Hemen zaude: Hasiera Blogak Amatiño
Dokumentu Akzioak

Amatiño

Ekonomia-egitura osoa aldatu beharra

Espainia da, nabarmen asko gero, Europa guztian zehar langabeziarik handiena duen Estatua. Eta Espainiaren lanik eza ez da ziklikoa, lantzean behingo krisialdiei dariena alegia, oinarrizko ekonomia-egiturari berari datxekiona baino. Hau da, dugun ekonomia-sistema aldatzen ez baldin badugu ez dugu egoerarik aldatuko. Eta orain artekoa egiten jarraituz gero, orain arteko emaitza berberak jasotzen jarraituko dugu.

Inguratzen gaituen egoera larria dela-eta, zenbaitek pentsa lezake Europa maldan behera doala. Eta, seguru gero, Europak garai hoberik ezagutu izan duela orain hurrengo. Baina Europa da %4,1eko paroa duen Austria, eta Europa ere bada %31koa duen Andaluzia. Non da arazoa? Austriarrak andaluziarrak baino argiagoak al dira?

Europan denetarik dago. Herbeheretan, Norvegian eta Austrian %5 baino txikiagoa da lanik eza. Aldi berean, %5-10 bitartean daude eredugarritzat jo ohi ditugun Alemania, Erresuma Batua, Frantzia eta Italia; %10-15 bitartean, berriz --Hego Euskal Herriarekin batera-- guk gehienetan gutxiagotzat jotzen ditugun  Bulgaria, Eslovakia, Irlanda, Hungaria eta Letonia modukoak. Eta Espainiaren bataz bestekoa, ostera, %15-20 arteko laugarren geldo-tropelean ez ezik, %20tik gorako azken muturraren puntaren punta lotsagarrian.

Datu ekonomiko hutsak alde batera utzita, hona  World Economic Forum-en arabera Espainiaren postua munduko zerrendan, ondoko hamar esparruotan:

Negozio-eskolak: 6.
Teknologia prestakuntza: 28.
Goiz mailako hezkuntza eta irakaskuntza: 32.
Berrikuntza-ahalmena: 36.
Zuzendaritza-kalitatea: 45.
Inbertsioa Berrikuntza+Garapenaz: 47.
Finantza-sektorearen kaudimena: 73.
Lehen mailako irakaskuntzaren kalitatea: 93.
Bigarren mailako irakaskuntzaren kalitatea: 98.
Lan-merkatua: 119.

 

Auskalo lehen bost esparruen postuak nahi eta komeni bezain onerako ote diren baina, zer gerta ere, azken bostek behintzat garbi asko aditzera ematen dute gure inguruko ahuleriak non diren.

Duela hirurogei urte luze Marcelo Gangoiti abade mungiarrak esan zuen esan gizarteak aurrera egingo bazuen behar beharrezko zela, besteak beste, hezkuntza aldaketaren oinarritzat jo, irakaskuntza lan-merkatuaren premietara egokitu, lanaren zein giza-kapitalaren balioa suspertu, diru-ezarpenak egin eta eragin, komunikabide lehiakorren estrategia sustatu, mundura atera...  Zenbaitek esango du osoa klasikoa zela. Behar bada bai, baina ni beldur naiz ez ote gaituen zenbaiten modernitateak amildegira eramango.

Hain zuzen ere, bide batez baino ez bada ere, norvegiarrak, austriarrak eta herbeheretarrak zer dira, modernoak ala klasikoak?

Interanual PIB

Azken hamabost urteotako gora-beherak Espainian

Amatiño 2012/02/06

Jakin ez ala jakin nahi ez?

Panorama eskasa. 2008an hasi zen krisialdia konpondu edo baretu ez ezik, areagotu egingo da 2012 urtean zehar. Aurtengoa azken bost urteotako txarrena izango omen da. Eduardo Zubiaurre ADEGIren lehendakariaren ustez, “egoera herri-erakundeek eta sindikatuek uste baino larriagoa” da. Baina nik ez dut sinesten.

