e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Harriet argitaletxearen beste komiki eder bat: Oroiminaren uhartea
25 urtean armadan egon eta gurasoekin bat ere harremanik izan ez duen soldadua Frantziako Cévennes mendietako sorterrira itzuli da Indotxinako Gerraren ondoren. Aita alargunduarekin harremanik izan gabe jarraitzen du, 1958ko uholde lazgarriek batzen dituzten arte. Solasean, iraganera itzuli eta euren historia berriro idazten saiatuko dira. Horra Harriet argitaletxeak dakarkigun Didier Quella-Guyot eta Sébastien Moriceren Oroiminaren uhartearen gaia. Oso itxura ona duen komikia.
Harkaitz Cano eta Iñaki Holgadoren komiki berria: Amets alokatuak
XX. mende hasierakoa dirudien garai distopiko batean, jendea besteen ametsak ziztatuz kolokatzen da. Amets gaindosien pazienteez arduratzen da eta ametsak ikertzen ditu Zorban doktoreak, baina ez du hori bakarrik egiten...
Hauxe dugu Amets alokatuak komikiaren premisa. Xabiroi komiki aldizkarian atalka ateratzen diren istorioak batuz urtero argitaratzen dituzten albumetan 12.a da, Harkaitz Canoren gidoiekin eta Iñaki Holgadoren irudiekin egindako laugarrena, Piztia otzanak, Zebra efektua eta Museo bildumaren ondotik. Haiek bezala, hau ere eder, artegagarri eta poetikoa, intriga eta abenturazkoaz gain. Irakurri beharrekoa, zalantzarik ez, eta gozatzekoa.
"Buyan, heriotzaren uhartea", XIII. mendeko herrialde eslaviarretako mitologia eta historia abenturazko istorio batean
Urte anitzez egin dute lan Martin Etxeberria eta Xabier Etxeberria gidoilariek eta Aritz Trueba marrazkigileak Buyan komikian, eta azkenik heldu da fruitua jasotzeko ordua. Laster AEBetan eta Frantzian ikusiko du argia, Insight Comics eta Akileos argitaletxeen eskutik hurrenez hurren. Eta, guretzat garrantzitsuena dena, euskaraz ere atera berri da, Buyan, heriotzaren uhartea.
210 orriko komiki mardula dugu hau. XIII. mendean Errusiako ipar-mendebaldean kokatzen da istorioa. Protagonista Maansi da, bere herriaren aurkako eraso batean emaztea galdu duen ehiztari gaztea, mitologia eslaviarreko Buyan hildakoen uhartearen bila abiatzen dena harekin elkartzeko.
Iazko Eusko Jaurlaritzaren komiki-dirulaguntzetako bat eskuratu zuen Aritz Truebak Buyan egin ahal izateko. Horrez gain, euskaraz atera ahal izateko, Turko Comics zigilu propioa sortu dute egileek. 430 ale inprimatu dira euskaraz momentuz. Biba zuek!
Komikiaren webgunea ere paratu dute, lagin batekin, aurkezpenen zerrendarekin, saltokiekin eta abarrekin. Donostiako Udal Liburutegian egin zuten aurkezpena hil honen 10ean, baina hurrengo asteetan aurkezpen gehiago egingo dituzte hainbat tokitan, beraz adi!
Komikia ondoko dendetan eskuratu ahal izango da:
- Donostia
- Armageddon
- Donosti
- FNAC
- Generacion X
- Hontza
- Kaxilda
- Zubieta
- Komikigunea
- Hernani
- Gaueko
- Zarautz
- Garoa
- Wasabi
- Irun
- Tinta Comics
- Bilbo
- Joker
- Zinco
- FNAC
- MasQLibros
- Gernika
- Obaba
- Durango
- Urrike
- Hitz
- Gasteiz
- Zuloa
- Omega center
- Caracola
- Iruñea
- Libreria TBO
- Katakrak
- FNAC La Morea
- Karrikiri
Getxoko Komiki-Azoka aste bukaera honetan, ostiraletik igandera
Iristear dago berriz ere Euskal Herriko komiki-ekitaldirik garrantzitsuena, Getxoko Komiki Azoka alegia. Urriaren 18tik 20ra izango da, hau da, ate bukaera honetan, ostiraletik igandera bitarte. Salmenta-gunea Areetako Geltokiko Plazan egongo da eta aurkezpenak, hitzaldiak, tailerrak eta bestelako jarduerak Romoko Kultur Etxean egingo dira. Egile ugari izango dira bertan, eta sinatze-txandak salmenta gunean zein Romoko Kultur Etxean egingo dira.
