Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Anti-gona

Sandaliak eta galtzetinak

Leire Narbaiza 2012/09/16 22:40
Tabuak iraultzen

Jakinekoa da gehien gustatzen zaizkidan oinetakoak sandaliak direla. Asko kostatzen zait janzten hastea, baina behin hasita, nekez uzten diot erabiltzeari. Ikaragarri disfrutatzen dut oina zapaten kartzelatik libre izaten, behatzak aste edukitzen. Agian, erabiltzeko denbora nahiko mugatua denez, gozamena intentsuagoa da, gehiago preziatzen da, gereziekin gertatzen zaigun bezala.

Galtzetinak ere asko gustatzen zaizkit. Erosoak izateaz gain, hanka babestu eta jantzi egiten dute. Gustukoen koloreetakoak ditu, marraduna, marrazkidunak, fantasiazkoak. Beharbada, ume-denboran eta gaztetxotan erabili nituenak oso serioak eta gatzbakoak zirelako, lisoak, ia beti zuriak edo urdin ilunak, uniformearekin ibiltzeko. 4 urtetik 14 urtera egunero-egunero galtzerdi berdinak janztea ez da broma! Horregatik, nire sarreka kolore eta marrazkiak duten galtzetinez dago beteta. Oso beteta, gainera, inoiz ez da nahikoa edukitzen den galtzerdi kopurua!

Honaino zuetako asko bat etorriko zarete nire gustu horiekin. Dena normala. Baina orain tabu bat haustera nator, munstrokeria bat aitatu behar dut: galtzerdiak eta sandaliak batera jantzita! Anatema! Gustu txarreko paradigma!

Ez nago ados. Probatuta nago eta gozada hutsa da! Normandian geunden oporretan eta horrela sortu zen. Ez nuen hotzik pasatu, ezta berorik ere. Eta nahiko txukun nindoan!

sandalikaltzetñak

Normandiara joan barik ere, gure kliman ondo etorriko litzaiguke moda hau. Uztail honetan goizeko 8etan hartu izan dut autobusa. Egun batzuetan, eguerdi-arratsalde parterako beroa iragarrita zegoen, baina goizean hotz egiten zuen. Geralekuan, autobusaren zain sandalietan, behatzak izoztuta geratzen zitzaizkidan. Juanito Oiartzabali gertatu zitzaiona gertatuko ote zitzaidan beldurrez nengoen.

Baina uztailean ez ezik, irail-urrian ere gertatzen da Ahalegintzen naiz sandaliak urriaren bigarren astera arte erabiltzen), eta bikoiztuta, gainera; izan ere, egunak lehenago iluntzen du eta goizago freskatu. Beraz, goizean zein iluntzean behatzak izoztuta. Ez litzateke inteligenteagoa izango, jertsea edo jaka daramagun bezala, galtzetin pare polit bat eroatea poltsan? Horrela, nik behintzat, katarro bat saihestuko nuen!

Fobia hau nondik datorkigu? Zer dela-eta higuin estetiko hau? Seguruenik memoria kolektiboan irudi konkretu bat dugu, gizonezko giriarena, fraide-sandalia eta galtzetin zatarduna, normalean marroi, zuri edo beixak. Gainera, praka laburretan! Jakina, hori itsusia da, duda barik.

gizon+kaltz+sand+zatar

 

kaltz+itsusi

Eta gizon estiloak ez du zerikusirik, beheko mutil katxarroak ikustea besterik ez dago! Belaunetik gora, ederki, baina galtzerdi horiek…

katxarroak kaltzetinetan

Orduan, nola? Umeak lasai asko janzten ditugu sandalia eta galtzerdiekin, eta polit askoak egoten dira. Hori bai, beti galtzetin koloretsuak, sandalia politetan eta dena konbinatuta. Ez esan txarto geratzen denik!

ume+kaltz

Nagusietan ere badaude konbinazio politak, beheko argazkikoak, adibidez. Nik jantziko nituzke!