Azken bost urteotako lepotik burua. Hurrengo hilabeteetan eskariak murriztu egingo dira, BPGa jaitsi, enpresak itxi, lanik eza zein EREak gehitu eta lanpostuak gutxitu. Egoera benetan latza, antza. Eduardo Zubiaurre ADEGIren lehendakariak “eragile guztien arteko egitasmo elkartua” aldarrikatu du, 80eko krisialdian bezala, osterantzean “denok elkarrekin ondoratu ez gaitezen”. Enpresari eibartarraren ustez, krisia “herri-erakundeek eta sindikatuek uste baino larriagoa da”.

Eduardo Zubiaurrek besterik esan arren, ordea, nik ez dut sinesten krisia inork uste baino larriagoa denik. Ene iritziz, jakin nahi duten guztiek ondotxo dakite zein larria den aurrez aurre dugun krisialdia. Gauza bat da ez jakitea eta beste bat jakin nahi ez izatea edo ez ikusi egitea. Ostrukarena egitea, alegia.

Azken adibiderik esanguratsuena Spanair hegazkin-konpainiaren ixtea da. Mundu guztiak (erakundeek, bankuek, sindikatuek…) zekien enpresak kristoren zuloa zuena, “airetik” bizi zena, behia antzutua zegoena, maldan behera zihoana. Baina zenbakiek ematen ez dutenean gertatu beharrekoa gertatu da eta komunikabideei jaramonik eginez gero badirudi inork itxaro ez zuen albistea izan dela, sekulako ezustea gertatu izan balitz bezala. Nonbait ez dago ikusi nahi ez duena baino itsu handiagorik. Komeni ez zaigunean ez dugu ikusi nahi izaten, norbaitek (auskalo nork) miraria egingo duelakoan edo.

Bai, segurutik enpresariek interesak dituzte… baina nork ez du interesik? Kolore bateko zein besteko erakundeek ez al dute kolore bateko zein besteko interesik? Sindikatuak interesik gabeko aingeruak al dira? Lanik duten eta ez duten langileen interesak berdinak al dira. Jubilatuen eta lan berri bila ari diren gazteen gurariak antzekoak ote?

Liderra falta da, buruzagia, orkestra zuzendaria, interes bateratua. Krisia tristea da, baina tristeagoa elkarri kontuak hartzen ezer egiteko gauza ez izatea.  

Oren guztiek

Sarako elizaren erlojua

Amatiño 2012/02/04

Euskal Herriaren eskubiderik eza

Lantzean behin, tarteka-marteka, gure arteko iruzurrik nabarmenetakoa suspertu ohi da Kilimon erreka bailitzan: “Euskal Herriaren eskubidea”. Ez dut nik, besterik gabe, kontrakorik esango baina bai ostera zehaztuko, Euskal Herriaren 'eskubidea' ez dela 'eskubiderik eza' baino egiazkoagoa.

Zer adierazi nahi da Euskal Herriaren eskubidea aipatzerakoan? Euskal Herriko hiritarrok eskubideen jabe garela ala Euskal Herriaren  geografiak, historiak eta barrutiak eskubideak dituztela? Ze, nik dakidanez, lurraldeak berak ez du lar eskubiderik eta, balu ere, ez behintzat bertan bizi diren herritarren eskubideen gainetik.

Urteak daramatzagu nahaspilaturik, geure buruari iruzur egiten, ETAren jaraunspen faltsutik askatu ezinik. ETA ez da mende erdi armetan jarria aritu euskal herritarren mesedetan, euskal lurraldetasunaren ustezko sasi-aldarrikapen mortaletan baizik. Eta ezker abertzaleak arrazoi-puntuaz jabetzeari ekin dio, hain zuzen, lurralde-eskakizunak alboratu eta hiritarrei jaramon egiten hasi denean.

Ez, garbi gera bedi, ez dihardut esaten euskal mapak historiaz, kulturaz, hizkuntzaz zein gizarteaz esangura lezakeenak defentsa sutsurik merezi ez duenik, egungo hiritarren borondate politikoa kontuan hartu beharrekoa dela baino. Edo, nahiago bada, hiritarron benetako etsamina-eguna hauteskunde-eguna besterik ez dela.