Euskarazko komikigintzak ere izango du bere lekua bertan, jakina. Harriet argitaletxea han izango da hemen aipatutako nobedadeekin eta bere katalogo guztiarekin, eta Xabiroiren stand-ean Xabiroiko produktuez gain azken urteetako euskarazko komikigintza produkzio guztia egongo da, ohi bezala. Eta bietan, euskal komikigintzako egileak egongo dira gure komikiak sinatzeko! Xabiroiko stand-ean sinatzen egongo diren egileak eta orduak Xabiroiren Facebook-en orrian ikus daitezke.
"Isaline 2 - Sorginkeri izoztua" atera du Harriet-ek
Iaz Isaline, sukaldaritzako sorginkeria istorioarekin bezala, aurten Isaline sorgin gaztearen abentura gehiagorekin gozatu ahal izango dute etxeko txikienek, Harriet argitaletxeari esker. Maxe L’Hermenier eta Yllyaren irudiak dituen Isaline 2 - Sorginkeri izoztuaistorio berri hau elurretan gertatzen da, eta beti bezala magia, abentura eta umorez betea dago. Izan ere, erdi sorgin zarenean, ez da ez erraza besteak bezalako neska izatea...
Hertzainak dela eta, 50 urteen bueltan dagoen baten gogoeta, aldarrikapen eta eskakizun zenbaitzu
Joan diren asteetan, gure euskal txokotxoko gertakari garrantzitsuenetakoa izan da, zalantzarik gabe, Hertzainak-eko Josu Zabala eta Garik talde mitikoaren abestiekin Kafe Antzokian eta Euskaldunan emandako kontzertuak. Han egon ginenok TxioHerria bete genuen argazkiz, bideoz eta emozioz. Eztabaidatxoak ere sortu ziren komentarioetan: ez dela ordukoa moduko musikarik egiten honek eta ez dela horrenbesterako hark; garai haietan kriston martxa zegoela batzuk eta sasoi ilunak zirela beste batzuk; nostalgiko hutsak garela urliak, nostalgia baino gehiago izan zela sandiak eta nostalgia apur batek zer duen txarra berendiak... Eta horiek guztiak xuabeak izan dira batez ere gure belaunaldikoen arteko kontuak izan direlako. Jende gazteagoa, gure seme-alabak eta, Instagram-en daude eta ez txiolandian justu gure gaiak ez zaizkielako axola eta gu gehiago agoantatu behar ez izateko, baina elkarrizketan parte hartuko balute, esango ligukete ez flipatzeko, musika hori en plan zarata besterik ez dela, ez brasa emateko eta bakean uzteko eta hil gaitezela jada...
Eztabaida intergenerazional hauek normalak dira. Gu gazteak ginela eztabaida bera izaten genuen gure gurasoekin. Eta haiek, gaztetan, gauza bera haienekin. Orain gu gara zahartzen ari garenak eta gazteagoekin horrelako diskusioak ditugu.
Baina ez du merezi tematzeak eta erresumintzeak. Izan ere, gaia lasaitasunez eta objektiboki aztertuz gero, ikusiko dugu ez dela zuzena pentsatzea “gure garaiak” edota “gure musika” beste garaietakoak baino hobeagoak direnik. Guztiek garai guztietan hori pentsatu badute, ezinezkoa da guztiek arrazoia izatea. Erlijioak bezala da, justu denek uste dutelako beraiena dela jainko benetako eta bakarra ezin dute denek arrazoia izan, eta ez dago motiborik pentsatzeko erlijio batek beste edozeinek baino aukera gehiago duenik egiazkoa izateko. Dagokigunari itzuliz, guztiek arrazoia izateko modu bakarra da garaiak eta musikak beti hobera egiten joatea denboran zehar eta horregatik garai bakoitzeko gazteek arrazoia izatea aurrekoekin alderatuta, baina orduan arrazoia galtzen dute zahartzean eta ondorengoekin konparatuta... Kontraesana dago horretan ere, beraz ezinezkoa da.
