbidetzen duten zerbitzuak, eta ziurrenik liburuentzat ere sortuko dira antzekoak luze gabe. Halakoetan, harpidetza izanik, nahi adina eduki kontsumi dezakegu katalogo oso zabal batetik. Beraz, nahi dugun guztia nahi dugunean eskura badugu, zer axola du edukia gurea izan edo ez?

Beno, ez dakit hori etorkizuneko eredua izango den, baina nik desabantaila handiak ikusten dizkiot behintzat: edukirako atzipena harpidetza mantentzen dugun bitartean soilik daukagu, haien prezio eta katalogoetara mugatuta gaude, konexioa behar da edukiok kontsumitzeko, tarifa pertsona bakoitzak ordaindu behar du, ezin duzu edukia elkarbanatu lagunekin (horra harpidetuta ez badaude)... Familia bateko kide guztiak egongo dira tarifa lauak ordaintzen Amazonen, Spotifyn, serieentzako webguneren batean eta euskarazko musikarentzako zerbitzu batean? Jabego pribatuak izan ditzakeen gauza oker guztiekin ere, nahiago dut eduki kulturalen jabegoa eta kontrola guk geuk edukitzea eta ez enpresa handiek (honen inguruko nire iritzia eta jarrera zabalago azaldu nituen iazko martxoko zenbakian).

Formatu eta euskarrien zaharkitzea

Digitalizazioaren beste arazo handi bat ederki azaldu zuen Cosima Dannoritzer Comprar, tirar, comprar filmaren egileak ekaineko zenbakian. Gauzak formatu digitalean eta euskarri elektroniko batean ditugulako betiko seguru gordeta ditugulakoan gaude eta ez da horrela, euskarri eta formatu horiek zaharkituta gelditzen direlako.

Euskarriei dagokienez, disketetan gordeta dituzun dokumentuak agian jada ezingo dituzu errekuperatu ez baduzu diskete-irakurgailurik, eta etorkizunean berdin gerta daiteke CD edo DVDtan gordeta dituzun gauzekin edo, zergatik ez, kanpoko disko gogor edo pendrivetan dituzunekin, USB konexioa desagertzen bada. Hori gerta ez dakigun, euskarri bat zaharkituta gelditzen eta beste berri bat indarra hartzen ari dela ikusten dugun bakoitzean, dugun eduki guztia euskarri berrira pasatzea da soluzioa, baina ez da erraza izaten konturatzea eta gainera lan handia ekar dezake.

Formatuekin, kontua are okerragoa izan daiteke. Denoi gertatu izan zaigu dokumentuak testu-prozesagailu baten bertsio batean idatzita edukitzea, eta handik urte batzuetara testu-prozesagailu horren bertsio berriagoak hori ulertzeko gai ez izatea, ezta? Ba pentsa hori gertatzen bazaigu gure argazki, musika, bideo eta liburuekin, formatua (AVI, EPUB...) edo konpresiorako codec-a (MP3, DivX, JPEG...) etorkizunean zaharkituta gelditu eta softwarea horiek irekitzeko gai ez delako! Kasu honetan, konponbidea agian errazago aurkitu ahal izango dugu software librearen munduan. Bertan oso errotuta dago gauzak zaharkituta ez gelditzearen kultura: sistema eragileak eta programek ez dute hardware-eskakizun handiegirik, eta, makina zaharretan ere ongi ibili ahal izateko, atzeranzko konpatibilitatea mantentzen saiatzen dira, eta formatu ahalik eta gehien maneiatzeko gai den softwarea egiten da. Ikusi izan dut ofimatikako software libre bat gai dena formatu propietario baten bertsio zaharragoak irekitzeko formatu propietario horren sortzailearen ofimatika paketeak baino! Software librea erabiliz, batzuetan posible izango dugu formatu zaharkituak irekitzea eta berriagoetara bihurtzea, baina lan ikaragarria izan daiteke hau ere.

Lortu beharko dugu digitalizazioak eskubide-murrizketarik ez ekartzea, eta asmatu beharko dugu modua euskarri eta formatuen zaharkitzearen kausaz edukiak ez galtzeko (formatu estandarrak atzeranzko konpatibilitatearekin gailentzea bultzatuz, adibidez). Bestela, bidaia honetarako ez genuen horrelako alportxen beharrik...

