e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
"Komikiari begiratzeko modu berriak: haur eta gazteen literatur ohiturak suspertzeko bideak" ikastaroa Komikigunean, Galtzagorrik antolatuta
Galtzagorri Elkartearen Haur Literatura Mintegian, duela hiru urte hasi ziren eskaintzen duten trebakuntzaren barruan mintegiko kide ez direnei ere formazio saio horietara joateko aukera zabaltzen. Aurtengo ikasturterako formazio saio berri bat antolatu dute, komikia mintzagai hartuta, Komikiari begiratzeko modu berriak: haur eta gazteen literatur ohiturak suspertzeko bideak izenburuduna. Hain zuzen ere, komikiaren alderdi didaktikoaz edota komikia oinarri hartuta haur eta gazteen irakurketa ohiturak suspertzeko estrategiez jardungo dute. Horretarako, bi aditu gonbidatu dituzte formazio saio honetan parte hartzera: Amaia Serrano eta Iratxe Retolaza, unibertsitateko irakasle, literatura ikertzaile eta kritikariak.
Hauexek dira formazio saioan landuko diren edukiak:
- Euskal komikiaren historiaren aurkezpena
- Komikiaren adierazpideak: komiki-orriaren arkitektura, kode artistiko-komikoak eta kode linguistiko-komikoak
- Komiki-liburu baten lanketa: Pololoak trilogia
- Komiki-zintak eta komiki-binetak, komunikazio-gaitasuna lantzeko baliabide
- Literatura testuen komiki-egokitzapenak: narrazio-osagaien baliabideez jabetzeko bide
- Komikia sormena lantzeko bide
Eta ikastaroaren helburuak, hauek:
- Euskal komikiaren historiaren ibilbidea ezagutzea
- Komikiaren ezaugarri artistikoez jabetzea
- Komikiaren bitartez literatur ohiturak suspertzeko aukerez jabetzea
- Komikiak komunikazio-gaitasunak lantzeko ematen dituen aukerez jabetzea
- Komikiak komunikazio literarioan trebatzeko eskaintzen dituen aukerez jabetzea
Haur eta gazteen irakurzaletasuna sustatzeko kezka eta interesa duen edozein
bitartekariri dago zuzendua: irakasle, bibliotekari, guraso, hezitzaile, dinamizatzaile, sortzaile, ikerlari, irakurle... Trebakuntza saioa Donostiako Komikigunean izango da, Errege-Erregina Katolikoen kaleko 16.ean, azaroaren 17an, larunbata, goizeko 9:30etik 13:30era. Galtzagorriko mintegiko kideentzat dohainik da, bazkideentzat 40 euroko prezioa du eta gainontzekoentzat 60 euro. Azaroaren 9a baino lehen eman behar da izena. Gehienez 40 ikaslek parte har dezakete eta onarpena izen emate ordenaren arabera egingo da, beraz, azkar ibili!
Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako 2018ko Euskadi Saria Eider Rodriguezentzat, "Santa Familia" komikiarengatik
Eider Rodriguezek eraman du aurtengo Euskarazko Haur eta Gazte Literaturako Euskadi saria, Xabiroik argitaratutako Santa Familia komikiaren gidoiarengatik. Aurten bi Euskadi sari eraman ditu, Euskarazko Literatura arlokoa ere eman baitzioten Bihotz handiegia liburuagatik. Zorionak, Eider!
Saria Eiderri eman badiote ere, kontuan izan behar da komiki batean gidoiaren eta marrazkien bidez kontatzen dela istorioa, beraz Julen Ribas marrazkigileak ere izango du meriturik, ezta? Are gehiago kontuan izanik sari hori inoiz eraman izan duten bi komikiak berak marraztutakoak direla! 2012an Iban Zalduari eman zioten Julenen irudiak zituen Azken garaipena komikiarengatik. Beraz, zorionak zuri ere, Julen! Eta jakina, bi komikiok Xabiroik ateratakoak dira, beraz zorionak Xabiroiri ere!