Eta, aldi berean, gauza erabat naturala da norberarentzat bere gazte garaia eta gaztetako musika bereziak izatea. Gaztea zarenean gaztea zara, joe. Garaitezina zara eta dena duzu posible. Lagunekin eta lagunentzat bizi zara, irekia zaude esperientzia basati eta musika berriei. Zientziak ere dio gazte garaiak direla hobekien gogoratzen ditugunak, gazte garaiek beti luzeagoak diruditela eta gure burmuinak, defentsa-mekanismo gisa edo, gauza onak gogoratzen dituela txarrak baino gehiago. Gure gazte garaiek gauza txar asko izan zituzten, eta gure gurasoenek zer esanik ez. Baina kristoren martxa zegoela gogoratuko dugu guk, eta Frankoren aurka batuta ginela beraiek... Berdin musikarekin: onarekin batera garai guztietan egon da gauza txar asko ere, baina onarekin soilik akordatzen gara. Eta geroago etorritako musiketara oso irekiak egon gaitezke (ez naiz horietakoa, aitortzen dut), baina gazte garai mitifikatuetan ezagututako eta bizitako musika beti eramango dugu bihotzean.
Beraz, utz ditzagun eztabaida antzuak. Ez gaitezen saiatu besteak konbentzitzen gure musika edo denbora hoberenak zirenik. Baina beste aldetik ere, utz diezaiotela zaharragoek edo gazteagoek guri beraienak hobeak zirela esateari, norberarentzat bere garaikoa berezia da eta kito.
Eta irudipena dut gure aurreko belaunaldikoek asumitu dutela hori eta horri esker lasaiago bizi direla. Beti bere batailatxoekin gora eta behera dabilen “abuelo Cebolleta”-ren irudia okerra da agian, uste dut gure adinekoak garela gazteei gure garaien kontuekin etengabe aspertzen gabiltzanak. Nagusiagoak ez dira saiatzen gu konbentzitzen beraien garaiko musiken bikaintasunaz, baina aldi berean argi dute beraiek hori atsegin dutela. Eta euren aisian, neurri batean behintzat, musika horretaz disfrutatzeko aukera ematen zaie eta izaten dute: Mediterraneoko neguko egonaldietan hoteletako guatekeetan, gure telebista publikoko larunbat gauetako mariatxi emanaldietan, herriko jaietan rantxerekin, Antonio Machín, Julio Iglesias, María Dolores Pradera eta abarren musikekin antolatzen zaizkien lehengoen moduko berbenetan...
Ez dakit zein adinetan asumitu zuten hori gure gurasoek. Jubilatzean? 60 egitean? Lehenago? Edozein kasutan, gure generaziokoak ez gaude adin horretatik oso urruti, eta hobe genuke berdin egiten hasiko bagina. Gogorra da, bai, azken finean gu ere zahartzarora iristen ari garela onartzea baita. Baina orduan bakarrik utziko diogu gure musika onena zela konbentzitzen saiatzearen eta espazio publiko masiboa berreskuratzearen alferreko saiakerari, eta benetan merezi duen borrokari heldu ahal izango diogu: ikusaraztea ez gaituztela iritziz aldatuko eta guk gure garaiko musika atsegin izaten jarraituko dugula, eta egungo jubilatuek bezala guk ere guretzako antolatutako gune eta txokoetan etorkizunean gure musikaz gozatzeko aukerak izateko eskubidea dugula.
Hel diezaiogun horri, bada, lehenbailehen. Hasteko, gure exijentziari forma eman beharko diogu. Honelako zerbait izango litzateke: gutako azkena lurpean (edo erraustuta, edo medikuntza fakultateko laborategi batean) ez dagoen artean, noizbehinka 80ko hamarkadako euskal musika entzuteko ekitaldi eta aukerak nahi ditugu. Orduko taldeen kontzertuak ETB-n larunbat gauetan, elektrotxarangak, tributo taldeak, RRV jotzen duten berbena-taldeak... Benidormen ere bai, ahal bada.
Gero eskaera ozen eta gogor eta etengabe errepikatu beharko dugu. Bestela, herri hau eta gure agintariak ezagututa, jubilatzen garenean gure aisia-eskubidea bermatzeko eskainiko digutena Miguel Bosé, Hombres G, Alaska, Olé Olé eta enparauak izango dira. Eta bale, horiek ere nahiko dituzte/ditugu batzuek, baina ez bakarrik. Euskal rock erradikala deitutakoaren garaian hazitakook ere zahartzaroan hori disfrutatzeko aukerak nahi ditugu. Egungo erretirodunek beraien denboretako kantez gozatzeko duten bezainbesteko eskubidea dugu, ez gutxiago ez gehiago.