Ez dakit nik zer kolore urdinxka ezarri beharko ote geniokeen lurraren, eremu fisikoaren eta mugarrien defentsari, baina zalantzarik ez dut nekez izan daitekeela ezer aurrerakoia, iraultzailea, ezkertiarra, abertzalea edo demokratikoa bertako hiritarren iritzia gogoan hartzen ez baldin badu.

Jakina gero Euskal Herriak eskubideak dituena, baina herriak, ez lurrak, herritarrek alegia. Herritarrik gabeko euskal lurrak ez du eskubiderik. Ezta hitzik ere.

Lurraldetasuna

Amatiño 2012/02/02

Ene que risas hisimos al pasar por el Sendeja

Lope Gartzia Salazar, Paulo Ulibarri, Emiliano Arriaga, Migel Unamuno, Resurrección M. Azkue, Gabriel Aresti, Ander Ros… denak ere sartaldeko euskaldunak, denak mintzo izan dira noizbait “sendeja” hitzaren gainean.

“Ene que risas hisimos al pasar por el Sendeja, chalos y todo nos hiso desde el balcon una vieja…” (Lexicón bilbaino. Emiliano Arriaga, 1896). Zenbat bider ez ote genuen gaztetan hau kantatu zurrutean egin ostean edo erdi lafiatuta. Zatia serioago, berriz, Gabriel Arestik: “Askaotik Sendejara, Bilbaon Esperantza oso mehar, ilun eta laburra da" (Kale artean. Harrizko harri hau. 1970). Mende t´erdi lehenago Paulo Ulibarri okondoarrak bere Gutun Liburuan idatzi zuen : "Orain noa esaten cer igaro zan gau baten ardaoteguiyan Cendessaco corrican” (1823).

Baina, zer arraio da Sendeja? Bilboko kalea, jakina. Baina zer esangura du? Unamuno bertako semeak erantzun (1886): “Los aldeanos llaman a la Sendeja Zinguiria o Zinguiracale que equivale a calle de lodazal o barrizal”.

Iritzi berekoa zen nonbait Azkue eta ildo horretatik ikerketa zehatza bezain zorrotza egina du Ander Ros Cubas hizkuntzalariak (2008). Beronen ustez, zingira eta sendeja bikiak ez baldin badira... anaierdiak bai behintzat eta, zer gerta ere, bata zein bestea latinezko caenica (ciénaga) delakoaren oinordekoak.

Hala ere, Bilbon ez ezik Muskizen ere bada oraindik Cendeja kalerik, Bienandanzas e Fortunas (Lope Gartzia Salazar, 1471-1476) denboretatik Petronorren findegia eraiki arte (1972) ingurune horretan ziren faduren lekuko. Baita noizbait Barakaldon, Deuston eta Zarautzen ere, antza, bertako “cinguiras o braços de canal” (1473) tarteko.

Sendeja

Kale artean. Harrizko herri hau, 1970.

Sendeja

Sendeja,  Esperantza eta Askao,  errenkadan, Bilboko kale-izenak dira 

Sendeja kaia

Sendejaldeko kaia, duela ehun urte inguru

 

Ene que risas hisimos al pasar por el Sendeja, chalos y todo nos hiso, desde el balcon una vieja.

A la jota Machín, que eres un galopín, que por no trabajar te has metido aguasil.

A las pobres aldeanas no les dejas vivir, que les quitas los cuartos pa beber chacolin.

 

Amatiño 2012/01/31

Burujabetza eta ekonomia lehiakorra

Ertzaintzaren lehen andana (1982) kaleratu zenean, espainiar poliziaren tankera ez ezik britainiar “bobby"en eredua jarraitu beharra aldarrikatu zuen hainbatek. Eta Eli Galdos Herrizaingo Sailburuordeak erantzun zuen: "ondo dago ertzainak britainiar poliziaren pareko izan daitezen eskatzea. Saiatuko gara haien ospea merezi dezagun. Orain, euskal gizartea britainiarraren pareko izatea besterik ez zaigu falta".