kal+polita

Hori dela eta, ausartzen denari beti poliki joatea gomendatuko nioke. Beti konjuntatuta, galtzerdi alaiak baina atentzio larregi ematen ez dutenak. Hasteko, kirol sandaliekin hasiko nintzateke eta oporretan kanpoan; izan ere, kirol arropetan askatasuna handiagoa delako, eta kanpoan lotsa gutxiago emango digulako!

kirol-sandalia

Eta adi, edozein urtetan modan jar litezke-eta! Kanpai-prakak eta sorbaldakoak luzaroan izan badira modan, edozer etor liteke! Bolada labur batez, galtzerdi zuriak mokasinekin ere moda-modakoak zizan ziren. Furixada edonoiz ager liteke, beraz!

A! Ez ahaztu, baina, eguerdian galtzetinak eranztea, behatzek ere arnasa hartu behar dute-eta!

Merkelen pantonea

Leire Narbaiza 2012/09/07 13:20
Ostiraleko katekorratza

Atzo Angela Merkel  Madrilen izan zen. Ez dut komentatuko atzoko jardunaz ezer, badakizue hau ez dela horretarako lekua. Bere jaka izango dugu hizpide

Merkel Madril

Ez dakit konturatuta zeundeten, baina Merkelek beti eroaten ditu joskera bereko jakak. Hainbat koloretan, baina denak dira nahiko luzeak, botoi nahikotxo dunak eta beti lotuta. Eskotea uve forman, eta beti bular erretena baino goraxeago erpina. Patrikak ere izaten ditu, esker-eskuma jakaren barrenarekin paraleloan izan barik. Ondotxo dauka hartuta zer datorkion ondo, Merkel andereak!

Kolorea da gehien aldatzen duena, hainbesterako non Noortje van Eekelen Holandako diseinatzaile grafikoak beheko muntaketa egin duen, Pantone sorta kantzilerraren jakekin:

Merkelen pantonea

Austeritatea gomendatu, baina 90 jakatik gora izan!

Gizonezkoen praka laburrak

Leire Narbaiza 2012/09/02 19:22
Udan ezinbestekoak

Gurasoen belaunaldikoek (eta gazteagoek) zenbatetan esan ote digute mutikotan sufritu dutena praka laburrak erabiltzeagatik? Izan ere, mutilek ez zuten praka luzerik janzten ia nerabezarora arte, eta negurik gorrienean ere horrela ibiltzen ziren, belaunetarainoko esporteekin. Laburretatik luzeetara pasatzea iniziazio-erritua zen, antza. Nesketan trentzak moztearekin pareka litekeena.

Grupo de niños en la clausura del I Cursillo de Capacitación Montañera Infantil
GureGipuzkoa.net | Grupo de niños en la clausura del I Cursillo de Capacitación Montañera Infantil © CC BY-SA: Ojanguren, Indalecio

Goiko argazkian 1958 Eibarko Klub Deportiboko neska-mutiko taldean ikusten den moduan, mutil guztiak halaxe daude, esporte barik, galtzetinetan eguraldi ona egiten duelako.

Umea botilak eskuan

Henry Cartier-Bresson-en argazki zoragarri honetan, mutiko paristarrak praka laburrak daramatza, baina ez galtzetinik, nahiz eta jertsea jantzi, atzeko neskatilak legez.

Kuriosoa da zein laburrak diren umeen praka hauek. Berna osoa bistan, hotza egin arren. Amamari entzunda diot hankek arnasa hartu behar dutela, eta ez dela komeni beti praka luzeak janztea! Zer ote da hau, umeak gogortzeko erabiltzen zen teknika (neskatilak gonak erabiltzen zituzten, leotardo barik askotan)?

