Josean Olabek euskaraz ere atera du Donostiako 1813ko gertakariak kontatzen dituen komikia: "Zigorgabeko loria"
Josean Olabek, beste gauza askoren artean, komikiak ere egiten ditu, eta Donostiako historia kontatzen duten bi komiki eginak zituen orain artean, La gloria impune (1813ko gertakarien ingurukoa, 2012an argitaratua) eta San Sebastián, Belle Époque y otras historias (bere izenak dioen bezala, Belle Époque deritzon garaian kokatutakoa eta 2015ean ateratakoa), biak Itsasgora Edizioak bere zigiluaren bitartez autoeditatuak.
Berriki, La gloria impune euskaratu du eta Zigorgabeko loria izenburupean argitaratu. Bertan 1813an Donostian izandako gertaera lazgarriak kontatzen dira: frantsesen okupazioa, ingelesen "askapena", arpilatzea, hilketak eta erreketa... Kontaera historikoa egiten du baina fikziozko pertsonaien bidez kontatuta. Zintzoki kontatzen ditu gertatutako izugarrikeriak, gerraren krudeltasuna modu gordinean erakutsiz, eta gogorra ere suertatu daiteke maiz, hala izan baitziren gertakariok. Komikiaren bukaerako eranskin batean gertakarien hainbat xehetasun historiko ematen ditu testuz, irudi batzuen inguruko azalpenekin batera. La gloria impune blogean ematen dira azalpen historiko gehiago (gaztelaniaz).
Ohi duenez, Zigorgabeko loria ere Itsasgora Edizioak-en bitartez autoeditatuta atera du Olabek. Donostiako liburu-dendetan dago salgai, onlineko hainbat saltokiz gain (zehaztasunak gorago aipatutako blogean).