Eusklabo alaiak, katalanez!
Eusklabo alaiak Asisko Urmenetak iaz argitaratutako komikia da, euskaldunon menpekotasun inkontzientea salatu eta emantzipazio mental eta nazional baterako bidea erakusten zuena, umorez eta jakinduria handiz. Orain katalanez atera du Pol·len argitaletxeak, Els eusclaus feliços izenburuarekin. Anaia katalanek jada komikiak ematen dituen lezio historiko eta politikoen beharrik ez badute ere (gu baino askoz aurrerago doaz horretan), liburuaren alde jolasti eta umorezkoaz (hitz joko batzuen itzulpen ezinezkoak gorabehera) guk bezainbeste gozatzeko aukera izango dute, ziur!
"Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak" komikia egin du Dani Fanok, El Salvadorreko Alderdi Komunistako kide historikoaren ingurukoa
Zalantzarik gabe, Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak urteko komikirik aipagarrienetako bat da, eta ez diot Dani Fano bere egilea Xabiroi aldizkarian jefea dudalako, kar kar kar... Urte luzeetako lan gogorraren ondoren, eta iaz Eusko Jaurlaritzaren komikiak ateratzeko marrazkilarientzako lau diru-laguntzetako bat irabazi ondoren, argia ikusi du azkenean komiki mardul eta eder honek, Astiberriren eskutik. Migel Marmol El Salvadorreko Alderdi Komunistako sortzaile eta buruzagietako bat zen, 1932ko indigenen altxamenduan parte hartu zuena. Hilezkorraren mitoa zeukan bere gainean; izan ere, fusilatu egin zuten eta hiltzat eman, beste askotan hiltzen saiatu, eta beti alferrik. Bere bizitzako pasarte horiek kontatzen dira bereziki komikian. Fano El Salvadorren izan zen liburuaren inguruan dokumentatzeko, lekuko eta senideekin hitz egiteko... Eta El Salvadorreko Museo de la Palabra y la Imagenek ere argitaratuko du han.
Komikiaren aurkezpena etzi egingo da, ostegunean, hilak 25, goizeko 11:00etan, Donostiako Komikigunean. Bertan izango dira, Dani Fano egileaz gain, Koldo Izagirre euskararako itzultzailea, David Zapirain Komikiguneko arduraduna eta Cristo Calderón Mundo Salvadoreño elkarteko kidea.
Berrikuntzekin dator aste bukaera honetan egingo den Getxoko Komiki Azoka: manga azokarik ez, bi gune ezberdin eta sarrera doan
Datorren ostiraletik igandera bitartean egingo da Euskal Herriko handiena den Getxoko Komiki Azoka. Aurten, baina, hainbat berrikuntzarekin datorkigu: batetik, azken aldietan komiki azokarekin batera edo inguruko beste aste bukaeraren batean egin izan den manga azoka ez da aurtengoan egingo: bestetik, gunerako sarrera dohainik izango da, edukiera betetzen den arte; eta azkenik, argitaletxe eta denden standak egongo diren gune komertzialaz gain (ohi bezala, Areetako Geltokiko Plazan izango dena), hitzaldi, erakusketa, sinatze-txanda eta abarrak egingo diren beste gune bat egongo da Romo Kultur Etxean, Santa Eugenia Plazan. Ohikoa denez, hainbat egile gonbidatu egongo dira, erakusketak, sinatze-txandak, hitzaldiak, mahai-inguruak, aurkezpenak, tailerrak, proiekzioak...
Euskal komikiari dagokienez, hiru stand egongo dira: Harriet argitaletxea, bere aurtengo nobedadeekin eta aurreko produkzio guztiarekin, den-denek euskarazko edizioa dutela; Astiberri, bere aldizkako euskarazko produkzioarekin; eta Xabiroi, bere aldizkari eta albumez gain azken urteotako euskarazko produkzio guztia ere izaten duena, eta egile mordo bat, Xabiroikoak zein beste argitaletxe batzuetakoak, sinatzen izango dituena. Horrez gain, Asiskori eskainitako erakusketa bat ere egongo da azokako karparen inguruan. Bestalde, Euskal Herrian egindako komikiari buruzko mahai-ingurua egongo da igande arratsaldean hainbat komikiren aurkezpenekin eta euren egileekin, tartean euskaraz ere badauden Gerezi Garaia (Belatz), Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak (Dani Fano) eta 1937 - Gerrako umeak (Rafael Jiménez, Kaskajo eta Maria Pedrosa).