Tira, itzul gaitezen gaur egunera. Badago gizonik udan praka laburrik (bai, laburrak esatea nahiago motzak baino, bizkaieraz zatarrak esan nahi duelako) janzten ez duenik? Dirudienez, opor sasoian behitzat, gizonezkoei debekatu egiten zaie luzeak erabiltzea! Halakorik! Hainbeste hanka biluzi ez dut inoiz ikusi hondartzatik kanpora! Denek entzun ote zuten gure amamaren aholkua?

Denetatik ikusten da: bermudak, piratak, bainujantziak… Agian, ez dira short-ak ikusten, nahiz eta gure gizonek kirol arroparik existitzen ez zenean, 1953an, erabiltzen zituzten Indalezio Ojanguren Kajoitxu-ren erretratuak horren testigantza eman:

Montañeros en Peñalara (Guadarrama)
GureGipuzkoa.net | Montañeros en Peñalara (Guadarrama) © CC BY-SA: Ojanguren, Indalecio

Imajinatzen dituzue adin horretako gizonak hain praka laburrekin? Ez, ezta? Nik ere ez. Tira bermudetan ere gutxi ikusten dira, eta hemen ikusten direnak ez dira Bermudan bertan ikusten direnak bezalakoak, zorionez:

Koloreetako bermudak

Irudia itzela da, baina hau da Bermudako janzkera ohikoena gizonen artean: jaka, gorbata, praka motzak eta esporteak! Ikaragarria da!! Behintzat kolore pixka bat ematen ahalegintzen dira, baina horrek konjuntoa zatartzen ez ote duen susmoa dut!

Hemen bermudak jantzita ikusten direnak ustez aberaskumeak dira (pijo hitza hiztegian begiratuta hori aberaskume dakar!).

bermudak Pijoenak omen  bermudatan Baina militarrenak ere bai

Baina honen erakusgarri nabarmenena Emilio Botin da horrela agertu baitzen opor batzuetan:

Botin

Look beldurgarria! Baina bera lakoei dena onartzen zaienez…

Baina gure artean zabalduenak praka piratak dira. Nik oso gustuko ditudanak, baita gure amonek ere. Erabilienak dira, nire ustez, look mendizale-forro-polar-goretexarekin antzekoenak direlako. Kirol arropa batzuk ere badituzte eta euskal gizonezkoendako hori ezinbestekoa da! Kirolari peto-petoak baitira jaiotzetik, nahiz eta egin duten esfortzurik handiena larunbateko txikiteo-erronda izan, bi bider!

praka piratak

Poltsiko asko ere izan dezakete, eta baldar ukitu bat ere ematen dute, funtsezkoa gure janzteko eran! Hala ere, maite ditu horrela ikustea mutilak, gehienek oso zango politak dauzkatelako. Oso  gogoko ditut nik gizonezkoen hankak, bai, erakargarriak egiten zaizkit, depilatu gabe, mesedez!

Bainujantzia praka erabiltzea ere txarto deritzot! Gosaltzen, hondartzan, bazkaltzen, siestan… Ez!! Aldatu barik egun santu osoan! Zikina da!!!

Baina benetan inoiz ez dudana ulertuko galtzetinekin joan behar hori da. Nora? Ipotx itxura ematen dute, barren! Gainera, askotan zuriak, beixak, marroiak, urdin ilunak izaten dira. Gustu pixka bat, mesedez! Jantzi sandaliak! Horrela behatzak liberatu egingo dituzue, askatu zapaten kartzelatik! Ezin badituzue erabili, hor dituzue abarketak (espartinak), baina galtzerdi barik, mesedez!

Praka motzen modak horrela segitzen badu, egunen baten horrela ikusiko ditugu gure gizonak?

bermuda floripondixo

Espero dut ezetz, gure begien osasunarengatik baino ez bada ere!

Zapi gorria

Elena Laka 2012/08/16 00:39
Jaiak direla eta, ostiraleko katekorratza ostegunean

Gaurko zapi gorria ez da beste zapi hau.