Edo, ze ostia!, agian gehiago ere bai, ez? (Oraindik pasa den asteko kontzertuaren beroaldiarekin nago, eta objektiboki eta zentzuz eta inpartzialki idazten saiatu banaiz ere, garai edo musika batzuk ez direla besteak baino hobeak edo txarragoak eta mar, mar, mar..., idatzi ahala gora etortzen ari naiz). Aitortu beharko zaizkio euskal rock erradikalari, aurreko belaunaldietakoen eta ondoren etorritakoen aldean, bertakotasun bat, autentikotasun edo freskotasun bat, burugabetasun edo inkonszientzia bat, ez komertzialtasuna ere nahi bada, bilatu gabe ere bere garaian izandako garrantzia eta arrakasta eta horren meritua..., ezta?
Eta beraiekin hasi garenez, bereziki Hertzainak taldea goraipatu behar dut. Pertsonalki, nire gazte denbora guztian oso presente egon den taldea izan da eta guztiz ezinbestekoa izan zen norberaren izaera guztiz baldintzatzen duten urte horietan. 13 urte nituen Hertzainak atera zenean, asko entzun zen lehen disko hura. Punk-rock musika euskaraz entzuten genuen lehenbiziko aldia izan zen. Nik neuk klasekideen bitartez entzun nuen bereziki, gelako txango eta ikasketa-bidaian-eta, baina nintzen mutiko formalarentzat ez zen etxean izan edo entzuteko musika. Bigarrena ere, Hau dena aldatu nahi nuke, jaietan-eta tabernetan sartzera ausartzen ginenetan asko entzun genuen. Eta Salda badagotik aurrera kontzertu askotan izan ginen koadrilakoak, bereziki ni eta beste lagun bat jarraitzaile handiak izan ginen. Zuzeneko kontzertuaren grabaketan egon nintzen eta agurrekoetako batean ere bai.
Hala ere, esperientzia pertsonaletatik harago, ezin ukatuzkoa da Hertzainak taldea ikaragarria izan zela bai musikalki, bai letren aldetik, bai linguistikoki (euskara hain txukun eta ederrean talde oso-oso gutxik egin dute euskal rock-ean), eta beraien eragina izugarria izan zela euskal musikan eta gizartean. Nire beste talde gogokoenetakoa den The Clash-ekin izan zituzten antzekotasun eta paralelismo ugariei (izar gorriaren erabilera azaletan, rock-punk gogorraren hasieratik doinu esperimental eta melodikoagoetara pasatzea, haien I fought the law-ren bertsioa abesten zuten hasieratik eta azken diskoan sartu zuten...), beste bat gehitu behar zaie: talde ingelesa mundu mailan izan ziren eta diren bezala, Hertzainak izan dira eta dira Euskal Herrian “the only band that matters”.
Mila esker Josu, Gari eta Hertzainak talde guztiari, eman zeniguten guztiagatik.
Harriet-ek euskaraz dakargu "Harald eta Ignir-en altxorra"
Ignir herensugeak bikingoen Dagmar erregea preso hartu du eta hiltzera kondenatu, erregeak lapurtu zion altxorreko harribitxi magikoa berreskuratzeko. Baina lapur talde batek hartu zuen harribitxia altxorretik... Dagmarren seme Harald lapurren eta harribitxiaren bila abiatuko da, abenturez beteriko espedizio batean. Antoine eta Matthieu Brivet anaiek sinatzen dute Harriet argitaletxeak euskarara ekarritako Harald eta Ignir-en altxorra hau.
Zientzia fikzio feministazko liburuen komiki tailerra, Garazi Albizua eta Irati F.G.-ren eskutik
Irailaren 6 eta 7an AnsibleFest egingo da Bilbon, zientzia fikzio feministaren jaialdia, aurten bigarrenez, BilbaoArte Fundazioan. Egitarau interesgarriaren barruan, zientzia fikzioa, komikia eta feminismoa biltzen dituen ekitaldi ezin interesgarriago hau dago, gainera euskaraz izango dena: zientzia fikzio feministazko liburuen komiki tailerra.