Iñaki Holgado, Aiacciuko Komiki-Azokan saritua

e-gor 2013/01/10 21:35
Rétine bere albumagatik Aurkikuntza Saria jaso du
Iñaki Holgado, Aiacciuko Komiki-Azokan saritua

Irudia: Jean-Pierre Belzit

Iazko abenduaren 7tik 9ra ospatutako Aiacciuko Komiki-Azokan Aurkikuntza Saria eman diote Iñaki Holgado Errenteriako komikigile eta Xabiroiko ohiko kolaboratzaileari, iaz Soléil argitaletxearekin eta Stéphane Piatzszeken gidoiaz Frantzian kaleratutako Rétine saileko 1. albumagatik, Guérrilla dans la ville basse izenburukoa. Zorionik beroenak, Iñaki!

Bide batez, otsailean kalean izango da 2. zenbakia, Course dans le Salar izenekoa...

"Baztanga eroa" 2

Igor Leturia 2013/01/07 21:40
Online dago fanzine honen zenbaki berria
"Baztanga eroa" 2

Irudia: Hamar Hatz Handi

Baztanga eroa euskarazko komiki fanzine txikiaren 2. zenbakia, Maite dut kirurgia estetikoa!, atera du Hamar Hatz Handik. Aurreko biak bezala, 16 orri berri hauek ere online ikusi edo deskargatu daitezke eta hainbat liburu-denda, kafetegi edo tabernatan eskuratu daitezke (webgunean ikus dezakezue non). Eskerrik asko!

Bideo-jokoen hedapen geldiezina

e-gor 2012/12/31 13:06
Bideo-jokoak, sortu zirenetik, teknologikoki aldatuz, prestigioa irabaziz eta esparru berriak bereganatuz joan dira. Bereziki azkarra eta etengabea izan da azken hamarkadako eboluzioa, hain epe laburrean hirutan aldatu baita bideojokoen plataforma nagusia: PCetatik kontsoletara, eta kontsoletatik gailu mugikorretara. Etorkizun hurbilean ere aldaketa dago iragarrita, oraingoan web-ingurunera, HTML 5 teknologiari esker.
(Elhuyar aldizkariko 2012ko urriko zenbakian argitaratutako artikuluaren jatorrizko extended bertsioa)

1970eko hamarkadan taberna eta jolas-aretoetako arkadeak agertzen hasi zirenetik, eta urte luzez, bideo-jokoak gazteen eta frikien kontua izan dira, gizartearen gehiengoak gaizki ikusitako gauza bat. Pertsonen garapenerako eta sozializaziorako okerrak omen ziren, adikzioa sortu eta biolentzia bultzatzen omen zuten. Gaur egun, oso ezberdina da panorama.

Aldaketa pertzepzioan eta erabileran

Orain, denetariko jendea ikusten da bideo- jokoekin jolasean: helduak mugikor eta tabletetan, familia guztia etxean kontsolarekin, lagunekin edo sarearen bidez konektatuta... Gainera, ikerketa askok frogatu dute bideo-jokoek begi-esku koordinazioa hobetzen dutela (eta, gaur egungo kontsolekin, gorputz guztiko gaitasun motorrak ere bai) eta kontzentrazio-ahalmenean laguntzen dutela. Eta taldean ere jolasten da, familia eta lagunekin edo sarearen bidez konektatuta.

Gero eta gehiago entzuten da bideo-jokoek hezkuntzan duten erabilgarritasuna; horren erakusgarri, Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultatean martxoan antolatu zituzten "Bideo-jokoak eta hezkuntza" jardunaldiak eta haren harira prestatu zuten bibliografia zabala. Hain zuzen, bideo-joko mota bat serious games (joko serioak) deritzenak dira, entretenitzeko ez baizik eta ikasteko diseinatutako jokoak, alegia. Eta gamification kontzeptua ere modan dago hezkuntzan; hau da, zerbait errazago ikasteko, hura joko gisa planteatzea (helburuak jarriz, puntuak lortuz eta abar), eta bideo-jokoen bidez ere egin daiteke.

