e-gorren blog pertsonala (komikiak, informatika eta beste)
Marko, Iñaki Holgado eta Juan Luis Landaren sailen zenbaki berriak Frantzian eta Espainian
Marko, Iñaki Holgado eta Juan Luis Landa euskal egileak azken urteetan Frantzian eta Espainian komiki-sail arrakastatsuak argitaratzen ari dira, berriki 3. zenbakiak atera dituztenak.
Markok eta Iñaki Holgadok marrazkiak jartzen dizkiote Lehen Mundu Gerrako luzeena izan zen Verdungo batailaren 100. urteurrena gogora dakarren komiki-sailari. Honen hirugarren zenbakia atera dute Frantzian Grand Angle etxearekin eta Espainian Yermorekin, aurrekoak bezala Jean-Yves Le Naour-ren gidoiarekin.
Raule-ren gidoia eta Juan Luis Landaren gidoiak dituen Nostradamus eta haren dizipuluen abenturak kontatzen dituen Arthus Trivium sailak ere hirugarren albuma kaleratu du, Dargaud-ekin Frantzian eta Norma-rekin Espainian. Eta hau ere, aurrekoak bezala, Frantziako salduenen zerrendetan izan da!
Astiberrik Alfonso Zapicoren "Zubigileak" atera du
2016an, Eduardo Madinak (ETAren atentatu batetik bizirik ateratako PSE-EEko politikaria) Fermin Muguruza (Kortatu eta Negu Gorriak taldeen kidea) elkarrizketatu zuen Jot Down aldizkarirako. Alfonso Zapico komikigilea, lehenago ere hainbat gatazken inguruko komikiak ateratakoa, haren lekuko izan zen eta komikira ekarri du orain Astiberriren eskutik Zubigileak honetan, euskal gatazka alde hain ezberdinetatik bizitako bi pertsona horien arteko topaketak gatazka gainditu, zauriak itxi eta elkarbizitza hasteko bidearen arrasto batzuk emango dituen esperantzaz. Zapicoren lanaren oso zaleak gara blog honetan, eta ziur bere lan berri honek ere merezi duela!
Komikigileentzako 2017ko diru-laguntzen esleipena
Liburuak edo filmetako gidoiak egiteko laguntzak badira, baina orain artean ez zegoen ezer berariaz komikien sorkuntza lagunduko zuenik. Eta komiki bateko irudiak egitea kostu handia duen lana da, euskal merkatuarekin soilik nekez ordaintzen dena. Hala, euskal komikigile askok merkatu handiagoetarako lan egitera behartuta aurkitzen du bere burua, Frantzia edo Espainiarako, eta gero lan horiek euskaraz berrargitaratzeko eskubideak lortzea zaila izaten da...
Iazko udazkenean atera zuen marrazkigileei zuzendutako deialdian, Eusko Jaurlaritzak lau komiki egiteko diru-laguntzak eman behar zituen, bakoitzari 15.000 euro. Horietako bat, gainera, 30 urtetik beherako egile batentzat. Lanek gidoia amaituta izan behar zuten eta interesatutako argitaletxe bat. Hala ere, deialdia ez zen izan euskarazko lanentzat edo Euskal Herriko egileentzat, EAEn jaio edo bertan bizi diren egileei zuzenduta zegoen, baina behintzat euskaraz ateratzeak puntuak ematen zituen lehiaketan.
Bada, ezagutarazi dituzte irabazleak. Dirudienez, hasiera batean behintzat, horietatik bi lan euskaraz aterako dira eta beste biak gaztelaniaz. Lan irabazleak 2018an argitaratu behar dira derrigorrez. Hauek dira laguntza jasoko duten egile eta lanak: La divina comedia de Oscar Wilde (Javier de Isusi), Los enciclopedistas (Alex Orbe), Migel Marmolen hamaika eta bat jaiotzak (Dani Fano) eta Joana Maiz (Joseba Larratxe). Denak egile oso onak dira eta printzipioz oso itxura ona dute, irrikatan gaude ikusteko! Eta ea denak euskaraz ikusteko aukera dagoen!
Gerezi garaia, Lucio Urtubiaren bizitza komikiratua
Txalaparta argitaletxeak Lucio Urtubiaren bizitza kontatu nahi izan du komiki batean. Cascanten (Nafarroa) 1931n jaio eta oraindik bizi den anarkista ezagun honen bizitza kontatzeko modukoa da izan ere: soldadutzan zela militarrei lapurtutako materialarekin estraperloan aritu zen, Frantzian banku-lapurretan aritu zen (desjabetzeak deitzen zien) eta faltsifikatzailea ere izan zen. Mikel Santos Belatzek eraman du aurrera, ongi eraman ere, Gerezi garaia izenarekin argia ikusi duen proiektu hau.
Anjel Lertxundi eta Antton Olariagak "Tumatxa" komikia egin dute
Zarauzko Talai Berri txakolindegiak, 25 urte bete dituela eta, komiki bat atera du, Tumatxa, haurrei mahastietako eta txakolindegietako kontuak ezagutarazteko. Anjel Lertxundik egin du gidoia eta Antton Olariagak marrazkiak, eta antolatzen ari diren bisita gidatuetan banatzeko 1000 ale inprimatu dituzte.