Tailerra Garazi Albizuak (besteren artean, Kemena komikiaren egilea) eta Irati F.G.-k (besteren artean, Todas putas eta Tupust! komiki kolektiboetan parte hartutakoa) emango dute. BilbaoArte Fundazioko Ilustrazio Aretoan izango da, irailaren 6an arratsaldeko 18:30ean. Ez galtzekoa!
Mahala esneki enpresaren komikiak
Esnekiak, izozkiak eta txerrikiak ekoitzi eta saltzen dituen Leaburuko Mahala enpresak, besteren artean, komikiak ere baliatzen ditu bere enpresa eta produktuak promozionatzeko. Beraien webgune txukunean Alai Zubimendik egiten duen Mahalen eta mundua komikia argitaratzen dute, orri bateko umorezko atal laburretan. Komikiaren protagonista mundua ezagutu nahi duen Mahalen txekor gaztea da, eta jada lau atal atera dituzte: lehenengoa, bigarrena, hirugarrena eta laugarrena.
Euskarazko komikiari buruzko webgune oso interesgarri bat: LainoMehe
Euskal komikizaleok azkenaldian zorionekoak garela esan daiteke. Urterik urte euskarazko komikien produkzioa gora doa, bai bertan egindakoa zein itzulitakoa, blog hau jarraitzen duen edonork argi ikusiko zuen bezala. Eta gainera, produkzioaren eta interesaren erakusle, azken urteetan ugaritu egin dira sarean euskarazko komikiei buruzko informazioa ematen duten guneak: Mikel Begoñaren Komikeri blog bikaina, Iñaki Otamendi Dabilenharriak sortutako Komikipedia ezinbestekoa...
Bada, oraintsu beste baten berri izan dut (nahiz eta, antza, 2014tik martxan dagoen): LainoMehe. Ematen duenez, bere egilea Ian Nose da, azken urteetan Ahabi Comics zigilupean euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan hainbat komiki autoeditatzen ari den Filadelfian bizi den euskal herritarra.
LainoMehe webgunean albisteak aurkituko ditugu eta baita artikulu guztiz ezinbesteko bi: Asterixen eta Tintinen euskarazko argitalpenen kronologiekin egindako artikulu bana dago, beheko menuaren bidez atzitu dezakeguna.
Baina beharbada webgunearen edukirik bereizgarriena eta interesgarriena digitalean deskargatzeko moduan jartzen dituen euskarazko komikiak dira. Ez dira jatorriz euskaraz argitaratutakoak, itzulitakoak baizik, batzuk argitaletxeek itzuli eta ateratakoak eta beste batzuk webgunearen egileek eurek itzulitakoak. Argitaletxeek kaleratutako komikien kasuan, ez daude osorik, orri gutxi batzuk eskaneatu eta eskuragai jarri dituzte, erosteko estekarekin batera (jada deskatalogatuta ez badaude). Hala, argi gelditzen da, egileek aurkezpen orrian dioten bezala, asmoa ez dela euskarazko komikien pirateoa, hauek bultzatu eta zabalkundean laguntzea baino. Ondoko hauek dira:
- Hergéren Tintin Kongon (Elkar etxeak 1986an argitaratutako eta jada deskatalogatutako edizioaren 21 orri)
- Paco Rocaren Zimurrak eta Etxea (Astiberrik kaleratzen duen edizioaren 3 orri bakoitzetik)
LainoMehe-koek eurek euskaratu dituzten komikiei dagokienez, hauen kasuan ere asmoa euskarazko komikiari laguntzea besterik ez da, egile klasiko batzuen komiki edo atal gutxi batzuk jendeari euskaratuta eskainiz horiek euskaraz atera daitezen bultzatzen duten bitartean. Hauek dira zehazki komiki horiek:
- Moebiusen Izar gainean-en Konpontzailea sarrera-kapitulua, 6 orrikoa
- Katsuhiro Otomoren Akira ezagunaren lehen 3 atalak
- Akira Toriyamaren bi komiki euskaldunontzat oso ezagunak, bien animé bertsioak ETBk euskaraz emandakoak baitira: Dragoi Bola (lehen 5 atalak) eta Dr. Slump (38. atala)
- Bill Wattersonen Calvin eta Hobbes bikainaren lehen astea (igandeko orria eta sei zinta)
- Josep Maria Beàren Buruko toki batean-en A zona kapitulua
Esan bezala, webgune zinez interesgarria da LainoMehe, baliabide apartekin eta eduki interesgarriarekin. Urte askotarako, LainoMehe!