Eli Galdos adiskide txantxikuarraz gogoratu naiz gure arteko edozenbat abertzale sutsu  Eskoziaren erronka txalotzen sumatu ditudanean. Ondo dago, bai, Madrilgo Gobernua ez dela Londreskoaren pareko salatzea baina… eta euskaldunok eskoziarren pareko bagina?

Ez duena balio da berrogeita hamar urtez tiroka aritzea eta orain Eskoziaz gogoratzea. Ez du balio erakundeak erdeinatu eta euren politikagintza guztia erakundeetan oinarritu dutenen estrategiaz liluratu. Eta ez dirudi zentzuzkoegia denik hauteskundeen garrantzia gutxiestea eta independentzia-erreferenduma hauteskunde-garaipenean finkatuko dutenen logika aldarrikatzea.

Nabaria, bestalde, ekonomia dela eskoziarren ardurarik nagusienetakoa independentziaren onurak eta arriskuak aztertzerakoan. Nik ez dut esango euskal independentziazaleei ekonomia ardura ez zaienik baina, nago, ekonomia lehiakorraren aldeko kezka urriagoa dela independentziazale omen direnen artean, ez omen direnen artean baino. Eta kontraesan hau, niri batere ez gustatzeaz gainera, ez dela onerako uste dut. Burujabetzaren onerako, jakina. 

 eskozia3

Azken maiatzeko datuak

Amatiño 2012/01/29

Erregai-ekoizpenaren krisialdi europarra

Aldaketa-garaiaz ez ezik, garai-aldaketaz ari ote garen konturatzeko ez dago Europako petrolio-birfindegien sektoreak bizi dituen larrialdiez jabetu baino. Europako birfindegi independienterik handiena den Petroplus konpainia suitzarrak atzo bertan aditzera eman zuenez, bere bost birfindegiak lehenbailehen itxiko omen ditu “ahalik eta baliorik gutxien gal dezaten”.

Petroplusek bost birfindegi ditu, Cressier (Suitza), Anvers (Belgika) Petit-Couronne (Frantzia), Coryton (Erresuma Batua) eta Ingolstadt (Alemania) hirietan. Oro har, 667.000 upel bezainbateko ekoizpena egunero eta,  guztira, 2.575 langile. Aurrenengo birfindegi biak abenduan itxi zituen, hirugarrena salgai jarri eta ondoko biak berehalakoan itxiko omen ditu, kaudimenik ezaz, 1.342 milioi euroren zorrari erantzun ezinaren ezinez.

Maldan beherako egoera honen berri estreinako jakinerazi zen aurreko abenduan,  banketxeek 1.000 milioi euro besteko kreditoa ukatu ziotenean Petroplusi. Hamabi dira suitzar petrolio-konpainiaren hartzekodunak eta, nonbait, enpresa ez da gauza izan banketxeek eskatzen zizkioten bermeak segurtatzeko.

Merkatu-adituen azalpenei jaramonik egingo badiegu, hiru egoera larri elkartu bide dira Europako birfindegi-talde independienterik handienaren gainbeherakada eragiteko orduan. Batetik, esan bezala, Europak bizi duen krisialdiak erakarritako kreditorik eza, hori bai. Baina bestetik, horrez gainera edo, hobeto esan, aldez aurretik, egungo erregai-ekoizpenaren marjinarik eza eta erregai-kontsumoaren murrizketa nabarmena europar gizartearen baitan.

Hala ere, ezin esan gero hau guztia Europa zaharraren malura baino ez denik. Ipar Ameriketan ere ixtekotan da Saint Croix (Virgin Islands) birfindegia, azken hiru urteotan mila eta hirurehun milioi dolar galdu ostean. Han ere, hemen bezala, kreditorik, marjinarik eta kontsumorik ezak dira arrazoietakoak baina bada beste laugarren bat ere: suspertzen ari diren herrialde hasiberrien eskaintza merkeagoa, lehiakorragoa alegia.