Derrigorra da jaian sartzeko. Ezkutatzen ditu penak eta tristurak. Estaltzen du egunerokotasuna, inposatzen du festaren lojika. Besarkatzen du lepoa estutu gabe. Estaltzen du eztarria babestu gabe. Kristautasuneko San Roke santuari gorazarre egiten dio. Horren izenean, jaia, zezena eta parranda.

Abuztuaren 14tik 19ra Deban ez dago zapibakorik. Festaren zapiak hartzen du dena.

Gaur San Roke.

Euskal gizonen apaingarri alferrikakoak

Elena Laka 2012/08/12 21:36
"Martutene" eleberriko esaldi batetik abiatuta

Ramon Saizarbitoriaren "Martutene" eleberriko Harri Gabilondo pertsonaiak, Donostiara etorri den neska gazte amerikarra kontuan jarri du Euskal Herrian eraztunak erabiltzen dituzten gizonez.

"Agidanean, euskal gizonei ez omen zaizkie oro har apaingarri alferrikakoak gustatzen, eta bereziki arbuiatzen dituztela eraztunak. Abaituak onartu du horrela zela, eta oraindik berari ere eraztunak arto bero usainekoak iruditzen zaizkio, sortaldeko bereizgarri propioa eta Estatuko funtzionarioena, zehatzago esan, eguzkitako betaurreko eta bibotetxodun polizia sekretuena".

Onartu behar dut eraztunetan sekula ez nuela erreparatu, baina bai eskuturrekoetan: garai batean, eskuturrekoak zeramatzaten gizonak Euskal Herrian,  poliziak ziren,  baten batek ahopeka esaten zuen "txibato" hori, edo ospe zalantzazko diskoteka edo pub batekin zerikusia zuten. Erabiltzen ziren eskuturrekoak zilarrezkoak izan ohi ziren, esango nuke 70. hamarkadan. Eta beranduago, zilarrezkoak eta narruzkoak.

Zeren garai batean gizonen alferrikako apaingarri horiek eraztuna eta eskuturrekoak ziren baina ez belarritakorik, horretxek beranduago etorri ziren,90. hamarkadan.

Garai berriotan, euskal gizonek badarabilzte apaingarriak, alferrikakoak ala ez norberak esan beharko, baina bai nabarmenak. Hala ere, egia da maizago ikusten dugula gizona eskuturreko edo belarritakoekin eraztunarekin baino.

Apaingarriekiko zaletasunaren erakusgarri lehen aldiz Gipuzkoako goi erakundeetan, Gipuzkoako Foru Diputazioko Lehendakaria eta Donostiako Alkate-Lehendakaria, biak jaun txit gorenak, belarritakoa eta eskuturrekoa, hurrenez hurren:

Garitanobelarritako

 

Izagirreren eskuturrekoa

Ezin ukatu biek ere apaingarri diskretoak aukeratu dituztela. Zeren mutil gazteagoen artean belarritakoak askoz ere nabarmenagoak dira: uztaiak, tamaina desberdinetakoa, belarri batean ala bietan, belarri bakoitzeko bat ala gehiago.

Belarrietako uztai nabarmenak ohiko dira euskal preso gazteen afitxetan, adibideok:

Xabier Arina presoa

Xabier Arina

Xabier Bidaurre presoa

preso2

Arkaitz Agirregabiria presoa

preso3

Politikarekin nahita ala nahitaez loturaren bat duten apainduez gain, uztaiak ere oso ohiko egin zaizkigu bertsoaren munduan. Hala honez gero irudika al ditzake inork Unai Iturriaga eta Igor Elortza  uztairik barik?

bertsouztai

Euskal gizonek eta alferrikako apaingarriek ibilbide luzea egin dute azken berrogei urteotan.

Arropak eskegitzea (I): tradizioa

Elena Laka 2012/08/02 23:26
"Ostiraleko katekorratza" ... edo nolako arropa-zabaltzea, halako etxea

Arropak eskegita

Baratzean soka alderik alde, ezkon-oheko bi izara zuri-zuri, eta harizko gainekoa  eguzkitan zabalik.