Aldaketa teknologian

Bestalde, ezin ukatuzkoa da bideo-jokoek izan duten eboluzio teknologikoa. Bideo-joko gero eta ahaltsuagoak egin beharrak ekarpen handia egin die teknologiaren beste arlo batzuei. Txartel grafiko eta mikroprozesagailuen ahalmenetan (3D gaitasuna, bit kopurua...) etxeko ordenagailu edo telefono mugikorren aurretik joan dira sarri arkade eta kontsolak. Nintendoren Wii kontsolako Wiimote agintea (3D espazioan eskuekin egindako mugimenduei jarraitzeko gai dena) aitzindari izan zen orain smartphone guztiek dakartzaten azelerometroak txertatzen, eta Microsoften Xbox kontsolako Kinecta (gorputz atalen mugimenduak detektatzeko gai den infragorri-igorle eta -sentsorea) ikerketan eta beste arlo askotan erabili da, eta aurrerapen handia ekarri du (ikus 276 zk.).

Teknologian eboluzionatzeaz gainera, gero eta plataforma gehiagotan erabiltzen dira bideo-jokoak. Hala, hamar urte eskasetan bideo-jokoetan aritzeko plataforma nagusia hiru aldiz aldatu da. Aurretik tabernetako arkade-makinak, eskuko LCD kontsolak eta Sinclair ZX Spectrum edo Commodore 64 moduko etxeko ordenagailuak baziren bideo-jokoetan jolasteko euskarriak, XXI. mendearen hasieran PCa zen plataforma nagusia. Geroago, kontsolak izan ziren jaun eta jabe; 90eko hamarkadatik edo are lehenagotik ere existitzen ziren arren, 2000tik aurrera ateratako 6. belaunaldikoak deritzenak (Dreamcast, PlayStation 2, GameCube, Xbox...) eta, batez ere, 7. belaunaldikoak (Nintendo DS, PSP, Xbox 360, PlayStation 3, Wii...) masiboki sartu ziren etxeetan. Eta gaur egun, gailu mugikorrak (smartphone eta tabletak) dira bideo-jokoetan errege.

Kontsolekin hasi bazen ere, azken horiekin gauzatu da jokalarien profilaren aldaketa. Izan ere, gailu mugikorretan casual games motako jokoak dira nagusi, errazagoak eta jokozale amorratuenaz haratagoko jokalari-mota zabalago batentzat pentsatutakoak. Halaber, gailu mugikorretako bideo-jokoek ekoizle gehiagori eman diote jokogintzan sartzeko aukera. PCentzat jokoak egiteak banaketaren eta salmentaren konplikazioa zuen, eta ez zen erraza enpresa txiki lokal batek titulu handiei itzal egitea. Kontsolekin are gehiago, kontsola-ekoizlearen lizentziak behar baitira jokoak garatzeko eta bideo-jokoen denda espezializatuen zirkuituan sartzea oso zaila baita. Gailu mugikorretan, ordea, jokoak deskargatu egiten dira aplikazioen onlineko denda zentralizatu batetik; beraz, banaketa oso erraza da, eta jokoak merkeagoak izan ohi dira. Halere, nahiz eta errazagoa izan jokoa banatu eta salmentan jartzea, saltzea zailagoa da; izan ere, askoz ekoizle eta joko gehiago daudenez, ez da erraza norberaren produktua erakusleiho erraldoi horretan nabarmentzea eta eroslea konbentzitzea.

Edonola ere, testuinguru horretan, Euskal Herrian sortu dira bideo-jokoak egiten dituzten hainbat enpresa merkatu globalean arrakasta izan eta sariak ere lortu dituztenak: Delirium Studios, Ideateca, Ikasplay, Dada Company... Bideo-jokoak garatzeko ikasketak eskaintzen dituen DigiPen nazioarteko institutuak ere campus bat du Bilbon, Europako bakarra.