Petroplus

Amatiño 2012/01/27

Aragoiko euskal izenak

Idoia, Iguazel, Ixeia, Izan, Izarbe, Loarre eta Oroel dira, besteak beste, gaur egun Aragoi aldean bertakotzat jo eta indartzen ari diren pertsona-izenetakoak. Denak ere, itxuraz behintzat, euskal kutsudun izenak.

Azken bolada honetan zaletasuna suspertu den arren, bertako izen jatorrak jartzeari ekiteko joerak non jorratu gutxi du Aragoin, bai tradiziorik ezagatik eta bai gaztelaniazko arragotik kanpora aukera urria delako, gizonezkoen izenen artean batez ere.

Emakumezkoenei dagokienez, berriz, egia da, bai, Andre Maria izenik ez dela falta, ehundaka baitira Aragoiko Ama Birjinak han-hemenkako bazterretan. Baina, antza, bertoko andremari-izenak ez dira inondik ere gaur egun “erakargarritzat” jo ohi direnetakoak.

Arrazoi batez zein bestez, kontua da sarrien errepikatzen ari diren izenak, nahiz Aragoikoak edo ingurukoak izan, euskal kutsuaren jabe direla nabarmen asko, Idoia, Iguazel, Ixeia, Izan, Izarbe, Loarre eta Oroel tarteko.

Izarbe

Izarbe, izenaren jabe

Izarbe

Izarbe Anzanigoko (Huesca) eliza erromanikoa da, izen bereko Andra Maria eta guztikoa. Sarean agertzen diren azalpen guztiei jaramonik egingo bagenie, “bajo las estrellas” esangura izango luke gaztelaniaz, baina, seguru asko, kasu honetan behintzat, izarra ez da estrella, euskara zaharreko gaina, goia edo garaia baino; eta izarbe, beraz, gainbe, goibe, mendibe edo horrelako zerbait, Azpeitiko Izarraitz goialdeko aitza edo den bezalaxe, eta ez izarretako aitza.

Bide batez, bestalde, aipagarri gero Hueskan zein sarri agertzen den <be> atzizkia. Horra, lekuko, Izarbez gainera, Sasabe, Ayerbe, Aspe eta Zenarbe.

 

Aragoiko beste zenbait izen

Mutikoenak: Antón, Artal, Ausiás, Belián, Bentura, Bernat, Bertrán, Bidal, Bisorio, Bizén, Chorche, Climén, Colás, Felizes, Ferrán, Francho, Gonzalbo, Guillén, Ibón, Lixandro, Lizer, Lorién, Marzal, Medardo, Pietro, Póliz, Satornil, Sancho, Zelipe.

Neskatoenak: Alodia, Albira, Altabás, Antona, Arraro, Baldesca, Balma, Bascués, Burnau, Bruis, Casbas, Dolors, Dulza, Dulzis, Fonfrida, Gala, Gorba, Guayén,  Illarz, Jara (Xara), Laude, Lena, Liena, Malena, Mara, Martina, Merzé, Miranón, Monlora, Nieus, Nunila (Nonila/Nunilo), Obarra, Oliba, Ordás, Orosia, Peña, Pilar (Pilara), Pueyo, Puyal, Puy, Romeral, Salas, Salz, Sis, Tremedal, Zilia, Zillas.

 

Amatiño 2012/01/25

Altzolarainoko nabigazioa: historia vs fisika

Ez du inork zalantzan jartzen XV., XVI. eta XVII. mendeetan Debatik Altzolara bitartean sekulako ibai-trafikoa izan zenik Debarroan zehar. Historia “nabigazioaz” mintzo da. Ingeniaritzak, ostera, ezinezkotzat jotzen omen du nabigatu ahal izana. Baina… zer da nabigatu?

Nabigatu, hitz bitan, “ontziz ibili” baino ez da. Baina, jakina, ontzitik bertatik egindako indarrez (belaz, hagaz, arraunez edo motorrez) eta ez ontziaren kanpotik eragindakoaz (bultzaka, tiraka edo narraska). Jose Antonio Azpiazu eta Javier Elorza historialariek diote harako alak, txanelak edo gabarrak euren kasa nabigatzeko gauza zirela, orain arteko historiografia guztiak frogatutzat jo izan duenez; eta Castor Garate ingeniariaren ustez, ordea, esanak esan, físika-legeen kontrakoa litzateke Sasiolatik Altzolara dagoen (eta beti egon den) hogei metroko aldatsa ibaiz nabigatzen igotzea. Ibarretatik gurdi-aberez tiraka edo behar zuen nonbait izan.

