e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Komikipedia, euskarazko komikiaren gida
Iñaki Otamendi nekaezinak Komikipedia jarri du martxan, euskarazko komikigintzari buruzko informazioa ematen duen gunea. Wikipedia ezagunaren gisara, edonork elikatu eta gauzak gehitzeko asmoarekin egina dago. Haren azpiegitura bera erabiltzen duenez (MediaWiki softwarea, alegia), haren gisara funtzionatzen du, beraz Wikipedian aritzeko ohitura dutenei ez zaie kostatuko Komikipedian aritzea. Eta Komikipediako edukiek, Wikipediakoek bezala, lizentzia librea dutenez, biek elkar elika dezakete.
Momentuz azken hamarkadan euskaraz album edo liburu formatuan argitaratu diren komiki guztien eta haien egileen berri dago sartuta bertan. Denborarekin eta guztion laguntzarekin, denboran atzera joan ahal izango dugu eta euskarazko komiki guztien berri sartu, eta, zergatik ez, geroago agian aldizkari, zinta, azoka eta bestelako guztien informazioa ere jaso daiteke. Ongi etorri, Komikipedia!
Bi komiki erakusketa Donostian
Egun gutxiren tartean bi komiki-erakusketa irekiko dira Donostian. Donostiako Komikigunean, autoedizioa eta sorkuntzaren munduaren inguruan egiten ari diren Izkutukoak izeneko erakusketa-zikloaren barruan, Andrea Ganuzari eskainitakoa inauguratuko da bihar, ostirala, 19:00tan. Ekainaren 1a arte egongo da irekita.
Intxaurrondo Kultur Etxean, bestalde, komikietako fantasiazko hiriei eskainitako Fantascity erakusketa egongo da ikusgai hurrengo astelehenetik ekainaren 5era bitartean. Inaugurazioa astelehenean, hilak 7, 19:00etan izango da, Barón Roskow "La momia acústica"ren kontzertuarekin.
Ikustekoak, biak ala biak.
"Ío: Bizitza handia dago hor kanpoan", Daniel Piqueras Fisk-en komiki berria
Narval argitaletxeak bere lanetako asko Espainiako estatuko lau hizkuntzatan ateratzen ditu eta, lehenago Homo, suak guztia aldatu zuenean komikiarekin egin bezala, Ío: Bizitza handia dago hor kanpoan komiki hau euskaraz ere argitaratu du. Harena bezala, Daniel Piqueras Fisk da honen egilea ere. Ganbara batean botila baten barruan aurkitutako eguneroko baten bidez, bidaia espazial bat hasiko du Laikak.
"7 korapilo", 2018ko lehen euskarazko komikia
Tira, komiki honekin 2017ko uzta oparoa atzean utzi eta 2018ko euskarazko komikien berri-ematea hasiko dugu. 7 korapilo honek Xabier eta Martin Etxeberriak asmatutako itsasoaren inguruko zazpi istorio dakarzkigu, elkarren artean korapilatuak daudenak. Marrazkiak Jon Mikel Udakiolak egin ditu.
Komikia Jon Mikel Udakiolaren Txipibooks zigiluak argitaratzen du eta Amazon bidez banatzen da.
Nanokomik #2
Beno, bada, 2017an ateratako beste bat, CIC nanoGUNEk eta Donostia International Physics Centerrek sustatzen duten Nanokomik ekimenaren bigarren komikia hain zuzen ere. 2016an Dayanne eta Murillo, nanozientziaren indarra komikia egin zuten, eta oraingoan Nanokomik #2. Komiki kolektiboaren filosofia berarekin egin dute: lehiaketa batean 70 parte hartzaile baino gehiagok nanobotereak dituzten superheroiak asmatu behar zituzten, gero helduen kategoriako hiru lan onenen irabazleek Itziar Otegi eta Amaia Arregirekin batera hiru istorio idatzi dituzte eta azkenik Hodei Iparragirrerekin batera marraztu egin dituzte.
Gazteen kategorian lehenengo saria Jonas Casado Etxeberria Hernaniarrak irabazi zuen, Besaluze izeneko komikiarekin eta bigarren saria Berako Maricielo Asto Huamanek irabazi zuen Kasu inurriekin komikiari esker. Helduen kategorian lehenengo saria Aśka australiarrak irabazi zuen QUBLINGS - the espionage mission to Pluto lanarekin, bigarren saria Bartzelonako Jose Sénder Quintanak irabazi zuen, Teknaria lanarekin eta publikoaren saria Bartzelonako Ruben Molinak irabazi zuen, Hackgirl lanarekin. Lan irabazleekin erakusketa bat ere egin zuten Komikigunean.
Nanokomik #2 komikia euren webgunetik deskarga daiteke, eta Creative Commons - Aitortu -Ez komertziala - Partekatu berdin lizentziapean banatzen da.
Irkus (M) Zeberioren obrari buruzko erakusketa Donostiako Komikigunean
Oporrak direla-eta, ia pasatu zait... Donostiako Komikiguneak, komikiaren alde egiten duen lan ordainezinaren barruan, autoedizioa eta sorkuntzaren munduaren inguruko 5 erakusketa egiteko asmoa du aurten, Izkutukoak izenburupean. Horietako lehena, Irkus (M) Zeberioren lanaren ingurukoa izango da. Gurean ezezagun samarra den arren, kanpoan eta autoedizioan asko eta arrakastaz argitaratu du euskal komikigile berezi, aztoragarri eta abangoardista honek. Bere lanik ezagunena, beharbada, Nietzscheren lanean oinarritutako Dios ha muerto izango da (Bang ediciones, 2015).