Hurrengoa, weba eta HTML 5

Aurrera begira, alorreko aditu eta eragile ia guztiek uste dute laster weba eta HTML 5 izango dela bideo-jokoetarako plataforma nagusia. Gaur egun ere badaude web-jokoak, baina Flash teknologia darabilte, eta horrek hainbat desabantaila ditu: nabigatzaile guztiek ez dute Flash plugin-a instalatua (Apple-ren gailu mugikorrek, esaterako, ez dute), teknologia propietarioa da... Orain artean hau erabiltzeko arrazoia da HTML estandarraren orain arteko bertsioa, 4.01, ez zegoela pentsatuta jokoetarako. Baina HTML 5ek jokoak garatzeko apropos egiten duten ezaugarri berri asko ditu, 2010eko martxoko zenbakian kontatzen genizuenez: irudiak marraztea (baita 3Dn ere) ahalbidetzen duen pintura-oihala, hardwarearekin (mikrofonoa, webcama...) interakzioa izateko aukera, offline funtzionatzeko ahalmena, sare-komunikazioak egiteko aukera...

Oraingoz, nabigatzaile guztiek ez dituzte HTML 5en ezaugarri guztiak ahalbidetzen, eta HTML 5 jokoak egiteko programazio-ingurune edo -lengoaiak ez daude nahikoa garatuta, baina seguru aski etorkizun hurbilean hori aldatu egingo da eta bideo-jokoen garatzaileak HTML 5era pasako dira, abantaila ugari baititu: ez dago jokoa plataforma guztietarako garatzen ibili beharrik, jokoak gailu mugikorretan nahiz PCan berdin ibil daitezke, estandar irekia da...

Bideojokoen plataforma nagusia aldatuz joan da azken urteetan, baina horrek ez du esan nahi beste plataformetan jada existitzen ez denik. Hala, bideo-jokoek izan duten hedapen geldiezinari esker, mundu digitaleko parte dira gaur egun. Edonon daude, PCetan, smartphonetan, tabletetan, kontsoletan, webean, telebistetan... Eta gero eta jende gehiagok eta gizarte-talde (adin, klase nahiz sexu) ezberdin gehiagok erabiltzen dituzte. Etorkizuneko mundu digitala eta bideo-jokoak eskutik doaz.

e-gorblog

Egunez, Igor Leturia Azkarate pertsona arrunta da. Errenterian bizi den arrasatearra, 8etatik 17etara Elhuyarren lan egiten du eta arratsaldeak neskalagunarekin eta bere bi umeekin pasatzen ditu.

Baina gaua iritsi eta umeak lotara joaten direnean, e-gor bihurtzen da, interneteko bere alter-egoa, ziberespazioko informatikaririk komikizaleena eta komikizalerik informatikariena! Bere superbotereekin (interneteko kable-konexioa, bloglines, informatika aldizkariak, gadget-ak, komiki-bilduma, Errenteriko liburutegiko komikien atala eta batez ere bere jakinmin aseezina) eta bere superlaguntzaileak ondoan dituela (Patxi Lurra, DabilenHarria...), euskaldunon teknofobiaren eta komikiei buruzko aurreiritzien aurka burrukatzen du etengabe! Hemen duzu bere bloga: e-gorblog!

Bai, hor goiko aurkezpena superheroi batena da (ezin aproposagoa honelako blog batentzat, ezta?). Superheroia banintz zein izango nintzatekeen jakiteko the Superhero Personality Test egin nuen eta hona emaitzak:

You are Spider-Man
You are intelligent, witty, a bit geeky and have great power and responsibility.

Spider-Man
80%
Superman
70%
Green Lantern
65%
Robin
65%
The Flash
60%
Supergirl
55%
Hulk
55%
Iron Man
45%
Wonder Woman
35%
Catwoman
25%
Batman
0%
Lizentzia

Creative Commons-en baimena
Blog honetako edukia, Igor Leturiak eta beste kolaboratzaile batzuek egiten dutena, Creative Commons Aitortu-PartekatuBerdin 3.0 Unported baimen baten mende dago (irudiak salbu).

Artxiboa
2004 2005 2006 2007 2008 2009 2010 2011 2012 2013 2014 2015 2016 2017 2018 2019 2020 2021 2022 2023 2024 2025
Artikulu aipagarriak