Ni neu joana naiz piraguaz itsasotik Sasiolaraino eta ondotxo jakin dakit ez dagoela egun gorago jarraitzerik “nabigatzen”, itsasgoraren eragina bertaraino baino iristen ez denez gero eta goitik behera datorren ur-isuria bizpahiru zentimetrokoa besterik ez baita orain izaten, udaran behintzat. Baina, antza, datu guztien arabera, duela bost mendeko egoera “fisikoa” bestelakoa zen.

Lau datu adierazgarri:

1. Aita Larramendi (Corografia de Guipúzcoa, 1754): “Navegase el Deva desde su entrada en el mar hasta Alzóla y no más adelante por las presas que se encuentran en el camino y se navega en alas muy largas y estrechas a causa de la corriente rápida del río en muchos parajes”.

2. Libro de caminos (Debako Udal Artxiboa): “Liburuaren arabera, garai hartan udalerrian erabiltzen ziren ontziek 15 kintaleko karga-edukiera izaten zuten, 1.000 kg ingurukoa (7 edo 8 zamariek garraiatzen zuten); metro bateko zabalera edo erruna eta 8 metro inguruko luzera izaten zuten. Ontzien sakonera, behin zamatu ondoren, 20 zm ingurukoa izaten zen".

3. XVIII. mendean, Bergara, Soraluze, Eibar eta Elgoibarko udalen dirulaguntzaz Gasteizko errepide berria Altzolaraino heldu zenean, Debako zein Mutrikuko udalek euren portuetaraino jarraitzea eskatu zuten (1773ko ekainaren 18an.), ibaian zeharreko garraio-sistema azkenetan zegoelako:  “… se halla expuesto el transporte de los efectos de la Real Fábrica de Placencia como también de cualquiera géneros de mercaderías que convenga introducir y extraer del Reyno a causa de que la vía desde Alzola a Deba es innavegable sino es en ciertas temporadas y entonces con unas chanalas pequeñas que suben la corta cantidad de quince quintales y se mueben a fuerza de brazos caminando los hombres dentro del agua desnudos de medio cuerpo abajo con mucha indecencia y con peligro manifiesto de mojarse las armas y mercaderías que transportan en ellas quando executado el nuevo camino que proyectan se podran conducir por el hasta las mismas villas de Deva y Motrico en todo tiempo sin semejante peligro y a mucha mas conbeniencia en cualquier genero de carruajes”.

4. Patxi Aldabaldetreku (Vía fluvial Deba-Alzola. Deba aldizkaria. Uda, 1987): “El oficio de txalupero era extremadamente duro y su ejercicio queda limitado a ciertas épocas del año, entre los meses de noviembre y junio, cuando el río presentaba buenas condiciones de navegabilidad”.

Beraz, laburbilduz, inondik ere samurra ez zen arren, ezta urte guztian zehar ere,   Deba ibaia nabigagarria zen Altzolaraino, XVIII. mende arte gutxienik. Eta, nabigatzerik ez zegoenean, gizonezkoek egiten zuten bultza, ez abereek tira.

Presa eta lonja

Altzola, gaur arratsean. Nabigazioa Andonaegi Dorreraino heltzen omen zen. Handik aurrera, gainditu ezinezko presa.

 

Eztabaida

¿El río Deba ha sido navegable hasta Alzola? - Cástor Garate.

Navegabilidad hasta Altzola - José Antonio Azpiazu eta Javier Elorza.

Navegabilidad en el río Deba - Cástor Garate.