Han ikusiko dugu elkar!
Beste 4 komiki, urteko lehen seihilabetekoko komikiekin amaitzeko
Getxoko eta Durangoko azokek udazkenero eragiten duten komiki-zaparradaren berri ematen hasi aurretik, urtearen lehen erdiak emandakoekin bukatuko dugu. Orain arte komentatu ditugun zazpiez gain, beste lau dakarzkizuegu hemen.
Santillana-Zubia argitaletxeak atera du euskaraz, Joseba Santxok itzulita, 2016an Andrés Guerrerok egindako Maitasuna zailegia da komikia. 14 urtetik gorako gaztetxoei zuzenduta dago, eta hainbat maitasun istorio kontatzen dira bertan.
Ahabi Comics argitaletxea Ian Nose AEBn bizi den euskal herritarrak sortu zuen bere komikiak ateratzeko, hainbat hizkuntzatan, tartean euskaraz. Aurrez ere eman dizuegu azken urte parean atera dituen komikien berri. Puerto Ricon ere egiten du euria honetan bere lehengo bizileku izandako Puerto Ricon kokatutako istorio labur bat dakarkigu.
L.S.B., Ana komikiak neska lesbiana baten eguneroko kontuak kontatzen ditu, normaltasunez, baikor eta umorez. Teresa Castrok sortu zuen pertsonaia, eta lehenengo istorioak medio ezberdinetan atera ondoren, 2013tik aurrera Gehitu elkartearen (Euskal Herriko gay, lesbiana, bisexual eta transexualen elkartearen) aldizkarian argitaratu dira. Orain, crowdfunding bidez autoeditatuta, istorio haiek liburu batean batu ditu, euskara eta gaztelaniazko edizio bakarrean. Doan jaits daiteke bere webgunetik.
Madrilgo Narval argitaletxea azken aldian Daniel Piqueras Fisken komiki mutuak euskarazko edizioan ere argitaratzen ari da. Lehenago Homo eta Ío bezala, oraingoan Glup: itsaso urdinaren azpitik atera du. Itsasoa eta bertan bizi diren izakiak maite dituen neskatxa baten abenturak kontatzen ditu bere estilo samur eta politean.
Ekaineko Xabiroi
Xabiroi aldizkariak, Ikastolen Elkarteak argitaratzen duen komiki-aldizkariak, 48. zenbakia argitaratu du, aurtengo ekainekoa. Jarraian duzue bertan aurkituko duzuena:
- Guillermo Gonzalezen azala
- Neure albisteen txokoa
- Aritz Irigoienen Xabiroienea banda bertikala
- Sanviren gidoi eta irudidun Auzomorro umorezko orri bikoitza, Argitxo, Ttantto, Txirritx eta Xangorekin
- Harkaitz Cano eta Iñaki G. Holgadoren Amets alokatuak sailaren beste 6 orri
- Asiskoren Hor konpost, Manu Ortegaren Haizea eta Exprairen Pertza ustelaren gogoeta antzuak zintak
- Asiskoren Paleoletika 5 orriko istorioa, Dani Fanoren koloreekin
- Komikitaun elkarrizketa, oraingoan Iñigo Astizek Iñaki Otamendi Komikipediaren sortzaileari egindakoa
- ZaldiEroaren Arranotxuren beste bi orri
- Basolatik berri onik ez seriearen 6 orri, Asiskoren gidoia eta Joseba Larratxeren irudiekin
- Arantxa Iturberen gidoia eta Maite Gurrutxagaren irudiak dituen Zerbait 4 orriko istorioa
On egin dagizuela!