Gutxi ikusten dira horrelakoak. Elgetan hartu genuen argazkia.

Euskal gizonak eta kolorea: Orbanak liburua eta Eibar

Elena Laka 2012/07/30 08:55
"Orbanak" eleberriko pasarte batetik abiatuta

Gizonen koloreen gai honekin temati gertatzeko arriskuan, berriro dakart gaia blogera. Esaten nuen post honetan:

"Orain inork gutxik dauka gogoan, baina 1980 hamarkadaren bukaera arte, euskal gizonek janzten zuten arropak urdinak edo grisak ziren. Inoiz berde edo marroiak, baina beti ilunak. Fraka grisak, alkandora koadro edo marradunak, kolore gutxikoak, argien zuriak, eta jertseiak urdinak".

Amatiño kolore faltarekin ez zen ados egon,  eta erantzun bat utzi zuen, bere esperientzia oso bestelakoa zela adieraziz:

"Bila itzazu “Duo Dinamico”ren irudiak Gogglen eta begira zein partxis koloreak eta gorriaren nagusitasuna. 2. Nik 1962an aurrenekoz nire diruaz erosi nuen alkandora gorria izan zen (gordeta daukat eta erabiltzeko moduan, oraindik ere neurri-neurriko). 3. Ezkondu aurretik (1969) izan nuen lehen autoa gorria izan zen. 4. Hogei urte nituen “bamba” zapatillak beige argi-argiak erosi nituenean eta, San Juan kalean, txikitero batek “marica” esan zidan. 5. Kontua da zer den “oro har”. Jakina, sirena eta guzti San Andres kalean zehar lanera joan ohi zen alfista-uholdea urdina zen erabat. Baina igandetako matinaletara Jai-Alaira joaten ginen gazteak (17-22 urte), geure ahalegintxoak eginda, kolorin kolorao joaten ginen".

Posta eta erantzuna burura etorri zitzaizkidan irakurri dudan azken liburuaren amaiera aldera, Pello Lizarralderen "Orbanak".

Orbanak

Idazleak ez du zehatz-mehatz esaten istorioa non eta noiz gertatzen den, baina deskribatzen duen paisaia eta objetuak kontutan hartuta, errez jakin daiteke Nafarroa edo Arabako herri txiki batean gertatzen dela,1960. hamarkadaren hasiera inguruan.

Liburuko bi protagonistetako bat, gizon orbainduna, jertse bat erostera sartzen da herri txiki bateko denda batera, sardinak, olioa, jertseak zein espartzua saltzen duten denda horietako batera. Lanerako jertse bat eskatzen du.

"Saltzaileak koloreaz galdetu zion orduan eta gizon orbainduna zer erantzun ez zekiela gelditu zen. Andreak jertse bat bereizi zuen, kremaileraduna eta kolorez biziagoa.

- Begizu hau, esan zuen, eta orbaindunaren begien aurrean jarri zuen zabal-zabalik-. Zure neurrikoa da, seguru. Sendoa. Ez zaizu aise saretuko.

Gizon orbaindunak ukitu gabe behatu zuen jertsea.

- Granateak ongi ematen du eta ongi hartzen ditu orbanak- erantsi zuen andreak-. Lanerako ongi, ehiza sasoia ere laster duzu eta horretan ere lan polita eginen dizu.

Gizon orabaindunak burua mugitu zuen, pentsakor.

- Jartzazu -esan zion andreari azkenik-. Eta beste bat ere beharko nuke, baina ez egunero ibiltzeko.

Saltzaileak gris argia proposatu zion, pikoduna, eta aurrekoa bezala zabaldu zuen mostradore gainean."

Jertsearen granate kolorea kolore bizitzat hartzen du idazleak, baina bestalde lanera joateko aproposa, zikinkeria nekez ikusiko zaiolako. Jai egunetan ibiltzeko jertsea berriz, gris argia.