MythTV sorta
2004/11

"Pololoak" sorta
2004/11-12 - 2006/10-12 - 2007/02-03

Monoblogoa
2005/01/11

"Persepolis", xalotasunaren sakontasuna
2005/01/25

Elgetako Blogs&Beers 2005: nire inpresioa eta moblogging kontuak
2005/04/18

Firefox eta bere plugin zoragarriak
2005/05/11

"El País"-en komiki bilduma
2005/05/15

Euskarazko bi blog berri (bai, beste bi, baina hauek bereziak dira!)
2005/05/25

"Watchmen" sorta
2005/09-11 - 2006/10 - 2007/10 - 2008/07

"La cárcel de papel"-eko "Mis tebeos favoritos" saila I: 1etik 20ra
2005/11/08

"Goienkaria"-n agertu naiz
2005/12/08

Komikiak eta euskal rock-a
2005/12/14

Ruben Arozena "Ruben" komikigilea hil da
2006/01/02

Zope-rako DTML Calendar Tag produktua, euskaraz
2006/02/01

"Joyas Literarias Juveniles" bilduma, osorik eMule-n
2006/08/05

Argazkigintza eta DRM-a
2006/10/09

Paul Auster eta Euskararen Herria
2006/10/29

Angoulême sorta
2007/01-02

Gaur duela 25 urte nire bizitza aldatu zen
2007/04/23

Hergé-ren defentsan
2007/05/22

Ubuntu-ren bertsio berria, hobekuntza askorekin
2007/07/02

OLPC sorta
2007/12 - 2008/01

Guillermo Zubiaga, Marvel-eko komikilari euskalduna
2008/02/05

Asus EEE PC, ordenagailu txiki eta merkeen hurrengo sorta
2008/03/11

Agur, Ipurbeltz, agur... :-(
2008/08/04

"Café Budapest", gizatasuna eta bizikidetzaren aldeko aldarria
2008/08/25

"Arturo Erregea" serie mitikoa, Euskal Encodings-en! (beste askorekin batera)
2008/09/17

"Gazteak", beste serie mitiko bat euskaraz eskuragai!
2008/10/14

Pottokiek 50 urte!
2008/10/22

Europan ere OLPC-ren XO ordenagailuak erosteko aukera!
2008/11/12

Microsoft-en web zerbitzuetako gehienak, euskaraz!
2008/12/04

"Heroes"-en 2. denboraldia: ETB kirtenkeria errepikatzera, eta Euskal Encodings konpontzera
2009/01/23

I. Euskal OLPC Party-a, apirilaren 23an Donostiako Doka kafe antzokian
2009/04/16

Elkarrizketa egin didate 7K-n
2009/06/03

Azpiriren Spectrum-entzako jokoen azalak liburu batean
2009/10/06

Asterix, heroi garaitua
2009/10/29

"Ihes ederra", euskarazko komikigintzaren heldutasunaren konfirmazioa
2009/11/13

Pololoak 3: The making of
2009/11/22

5 urte 5!
2009/12/15

Nobela grafikoa, komikien prestigiorako ala mespretxurako?
2009/12/20

"Pololoak 3 - Atxeritoko balada", trilogiaren amaiera borobila
2010/01/13

Sinclair ZX Spectrum bat oparitu didate!
2010/01/19

Zergatik ez dudan liburu elektronikorik erosiko (gauzak aldatzen ez diren artean)
2010/01/27

Errealitate areagotua: munduaren pertzepzioa aberasten
2010/02/09

e-gorblog, "Nick dut nik" telebista saioan
2010/05/20

Sarearen neutraltasunari erasoak: Interneten izaera arriskuan
2010/06/02

"Avatar, azken aire maisua" osoa eta "Heroiak"-en lehen bi denboraldiak, Euskal Encodings-en
2010/07/22

Sistema eragileen guda berria
2010/12/14

Anubis 3.0 albumarentzat 3D animazio ederra
2010/12/27

Telebistaren benetako iraultza hemen da, eta ez da LTDa
2011/01/10

"Asterix galiarra" eta "Urrezko igitaia" berrargitaratu ditu Salvatek
2011/01/13

Euskarazko komikigintza digitalizazioaren aurrean
2011/01/27

"Ihes ederra"ren gaztelaniazko eta katalanezko bertsioak eta "Alokairuan", kalean
2011/02/20

Star Wars jatorrizko trilogia, euskaraz
2011/03/21

Sare sozialetan preso
2011/04/06

Zer dudan Steve Jobsen, edo Appleren, aurka
2011/10/14

Gaur 100 urte Adèle Blanc-Sec-en abenturak hasi zirela
2011/11/04

Euskarazko 8 komiki berri
2011/12/02

Social networks killed the RSS star?
2012/06/10