2017ko beste hiru komiki-labur (azkenak?)
2017a zoratzeko moduko urtea izan da euskarazko komikigintzarentzat. 30etik gora komiki atera dira euskaraz! Aurreko urteetako markarik onenak bikoiztu dira! Poztekoa, zalantzarik gabe, baina estresantea era bai, horien guztien berri eman nahi duen blog bat baldin badaukazu... Beno, hemen duzue azken hiruen berri (ustez, ze ez litzateke harritzekoa izango oraindik ere besteren baten berri izatea, azken hilabeteak hala eman baititugu, sorpresaz sorpresa).
Batetik, SOS Arrazakeria elkarteak kaleratutako eta Pernan Goñik marraztutako Alaia, euskalduna eta musulmana komiki laburrak neska euskaldun eta musulman batek bizitzen dituen aurreiritziak eta bazterkeriak salatu nahi ditu.
Bestetik, Jon Mikel Udakiolak autoeditatutako Txomin, Txirulo eta Latxa izeneko komiki laburrean artzain baten, txakur baten eta ardi baten umorezko istorioak kontatzen dira. Amazonen eros daiteke.
Bukatzeko, neurozientzien ezagutza bultzatzeko eta hedatzeko egindako komiki laburra da Fast Brains – Adimen sortzailea eta nerabeak. Mikel Arbizaren gidoia du eta Joseba Larratxeren irudiak.
Ahabi Comics-ek hiru komiki atera ditu euskaraz
Ian Nose Puerto Ricon bizi den euskal herritarra da, eta bere komikiak argitaratzeko Ahabi Comics argitaletxea sortu zuen. Bere lanak hainbat hizkuntzatan kaleratzen ditu, tartean euskaraz. 2017an bi komiki atera ditu, eta 2016an beste bat.
2017koetako bat Non Legimus: Hitzen Gerra da. Gidoia Gabriel Alejandrorena da eta irudiak Ian Nose-renak. Manga estiloko komiki honetan haur baten bizirauteko abentura kontatuko zaigu, bizirik ateratzeko irtenbideak liburuetan irakurritako kontuak direlarik.
Beste bi komikiak Ian Nose-renak dira osorik. 2015eko Espainiako hauteskundeak lasterketa gisa irudikatzen ditu Antxintxiketan: Lasterketa demokratikoa seriean, manga estiloan. Lehen zatia (Iritsi da azkenean egun handia!) 2016an atera zen, eta iazko urtearen amaieran bigarrena etorri zen (Abarka miragarriak).
Komikiak Amazon bidez eros daitezke.
Susanna Martín-en "Tipi-tapa"
Hainbat GKEk osatzen duten Desazkunde eta Bizitze Ona Sareak argitaratu du Tipi-tapa bagoaz! Bizimodu jasangarrirantz komikia, Susanna Martínek egina. Bizi-estilo jasangarrietan oinarritutako gizarte bidezkoago baterako ideiak ematea du helburu. Creative Commons lizentziapean banatzen da (zehazki, CC-BY-NC-ND 4.0 lizentziapean), ahalik eta zabalkunde handiena izateko helburuarekin, eta doan deskarga daiteke. Badakizu, beraz: irakurri, bertan kontatutakoak praktikan jarri eta zabaldu!
Xabiroi 46 eta 47!
Xabiroialdizkariaren 46 eta 47 zenbakiak argitaratu ditu Ikastolen Elkarteak, iazko abenduari eta aurtengo otsailari dagozkionak hain zuzen. Ohiko edukiez gain (nire Albisteen txokoa, Aritzen Xabiroienea banda bertikala, Sanviren Auzomorroren bi orriak, Zaldieroaren Arranotxuren bi orriak eta Asiskoren Hor konpost, Manu Ortegaren Haizea eta Exprairen Pertza ustelaren gogoeta antzuak bandak), hau dakar 46 zenbakiak:
- Xabier Sagastaren azala
- Haur besoetakoa sailaren 6 orri, Unai Iturriagaren gidoia eta Sanviren irudiekin
- Asiskori egindako bi orriko elkarrizketa, Eusklabo alaiak dela eta
- Gregorio Muro Harrieten gidoia eta Patxi Pelaezen irudiak dituen Zilarrezko erraldoia 7 orriko istorioa
- Iñigo Astizen gidoia eta Dani Fanoren irudiak dituen Koxka 4 orriko istorioa
- BeKaren gidoia, Markoren irudiak eta Maëlla Cossonen koloreak dituen Salbatzailea bi orriko istorioa, Autobusa berriro bera gabe abiatu zen egunekoa komikitik hartua
Eta 47ak:
- Julen Ribasen azala
- Harkaitz Cano eta Iñaki Holgadoren Amets alokatuaken beste 6 orri
- Adur Larrearen 4 orriko Indar produktiboa istorioa
- KomikiTaun elkarrizketen sailean, Gregorio Muro Harriet, Sorgin seinalearen edizio osoaren berrargitaratzea dela eta
- Asiskoren gidoia eta Joseba Larratxeren irudiak dituen Basolatik berri onik ez seriearen beste 6 orri
- Susanna Martinen 5 orriko Zeharkaldi bat 36 zentaboren truke
Beti bezain fin Xabiroi!