Komikipedia, euskarazko komikiaren gida
Iñaki Otamendi nekaezinak Komikipedia jarri du martxan, euskarazko komikigintzari buruzko informazioa ematen duen gunea. Wikipedia ezagunaren gisara, edonork elikatu eta gauzak gehitzeko asmoarekin egina dago. Haren azpiegitura bera erabiltzen duenez (MediaWiki softwarea, alegia), haren gisara funtzionatzen du, beraz Wikipedian aritzeko ohitura dutenei ez zaie kostatuko Komikipedian aritzea. Eta Komikipediako edukiek, Wikipediakoek bezala, lizentzia librea dutenez, biek elkar elika dezakete.
Momentuz azken hamarkadan euskaraz album edo liburu formatuan argitaratu diren komiki guztien eta haien egileen berri dago sartuta bertan. Denborarekin eta guztion laguntzarekin, denboran atzera joan ahal izango dugu eta euskarazko komiki guztien berri sartu, eta, zergatik ez, geroago agian aldizkari, zinta, azoka eta bestelako guztien informazioa ere jaso daiteke. Ongi etorri, Komikipedia!
Bi komiki erakusketa Donostian
Egun gutxiren tartean bi komiki-erakusketa irekiko dira Donostian. Donostiako Komikigunean, autoedizioa eta sorkuntzaren munduaren inguruan egiten ari diren Izkutukoak izeneko erakusketa-zikloaren barruan, Andrea Ganuzari eskainitakoa inauguratuko da bihar, ostirala, 19:00tan. Ekainaren 1a arte egongo da irekita.
Intxaurrondo Kultur Etxean, bestalde, komikietako fantasiazko hiriei eskainitako Fantascity erakusketa egongo da ikusgai hurrengo astelehenetik ekainaren 5era bitartean. Inaugurazioa astelehenean, hilak 7, 19:00etan izango da, Barón Roskow "La momia acústica"ren kontzertuarekin.
Ikustekoak, biak ala biak.
"Ío: Bizitza handia dago hor kanpoan", Daniel Piqueras Fisk-en komiki berria
Narval argitaletxeak bere lanetako asko Espainiako estatuko lau hizkuntzatan ateratzen ditu eta, lehenago Homo, suak guztia aldatu zuenean komikiarekin egin bezala, Ío: Bizitza handia dago hor kanpoan komiki hau euskaraz ere argitaratu du. Harena bezala, Daniel Piqueras Fisk da honen egilea ere. Ganbara batean botila baten barruan aurkitutako eguneroko baten bidez, bidaia espazial bat hasiko du Laikak.
"7 korapilo", 2018ko lehen euskarazko komikia
Tira, komiki honekin 2017ko uzta oparoa atzean utzi eta 2018ko euskarazko komikien berri-ematea hasiko dugu. 7 korapilo honek Xabier eta Martin Etxeberriak asmatutako itsasoaren inguruko zazpi istorio dakarzkigu, elkarren artean korapilatuak daudenak. Marrazkiak Jon Mikel Udakiolak egin ditu.
Komikia Jon Mikel Udakiolaren Txipibooks zigiluak argitaratzen du eta Amazon bidez banatzen da.
Nanokomik #2
Beno, bada, 2017an ateratako beste bat, CIC nanoGUNEk eta Donostia International Physics Centerrek sustatzen duten Nanokomik ekimenaren bigarren komikia hain zuzen ere. 2016an Dayanne eta Murillo, nanozientziaren indarra komikia egin zuten, eta oraingoan Nanokomik #2. Komiki kolektiboaren filosofia berarekin egin dute: lehiaketa batean 70 parte hartzaile baino gehiagok nanobotereak dituzten superheroiak asmatu behar zituzten, gero helduen kategoriako hiru lan onenen irabazleek Itziar Otegi eta Amaia Arregirekin batera hiru istorio idatzi dituzte eta azkenik Hodei Iparragirrerekin batera marraztu egin dituzte.
Gazteen kategorian lehenengo saria Jonas Casado Etxeberria Hernaniarrak irabazi zuen, Besaluze izeneko komikiarekin eta bigarren saria Berako Maricielo Asto Huamanek irabazi zuen Kasu inurriekin komikiari esker. Helduen kategorian lehenengo saria Aśka australiarrak irabazi zuen QUBLINGS - the espionage mission to Pluto lanarekin, bigarren saria Bartzelonako Jose Sénder Quintanak irabazi zuen, Teknaria lanarekin eta publikoaren saria Bartzelonako Ruben Molinak irabazi zuen, Hackgirl lanarekin. Lan irabazleekin erakusketa bat ere egin zuten Komikigunean.
Nanokomik #2 komikia euren webgunetik deskarga daiteke, eta Creative Commons - Aitortu -Ez komertziala - Partekatu berdin lizentziapean banatzen da.