Harriet-en aurtengo orain arteko bi komikiak
Bizitzen ari garen euskarazko komikien loraldiaren “errudun” nagusietakoa, zalantzarik gabe, Harriet argitaletxea da. Iaz 8 komiki atera zituen, eta aurten ere bide beretik doa. Inoiz ez hau da momentuz atera duenetako bat, Bruno Duhamelena. Iaz Harrietek Itzulera kaleratu zion egile horri, eta oraingo lan hau orduko hura bezain ederra da, edo are ederragoa, nire iduriko. Normandiako Troumesnil herriko alkateak Madeleine atso itsua bere itsaslabar gaineko etxetik atera eta zaharren egoitza batera eraman nahi du, luizi batek etxea bera barruan duela bota baino lehen. Baina Madeleinek ez du joan nahi, han baititu bere senarraren oroitzapen guztiak, eta burugogorra da oso...
Eta Harriet-ek atera duen beste bat, Maxe L’Hermenierren gidoia eta Yllyaren marrazkiekin: Isaline, sukaldaritzako sorginkeria. Isaline neska gazte bat da, beste edozein bezalakoa litzatekeena... sorgina ez balitz! Atsegin duen mutila festa batean harritzeko, amonaren pastel magikoaren errezeta hartzen du. Zer atera daiteke gaizki?
Gozatu eta adi egon, zeren eta laster emango dizuegu Harriet-en udazkeneko nobedadeen berri!
Intxaurrondoko Kultur Etxeko udazkeneko komiki-ekitaldiak
Martxan dago jada Intxaurrondo Kultur Etxearen komiki-jardueren kurtso berria. Azken kurtsoetan egiten ari diren komiki-solasaldien barruan (aurten ere bost egingo dira gaztelaniaz, Juanma Díaz de Guereñuk gidatuta, eta lau euskaraz, nik gidatuta), urte honen amaiera bitartean hiru egingo dira, eta horiez gain beste hitzaldi bat ere emango da.
Juanma Díaz de Guereñuk gidatutako solasaldiak Sonny Liewren El arte de Charlie Chan Hock Chye (urriaren 9an) eta Gipiren La tierra de los hijos (abenduaren 11n) komikiei buruzkoak izango dira. Nik gidatutakoa azaroaren 13an egingo dugu eta Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak komikiaren ingurukoa izango da, Dani Fano egilea bertan izango dugula (laster hitz egingo dizuet komiki berri honi buruz).
Eta ohiko solasaldiez aparte egingo duten hitzaldia Kike Infamek emango du, La vuelta al mundo en 8 cómics, eta munduko toki ezberdinak komiki ezagunetan nola agertuko diren landuko du.
Beti bezala, lan handia egiten du Intxaurrondo Kultur Etxeak komikia zabaltzen. Behar bezala erantzungo ote dugu zaleok!
Euskaraz argitaratutako komikiak: 2018 urteak orain arte eman duena
2018 urtea aurrera doa, eta udazkeneko komiki uztaren atarian, noiz Getxo eta Durangoko azokei begira komiki berrien kopurua handitzea ohikoa den, merezi du orain arte argitaratutako lanen errepasoa egitea, nobedadeen olatuak ez ditzan orain arteko perlak estali.
Kurtso hasiera honetan irakurgai bila dabilenak aniztasuna topatuko du komiki zerrendan: bai marrazketa estilo anitzak, bai liburu salduenen zerrendan goia jo duten komikiak eta baita agian sorpresa ezezagun batzuk ere.
www.komikipedia.eus datu basean jaso denaren arabera, 10 lan argitaratu dira euskaraz 2018ko lehen 9 hilabeteetan, eta posible da hilabete honetan zehar beste 3-4 gehitzea zerrendari.
Kopuru horietan oinarrituta, aipatu daiteke euskaraz zuzenean sortu direnak 2 lan izan direla, beste 2 euskal autoreen komikien euskarazko bertsioak direla, eta gainontzeko 6 itzulpenetatik 4 gazteleratik eta 2 frantsesetik itzuli direla.