Herri txiki bateko biztanleek erabiltzen dituzten kolore ilun horiek, oso urruti daude Amatiñok kontatzen dituen kolore biziengandik, nahiz eta garai beretsukoak izango diren. Garai horretan nekazal inguruko herri txiki bateko janzkerek eta ohiturek zerikusi eskasa zuten  Eibar moduko herri industrial eta moderno batekoekin.

Gure idazleen oinetakoak

Leire Narbaiza 2012/07/28 13:49
Ostiraleko katekorratza, oraingoan larunbatean.

Eako poesia egunetan Karmelo Landak tuit bitartez, irudiz hornitu gintuen, joateko aukera izan ez genuenok. Argazki batzuk atentzioa eman zidaten. Beheko multzoak, hain zuzen.

Poesia egunek ni ez ezik, Iban Zaldua ere inspiratu zuten, eta berak (guri lehia desleiala eginez) Sustatun jardunaldiari buruzko "moda gehigarria" idatzi zuen. Baina berak ez zien oinetakoei erreparatu. Nik bai. Edo oinetako faltari!

Antza denez, poesia errezitatzea askoz erosoagoa da ortozik egitea, Edorta Jimenezek hala derakuskigu argazki honetan:

Edorta Jimenez

Baina, itxura baten, idazle guztiak ez dira iritzi berekoak, eta zapata eta zapatila arteko oinetako zuri politekin, gusturago sentitzen dira. Xabier Mendigurenek jantzita dauzkanak bezalakoak:

Edorta Jimenez & Xabier Mendiguren

Halere, denak estilo bera erabiltzen ez dutenez euren produkzio literarioan, oinetako-erabilera ere anitza da; beti ere, zaindua. Itxaro Bordak daramatzan kirol-oinetakoak (bakarra ikusten bazaio ere), hala moduzkoak ez diren bezala: zilar-kolorekoak, oso tonu modakoa!

Edorta Jimenez, Xabier Mendiguren & Itxaro Borda

Bitxia, ezta, azken erretratua? Hiru idazle, hiru estilo, hiru oinetako mota!

Independentziarako beste arrazoi bat

Leire Narbaiza 2012/07/22 22:35
Batez ere eliteko kirolaria izanez gero.

Erraz deskubrituko zenuten zertaz jardungo dudan gaurkoan. Bai, Londreseko Joko Olinpikoetan Espainiako taldeak erabiliko duen ekipazioa. Badakit egunotan denon ahotan ibili dela eta makina bat txiste eta trufa egin direla, baina ezin izan diot tentazioari eutsi, ikaragarria koitadu eta gizajoek eroango duten piura!

Inor badago ikusi ez duena behean perla batzuk:

2012 JO

Zirkoko domadoreak

bikoteakamisetak dendan hirukotea

Gorbatak                              maletak                                                Gerriko poltsak!!

gorbata JO maletak JO kamisetak JO

kamisetak atzetik kirolaria kamisetaz kirolaria txandal osoaz

Biserak, motxilak, poltsak, kamisetak, zapatilak,… negar egiteko modukoak. EZ dakit barrez ala begiko minez! Zatarra, itsusia, motza, ezaina, gustu txarrekoa! Imajina ezazue, urteak eta urteak entrenatzen onena izateko, ilusioz joan horrelako txapelketa batera; eta Espainiaren banderapean joateaz gain, horrela jantzita!

Komunikabideek zabaldu dutena, ordea, aurtengo munstrokeria baino ez da, diseinuaren erru hutsa balitz bezala. Baina ikusi dituzue aurreko urtekoak? Egia esatera, piper-potoaren koloreak jartzearekin tematuta daude, eta horrela ezin da ganorazko ezer egin! Gorria eta horia ez dira ondo ezkontzen, begira egiten dute. Txandaletan, gainera! Izurra izurtzea!