A vueltas con Altzola - José Antonio Azpiazu eta Javier Elorza

Amatiño 2012/01/23

Espelunguère

Pirinioetako Parke Nazioanalean barrena batere mendizale ez diren lagunekin abiatzeko lekurik aproposenetako bat Espelunguère deritzan naba da. Parkinetik, hamar minutuko aldats gora baino ez dago goiko haran lauraino eta bidean, gainera, “Cascade d’Espelunguère” deitu ur-jauzia bertatik bertara ikusteko aukera. Bada gero makinatxo bat toki zatarragorik munduan.

Somporteko tunelpean Biarno aldetik sartu aurretik, eskuineko Forges d’Abel seinaleari jaramon egin, hurrengo bidegurutzean, berriz ezkerretara jo. Cascade d´Espelunguère jartzen du eta bizpahiru kilometrotan barreneraino igo, igaro ezinezko langa aurkitu arte.

Parkinetik (1.330 m.) bertatik ateratzen da Sansanet aldera mendi-bidea, goitik behera datorren  lats zaratatsuaren (adi) ezker ibarretik. Berehalakoan ur-jauzia (merezi du errekazuloetan sartzeak) eta hamar minutu geroago goi-lautada ederra, hainbat gailurretako zirkuaren magalean.

Handik Estaners aintziraraino (1.754 m.) ordubete inguru baino ez. Bidea ez  da Arantzazutik Urbiarainokoa baino zailagoa. Hala ere, hobe, lagunak mendizaleak ez badira behintzat, udaberrirako uztea.

Hiru orduko joan-etorria egin dut gaur eta ez dut arimarik ikusi. Naba-erdian dagoen aterpea irekia eta zaindua. Telefono-estaldurak ez du hutsik egin.

Parkinetik geldoa etzanda

Behetik gorako lehen irudia

Jauzia

Zipriztin eta guztiko argazkia

Zuloa

Goreneko erreka-zulo ainubea eta goitik beherako lehen jauzia

Erreka izoztua

Gorago, berriz, hotz galanta ur-isuri bizkorraren geruza izozteko lain da

Arana

Espelunguère naba osoa, Estaners iboitik. 300 metrotik gorako malda

Amatiño 2012/01/21

Hogeita hamaseigarrena

"Euskal Kultura 2011" (Jakin 187) txosten-bildumaren baitan Patxi Gaztelumendik gogorarazten duenez, hamar urte joan dira Jimmy Walesek Wikipedia entziklopedia sortu zuenetik hona. Geroztik 300 (283?) inguru hizkuntzatan jaso omen daiteke bertako edukien berri eta guztien artean euskarazkoa da hogeita hamaseigarrena adiera eta sarrera-kopuruen arabera.

Euskal Wikipediaz ez da gero datu objektibo onik falta. Laburbilduz, munduan 6.000 hizkuntza  daude barrena,  horietarik %5 dira Wikipedian zehar dihardutenak eta, guztietarik, handienetik handienera, 36. entziklopedia euskarazkoa da. Beste modu batez esanda, europar hizkuntzen artean hogeitalaugarrena edo da euskara, Kroazia, Estonia, Galizia,  Grezia, Okzitania, Mazedonia, Piamonte, Bretainia, Albania, Letonia, Gales, Luxenburgo, Islandia, Bosnia, Aragoi, Lonbardia, Frisia, Saxonia, Sizilia, Asturias, Irlanda, Napoli eta Samogitiako  hizkuntzen aurretik… mundu guztiko  lehen ehunen artean.  Edo, nahiago bada, euskara bigarrena da --katalanaren ondotik— Wikipedia osoan,  mundu guztiko estaturik gabeko hizkuntzen artean.

Euskarazko lehen sarrera 2001ko abenduaren 6an. plazaratu zen estreinako Wikipedian. Hamar urte geroago, gaur arratsaldeko datuei jaramonik egingo badiegu, 121.026 artikulu biltzen ditu honezkero.

Patxi Gaztelumendiren beraren hitzak aipatzekotan: “Lanak eta konstantziak jarri gaitu toki horretan. Boluntarioek eta edukiak musu-truk sortu dituztenek jarri dute euskara inoizko lekurik gorenean. Pertsona anonimoek. Herritarrek. Hiztunek”.

 

Amatiño 2012/01/19