Gaiak esan bezala anitzak dira, baina aurten nabarmentzen ari dira biografia kutsukoak. Ekoizpenari dagokionez, 10etik 8tan argitaletxeek Euskal Herrian dute oinarri edo delegazioa. 2018an ere autoekoizpenak edo crowfunding bidezko proiektuak badaude, eta pare baten kasuan komikiak salgai egon arren doan deskargatzeko aukera ere eskaini dute autoreek.
Euskaraz sortu direnetatik hasita eta euskal argitalpen industriako argitaldarietatik hasita, hauek dira orain arte Komikipediak jasotako datuak:
- 1) 7 KORAPILO: J.M. Udakiolaren gidoi eta marrazkiekin eta Martin eta Xabier Etxeberria anaien testu eta olerkiekin, itsasoarekin lotura duten istorioak komikiratu dituzte, marrazketa estilo ezberdinak erabilita.
- 2) Ian Nose-k PUERTO RICON ERE EGITEN DU EURIA komikia argitaratu du hainbat hizkuntzatan (Ahabi Comics).
- 3) LSBAna komikia hizkuntza anitzetan argitaratu du Teresa Castro donostiarrak, lesbiana baten bizipenak oinarri.
- 4) Belatz marrazkilariaren GEREZI GARAIA Lucio Urtubiaren bizitzari buruzko eleberri grafikoak edizio eleanitza izan du ere. Txalapartaren eskutik Amaia Apalauzak euskarazko bertsioa ondu du. 2. edizioa salgai dago.
- 5) INOIZ EZ izenburupean Harriet Ediciones-ek Bruno Duhamelen komiki berri bat argitaratu du euskaraz.
- 6) Harrieten eskutik ere ISALINE: SUKALDARITZAKO SORGINKERIA Maxe L'Hermenier gidoilariaren eta Lliya marrazkilariaren elkarlanetik.
Miel Angel Elustondo Etxeberriak itzuli ditu euskarara azken biak.
- 7) ZUBIGILEAK Alfonso Zapico asturiarraren komikia, Eduardo Madina eta Fermin Muguruzaren arteko elkarrizketa batean oinarrituta eta Bego Montoriok euskaratua, Astiberriren eskutik.
- 8) MAITASUNA ZAILEGIA DA: Begiko argitaletxearen eskutik, Joseba Santxo Uriartek itzuli du euskarara Andrés Guerrero Madrildarrak 2016ean gazteleraz sortu zuen komikia.
- 9) eta 10) Madrideko Narval etxeak Daniel Piqueras Fisk marrazkilariaren 2 komiki kaleratu ditu: IO: BIZITZA HANDIA DAGO HOR AURREAN (jatorrizkoa gazteleraz 2018koa) eta GLUP: ITSASO URDINAREN AZPITIK (jatorrizkoa 2016koa) . Hitzik gabeko komikien euskarazko edizioak dira.
10 direla esan dugu baina "badok 13" esan genezake ere, Komikeri webguneak kontatu baitu Harriet etxeak egun gutxi barru 3 komiki berri argitaratuko dituela.
- Tomoë: Gidoia Jack Manini/ Marrazkia: Tieko.
- Mutuaren hitzak: Gidoia Laurent Galandon/ Marrazkiak Fréderic Blier
- Hasiera berri bat: Gidoia: Gwénola Morizur Marrazkia: Marie Duvoisin
Aurten beraz "dozena" erraz gaindituko da, eta urriko hilabetean bertan komiki kopuru hau handituko dela ziur gaude (ikus http://www.komikipedia.eus/index.php?title=2018#2018edo_2019an_ARGITARATZEA_AURREIKUSTEN_DIRENAK). Estatistikek diotenez orain arte udazkenean loratzen zen zuhaitza izan da euskarazko komikigintza, baina jada ez da arraroa urtean zehar fruitu gozo batzuk eskuratzeko aukera izatea.