Begitu, bestela '80ko jokoetakoa

80 JO

Hemen Bartzelona 92ko txandala. Piper-poto gutxi, baina txandal penagarria

92 JO

Behean, Bartzelonarako kaleko arropa! Emakumeen gonak tablak zeuzkan, gorria zen gainetik, baina tabla barrua horia! Horribol!

92 JO ekipoa

Gizonezkoen gorbata ere horia eta gorria. Zelako nahastea!

urdangarin JO

Gorbatena gustatu egin zitzaien eta Sindey 2000n ere erabili zituzten. Nesken gerrikoak obrak inaguratzen direnean sobratutako zintaz egin zituzten! Abanikoak ere penagarriak!

2000 JO

Hau guztia "in crescedo" joan zen eta Pekin 2008an Gizonak gorriz, eta emakumeak horiz. Ale, denari emanda!

pekin 2008

Berba barik laga nau beheko argazkiak!

neskak JO

Denak, hala ere, zapata gorriz. Neskei horiak jartzea gehiegi begitandu zitzaien. Behekoan, Nadal "gipuzkoarra", pikilloko piperrak baino gorriago!

NAdal zao

Kaleko arropa ez zen oso polita izan, baina txandala, ai, amatxo! Nadal berriro ere:

Nadal txandal

Zuria, baina taktelezkoa!!!! Erreparatu ondo, kremailera ere horia eta gorria da! Zelako obsesioa!

Baina ez pentsa Joko Olinpikoetan baino ez dutela erakusten euren gustu ederra, ez! Koloreekin setati dabiltzanez ez-nazionalista hauek, hara zelako txandala jarri zieten neguko gazteen Joko Olinpikoetan! Gaixoak!

neguko JO

Baita karreristak ere! Euren kirola gogorrenetakoa ez balitz bezala!

karreristak

Letrak ere finak eta diskretuak!

Eskerrak euren burua gustu onaren eta modaren ikurtzat dutela, bestela!

Ez deritzozue independentzia aldarrikatzeko nahikoa motibo ez dela? Goazen orain! Botiken berrordainketa aplikatu aurretik, bestela murrizketa guztiekin irudi hauek sortu diguten buruko mina kentzeko ez dugu dirurik izango-eta!

Osasunerako gomendioa da!

Emakume agintarien soinekoak

Elena Laka 2012/07/20 12:47
"Ostiraleko katekorratza" ataleko 5. post txikia. ...edo nola gizon agintari batzuk pentsatzen duten euren uniforme aspergarria arau orokor eta aginte-seinale dela.

Frantziako parlamentuan atzo txistu egin zioten Berdintasun ministro andreari loredun soineko urdin itxi hau janzteagatik.

Soinekoa

 

Antza uda betean alkandora, gorbata eta jaka baino janzten ez dakiten gizon batzuri ez zaie egoki irizten parlamentari bat soineko diskreto batekin janztea.

Euskal Herrian ikusi ditugu andre agintariak soineko edo jantzi eskoteduna, gizon agintari jakadunen ondoan:

EAJ soineko

Bildu soinekoa

 

 

PP soinekoa

Aipatutako hiru kasu hauetan, emakume agintariaren kargua bere ondoko gizon agintariak duena baino apalagoa da.

Zalantza bat sortzen zait. Emakumearen kargua gizonarena baino goragokoa balitz, ezberdintasun hauek ikusiko genituzke jantzietan? Alegia, emakume lehendakari batek soinekoa, eskotea eta besoak bistan erabiliko lituzke gizon kontseilukide jakadunaren ondoan?

Aurkezpena

"Jantzi. Erantzi. Janzkiak, arropak, soin gainekoak. Moda, estiloa, bizitzaren zati bat. Umorez, eztenaz, xarmaz. Leire eta Elenari interesatzen zaigu. Baita zuri  ere, ala ez?"

@ElenaLaka

@txargain

Izan eta esan

Kalamuatik Txargainera